15. ALDIZKARIA - 2025eko urtarrilaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

460E/2024 EBAZPENA, abenduaren 26koa, Energia, Enpresa I+G+b eta Ekintzailetzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita oinarri teknologikoko enpresa berritzaileak sortzeko eta sendotzeko laguntzen 2025eko deialdia, Europar Batasunaren Next Generation EU funtsak finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan. DDBN kodea: 0000806176.

Zientzia eta Teknologiari buruzko ekainaren 27ko 15/2018 Foru Legeak, 3.9 artikuluan, ezartzen du haren helburuetako bat dela laguntzea enpresaren eta ekintzailetzaren munduan oinarri teknologikoa duten eta ikerketaren emaitzetan oinarriturik dauden ekimen berritzaileak sortzen. Era berean, Enpresa emergenteen ekosistema sustatzeko abenduaren 21eko 28/2022 Legeak adierazten du berrikuntzan oinarritutako ekintzailetza zabaltzen ari dela, proiektu berritzaile txikietatik sortu ziren enpresa digitalen arrakastak bultzatuta.

Kontuan izanik Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuak enpresa berriak, eta, bereziki, izaera berritzaileagoa dutenak, sustatzeko konpromisoa duela, deialdi hau onesten da berriz, azken urteotan Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategia S4an zehaztutako lehentasunezko arloetan Nafarroan sortu diren oinarri teknologikoko enpresa berritzaileei laguntzeko xedea duena.

Deialdiak 685.000 euroko zuzkidura du; horietatik, 171.250 euro Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren funts berekiei dagozkie, eta 513.750 euro Digitalizazioko eta Adimen Artifizialeko Estatu Idazkaritzak 2023ko uztailaren 27ko Ebazpenaren bidez Foru Komunitateari egindako 3.749.999 euroko kreditu-transferentziatik datoz –horietatik, 513.750 euro itzuli beharrik gabeko laguntzetara bideratzen dira–, Espezializazio Teknologikoko Lurralde Sareen Programako (RETECH) proiektuak gauzatzeko, SEEParen esparruan, eta Nafarroan, zehazki, "Techfablab" proiektua gauzatzeko.

Adierazitakoarekin bat, eta martxoaren 11ko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea oinarri teknologikoko enpresa berritzaileak sortzeko eta sendotzeko laguntzen 2025eko deialdia, Europar Batasunaren Next Generation EU funtsak finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan.

2. Laguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honetako konpromisoei aurre egiteko, 685.000 euroko gastua baimentzen da, baldin eta aurrekontu-kreditu egokia eta nahikoa badago 2025eko gastuen aurrekontuko partidan, 2024ko partida honen baliokidean:

AURREKONTU-PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

820005-82600-7701-467300 [PEP: E-23-000642-01]: SEM RETECH Tech FabLab Laguntzak, berrikuntza eta ekintzailetzarako eta digitalizaziorako

2025

685.000

4. Orobat, 200.000 euroko zenbateko gehigarria finkatzen da gehienez. Zenbateko hori dirulaguntzei aplikatzeko, ez da beste deialdi bat egin beharko. Zenbateko horren jatorria SEM Ekintzailetza sareak RETECH Nafarroa Tech FabLab proiekturako sortutako PEP E-23-000642-01 elementuan sartutako edozein gastu-partida izanen litzateke; izan ere, proiektu horren esparruan funtsak partiden artean mugitzea baimentzen da, emandako gehienekoa gainditzen ez bada.

Zenbateko hori eraginkorra izan dadin, kreditu gehigarria baimendu beharko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 a) artikuluan aurreikusitako inguruabarren bat gertatzeagatik. Gastu gehigarria baimentzeak eta argitaratzeak ez du berekin ekarriko eskaerak aurkezteko beste epe bat irekitzea, ezta dirulaguntzak ematearen gainean ebazteko eta hori jakinarazteko gehieneko epearen kontaketa berriz hastea ere.

5. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2024ko abenduaren 26an.–Energia, Enpresa I+G+b eta Ekintzailetzako zuzendari nagusia, Garbiñe Basterra Oloriz.

ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria. Xedea.

Laguntza hauen helburua da Nafarroan enpresa berritzaile berriak sustatzea, lagundu nahi baita enpresa-sarea dibertsifikatzen, ekonomia eta gizartea garatzen eta Nafarroan enplegua sortzen.

Laguntzak erabiliko dira oinarri teknologikoko enpresa berritzaileak sortu, jardunean hasi eta sendotu daitezen, baldin eta enpresa horien negozio-estrategia oinarritzen bada teknologien garapenean eta erabilera intentsiboan eta horiek erabiltzea beharrezkoa bada enpresaren jardueretarako.

Laguntza horiek SEMak (Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa) finantzatutako "Ekintzailetza sareak RETECH-Nafarroa-Techfablab" azpiproiektua gauzatzeko ematen dira. Hona hemen identifikazio-datuak:

AZPIPROIEKTUA: "Ekintzailetza sareak RETECH-Nafarroa-Techfablab"

Osagaia

13

ETEak sustatzea

Neurria

C13. I1

Ekintzailetza

Ekimenaren kodea (CRU)

C13.I01.P11.S05

Entitate betearazlea

Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentua

Organo arduraduna

Energia, Enpresa I+G+b eta Ekintzailetza Zuzendaritza Nagusia

Azpiproiektu honi dagokion kudeaketa plana Energia, Enpresa I+G+b eta Ekintzailetzako zuzendari nagusiaren apirilaren 17ko 91E/2024 Ebazpenaren bidez onetsi zen. Eta bertan ezartzen da beharrezkoa dela deialdi hau lotzea "Ekintzailetza sareak RETECH-Nafarroa-Techfablab" azpiproiektuaren mugarriak eta helburuak lortzearekin.

