15. ALDIZKARIA - 2025eko urtarrilaren 23a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

ARTAXOA

Deialdia, lan-kontratazioarekin familia-langilearen lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko

Osoko bilkuraren 2024ko abenduaren 12ko erabaki baten bidez, deialdi bat onetsi zen, honako oinarri hauei jarraikiz,

OINARRIAK

1. oinarria.–Deialdiaren xedea eta arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da oposizio-lehiaketa bidez betetzea familia-langilearen lanpostu bat, lan-kontratuduna, %66ko lanaldian, Artaxoako Udalaren zerbitzura arituko dena eta destinoa Artaxoa aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzua izanen duena.

Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da.

1.2. Orobat, deialdi honen xedea da zerrenda bat sortzea, hautaketa-prozesuan lanposturik lortzen ez duten izangaiekin, lanpostuak aldi baterako betetzeko, zerbitzuan sortzen diren beharren arabera. Hori dena, 9. oinarrian ezarritakoarekin bat.

Zerrenda hori indarrean egonen da zerrenda berriak eratu arte.

1.3. Lanpostuak izanen ditu E mailarako ezarritako ordainsariak, bai eta lanpostuarekin lotutako ordainsari osagarri bat ere, %14,77koa.

1.4. Plazaren titularrak bete beharko ditu dagozkion lanak eta eginkizunak, hau da, deialdiaren xede den lanpostuaren kategoriari dagozkionak eta familia-langilearen lanpostuaren zereginei dagozkienak.

1.5. 30 laneguneko probaldia ezartzen da.

1.6. Lan hori egiteko, eskuratzen ahal ditu egoiliarren datu pertsonalak, osasunari buruzkoak barne, eta baimena izanen du fitxategiak dauden tokietara sartzeko. Une oro konfidentzialtasuna gordeko du datu pertsonalei buruz eta egindako lanei esker jasotzen duen informazio guztiei buruz (egoera fisikoa, prozesu patologikoak, egoiliarren familia-egoera eta abar). Daukan informazioa erabiltzen ahal du soilik lanpostuko beharkizun eta beharretarako, eta ezin izanen du erabili lanekoaz besteko helburuetarako, ez eta hirugarrenei komunikatu ere. Konfidentzialtasunaren betebeharra mugagabea da.

1.7. Deialdiaren xede den lanpostuaren kategoriarako eta familia-langilearen lanposturako egokiak diren lanak eta eginkizunak beteko dira.

2. oinarria.–Baldintzak.

Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek honako betebehar hauek bete beharko dituzte:

–Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

–Espainiar nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo, Europako Erkidegoak sinatu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen batekoa. Era berean, parte hartzen ahal dute espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, baldin zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek parte hartzen ahal dute, baldin zuzenbidez bananduta ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo, adin horretatik gorakoak izaki, haien kontura bizi badira.

–Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete beharreko eginkizunetan aritzeko.

–Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eskola-ziurtagiria edo baliokidea izatea, edo titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina izatea.

–Atzerrian lortutako tituluak baldin badira, homologazioaren frogagiria eduki beharko da.

–Desgaitua edo gabetua ez egotea eginkizun publikoetan jarduteko, eta ez egotea administrazio publiko baten zerbitzutik kendua, ez eta diziplinaz kaleratua ere.

–B motako ibilgailuak gidatzeko baimena izatea eta autoa edukitzea.

–Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek aurkeztu beharko dute zinpeko deklarazio bat edo hitzematea, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik, galarazten dienik beren estatuko funtzio publikoan sartzea.

Baldintza horiek guztiak agiri bidez frogatu beharko ditu bai plaza betetzeko izendatutakoak, bai aldi baterako kontrataziorako deia jasotzen dutenek, adierazten zaien unean, kontratua formalizatu aurretik.

Salbu aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan, aipatutako agiri horiek aurkezten ez dituztenak, ezin izanen dira funtzionario izendatu, plaza bete behar badute, edo kontratatu. Ordura arteko haien jarduketa guztiak baliorik gabe geldituko dira, deusetan galarazi gabe dagokien erantzukizuna parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik.

