15. ALDIZKARIA - 2025eko urtarrilaren 23a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

VALTIERRA

Deialdia, ikastetxeko atezain lanpostu bat lekualdatze-lehiaketa bidez betetzeko

Valtierrako Udaleko Alkatetzaren 2024ko abenduaren 19ko ebazpen baten bidez, Valtierrako "Félix Zapatero" Ikastetxe Publikoko atezain lanpostu bat lekualdatze-lehiaketa bidez betetzeko deialdiaren oinarriak onetsi ziren, honako hauen arabera,

OINARRIAK

1.–Xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da lekualdatze-lehiaketa bidez betetzea Valtierrako "Félix Zapatero" Ikastetxe Publikoko atezainaren lanpostu huts bat, funtzionarioen araubidean eta lanaldi osoan.

1.2. Izendapenaren ondorioz hautatua gertatzen dena Valtierrako Udaleko funtzionario bilakatuko da, ondorio guztietarako, karguaz jabetzen den egunetik hasita, eta alta emanen zaio Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean.

1.3. Lanpostuak izanen ditu Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileei dagozkien D mailako ordainsariak, bai eta plantilla organikoan ezarritako lansari osagarriak ere.

1.4. Urteko lanaldia izanen da Udalaren bulegoetako gainerako langileek duten bera, eta zerbitzuaren beharretara egokituko da; beraz, Udalak noiznahi aldatzen ahalko du.

1.5. Bete beharreko eginkizunak egokituko zaizkie deialdiaren kategoriari eta lanpostuaren mailari, eta, bertzeak bertze, aipamen hutsez eta bertzelakoak baztertu gabe, honako hauek izanen dira:

–Atezainari dagozkion egitekoak beteko ditu, ikastetxean jarduna dagoen orduetan eta eskolaz kanpoko jarduerak egiten direnean.

–Ikastetxe publikoko altzari, makina, instalazio eta lokalak zaintzea.

–Eraikineko, bulegoetako eta ikasgeletako giltzak zaintzea.

–Ikastetxearen kanpoko ateak eta, halaber, geletakoak eta instalazioetakoak irekitzea eta ixtea, garaiz ireki eta itxi ere, bertan egin beharreko jarduerak egiteko.

–Ate nagusian atezaintzako zerbitzuaren arreta orokorra ematea, eskolazaintzako lokalean egotea sarrera-irteerak kontrolatzeko eta ikastetxera doazenei arreta emateko; berandu etortzen diren ikasleak eta hainbat arrazoirengatik ikastetxera joaten den kanpoko jendea hartzea, haien eskaerak jasotzea, eskaera horiei erantzuteko ardura dutenei abisatzea eta informazioa ematea ordutegi orokorraz eta ikastetxearen funtzionamenduari buruzko gainerako kontu guztiez.

–Ikastetxea itxita edukitzeaz arduratzea, zuzendaritzaren arauei jarraikiz, ikasleak ez daitezen kanpora joan behar ez denean, eta sartu beharreko pertsonak sar daitezen.

–Bere esku utzitako dokumentuak, gauzak eta gutunak hartu, zaindu eta banatzea.

–Ikastetxeko telefonoa hartzea eta faxaz arduratzea; abisuak jaso eta haien berri ematea. Iristen diren erosgaiak eta mezuak kontrolatzea, jasotzea eta banatzea.

–Ikastetxe barruan, behar diren materialak, altzariak eta tresnak garraiatzea, gelak prestatzea bilera edo bertzelako jardueretarako, eskola edo kiroleko materiala edo bertzelakoa kontrolatu eta banatzea, eta abar.

–Zerbitzuari loturiko enkarguak egitea, bai eraikinaren barrenean bai kanpoan.

–Erreprodukzioko makinak, fotokopiagailuak, koadernagailuak eta antzeko bertze batzuk erabiltzea, ikastetxeko zuzendaritzak horretarako baimena ematen duenean .

–Egitea fotokopiak, erreprografiako enkarguak eta azaleztapen edo koadernatze txikiak, bai zuzendaritza-taldeak eskatuta bai irakasleek eskatuta.