Azkenik, azpiproiektuak %40ko koefizientearekin laguntzen du Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planean esleitu den etiketa digitala betetzen, esku hartzeko kode honen bidez: "100-Norberaren konturako lanerako eta enpresak sortzeko laguntza".

2. oinarria. Onuradunak.

1. Laguntza hauen onuradun izan daitezke oinarri teknologikoko enpresa berritzaile sortu berriak, baldin eta 3. oinarrian eskatzen diren betekizunak betetzen badituzte.

2. Deialdi honen ondorioetarako:

2.1. Jarduera ekonomikoren bat egiten dutenak "enpresatzat" joko dira; honelakoak izan daitezke:

a) Pertsona fisikoak (banakako enpresaburuak).

b) Enpresa sozietarioak (merkataritza-sozietateak eta kooperatibak).

c) Nortasun juridikorik gabeko sozietateak (sozietate irregularrak).

2.2. "Oinarri teknologikoko enpresa berritzailetzat" (aurrerantzean, OTEB) hartuko dira honako baldintza hauetako bat betetzen dutenak:

a) Deialdi hau argitaratu aurretik "Negozio-ereduaren ekintzailetza berritzaile eta eskalagarriaren ziurtagiria" lortu izana, bat etorriz Enpresa emergenteen ekosistema sustatzeko abenduaren 21eko 28/2022 Legearen 4.1 artikuluarekin.

b) Baldintza hauek betetzea:

i. Teknologia sortzeko gauza izan behar dira.

ii. Enpresaren jarduera ezagutza zientifikoan eta teknologikoan oinarritu behar da.

iii. Enpresaren jarduera kualifikazio handiko zientzialarien eta ikertzaileen lanean oinarritu behar da.

iv. Enpresaren jardueraren bidez produktu, zerbitzu edo prozesu berriak sortu behar dira, gero merkaturatzeko, eta beren ikerkuntza-lanetan edo ikerkuntza-erakundeen jardunean sortzen den ezagutza enpresan txertatu behar da.

v. Negozio-estrategiaren eta garapen ildoen oinarriak teknologien garapena eta erabilera intentsiboa izan behar dira.

vi. Jardueraren funtsa izan behar da teknologiak ustiatzea, dela enpresak berak sortutakoak dela honako hauek horretarako garatutakoak: unibertsitateek, ikerkuntza-zentroek, ikerkuntza-institutuek, zentro teknologikoek eta ezagutza zabaltzekoek, publikoak zein pribatuak izan, edota enpresek.

2.3. OTEB "berritzat" hartuko dira 2014ko abenduaren 1etik aurrera sortutakoak.

3. oinarria. Baldintzak.

1. Eskatzaileek honako baldintza hauek (orokorrak eta espezifikoak) bete beharko dituzte laguntzen eskaerak aurkezten dituzten unean:

1.1. Baldintza orokorrak:

a) Nafarroan lantoki bat izatea, non enpresako langile gehienak atxikita egonen diren eta diruz lagundu beharreko jarduketak eginen diren. Beste langile batzuen parte-hartzea behar bezala justifikatu beharko da.

b) Nafarroako Industria Erregistroan inskribaturik egotea edo inskripzioa eskatuta izatea, hala badagokio, bat etorriz Nafarroako Industria Erregistroa sortu zuen Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 30eko 152/2013 Foru Aginduaren 3. artikuluan xedatutakoarekin.

c) Alta emanik egotea Nafarroan ekonomia-jardueren gaineko zergan (EJZ) eta ordainketak egunean izatea dagokion udalarekin.

d) Gizarte Segurantzak edo dagokion lanbide elkargoaren mutualitateak eskatutako betebeharrak betetzea (altak, jarduera berriak jakinaraztea, etab.).

e) Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta, kasua bada, ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.

f) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluak onuradun izateko ezarritako debeku-egoeretako batean ere ez egotea. Eskabide-orrian ageri den erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatzen ahal da hori.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea organo emaileari zuzenean eskura ditzan eskatzaileak (eta enpresa sozietarioetako bazkideek) zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela egiaztatzen duten ziurtagiri telematikoak, bai eta Gizarte Segurantzaren lan-bizitzaren txostenak ere. Eskaeran interesdunak horri berariaz uko egiten badio, berak aurkeztu beharko ditu kasuan kasuko agiriak.

1.2. Baldintza espezifikoak:

a) Banakako enpresaburuek honakoak bete behar dituzte:

–Langile Autonomoen Araubide Berezian edo dagokion lanbide elkargoaren mutualitatean alta emanda egotea (sortutako OTEBari dagokion jardueran) 2014ko abenduaren 1etik laguntzak eskatu ziren egunera arte.

–Jarduera bat egin ez izana norberaren kontura (zuzenean edo beste sozietate batzuetan parte hartuz) araubide horretan alta eman aurreko bi urteetan, sortutako OTEBaren jarduerak 2009ko EJSNan duen "talde" berean (hiru digitu).

b) Enpresa sozietarioek honako hauek bete beharko dituzte:

–Ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskineko enpresa txiki eta ertainaren definizioari egokitzen zaion enpresa txiki edo ertain bat izatea. Kategorien araberako Salbuespenari buruzko Erregelamendu Orokor horren bidez (aurrerakoan KSEO) zenbait laguntza-kategoria barne merkatuarekin bateragarritzat jotzen dira, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.

–Eratze-eskritura 2014ko abenduaren 1etik laguntzak eskatu ziren egunera bitartean inskribatu izana sortutako enpresa-motari dagokion erregistroan.

