150. ALDIZKARIA - 2025eko uztailaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK

113C/2025 EBAZPENA, ekainaren 24koa, Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusiak emana, Nafarroako abeltzaintzako merkataritzaren sektorearen hitzarmen kolektiboa erregistratu, gordailutu eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea erabakitzen duena.

Aztertu da Nafarroako abeltzaintzako merkataritzaren sektorearen hitzarmen kolektiboa (kode zenbakia: 31001905011981), erregistro honetan sartu dena 2025eko ekainaren 10ean, eta 2025eko apirilaren 23an sinatu zutena enpresaren ordezkariek eta gehiengo sindikalak (UGT).

Jarraikiz urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuari, zehazki 90. artikuluaren 2. eta 3. apartatuei (legegintzako errege dekretu horren bidez onetsi zen Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina) eta maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuari (errege dekretu horrek hizpide du erregistratzea eta gordailutzea hitzarmen kolektiboak, lan akordio kolektiboak eta berdintasun planak),

Erabiliz eman zaizkidan eskudantziak, zehazki, martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidanak (foru lege horrek hizpide ditu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa eta foru-sektore publiko instituzionala) eta azaroaren 15eko 251/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidanak (foru dekretu horrek ezartzen du Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren egitura organikoa).

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.–Nafarroako abeltzaintzako merkataritzaren sektorearen hitzarmen kolektiboa (kode zenbakia: 31004805011981) inskribatzea Nafarroako Hitzarmen Kolektiboen, Lan Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan.

Bigarrena.–Agintzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila, orok jakin dezan.

Iruñean, 2025eko ekainaren 24an.–Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusia, Iñaki Mendióroz Casallo.

NAFARROAKO ABELTZAINTZAKO MERKATARITZAREN 2024-2026 ALDIRAKO HITZARMEN KOLEKTIBOA

ATARIKO KAPITULUA.–ALDEAK ZEHAZTEA

Hitzarmen kolektibo hau legez zilegi diren aldeek ituntzen dute.

Enpresarien aldetik, Nafarroako harakinen gremioak izendatutako ordezkaritza eta, langileen aldetik, Nafarroako UGT sindikatuaren Zerbitzu, Mugikortasun eta Kontsumo Federazioak izendatutako ordezkaritza.

Bi aldeek zilegitasuna onartzen diote elkarri hitzarmen kolektibo hau negoziatzeko eta ituntzeko, eta legezko gehiengoak izanda, hitzarmenari eraginkortasun orokorra ematen diote.

1. artikulua. Aplikazio eremua, geografikoa eta funtzionala.

Hitzarmen honek barne hartzen ditu lantokia Nafarroan izanik, honako jarduera hauetan aritzen diren enpresa eta langile guztiak: azienda-komisionistak, haragi-hornitzaileak, harategiak, urdaitegiak, abeltzaintzako azpiproduktuen biltzaile eta saltzaileak, zaldiki saltzaileak, haragi-produktuen handizkako merkatariak, esnearen eta esnekien txikizkariak, arrautza, hegazti eta ehizakien handizkako eta txikizkako merkatariak eta haragirako hotz-biltegiak. Jarduera horiek 1971ko uztailaren 24ko Merkataritzako Ordenantza Orokorraren arabera arautzen dira. Ordenantza hori bi aldiz aldatu da, hain zuzen, Lan Ministerioaren 1975eko ekainaren 4ko eta 1976ko otsailaren 18ko aginduen bidez.

Autonomia kolektiboa baliatuta, hitzarmena sinatu duten aldeek libreki hartua, hitzartutako baldintzak gutxieneko mailakotzat hartzen dira, hargatik eragotzi gabe Langileen Estatutuaren 84.2 artikuluan xedatutakoa.

Halaber, Langileen Estatutuaren 83.2 artikuluak emandako ahalmena kontuan hartuta, alde sinatzaileek Nafarroako Abeltzaintza Merkataritza sektorearen hitzarmen kolektibo autonomiko honi aplikatzeko lehentasuna ematen diote bere aplikazio eremuan sartzen ahal den edozein hitzarmenen gainetik, haren eremua edozein izanik ere, Langileen Estatutuaren 84.4 artikuluan xedatutakoa eragotzi gabe.

2. artikulua. Indarraldia.

Hitzarmen honen iraupena hiru urtekoa izanen da. Beraz, 2024ko urtarrilaren 1etik 2026ko abenduaren 31 arte izanen ditu ondorioak. Indarraldia amaitu ondoren, hitzarmen honek bere arau-klausulei eutsiko die beste hitzarmen bat adostu arte.

Hitzarmen hau bere indarraldia bukatzen den unean berean emanen da salatutzat.

3. artikulua. Irenspena eta konpentsazioa.

Zilegi izanen dira hitzarmen honetan itundutako hobekuntzen irenspena eta konpentsazioa, oro har eta urteko zenbaketan hartuta, enpresa bakoitzean dauden igoera eta hobekuntzekin, bai eta etorkizunean, edozein kontzeptutan, lege xedapenen bidez ezar daitezkeenekin ere.

4. artikulua. Bermeak.

Hitzarmen honetako baldintzak gutxienekoak dira, eta beraz hauek gainditzen dituztenak "ad personam" bermatuko dira.

