150. ALDIZKARIA - 2025eko uztailaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

1923/2025 EBAZPENA, uztailaren 3koa, Funtzio Publikoko zuzendariak emana, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko Nafarroako foruzain-agente lehenen berrogeita hamaika lanpostu barne igoeraz eta kategoriaz igotzeko lehiaketaren bidez betetzeko deialdia.

Abenduaren 27ko 115/2024 Foru Dekretuaren bidez (2024ko 264. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 30ekoa), Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen Administrazio Erroaren eremurako 2024ko lan publikoaren eskaintza partziala onetsi zen, 2023rako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 30eko 31/2022 Legean aurreikusitako ordezte-tasari dagokiona. Eskaintza hartan, besteak beste, foruzain-agente lehenen berrogeita hamaika lanpostu sartu ziren, funtzionarioen araubidekoak eta C mailakoak.

Ondoren, Barneko zuzendari nagusiaren maiatzaren 28ko 6580E/2025 Ebazpenaren bidez, Nafarroako foruzain-agente lehenen lanpostuak lehiaketa bidez edo berariazko lehiaketa bidez betetzeko deialdia onetsi da; beraz, deialdi honetan bete beharreko lanpostuak deitutako eta ebazteke dagoen lehiaketaren edo berariazko lehiaketaren ondoriozkoak izanen dira.

Nafarroako Poliziei buruzko azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legearen 38. artikuluak xedatzen duenez, agente lehenen lanpostua barne igoeraren bidez lortuko da, agentearen lanpostutik, kategoriaz igotzeko lehiaketaren prozeduraren bidez.

Aurrekoa kontuan hartuta, bidezkoa da onestea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko Nafarroako foruzain-agente lehenen berrogeita hamaika lanpostu barne igoeraren bidez betetzeko deialdia, kategoriaz igotzeko lehiaketaren prozeduraren bidez.

Horrenbestez, eta erabiliz otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea honako deialdi hau: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko Nafarroako foruzain-agente lehenen berrogeita hamaika lanpostu barne igoeran betetzekoa, kategoriaz igotzeko lehiaketa prozeduraren bidez.

2. Agintzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila, behar diren ondorioak izan ditzan.

3. Ebazpen hau jakinaraztea Langileriaren Kudeaketako Zerbitzuari, Argibide eta Erregistro Bulegoari, Barneko zuzendari nagusiari, Foruzaingoko buruari eta izendatu diren epaimahaikideei, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2025eko uztailaren 3an.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ordezko gisa, hura kanpoan baita, Langileriaren Gastuaren Kontrolaren eta Nominen Zerbitzuko zuzendaria, Raquel San Martín Ederra (32/2023 Foru Agindua, abenduaren 11koa).

DEIALDIA, NAFARROAKO FORUZAIN-AGENTE LEHENEN BERROGEITA HAMAIKA LANPOSTU BARNE IGOERAZ BETETZEKOA, KATEGORIAZ IGOTZEKO LEHIAKETA PROZEDURAREN BIDEZ

Hona hemen deialdia arautuko duten,

OINARRIAK

1.–Xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko Nafarroako foruzain-agente lehenen berrogeita hamaika lanpostu barne igoeran betetzea, kategoriaz igotzeko lehiaketa prozeduraren bidez. Lanpostuak funtzionario araubidekoak dira, C mailakoak eta Nafarroako Foruzaingoari atxikiak; zehazki, Barneko zuzendari nagusiaren maiatzaren 28ko 6580E/2025 Ebazpenaren bidez deitutako lehiaketaren edo berariazko lehiaketaren ondorioz hutsik gelditzen direnak. Lanpostu hutsak hautatzeko ekitaldia egin baino lehen zehaztuko dira haien plantilla-zenbakiak.

1.2. Berrogeita hamaika plaza huts horiek txanda hauetan banatuko dira:

a) 34 lanpostu barne igoerako txandan, Nafarroako Foruzaingoko kideentzat (barne igoerako txanda).

b) 17 lanpostu igoera txanda irekian, Nafarroako polizia kidego guztietako kideentzat (igoera txanda irekia).

1.3. Igoera txanda irekian betetzen ez diren lanpostuak barne igoerako txandari gehituko zaizkio.

Barne igoerako txandan lanpostu hutsen bat bete gabe gelditzen bada izangaiak hautaprobak gainditzeko eskatzen den gutxieneko puntuaziora ez iristeagatik, bete gabekotzat joko da, eta ez zaie gehituko igoera txanda irekikoei.

Bestalde, barne igoerako txandako plaza hutsen kopurua baino izangai gehiagok gainditzen badituzte probak, txanda horretan probak gainditu arren plazarik eskuratzen ez dutenek aukera izanen dute igoera txanda irekiko plaza hutsak eskuratzeko, txanda horretako izangaiekin lehian eta lortutako azken puntuazioaren arabera.

2.–Aplikatu beharreko araudia.

Hautapen prozedura hau ondoko arauek erregulatuko dute: 23/2018 Foru Legea, azaroaren 19koa, Nafarroako Poliziei buruzkoa; 718/2003 Foru Dekretua, abenduaren 29koa, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Polizia Kidegoetako Langileen Erregelamendua; 57/2002 Foru Dekretua, martxoaren 25ekoa, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Foruzaingoko Lanpostuak Betetzeko Erregelamendua; 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina; 215/1985 Foru Dekretua, azaroaren 6koa, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Administrazio Publikoetan Lanpostuak Betetzeko Erregelamendua; 30/2005 Foru Dekretua, martxoaren 25ekoa, zeinaren bidez zehazten baitira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen organoetako langileen arloko eskudantziak; aplikatu beharreko gainerako arauak eta deialdiaren oinarriak.