–Kapital sozialean partaidetza duten pertsonak eta enpresako administratzaileak, kapital horretako kide ez direnean, Langile Autonomoen Araubide Berezian alta emanda egotea langile autonomo sozietario moduan, horretara behartuta badaude.

–Zientzia eta Teknologiari buruzko ekainaren 27ko 15/2018 Foru Legearen 7.1 artikuluan sartuta ez dauden enpresek OTEBaren kapitalean duten partaidetza ez izatea %25etik gorakoa.

–OTEBaren kapitalean pertsona fisikoek duten partaidetza %50etik gorakoa bada, 2009ko EJSNko "talde" bereko (hiru digitu) jarduerarik egin ez izana beren kontura (zuzenean edo beste sozietate batzuetan parte hartuz), enpresa eratu aurreko bi urteetan.

c) Sozietate irregularrek honakoak bete behar dituzte:

–Sozietateak 2014ko abenduaren 1etik laguntzak eskatu ziren egunera arte egin izana Nafarroako Zerga Ogasuneko Entitateen Erroldako inskripzioa.

–Sozietate irregularra osatzen duten pertsonak alta emanda egotea Langile Autonomoen Araubide Berezian edo dagokion lanbide elkargoko mutualitatean, sortutako OTEBari dagokion jardueran, 2014ko abenduaren 1etik laguntzak eskatu diren egunera bitartean.

–Zientzia eta Teknologiari buruzko ekainaren 27ko 15/2018 Foru Legearen 7.1 artikuluan sartuta ez dauden enpresek OTEBaren kapitalean duten partaidetza ez izatea %25etik gorakoa.

–OTEBaren kapitalean pertsona fisikoek duten partaidetza %50etik gorakoa bada, 2009ko EJSNko "talde" bereko (hiru digitu) jarduerarik egin ez izana beren kontura (zuzenean edo beste sozietate batzuetan parte hartuz), enpresa eratu aurreko bi urteetan.

2. 1. atalean eskatzen diren betebehar horiek 8. oinarrian aipatzen diren agiriak aurkeztuz frogatu beharko dira, eta laguntza ordaintzen den arte bete beharko dira, gutxienez.

3. 30.000 eurotik gorako dirulaguntzen kasuan, ezin izanen dira onuradun izan zuzenbide publikoko entitateez bestelako pertsona fisiko eta juridikoak, baldin eta irabazi-asmorik badute eta betetzen ez badituzte Merkataritzako eragiketetako berankortasunaren aurka borrokatzeko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeak.

Honako agiri hauen bidez frogatuko da bete direla ordainketa-epeak:

a) Kontabilitate-araudiaren arabera galera-irabazien kontu laburtua aurkezten ahal duten pertsona fisiko eta juridikoen kasuan, ordezkaritza-ahal nahikoa duen pertsona fisikoak sinatutako ziurtagiria, edo, pertsona juridikoen kasuan, administrazio organoak edo behar adinako ordezkaritza-ahala duen organo baliokideak sinatutako ziurtagiria, non adieraziko baita bete direla abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak. Egoera hori egiaztatzeko, b) letran adierazitako frogabideren bat ere erabil dezakete.

b) Kontabilitate-araudiaren arabera galera-irabazien kontu laburtua aurkeztu ezin duten pertsona juridikoen kasuan, honako hauen bidez frogatzen ahal dute:

1.–Kontu-auditoreen Erregistro Ofizialean (KAEO) inskribatutako auditore batek emandako ziurtagiria, jasoko duena auditatutako azken urteko kontuen memorian deskribatutako ordainketen arloko informazioaren transkripzio banakatua, kontu horietatik ondorioztatzen denean lortu dela abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak betetzeko maila, atal honetan zehaztutakoa (%90), oinarri hartuta uztailaren 5eko 15/2010 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian eskatutako informazioa.

Ziurtagiri hori baliozkoa izanen da hurrengo ekitaldiko urteko kontuak ikuskatu arte.

2.–Aurreko ziurtagiria ezin bada egin, KAEOn inskribatutako auditore batek egindako "Adostutako prozeduren gaineko txostena", non adierazten baita ezen aztertu dela sozietatearen hornitzaileei erreferentziazko data batean ordaintzeke dauden fakturen lagin adierazgarri bat (epeak bete direla ziurtatzeko kontuan hartutako data deialdiaren argitalpen-data baino geroagokoa izan beharko da) eta ez dela salbuespenik detektatu abenduaren 29ko 3/2004 Legean jasotako ordainketa-epeak betetzeko orduan, edo, halakorik detektatu bada, ez dutela eragozten hurrengo paragrafoan eskatzen den betetze-maila lortzea.

Ondorio horietarako, baldintza hori betetzat joko da 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak betetzeko maila %90ekoa edo handiagoa denean (18/2022 Legearen azken xedapenetako seigarrenaren d) letraren bigarren apartatuan ezarritako ehunekoa).

4. Nahi izanez gero, 3. ataleko dokumentazio hori laguntza eskaerarekin batera aurkezten ahalko da, eta, une horretan aurkeztu ezean, hilabeteko epea emanen da horretarako, dirulaguntza emateko ebazpenean. Hala ere, 3. ataleko b) letrako dokumentazioa ezin bada lortu epe hori baino lehen, epearen barruan eskatu izanaren egiaztagiria aurkeztuko da, eta dokumentazioa laguntza eskaera egin eta hurrengo hiru hilabeteko epean aurkeztu beharko da.

Epe hori eskatutako dokumentazioa aurkeztu gabe iraganik, laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

4. oinarria. Jarduketa diruz lagungarriak eta horiek gauzatzeko epea.

