150. ALDIZKARIA - 2025eko uztailaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

280E/2025 EBAZPENA, ekainaren 30ekoa, Landa Garapeneko zuzendari nagusia emana. Ebazpen horren bidez, kanal laburretan merkaturatzen duten nekazaritzako elikagaien ekoizleei laguntzak emateko oinarri arautzaileak ezarri eta deialdia onartzen da, "de minimis" erregimenari atxikita 2025. urtean egindako jarduerengatik. DDBN identifikazioa: 843645.

Nekazaritzako elikagaiak kontsumitzaileari ahalik eta zuzenen saltzeak, hots, ekonomia eragile gutxi batzuek esku hartzen dutela, lagun dezake, eraginkortasunez lagundu ere, elikadura kateko desorekak zuzentzen, ustiategi txikien kasuan, bereziki; eta, aldi berean, aukera ematen du kalitatezko produktuak, tokiko espezie eta barietateekin edo sistema tradizionalak erabilita egindakoak, merkatuetan sar daitezen. Aldi berean, hizpide dugun jarduerak beste jarduera osagarri batzuk garatzen lagundu dezake, hala nola elikagaien transformazioa, banaketa, eta jatetxe edo landetxeetako jarduerak, horiek guztiek areagotzen baitute nekazaritzako elikagaien inguruko jarduna eta ekonomia nahiz enplegua sortzen baitute landa eremuetan.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/2115 (EB) Erregelamenduak, 2021eko abenduaren 2koak, Nekazaritza Politika Erkidearen esparruan (NPBren plan estrategikoak) estatu kideek egin behar dituzten plan estrategikoetarako laguntzari buruzko arauak ezartzen ditu (Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsaren (NBEF) eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) kontura finantzatuta), nekazariek balio katean duten posizioa hobetzeko beharra identifikatzen du, bereziki nekazariei mesede eginen dieten eta haien parte-hartzea sustatuko duten lankidetza moduak bultzatuz, bai eta hornidura kate laburrak sustatuz eta merkatuaren gardentasuna hobetuz ere.

5/2023 Foru Legearen arabera, nekazaritzako elikagaiak merkaturatzeko kanal laburrak sustatzeko, Nafarroako Gobernuak ekintzak eginen ditu nekazaritzako elikagaien ekoizleak eta haien ustiategiak ikusarazteko, bai eta bitartekariak ikusarazteko ere. Horrela, azken kontsumitzaileen konfiantza areagotuko da merkaturatze eredu horretan, hobeki ezagutu eta gehiago baloratuko da natura ingurunea eta landa eremuetako biztanleria kontserbatzeko eta mantentzeko egiten duten ekarpena, eta handituko da elikagai seguru, jasangarri eta kalitatezkoen hornidura.

Hazten ari den jarduera honek bultzatutako onura ekonomikoek tokiko ekonomia indartzea eragiten dute, landa eremuetan lanpostuak dibertsifikatuz eta sortuz.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak interes berezikotzat jotzen du merkaturatzeko bide labur eta zuzenen bidez nekazaritzako elikagaien hornidura sustatzea, nekazaritza sektorearen lehiakortasuna mantentzen eta hobetzen laguntzen duelako, eta gure erkidegoko landa ekonomia bultzatzen duelako. Halaber, beharrezkotzat jotzen du laguntza ekonomikoak ematea kanal motzetan merkaturatzen duten nekazaritzako elikagaien ekoizleei, bai eta merkaturatzea hobetzeko ekintzak sustatzea ere, salmenta eredu hori herritarrei hurbiltzeko. Azoka, azoka txiki edo erakustaldietan parte hartzea, zuzeneko salmenta puntuen seinaleztapena hobetzea eta online sustatzea eta saltzea hedapen aukera argia dira kanal laburreko merkaturatze ereduentzat.

Deialdian aurreikusitako laguntzak lehen sektoreko pertsonek nekazaritzako elikagaien ekoizpen propioa zuzenean merkaturatzea sustatzera bideratuta daude, eta merkaturatze eredu horretarako 2025ean ekoizpen elkarteentzat zein tokiko erakundeentzat abian jarri diren laguntzak osatzera datoz.

Ekoizpen ekologikoaren ingurumen-onurak kontuan hartuta, lehentasuna ematen zaie eredu horren bidez lortutako elikagaiak kanal motzetan merkaturatzen dituzten ekoizleen eskaerei, eta, era berean, lehentasuna emanen zaie eremu behartsuenetan dauden ustiategiei eta titulartasuna emakumeak eta gazteak dituztenei.

Diruz lagundu daitezkeen ekintzek 2025eko urtarrilaren 1etik 2025eko urriaren 31ra arteko epea izanen dute.

Ebazpen honi aplikatuko zaizkio Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea eta Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko 2023/2831 (EB) Erregelamendua, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeari buruzkoa.

Laguntza lerro hau jasota dago egun indarrean dagoen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Dirulaguntzen 2025-2027 aldirako Plan Estrategikoan, 152. lerroan eta XV. eranskinean. Plan hori Nafarroako Gobernuak onetsi zuen 2025eko apirilaren 30ean hartutako erabaki baten bidez.

Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. 2025ean "de minimis" erregimenari atxikita kanal laburren bidez merkaturatzen duten nekazaritzako elikagaien ekoizleentzako laguntzen deialdia onartzea.

2. Kanal laburren bidez merkaturatzen duten nekazaritzako elikagaien ekoizleei laguntzak emateko oinarri arautzaileak onartzea. Oinarri horiek ebazpen honen eranskinean daude jasota.

3. 125.000 euroko gastua baimentzea ebazpen honetatik eratorritako konpromisoei aurre egiteko, aurrekontu partida hauen kargura:

–720003-72200-4700-414200: Kanal laburren bidez merkaturatzen duten nekazaritzako elikagai ekologikoen ekoizleentzako laguntzak, 2025eko ekitaldian; 100.000 euro.

–72003-72200-4700-413100: Merkaturatzeko bide laburretan elikagaiak ekoizten dituztenentzako laguntzak, 2025eko gastu aurrekontukoak, 25.000 eurokoak.

4. Dirulaguntzen deialdi hau eta oinarri arautzaileak Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean erregistratzea (NGDDB).

5. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea akitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Iruñean, 2025eko ekainaren 30ean.–Landa Garapeneko zuzendari nagusia, Rubén Goñi Urroz.

I. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK, KANAL LABURREN BIDEZ MERKATURATZEN DUTEN NEKAZARITZAKO ELIKAGAIEN EKOIZLEEI
2025. URTEAN EGINDAKO JARDUERENGATIK "DE MINIMIS" ERREGIMENARI ATXIKITAKO LAGUNTZAK EMATEKO

Lehen oinarria.–Xedea eta helburua.

1. Ebazpen honen xedea da kanal laburren bidez merkaturatzen diren nekazaritzako elikagaien ekoizleentzako laguntzen oinarri arautzaileak ezartzea, Nekazaritzako Elikagaien Komertzializaziorako Bide Laburrei buruzko martxoaren 9ko 5/2023 Foru Legean ezarritako lurralde eremuan egindako jardueretarako, 2025. urtean.

Ondorio horietarako, nekazaritzako elikagaien ekoizletzat hartzen dira Nafarroako Nekazaritza Ustiategien Erregistroan izena emandako ustiategien titularrak diren nekazariak edo abeltzainak, pertsona fisikoak edo juridikoak direla kontuan hartu gabe, nekazaritzako beren elikagaiak (freskoak edo eraldatuak) saltzen dituztenak merkaturatzeko kanal labur baten bidez.

2. Laguntza horien helburu nagusia da kanal laburren bidez merkaturatzen duten nekazaritzako elikagaien ekoizleei laguntzea, merkaturatze eredu hori garatzen eta finkatzen laguntzeko.

3. Laguntzen araubide hau Batzordeak 2023ko abenduaren 13an emandako 2023/2831 (EB) Erregelamenduaren menpe dago. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeari buruzkoa da (2023ko L 2831 Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, abenduaren 15ekoa).

Zenbait laguntzaren zenbatekoa zehazten da nekazaritzaren sektorean merkaturatutako edo erositako produktuen prezioaren edo kantitatearen arabera. Era horretako dirulaguntzei ez zaizkie aplikatu behar ez oinarri arautzaile hauek ezta deialdia ere.

4. Laguntza lerro hau jasota dago egun indarrean dagoen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Dirulaguntzen 2025-2027 aldirako Plan Estrategikoan, 152. lerroan eta XV. eranskinean. Plan hori Nafarroako Gobernuak onetsi zuen 2025eko apirilaren 30ean hartutako erabaki baten bidez.

Bigarren oinarria.–Onuradunak.

Laguntza hauen onuradun izan daitezke Nafarroako nekazaritzako elikagaiak merkaturatzeko bide laburren erregistroan inskribatuta dauden nekazaritzako elikagaien ekoizleak. Erregistro hori Nekazaritzako elikagaiak merkaturatzeko kanal laburrei buruzko martxoaren 9ko 5/2023 Foru Legearen 8. artikuluan dago jasota.

Hirugarren oinarria.–Onuradunek bete beharreko baldintzak.

Laguntza hauen onuradun izateko, eskatzaileek baldintza hauek bete beharko dituzte:

1. Nekazaritzako elikagaien ekoizleek izena emanda egon beharko dute Nafarroako nekazaritzako elikagaiak merkaturatzeko bide laburren erregistroan, Nekazaritzako Elikagaiak Merkaturatzeko Bide Laburrei buruzko martxoaren 9ko 5/2023 Foru Legearen 8. artikuluan jasotakoan.

2. Ekoizpen ekologikoan dauden nekazaritzako elikagaien ekoizleek ekoizle ekologiko gisa ziurtatuta egon beharko dute, produktu ekologikoen ekoizpen ekologikoari eta etiketatzeari buruzko 2018/848 (EB) Erregelamenduaren 35. artikuluaren 1. apartatuaren arabera.