5. artikulua. Lanaldia eta malgutasuna.

Lanaldia, erreala eta egiaz egindakoa, 1.720 ordukoa izanen da urtean, hitzarmenaren indarraldiko hiru urteetan; asteak, gehienez ere, berrogei ordukoak izanen dira.

Enpresetan egutegia egiterakoan, langile bakoitzak eskubidea izanen du lanaldia bi orduz murrizteko hilero, baina hilabetetik hilabetera ordu horiek metatzeko aukerarik gabe. Murrizketa horrek ez du ekarriko urteko orduen kopurua murriztea.

Kontrako akordioa hartu ezean, denbora hori goizeko edo arratsaldeko lehen orduan hartuko da, eta txanden hurrenkera bat ezarriko da enpresan, establezimenduen merkataritza-funtzionamendu normala eragotzi gabe.

Bi aldeek onartzen dute merkataritzako jarduerarik handiena ostiraletan, larunbatetan eta jaiegunen bezperetan gertatzen dela, eta, hortaz, eskubide hori ezin izanen da egun horietan erabili.

Enpresek lanaldiaren %2 modu irregularrean bana dezakete urtean zehar.

Banaketa horrek legean aurreikusitako eguneko eta asteko gutxieneko atsedenaldiak errespetatu beharko ditu, eta langileak gutxienez bost egun lehenago jakin beharko du banaketa horren ondorioz zein egun eta ordutan eman beharko duen zerbitzua.

6. artikulua. Ordainsariak.

Hauxe izanen da hitzarmen kolektiboaren bi urteko indarraldirako aurreikusitako soldata igoera 2024. eta 2026. urteetarako, 5. artikuluan finkatutako lanaldiaren truke:

–2024. urtea: Nafarroako KPI historikoa (aurreko urteko KPIa), hau da, %2,9, 2024ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin.

–2025. urtea: Nafarroako KPI historikoa, hau da, %2,7, 2025eko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin.

–2026. urtea: Nafarroako KPI historikoa (2025), 2026ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin.

Oro har, etorkizuneko hitzarmenen edo soldaten berrikuspenari buruzko akordioen ondoriozko soldata atzerapenen ordainketa 60 egun naturaleko epean egiten ahalko da, taula berriak argitaratzen diren egunetik kontatzen hasita.

7. artikulua. Kontratazioa. Behin-behineko langileen portzentajea.

Plantillan lau langile baino gehiago dituzten enpresek langileen %75, gutxienez, lan kontratu finkoarekin izanen dituzte.

Arau hori betetzen ez duten enpresek hiru hilabeteko epea izanen dute aurreko paragrafoan itundutakoa betetzeko.

8. artikulua. Probaldia.

Probaldiak hilabeteko iraupena izanen du.

9. artikulua. Antzinatasuna.

Antzinatasunaren araberako sustapen ekonomikoaren araubide bat ezarri da, sektoreko langile guztiei –oraingoei eta gerokoei– aplikatuko zaiena: hitzarmenaren 1. eta 2. eranskinetan jasotako soldata tauletako 1 zutabean –hileko ordainsaria– ezarritako soldataren %4ko lau laurteko, langileak unean-unean duen kategoriarako; era horretan, sektorean antzinatasunaren arabera etorkizunean sortzen ahalko den gehieneko sustapen ekonomikoa hileko ordainsariaren (soldata tauletako 1. zutabea) %16 izanen da.

Aurrekoa galarazi gabe, Nafarroako Abeltzaintzako Merkataritzaren Hitzarmen berriak indarra hartzean haren aplikazio esparruan sartutako enpresetan zerbitzuak ematen ari diren langileek antzinatasuneko araubide zaharraren arabera osatuko dute kasuko laurtekoan sortutakoa, hau da, soldataren (1. zutabea, langileak une bakoitzean duen kategoriarako hileko ordainsaria) %5eko laurtekoak.

Azken sortzapen horretatik aurrera, zenbateko horrek, langile bakoitzak 2014ko 169. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abuztuaren 29koan, argitaratutako hitzarmenak indarra hartzean sortuta izan zezakeen antzinatasun-osagarriaren gainerakoarekin batera, "ad personam" osagarri bat eratuko du, antzinatasun finkatuko osagarri pertsonala deitua.

Azken laurteko hori sortuta eta langile bakoitzarentzat antzinatasun finkatuko osagarri pertsonalari dagokion behin betiko zenbatekoa ezarri ondoren, hitzarmen berriak indarra hartzean enpresetan zerbitzuak ematen ari diren langileak antzinatasuneko soldata osagarri berria sortzen hasiko dira, gorago deskribatu den lau laurtekoren araubideari jarraituz.

Aurrekoa gorabehera, berariaz ezartzen da antzinatasunaren sortzapen berri horien ondorioz langileek ezin izanen dutela hileko ordainsariaren (1. eta 2. eranskinetako soldata tauletako 1. zutabea) gaineko %40ko igoera gainditu; ondorio horiekin, kontuan hartuko dira bai antzinatasun finkatuko osagarri pertsonala, bai antzinatasunaren soldata osagarri berria.