1. Diruz laguntzen ahalko dira OTEBek beren negozio-planaren esparruan egiten dituzten jarduerak, baldin eta zuzenean lotuta badaude jarduera nagusia garatzearekin eta bide ematen badute hazi eta sendotzeko.

2. Jarduketak gauzatzeko epea 2023ko azaroaren 1etik 2025eko irailaren 30era bitartekoa izanen da.

Hala ere, 2024ko deialdian onuradun izateko aukera izan zuten OTEBen kasuan (2024ko 178. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 2koa), eskaera egiteko unean oinarri arautzaileen 2. oinarriaren 2.3 puntua betetzen zutelako, jarduketak gauzatzeko epea 2024ko azaroaren 1etik 2025eko irailaren 30era bitartekoa izanen da.

Ondorio horietarako, jarduketak gauzatuta daudela ulertuko da gastu diruz lagungarriak dagokion epearen barruan fakturatuta daudenean eta, bi kasuetan, 2025eko azaroaren 5a baino lehen ordainduta daudenean.

5. oinarria. Gastu diruz lagungarriak.

1. Honako gastu hauek izanen dira diruz lagungarriak (BEZik gabe), baina aurreko oinarrian adierazitako datetan fakturatuta eta ordainduta egon beharko dute:

a) Pertsonal-gastuak: OTEBen besteren kontura kontratatutako pertsonen gastuak edo OTEBen bazkide diren langile autonomoen gastuak, nomina bidez justifikatzen badira. Ez dira diruz lagunduko kilometraje-gastuak (c) letran zehaztutako kasuan izan ezik), dietak, kalte-ordainak edo aparteko orduak.

b) Enpresaren jarduera nagusiarekin soilik lotutako trebakuntza.

c) Azoketara erakusketari gisa joatea eta horrekin lotutako bidaiak, kilometrajea barne, errepideko bidaien kasuan, nominako diru-sarrera bidez justifikatu badaiteke.

d) Maketak edo prototipoak egitea.

e) Mintegiek, inkubagailuek, parke zientifikoek edo start-upak ostatatzeko beste entitate batzuek emandako zerbitzuengatik ordaindutako kuotak eta/edo enpresa-elkarteen edo klusterren kuotak.

f) Nafarroan dauden lokalen alokairu-kuota.

g) Enpresaren jarduera nagusia garatzearekin lotutako kanpoko aholkularitza eta laguntza teknikoa.

h) Patenteak, erabilera-ereduak eta merkataritza-markak eskatzeak, lortzeak eta erregistratzeak eragiten dituzten gastuak.

2. Aurreko gastu guztiek lotura argia izan beharko dute 4.1 oinarrian deskribatutako jarduketa diruz lagungarriekin eta 3.1.1 b) oinarrian zehaztutako Nafarroako lantokiarekin.

3. Aurreko atalean aipatzen diren gastuak ez dira diruz lagungarriak izanen honako kasu hauetan: inplikatutako alderdien artean akzio-erlazioa badago, edo odol edo ezkontza bidezko ahaidetasunekoa. Gainera, inolako zergarik ere ez da onartuko, Gizarte Segurantza eta langileria-gastuen PFEZa izan ezik.

Inola ere ez dira onartuko 2024ko deialdian diruz lagundutako gastuak (2024ko 178. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 2koa).

4. Gastu diruz lagungarrietako bat 12.000 eurotik gorakoa bada (BEZik gabe), onuradunek frogatu beharko dute enpresa hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dutela; horretarako, gutxienez hiru eskaintza aurkeztu beharko dira eta aukeraturiko eskaintza hautatzeko arrazoiak eman "Hornitzailearen hautaketaren justifikazioa" izeneko inprimakian, laguntzen fitxan dagoen horretan.

Onuradunak ez dira beharturik egonen hiru eskaintzak aurkeztera, baldin eta, gastu diruz lagungarrien ezaugarri bereziengatik, merkatuan behar adina entitate hornitzaile edo zerbitzu-emaile ez badaude edo gastua dirulaguntza eskatu baino lehen egin bada. Edonola ere, gai horiek aipatu inprimakian frogatu beharko dira.

5. Norberak bere merkataritza-jardueraren ondoriozko gastu diruz lagungarriak egin baditu, gastu horiek ordainduta egon beharko dute aplikatzen zaion araudi sektorialean ezartzen diren ordainketa-epeetan, edo, bestela, merkataritza eragiketetako berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako epeetan.

6. oinarria. Laguntzen gehieneko intentsitatea eta gehieneko laguntzak.

1. Laguntzen intentsitatea honako hau izanen da, 2. atalean ezarritako mugekin:

a) 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera sortutako OTEBetarako: Gastu diruz lagungarrien %75.

b) 2020ko urtarrilaren 1etik 2022ko abenduaren 31ra bitartean sortutako OTEBetarako: Gastu diruz lagungarrien %55.

c) 2014ko abenduaren 1etik 2019ko abenduaren 31ra bitartean sortutako OTEBetarako: Gastu diruz lagungarrien %35.

Enpresaren plantillako langileen %40 baino gehiago emakumeak izanez gero, aurreko ehunekoak %5 gehituko dira.

2. Laguntza mugak honako hauek izanen dira:

2.1. Dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa 100.000 eurokoa izanen da eskatzaile bakoitzeko. 2024ko deialdian onuradun izateko aukera izan zuten entitateen kasuan, eskaera aurkezteko unean haien oinarri arautzaileen 2. oinarriko 2.3 puntua betetzen zutelako, 50.000 eurokoa izanen da muga.