3.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

3.1. Kategoriaz igotzeko lehiaketan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

3.1.1. Barne igoerako txandako izangaiak:

a) Gutxienez 3 urteko antzinatasuna izatea Nafarroako Foruzaingoko agente lanpostuaren jabetza hartu zuen egunetik.

b) Jatorrizko lanpostuan jarduneko zerbitzuan, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egotea.

3.1.2. Igoera txanda irekiko izangaiak:

a) Gutxienez 3 urteko antzinatasuna izatea, jabetza hartzearen egunetik hasita, Nafarroako polizia kidego bateko agente lanpostuan.

b) Jatorrizko lanpostuan jarduneko zerbitzuan, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egotea.

3.1.3. Genero-indarkeriaren biktima diren emakumezko izangaientzako betebehar espezifikoak:

Genero-indarkeriaren biktima diren emakumezko izangaiek, 3.1.1 atalean aipatzen diren betebeharrak betetzeaz gain, genero-indarkeriaren biktima gisa aitortuak izan beharko dute.

3.1.4. Lortu nahi izanez gero A2 edo A motako ibilgailuak gidatzeko baimena baldintzatzat duen lanpostu bat, dagokion gidabaimena edukitzea.

3.1.5. Haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurrean osorik babesteari buruzko ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoaren arabera, adingabeekin ohiko harremana duten lanpostuetan aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu askatasunaren eta sexu ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik (zehazki, arau honetan tipifikatutako delitu batengatik: Zigor Kodeari buruzko azaroaren 23ko 10/1995 Lege Organikoaren VIII. titulua), ezta gizakien salerosketaren delitu batengatik ere (zehazki, arau honetan tipifikatutako delitu batengatik: Zigor Kodearen VII bis titulua).

Baldintza hori egiaztatzearren, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari baimena eman beharko zaio abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuaren bidez araututako Sexu Delitugileen eta Gizakien Salerosketaren Erregistro Zentralari eska diezaion ziurtagiri hori, edo, bestela, erregistro horrek emandako ziurtagiri negatiboa aurkeztu beharko da.

3.1.6. Eskuratu nahi izanez gero euskarazko B2 edo C1 jakite-maila eskatzen duen lanpostu elebidun bat, kasuan kasuko maila frogatzen duen titulu edo ziurtagiri bat edukitzea, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren araberakoa (horiek jaso dira Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenean –2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 27koa–), edo ofizialki baliokidetzat jotako beste titulu bat, edo, bestela, izangaiak behar den hizkuntza maila duela frogatzeko berariaz antolatzen den proba gainditzea.

3.2. Aurreko baldintza guztiak bete beharko dira eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, lanpostuaren jabetza hartu arte.

Gidabaimenari dagokion baldintzari ez zaio aurreko paragrafoan ezarritakoa aplikatuko; izan ere, prestakuntza ikastaroan onartutako izangaien behin-behineko zerrenda argitaratzen den egunean bete beharko da baldintza hori. Berdin jokatuko da euskara mailari dagokionez, deialdi honen 7.3.1 atalean xedatutakoari jarraikiko baitzaio.

Izangaiek deialdi honen oinarrietan ezartzen den unean frogatu beharko dituzte betebehar horiek.

4.–Eskaerak eta dokumentazioa.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea.

Deialdian parte hartzeko eskaerak hamabost egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

4.2. Eskaera aurkeztea eta formalizatzea.

Hautapen-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek telematika bidez aurkeztu beharko dute eskaera, Internet bitartez, https://www.navarra.es/eu/enplegu-publikoa helbidean, "Administrazioetako langileentzako deialdiak" atalean, deialdi honen fitxan sartuz.

4.3. Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

4.3.1. Eskaera online aurkezteko unean, izangaiek, kasuaren arabera, dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, eskaneatuta eta telematika bidez, aurreko apartatuan adierazitako helbidea erabiliz:

Bat.–Kategoriaz igotzeko lehiaketan parte hartzea eskatzen duten izangaiek, edozein txandatan, alegatzen dituzten merezimendu guztiak frogatzeko agiriak eta alegatutako merezimenduen zerrenda aurkeztu beharko dituzte, deialdiaren II. eranskinean ezarritako baremoaren arabera.

Izangaiek merezimenduak alegatu beharko dituzte, behar bezala ordenatuak, baremoko puntuazio eskemari jarraikiz.

Aurrekoa gorabehera, barne igoerako txandan parte hartzen dutenek ez dituzte honako merezimendu hauek aurkeztu beharko, izangai bakoitzaren espedientean zuzenean sartuko baitira, eta organo deitzaileak epaimahaiaren esku jarriko baititu, hark balora ditzan:

–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan egindako eta aitortutako zerbitzuak.

–Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak nahiz Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak emandako ikastaroak, salbu hizkuntzen ikastaroak eta hizkuntzen ezagutza frogatzen duten agiriak, izangaiek aurkeztu beharko baitituzte.

Bestalde, igoera txanda irekian parte hartzen dutenek ez dituzte honako merezimendu hauek aurkeztu beharko, izangai bakoitzaren espedientean zuzenean sartuko baitira, eta organo deitzaileak epaimahaiaren esku jarriko baititu, hark balora ditzan:

–Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak nahiz Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak emandako ikastaroak, salbu hizkuntzen ikastaroak eta hizkuntzen ezagutza frogatzen duten agiriak, izangaiek aurkeztu beharko baitituzte.