Azkenik, langile berriei dagokienez, hau da, enpresetako plantilletan 2014ko 169. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abuztuaren 29koan, argitaratutako hitzarmenak indarra hartu ondoren sartzen direnei dagokienez, sartu orduko hasiko dira antzinatasuna sortzen, lau laurtekoren sustapen ekonomikoaren araubide berriaren arabera.

10. artikulua. Aparteko haborokinak.

Enpresak uztaileko eta eguberrietako aparteko haborokinak ordainduko dizkie langile guztiei, honako zenbateko honekin: lansarien taulan (1. zutabean) lanbide kategoria bakoitzarentzat dagoen soldataren hileko bat gehi hitzarmenaren plusa (2. zutabea), hau da, 3. zutabean dagoen zenbatekoa; antzinatasunagatik dagozkion igoerak ere kontatuko dira.

Aparteko haborokinak noiz ordaindu erabakitzeko, herri bakoitzeko ohituren arabera jokatuko da.

11. artikulua. Salmenten edo irabazien araberako haborokinak.

Enpresek langileentzako haborokin aldakorren araubide bat prestatuko dute, irabazien edo salmenten araberakoa, enpresa bakoitzaren antolaketari egokitua. Haborokin horiek hileko soldata bat adinakoak izanen dira gutxienez.

Artikulu honetan aipatzen diren haborokinak urtean behin ordainduko dira, salbu eta aspalditik epe laburragoetan ordaindu ohi baldin badira. Nolanahi ere, ekitaldi ekonomiko bakoitzeko haborokina hurrengo ekitaldi ekonomikoko lehenbiziko hiruhilekoaren barruan ordaindu beharko da.

12. artikulua. Hitzarmenaren plusa.

Puntualtasuna, laneratzea eta elkarlana kontzeptuengatik plus bat ezarri da, eranskineko soldaten taularen arabera une bakoitzean indarra duten soldaten %15ekoa (2. zutabeko zenbatekoa), urteko 365 egunetan ordainduko dena.

Hitzarmenaren plus hori laneratzea, puntualtasuna eta errendimendua sustatzeko erabiliko da eta, hortaz, ez da emanen lanaldi osoa egiten ez bada, eta, gainera, hilabete batez kentzen ahalko da langilea lanera berandu iristen bada bost aldiz edo bi aldiz agertzen ez bada, hori dena justifikatu gabe eta 25 lanegun jarraituren barruan; halaber, plusa kenduko da langileak garbitasunik ez badu eta hilabete batean normala den prestasuna baino txikiagoa badu, baina mantendu eginen da eritasuna edo istripua dagoenean, gaixo-agiria edo ziurtagiri medikoa aurkezten denetik hasita.

13. artikulua. Ordainsaria, eritasunaren edo istripuaren kasuan.

Eritasun edo lan istripuaren kasuan, enpresak behar den osagarria ordainduko du, eritasun aseguruaren prestazio ekonomikoarekin batera, langileak oinarrizko soldata (1. zutabea), hitzarmenaren plusa (2. zutabea) eta legokiokeen antzinatasuna kobratu ditzan baja hartu duen egunetik.

Haurdunaldiko arriskua dela eta lan kontratua eteten denean ere ordainduko da osagarri hori.

Laneko parteak entregatzeko betebehar formala kenduta ere, ez da kentzen enpresari lanera etorri ezina komunikatzeko betebeharra, eta beraz, langileek lehenbailehen komunikatuko diote enpresari lanera etorri ezina, eta lan jardunaldia hasi aurretik, salbu eta eritasunaren edo ezbeharraren ezaugarriengatik hori egitea ezinezkoa bada. Komunikazio hori enpresak finkatuko duen prozedura erabiliz eginen da, telefonoz, posta elektronikoz, Whatsapp bidez edo antzeko bide batetik.

14. artikulua. Laneko jantziak.

Enpresek kanpoko arropa emanen diete langileei, kolore argikoa, garbitzen ahal dena eta lan egiteko bakarrik erabiliko dena; oinetako egokiak ere emanen dizkiete, hala nola buruko estalkiak eta, behar izanez gero, buruko sareak, Haragiaren eta prestatutako produktuen handizkako industria eta biltegien eta txikizkako denden arautegi tekniko sanitarioko 6. artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Izotz ganberetan egiten diren lanetarako arropa egokia ere emanen diete.

15. artikulua. Oporrak.

Oporrak 31 egun naturalekoak izanen dira hitzarmen honi lotutako langile guztientzat.

Egun horiek ezin izanen dira bi alditan baino gehiagotan banatu, non eta enpresak eta langileek besterik ituntzen ez duten; langileak 16 egun aukeratuko ditu eta enpresak 15.

Langileek bi hilabete lehenagotik jakin behar dute noiz hasiko diren bere oporrak.

Enpresak, non ez duen beste akordioren bat ukitutako langilearekin, abendua oporraldietatik kentzen ahalko du, produktibitate handieneko garaia baita.

Oporraldi batean aldi baterako ezintasuna gertatuz gero, eta horren ondorioz langileak oporrak dagozkion urte naturalean hartzerik ez badu, osorik edo partez, ezintasuna bukatu ondoren hartzen ahalko ditu, betiere oporretako urtea amaitu zenetik hemezortzi hilabete baino gehiago igaro ez badira.

