1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.3. Foru Aginduak
133/2024 FORU AGINDUA, abenduaren 31koa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, foru agindu hauek aldatzen dituena: 27/2009 Foru Agindua, otsailaren 27koa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, "Balore, aseguru eta errentei buruzko urteko aitorpen informatiboa" 189 eredua onesten duena, eta 80/2013 Foru Agindua, martxoaren 1ekoa, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariak emana, "Atzerrian dauden ondasun eta eskubideen gaineko aitorpen informatiboa" 720 eredua onesten duena.
Zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeari buruzko abenduaren 26ko 20/2024 Foru Legearen bigarren artikuluaren Bat apartatuak Ondarearen gaineko Zergari buruzko azaroaren 19ko 13/1992 Foru Legearen 17.1 artikuluaren bigarren paragrafoa aldatzen du, erreskate eskubiderik gabeko bizi-aseguruen balorazioa hornidura matematikoak zergaren sortzapen datan duen balioa izanen dela argitzeko.
Balio hori 189 ereduaren bidez aitortzen da ("Balore, aseguru eta errentei buruzko urteko aitorpen informatiboa"), eta 720 ereduaren bidez ("Atzerrian dauden ondasun eta eskubideen gaineko aitorpen informatiboa"). Eredu horiek, hurrenez hurren, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren otsailaren 27ko 27/2009 Foru Aginduaren bidez eta Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren martxoaren 1eko 80/2013 Foru Aginduaren bidez onetsi ziren.
Horregatik, foru agindu hau onesten da, bi ereduek jaso dezaten hornidura matematikoaren balio hori.
Eredu horiek aurkeztearekin betetzen diren informazio-betebeharrak arautzen dituzten xedapenek, hau da, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren (ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsia) laugarren xedapen gehigarriko 7. zenbakiak eta Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren hemezortzigarren xedapen gehigarriak, gaikuntza ematen diote zerga arloan eskuduna den departamentuaren titularrari informazio-betebehar horiek nola bete behar diren ezartzeko.
Foru agindu honen bidez garatutako erregelamendu ahalaren erabilera bat dator premiaren, eraginkortasunaren, proportzionaltasunaren, segurtasun juridikoaren, gardentasunaren eta efizientziaren printzipioekin, zeinak ezarrita baitaude Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean.
Horrenbestez,
AGINTZEN DUT:
Lehenengo artikulua. Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak otsailaren 27an emandako 27/2009 Foru Aginduaren aldaketa. Foru agindu horren bidez, batetik, onetsi egin zen 189 eredua (balore, aseguru eta errentei buruzko urteko aitorpen informatiboa), eta bestetik, eredu hori ordenagailuz zuzenean irakurtzeko moduko euskarrietan aurkezteko diseinu fisiko eta logikoak ezarri ziren.
27/2009 Foru Aginduaren manu hauek honako testu hau izanen dute:
Bat.–.3.3.a) artikulua.
"a) Bizi-aseguruaren hartzaileen izen-abizenak edo sozietatearen izena edo izen osoa eta identifikazio fiskalerako zenbakia, abenduaren 31ko datuen arabera, data horretan duen erreskate balioa adierazita. Hala ere, abenduaren 31n erreskate baliorik ez duten aseguruen kasuan, data horretako hornidura matematikoaren balioa adieraziko da, bat etorriz Ondarearen gaineko Zergari buruzko azaroaren 19ko 13/1992 Foru Legearen 17. artikuluan xedatutakoarekin, salbu eta heriotza- edo baliaezintasun-prestazioak edo arriskuko beste berme osagarri batzuk, biziarteko errentak edo kontraasegururik gabeko aldi baterako errentak soilik barnean hartzen dituzten aldi baterako aseguru-kontratuak direnean."