Igoera txanda irekian parte hartzen dutenek egindako zerbitzuei buruzko ziurtagiria aurkeztu beharko dute, eskumena duen administrazio publikoak emana, non zehatz-mehatz agertuko baita zer zerbitzu eman den lanpostu bakoitzean, II. eranskineko baremoari jarraikiz, berariaz adierazita zer egunetan hasi eta bukatu ziren zerbitzu horiek, bai eta egokitzat jotzen den beste edozein datu ere.

Bi.–Igoera txanda irekian parte hartzea eskatzen duten izangaiek honako agiri hauek ere aurkeztu beharko dituzte:

Organo eskudunak emandako ziurtagiria, frogatzen duena interesdunak gutxienez 3 urteko antzinatasuna duela agentearen lanpostuan, jabetza hartu zuen egunetik hasita; orobat agertuko da jatorrizko lanpostuan zer-nolako egoera administratibotan dagoen interesduna (jarduneko zerbitzuan, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian), zein den haren lanbide-identifikazioko zenbakia, eta Nafarroako zein poliziatakoa den edo atxikipeneko toki entitatea zein den.

Hiru.–Genero-indarkeriaren biktima diren emakumezko izangaiek, beste izangaiei oro har ezarritako agiriak aurkezteaz gain, biktimaren izaera frogatu beharko dute, hauetakoren bat aurkeztuz: kondena-epai bat genero-indarkeriako delitu batengatik, babes-agindu bat edo genero-indarkeriaren biktimaren aldeko kautelazko neurri bat erabakitzen duen beste edozein ebazpen judizial, edo, bestela, Fiskaltzaren txostena, izangaia genero-indarkeriaren biktima delako zantzuak daudela adierazten duena. Genero-indarkeriaren egoerak egiaztatzeko, halaber, gizarte zerbitzuen, zerbitzu espezializatuen edo genero-indarkeriaren biktimentzako Administrazio Publiko eskudunaren harrera-zerbitzuen ziurtagiria eta txostena aurkezten ahalko dira.

Lau.–Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari baimena eman ez bazaio dagokion ziurtagiria abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuaren bidez araututako Sexu Delituen Egileen Erregistro Nagusiari eska diezaion, erregistro horrek emandako ziurtagiri negatiboa aurkeztu beharko da.

4.3.2. Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

5.–Izangaien onarpena.

5.1. Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila.

5.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, zuzentzeko. Erreklamazioak telematika bidez aurkeztu beharko dira, Interneteko www.nafarroa.eus helbidearen bidez, deialdiaren fitxan.

5.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta horiek ebatzita, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du, izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila.

5.4. Aurreko apartatuetan aipatzen diren behin-behineko eta behin betiko zerrendetan izangaien datu hauek baizik ez dira jasoko: lanbide-identifikazioko zenbakia, izangaia Nafarroako zein poliziatakoa den edo atxikipeneko toki entitatea zein den, eta zein igoera txandatan aurkezten den.

Izangaien zerrenda horietan, bai eta hautapen prozeduraren barruko ondorengo jarduketetan ere, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeak identifikatzeko gezurrezko izen bat erabiliko da, bakoitzari modu pertsonalean esleituko zaiona, deusetan galarazi gabe publikotasun eta gardentasun printzipioak aplikatzea.

6.–Kalifikazio-epaimahaia.

6.1. Osaera.

Kalifikazio-epaimahaia honako hauek osatuko dute:

–Epaimahaiburua: Cristina Eseverri Soto andrea, Foruzaingoko komisarioa, Polizia Judizialaren Dibisioko burua.

Ordezko epaimahaiburua; Miguel Ángel Vicente Jaurrieta jauna, Foruzaingoko komisarioa, Esku hartzeko Dibisioko burua.

–Epaimahaikidea: Jose Ángel Galera Balboa jauna, Foruzaingoko inspektoreordea, Laguntza Brigadari atxikia.

Ordezko epaimahaikidea: Jaime Vidaurreta Fernández jauna, Foruzaingoko inspektoreordea, Polizia Judizialaren Lizarrako taldeko burua.

–Epaimahaikidea: Rubén López Estan jauna, Foruzaingoko inspektoreordea, Landa-lanetako Brigada Kirminalistikoari atxikia.

Ordezko epaimahaikidea: Ricardo Aldave Monreal jauna, Foruzaingoko inspektoreordea, Pertsonen kontrako Delituen Brigadari atxikia.

–Epaimahaikidea: Zoraida Hoyos Aguado andrea, Foruzaingoko Langile Batzordeko ordezkari gisa.

Ordezko epaimahaikidea: Santiago Arraiza Zorzano jauna, Foruzaingoko Langile Batzordeko ordezkari gisa.

–Idazkaria: Juan Antonio Sola Ibarra jauna, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuko Barneko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendaria.

Ordezko idazkaria: Noelia Zubieta González andrea, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuko Barneko Giza Baliabideen Zerbitzuko Langileriaren Kudeaketako Ataleko burua.

6.2. Hautaproba egiten hasi aurretik eratuko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, bertan egon beharko dute epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek.

Behin epaimahaia eratu ondoren, epaimahaiburua edo idazkaria gaixotzen bada edo haien aldi baterako absentzia-egoera justifikatuetan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 21.2 eta 23.2 artikuluetan ezarritakoari jarraikiko zaio.

6.3. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo dei egileari horren berri eman, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean badaude.

Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaiko kideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

6.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak.

6.5. Epaimahaiak aholkulari espezialistak izan ditzake proba teoriko-praktikorako. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

7.–Lehiaketaren nondik norakoak.