Langileek oporraldian jaso beharreko ordainsariari dagokionez, ezarrita dauden kontzeptu finkoei gehituko zaizkie oporrak hartu aurreko 12 hilabeteetako plusen eta aldi horretan langileak jasotako osagarri aldakorren batezbestekoa –Auzitegi Gorenaren jurisprudentziak ezarritako baldintzetan–.

16. artikulua. Lizentziak.

Honako egoera hauetan, langileak baimena izanen du denbora batez lanera ez agertzeko, ordaindua izateko eskubidea galdu gabe, betiere aldez aurretik abisatu eta justifikatzen badu:

a) Ezkontza: 15 egun.

b) Ezkontidearen edo seme-alaben heriotzagatik: 7 egun.

c) Ezkontideak, izatezko bikotekideak edo odol edo ezkontza bidezko bigarren gradura arteko ahaideek (izatezko bikotekidearen odol bidezko ahaideak barne) edo langilearekin etxe berean bizi den eta haren zaintza behar duen beste edozein pertsonak istripu edo eritasun larria baldin badute, ospitaleratu behar badituzte edo ospitaleratzerik ez baina etxean atseden hartzea eskatzen duen ebakuntza kirurgikoa baldin badute: bost egun. Ospitaleratzea eritasun larritzat hartuko da; honelako kasuetan, langileak eskatzen duen egunean has daiteke baimena, ahaidea ospitalean den artean.

d) Lehen graduko ahaideen ebakuntza anbulatorioa: egun bat.

e) Ohiko bizilekua aldatzeko: egun bat.

f) Gurasoen, seme-alaben eta anai-arreben (odol berekoen nahiz ezkontza bidezkoen) ezkontza: egun bat.

g) Nahitaezko eginbehar publiko eta pertsonal bat betetzeagatik: behar-beharrezkoa den denbora. Lege bidez edo hitzarmenen bidez ezarritako arau batean denbora jakin bat finkatuta badago, absentziaren iraupenari eta konpentsazio ekonomikoari dagokienez arau hartan xedatutakoari jarraituko zaio. Goian aipatu den eginbehar hori betetzeagatik hiru hilabeteko tartean lanorduetako %20an baino gehiagoan ezin bada egin beharreko lana bete, enpresak eszedentzia-egoeran jar dezake langilea, Langileen Estatutuaren Legearen Testu Bategina onesten duen 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 46. artikuluko 1. apartatuan arautu bezala. Langile batek, eginbeharren bat betetzeagatik edo karguren batean jardun beharragatik, kalte-ordaina kobratzen badu, diru kopuru horixe deskontatuko zaio enpresak ordaintzen dion lansaritik.

h) Eginkizun sindikaletan edo langileen ordezkaritza lanetan aritzeko: lege edo hitzarmen bidez ezarritakoa.

i) Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzat, beren egoeraren ondoriozko kudeaketak egiteko: 30 ordu.

j) Izatezko bikoteek, bizikidetza ziurtagiria aurkeztu ondotik, eskubidezko bikoteen lizentzia berberak izanen dituzte, artikulu honetako a) atalean aipatzen dena salbu.

k) Medikuaren kontsultara joateko: behar-beharrezko denbora.

Baimenak luzatuko dira 50 kilometro baino gehiago egin behar direnean.

Lizentzia eragin duen arrazoia gertatu eta hurrengo egun baliodunetik aitzina kontatuta hartuko dira a) eta b) ataletan adierazitako baimenak.

Aurreikusi gabeko lizentziei dagokienez, Langileen Estatutuan xedatutakoa beteko da.

17. artikulua. Istripuen aseguru-poliza.

Hitzarmen honen eraginpeko enpresek arriskuak estaltzeko istripuetarako aseguru-poliza bat kontratatuko dute plantillako langile guztientzat. Honako kapitala aseguratuko da:

–39.000 euro, istripuaren ondoriozko heriotzagatik.

–48.000 euro, istripuaren ondoriozko baliaezintasun larri edo erabateko ezintasun iraunkorragatik.

Poliza berriak egun indarra dutenak bukatzean sinatu beharko dira.

18. artikulua. Osasun azterketa.

Enpresak behartuta daude langile guztiei urtean osasun azterketa bat egitera.

Azterketa hori lan istripuetarako ugazaben mutualitateetan eginen da; zeinetan dagoen enpresa inskribatua, hartantxe. Langileek azterketa horien emaitzak jasotzeko eskubidea dute, bai eta haiei buruzko intimitatea izatekoa ere. Azterketak lanorduetan eginen dira.

19. artikulua. Hitzarmena ez aplikatzeko klausula.

Azken bi ekitaldi ekonomikoetan ustiapen-kontuan galerak izan dituzten enpresek hitzarmena ez aplikatzeko aukera izanen dute, Langileen Estatutuaren 82.3 d artikuluari dagokionez (soldatak ordaintzeko sistema eta soldataren zenbatekoa), soilik 2024., 2025. eta 2026. urteetarako, Gizarte Segurantzaren ekintza babesleei dagozkien borondatezko hobekuntzak salbu.