2.2. Gastu diruz lagungarri bakoitzari dagokionez, laguntzaren muga honako hau izanen da:

GASTU DIRUZ LAGUNGARRIA

OHARRAK

2024ko deialdian onuradun izateko aukera izan zuten entitateentzako gehieneko laguntza (eurotan)

Gehieneko
laguntza
gainerakoentzat (eurotan)

a) Pertsonal-gastuak

Gehienez 1.500 euroko laguntza hilean pertsonako

35.000

60.000

b) Prestakuntza gastuak

3.000

6.000

c) Azoketara erakusketari gisa joateak eragindako gastuak

Gehienez 200 euro gaueko, eta turista-klaseko bidaia (mantenu-gastuak ez dira diruz laguntzen)

3.000

6.000

d) Maketak eta prototipoak egiteak eragindako gastuak

Pertsonal-gastuak bazter utzita

15.000

25.000

e) Kuotak, start-upak ostatatzeko entitateek emandako zerbitzuenak eta/edo elkarte edo klusterrenak.

Gehieneko laguntza e) eta f) letretako kontzeptuen batura izanen da

15.000

27.000

f) Lokalen alokairu-gastuak

g) Kanpoko aholkularitza eta laguntza teknikoa

10.000

13.000

h) Patenteen eta marken gastuak

OEPM eta EUIPO tasak soilik

3.000

6.000

3. Eskaera guztiei erantzun ondoren aurrekontu-baliabideak egonez gero, honako igoera hauek egiten ahalko dira, hurrenkera honetan eta 9.1 oinarriaren arabera ezarritako onuradunen lehentasuna errespetatuz:

a) 1.a) ataleko laguntza, ehuneko 5 gehiago, %80 gainditu gabe.

b) 2.1 ataleko gehieneko zenbatekoak, %50 gehiago.

c) 2.2 ataleko taulako gehieneko zenbatekoak, %50 gehiago.

7. oinarria. Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

2. Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa).

3. Enpresa edo IFZa bakoitzeko laguntza eskaera bakarra onartuko da.

4. Eskaerak ez baditu betetzen Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 66. artikuluko betebeharrak, S4 Proiektu Estrategikoen eta Ekintzailetzaren Zerbitzuak eskatzaileari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio, hala egin ezean, ondorioztatuko dela eskaera bertan behera uzten duela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

8. oinarriko 2. ataleko a), b), h) eta j) letretan eskatzen den dokumentazioa aurkezten ez bada, hori ezin izanen da inondik inora zuzendu.

8. oinarria. Laguntzak eskatzeko aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1. Eskaera telematikoarekin batera aurkeztu behar den dokumentazioa, laguntzen fitxan eskuragarri dauden ereduei egokitua, eskaneatuta aurkeztu beharko da, dokumentu bereizietan eta izen eta guzti identifikatuta (adib.: "Eskabidea", "Negozio-plana", etab.).

2. Oro har aurkeztu beharreko dokumentazioa:

a) Eskaera-orri telematikoa, erantzukizunpeko adierazpen bat barne hartuko duena 3.1.1 a), b), e) eta f) oinarrietako betekizunak eta 16. oinarriaren araberako minimis laguntzak egiaztatzeko.

b) Eskabidea, behar bezala betea

c) 2014ko abenduaren 1etik 2023ko abenduaren 31ra bitartean sortutako OTEBek azken ekitaldi fiskal erabilgarriko balantzea, galera-irabazien kontuak eta memoria aurkeztu beharko dituzte.

d) Ekonomia-jardueren gaineko zergan alta eman izanaren agiriaren kopia.

e) Enpresak jarduera zein udalerritan gauzatzen duen, hango udalak luzatutako ziurtagiria, egiaztatzen duena eskatzaileak egunean duela ekonomia-jardueren gaineko zerga. Ziurtagiri horrek izan beharko du laguntza eskaera aurkeztu aurreko 10 egun naturalean egina. Zergatik salbuetsita dauden enpresek ez dute ziurtagiri hori aurkeztu beharko.

f) Enpresako kotizazio kontuko kode guztien lan-bizitzari buruzko txostena, laguntza eskaera aurkeztu aurreko 10 egun naturalean egina.

g) "Negozio-ereduaren ekintzailetza berritzaile eta eskalagarriaren ziurtagiria" lortu izana egiaztatzen duen dokumentazioa, halakorik izanez gero, bat etorriz Enpresa emergenteen ekosistema sustatzeko abenduaren 21eko 28/2022 Legearen 4.1 artikuluarekin

h) Jarduketa diruz lagungarriak azaltzen dituen memoria (eredua laguntzen fitxan dago), balorazio-irizpideak aplikatu ahal izateko. Memoria horretan, justifikatu beharko da eskatzaileak 2.2 oinarrian OTEBtzat hartua izateko ezarritako baldintzak betetzen dituela, salbu eta aurreko puntuko dokumentazioa edukiz gero.

i) Negozio-plana.

j) Aurrekontua, gastu diruz lagungarriak banakatuta jasotzen dituena.

k) Eskaera 9. oinarrian xedatutakoaren arabera ebaluatzeko, eskatzaileak beharrezkotzat jotzen duen dokumentazio guztia aurkezten ahalko du (enpresaren talde sustatzailearen lanbide-historia, zentro teknologiko edo unibertsitateekiko lankidetza-kontratuak, bideragarritasun-plana, lortutako patenteak, egiten dituen produktu edo zerbitzuen azalpen xehatua, I+Gan egindako inbertsioa, sortutako enplegua, eta abar).

l) Aukeran, laguntza eskaerarekin batera, hornitzaileei egin beharreko ordainketak egunean dituela egiaztatzen duten agiriak aurkezten ahalko dira, 3.3 oinarrian adierazitakoak.

m) Bikaintasun Zigiluaren ziurtagiria, Europako Berrikuntza Kontseiluaren (EIC) finantzaketa-programen EIC Accelerator programaren esparruan, lortu baldin bada.

n) "SEEP planaren jarduketak gauzatzeari buruzko adierazpena", barne dela eskatzailearen interes gatazkarik ezaren adierazpena (IGEA).