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira aurreko baldintzak, eta bete beharko dira hautaketa-prozesuak, izendapenak eta kontratazioak iraun bitartean ere.

3. oinarria.–Eskabideak.

3.1. Eskabideak aurkezteko epea.

Deialdian parte hartzeko eskabideak hogeita hamar egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

3.2. Eskabidea aurkeztea eta formalizatzea.

Hautaketa-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek eskabidea aurkeztu behar dute Artaxoako Udalaren Erregistro Orokorrean, edo, bestela, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bideetako edozein erabiliz (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea), jarraikiz I. eranskinean jasotzen den eskabide ereduari.

Desgaitasuna izanik, izangaiek egokitzapenen bat eskatzen badute probak egiteko denboretan eta baliabideetan, hala adierazi beharko dute eskabidean, eta, horretarako prestatutako tokian, adierazi beharko dute zer egokitzapen behar duten, edo nola doitu behar diren denbora eta/edo baliabideak. Horretarako, izangaiak egokitzat jotzen duen dokumentazioa aurkez dezake, eskabidea aurkeztean.

3.3. Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Honako hauek erantsi behar zaizkio eskaerari:

–Nortasun Agiri Nazionalaren edo balio bereko beste agiri baten fotokopia.

–Deialdi honen 2. oinarrian eskatutako titulazioaren fotokopia arrunta, edo parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako hura lortzeko moduan egotea frogatzen duen ziurtagiria.

–Alegatzen diren merezimendu guztien zerrenda eta haien frogagiri jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak, deialdiaren 6. oinarrian ezartzen denari jarraikiz.

–Probak egokitzeko eskatzen bada, desgaitasunaren arrazoiak zehazten dituen agiria, eskatzen diren egokitzapenak eta alegatzen den desgaitasuna frogatzen duten agiriak.

4. oinarria.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Alkatetzak ebazpen bat emanen du, onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian.

4.2. Behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea iraganik eta horiek ebatzita, Alkatetzak ebazpen bat emanen du, onesteko onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda, eta aginduko du argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian.

Behin betiko zerrenda onesteko ebazpen berean zehaztuko dira 6. oinarrian jasotako probak hasteko tokia, eguna eta ordua.

4.4. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen-prozesua gainditu ondoren, izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean, egiaztatzen baldin bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak, galarazi gabe faltsukeria dela-eta dagozkien erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

Izangai onartu eta baztertuen zerrendak argitaratzearekin, egintzat joko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluan ezarritako ondorioetarako (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).

5. oinarria.–Kalifikazio-epaimahaia.

5.1. Hauek izanen dira kalifikazio-epaimahaiko kideak:

–Epaimahaiburua: Juan Ramón Elorz Domezain, Artaxoako Udaleko alkatea eta Artaxoa aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko burua.

Ordezkoa: izendatu beharrekoa.

–1. epamahaikidea: María Carmen Chocarro Arrondo, Artaxoa aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko gizarte-langilea.

Ordezkoa: izendatu beharrekoa.

–2. epaimahaikidea: Francisca Maeztu Eraso, Artaxoa aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko gizarte-langilea.

Ordezkoa: izendatu beharrekoa.

–3. epaimahaikidea: Esther Beiras Guillén, Artaxoa aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko familia-langilea (udalaren etxeko laguntza-zerbitzua).

Ordezkoa: izendatu beharrekoa.

–4. epaimahaikidea: Eva María Mainz Petroch, udal-idazkaria, edo legearen arabera hura ordezten duena.

Ordezkoa: hark eskuordetza ematen diona.

5.2. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote eta Artaxoako Udalari hala jakinarazi, baldin suertatzen badira urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako ezarrita dauden arrazoiak (lege horrek hizpide du sektore publikoaren araubide juridikoa).

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, baldin egoera horietako bat gertatzen bada.