Ez aplikatzeko prozedura:

Enpresak langileen legezko ordezkariei eta hitzarmen honen batzorde paritarioari jakinarazi beharko die hartutako erabakia. Enpresan langileen legezko ordezkaririk ez badago, langileek Langileen Estatutuaren 41.4 artikuluan xedatutakoarekin bat izendatutako batzorde baten esku uzten ahalko dute ordezkaritza hori.

Aurreko atalean aipatzen den erabakia jakinarazi ondoren, enpresak langileen legezko ordezkariei beharrezkoa den informazio ekonomikoa emanen die, hitzarmenetik bereizteko arrazoiak egiaztatze aldera (balantzeak).

Kontsulten aldia gehienez ere hamabost egun naturalekoa izanen da –aldeek epea luzatzea adosten ez badute– eta, besteak beste, enpresaren erabakia eragin duten arrazoiei, izaerari eta irismenari buruzkoak izanen dira kontsultak. Epe horretan, enpresako zuzendaritzak egiaztatu beharko du alegatutako arrazoiak egiazkoak direla, proposatutako neurriak justifikatuak eta proportzionalak direla eta enpresaren egoera hobetzen eta enpleguari eusten laguntzen dutela modu frogagarrian.

Akordioa egonez gero, ulertuko da alegatutako arrazoiak izan badirela, eta hitzarmenaren batzorde paritarioari helarazi beharko zaio.

Akordioak zehatz azaldu beharko ditu enpresa horretan aplikatzekoak diren lan baldintza berriak eta haien iraupena. Azken hori ezin izanen da luzatu enpresan hitzarmen berri bat aplikatzekoa den unetik aurrera.

Hitzarmeneko baldintzak ez aplikatzeko akordioak ez du berekin ekarriko genero-arrazoiengatiko diskriminazioa desagerrarazteko betebeharrak ez betetzea, hitzarmenean ezarritakoak, edo, halakorik bada, enpresan aplikatzekoa den berdintasun planean aurreikusitakoak. Akordio hori hitzarmen kolektiboaren batzorde paritarioari ere jakinarazi beharko zaio.

Aurreko paragrafoetan aipatzen diren prozeduren emaitza baldin bada lan baldintzak ez aplikatzea, lan arloko agintaritzari jakinarazi beharko zaio, horren gordailua egin dezan, besterik ez, bai eta hitzarmenaren batzorde paritarioari ere.

15 eguneko gehieneko epean –edo, bestela, aldeek adostutako epean– akordiorik lortu ezean, bi aldeetako edozeinek hitzarmenaren batzorde paritarioaren mende utz ditzake desadostasunak.

Batzordeak, esku hartzeko eskaera jaso eta ondoko hamar egunetan, alderdiei eskatuko dizkie beharrezkoak iruditzen zaizkion agiriak eta informazioa.

Batzorde paritarioaren erabaki guztiak aho batez hartu beharko dira. Batzordearen bileretara batzordekideek izendatzen dituzten teknikariak eta aholkulariak, gehienez ere sei, joan daitezke.

Batzorde paritarioan adostasunik ez bada, aldeak Nafarroako Lan arloko Auzitegiko bitartekotza eta arbitraje prozeduren menpe jarriko dira –aldeek hala adostuz gero–, eta haren erabakiak kontsulta-aldian lortutako akordioen eraginkortasun bera izanen du.

Aldeek oro har eta edozein instantziaren aurrean bazter uzten dute derrigorrezko arbitrajea beraien arteko desadostasunak konpontzeko bide gisa.

Egoera ekonomiko okerra desagertu eta une beretik aurrera, hitzarmen honetan itundutako baldintza guztiak aplikatu beharko dira.

20. artikulua. Aldi baterako laneko enpresak.

Hitzarmen honen eraginpeko enpresek, produkzioaren beharrak direla eta, beharrezkoa badute aldi baterako laneko enpresen bidez langileak kontratatzea, enpresa erabiltzaileen baldintza berberak bermatzen dituzten enpresetara joko dute bakarrik, alegia, abeltzaintzako merkataritzaren hitzarmena aplikatu beharko dute, eta behartuta egonen dira baldintza horiek bermatzen ez dituzten enpresen zerbitzuak ez erabiltzera.

21. artikulua. Nafarroako Lan Gatazkak Konpontzeko Auzitegiari atxikitzeko klausula.

Aldeek adostu dute Nafarroako Lan Gatazkak Konpontzeko Auzitegiaren esku utziko dituztela lan gatazkak, hitzarmen kolektibo honen interpretazio- eta aplikazio-gatazka kolektiboak edo hitzarmenaren aplikazio-eremuan dauden langileei eta enpresei eragiten dien beste edozein gatazka konpontzeko, adiskidetze- eta bitartekaritza-faseetan. Era berean, konpromisoa hartzen dute ukitutako aldeak aipatutako auzitegiaren arbitraje-prozeduraren mende jartzea bultzatzeko.