3. Aurreikusita izatea jarduera plan bat egitea nekazaritzako elikagaiak merkaturatzeko bide laburrak garatzeko, edo eredu hori sustatzeko eta zabaltzeko jarduerak garatzeko, Nafarroako nekazaritzako elikagaiak merkaturatzeko bide laburrei buruzko Foru Legean ezarritako lurralde eremuan.

4. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan onuradun izateko ezarritako debeku egoeraren batean ez egotea.

5. Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

6. Ez dute laguntzarik eskuratzen ahalko sexuan edo generoan oinarritutako diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, administrazio ebazpen irmo edo kondena-epai irmo baten bidez, zehapena edo zigorra jaso duten eskatzaileek.

7. Aurreko puntuan aipatutako egoeran dauden pertsonak laguntza horien onuradun izaten ahalko dira berriz, baldin eta ezarritako zehapena edo zigorra beteta badute eta berdintasun plan bat prestatu badute indarreko legerian ezarritako baldintzetan, halakorik exijitzen ahal bazaie.

Laugarren oinarria.–Jarduketak eta gastu diruz lagungarriak.

1. Diruz lagungarriak diren gastutzat hartuko dira laugarren oinarrian aipatutako jarduerak egiteko pertsona onuradunek egiten dituzten gastuak, baldin eta jarduera horiek 2025eko urtarrilaren 1etik 2025eko urriaren 31ra bitartean gauzatu eta ordaindu badira.

2. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikulua aplikatuz, entitate onuradunek hirugarrenekin azpikontratatzen ahalko dituzte dirulaguntzaren xedeko jardueren %100 arte, aipatu artikuluan adierazten den bezala.

3. Diruz lagungarriak izateko, nekazaritzako elikagaiak merkaturatzeko bide laburren bidez saltzeko eskaintzarekin lotutako jarduerei erantzun beharko diete gastuek. Besteak beste, honako kontzeptu hauek jasotzen ahalko dituzte:

a) Zuzenean saltzen diren produktuen ontziak eta merkataritzako etiketak diseinatzea, irudi korporatiboa diseinatzea, logoa, sare sozialak diseinatzea.

b) Nafarroako lurralde eremuan edo nekazaritzako elikagaien ekoizlearen ustiategitik 100 kilometroko gehieneko distantziara dauden sustapen ekitaldietan, lehiaketetan, produktu erakustaldietan, azoketan eta kanal laburreko merkaturatze produktuen salmenta merkatuetan parte hartzeko behar diren tasak eta tarifak.

c) Dibulgazio eta sustapen materiala sortzea (liburuxkak, triptikoak, kartelak, roll-up, biniloak, poltsak, karpak eta ibilgailuak maketatzea eta inprimatzea).

d) Merkaturatzea kudeatzeko tresna informatikoak edo aplikazioak garatzea, webguneak sortzea, egokitzea eta mantentzea barne, baita kanal laburretako merkaturatze bereizgarriari atxikita dauden webguneak ere.

e) Salmenta puntua seinaleztatzeko tokiko salmenta bereizgarria jartzeari dagozkionak.

4. Ez dira diruz lagungarritzat jotzen eta, beraz, ez dira hautagarriak izanen honako hauek,

a) Balio erantsiaren gaineko zerga (BEZa), beste zerga batzuk ere, salbu eta, foru araudiarekin bat, balio erantsiaren gaineko zerga berreskuratu ezin duten onuradunen kasuan. Horri dagokionez, eskatzaileek salbuespen horri heltzeko asmoa dutela adierazi behar dute laguntzaren eskabidean, bai eta baldintza hori betetzetik salbuetsiak izanaren justifikazioa aurkeztu ere.

b) Kanpoko hornidura (ura, argia, gasa), telefonia, garbiketa eta konponketa gastuak.

c) Ekoizpen primarioari edo transformazioari lotutako gastuak.

d) Ekipoak edo bestelako material suntsikorra erostea.

e) Ekipoak konpontzeko eta mantentzeko gastuak.

f) Garraiorako ibilgailuak erostea.

g) Salmenta jarduera egiten den lokaletako inbertsio gastuak (merkataritza lokala instalatzea, handitzea edo eraberritzea).

Bosgarren oinarria.–Kostuen moderazioa.

1. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluak dio proposatutako kostuen moderazioa egiaztatu behar dela, eta hori ebaluatzeko metodologia zehazten du.

Ondorio horietarako, kostuen moderazioaren printzipioa aplikatu dela bermatzeko, sistema hauek erabiliko dira, kasuan-kasuan:

1.1. Proformako fakturaren gaineko erreferentzia kostuak: zenbateko diruz lagungarria bi hauen arteko txikiena izanen da: eskatzaileak aurkeztua eta modulu hauek aplikatzearen ondoriozkoa:

1.1.1. Webgunea (web diseinua eta sorrera, edukien edizioa, ostatatzea eta mantentze lanak): 2.150,00 euro.

1.1.2. Dibulgazio materiala sortzea (flyer liburuxkak, triptikoak, kartelak, roll-up, biniloak, poltsak, karpak eta ibilgailuak maketatzea eta inprimatzea). 2.150,00 euro.

