1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
1264E/2024 EBAZPENA, abenduaren 9koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen txosten estrategikoa egiten baita Barañaingo eta Iruñeko udal mugarteen zati baterako (Elizpea alderdia) plan bateratuaz, zeina Promociones Ocec SAk sustatu baitu.
Ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedurari hasiera emateko, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak Elizpea alderdiko plan bateratu hori aurkeztu zuen Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan 2023ko apirilaren 21ean.
Plan bateratua hasiera batez onetsi zuen Barañaingo Udalak 2023ko martxoaren 30ean, eta jendaurrean jarri zuen 2023ko apirilaren 20an Nafarroako Aldizkari Ofizialean iragarkia argitaratuz; Iruñeko Udalak, berriz, 2023ko apirilaren 19an onetsi zuen hasiera batean, eta jendaurrean jarri zuen 2023ko maiatzaren 11ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara emanez.
–Plan bateratuaren laburpena.
Elizpea alderdiko plan bateratuaren xedea da bizitegietarako lurzoru urbanizagarri gisa sailkatzea Barañain eta Iruña artean dagoen lur eremu berri bat. Jarduketa esparruaren mugak honako hauek dira: Arga ibaia, Barañaingo goi-ordokiaren ertz eraikia eta komunikazio bidea (Miluze kalea, bi udalerriek bat egiten duten biribilgunetik Landabengo industrialderaino). 63.636,28 m²-ko azalerako eremua da: horietatik 35.912,68 m² Barañaingo udal mugartean daude eta 27.723,60 m² Iruñekoan.
Bizitegietarako lau bloke egitea aurreikusita dago, guztira 271 etxebizitza. Eraikinetako batek B+11 altuera dauka eta beste hirurek B+12; B+5 altuerako eraikin batzuek lotzen dituzte. Halaber, udalez gaindiko zuzkidura bat eta toki zuzkidura bat proposatzen dira. Urbanizaziorako sartzeko bide bat diseinatzen da, iparraldean, Landabenera doan bidearen gainean dagoen biribilgunetik.
Lurraldearen ikuspegitik, eremuak bi errealitate ditu, eta antolamendu desberdina ematen zaio bakoitzari:
- Mendebaldekoa Arga ibaiaren alubioi-lautadan dago, urak har dezakeen eremuan, eta Barañaingo goi-ordokiaren erripa ere hartzen du, herri zaharra dagoen lekua. Antolamendurako proposamenean, Arga ibaiaren sistemaren berdegune osagarri gisa planteatzen da. Alubioi-lautadan Ilundaingo errota zaharra sartuko da.
- Ekialdekoa aldapa ertaineko eremu bat da, eta bertan ezarriko dira aurreikusi diren eraikinak.
Gaur egun, esparruaren zati handienak lurzoru urbanizaezinaren sailkapena du.
–Ingurumen ebaluazioa.
Sustatzaileak aurkeztutako ingurumen azterketan egungo ingurunearen ezaugarriak jasotzen dira, planak ingurumenean izan ditzakeen ondorioak aztertzen dira, bai eta planaren garapenak ingurumenari ekartzen ahal dizkion kalteei aurre egiteko aurreikusi diren neurriak ere. Horrez gain, Elizpea alderdiko plan bateratuaren hirigintza tramitazioan bi azterketa egin dira, aurrekoaren osagarri:
- Zarataren azterketa.
- Mugikortasunaren azterketa. Haren xedea da Elizpea alderdirako planak sortuko duen mugikortasuna, eta, horretarako, bide sarearen funtzionaltasuna, edukiera eta garraiobideak (pribatua, publikoa, oinezkoena eta bizikletena) aztertzen ditu, eta ebaluatzen du bideragarria den proposatutako garapenean modu jasangarrian kudeatzea populazioaren eta salgaien mugimenduak.
a) Ingurumen balioak.