Beraz, artikulu honek balio du aldeak gatazkak konpontzeko arbitraje-organo horri berariaz atxikitzeko, eraginkortasun osoa duela, eta ondorioz, itunak enpresaburuak, sindikatuen ordezkariak eta langileak behartzen ditu beren desadostasunak aipatu organoaren bitartekaritza- eta adiskidetze-prozeduretan azaltzera epaiketara jo aitzin. Hortaz, ez da beharrezkoa aldeen desadostasun edo gatazka bakoitzerako atxikimendu berariazkoa eta banakakoa egitea, arbitrajera lotzeko ez bada, zeina bultzatzeko eta sustatzeko konpromisoa hartu baitute lan hitzarmen honen sinatzaileek.

22. artikulua. Erretiro partziala.

Enpresaren esku dago erabakia hartzea langileak 62 urtetik aitzinera erretiro partziala eskura dezan. Halakoetan, 2/2015 Legegintzako Errege-dekretuaren bidez onetsitako Langileen Estatutuaren testu bateginaren 12. artikuluan eta aplikatzen ahal den legeria indardunean ezarritakoari jarraituko zaio.

Lanaldi partzialaren banaketa enpresak eta langileak finkatuko dute elkar hartuta.

Ordezko langilea finko sartuko da plantillan besteak erabateko eta behin betiko erretiroa hartzen duenean.

23. artikulua. Azpikontratak.

Azpikontratatzen diren enpresetako langileei, abeltzaintzako merkataritzaren esparruko lantokietan lan egiten badute, lan eta diru baldintza berberak aplikatuko zaizkie.

24. artikulua. Batzorde paritarioa.

1.–Hitzarmen hau sinatu dutenen arteko batzorde paritarioa izendatzen da, enpresaburuen elkarteek eta sindikatuek eratua, alde bakoitzak kide kopuru bera duela.

Enpresaburuen aldetik, Nafarroako harakin eta txerriki-saltzaileen gremioa.

Langileen ordezkarien aldetik, Nafarroako UGT sindikatuaren Zerbitzu, Mugikortasun eta Kontsumo Federazioa.

Nafarroako harakin eta txerriki-saltzaileen gremioaren egoitzan izanen du helbidea batzorde paritarioak: Julián Gayarre kalea 3, 31005 Iruña.

2.–Batzorde paritarioa hitzarmen kolektibo honetan ezarritakoa interpretatzeko, bitartekotza egiteko eta betetzen dela zaintzeko organoa da, eta indarreko araudiak esleitzen dizkion eginkizun guztiak izanen ditu, bai eta, orobat, hitzarmen kolektibo honetan esleitzen zaizkionak eta geroko akordioetan esleitzen ahal zaizkionak ere.

Batzorde paritarioa hitzarmen honen funtzionamendu egokirako behar den guztietan bilduko da.

Bilkuraren deialdia idatziz egin beharko da, hiru egun baliodun lehenago, eta gai-zerrenda izanen du nahitaez.

Honako hauek dira batzorde paritarioaren eginkizunak:

–Hitzarmena betetzen dela zaintzea eta haren segimendua egitea.

–Hitzarmen honen agindu guztiak aplikatzean eta interpretatzean sortzen diren gaiak ezagutzea eta ebaztea.

–Aldeetako batek eskaturik, hitzarmena aplikatzearen ondorioz sor daitezkeen auzi edo arazo kolektiboetan bitarteko lana egitea eta/edo konponbidea bilatzen saiatzea, eta, aldeek eskatuz gero, arbitraje lana egitea.

–Bide administratibora eta jurisdikzionalera jo aurretik, nahitaez, hitzarmen hau aplikatzean eta interpretatzean hitzarmen kolektiboen inguruan sortzen diren gatazken planteamenduetan aginpidea izatea, artikulu honen 3. atalean aurreikusi bezala.

–Lan baldintzak ez aplikatzearen gainean enpresek eta langileen ordezkariek hasi dituzten prozedurak ezagutu eta, hala badagokio, ebaztea, hitzarmen kolektibo honetan ezarritakoaren arabera.

–Hitzarmen honek eraginkortasun praktiko handiagoa izatea xede duen beste edozein eginkizun, edo testuan eta haren parte diren eranskinetan xedatutakotik eratortzen dena.

3.–Hitzarmen hau sinatzen duten aldeek nahiz aplikazio eremuko 1. artikulukoek konpromisoa hartzen dute batzorde paritarioari jakinarazteko haren interpretazio eta aplikazioaren ondorioz sor daitezkeen zalantza, eztabaida eta auzi kolektibo guztiak, betiere aurreko atalean ezarritakoaren arabera bere eskumenekoak badira, haren bitartekotzaren bidez arazoa konpon dadin edo, ezin bada, horren gaineko ebazpena edo txostena eman dezan.

4.–Batzorde paritarioari planteatzen zaizkion gaiak, haren eskumenekoak, idatziz aurkeztuko dira, behar adinako informazioarekin, arazoa behar bezala ezagutuz aztertu ahal izateko. Gutxienez, honako informazio hau jakinaraziko zaio nahitaez:

–Gaiaren azalpen labur eta zehatza.

–Proposamen egilearen iritziz bere alde dituen arrazoi eta oinarriak.

–Batzordeari egiten zaion proposamen edo eskakizun zehatza.

Kontsultaren idazkiarekin batera, arazoa hobeki ulertu eta konpontzeko beharrezkotzat jotzen diren agiri guztiak aurkeztuko dira.