1.1.3. Zuzenean saltzen diren produktuen ontziak eta merkataritzako etiketak diseinatzea, irudi korporatiboa diseinatzea, logoa, sare sozialak... diseinatzea: 1.900,00 euro.

1.1.4. Sustapen ekitaldietan, lehiaketetan, produktu erakustaldietan, azoketan eta kanal laburreko merkaturatze produktuen salmenta merkatuetan parte hartzeagatik eskatzen diren tasak eta tarifak: 150 euro ekitaldi bakoitzeko.

1.1.5. Salmenta zuzeneko bereizgarria duen kartela/seinaleztapena jartzea salmenta puntua seinaleztatzeko: 600 euro.

2. Erreferentziako kostuak aplikagarriak ez direnean eta diruz lagungarria den gastuaren zenbatekoa 12.000 eurotik gorakoa denean, aholkularitza edo laguntza enpresek ekipamendu edo zerbitzu ondasunak hornitzen badituzte, onuradunak egiaztatu beharko du hornitzailearen hautaketa efizientzia eta ekonomia irizpideen arabera egin dela, salbu eta diruz lagungarriak diren gastuen ezaugarri bereziak direla-eta merkatuan ez badago hura hornitzen edo ematen duen behar adina erakunde, edo gastua dirulaguntza eskatu aurretik egin bada. Hori guztia egiaztatzeko, entitate eskatzaileak hainbat hornitzaileri eskatutako eskaintzak aurkeztu beharko ditu. Eskaintzarik merkeena hautatu ezean, aurkeztutako memorian berariaz justifikatu beharko da.

Horretarako, hornitzaile baten kontratazioaren zenbatekoa 12.000 eurotik gorakoa bada, hiru eskaintza alderatuko dira hura hautatzeko; hau da, entitate eskatzaileak eskaerarekin batera gutxienez hiru aurrekontu (proformako fakturak eta/edo proiektu edo memoria teknikoa, dagokionaren arabera) aurkeztu behar ditu, eta horietako bat hautatuko da.

Eskaintzak enpresa hornitzaile independenteek eginak izanen dira, eta ondasun edo zerbitzu beraren gainean prestaturiko aurrekontu, eskaintza edo proformako fakturekin justifikatu behar dira, merkatuko preziora egokitzen dela justifikatzeko.

Horrez gain, proformako fakturek eta/edo aurrekontuek legeak eskatzen duen informazioa izan behar dute, enpresa hornitzailea identifikatzen duten datuen informazio fidagarria bilduta eta, orobat, zehatz-mehatz azalduta entregatu beharreko zerbitzuaren ezaugarri teknikoak, lan egiteko gaitasunak, tamaina eta abar.

Seigarren oinarria.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1. Laguntzaren intentsitatea diruz lagungarriak diren gastuen % 90ekoa izanen da, gehienez 6.000 euroko laguntza onuradun bakoitzeko ekoizle ekologikoen kasuan eta 4.000 eurokoa ekoizle ez-ekologikoen kasuan, eta 2. puntuan jasotako irizpideen arabera mugatuko da.

2. Deialdiaren zenbateko osoa entitate onuradunen izaeraren arabera banatuko da, honela:

a) 100.000 euro erabiliko dira ekoizpen ekologikoa duten nekazaritzako elikagaien ekoizleentzat.

b) 25.000 euro erabiliko dira nekazaritzako elikagaien ekoizleentzat.

3. Aurreko a) letran xedatutako zuzkiduran aplikatu gabeko aurrekontu saldoa badago, saldo hori laguntzetarako aplikatzen ahalko da, b) letran xedatutakoakoaren arabera, eta alderantziz.

4. Zenbait laguntzaren zenbatekoa nekazaritzaren sektorean merkaturatutako edo erositako produktuen prezioaren edo kantitatearen arabera zehazten dira; era horretako dirulaguntzei ez zaizkie oinarri arautzaile hauek aplikatu behar.

5. Araubide honen araberako laguntzak emateak ez du 300.000 euroko muga gainditzen ahalko hiru urteko epean, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeari buruzko 2023ko abenduaren 13ko 2023/2831 (EB) Erregelamenduan ezarritakoaren arabera, hamaikagarren oinarriaren 5. zenbakian jasotzen den moduan.

Zazpigarren oinarria.–Onuradunaren betebeharrak.

Dirulaguntzen onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

1. Aurreikusitako ekintzak gauzatzea, ebazpen honetan xedatutako helburuarekin eta xedearekin bat etorriz, eta bertan aurreikusitako betebeharrak eta dagokion laguntza emateko ebazpenean ezarritakoak betetzea.

2. Hartutako funtsak dirulaguntzak emateko oinarri izan zen helbururako eta ezarritako moduan eta epeetan erabili direla frogatzea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, baita zer gastu egin diren ere hartutako funtsak aplikatuz.