–Administrazioko eremuaren eta liburutegiaren mantentze-lanak egitea sistematikoki, ordenari eta eraginkortasunari dagokienez (alarmak, ordutegiaren programatzailea, botika-kutxa, fotokopiagailuak, orriak, kartulinak, gillotina, plastifikagailua, paperontziak, erremintak, eta abar).

–Ikastetxeko instalazioak sistematikoki aztertzea eta kalte edo anomalien berri ematea zuzendaritza-taldeari eta horiek Mantentze-lanen liburuan idaztea (entxufeak, etengailuak, lanparak eta ekipamendu elektrikoa oro har, patioetako hiri altzariak, jolaserakoak, iturriak, komunak, eta abar).

–Alarmaren eta ordutegiaren programazioaren sistema kontrolatzea.

–Berokuntza sistemaren programazioa kontrolatzea.

–Eraikineko eta eskola barrutiko sarrera eta irteera ateen funtzionamendu egokia egiaztatzea sistematikoki. Haien mantentze-lanak (giltzarrapoak, bisagrak, sarrailak eta izuaren kontrako barrak). Doitu eta koipeztatzea.

–Atzemandako matxurak edo gabeziak konpondu edo lehengoratzea eta zuzendaritza taldeari jakinaraztea, bai eta Mantentze-lanen liburuan jasotzea ere.

–Kasu egin eta laguntzea eskolan aritzen diren gremioetako langileei informatika, elektrizitate, igeltserotza, lorezaintza eta bertze lan batzuetan.

–Zaintzea higiene zerbitzuek egokiro funtzionatzen dutela eta zuzen erabiltzen direla; behar denean garbiketa puntualak egitea, eta paperak eta behin erabiltzeko bertze gai batzuk ipintzea, gastatzen direnean.

–Eskolako patioen, haur jokoen eta iturriaren ohiko garbiketa egitea, paperontziak, eta abar garbitzea eta zaborra edukiontzietara eramatea, beharra dagoenean.

–Ikastetxe barruko eta eraikinaren kanpoaldeko landareak zaindu eta ureztatzea; lorategiak ureztatzea eta zaintzea, barnean dela eskola barrutian diren heskaiak kimatzea eta belarra moztea.

–Eskolako altzariak eta lokalak garbitzea, edozein arrazoirengatik zikintzen direnean eta berehala garbitzea premiazkoa denean.

–Botika-kutxaz arduratzea eta istripua izandako haurrei laguntzea, istripuaren berri emanez osasun zerbitzuei, tutoreei, familiei eta abarri, beharra badago.

–Ikastetxeko zuzendaritza-taldeak edo, kasua bada, udal zerbitzuek ikastetxea oro har zaintzeko eta mantentzeko egiten dizkioten oharrei kasu egitea, bai eta eginkizunen banaketari dagokionez agindutakoa ere, kontuan izanik haien egokitasuna, ordutegia eta baldintzak eta, orobat, ikastetxeko zuzendaritzak ezartzen dituen eguneroko errutinak gauzatzea, aurreko betebehar guztiak hobeki betetzeko.

2.–Aplikatzekoa den araudia.

Honako arau hauek beteko dira lekualdatze-lehiaketa honetan: abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina; azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretuaren 10. artikulua (foru lege horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua); aplikatzekoak diren gainerako arauak, eta jarraian ematen diren oinarriak.

3.–Lanpostu hutsen kopurua handitzea.

Deialdi honetako lanpostuen kopurua ondoren handitzen ahalko da; hain zuzen ere, gehitzen ahal diren lanpostuak dira hutsik daudenak, epaimahaiak deialdia egin duen organoari lehiatzaileen zerrenda –lortutako puntuen hurrenkeraren araberakoa– igortzen dion egunean.

4.–Baldintzak.