5.–Batzordeak informazio edo agiri gehiago eskatzen ahalko ditu aferaren gaineko informazio hobea edo osatuagoa lortzeko asmoz. Horretarako, proposatzaileari gehienez bost egun balioduneko epea emanen zaio.

6.–Batzorde paritarioak, kontsultaren idazkia jaso ondoren edo, hala balegokio, beharrezko informazioa osatu ondoren, hamabost laneguneko epea izanen du gehienez, akordioa erdietsiz gero, gaia ebazteko dagokion ebazpenaren bidez.

Adostasunik ezean, batzordeko kideek txosten bat eginen dute. Bertan, nork bere jarrera, eta, horrenbestez, desadostasuna argudiatzeko adierazi dituen kontsiderazioak bilduko dira.

Azkeneko kasu horretan, batzordeak hurrengo zenbakian zehazten den bezala jokatuko du.

7.–Batzorde paritarioak akordiorik erdiesten ez duenean bere eskumenen artean, aurreko 2. ataleko e) letran jasotzen diren gaietatik kanpoko bat planteatzen zaionean, desadostasunak, kasua bada, lan-gatazkak auzibidetik kanpo ebazteko sistemara pasatzen ahalko dituzte, bi aldeetako –enpresa eta sindikatuak– bakoitzean gehiengoaren adostasuna egonez gero, eta gatazkak konpontzeko sistema ez-judizialen mendean jarri, Langileen Estatutuaren 83. artikuluan aurreikusitako lanbide arteko akordioen bidez ezarri ziren horien mendean, hain zuzen.

25. artikulua. Lan-bizitza eta familia bateragarri egitea.

Langileek eskubidea izanen dute lau urte arteko eszedentzia hartzeko seme edo alaba bakoitza zaintzeko, haurra norberak sortua edo adoptatua izan, edo harrera-prozesuan izan, bai modu iraunkorrean bai adoptatu aurreko fasean, behin-behinean izanda ere. Lau urte horiek haurra jaiotzen denetik edo, bestela, epaileen edo administrazioaren ebazpenaren egunetik aurrera kontatuko dira.

Artikulu honetan ezarritakoaren arabera, langilea eszedentzia-egoeran dagoen aldia antzinatasunerako zenbatuko da, eta langileak lanbide-prestakuntzako ikastaroetara joateko eskubidea izanen du, bereziki berriro ere lanera itzuli behar duenean. Ikastaro horietara joatea enpresak eskatuko dio langileari.

Lehenbiziko urtean lanpostua gordetzeko eskubidea izanen du.

Epe hori bukatuta, gordeko zaion lanpostua lanbide talde berekoa edo kategoria baliokide batekoa izanen da.

Bularra emateko eskubidea, antolamendu juridikoaren terminoetan araututakoa, metatu eta 15 laneguneko baimenagatik aldatzen ahalko da. Egun horiek amatasun/aitatasun baimena eta gero hartu beharko dira.

Legezko zaintza dela-eta, langileren batek bere kargura baldin badu hamabi urtetik beherako haurren bat edo ordaindutako lanik egiten ez duen eta desgaitasun fisiko, psikiko edo sentsoriala duen pertsona bat, eskubidea izanen du eguneko lanaldia murrizteko, soldata ere hein berean murriztuta, haren iraupenaren zortziren bat gutxienez eta erdia gehienez ere.

Langilearen eguneko lanaldia murriztuz egiten ahalko da, edo murrizketa hori egun osoak egin arte metatuz; horrela, astean legokiokeen baino egun gutxiago eginen ditu lanean.

Egun osoak metatzen direnean, murrizketaren ondoriozko lanik gabeko egunak ez dira ostiralak eta larunbatak izanen, non ez duten alderdiek besterik adosten.

Adinagatik edo istripu edo gaixotasun baten ondorioz bere kasa bizitzeko gauza ez den eta lan ordaindurik egiten ez duen ahaideren bat –odol bereko bigarren mailara artekoa– zaindu behar duen langileak ere eskubide bera izanen du.

Hitzarmen honetan arautu ez diren kasuetan Langileen Estatutuan ezarritakoa beteko da.

26. artikulua. Deskonexio digitalerako eskubidea.

Langileek deskonexio digitalerako eskubidea izanen dute, lanalditik kanpo atsedenaldia, baimenak eta oporraldiak eta norberaren eta familiaren intimitatea errespetatzen direla bermatzeko. Eskubide horri buruzko informazioa, prestakuntza eta sentsibilizazioa argi eta garbi helarazi beharko zaizkie langileei. Enpresek ezin izanen dute zehapen-neurririk hartu deskonexio digitalerako eskubidea eraginkortasunez baliatzen duten langileen aurka. Ezin da mezurik edo mezu elektronikorik bidali edo lan-deirik egin langilearen lan-ordutegitik kanpo, deskonexiorako eskubidea bermatzeko. Era berean, ezin izanen da horrelako komunikaziorik egin langilea oporretan, norberaren gauzetarako egunak edo beste baimen motaren bat (ordaindua edo ordaindu gabea) hartuta edo aldi baterako ezintasunagatik bajan dagoenean.

Xedapen iragankorra.