3. Laguntza ongi eman dela eta konpromisoei eutsi zaiela egiaztatzeko behar diren kontrolak onestea.

4. Helburu bererako beste dirulaguntza publiko batzuk eskatu edo jaso badira, horren berri ematea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari.

5. Jasotako dirulaguntzaren kobrantza kontabilitatean edo erregistro liburuetan jasotzea.

6. Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea hamar urtetan, laguntza ematen den egunetik aurrera.

7. Dirulaguntza emateari buruzko ebazpena jakinarazten denetik hilabeteko epean, dirulaguntzen erakunde onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztea, laguntzaren fitxan eskuragarri dagoen ereduarekin bat datorrena, hori guztia Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legea betez. Izan litezkeen zehapenak galarazi gabe, informazioa emateko betebeharra urratuz gero, ez zaio emandako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.

8. Enpresa deslokalizaziorik ez egitea, Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 4. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

9. Behar bezala zabaltzea finantzabide publikoa dutela diruz lagundutako programek, jarduerek, inbertsioek edo edozein motatako jarduketek. Horretarako, Nafarroako Gobernuaren ikurra jarri beharko dute informazio eta hedapen materialetan eta webguneetan.

Nafarroako Gobernuaren ikurra bat etorriko da Agenda 2030eko logoa txertatua duen sinbolo ofizialarekin, helbide honetan jasota dagoenari jarraikiz:

https://www.navarra.es/eu/nafarroako-gobernua/sinbolo-ofiziala

Zortzigarren oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea.

1. Eskaerak aurkezteko epea 15 egunekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik hasita.

2. Eskaerak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuari zuzenduko zaizkio, eta bitarteko elektronikoen bidez baino ezin dira aurkeztu, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erregistro orokor elektronikoaren bitartez, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluarekin. Erregistro Orokor Elektronikoa interesa duen ororen eskura egonen da Nafarroako Gobernuko Interneteko web atarian.

3. Eskaera horretarako ezarritako ereduan aurkeztuko da, zeina Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariko Izapideen Katalogoan eskura daitekeen (https://www.navarra.es/es/tramites), eta bederatzigarren oinarrian adierazitako dokumentazioarekin batera aurkeztu beharko da.

Bederatzigarren oinarria.–Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Jarduketa deialdiaren xedeen araberakoa dela frogatzeko, eskaerarekin batera ondoko dokumentu hauek aurkeztuko dira:

a) IFZaren kopia.

b) NANaren kopia, puntuen baremazioa gaztetasun irizpidearen eta/edo generoaren arabera eskatuz gero.

c) Ezarritako plantillaren araberako jarduketa plana, egin beharreko jarduerak eta horien balorazio ekonomikoa deskribatzen dituena, dagozkion aurrekontuak edo proformako fakturak erantsita.

d) Laguntza eskabidea, laguntzaren izapidearen katalogoko txantiloietan ezarritako ereduan.

e) Hornitzaileen hautaketa eraginkortasun eta ekonomia irizpideen arabera edo irizpide horiek aplikatzea eragozten duten arrazoien arabera justifikatzeko proformako fakturak.

f) "Transferentzia bidez kobratzeko eskabidea", eskatzaileak laguntzak lehenbizikoz kobratuz gero, edo Nafarroako Gobernuak zer kontutan pagatu izan dizkion, kontu hori aldatu nahi izanez gero.

g) BEZa osorik edo hein batean ordaintzetik salbuetsita dagoela frogatzen duen agiria, hala bada.

h) Idatzizko edo bitarteko elektronikoen bidezko adierazpen bat, hiru urteko edozein alditan jasotako beste edozein "de minimis" laguntzei buruzkoa, betiere erregelamendu honi edo beste "de minimis" erregelamendu batzuei lotuta badaude.

i) Erantzukizunpeko adierazpena, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debeku egoeratan ez dagoela dioena.

j) Zerga arloko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egiaztatzeko baimena, hitzez hitz honako hau dioena: "Nik, .......................................................................................... naizen honek, nire izenean /.......................................................................................... ordezkatuz, baimena ematen diot Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari egiaztatzeko, 2025. urtean "de minimis" erregimenari atxikita dauden eta kanal laburretan merkaturatzen dituzten nekazaritzako elikagaien ekoizleentzako laguntzak izapidetzeko prozeduraren barruan, nik ordezkatzen dudan erakundeak zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela."

k) Interesduna j) atalarekin ados ez badago, pertsonak edo entitateak berak aurkeztu beharko ditu zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzaren gaineko betebeharrak betetzeari buruzko datuak.

l) Erantzukizunpeko adierazpena, Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko eskatzen diren betebeharrak betetzen direla adierazten duena.

m) Erantzukizunpeko adierazpena, zehazten duena ez dagoela zehapen administratibo irmorik edo kondena-epai irmorik betetzen, edo, hala bada, ez dagoela zehapen eta kondena-epai bat bete zain, sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak gauzatu edo toleratzeagatik.

n) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak agiri horietakoren bat baldin badu jadanik, interesdunak eskabidean hala azaldu beharko du, adieraziz zein agiri den eta zein artxibotan dagoen. Agiriak datu babestuak baldin baditu, eskatzaileak baimena eman beharko dio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari datu horiek ikusteko.