Indarrean dagoen araudian xedatutakoaren arabera, deialdi honetan parte hartu ahal izateko bete behar dira honako baldintza hauek, eskabideak aurkezteko epearen azken egunean eta izendapenaren egunetik adjudikatutako lanpostuaz jabetu arte:

a) Valtierrako Udaleko langile finkoa izatea (funtzionarioa edo lan-kontratudun finkoa), jardunean, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian.

b) D maila edo taldekoa izatea.

c) Orobat, deialdian parte hartzen ahalko dute, baldin baldintzak betetzen badituzte, lanpostu erreserbarik gabe borondatezko eszedentzian daudenek, edo nahitaezko eszedentzian daudenek, baldin administrazio egoeran gutxienez ere urtebetez egon badira: gisa horretara jardunera itzuliko dira, lanpostu baten behin betiko adjudikazioa lorturik.

Lehiaketa honetan parte hartzeak ez du inola ere ekarriko parte hartu aurretik lehiakideek zuten araubide juridikoa aldatzea.

5.–Eskabideak aurkezteko epea eta tokia.

5.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Valtierrako Udaleko erregistro orokorrean aurkeztu beharko dira (Foruen Plaza 1), 10:00etatik 13:30era, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako edozein baliabideren bidez, 15 egun naturaleko epean, interesdunari jakinarazten zaion egunaren biharamunetik hasita.

Halaber, parte hartzeko eskabidea telematika bidez aurkezten ahalko da, Valtierrako Udalaren erregistro orokor elektronikoan. Erregistro hori Valtierrako Udalaren egoitza elektronikoan dago:

https://valtierra.sedelectronica.es

Kasu horretan, parte hartzeko berariazko eskabideak eta behar diren gainerako agiriak aurkezteko, erabil daiteke erregistro orokor elektronikoan artxiboak eransteko ezarrita dauden formatuetatik edozein. Eskabidea aurkezten bada 39/2015 Legean ezarritako bertze erregistroren batean, eta eskabideak aurkezteko ezarritako epearen barnean, ayuntamiento@valtierra.es helbide elektronikora igorriko da deialdian parte hartzeko eskabidea, eta adieraziko da zer erregistrotan aurkeztu den dokumentazio osagarria. Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal ireki batean aurkeztu behar da, postako langileek data eta zigilua jar diezazkioten eskabideari, hura ziurtatu aurretik.

Eskabideak deialdi honetan argitaratutako ereduari lotuko zaizkio, eta haietan izangaiek adierazi beharko dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epearen muga-egunean.

Eskabideak aurkezteko epea luzaezina izanen da.

5.2. Eskabidearekin batera, aurkeztuko dira alegatzen diren merezimendu guztien frogagiri autentifikatuak (betiere deialdi honetan ezarritako baremoaren arabera), salbu Valtierrako Udalean egindako zerbitzuen frogagiriak, horiek zuzenean igorriko baitizkio epaimahaiari deialdia egin duen organoak.

6.–Onartuen behin-behineko zerrenda eta erreklamazioak.

Eskabideak aurkezteko epea bukaturik, Valtierrako Udaleko alkateak ebazpen bat emanen du, izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko. Orobat, ohartaraziko du hurrengo bortz egun naturaleko epean baztertuek erreklamazioak egiten ahalko dituztela eta, akatsik egin badute, haiek zuzendu.

Ezarritako epean eskabiderik aurkezten ez bada, Valtierrako Udaleko alkateak lehiaketa bete gabe gelditu dela deklaratzen duen ebazpena emanen du. Ebazpen hori interesdun guztiei jakinaraziko zaie.

Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda, eta modu berean argitaratuko da.

Erreklamazioak egiteko epea amaituta eta horiek ebatzirik, Valtierrako Udaleko alkatetzak onartuen behin betiko zerrenda onetsiko du, eta interesdunei jakinarazteko ere aginduko du.

7.–Epaimahaiko kideak.

Lehiaketa kalifikatuko duen epaimahaiak honako kide hauek izanen ditu:

Epaimahaiburua: Manuel Resa Conde, Valtierrako Udaleko alkatea.

Ordezko epaimahaiburua: Alfonso Pérez Hualde, Valtierrako Udaleko lehen alkateordea.

Epaimahaikidea: Ana Belén Landa Elizalde, Valtierrako Udaleko kontu-hartzailea, langileen ordezkariek izendatua.