Epaimahaia aldatzen bada, abstenitzeko eta errekusatzeko ezarritako arrazoiak direla-eta, horren berri emanen da izangai onartu eta baztertuen zerrendekin batera.

5.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, gutxienez ere kideen gehiengo osoa bertan ez bada.

Halaber, epaimahaiaren eraketak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek egon beharko dute bertan.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazio eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, laguntzeko proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6. oinarria.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoa.

Hautaketa-prozesua bi urratsetan gauzatuko da, hurrenez hurren; lehenbizi, lehiaketaldia, eta bigarrenik, oposizioaldia. Oposizio-lehiaketan, guztira, 100 puntu lortzen ahal dira.

6.1. Lehiaketaldia.

6.1.1. Merezimendu guztiak agiri bidez frogatu behar dituzte izangaiek, deialdian parte hartzeko eskabidea aurkeztean, 3.3 oinarriak dioen bezala, horretarako erabiliz jatorrizko agiriak edo behar bezala konpultsatuak. Bestela, ez dira kontuan hartuko.

6.1.2. Kalifikazio-epaimahaiak deialdiko baremoaren arabera kalifikatuko eta puntuatuko ditu alegatutako eta frogatutako merezimenduak.

6.1.3. Agiriek eduki beharko dute aipatutako baremoa aplikatzeak eskatzen duen informazio guztia. Ez dira kontatuko justifikatzen ez diren merezimenduak.

Epaimahaiak noiznahi eskatzen ahalko ditu azalpenak eta datu osagarriak, lehiakideek alegatutako merezimenduen gainean.

6.1.4. Lehiaketaldiak 30 puntuko balorazioa izanen du gehienez. Honela banatuko dira puntuak:

1.–Prestakuntza (gehienez ere 5 puntu).

  • Gizarte eta osasun laguntzako titulua eta/edo Erizaintzako laguntzaile titulua izatea; gizarte erakundeetan mendeko pertsonei gizarte eta osasun laguntza emateko lanbide ziurtagiria izatea (SSCS0208 kodea) eta/edo gizarte eta osasun laguntza etxean ematekoa (SSCS0108 kodea): 5 puntu.

2.–Emandako zerbitzuak (lan-esperientzia, 25 puntu gehienez).

  • Familia-langilearen lanpostuan aritzea Artaxoa aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko etxeko laguntza zerbitzuan: 4 puntu urteko. 20 puntu, gehienez.
  • Familia-langilearen lanpostuan aritzea toki-entitateen etxeko laguntza zerbitzuan: 2 puntu urteko. 10 puntu, gehienez.
  • Egoitza geriatrikoan, osasun-zentroan edo antzekoetan arreta soziosanitario, erizaintzako laguntzaile edo zaintzaile gisa emandako zerbitzuak: 1 puntu urteko. 10 puntu, gehienez.

6.1.5. Epaimahaiak bere iritzia arrazoituz baloratuko ditu izangai bakoitzaren kasuan egokitzat jotzen dituen merezimenduak. Epaimahaiak ez du inoiz aintzat hartuko izangaiak alegatu eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du eman atal bakoitzerako ezarritako puntuazioa baino handiagorik.

6.1.6. Merezimenduak baloratutakoan, emaitzak argitara emanen dira udaletxeko iragarki-taulan, eta Interneten ere kontsultatzen ahalko dira, web-orrian (www.artajona.net).

6.2. Oposizioaldia.

6.2.1. Alkatetzak ebazpen bat emanen du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta ebazpen horretan zehaztuko dira oposizioko lehenbiziko proba egiteko tokia, eguna eta ordua.

Oposizioaldiko proba bakoitza zuzendu ondoren, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Artaxoako Udalaren web-orrian eta iragarki-taulan, gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioekin, eta, halaber, hurrengo proba egiteko tokia, eguna eta ordua, gutxienez 48 ordu lehenago.

Oposizioaldiko proba bakoitzerako dei bakarra eginen da, eta izangaiek aldean eraman beharko dute nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena.