Hamargarren oinarria.–Dirulaguntza emateko modua.

1. Ebazpen honek arautzen dituen laguntzak norgehiagokako prozedurari jarraikiz emanen dira, aurkeztutako eskaerak alderatuta, haien arteko lehentasun ordena ezartzeko.

2. Eskaerak lehenesteko, baremo hau aplikatuko da (gehienez 60 puntu):

a) Ustiategiaren kokapenari eta despopulazio arriskuari buruzko irizpidea, Lurralde Kohesiorako kontseilariaren Nafarroako Foru Komunitatean despopulazio arriskuan dauden udalerrien zerrenda onesten duen otsailaren 15eko 8/2023 Foru Aginduaren arabera.

–Eskatzailearen nekazaritza ustiategia muturreko despopulazio arriskuan dauden udalerrietan dago: 20 puntu.

–Eskatzailearen nekazaritza ustiategia despopulazio arrisku handian dauden udalerrietan dago: 10 puntu.

b) Merkaturatuko diren produktuen tipologiaren arabera. Eskatzailea, gutxienez Nafarroako lurraldean jasotako produktuen kalitate ziurtagiri bati atxikia (ekoizpen ekologikoa izan ezik):

–Bi irudi baino gehiago: 20 puntu.

–Bi irudi: 15 puntu.

–Figura bakarra: 10 puntu.

c) Genero irizpidea:

–Nekazaritza ustiategiaren titularra emakumea da: 10 puntu.

Ustiategiaren titular bat baino gehiago badago, irizpide hori graduatu eginen da, emakume titularren kopuruarekiko proportzioan.

d) Gazte-irizpidea: Gaztea (40 urtekoa edo gazteagoa): 5 puntu.

Ustiategiaren titular bat baino gehiago badago, irizpide hori graduatu eginen da, gazte titularren kopuruarekiko proportzioan.

e) Gizarte ekonomiako erakundeen irizpidea: eraldaketarako nekazaritza sozietateak edo nekazaritza kooperatibak diren eskatzaileak: 5 puntu.

3. Eskatzaileak adierazi beharko du, berariaz, zer hautaketa-irizpideren arabera eskatzen duen aplika dakiola aurreko baremoa. Eskaera hori erantzukizunpeko adierazpentzat hartuko da laguntza eskaera aurkeztean irizpideak betetzeari dagokionez, edo, behar denean, eskaerak aurkezteko epea bukatzean betetzeari dagokionez.

4. Eskatzaileak eskatutako hautaketa-irizpideek ekarritako puntuak bakarrik emanen dira. Baldin betetzeko zenbait modu onartzen dituen irizpide bat hautatu bada, puntu gehien ematen dituen egoera hartuko da aintzat, eskura dagoen informazioarekin egiaztatzen ahal bada.

5. Eskaeren artean puntuazio bera lortuz gero, lehentasuna emanen zaio kanal laburreko merkaturatzaileen erregistroan antzinatasun handiena duenari.

6. Norgehiagokako prozedura aplikatuta eskaeren hurrenkera lortu ondoren, deialdiaren aurrekontu kreditua ez bada nahikoa laguntza eskaera guztiei erantzuteko, aipatutako hurrenkerako azken eskatzaileak, aurrekontu zuzkidura badu eta eskatutakoa baino zenbateko txikiagoa badagokio, emandako laguntza berretsi beharko du, edo horri uko egin, jakinarazi eta 10 egun naturaleko epean gehienez ere. Berrespen kasuan, dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 20 bis artikuluan ("eskaerak birformulatzea") aurreikusitakoa beteko da.

7. Aurrekontuan kreditu aski ez izateagatik onetsi ezin diren gainerako eskaerak ezetsi eginen dira.

Hamaikagarren oinarria.–Deialdiaren antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.

1. Eskaera harturik, bederatzigarren oinarrian aipatzen diren agiri guztiak aurkeztu diren egiaztatuko da. Agiri guztiak ez badaude, hamar egunean osatu ditzala eskatuko zaio eskatzaileari, eta adieraziko zaio, hala egin ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela. Ebazpen hori jakinarazi eginen zaio.

2. Agiri guztiak bildu ondoren, betebehar guztiak betetzen dituzten egiaztatuko da. Horretarako, bidezko diren kontrolak egiten ahalko dira.

3. Eskaerak ebaluatu ondoren, Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuak dirulaguntza emateko ebazpena proposatuko du.

4. Laguntza eman aurretik, organo kudeatzaileak adierazpen bat jasoko du, idatziz edo baliabide elektronikoen bitartez, dagokion enpresarengandik. Adierazpen horretan aipatuko da erregelamendu honen eraginpeko edo "de minimis" motako beste erregelamendu batzuen eraginpeko "de minimis" motako beste laguntzarik jaso den hiru urteko epean.

