150. ALDIZKARIA - 2025eko uztailaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

542E/2025 EBAZPENA, ekainaren 19koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen baimen integratua ematen baitzaio Funesko udal mugartean jaki prestatuak fabrikatzen dituen instalazio bati. Horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ingurumen baimen integratuari buruzko proiektuan eta espediente administratiboaren gainerako agiri osagarrietan aipatzen diren baldintzak bete beharko dituzte, eta, nolanahi ere, ebazpen honen eranskinetan agertzen diren baldintza eta neurriak. Instalazioaren titularra Elaborados Naturales de la Ribera del Ebro SL da.

Gaur egun abian den instalazio hori ingurumen baimen bateratuaren araubidearen mende dago, eta, aurkeztu duen proiektuaren ondorioz, ingurumen baimen integratuaren araubidearen mende egotera igaroko da; hain zuzen, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren I. eranskineko 9.1.b) iii) kategorian sartuko da (testu bategin hori abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen).

Instalazioa, orobat, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak industriako isuriei buruz (kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuak) emandako 2010eko azaroaren 24ko 2010/75/EB Zuzentarauaren I. eranskineko 6.4.b).iii) epigrafean sartuta dago (testu bategina).

Instalazioaren proiektua Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 2. taldeko b) kategorian sartuta dago, eta, horrenbestez, lege horren 7. artikuluan xedatutakoarekin bat, ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura bete behar du.

Horrenbestez, prozedura hori bete ondoren, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren abenduaren 16ko 1312E/2024 Ebazpenaren bidez, erabaki zen proiektuak ez zuela ingurumen inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura bete behar, eta ingurumen inpaktuaren txostena eman zen, ingurumenaren gainean ondorio nabarmenik ez duela adierazita. Ebazpen honen eranskinean, ingurumen inpaktuaren txostenean jasotako informazioa ageri da, bat etorriz Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 48. artikuluan xedatutakoarekin.

Instalazioa ez dago sartuta irailaren 21eko 840/2015 Errege Dekretuaren aplikazio eremuan (errege dekretu horren bidez substantzia arriskutsuak dauden istripu larrietako berezko arriskuak kontrolatzeko neurriak onesten dira).

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) bere 12.1.f) artikuluan xedatutakoarekin bat, arrisku nabarmeneko substantzien erabilera, ekoizpena eta isuria berrikusi dira, eta erabaki da, horrelakorik ez dagoenez, ez dela beharrezkoa oinarrizko txosten bat egitea instalazioaren kokalekuaren egungo egoerari buruz, lurzoruaren eta lur azpiko uren kutsadurari dagokionez.

Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 12. artikuluan xedatutakoarekin bat, baimen honek barne hartzen du atmosferara isuriak egiteko baimena, Airearen Kalitateari eta Atmosfera Babesteari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen 13. artikulua aplikatuta eskatzen dena; izan ere, artikulu horretan ezartzen denez, atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoko A edo B taldeetako jardueraren bat egiten duten instalazioek autonomia erkidegoaren administrazio baimena izan beharko dute aurretik.

Espedientea honako hauetan xedatutakoaren arabera tramitatu da: Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bategina (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) eta hura garatzen duen Erregelamendua (urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren bidez onetsia), eta Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren II. tituluko I. kapitulua eta 24. artikulua (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen). Halaber, prozeduran sartu dira Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean ingurumen ebaluazioari dagokionez ezarritako jarduketak.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 16. artikuluan xedatutakoari jarraikiz (testu bategin hori abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen), proiektua jendaurrean jarri zen hogeita hamar eguneko epean, eta inork ez zuen alegaziorik aurkeztu.

Egiaztatu da ezen aurkeztutako dokumentazioarekin justifikatu dela betetzen dela Batzordearen 2019ko azaroaren 12ko 2019/2031 (EB) Betearazpen Erabakian xedatutakoa, horretan ezartzen baitira elikagaien, edarien eta esnearen industrietarako dauden teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak, bat etorriz Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010/75/EB Zuzentarauarekin.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hogei egunez. Ebazpen honen eranskinean jaso dira titularrak aurkeztu dituen alegazioen zerrenda eta haiei emandako erantzunak.

Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehendabizikoa.–Ingurumen baimen integratua ematea Funesko udal mugartean jaki prestatuak fabrikatzen dituen instalazio bati. Horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ingurumen baimen integratuari buruzko proiektuan eta espediente administratiboaren gainerako agiri osagarrietan aipatzen diren baldintzak bete beharko dituzte, eta, nolanahi ere, ebazpen honen eranskinetan agertzen diren baldintza eta neurriak. Instalazioaren titularra Elaborados Naturales de la Ribera del Ebro SL da.