Oposiziotik baztertuko dira iragarritako egunetan, orduetan eta tokietan agertzen ez diren izangaiak edo aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.

6.2.2. Oposizioaldiko probak honako oinarri honetan zehaztutakoak izanen dira, eta deialdiko II. eranskinean zehazten den gai-zerrendako gaiei buruz eta ordena berean eginen dira.

Gai guztiak eskatuko dira deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarrean den araudiaren arabera.

Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenentzat, denbora eta baliabideen aldetik, eskabidean hala eskatu badute.

6.2.3. Oposizioan 70 puntu lortzen ahalko dira gehienez, eta ariketa hau izanen du:

Proba teorikoa izanen da, eta hartan idatziz erantzun beharko zaie test motako hainbat galderari, II. eranskinean agertzen diren gaiei buruz. Zenbait aukera eskainiko dira galdera bakoitzari erantzuteko, baina bakarra izanen da zuzena. Ongi erantzundako galdera bakoitzari 1 puntu emanen zaio, eta erantzun oker bakoitzagatik 0,25 puntu kenduko dira. Erantzun gabe utzitako galderak ez dira puntuatuko, eta haiengatik ez da punturik kenduko.

6.3. Ariketa gutun-azal itxien sistemaren bidez eginen da.

6.4. Epaimahaiak ariketa hasterakoan adieraziko du izangaiek zenbat denbora izanen duten proba bakoitza egiteko.

6.5. Genero-indarkeriaren biktima izan direnek arriskurik izan ez dezaten, eta bete beharrez abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoa (lege horrek hizpide ditu genero-indarkeriaren aurka oso-osoko babesa emateko neurriak), bermatuko da biktimen datu pertsonalak babesten direla administrazioko egintzak argitaratzean eta jakinaraztean, eta, oro har, hautaketa-prozesu osoan.

6.6. Hiru egun baliodun izanen dira proben edukiari buruzko alegazioak jartzeko, zenbatzen hasita ariketa egin den egunaren biharamunetik edo, test motako ariketaren kasuan, erantzun zuzenen plantilla argitaratzen den egunaren biharamunetik. Test motako ariketari buruzko alegazioei dagokienez, epaimahaiak aztertuko ditu, eta ebatzitzat eta erantzuntzat joko dira aldatutako erantzunen txantiloia argitaratzearekin bat edo, hala badagokio, probaren kalifikaziotik ondorioztatzen den erabakiarekin.

6.7. Soilik hiru egun balioduneko epean onartuko dira azterketak berrikusteko eskabideak, ariketako kalifikazioak argitaratu eta biharamunetik hasita.

6.8. Berdinketarik gertatuz gero, joko da oposizioaldiko bigarren ariketan puntuazio handiena lortu dutenen alde. Berdinduta jarraituz gero, kontuan hartuko da deialdi honen 6. oinarriko bigarren eta lehen ariketetan ateratako puntuazioa (ordena horretan), eta, azkenik, berdin jarraituz gero, jendaurreko zozketa eginen da.

7. oinarria.–Probak gainditu dituztenen zerrenda eta izendapen proposamena.

7.1. Hautaprobak bukaturik, kalifikazio-epaimahaiak Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian jarriko du probak gainditu dituztenen zerrenda, oposizio-lehiaketan lortutako kalifikazioekin, eta lortutako puntuazioaren arabera ordenaturik. Gero, zerrenda hori Alkatetzari igorriko dio, probak puntuazio altuenarekin gainditu dituen izangaia izendatzeko proposamenarekin eta espediente osoarekin batera.

Halaber, probak gainditu dituzten izangaien zerrenda igorriko dio, aldi baterako kontratazioetarako zerrenda eratzeko. Izan ere, zerrenda hori erabiliko da, indarrean dagoen bitartean, egitekoak diren kontratazioetarako. Urtebeteko indarraldia izanen du, eta 4 urtez luzatzen ahalko da gehienez.