5. Araubide honen araberako laguntzak emanen dira, bakar-bakarrik, behin organo kudeatzaileak frogatu ondoren kasuan kasuko enpresari emandako "de minimis" laguntzen zenbateko osoak ez duela gainditzen 300.000 euroko muga hiru ekitaldi fiskaleko edozein alditan eta, orobat, 2023ko abenduaren 13ko 2023/2831 (EB) Erregelamenduan, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeari buruzkoan, ezarritako baldintza guztiak betetzen direla. (2023ko L EBAO, abenduaren 15ekoa). Kontuan hartu beharreko hiru urteko aldia etengabe ebaluatu behar da, eta, "de minimis" laguntza bat ematen den bakoitzean, aurreko hiru urteetan emandako "de minimis" laguntzen zenbateko osoa hartuko da kontuan.

6. Landa Garapeneko zuzendari nagusiak ebazpen arrazoitua emanen du laguntzak emateari buruz, eta espresuki adieraziko du zer eskaera ezetsi diren.

7. Prozeduraren gainean ebazteko, 3 hilabeteko epea izanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epea berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen baldin bada, eskaera ezetsitzat jotzen ahalko da, isiltasun administratiboaren ondorioz.

Hamabigarren oinarria.–Onuradunaren gardentasun betebeharrak.

Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3. artikuluan aipatutako entitateak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko sarrera guztien %20 edo gehiago badira, eta, gutxienez, 5.000 euro. Horretarako, honako esteka honetan dagoen eredua bete beharko dute, gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, alegia:

https://www.navarra.es/documents/48192/17624852/GARDENTASUN+BETEBEHARRARI+BURUZKO+ADIERAZPENA.pdf/f3f571bb-9a88-f772-8a9d-12672ad10a93?t=1657027044702

Aurreko atalean ezarritako muga kuantitatiboak gainditzen diren jakiteko, batuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez denen batura. Negozio zifra honako hauetako txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio zifra.

b) Hala badagokio, dirulaguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onetsitako negozio zifra.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun-betebeharrak dituzten erakunde onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik kontatzen hasita:

–Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

–Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

–Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa izanen da haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko finantzarioan jasotakoa.

–Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan gertatzen den dedikazioaren araubidea.

–Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta eta telematikoki aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren erregistro orokor elektronikoaren bidez, eta laguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio, honako eredu hauen arabera (gardentasun betebeharrari buruzko adierazpenaren ereduaren I. eta II. eranskinak):

https://www.navarra.es/documents/48192/5726243/2+Declaracion+de+cargos+y+dedicacion–cas–eus.pdf/a4040dbc-5f38-6419-de18-be7af29f4cca?t=1651059276963

https://www.navarra.es/documents/48192/5726243/3+Declaracion+de+retribuciones+cas–eus.pdf/476d1d82-9ef4-7d25-7668-36cf9ae8c191?t=1651059275713

Entitateak ez badu gardentasun betebeharra konplitu beharrik, adierazitako egoerak gertatzen ez direlako, horren gaineko adierazpena aurkeztu beharko du.

Entitateak dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu ekitaldi berean, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatu badira. Horretarako, erakundeak identifikatu beharko du Foru Komunitateko Administrazioaren zein organoren aurrean aurkeztu zuen informazioa, eta noiz.

Betebehar hori bete ezean, ez da ordainduko onetsitako dirulaguntza.

Aurrekoa galarazi gabe, onuradun guztiak behartuak daude Administrazioari behar den informazio guztia ematera, aurretiazko errekerimendua eginda eta hamar eguneko epean, frogatzeko betetzen dituztela Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan jasotako gardentasun betebeharrak.

Errekerimenduan emandako epea bukatzen bada eskatutakoa bete gabe, hertsapen isunak ezartzea erabakitzen ahalko da, 500 eurotik 5.000 eurora bitartekoak, interesdunari ohartarazpena egin ondoren eta entzunaldia emanda. Isuna hamabost egunetik behin errepikatuko da, errekerimendua bete arte. Isunaren zenbateko osoa ez da izanen dirulaguntzaren zenbatekoaren ehuneko bost baino handiagoa. Zenbatekoa zehazteko, ez-betetzearen astuntasuna eta proportzionaltasunaren printzipioa hartuko dira kontuan.

Hamahirugarren oinarria.–Laguntzak ordaintzeko eskaera, eta dirulaguntzaren helburua bete dela eta hartutako funtsak erabili direla frogatzeko epea eta modua.