Bi.–II. eranskina, 2. erregistro mota (Aitortuaren erregistroa), 108-123 idazguneak, "Balorazioa" eremua, lehenengo paragrafoa:
"BALORAZIOA.–Deklaratutako aktiboen balioa adieraziko da, eurotan, edo haien kontrabalioa dibisan egindako eragiketen kasuetan; halaber, eragiketan hainbat parte-hartzaile daudenean, aktibo bakoitzean horietako bakoitzari egotzi beharreko balioa adieraziko da, duten partaidetza ehunekoaren arabera. "BALIOAREN GAKOA" eremuan (81 idazgunea) "A" edo "B" adierazi bada, kapital propioak hirugarrenei laga izana errepresentatzen duten akzio, partaidetza edo baloreen balioa kalkulatuko da Ondarearen gaineko Zergari buruzko azaroaren 19ko 13/1192 Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoaren arabera. "BALIOAREN GAKOA" eremuan "C" adierazi bada, abenduaren 31n duen balio likidatiboa kalkulatuko da Inbertsio Kolektiboko Erakundeei buruzko azaroaren 4ko 35/2003 Legean eta hura garatzeko araudian xedatutakoaren arabera. "BALIOAREN GAKOA" eremuan "D" adierazi bada, abenduaren 31n duen erreskate balioa adieraziko da. "BALIOAREN GAKOA" eremuan "E" adierazi bada, abenduaren 31n duen kapitalizazio balioa kalkulatuko da Ondarearen gaineko Zergari buruzko Foru Legearen 17. artikuluaren arabera. "BALIOAREN GAKOA" eremuan "F" adierazi bada, abenduaren 31n duen hornidura matematikoaren balioa kalkulatuko da Ondarearen gaineko Zergari buruzko Foru Legearen 17. artikuluaren arabera. Eremu hau bitan banatzen da:"
Bigarren artikulua. Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariak martxoaren 1ean emandako 80/2013 Foru Aginduaren aldaketa. Foru agindu horren bidez atzerrian dauden ondasun eta eskubideei buruz informatzeko betebeharra (Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren hemezortzigarren xedapen gehigarriak arautua) garatzen da, eta "Atzerrian dauden ondasun eta eskubideei buruzko aitorpen informatiboa" izeneko 720 eredua onesten.
80/2013 Foru Aginduaren manu hauek honako testu hau izanen dute:
Bat.–3.3.a) artikuluaren bigarren paragrafoa.
"Hala ere, abenduaren 31n erreskate baliorik ez duten aseguruen kasuan, data horretako hornidura matematikoaren balioa adieraziko da."
Bi.–3.4.c) artikulua.
"c) 1.2., 1.3. eta 1.4. ataletako bakoitzean aipatutako balioek, 2. atalean aipatutako likidazio balioak, 3.a) atalean aipatzen den erreskate balioak edo hornidura matematikoak eta 3.b) atalean aipatutako kapitalizazio balioak ez dutenean gainditzen, guztira, 50.000 euroko zenbatekoa. Guztirako muga hori gainditzen denean, titulu, aktibo, balore, eskubide, aseguru edo errenta guztiei buruz eman beharko da informazioa".
Hiru.–Eranskina, 2. erregistro mota (Xehetasun erregistroa), 432-446 idazguneak, "1. balorazioa: abenduaren 31ko saldoa edo balioa; iraungitze-datako saldoa edo balioa; eskuratze-balioa" eremua, sartu beharreko zenbatekoaren deskribapena baldin eta "Ondasun edo eskubide motaren gakoa" "S" bada.
"–ONDASUN EDO ESKUBIDE MOTAREN GAKOA" "S" bada eta aitortutako "ONDASUN EDO ESKUBIDEAREN AZPIGAKOA" (103 idazgunea) "1" bada, abenduaren 31ko erreskate balioa adieraziko da, edo abenduaren 31ko hornidura matematikoaren balioa, erreskate balioa galdu den kasuetan edo egun horretan eskubide hori ez baldin badu (salbuespena dira heriotza edo baliaezintasun kasuetarako prestazioak edo arrisku kasuetarako beste berme osagarri batzuk edo kontraasegururik gabeko biziarteko eta aldi baterako errentak baizik ez jasotzen dituzten aldi baterako aseguruen kontratuak). "ONDASUN EDO ESKUBIDEAREN AZPIGAKOA" (103 idazgunea) "2" denean, aldi baterako edo biziarteko errentaren abenduaren 31ko kapitalizazio balioa adieraziko da. Ondarearen gaineko Zergari buruzko azaroaren 19ko 13/1992 Foru Legearen arauen arabera eman beharko da balorazio hori."
Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta lehenbiziko aldiz aplikatzen ahalko da 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera aurkeztu beharreko aitorpenetan.
Iruñean, 2024ko abenduaren 31n.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, José Luis Arasti Pérez.
Iragarkiaren kodea: F2500107