Ordezkoa: Blanca Esther Pérez Rodrigo, Valtierrako Udaleko administrari-ofiziala, langileen ordezkariek izendatua.

Epaimahaikide idazkaria: Javier San Miguel Puig, Valtierrako Udaleko idazkaria.

Epaimahaia eratu beharko da izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratu ondoko bortz egunean.

Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak aplikatzerakoan sortzen diren auzi guztiak.

Baldin gertatzen bada administrazio prozeduraren arauetan abstentziorako jasotako arrazoiren bat, kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta hori jakinarazi, deialdia egin duen organoari. Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea egoera horietako bat gertatzen denean.

8.–Merezimenduen kalifikazioa.

Epaimahaiak izangaien merezimenduak baloratuko ditu, honako baremo honen arabera:

a) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak: 30 puntu gehienez.

b) Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta bertze merezimendu batzuk: 10 puntu gehienez.

Epaimahaiak II. eranskineko baremoaren arabera kalifikatuko eta puntuatuko ditu izangai bakoitzak aurreko bi apartatuei dagokienez alegatutako eta frogatutako merezimenduak.

Deialdiaren 5.b) oinarrian xedatutakoarekin bat, merezimendu guztiak agiri bidez alegatu eta frogatuko ditu izangai bakoitzak lekualdatze-lehiaketa honetan parte hartzeko eskabidea aurkeztean. Salbuespen bakarra Valtierrako Udalean egindako zerbitzuak izanen dira, organo dei-egileak epaimahaiari zuzenean igorriko baitizkio horren frogagiriak.

Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du puntuazio handiagorik eman, apartatu bakoitzean adierazitako gehieneko puntuazioa baino.

Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu, lehiakideek alegatutako eta frogatutako merezimenduez.

Guztirako puntuazioan berdinketarik gertatuz gero, administrazio publikoetan antzinatasun handiena dutenen alde eginen da. Hala ere berdinduta segitzen badute, lehiakide zaharrenari emanen zaio lehentasuna.

Lehiaketako elementuak baloratu ondoren, epaimahaiak interesdunei jakinaraziko dizkie parte-hartzaileen puntuazioak, eta bortz eguneko epea emanen du, interesdunek alega dezaten beren eskubidearen arabera komeni zaiena, balorazio horri buruz.

9.–Izangaien zerrenda, lortutako puntuazioaren araberakoa.

Behin aurkeztutako erreklamazioak ebatzi ondoan, kalifikazio-epaimahaiak parte-hartzaile guztiei behin betiko puntuazioak jakinaraziko dizkie, eta Valtierrako Udaleko alkateari igorriko dio lehiatzaileen zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera ordenaturik, espediente osoarekin batera, behar den ebazpena eman dezan hasieran deitutako lanpostuen kopurua handitzeari dagokionez.

Aurreko paragrafoan aipatutako ebazpenaren jakinarazpena jaso ondoren, epaimahaiak proposamena eginen dio deialdia egin duen organoari, eskatzen den gutxieneko puntuazioa gainditu duten izangaiak izendatzeko, hain zuzen ere, deialdiko lanpostu kopurua betetzeko adina, barnean harturik aurreko paragrafoan aipatutako handitzearen ondoriozkoak, halakorik bada.

10.–Esleitzea eta lanpostuaz jabetzea.

Alkateak, ebazpen baten bidez, dagozkien lanpostuak esleituko dizkie lehiatzaileei, eta aginduko du esleipen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila.

Izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hamar egun naturaleko epearen barnean jabetu beharko dute proposatutako lehiatzaileek esleitutako lanpostuez, salbu deialdia egin duen organoak jabetza hartzeko bertze data bat ezartzen badu ebazpen horretan.

11.–Datuen babesa.

Bat etorriz 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikuluan ezarritakoarekin (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, DBEO), izangaiei honako hauek jakinarazten zaizkie:

–Valtierrako Udala da izangaiek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna.

–Datuen tratamenduaren helburua da langileak hautatzea eta deialdiko lanpostua betetzea.