Ingurumen Ebaluaziorako Atalaren iritziz, ingurumen aldetik dauden balio nagusiak hauek dira: urak har dezakeen ibai-eremua, Barañaingo erripan basoak estalitako ezpondak, eta, iparraldean, Landabengo bidearen ondoan, parkea edo plaza izanen den espazio publikoak hartuko duen tokian dagoen landaredia.
Balio horiek jasota daude "Iruñeko eta inguruko udalerrietako azpiegitura berdea" dokumentuan (Nafarroako Gobernua, 2022ko urtarrila) eta berriki egindako "Iruñeko azpiegitura berde eta urdinerako plana eta hiri drainatze jasangarriaren estrategia - Runa 2025" izeneko dokumentuan (2024ko maiatza). Azken plan horretan, ingurumen balio horietarako bi helburu ezarri dira: egoera ekologikoa eta konektagarritasuna hobetzea.
Plan bateratuaren ingurumen inpaktuak, hain zuzen ere, natura elementu horietako batzuen gainean gertatuko lirateke:
- Barañaingo erripa eta bertako baso-landaredia. Inpaktua bide berriaren diseinuak eta zuzkidurako eraikinak eragiten dute. Proiektatutako bide berrirako, ingurumen azterketak kalkulatzen du 34.657 m³-ko bolumena egiten duela erauzi beharreko lurrak, 3.720 m³-koa betelanak eta 30.937 m³-koa soberakoak. Sekzioen planoetan 9 metroko altuerako erauzketak identifikatuta daude.
- Iparraldean, Landabengo bidearen ondoan, parkea edo plaza izateko eremu publikoak hartuko duen tokian dagoen landaredia. Antolamenduak –lurzoru publikoa/plaza aurreikusirik dago– landaredi hori suntsitzea ekarriko luke, lurraren kota aldatu eginen litzatekeelako.
Horiek horrela, 2024ko irailaren 25ean, Ingurumen Ebaluaziorako Atalak dokumentazio osagarria aurkezteko errekerimendua egin zuen, haren bidez proposamena justifikatu dadin, batetik, bideari eta bidea erripan integratzeari dagokionez, eta, bestetik, iparraldean, Landabengo bidearen ondoan, parkea edo plaza izanen litzatekeen eremu publiko zabalari dagokionez.
Sustatzaileak urriaren 16ko erantzunean onartu zuenez, "hasierako antolamenduari dagokionez hainbat administrazio-instantziak aurkeztutako errekerimenduak direla eta, azken proposamenean erripa horren gaineko ukipena jaso da", eta "bidea erripan integratzeko modurik onena da integrazioa bera oinarrizko irizpidetzat hartzea urbanizazio-proiektuaren fasean diseinatzen denean". Bestalde, espazio publiko berriak Landabengo bidearen ondoko landarediari eragindako ukipenari dagokionez, neurri zuzentzaile hau proposatzen du: "lurzoruaren nibelazioak ahalbidetzen duen eremuetan, gorde eginen dira dauden landaredi-tarteak, baldin eta justifikaturik badago haien ingurumen balioagatik eta kontserbazio-egoeragatik".
b) Zarata.
Jasota daude Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuaren 2023ko maiatzaren 12ko eta 2024ko urtarrilaren 16ko txostenak, esparruaren baldintza akustikoei buruzkoak. Txosten horietan, bizitegietarako lurzatiaren ertzean aplikatu beharreko immisio-mugak ezartzen dira. Ondorioen artean, honako hau aipatzen da: "soluzioak planteatu behar dira, bermatzen ahal dutenak lortu nahi den erabilerarako gehieneko immisio-balioak betetzen direla, erabilera hori eremurako erabilera berria dela kontuan hartuta".
Sustatzaileak 2024ko apirilaren 11n erantzun zuen, eta argudiatu Elizpea alderdiko esparrua eremu urbanizatua dela jada, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 2. artikuluaren arabera, eta bertan bete egiten direla bizitegi-eremuetarako ezarritako kalitate akustikoko helburuak.
