1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
255E/2025 EBAZPENA, ekainaren 24koa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak emana, zeinaren bidez hein batean baimentzen baita Agoizko udal mugartean gailu elektriko eta elektronikoen hondakinen tratamendurako dagoen instalazio bateko aldaketa nabarmena, hozkailuen birziklatze lerroa aldatzeko proiektua gauzatzeko xedea duena. Horrenbestez, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinean jasotako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra "Fundación Aspace Navarra para el Empleo" fundazioa da.
Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak uztailaren 2ko 1273/2008 Ebazpenaren bidez emana, gero Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariaren urriaren 19ko 281E/2017 Ebazpenaren bidez eguneratu zena.
2021eko martxoaren 8an, titularrak jakinarazi zuen instalazioa aldatzeko proiektua, helburu hauek dituena: hozkailuen birziklatze lerroa aldatzea, hondakin bat gehitzea instalazioan kudeatzen direnen zerrendari, hozkailuen ateei dagokiena (160215* EHZ kodea) eta beste bat sortzen direnen zerrendari (130213* EHZ kodea).
Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak 2021eko maiatzaren 12an emandako irizpenaren arabera, aldaketa hori ez-funtsezkoa da, kontuan harturik Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Legea garatzen duen Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritako irizpideak (erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen). Horregatik, ez da beharrezkoa ingurumen baimen integratu berria ematea. Baina aldaketa "nabarmena" ere badela zioen irizpenak, aldaketa handiak ekartzen baititu instalazioaren funtzionamendu baldintzetan. Hortaz, egun duen ingurumen baimen integratua aldatu behar da, aldaketa horiek jasotzeko.
Aurkeztutako dokumentazioa nahikotzat jo zen ingurumen baimen integratua aldatzen duen administrazio prozedura tramitatzeko. Hori dela eta, 2021eko maiatzaren 12an, prozedura hori abiatu zen, dagokion proiektua gauzatu ahal izateko, hots, hozkailuen birziklatze lerroa aldatzeko.
Instalazioan beste hondakin bat (160215* EHZ kodea), hozkailuen ateei dagokiena, kudeatzeari dagokionez, eskaera ukatzen da, hondakin hori kudeatzen direnen zerrendan badagoela iritzita, hozkailuei dagokien 200123*-11* EHZ kodearekin, zehazki, atea hozkailuaren zati bat delakoan, ez gailutik bereizita dagoen osagai bat.
Horrez gain, ukatzen da 130213* EHZ kodea duen hondakina gehitzea sortutako hondakinen zerrendari, bat datorrelako zerrenda horretan egun dagoen 160215* EHZ kodea duenarekin.
Espedientea tramitatu da bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 29. artikuluan ezarritako prozedurarekin (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2002 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).
Ebazpen proposamena hamabost egunez egon da instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean. Ebazpen honen II. eranskinean jaso dira titularrak aurkeztu dituen alegazioen zerrenda eta haiei emandako erantzunak.
Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
Lehena.–Hein batean baimentzea Agoizko udal mugartean gailu elektriko eta elektronikoen hondakinen tratamendurako dagoen instalazio bateko aldaketa nabarmena, hozkailuen birziklatze lerroa aldatzeko proiektua gauzatzeko xedea duena. Horrenbestez, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinean jasotako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra "Fundación Aspace Navarra para el Empleo" fundazioa da.
Bigarrena.–Aldaketa abian jarri aurretik, titularrak abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 25. artikuluan xedatutakoarekin (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).
Hirugarrena.–Ebazpen honetan ezarritako baldintzak aplikatzen hasiko dira titularrak proiektua gauzatu dela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena aurkezten duen egunetik aurrera, eta, zeinahi kasutan, aldaketa abian jartzen den unetik aurrera. Bien bitartean, indarrean dagoen ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak aplikatuko dira.
Laugarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotakoak (testu bategin hori abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen), ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten segituko baitu, eta, subsidiarioki, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoa.
Bosgarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Seigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, zeina zuzendu behar baitzaio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko titularrari, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.
Zazpigarrena.–Ebazpen hau igortzea "Fundación Aspace Navarra para el Empleo" fundazioari eta Agoizko Udalari, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2025eko ekainaren 24an.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Raúl Salanueva Murguialday.
Oharra: Ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.
Iragarkiaren kodea: F2509082