150. ALDIZKARIA - 2025eko uztailaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

250E/2025 EBAZPENA, ekainaren 20koa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez onartzen baita Iruñeko udal mugartean hondakinak kudeatzeko dagoen instalazio baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzen aldaketa. Horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinean ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra Ecoiruña Tratamiento de Residuos SL da.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren ekainaren 24ko 1041/2011 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren urriaren 5eko 356E/2015 Ebazpenaren bidez eguneratu zena eta, ondoren, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariaren otsailaren 28ko 80E/2025 Ebazpenaren bidez aldatu zena.

2025-03-17an, titularrak bere ingurumen baimen integratuan jasotako baldintzak aldatzeko eskatu zuen; zehazki, erlazio hau: 0,3 m³ ur kontsumitu / m³ hondakin tratatu.

Titularrak argudiatu du erlazioa ez zela behar bezala kalkulatu, ez baitziren kontuan hartu IHUAn eta mantentze-lanetan esku hartzen duten ur fluxuak, honako hauei dagozkienak: kare-esnea fabrikatzea, azidoa/karea gehitzeko hodiak garbitzea, prentsaren iragazkia garbitzea, erreaktiboak egitea (koagulatzailea, malutatzailea, etab.), MBR mintzak garbitzea, hondakin-ontziak arrastatzea, biltegiak mantentzea eta garbitzea eta hidrokarburo-bereizgailuak betetzea. Gainera, tratamendu-fase guztietako ur kontsumoa eguneratzen da.

Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak, aurkeztutako eskaera aztertuta, ondorioztatu du onargarria dela; izan ere, eskatzen dena bat dator instalazioak ingurumen aldetik eduki beharreko funtzionamendu egokiarekin eta teknika erabilgarri onenen aplikazioarekin.

Ebazpen proposamena hamabost egunez egon da instalazioaren titularrari entzunaldia emateko izapidean, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Onartzea Iruñeko udal mugartean hondakinak kudeatzeko dagoen instalazio baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzen aldaketa. Horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinean ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra Ecoiruña Tratamiento de Residuos SL da.

Bigarrena.–Ebazpen honetan jasotako baldintzak betetzen ez badira, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotako ingurumen diziplinako neurriak hartuko dira (testu bategin hori abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen), eta, subsidiarioki, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoak, ezertan galarazi gabe legeria sektorialean ezarritakoa, aurrerantzean ere aplikatu beharko baita.

Hirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Laugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute haren aurka, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.

Bosgarrena.–Ebazpen hau Ecoiruña Tratamiento de Residuos SLri eta Iruñeko Udalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2025eko ekainaren 20an.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Raúl Salanueva Murguialday.

Oharra: Ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.

Iragarkiaren kodea: F2509045