1. Dirulaguntzen xedeko jarduketak bukatu ondoren eta, betiere, 2025eko ekitaldiko azaroaren 5a baino lehen, onuradunak agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

a) Laguntzak ordaintzeko eskaera, onuradunak egina.

b) Egindako gastuen fakturak eta ordainagiriak, dirulaguntza eskatzean aurkeztutako aurrekontuaren epigrafeen arabera multzokaturik eta sailkaturik.

c) Jarduera plana gauzatzeari buruzko memoria, diruz lagundutako jarduerak gauzatu direla egiaztatzen duen dokumentazioarekin batera: argazkiak, publizitate euskarriak eta materialak, eta argitaratutako materiala. Publizitate material, euskarri, liburuxka, etiketa eta abar horietan guztietan, nahitaezkoa da zuzeneko salmentako eta/edo hurbileko logoak erabiltzea, Nekazaritzako Elikagaiak Merkaturatzeko Bide Laburrei buruzko martxoaren 9ko 5/2023 Foru Legearen 11. eta 12. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

d) Erantzukizunpeko adierazpena, eskaera aurkeztu den egunaren ondoren xede bererako edo beste baterako eskatutako edo jasotako "de minimis" laguntzei buruzkoa.

2. Ordainketa egin aurretik, Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuak eskatzen den dokumentazio guztia berrikusiko du, eta, horrela, baieztatuko du aurkeztutako gastuak hautagarriak direla, justifikazio dokumentuak baliozkoak direla, onuradunek gardentasun betebeharrak betetzen dituztela eta gainerako dokumentazioa nahikoa dela. Halaber, zerbitzu horrek frogagiri osagarriak eskatzen ahalko ditu, egoki baderitzo, aurkeztutako dokumentazioa zehazteko, argitzeko edo osatzeko.

3. Dirulaguntza ordainketa bakarrean eginen da; aurretik, organo kudeatzaileak egiaztatu beharko du laguntzaren onuradunak dirulaguntza emateko arrazoi izandako xedeak eta gardentasun betebeharra betetzen dituela.

Hamalaugarren oinarria.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

1. Erregelamendu honetan ezarritakoaren arabera ematen diren "de minimis" laguntzak ez dira inolako estatu laguntzarekin metatzen ahal, gastu diruz lagungarri berberei dagokienez, ez eta arriskuaren finantzaketa neurri berberaren estatu laguntzekin ere, baldin eta metaketa horrek gainditzen baldin badu kategorien arabera salbuesteko erregelamendu baten bidez edo Europako Batzordeak hartutako erabaki baten bidez kasu zehatz bakoitzerako finkatzen den laguntzen gehieneko zenbatekoa edo laguntzen intentsitatea. Badira "de minimis" batzuk kostu diruz lagungarri zehatz batzuetarako ematen ez direnak eta ezin egotz dakizkiekeenak kostu diruz lagungarri zehatz batzuei. Dirulaguntza horiek metatzen ahalko dira Batzordeak hartutako erabaki bat edo Batzordearen kategorien araberako salbuespenezko erregelamendu bat betez Estatuak emandako dirulaguntzekin.

2. Betiere, jarduera bererako emandako dirulaguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ez du gainditzen ahalko egin beharreko jardueraren kostua.

Hamabosgarren oinarria.–Ezarritako baldintzak ez betetzearen ondorioak.

Oinarri hauetan ezarritako baldintzak eta onuradunak bete beharreko gainerako guztiak betetzen ez badira, laguntzak jasotzeko eskubidea galduko da eta oker jasotako dirua itzuli egin beharko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legean ezarritako moduan, deusetan galarazi gabe bidezko diren zehapenak jartzea.

Hamaseigarren oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea eta informazioa.

1. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Nafarroako Atariko Tramiteen Katalogoan dagokion fitxan sartuz, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan ezartzen den moduan.

2. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 20.8 artikuluan xedatutakoarekin bat, Dirulaguntzen Datu base Nazionalean ere argitaratuko dira emandako dirulaguntzak, artikulu horretan bertan adierazitako baldintzetan.

3. Organo kudeatzaileak erregelamendu hau aplikatzeari buruzko informazio guztia erregistratu eta bilduko du, Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko 2023/2831 (EB) Erregelamenduaren 6. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Laguntza eman eta hogei egun balioduneko epean, "de minimis" laguntzei buruzko informazioa gordeko da estatuko edozein agintaritzak emandako "de minimis" laguntzen erregistro nagusian.

Estatu kideek neurri egokiak hartuko dituzte erregistro nagusian jasotako datuak zehatzak direla bermatzeko, eta "de minimis" laguntzei buruzko informazioaren erregistroak gordeko dituzte hamar urtez, laguntza ematen den egunetik aurrera.

4. Batzordeak, idatziz, beharrezkotzat jotzen duen informazio guztia eskatuko du zehaztu ahal izateko, batetik, erregelamendu honetan ezarritako baldintzak bete diren edo ez eta, bereziki, zein den erregelamendu honetan eta beste erregelamendu batzuetan ezarritakoa betez edozein enpresak jaso duen "de minimis" laguntzaren guztizko zenbatekoa. Kasuan kasuko estatuak eman egin beharko dio informazio hori Batzordeari, hogei egun balioduneko epean, edo, eskaeran hala ezarrita dagoenean, hori baino handiagoa den epean.

Iragarkiaren kodea: F2509380