Bestalde, 2024ko ekainaren 5ean, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak kontsulta egin zion Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiko Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari, esparru hori eremu urbanizatutzat hartzeari buruz. Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren 2024ko ekainaren 21eko txostenak ondorioztatzen du jarduketa-esparrua eremu urbanizatua dela, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 2. artikuluan ezarritako definizioaren ondorioetarako, zonifikazio akustikoari, kalitate-helburuei eta emisio akustikoei dagokienez.
Hori horrela, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak beste txosten bat eman zuen 2024ko abuztuaren 30ean, honako hau adierazteko: "Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren txostenean ezarritako irizpidearen arabera, eraikuntzak egin litezke kalitate akustikoaren helburuak aldi guztietan, hau da, egunez, arratsaldez eta gauez, betetzea ahalbidetuko lukeen eremuan, Iruñerriko hiri aglomerazioko zaratari buruzko mapa estrategikoetan (MER 4 - ACP) zehazten den bezala".
Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak adierazi du ingurumen ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura egoki egin dela.
Horrenbestez, aldeko ingurumen adierazpen estrategikoa egitea proposatzen da, ebazpen honetan jasotako baldintzak betetzen badira.
Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua,
EBAZTEN DUT:
1. Aldeko ingurumen adierazpen estrategikoa egiten da Barañaingo eta Iruñeko udal mugarteen zati baterako (Elizpea alderdia) plan bateratuaz, zeina Promociones Ocec SAk sustatu baitu.
2. Plana garatu beharko da ingurumen azterketa estrategikoan dauden ingurumena babesteko irizpideak betez eta planean ezarritako neurri zuzentzaile guztiak aplikatuz.
3. Planaren behin betiko bertsioan honako neurri hauek kontuan hartzea proposatzen da:
1) Argaren ondoko eremuan, urak har dezakeen eta lurzoru publikoa edo berdegunea izateko aurreikusi den horretan, helburuen artean gehitu beharko litzateke biodibertsitatearen eta konektagarritasun ekologikoaren hobekuntza. Ibai-eremu horretan argi-kutsadura saihestuko da.
2) Barañaingo erripa: proiektatutako bidea egitean, ahal den neurrian minimizatuko da erripari eta bertako baso-landarediari eragiten dieten hormen eta lur-erauzketen altuera.
3) Iparraldean, Landabengo bidearen ondoan, parkea edo plaza izanen den espazio publikoari lotutako landaredia: sustatzaileak proposatzen duenez, "lurzoruaren nibelazioak ahalbidetzen duen eremuetan, babestu eginen dira dauden landaredi-tarteak, baldin eta justifikaturik badago haien ingurumen balioagatik eta kontserbazio-egoeragatik". Gainera, plaza berriaren diseinuan zuhaizti zabal bat sartuko da.
4. Zaratari dagokionez, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak 2024ko abuztuaren 30ean egindako txostena beteko da. Kalitate akustikoaren helburu aplikagarriak honako hauek dira:
EREMU AKUSTIKO MOTA | ZARATA INDIZEAK |
Ld | Le | Ln |
a | Bereziki bizitegirako erabiltzen den lurzorua duten lurraldeko sektoreak | 65 | 65 | 55 |
Beraz, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren txostenean ezarritako irizpidearen arabera, eraikinak egin litezke kalitate akustikoko helburuak aldi guztietan (egunez, arratsaldez eta gauez) betetzea ahalbidetuko lukeen eremuan.
5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
6. Ebazpen hau Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko Hirigintza Atalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2024ko abenduaren 9an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.
O.04 PLANOA. ANTOLAMENDUA. LURZORUAREN KALIFIKAZIOA. ERABILERA XEHAKATUAK

Eraikinak, udalez gaindiko zuzkidura (irudian, gorriz) eta toki zuzkidura (urdinez).
Iragarkiaren kodea: F2417986