–Hona oinarri juridikoa: DBEOren 6.1.c) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, tratamenduaren arduradunari aplikagarria zaion lege-betebeharra betetzeko), eta DBEOren 6.1.b) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, interesduna parte den kontratu bat gauzatzeko edo interesdunaren eskariz kontratuaren aurreko neurriak aplikatzeko).

–Datuak zer helburutarako bildu diren, helburu hori lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehazteko beharrezkoa den denbora guztian ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako toki-erakundeen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).

–Datuen komunikazioa eginen da legeak ezarritako kasuetan (5/2015 Errege Lege Dekretua, urriaren 30ekoa), barnean direla iragarki-taulan eta gardentasunaren atarian argitaratzea, bat etorriz 5/2018 Foru Legearen 19.2.f artikuluarekin.

–Titularrek eskubidea izanen dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetara joaz. Halaber, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan (aepd.es), uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin.

12.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka eta oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza burutu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, hura jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zeina zuzendu behar baitzaio Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Valtierran, 2025eko urtarrilaren 13an.–Alkatea, Manuel Resa Conde.

I. ERANSKINA.–MEREZIMENDUAK BALORATZEKO BAREMOA

a) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak (30 puntu gehienez).

1. Edozein administrazio publikotan deialdian eskatutako maila/talde bereko lanpostuetan egindako zerbitzuak, titulazio bera eskatu bada: 1,50 puntu urte bakoitzeko.

2. Edozein administrazio publikotan aurreko horiek ez bezalako lanpostuetan egindako zerbitzuak: 0,40 puntu urte bakoitzeko.

b) Prestakuntza, irakaskuntza eta ikerketa eta bertze merezimendu batzuk (10 puntu gehienez).

1. Administrazio publikoek, erakundeek edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako prestakuntza ekintzetan parte hartzea: 0,10 puntu emanen dira ordu bakoitzeko edo kreditu akademikoaren baliokidea den ordu kopuru bakoitzeko (kreditu akademiko bat = 10 eskola-ordu), eta gehienez ere 10 puntu.

Oharrak:

a) apartatua:

1. Urteen kopurua osoa ez bada, emanen da zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa.

2. Lanaldi partzialean egindako zerbitzuen kasuan, behar den zatia kenduko da.

3. Ez dira baloratuko deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak.

4. Bertze zerbitzu batzuekin aldi berean egindako zerbitzuen kasuan, puntuaziorik handiena dutenak bakarrik baloratuko dira.

5. Langile funtzionarioa edo lan-kontratudun finkoa zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egon bada, edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan aritu bada, aldi horietako zerbitzuak kontatzeari dagokionez, egoera horietan sartzean zeukan lanpostuan egin izan balitu bezala kontatuko dira.

6. Gehienez 30 puntu emanen dira a) apartatu honetan.

b) apartatua:

1. Baloratu beharreko prestakuntza-ekintzen ondoriozko eskola-orduen zatikiak ez dira ez puntuatuko, ez hainbanatuko.

2. Eskola-orduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei ordu baten balorazioa emanen zaie.

3. Ikasturte akademiko bateko iraupena agertzen duten ziurtagiriei 12 kredituren balorazioa emanen zaie; hau da, 120 ordurena.

4. Puntuazio berarekin baloratuko da Administrazioak agindutako edo baliozkotutako prestakuntza ekintzetan parte hartu izana, nahiz eta erakunde antolatzaileari dagozkion baldintzak ez bete. Horien artean, espresuki sartuko dira sindikatuek administrazio publikoetako etengabeko prestakuntzarako itunen barnean antolatutakoak.

5. Titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak ez dira apartatu honetan baloratuko, ez unibertsitatekoak, ez unibertsitateaz kanpokoak.

6. Apartatu honetan, merezimenduak baloratuko dira soilik baldin zerikusi zuzenik badute deialdiko lanpostuarekin.

7. Gehienez ere 10 puntukoa izanen da b.1) apartatuaren puntuazioa.

Iragarkiaren kodea: L2500435