150. ALDIZKARIA - 2025eko uztailaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

247E/2025 EBAZPENA, ekainaren 20koa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez baimentzen baita Fustiñanako udal mugartean barazkiak manipulatu eta izozteko dagoen instalazio batean aldaketa nabarmen bat egitea, helburu duena kartoi biltegi berri bat eraikitzeko proiektua gauzatzea. Horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinetan jasotako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra Congelados de Navarra SAU da.

Instalazio horrek ingurumen baimen integratua du, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren maiatzaren 17ko 427E/2022 Ebazpenaren bidez emana, ondoren Ingurumeneko zuzendari nagusiaren urriaren 8ko 963E/2024 Ebazpenaren bidez aldatu zena.

2024ko abenduaren 20an, titularrak bere instalazioa aldatzeko proiektuaren berri eman zuen, kartoi biltegi berri bat ezartzeko, 1.500,38 m²-koa.

Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak 2025eko urtarrilaren 9an emandako irizpenaren arabera, aldaketa hori ez-funtsezkoa da, kontuan harturik 16/2002 Legea garatzeko eta Industriako isuriei buruzko Erregelamenduaren 14. artikuluan ezarritako irizpideak (erregelamendu hori urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen). Baina aldaketa nabarmena ere badela dio irizpenak, bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 31. artikuluan xedatutakoarekin (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).

Era berean, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak, 2025eko urtarrilaren 9an emandako irizpenaren arabera, adierazi zuen ezen, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, handitzeko proiektuak ez zuela ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta edo sinplifikatua behar, lege horren eranskinetako batean ere agertzen ez zelako, eta ulertzen zelako proiektuak ez zuela eragin kaltegarri nabarmenik izanen ingurumenean, ez zekarrelako aipatu 7. artikulu horretan zehaztutako handitzerik edo ukipenik.

Aurkeztutako dokumentazioa nahikotzat jo zen ingurumen baimen integratua aldatzen duen administrazio prozedura tramitatzeko. Hori dela eta, 2025eko urtarrilaren 9an, prozedura hori abiatu zen, dagokion proiektua gauzatu ahal izateko, hots, 1.500,38 m²-nabe berri bat eraikitzea, zeina kartoia biltegiratzeko erabiliko baita.

Espedientea tramitatu da bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 29. artikuluan ezarritako prozedurarekin (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2002 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).

Ebazpen proposamena hamabost egunez egon da instalazioaren titularrari entzunaldia emateko izapidean, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak (foru dekretu horren bidez ezarri zen Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa),

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Baimena ematea Fustiñanako udal mugartean barazkiak manipulatu eta izozteko dagoen instalazio batean aldaketa nabarmen bat egiteko, kartoi biltegi berri bat eraikitzeko proiektua gauzatu ahal izateko. Horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinetan adierazitako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra Congelados de Navarra SAU da.

Bigarrena.–Aldaketa abian jarri aurretik, titularrak abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 25. artikuluan xedatutakoarekin (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).

Hirugarrena.–Ebazpen honetan ezarritako baldintzak aplikatzen hasiko dira titularrak proiektua gauzatu dela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena aurkezten duen egunetik aurrera, eta, zeinahi kasutan, aldaketa abian jartzen den unetik aurrera. Bien bitartean, indarrean dagoen ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak aplikatuko dira.

Laugarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotakoak (testu bategin hori abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen), ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten segituko baitu, eta, subsidiarioki, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoa.

Bosgarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Seigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute haren aurka, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, zeina zuzendu behar baitzaio Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea Nafarroako Gobernuari, uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean (lege horrek arautzen du administrazioarekiko auzien jurisdikzioa). Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.

Zazpigarrena.–Ebazpen hau igortzea Congelados de Navarra SAUri, Fustiñanako Udalari eta Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2025eko ekainaren 20an.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Raúl Salanueva Murguialday.

Oharra: Ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.

Iragarkiaren kodea: F2508953