7.1. Lehiaketak bi fase izanen ditu. Lehenbiziko fasean, lanpostuaren edukiari eta eginkizunei buruzko proba teoriko-praktiko bat, proba psikotekniko bat eta merezimenduen balorazioa eginen dira; eta bigarren fasean, gaikuntza ikastaro bat egin beharko da, foruzain-agente lehenaren lanposturako.

Kategoriaz igotzeko lehiaketan, epaimahaiak elementu hauek baloratuko ditu, hurrenkera honetan eta elkarren segidan:

a) Agente lehenaren lanpostuaren edukiari eta funtzioei buruzko proba teoriko-praktikoa: gehienez ere hogeita bost (25) puntu.

b) Txosten psikoteknikoa: gehienez ere hamabost (15) puntu.

c) Merezimenduak:

–Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak: gehienez ere hogeita hamabost (35) puntu.

–Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta bestelako merezimenduak: gehienez ere hogeita bost (25) puntu.

–Sariak: gehienez ere bi koma berrogeita hamar (2,50) puntu.

–Hizkuntzak jakitea: gehienez ere hogeita sei koma berrogeita hamar (26,5) puntu.

7.2. Lehiaketako lehenbiziko fasea.

Lehenbiziko faseak elementu hauek izanen ditu:

7.2.1. Agente lehenaren lanpostuaren edukiari eta funtzioei buruzko proba teoriko-praktikoa:

Proba 2025eko azarotik aurrera hasiko da.

Izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean proba hau egiteko tokia, eguna eta hasteko ordua zehaztuko dira.

Proba teoriko-praktikoan 50 galderari erantzun beharko zaie idatziz, Nafarroako foruzain-agente lehenaren lanpostuaren edukiari eta funtzioei buruz (I. eranskinean dago gai-zerrenda). Galdera bakoitzari erantzuteko zenbait aukera eskainiko dira, baina bakarra izanen da zuzena. Erantzun oker bakoitzarengatik zuzen erantzundako galdera baten balioaren herena kenduko da.

Epaimahaiak ezarriko du probaren gehieneko iraupena, hura hasi baino lehen.

Proba egiteko, ez da inolako testurik kontsultatzen ahalko, ezta kalkulagailurik edo bestelako materialik edo gailu elektronikorik erabili ere, mutur lodiko bolaluma urdina edo beltza izan ezik.

Proba 25 puntuz baloratuko da, gehienez ere. Bazterturik geldituko dira gutxienez ere 12,50 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

Nafarroako Poliziei buruzko azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legearen 34.1 artikuluan xedatutakoa betetzeko, epaimahaiak modu kodifikatuan argitaratuko ditu izangaiek proba honetan lortzen dituzten puntuazioak.

7.2.2. Proba psikoteknikoa:

Galdetegi batzuk bete beharko dira izangaien nortasun orokorra eta lanerako gaitasunak eta/edo trebetasunak ezagutzeko, eta elkarrizketa pertsonalak eta/edo talde-lanekoak eginen dira; haien bidez zehaztuko da izangaiak zenbateraino diren egokiak lanpostuaren profil profesiografikoak eskatzen dituen ezaugarrietarako.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak prestatuko du proba hori. Ebaluazio talde berak eginen die proba izangai guztiei, eta diskrezioz jokatuko da, halako moduan non bermatu beharko baita ebaluazio taldeak ez duela jakinen zein izangairi dagozkion aurreko probaren emaitzak. Talde horren balorazioak lotesleak izanen dira epaimahaiarentzat.

Proba hau ez da baztertzailea izanen eta 0tik 15 puntura baloratuko da.

Nafarroako Poliziei buruzko azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legearen 34.1 artikuluan xedatutakoa betetzeko, epaimahaiak modu kodifikatuan argitaratuko ditu izangaiek proba honetan lortzen dituzten puntuazioak.

7.2.3. Merezimenduen balorazioa:

Agente lehenaren lanpostuaren edukiei eta funtzioei buruzko proba praktikoa gainditzen duten lehiatzaileek alegatu eta frogatutako merezimenduak baizik ez ditu baloratuko epaimahaiak.

Alegatutako merezimenduak deialdi honen II eranskinean ageri den baremoari jarraikiz kalifikatu eta puntuatuko ditu epaimahaiak.

Merezimendu horiek frogatzeko agiriak telematika bidez aurkeztuko dira online eskaeran, 4.3 oinarrian adierazitako helbidearen bitartez, eta, horiekin batera, zerrenda bat aurkeztuko da, adieraziz zer merezimendu alegatzen diren.

Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agirien bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du puntuazio altuagorik eman apartatu bakoitzean adierazitako gehieneko puntuazioa baino.

Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu izangaiek alegatu eta frogatutako merezimenduen gainean.

7.2.4. Proba guztiak bukatuta eta merezimenduen balorazioa egin ondoren, epaimahaiak argitara emanen du Nafarroako Gobernuaren web-orrian (www.nafarroa.eus) izangai bakoitzak lortutako puntuazioa, eta 5 egun balioduneko epea ezarriko du, argitaratu eta biharamunetik hasita, izangaiek puntuazioaren edo merezimenduen balorazioaren gainean eskubideko jotzen duten guztia alega dezaten eta erreklamazioak egin ditzaten.

Erreklamazioen epea igarota eta horiek ebatzita, epaimahaiak behin betiko puntuazioak argitaratuko ditu.