3. Aurkeztu beharreko dokumentazio espezifikoa:

3.1. Dagokion lanbide elkargoko mutualitatean alta emanda dauden banakako enpresaburuen kasuan, bertan alta emanik egondako aldiak zehazki azaltzen dituen ziurtagiria, laguntza eskaera aurkeztu aurreko 10 egun naturalean egina.

3.2. Enpresa sozietarioak izanez gero: Enpresa eratzeko edo aldatzeko eskrituraren kopia, dagokion erregistroan behar bezala inskribatuta.

3.3. Sozietate irregularren kasuan:

a) Nafarroako Zerga Ogasuneko entitateen zentsuan inskribatuta egotea frogatzen duen agiriaren kopia.

b) Sozietate irregularraren eraketa agiriaren kopia, non ordezkari gisa jarduteko ahalmena dutenak izendatuko baitira.

c) Dagokion lanbide elkargoko mutualitatean alta emanda dauden banakako enpresaburuen kasuan, bertan alta emanik egondako aldiak zehazki azaltzen dituen ziurtagiria, laguntza eskaera aurkeztu aurreko 10 egun naturalean egina.

9. oinarria. Dirulaguntzak emateko irizpideak.

1. Laguntza hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako eskaerak konparatuko dira, haien artean lehentasun-hurrenkera ezartzeko, oinarri honetan ezarritako balorazio irizpideekin bat.

Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, balorazio handiena eskuratzen duten eskaerei 6. oinarrian ezarritako laguntza intentsitatea aplikatuko zaie, deialdi honetarako aurrekontuan erabilgarri dagoen kreditua agortu arte.

Kreditua ez bada behar adinakoa zerrendako azken eskatzaileari laguntza osoa emateko, eskaera birformulatzeko eskatuko zaio, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 20 bis artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

Aurrekontuan behar adina diru ez egoteagatik kontuan hartzen ez diren eskaerak ezetsitzat joko dira.

2. Balorazioaz arduratuko den organoa S4 Proiektu Estrategikoen eta Ekintzailetzaren Zerbitzua izanen da, eta, hala badagokio, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko beste organo batzuen laguntza edo aditu independenteen aholkularitza eskatzen ahalko du.

Gainera, beharrezkotzat jotzen duen dokumentazio edo informazio guztia eskatzen ahalko die entitate eskatzaileei.

3. Eskaerak baloratzeko honako irizpide hauek aplikatuko dira (guztira, 100 puntu lortzen ahal dira gehienez):

a) Negozio-planaren bideragarritasuna (50 puntu gehienez):

Baloratuko dira produktu edo zerbitzuaren berrikuntza-maila eta izan dezakeen arrakasta, merkatuaren azterketa, talde sustatzailearen kudeaketa eta antolaketa, bideragarritasun ekonomikoa eta finantzarioa, marketin-plana eta patenteak edo baliagarritasun-ereduak lortzea.

b) Inpaktua Nafarroan (25 puntu gehienez):

Baloratuko dira Nafarroako ekoizpen-sarearen modernizazioan, dibertsifikazioan eta lehiakortasunaren hobekuntzan egindako ekarpena, sortutako eta aurreikusitako enplegua, egindako inbertsioak, jarduerak S4 sistemaren lehentasun tematikoekin eta trantsizioekin lerrokatzea eta zentro teknologikoekin, ikerkuntza-institutuekin, ikerkuntza-zentroekin, unibertsitateekin edo enpresa-berrikuntzako unitateekin izandako elkarlana.

c) Teknologia disruptiboak IKTen arloan (gehienez 15 puntu):

Baloratuko da enpresaren jarduera IKTen arloko teknologia disruptibo hauekin lerrokatzea: Big Data, Blockchain, Adimen Artifiziala, IoT, Zibersegurtasuna eta/edo Errealitate Birtuala edo Areagotua

d) Genero-berdintasunera, gizarte-inklusiora eta ingurumen-jasangarritasunera bideratutako neurriak (gehienez 10 puntu).

e) Europako Berrikuntza Kontseiluaren (EIC) finantzaketa-programen EIC Accelerator programaren esparruan Bikaintasun Zigilua jaso duten enpresek gehieneko puntuazioa izanen dute a) atalean.

4. Gutxienez 50 puntu lortzen ez dituzten eskaerak ezetsi eginen dira.

5. Lortutako puntuazioan berdinketa gertatuz gero, ordena honetan ebatziko da: lehentasuna izanen dute antzinatasun txikiena duten enpresek, eta antzinatasun bera dutenen artean, 3. apartatuko a), b) eta c) irizpideetan lortutako puntuazioaren arabera ebatziko da, hurrenez hurren.

10. oinarria. Dirulaguntza ematea.

1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak, hots, S4 Proiektu Estrategikoen eta Ekintzailetzaren Zerbitzuak, aurreko oinarrian ezarritako irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskaerak, eta organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek dirulaguntza lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

2. Energia, Enpresa I+G+b eta Ekintzailetzako zuzendari nagusia izanen da dirulaguntza emateari buruz ebazteko organo eskuduna.