Izendatzeko proposamen hori argitaratuko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean, iragarki-taulan eta Udalaren webgunean.

7.2. Proposatzen den izangaiak honako dokumentu hauek aurkeztu beharko ditu, izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta 30 egun naturaleko epearen barnean:

–Nortasun agiri nazionalaren fotokopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta identitatea frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

–Deialdiaren 2. atalean eskatzen diren tituluetako baten fotokopia, edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu dituela frogatzen duen gordekinarena, edo, bidezkoa denean, eskaerak aurkezteko epea bukatu aurretik titulua eskuratzeko moduan zegoela frogatzen duen ziurtagiria.

–B motako gidabaimenaren fotokopia.

–Txosten medikoa, frogatzen duena ez duela eritasun nahiz akats fisiko edo psikikorik, eragozten dionik karguaren eginkizunak betetzea.

–Zinpeko deklarazioa edo deklarazio solemnea, adierazten duena ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela kendua izan administrazio publiko baten zerbitzutik.

–Zin egitea edo hitzematea errespetatuko duela Nafarroako Foru Araubidea, men eginen diela Konstituzioari eta legeei, eta zuzen beteko dituela karguari dagozkion eginkizunak.

–Desgaitasuna alegatu duten izangaiak. Desgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria, balorazio eta orientazio talde eskudunek ofizioz egina. Frogagiri hori espedienteari erantsiko zaio.

7.3. Epe horren barrenean, eta aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, agiri horiek aurkezten ez dituena ezin izanen da izendatu, eta ordura arteko egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, galarazi gabe bere eskaeraren faltsukeria dela-eta legokiokeen erantzukizuna.

7.4. Aurreko atalean aurreikusitako kasuan, prozesua gainditu duten izangaien zerrendan hurrengoa den izangaiarekin beteko da baja, eta horrekin ere aurreko ataletan adierazitako prozedura bera erabiliko da.

7.5. Deialdi honen xede diren lanpostuetarako baldintzak eta betebeharrak frogatzeko agiriez gainera, Alkatetzak besteren bat eskatu nahi izanez gero, proposatzen den izangaiari eskatu beharko dio, eta horrek deialdi honetan ezarritako moduan aurkeztu beharko du.

8. oinarria.–Izendapena, lanpostu hutsaren esleipena eta jabetza hartzea.

8.1. Alkateak aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duen izangaia Artaxoako Udaleko langile izendatuko du, familia-langilearen lanpostuan aritzeko Artaxoa aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzura.

8.2. Izendapenak eta lanpostuaz jabetzeak nominako eta plantillako lan-kontratudun langile bilakatuko du izendatua, Artaxoako Udalaren zerbitzuko funtzionarioen arloan indarra duten xedapenetan Artaxoa aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuan aritzeko ezartzen diren eskubide eta betebehar guztiekin. Izendapena Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean afiliatuko da eta bertan alta emanen zaio, aurreikusitako babes araubidean.

8.3. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, kontuan izanik argitalpen horrek izanen dituela jakinarazpenaren ondorio berberak, hala ezartzen baitu 45. artikuluan Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak.

8.4. Izendatutako izangaiak hilabeteko epean hartu beharko du lanpostuaren jabetza, izendapena jakinarazten zaionetik hasita.

Emandako epean, eta ezinbesteko kasuetan salbu, jabetza hartzen ez duenak eskubide guztiak galduko ditu Artaxoako Udaleko langile izateko. Halakorik gertatuz gero, jarraituko zaio deialdiaren 7.4 apartatuan ezarritakoari.

9. oinarria.–Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrenda.

9.1. Izangaien zerrenda bat eratuko da, aldi baterako kontratazioak egiteko, eta zerrenda horretan egonen dira hautaketa-prozesuan parte hartu eta gainditu bai baina plazarik eskuratu ez dutenak; hori dena, jarraikiz Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluari eta oinarri honetan ezarritako prozedurari.

