150. ALDIZKARIA - 2025eko uztailaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

569E/2025 EBAZPENA, ekainaren 22koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen txosten estrategikoa egiten baita Ergoieneko udal plan orokorraren aldaketari buruz. Aldaketa horrek Unanuko 10. poligonoko 199B lurzatiari eragiten dio, eta sustatzailea Construcciones Iruek SL da.

Udalak 2025eko martxoaren 26an hasiera batez onetsi ondoren aldaketa hori, jendaurrean egoteko tramitea bete da, iragarki bat argitaratuz 2025eko 72. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, apirilaren 10ekoan. Espedientean sartu da planaren aldaketaren memoria jasotzen duen dokumentu teknikoa (dokumentazio grafikoa eta kostuen zenbatespena eta herritarrek parte hartzeko plana barne, kapitulu gisa).

Aldaketaren helburua da 199B lurzatiaren sailkapena aldatzea, lurzoru urbanizaezina izatetik urbanizagarria izatera igaro dadin, eta, halaber, 178. eta 199A hiri-lurzati mugakideak ere barne hartuko dituen kudeaketa-eremu bat ezartzea, Unanun bizitegi-erabilerako sektore berri bat garatu eta gauzatzeko.

Aldaketa hori herriaren iparraldean kokatzen da, eta haren xedea da bizitegi-lurzoruko unitate bat eratzea. Unitate horretan, binakako 15 etxebizitza gehituko dira, bi errenkadatan banatuak, bide batez bereizita, zeina udal bide-sarearekin lotuta egonen baita.

Plangintzaren aldaketa hori izapidetzen ari den udal planaren eguneraketan ere aurreikusten da. Belardi-lurzoruan planteatzen da, Beriain mendiaren behealdean.

Aldaketaren eremuaren ekialdean, zuhaitz errenkada bat dago, eta berdegune gisa integratzea aurreikusten da. Iparraldean, aldaketaren eremutik kanpo, landaredi naturala duen ibilgu bat dago, baina ez du eraginik jasanen.

Birsailkatu beharreko lurzatia belardi gisa erabiltzen denez eta herrigunearekin espazio-jarraitutasuna duenez, ez da espero jarduketak inolako balio natural aipagarriri eragitea.

Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak adierazi du ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura egoki egin dela.

Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen txosten estrategikoa egitea Ergoieneko udal plan orokorraren aldaketari buruz. Aldaketaren sustatzailea Construcciones Iruek SL da.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau Hirigintza Atalari eta Ergoieneko Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2025eko ekainaren 22an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

Aldaketaren deskribapen xehatua (Ergoieneko 178., 199A eta 199B lurzatiak)

Iragarkiaren kodea: F2509050