Ebazpena arrazoitua izanen da, eta bertan jasoko dira, gutxienez ere, dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda eta, hala badagokio, ezetsi diren eskaerak, eta, horien artean, aurrekontu-baliabideen mugagatik ezetsitakoak.

4. Ebazpena gehienez 6 hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da eskatzaileen gaitutako helbide elektroniko bakarrean, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira. Hala ere, organo eskuduna behartua dago dirulaguntzak onartu edo ukatzeko berariazko ebazpena ematera eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.

5. Baldin eta dirulaguntza onartu ondoren deklaratzen bada dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela edo onuradunen batek dirulaguntzari uko egiten badio eta, horren ondorioz, nahikoa kreditu askatzen bada, diru hori erabiltzen ahalko da behar adina aurrekontu ez egoteagatik hasiera batean, osorik edo partez, erantzun ezin izan ziren eskaerak aintzat hartzeko. Dirulaguntza horiek noiz ematen diren kontuan hartuta, epe berriak finkatzen ahalko dira diruz lagundutako jarduketa egiteko eta hura justifikatzeko.

11. oinarria. Diruz lagundutako gastuaren aldaketak.

Laguntza emateko ebazpenean ezartzen den epean eta moduan egin beharko dira gastuak. Hala ere, gertatutako inguruabarrak direla-eta ezin bada bete dirulaguntza emateko kontuan hartutako aurrekontua, diruz lagundutako gastuak aldatzeko baimena eskatzen ahalko da, batzuk besteekin konpentsatuz, baina dirulaguntza emateko ebazpenean emandako laguntza inola ere gainditu gabe.

Baimena modu justifikatuan eskatu beharko da aldaketa egin aurretik, laguntzen fitxaren bidez, 2025eko abuztuaren 5a baino lehen. Ez da beharrezkoa izanen aldaketa hori eskatzea baldin eta zenbatekoen aldaketak gastu-kontzeptu diruz lagungarri bakoitzari emandako zenbatekoaren %10 baino txikiagoak badira.

12. oinarria. Dirulaguntza jasotzen duen jarduketa justifikatzea.

1. Onuradunek diruz lagundutako jarduera justifikatu beharko dute, eta, horretarako, laguntzen fitxaren bitartez, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute adierazitako epeetan:

1.1. 2025eko maiatzaren 31ra arte (egun hori barne): justifikazio partziala.

Egindako jarduketei buruzko txosten teknikoa, fitxan eskuragarri dagoen ereduaren arabera egina, eta fakturatutako gastuen zerrenda (2023ko azaroaren 1etik edo 2024ko azaroaren 1etik, aplikatzen denaren arabera, 2025eko maiatzaren 31ra arte). Ez da beharrezkoa gastuei dagozkien kontabilitate-dokumentuak aurkeztea (fakturak edo nominak).

1.2. 2025eko azaroaren 5era arteko epean (egun hori barne): azken justifikazioa.

Dokumentazio teknikoa eta ekonomikoa, 2023ko azaroaren 1etik edo 2024ko azaroaren 1etik (aplikatzen denaren arabera) 2025eko irailaren 30era arte egindako jarduketei eta fakturatutako gastuei buruzkoa eta 2025eko azaroaren 5era arte ordaindutakoei buruzkoa, honako hauek barne:

a) Egindako jardueren justifikazio-memoria, laguntzen fitxan eskuragarri dagoen ereduaren arabera egina.

b) Gastu diruz lagungarri guztien zerrenda, Excel formatuan. Erabili beharreko kalkulu orria laguntzen fitxan dago, eta bertan azaltzen da nola justifikatu gastu mota bakoitza.

c) Fakturen eta ordainagirien kopiak, behar bezala ordenatuak aurreko atalean eskatzen den Excel taulako gastuen ordenari jarraikiz. Fakturek eta ordainagiriek onuradunen izenean egon beharko dute, eta 11.1 oinarrian zehaztutako aldiaren barruko datakoak izan.

d) 5.1.a) oinarriko pertsonal-gastuak justifikatzeko, nominak eta Gizarte Segurantzaren nahiz PFEZaren likidazioak, zehaztapenak eta ordainagiriak aurkeztuko dira.

e) Lokala alokatuz gero, errentamendu-kontratua aurkeztu beharko da, behar bezala formalizatuta.

f) Patenteen, erabilera-ereduen edo merkataritzako marken kasuan, Espainiako Patenteen eta Marken Bulegoaren edo Europar Batasuneko Jabetza Intelektualaren Bulegoaren erregistroko eskaeraren kopia aurkeztu beharko da. Eta ordainketa frogatzeko, bankuak egiaztatutako ordainketa-gutunaren kopia aurkeztuko da, edo, aurkezpen elektronikoaren kasuan, bankuko ordainagiriaren kopia.

g) "Enpresa hornitzailearen hautaketaren justifikazioa" inprimakia, laguntzen fitxan eskuragarri dagoena, 5.4 oinarrian adierazitako edukia izanen du.

2. Justifikazioa aurkezten bada 1. atalean ezarritako epea bukatu ondoren, baina, betiere, hurrengo 5 egun balioduneko epearen barnean, laguntza osoa %5 murriztuko da. Hurrengo 10 egun balioduneko epearen barnean aurkezten bada, laguntza osoa %50 murriztuko da. Igarotako denbora luzeagoa bada, adieraziko da laguntza osoa kobratzeko eskubidea galdu dela, eta jada ordaindutako zenbatekoak itzuli beharko dira.

13. oinarria. Dirulaguntzaren ordainketa.