Hurrengo hitzarmenean asteko kalitatezko atsedenaldia bermatuko duten lan-egutegiak ezartzeko xedearekin, elkarrekin lan egiteko konpromisoa hartu dute aldeek, lana eta bizitza pertsonala bateragarri egiten laguntzeko. Etorkizuneko negoziazioetan, formula berritzaileak aztertuko dira atseden-egunen kopurua handitzeko, txanda jarraituak ezartzeko, arratsalde libre gehigarriak emateko eta bizi-kalitatea hobetzen lagunduko duten beste neurri batzuk hartzeko.

SOLDATEN TAULA

LANBIDE KATEGORIA SOLDATA

2024. URTEA

2025. URTEA

OINARRIZKO SOLDATA

HITZARMENEKO P.

GUZTIRA

OINARRIZKO SOLDATA

HITZARMENEKO P.

GUZTIRA

I.–TALDEA AGINTARIAK

1 Zuzendaria

1.580,64

237,10

1.817,75

1.623,31

243,50

1.866,83

2 Langileriaren eta salerosketen burua

1.440,36

215,53

1.655,89

1.479,25

221,35

1.700,60

4 Sukurtsaleko, biltegiko, establezimenduko burua

1.440,36

215,53

1.655,89

1.479,25

221,35

1.700,60

II.–TALDEA OFIZIOKO PROFESIONALAK

5 Saltzaile nagusia

1.410,15

211,50

1.621,65

1.448,23

217,21

1.665,44

5 Saltzaile-ebakitzailea, 1. mailako ofiziala, sukaldaria, 1. mailako ofiziala

1.352,35

202,86

1.555,21

1.388,87

208,33

1.597,20

5 Saltzaile-ebakitzailea, 2. mailako ofiziala

1.280,86

192,15

1.473,00

1.315,44

197,33

1.512,77

5 Saltzaile-ebakitzailea, laguntzailea, sukaldari laguntzailea

1.236,88

185,56

1.422,45

1.270,27

190,57

1.460,85

7 Bigarren urteko ikastuna

1.219,40

-

1.219,40

1.252,32

-

1.252,32

11 Lehen urteko ikastuna

1.058,40

-

1.058,40

1.105,07

-

1.086,98

III.–TALDEA BILTEGIA ETA LOGISTIKA

5 Saltzaile bidaiaria, plazako artekaria

1.247,90

187,19

1.435,08

1.281,59

192,24

1.473,83

8 (*) Gidaria 1. motako gidabaimenarekin (10 urte lanbidean)

1.352,35

202,86

1.555,21

1.388,87

208,33

1.597,20

8 (*) Gidaria 1. motako gidabaimenarekin

1.280,86

192,15

1.473,00

1.315,44

197,33

1.512,77

8 (*) Gidaria 2. motako gidabaimenarekin, eta banatzailea

1.236,88

185,56

1.422,45

1.270,27

190,57

1.460,85

9 Langilezaina, sehi espezializatua

1.192,86

178,93

1.371,80

1.225,07

183,76

1.408,84

10 Garbitzailea (orduko)

9,04

1,37

10,41

9,29

1,41

10,69

IV.–TALDEA ADMINISTRAZIOA

3 Administrari burua

1.440,36

215,53

1.655,89

1.479,25

221,35

1.700,60

4 Kontularia eta administraria, 1. mailako ofiziala

1.352,35

202,86

1.555,21

1.388,87

208,33

1.597,20

5 Administraria, 2. mailako ofiziala

1.280,86

192,15

1.473,00

1.315,44

197,33

1.512,77

7 Administrari laguntzailea. Hirugarren urtea

1.157,11

173,55

1.330,66

1.188,35

178,24

1.366,59

7 Administrari laguntzailea. Bigarren urtea

1.127,57

169,16

1.296,73

1.158,01

173,72

1.331,74

7 Administrari laguntzailea. Lehen urtea

1.104,84

165,50

1.270,34

1.134,67

169,97

1.304,64

OHARRAK:

–Saltzaile-ebakitzailea, laguntzailea kategoriarako beharrezkoa da bi urte ikasten eginak izatea.

–Saltzaile-ebakitzailea, 2. mailako ofiziala kategoriarako beharrezkoa da laguntzailearenean bi urte eginak izatea.

–Saltzaile-ebakitzailea, 1. mailako ofiziala eta sukaldaria, 1. mailako ofiziala kategorietarako beharrezkoa da 2. mailako ofizialarenean bost urte eginak izatea.

–Lehen urteko ikastuna: sektorean lehen aldiz esperientziarik gabe sartzen den langilea eta/edo sektoreko prestakuntza-ikastaro batetik datorrena. Jasoko den zenbatekoa izanen da hileko oinarrizko soldata bider hamabost ordainsari urtean.

–Bigarren urteko ikastuna: Jasoko den zenbatekoa izanen da hileko oinarrizko soldata bider hamabost ordainsari urtean.

Bi kategoriek ez dute adin mugarik, eta enpresan bigarren urtea egin eta gero, laguntzaile kategoriara pasatuko da automatikoki.

(*) Zirkulazio Kodearen arabera, erabiltzen duten ibilgailurako lehen motako gidabaimena behar denean.

Iragarkiaren kodea: F2509061