7.3. Euskararen ezagutzaren eta A2 eta A motako gidabaimenen egiaztagiriak.

7.3.1. Merezimenduen balorazioaren behin betiko emaitzak argitaratu ondoren, epaimahaiak bost egun balioduneko epea irekiko du izangaiek, euskarazko lanpostu elebiduna lortu nahi badute, honako aukera hauetako bat hauta dezaten:

a) Merezimenduekin batera egin ez badute, eskatutako euskara maila frogatzen duten titulu edo ziurtagirietako bat aurkeztea. Tituluak edo ziurtagiriak bat etorri beharko du Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuarekin, eta jasota egon Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak irailaren 13an emandako 210/2010 Ebazpenean ageri den zerrendan (2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 27koa), edo, bestela, ofizialki baliokidetzat hartzen den titulazioa edo egiaztagiria izan beharko du.

b) Euskara maila egiaztatzeko proba egin diezaiotela eskatzea.

Euskara maila egiaztatzeko proba bat egin beharko dute hala eskatu duten izangaiek eta oinarri honetan ezartzen den epean eskatzen den hizkuntza maila egoki frogatu ez duten izangaiek.

Horretarako, epaimahaiak eskatuko du Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua erakunde autonomoaren laguntza. Organo horrek hizkuntza maila neurtzeko berariazko ariketa bat eginen du, eta izangaiei "gai" edo "ez gai" kalifikazioa emanen die eskatzen den euskarazko jakite-mailarako (C1 edo B2).

Horretarako, epaimahaiak argitaratuko du probara deitutako izangaien zerrenda, adierazita proba egiteko lekua, eguna eta ordua, deialdiaren 11. oinarrian ezarritakoarekin bat.

Euskara probaren kalifikazioa bukaturik, emaitzak aurreko paragrafoan ezarritako modu berean argitaratuko dira.

7.3.2. Aurreko izapidearekin batera, eta epe berean, A2 edo A motako gidabaimena behar duten lanpostuak eskuratu nahi badira, izangaiek A2 eta A motako ibilgailuetarako gidabaimenen aurrealdearen eta atzealdearen kopia aurkeztu beharko dute.

8.–Plazak aukeratzea.

8.1. Probak amaitu eta merezimenduak baloratu ondoren, epaimahaiak lehiaketaren lehenengo fasea gainditu duten izangaien zerrenda argitaratuko du Interneten, Nafarroako Gobernuaren web-orrian, txanda bakoitzean (barne igoerako txanda eta igoera txanda irekia) lortutako puntuazioaren arabera, handienetik txikienera ordenatuta.

Berdinketarik bada, Administrazio Publikoen zerbitzurako lanetan antzinatasun onarturik handiena dutenen alde joko da. Horrekin ere berdinketak baldin badirau, izangai zaharrenaren alde joko da.

8.2. Plaza hutsak hautatzeko ekitaldia prestakuntza ikastaroa hasi baino lehen eginen da.

Hautaprobak gainditu eta genero-indarkeriaren biktima direla egiaztatzen duten emakumezko izangaiek lehentasuna izanen dute gainerako izangaien aurretik plaza hutsak hautatzeko.

Hautaprobak barne igoerako txandatik gainditzen dituzten izangaiek lehentasuna izanen dute deialdiaren xede diren plaza hutsak aukeratzeko igoera txanda irekiko izangaien aurretik, baina kontuan hartuta, betiere, genero-indarkeriaren biktima direla egiaztatzen duten emakumeentzat ezarritako salbuespena.

8.3. Barne Zuzendaritza Nagusiak plaza hutsak aukeratzeko ekitaldirako deia eginen du, eta aukeraketa egiteko epea adieraziko du. Horretarako, aukeratu beharreko plaza hutsen zerrenda argitaratuko du, bai eta izangaien zerrenda ere, plaza hutsak aukeratzeko orduan duten lehentasun-hurrenkerari jarraituz, txandaren eta puntuazio-hurrenkeraren arabera, eta kontuan hartuta plaza hutsak betetzean euskarak merezimendu gisa balorazio desberdina duela.

Informazio hori deialdiaren fitxan jarriko da jendaurrean, deialdi honen 11. oinarrian ezarritakoari jarraikiz.

Ondoren, izangaiek jakinaraziko dute, horretarako ezarritako epearen barrenean, zein plaza nahiago duten, Nafarroako foruzain-agente lehenen plaza hutsen artetik.

9.–Gaikuntza ikastaroa-Lehiaketako bigarren fasea.

9.1. Behin plaza hutsak aukeraturik, epaimahaiak Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari igorriko dio prestakuntza ikastaroan onartu diren izangaien zerrenda. Onartutako izangaien kopurua ezin da izan deialdiko plaza hutsen kopurua baino handiagoa. Nafarroako Gobernuaren web-orrian ere argitaratuko du zerrenda hori.

Horrekin batera, eta aldi berean, epaimahaiak behar den komunikazioa igorriko dio Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolari, zehaztu ditzan prestakuntza ikastaroa hasteko eguna, ordua, tokia eta bestelako jarraibide batzuk.

9.2. Ikastaroa egiteko, onartuen zerrendan ageri diren izangaiek Nafarroako zein administrazio publikori atxikita dauden eta hari eskatuko diote zerbitzu berezietako egoeraren deklarazioa, foruzain-agente lehenen lanpostuan sartzeko prestakuntza ikastaroa hasten den egunetik aurrerako ondorioekin. Hori guztia, bat etorriz Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 24.2 artikuluan eta abenduaren 29ko 718/2003 Foru Dekretuaren 23. artikuluan ezarritakoarekin.

9.3. Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak izangaiak Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolari atxikiko dizkio.

Ikastaroak iraun bitartean, Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolari atxikitako izangaiek dagozkien ordainsariak jasoko dituzte, indarreko araudiarekin bat.