Bigarrena.–Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Sortzaileen eta Kudeatzaileen Erregistroan zentroak hondakin arriskutsuen sortzaile txiki gisa duen inskripzioa mantentzea (15P02107090022010 zenbakia), eta, baita hondakin ez-arriskutsuen sortzaile gisa duena ere (15P03107090022023 zenbakia). Sortzen ahal dituen hondakinak ebazpen honen III. eranskinean jasotakoak dira. Sortzen diren hondakinei dagokien edozein aldaketa Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio, aipatutako erregistroan sartzeko.

Hirugarrena.–Atmosferara isurketak egiteko baimena kentzea (15AEA107090022016 zenbakia). Ebazpen honen II. eranskinean jasotzen da instalazioak zer isuri egiten ahalko dituen atmosferara eta zer baldintza bete beharko dituen. Atmosferara egiten diren isurietan gertatzen den edozein aldaketa jakinarazi beharko zaio Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuari.

Laugarrena.–Ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzen edo berrikusten ahalko ditu zuzendaritza nagusi honek, gertatzen baldin bada Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 26. artikuluan ezarritako inguruabarren bat (testu bategin hori abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen).

Bosgarrena.–Ebazpen hau ematen denetik bost urte igarotzen badira proiektua gauzatzen hasi gabe, funtsezko aldaketarako baimena iraungitzat eta ondoriorik gabekotzat joko da, abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 26. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Seigarrena.–Baimendutako proiektua abian jarri aurretik, titularrak abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 25. artikuluan xedatutakoarekin (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen). Era berean, proiektua oso-osorik gauzatzen ez bada, jarduera hasten ahalko da, baldin eta proiektutik gauzatu den zatiari dagozkion neurri zuzentzaileak eta gainerako baldintzak betetzen baditu. Horretarako, instalazioa partez abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da.

Zazpigarrena.–Abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpenarekin batera, titularrak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

–Jarduketa plan bat, non deskribatuko baita zer neurri hartuko diren ingurumenean eragina izan dezaketen ohiz kanpoko ustiatze baldintzak gertatzen direnean.

–Jarduketa programa bat, non azalduko baitu zer jarduketa aurreikusi diren lurzorura eta lurpeko uretara iristen ahal diren emisio kutsagarriak –bereziki instalazioan dauden substantzia arriskutsu nabarmenak– saihesteko neurriak mantentzeari eta aldian behin gainbegiratzeari begira, hori guztia instalazioak ongi funtzionatzen duela ziurtatzeko.

–Instalazioan ingurumen kudeaketarako ezarrita dagoen sistema.

–Erantzukizunpeko adierazpen bat, Ingurumen Erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legea partez garatzeko Erregelamenduaren 33. artikuluan xedatua. Horretarako, erantzukizunpeko adierazpenaren eredu normalizatua erabiliko da, erregelamenduaren IV.1 eranskinean edo IV.2 eranskinean dagoena, kasuan kasukoa.

–Ebazpen honen VI. eranskinean suteen aurkako babesari buruz ezarritako neurriak betetzen direla justifikatzen duen dokumentazioa.

Zortzigarrena.–Irekitzeko baimena eskuratu ondoren hasiko dira aplikatzen ingurumen baimen integratu honetan ezarritako baldintzak, eta, edozein kasutan, proiektatutako handitzea abian jartzen denetik aurrera. Bien bitartean, indarrean dagoen ingurumen baimen bateratuan ezarritako baldintzak aplikatuko dira.

Bederatzigarrena.–Ebazpen honetan jasotako baldintzak betetzen ez badira, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotako ingurumen diziplinako neurriak hartuko dira (testu bategin hori abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen), eta, subsidiarioki, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoak, ezertan galarazi gabe legeria sektorialean ezarritakoa, aurrerantzean ere aplikatu beharko baita.

Hamargarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hamaikagarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute haren kontra, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.

Hamabigarrena.–Ebazpen hau Elaborados Naturales de la Ribera del Ebro SLri, Funesko Udalari, Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuari, Nafarroako Osasun Publikaren eta Lan Osasunaren Institutuari, Biodibertsitatearen Zerbitzuari eta Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2025eko ekainaren 19an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

Oharra: Ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.

Iragarkiaren kodea: F2508960