9.2. Alkatetzaren ebazpen bidez onetsiko dira gainditu bai baina plazarik gabe gelditu direnen zerrenda eta zerrenda hori kudeatzeko arauak.

9.3. Izangaiei deitu eta, kasua bada, haiek kontratatzerakoan, jokatuko da jarraikiz abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuari; legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina.

9.4. Kontrataziorako deitzen diren izangaiek baizik ez dituzte ekarri beharko deialdian eskatzen diren baldintzak betetzen direla frogatzen duten ziurtagiriak, kontratua formalizatzen denean ekarri ere, kopiak aurkeztuta.

9.5. Eskatutako baldintzak bete beharko dira sarrera-prozedurarako eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta, orobat, prozedura horrek eta kontratazioaldiak iraun bitartean.

9.6. Eskatutako agiriak aurkezten ez dituzten izangaiek (aski justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik) eta eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenek galduko dituzte deialdian parte hartzetik eratorritako eskubide guztiak; betiere, galarazi gabe parte hartzeko eskaera faltsutzeagatik legokiekeen erantzukizuna.

9.7. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan agertzeak ez du esan nahi interesdunei onartzen zaienik betetzen dituztela deialdian eskatutako baldintzak; izan ere, horiek frogatu beharko dituzte oinarri honetan adierazten den moduan.

10. oinarria.–Errekurtsoak.

10.1. Deialdiaren, oinarrien eta hura aplikatzeko egintzen aurka, hautara, errekurtso hauetako bat jar daiteke:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zeina zuzenduko baitzaio Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den erabakia argitaratzen edo egintza jakinarazten denetik hasita.

10.2. Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

I. ERANSKINA.–ESKABIDE EREDUA

https://administracionelectronica.navarra.es/AccesoFicheros/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/005C_Local_concurso_oposic_E.pdf

II. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA

1.–Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legea. Eskubide eta betebeharrak (6. artikulutik 8.era bitarteko artikuluak). Funtzioak eta programak (30. eta 31. artikuluak). Gizarte Zerbitzuetako profesionalak (62. artikulutik 64.artikulura).

2.–32/2013 Foru Dekretua, maiatzaren 22koa, Gizarte Zerbitzuei buruzko Foru Legea, oinarrizko gizarte zerbitzuen programa eta finantzaketa arloan garatzeko erregelamendua onesten duena. Mendekotasuna dutenei arreta emateko eta haien autonomia sustatzeko programaren edukia (5. artikulua).

3.–Autonomia pertsonala sustatzeari eta mendetasun egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legea: Autonomiarako eta mendekotasunaren arloko laguntzarako sistemaren prestazioak eta zerbitzuen katalogoa (13. artikulutik 25.bis artikulura).

4.–Ordenantza eredua, Nafarroan udalen etxez etxeko laguntza zerbitzuak arautzen dituena (1. artikulutik 8.era).

5.–Zer da ELZ (etxeko laguntza-zerbitzua)? Definizioa, helburuak, printzipioak, ezaugarriak eta filosofia.

6.–Etxeko laguntza-zerbitzuan indarkeria- edo jazarpen-egoera baten aurrean jarduteko protokoloa. Etxeko laguntza-zerbitzuan indarkeria- edo jazarpen-egoera bati aurrea hartzeko eta aurre egiteko gomendioak. Jazarpen egoera baten aurrean jarduteko protokoloa.

7.–Familia-lanean jarduteko protokoloa: Jarduteko protokoloa erabiltzailea erortzen bada eta erabiltzaileak atea irekitzen ez badu. Dementzia duten pertsonekin jarduteko protokoloa.

8.–Autonomia-programak kontuan hartzen dituen gizarte-egoerak/ Erabiltzaileen profila.

9.–Kode deontologiko profesionala. Gizarte zerbitzuetako etika profesionala.

10.–Arreta integrala eta pertsonarengan zentratua.

Artaxoan, 2025eko urtarrilaren 3an.–Alkatea, Juan Ramón Elorz Domezain.

Iragarkiaren kodea: L2500070