Gaikuntza ikastaroa bukatu ondoren, izangaiek berehalakoan itzuli beharko dute jardunera, jatorrizko Administrazioan zerbitzu berezietan deklaratuak izan aurretik zuten lanpostura.

9.4. Gaikuntza ikastaroa Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak emanen du, baztertzailea izanen da eta irailaren 12ko 113/2005 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraikiz arautuko da (Nafarroako Segurtasun Eskolaren Antolamendu eta Funtzionamendurako Erregelamendua onesteko foru dekretua).

Ikastaroaren kalifikazioa "gai" edo "ez gai" izanen da.

Prestakuntza ikastaroan Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak izangaiei ematen dizkien kalifikazioak lotesleak izanen dira kalifikazio epaimahaiarentzat.

Ezin dira izendatu "ez gai" kalifikazioa lortzen dutenak.

Gaikuntza ikastaroa bukatu ondoren, Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolako zuzendariak izangaien kalifikazioen zerrenda igorriko dio epaimahaiari, prestakuntza ikastaroan "gai" kalifikazioa lortu duten izangaiak izendatzeko proposamena egin dezan.

Ikastaroan baja emateak berekin ekarriko du hautapen prozeduran jarraitzeko eskubidea galtzea. Hori gertatuz gero, deialdia egin duen organoari jakinaraziko zaio berehala.

9.5. Kalifikazio epaimahaiak izangaiek prestakuntza ikastaroan lortutako kalifikazioak jaso eta espedientean bilduko ditu, kategoriaz igotzeko lehiaketa gainditu dutenen zerrenda onetsiko du (lortutako guztizko puntuazioaren arabera) eta Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari izendapen proposamena igorriko dio.

Proposamen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, baita deialdiari buruzko fitxan ere, 11. oinarrian ezarritakoarekin bat, eta izangaiei eskatuko zaie beharrezkoa den dokumentazioa aurkez dezatela.

10.–Izendapena eta jabetza hartzea.

10.1. Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak Nafarroako foruzain-agente lehen izendatuko ditu kategoriaz igotzeko lehiaketa gainditu duten izangaiak, aurreko oinarrietan ezarritakoaren arabera.

10.2. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan sartu eta funtzionario bihurtzen diren izangaiek Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean alta emanen dute eta bertan afiliatuko dira, eta araubide horrek babestuko ditu, salbu eta Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuan eta gainerako xedapen osagarrietan aipatzen den eskubide pasiboen eta osasun eta gizarte laguntzaren araubidean afiliatuta badaude aurrez; orduan babes araubide horretan irautea erabakitzen ahalko dute izendatuak izan aurretik, edo aipatutako Gizarte Segurantzaren araubide orokorrera afiliatzen ahalko dira.

10.3. Izendapenaren ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta izangaiek plazaren jabetza hartuko dute hartan adierazten den egunean.

Behar bezala arrazoitutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, plazaren jabetza hartzen ez duten izangaiek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionario izaera eskuratzeko eta Nafarroako foruzain-agente lehenaren lanpostuan aritzeko eskubide guztiak galduko dituzte.

11.–Jarduketen publikotasuna.

Deusetan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez modu ofizialean argitaratu beharreko tramiteak, proben deialdiei eta kalifikazioei eta balorazioei buruz epaimahaiak ematen dituen ebazpenen eta haren jarduketaren gaineko informazioa, baita interesdunentzat jakingarri den informazio guztia ere, www.nafarroa.eus helbidean eskuragarri dagoen deialdiaren fitxan argitaratuko da.

12.–Errekurtsoak.

Kalifikazio-epaimahaiak ematen dituen egintzen eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Deialdiaren, haren oinarrien eta haiek aplikatzeko egintzen kontra, kalifikazio epaimahaiak hartutakoen kontra izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Hori guztia bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluan xedatutakoarekin, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

I. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA

1. gaia.–23/2018 Foru Legea, azaroaren 19koa, Nafarroako Poliziei buruzkoa.

2. gaia.–227/2023 Foru Dekretua, urriaren 25ekoa, Nafarroako Foruzaingoaren lanaldi, ordutegi eta ordainsarien erregelamendua onesten duena.

3. gaia.–8/2006 Foru Legea, ekainaren 20koa, Nafarroako Segurtasun Publikoari buruzkoa.

4. gaia.–3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa: I. titulua. Xedapen orokorrak. II. titulua. Datu babesaren printzipioak. III. titulua. Pertsonen eskubideak.

5. gaia.–7/2021 Lege Organikoa, maiatzaren 26koa, Arau-hauste penalak prebenitzeko, detektatzeko, ikertzeko eta epaitzeko eta zehapen penalak betearazteko tratatzen diren datu pertsonalak babesteari buruzkoa: I. kapitulua. Xedapen orokorrak. II. kapitulua. Printzipioak, tratamenduaren zilegitasuna eta bideozaintza. III. kapitulua. Pertsonen eskubideak.

6. gaia.–17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa: I. titulua. Xedapen orokorrak. II. titulua. Berdintasunerako erakundeen antolaketako sistema. III. titulua. Berdintasunerako eskubidea bermatzeko tresnak.

7. gaia.–14/2015 Foru Legea, apirilaren 10ekoa, Emakumeen Kontrako Indarkeriari aurre egitekoa: I. titulua. Xedapen orokorrak. V. titulua. Arretarako eta oneratzeko baliabideak eta zerbitzuak. VII. titulua: Poliziaren arreta eta babes eraginkorra. VIII. titulua: I. kapitulua. Laguntza juridiko espezializatua.

8. gaia.–Genero-indarkeriaren biktima den emakumeari arreta Foruzaingoan. Burutzaren jarraibidea ("Zero protokoloa").

