150. ALDIZKARIA - 2025eko uztailaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

245E/2025 EBAZPENA, ekainaren 19koa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez irizpena ematen baita Urdiaingo udal mugartean abeltegiko azienda bazkatzeko produktuak fabrikatzen dituen instalazio baten aldaketa-proiektuari buruz, adieraziz aldaketa hori, helburu duena silo berriak eta markesina bat eraikitzea, ez-funtsezkoa dela. Instalazioaren titularra Piensos Artoa SL da.

Egun abian den instalazio horrek ingurumen baimen bateratua du, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen hirugarren xedapen iragankorra aplikatuta eman baitzitzaion; izan ere, jarduera hori sarturik dago aipatutako foru lege horren 1. eranskineko 9. taldean.

2025eko maiatzaren 16an, titularrak bere instalazioa aldatzeko proiektua jakinarazi du, produktu bukaturako silo berriak eta markesina bat ezartzeko. Estalkiko 28,35 m² desmuntatuko direnez, handitzearen ondoriozko eremu eraiki berriak 132,04 m² izanen ditu.

Ikusirik industria-instalazioaren aldaketa-proiektuari buruz aurkeztutako jakinarazpena eta egiaztagiriak, zerbitzu honek uste du aldaketa hori aldaketa ez-funtsezkoa dela, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 39. artikuluan xedatutakoaren arabera (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen); izan ere, aldaketak ez dakar berekin erregelamendu horren 37. artikuluan ezarritako egoeretako bat ere.

Bestalde, aldaketa ez-funtsezkoa egiteko proiektu horren ondorioz, beharrezkoa da ingurumen baimen bateratuaren testua aldatzea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, aplikatuz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 39. artikuluan ezarritakoa (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).

Ebazpen proposamena hamabost egunez egon da instalazioaren titularrari entzunaldia emateko izapidean, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehendabizikoa.–Irizpena ematea Urdiaingo udal mugartean abeltegiko azienda bazkatzeko produktuak fabrikatzen dituen instalazio baten aldaketa-proiektuari buruz, adieraziz aldaketa hori, helburu duena silo berriak eta markesina bat eraikitzea, ez-funtsezkoa dela, bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 39. artikuluan xedatutakoarekin (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen). Instalazioaren titularra Piensos de Artoa SL da.

Bigarrena.–Horrenbestez, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 26. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, titularrak gauzatzen ahalko du aurreikusitako proiektua. Halere, horrek ez du esan tramitatu behar ez direnik dagokion obra-lizentzia edo behar diren beste baimen batzuk.

Hirugarrena.–Irizpen honek hamar hilabeteko balioa du ebazpen hau ematen denetik, abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 36. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Laugarrena.–Instalazioaren ingurumen bateratuaren testua aldatzea, ebazpen honen eranskinean zehaztutako aldaketak sartuz.

Bosgarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, aplikatuz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 39. artikuluan ezarritakoa (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).

Seigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute haren aurka, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, zeina zuzendu behar baitzaio Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea Nafarroako Gobernuari, uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean (lege horrek arautzen du administrazioarekiko auzien jurisdikzioa). Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.

Zazpigarrena.–Ebazpen hau Piensos Artola SLri igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2025eko ekainaren 19an.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Raúl Salanueva Murguialday.

Oharra: Ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/ConsultasAAU.html#/ConsultaAutorizacionesAmbientalesUnificadas.

Iragarkiaren kodea: F2508958