150. ALDIZKARIA - 2025eko uztailaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

256E/2025 EBAZPENA, ekainaren 26koa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez partez onartzen baita Tuterako udal mugartean metalezko apalategiak fabrikatzen dituen instalazio baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzen aldaketa. Horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen I. eranskinean ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra AR Racking SAU da.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak urtarrilaren 13ko 20/2012 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren ekainaren 11ko 259E/2014 Ebazpenaren bidez eguneratu zena.

2025eko urtarrilaren 29an, titularrak bere ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak aldatzea eskatu zuen, zehazki, ingurumen baimen integratuaren III. eranskinean, sortutako hondakinen zerrendan, beste hondakin mota bat sartzeko, 170405 EHZ kodea duena, makinak desmuntatzearen ondoriozko txatarrari dagokiona.

Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak aztertu du aurkeztutako eskaera, eta balorazio hau egin du:

–Makinak desmuntatzean sortutako burdinazko eta altzairuzko hondakinak 160117 EHZ kodearekin sailkatzen dira.

–Instalazioan sortutako hondakinen zerrendan sartu nahi den hondakina mantentze-lanei lotuta dago, hala nola ekipoak eta makinak balio-bizitzaren bukaeran erretiratzeari.

–Bestalde, zehazten da ezen, txatarra-hondakina instalazioaren ekoizpen prozesuan sortzen bada, 1201 taldeko EHZ kodeekin sailkatu beharko dela (metalak eta plastikoak moldekatzearen eta haien gainazalei tratamendu fisiko eta mekanikoa egitearen ondorioz sortutako hondakinak), zeinak instalazio honetan sortutako hondakin baimenduen zerrendan baitaude.

EHZ KODEA

DESKRIBAPENA

BALORAZIOA

17 04 05

Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinetatik datorren burdina eta altzairua.

Ez da onartzen sortutako hondakinen zerrendan sartzea.

16 01 17

Balio-bizitzaren bukaeran dauden mota bateko eta besteko garraiobideetako ibilgailuetatik (errepidekoak ez diren makinak barne) datozen burdinazko metalak.

Instalazioan sortutako hondakinen zerrendan sartzen da, eta hondakin horren ekoizpena mugatuko da balio-bizitzaren bukaeran ekipoak eta makinak kentzera.

Onartutako aldaketek ez dute eragozten instalazioaren funtzionamendu egokia ingurumenari dagokionez, eta bat datoz ingurumen baimen integratuan ezarritako gehieneko isurketa-balioekin eta gainerako eskakizunekin, bai eta teknika erabilgarri onenen aplikazioarekin ere.

Ebazpen proposamena hamabost egunez egon da instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean. Ebazpen honen eranskinean jaso dira titularrak aurkeztu dituen alegazioen zerrenda eta haiei emandako erantzunak.

Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehendabizikoa.–Partez onartzea Tuterako udal mugartean metalezko apalategiak fabrikatzen dituen instalazio baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzen aldaketa. Horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen I. eranskinean adierazitako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra AR Racking SAU da.

Bigarrena.–Ebazpen honetan jasotako baldintzak betetzen ez badira, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotako ingurumen diziplinako neurriak hartuko dira (testu bategin hori abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen), eta, subsidiarioki, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoak, ezertan galarazi gabe legeria sektorialean ezarritakoa, aurrerantzean ere aplikatu beharko baita.

Hirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Laugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute haren aurka, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.

Bosgarrena.–Ebazpen hau AR Racking SAUra eta Tuterako Udalera igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2025eko ekainaren 26an.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Raúl Salanueva Murguialday.

Oharra: Ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.

Iragarkiaren kodea: F2509227