9. gaia.–Foruzaingoan jokabide suizidak prebenitzeko plana.

10. gaia.–Foruzaingoak nola jardun behar duen babes-etxeetatik ihes egiten duten adingabeen kasuan.

11. gaia.–Foruzaingoaren eskuliburua herritarren segurtasunerako kontroletarako.

12. gaia.–Atxilotutako pertsonen trataera Foruzaingoan.

13. gaia.–Foruzaingoak nola jardun behar duen bide lasterretan izandako gorabeheren aurrean.

14. gaia.–Foruzaingoak neguan bideak erabilgarri mantentzeko protokoloa.

15. gaia.–Zigor Kodea: Atariko titulua: Zigor bermeak eta zigor legearen aplikazioa. I. liburua: I. titulua. Zigor arloko arau-hausteak. II. titulua: delituen erantzukizun kriminala duten pertsonak. V. titulua: I. kapitulua. Erantzukizun zibila eta horren hedadura. II. Kapitulua. Erantzukizun zibila duten pertsonak.

16. gaia.–Prozedura Kriminalaren Legea. II. liburua. Sumarioa: I. titulua. Salaketa. III. titulua. Polizia judiziala. V. titulua: delitua egiaztatzea eta delitugilea nor den ikertzea. VI. titulua. Zitazioa, atxiloketa eta behin-behineko espetxeratzea. II. kapitulua. Atxilotzea: IV. kapitulua. Defentsa eskubideaz baliatzea, abokatuaren laguntza, eta atxilotuei eta presoei eman beharreko tratua. VIII. titulua. Konstituzioaren 18. artikuluan aitortutako eskubideak mugatzen dituzten ikerketa neurriak. I. kapitulua: Toki itxietan sartzea eta miaketak egitea. II. kapitulua. Liburu eta paperak miatzea, eta III. kapitulua. Idatzizko posta eta posta telegrafikoa geldiarazi eta irekitzea.

17. gaia.–6/1984 Lege Organikoa, maiatzaren 24koa, "Habeas Corpus" prozedura arautzen duena.

18. gaia.–4/1997 Lege Organikoa, abuztuaren 4koa, Segurtasun indarrek eta kidegoek leku publikoetan bideokamerak erabiltzeari buruzkoa.

19. gaia.–5/2000 Lege Organikoa, urtarrilaren 12koa, adingabeen erantzukizun penala arautzen duena. Atariko titulua. I. titulua. Legearen aplikazio esparrua. II. titulua. Neurriak. III. titulua. Prozeduraren instrukzioa. VIII. titulua. Erantzukizun zibila.

20. gaia.–4/2015 Lege Organikoa, martxoaren 30ekoa, Herritarren Segurtasuna Babesteari buruzkoa.

21. gaia.–137/1993 Errege Dekretua, urtarrilaren 29koa, Armen Erregelamendua onesten duena. Atariko kapitulua Xedapen orokorrak. 1. atala. Xedea eta esparrua. 2. atala. Definizioak. 3. atala. Arauzko armen sailkapena. 4. atala. Debekatutako armak. IV. kapitulua. Armen titulartasunari buruzko dokumentazioa. V. kapitulua. Lizentziak, baimen bereziak eta arma txartelak. 1. atala. Lizentziak, oro har, eta txartelak. 2. atala. Armak erabiltzeko baimen bereziak adingabeentzat. VII. kapitulua. Xedapen komunak armak eduki eta erabiltzeari buruz. 1. atala. Xedapen orokorrak. VIII. kapitulua. Zehapen-araubidea. IX. kapitulua. Gordailututako eta konfiskatutako armak.

22. gaia.–56/2017 Foru Agindua, apirilaren 5ekoa, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariak emana, Nafarroako Foruzaingoaren araubidezko armak arautzen dituena.

23. gaia.–2/1989 Foru Legea, martxoaren 13koa, arautzen dituena ikuskizun publikoak eta josteta jarduerak.

24. gaia.–201/2002 Foru Dekretua, irailaren 23koa, arautzen duena ikuskizun publikoen eta josteta jardueren ordutegi orokorra.

25. gaia.–1428/2003 Errege Dekretua, azaroaren 21ekoa, Zirkulazioari buruzko Erregelamendu Orokorra. Atariko titulua. I. titulua: zirkulazioko portaera arau orokorrak. II. titulua: ibilgailuen zirkulazioa. III. titulua: interesa duten beste arau batzuk. IV. titulua: I. kapitulua. II. kapitulua. VI. kapitulua: 1. atala, 2. atala eta 3. atala.

Oharra: Gai guztiak eskatuko dira deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarrean den araudiaren arabera.

II. ERANSKINA.–MEREZIMENDUAK BALORATZEKO BAREMOA

A) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak: gehienez ere hogeita hamabost (35) puntu.

1) Nafarroako polizietan, polizia edo agente lanpostuan, lanpostu finkoa izanda benetan egindako zerbitzuen urte bakoitzeko: bat koma berrogeita hamar (1,50) puntu.

2) Aurreko atalean deialdiko lanpostua baino beheragoko kategoriarako esleitutako puntuazioa baino %10 gehiago baloratuko da Nafarroako Polizia Kidegoetan, deialdiaren xedeko lanpostuan, bitarteko gisa emandako zerbitzu urte bakoitza.

3) Administrazio publiko baten menpeko beste segurtasun indar eta kidego batean langile finko edo bitarteko gisa zerbitzuan egindako urte bakoitzeko: puntu bat eta berrogeita hamar (1,50) polizia edo agente lanpostuan.

