1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
251E/2025 EBAZPENA, ekainaren 23koa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez iraungitzen baita Galar zendeako udal mugartean, Ezkirotzen, berotan galvanizatzeko dagoen instalazio baten ingurumen baimen integratua. Instalazioaren titularra Galvanizados de Navarra SA da.
Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren 2003ko otsailaren 27ko 434 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren irailaren 27ko 1494/2011 Ebazpenaren bidez berritu eta Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren urriaren 29ko 272E/2020 Ebazpenaren bidez eguneratu zena.
2021-12-03an (2021/1371612 sarrera-zenbakia Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean) Galvanizados de Navarra SAk jakinarazi zuen galbanizazio-prozesua aldi baterako eten behar zuela erreferentziako instalazioetan, eta une horretatik aurrera materialak prestatzen eta birprozesatzen soilik jarraituko zuela, honelako lanak eginez, hain zuzen: materialak koipegabetzeko eta desugertzeko lanak; birprozesatze-lanak, protuberantzia txikiak kentzeko errepasoen bidez; eta metalezko parrillak biltegiratzea, gero bezeroei edo taldeak Miranda Ebron duen instalazioari banatzeko, ondoren galbanizatzeko.
2023/12/13an, Ingurumen Ikuskapenen Atal honetako langileek ikuskapen-bisita egin zuten instalazioetara, eta egiaztatu zuten bisitaren unean lantegian ez zegoela galbanizazio-jarduerarik, eta, bisita gidatu zuen pertsonaren jarraibideen arabera, biltegi- eta banaketa-lanak baino ez direla egiten, eta taldeak beste instalazio bat duela Miranda Ebron, non metalezko piezak galvanizatzen baitira.
Hori guztia ikusita, eta galbanizazio-jarduera aldi baterako etetea jakinarazi zenetik bi urte igaro direnez eta titularrak jarduera horri berriz ekin ez zionez, eta urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 13. artikuluan xedatutakoaren arabera (errege dekretu horren bidez, industriako isurketen Erregelamendua onetsi, eta Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatu zen), 2023ko abenduaren 20an, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzu honek titularrari jakinarazpen bat igorri zion, non adierazten baitzitzaion hilabeteko epea zuela jarduera berriz hasia zela edo behin betiko etenda zegoela egiaztatzen duen dokumentazioa aurkezteko, eta, horrekin batera, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren urriaren 29ko 272E/2020 Ebazpenaren II. eranskineko 5. atalean adierazitako dokumentazioa ere aurkeztu behar zuela.
Hilabeteko epe hori igaro da, eta ez da egiaztatu jarduerari berriz ekin zaionik; beraz, bidezkoa da ofizioz hastea ingurumen baimen integratua iraungitzeko prozedura.
Gaur egun, instalazioa Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 3. eranskineko 14.2 taldean dago sartuta, eta, beraz, jarduera sailkatuaren lizentziaren araubidearen mende dago. Hortaz, aipatutako foru legearen 53. artikuluan ezarritakoaren arabera, bidezkoa da ingurumen baimen integratua iraungitzeko ebazpena ematea, eta Galarko Udalari jakinarazi behar zaio jarduera hori jarduera sailkatuen lizentziaren araubidera igarotzen dela, dagokion lizentzia eman dadin.
Ebazpen proposamena hamabost egunez egon da instalazioaren titularrari entzunaldia emateko izapidean, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.
Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
Lehena.–Iraungitzea Galar zendeako udal mugartean, Ezkirotzen, berotan galvanizatzeko dagoen instalazio baten ingurumen baimen integratua. Instalazioaren titularra Galvanizados de Navarra SA da.
Bigarrena.–Zentroak Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Sortzaileen eta Kudeatzaileen Erregistroan hondakin arriskutsuen sortzaile txiki gisa duen inskripzioa kentzea (15P01109013022005 zenbakia).
Hirugarrena.–Atmosferara isurketak egiteko baimena kentzea (15AEA109013022016 zenbakia).
Laugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Bosgarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute haren kontra, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.
Seigarrena.–Ebazpen hau igortzea Galvanizados Navarra SAri, Galarko Udalari eta Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2025eko ekainaren 23an.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Raúl Salanueva Murguialday.
Iragarkiaren kodea: F2509042