4) Edozein administrazio publikotan, aurrekoak ez bezalako lanpostuetan egindako zerbitzuak: zero eta hogeita bost (0,25) puntu urte bakoitzeko.

Oharrak:

1. Urteen kopurua osoa ez bada, egindako zerbitzualdiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen da.

2. Lanaldi partzialean egindako zerbitzuen kasuan, behar den zatia kenduko da.

3. Ez dira baloratuko deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak.

4. Funtzionarioa zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egon bada edo antolaketa-unitate bateko buru edo zuzendari lanetan aritu bada, aldi horietako zerbitzuak kontatzeari begira, egoera horietan sartzean zeukan lanpostuan egindako zerbitzuak balira bezala kontatuko dira.

B) Prestakuntza, irakaskuntza eta ikerketa, eta beste merezimendu batzuk: 25 puntu gehienez.

1) Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako prestakuntza jardueretan parte hartzea: Zero koma hamar (0,10) puntu emanen dira kreditu akademiko edo horren baliokide bakoitzeko (hamar –10– eskola-ordu), eta gehienez ere hamar (10) puntu.

Oharrak:

1. Baloratu beharreko prestakuntza jardueretan, eskola-orduen zatikiak hainbanatu eginen dira.

2. Eskola-orduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei kreditu bateko (1) balorazioa emanen zaie.

3. Ikasturte bateko (1) iraupena agertzen duten ziurtagiriei hamabi (12) kredituko balorazioa emanen zaie.

4. Erakunde antolatzaileari buruzko beharkizunak betetzen ez badituzte ere, Administrazioak agindurik edo oniritzirik eginak diren prestakuntza ekintzetan parte hartzea puntuazio berarekin baloratuko da. Horien artean, espresuki, sindikatuek Administrazio Publikoetako Etengabeko Prestakuntzarako Itunen barruan antolatuak sartuko dira.

2) Biltzar edo jardunaldietan txostenak edo komunikazioak aurkeztea, beka edo saria jaso duten zientzia edo ikerketa lanak egitea eta aldizkari espezializatuetan lanak argitaratzea: hiru (3) puntu, gehienez ere, epaimahaiak baloratu beharrekoa, kontuan hartuz lana edo jarduera pertsona bakar batek edo taldean egina den eta biltzarra edo argitalpena tokikoa, eskualdekoa, naziokoa edo nazioartekoa den.

3) Sektore publikoan prestakuntza ekintzak antolatzea eta/edo halakoetan irakasle gisa parte hartzea: gehienez ere bi (2) puntu, epaimahaiak haien iraupenaren arabera baloratu beharrekoak.

4) Titulazio eta espezialitate akademikoak, deialdian eskatu ez direnak: gehienez ere lau (4) puntu.

5) Doktore edo lizentzia maila, deialdian eskatutako titulazioari buruz: gehienez ere bi (2) puntu.

6) Epaimahaiak baloratu beharreko beste merezimendu batzuk: besteak beste, sektore pribatuko lanak, bekak edo prestakuntza-egonaldiak, edo parte hartzea kontsulta, aholkularitza, partaidetza edo ordezkaritza organoetan: gehienez ere lau (4) puntu.

Oharrak B) atal osorako:

1. Poliziaren eginkizunari lotutako merezimenduak bakarrik baloratuko dira atal honetan. Ez dira inolaz ere baloratuko kidegoan sartzeko eta gora egiteko gaikuntza ikastaroak.

2. Baremoaren b) ataleko puntuazioa hogeita bost (25) puntukoa izanen da, gehienez.

C) Sariak: 2,50 puntu gehienez.

1. Zerbitzu Goraipagarrien plakagatik: 1,25 puntu.

2. Zerbitzu Goraipagarrien dominagatik: 0,75 puntu.

3. Jendaurreko esker onagatik: 0,50 puntu.

4. Esker on pribatuagatik: 0,25 puntu.

D) Hizkuntzak jakitea: gehienez ere hogeita sei koma berrogeita hamar (26,5) puntu.

–Frantsesez, ingelesez edo alemanez jakiteagatik, Europar Batasuneko hizkuntza ofizialak baitira: 5 puntu bakoitzagatik, gehienez ere.

Frantsesa, ingelesa edo alemana merezimendu gisa baloratuko dira plantilla organikoan hala ezarria daukaten plazetan.

–Aurreko atalean ezarritakoaz gain, euskararen ezagutza baloratuko da plazak dauden eremuaren arabera, honako irizpide hauei jarraikiz:

a) Eremu euskaldunean: 11,5 puntu gehienez.

b) Eremu mistoan: 6,9 puntu gehienez.

Eremu mistoan euskara merezimendu gisa baloratuko da plantilla organikoan hala ezarria duten plazetan.

Oharrak D) atal osorako:

Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren C1 mailaren pareko jakite-maila egiaztatzen duen titulu edo ziurtagiria duenari aurreko ataletan hizkuntza bakoitzarentzat ezarritako baloraziorik handiena emanen zaio.

Titulu edo ziurtagiri hori izan ezean, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren A1 mailaren pareko titulu edo ziurtagiri bat izanez gero, gehienez eman daitekeen puntuazioaren 1/5 jasoko da; A2 mailaren parekoa izanez gero, 2/5; B1 mailaren parekoa izanez gero, 3/5; eta, B2 mailaren parekoa izanez gero, 4/5 (edo baliokideak).

Euskara merezimendu gisa baloratzean, Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan gainditutako urrats bakoitzagatik, gehienez eman daitekeen puntuazioaren 1/12 emanen da.

Iragarkiaren kodea: F2509507