1. Laguntza honela banatuko da:

a) Lehen ordainketa: konturako ordainketa bat eginen da 11. oinarriko 1.1 ataleko dokumentazioa aurkeztu ondoren, hau da, 2023ko azaroaren 1etik edo 2024ko azaroaren 1etik, kasuaren arabera, 2025eko maiatzaren 31ra arte fakturatutako gastuari dagokiona.

b) Bigarren ordainketa eta azken likidazioa: 11. oinarriko 1.2 ataleko dokumentazioa ikusita, gainerako zenbatekoa ordainduko da.

Gainera, laguntzaren likidazioa eginen da, eta kontura ordaindutakoa handiagoa bada azkenean justifikatutako laguntza baino, soberakina bigarren ordainketa horretatik deskontatuko da.

Nolanahi ere, onuradunak justifikatutakoa emandako dirulaguntza baino txikiagoa bada, adieraziko da dagokion laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela, edo, hala badagokio, ordaindutakoa itzultzeko eskatuko da.

2. Laguntza ordaintzeko ebazpenak gehienez ere 6 hilabeteko epean emanen ditu organo eskudunak, frogagiriak aurkezten direnetik hasita kontatuta.

Epe hori betetzeko, 2025eko aurrekontu-ekitaldia bukatu baino lehen agintzen ahalko da egin gabe dauden ordainketak kontura ordaintzeko.

14. oinarria. Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntza eman dela jakinarazten denetik hasita hilabeteko epean, telematikoki aurkeztea dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, laguntzen fitxan eskura dagoen ereduaren araberakoa. Adierazpen hori beti aurkeztu behar da, gardentasun betebeharra izan (Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluko baldintzak betetzeagatik) edo ez izan (kasu horretan, inguruabar hori adieraziko da adierazpenean).

3.c) artikuluko baldintzak betetzen dituztenek ez badute betetzen foru lege horren 12.4 artikuluak eskatzen duen informazioa aurkezteko betebeharra, laguntza kobratzeko eskubidea galduko dute.

b) 30.000 eurotik gorako laguntzen onuradunek 2.4 oinarrian adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko dute, 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeak betetzen dituztela egiaztatzen duena, hilabeteko epean, deialdia ebazten duen egintza laguntzen fitxan argitaratzen denetik zenbatzen hasita, baldin eta laguntzak eskatzean hala egin ez badute.

c) Diruz lagundutako jarduera egin eta justifikatzea 11. oinarrian ezarritako moduan.

d) Enpresa-deslokalizaziorik ez egiteko konpromisoa hartzea, Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresa-deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 4. artikuluan ezartzen dena kontuan hartuta.

e) Laguntzak kudeatzen dituen organoari komunikatzea beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk lortu direla diruz lagundutako jarduketak finantzatzeko, 15. oinarrian aurreikusitako ondorioetarako. Jakin bezain laster egin behar da komunikazio hori.

f) Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoak (SEM) finantzatutako dirulaguntzen onuradun diren pertsonek bete behar dituzten betebeharrak, hurrengo oinarrietan jasotzen direnak.

g) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da, edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat. Hala ere, enpresa-deslokalizazioa gertatuz gero, 18/2020 Foru Legearen 7. artikuluan ezarritako baldintzen arabera itzuliko da dirulaguntza.

Orobat, aurreko betebehar horietakoren bat hein batean betetzen ez bada, ordaindu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa berriro ere doitzen ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da. Zehazki:

Aurrekontuaren exekuzioa laguntza emateko ebazpenean onartutako aurrekontuaren %65 baino txikiagoa bada, zehapen hauek aplikatuko dira eta horrek berekin ekar dezake ordaindu gabe dagoen laguntza kobratzeko eskubidea galtzea edo, hala badagokio, jasotako laguntzak itzultzea:

a) Exekuzioa aurrekontuaren %65 baino txikiagoa baina %40 baino handiagoa: exekuzioaren ehunekoaren arabera, honako taula honetan adierazten den laguntza-murrizketarekin zigortuko da:

EXEKUZIO-EHUNEKOAREN
TARTEA

LAGUNTZAREN MURRIZKETAREN
EHUNEKOA

0-40

100

40-45

60

45-50

40

50-55

30

55-60

20

60-65

10

b) %40ko exekuzioa edo txikiagoa: jarduketak ez dira diruz lagunduko, eta laguntza osoa galdu dela edo itzuli beharko dela deklaratuko da.

Aurrekontua ez exekutatzeko arrazoiak onuradunarekin zerikusirik ez duten ezinbesteko arrazoiak badira, justifikazio-txosten bat aurkezten ahalko da, kausa horiek azaltzen dituena.

15. oinarria. Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoak (SEM) finantzatutako dirulaguntzak lortzeagatik bete beharrekoak.

1. SEMek finantzatutako dirulaguntzen onuradun diren pertsonek, gainera, honako betebehar hauek dituzte:

a) Funtsen azken jasotzaileari buruzko datuak ematea, onuraduna bera ez bada, eta kontratistei eta azpikontratistei buruzkoak, azken jasotzailea adjudikazio botere bat bada, kontratazio publikoaren arloko zuzenbidearen arabera.

b) Onartzea datuen lagapena egitea inplikatuta dauden administrazio publiko guztien artean, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan xedatutakoaren arabera.

c) SEEPan ezarritako zeharkako printzipioak betetzeko konpromisoa hartzea, besteak beste, ekonomia zirkularraren printzipioa eta «ingurumenari kalte nabarmenik ez egitea» printzipioa, eta orobat SEEPan ezarritako etiketatu berde eta digitala betetzea.

d) Jarduera ekonomikoak betetzen dituztenek frogatu beharko dute Tributu Administrazioko Estatu Agentziaren enpresaburu, profesional eta atxikitzaileen zentsuan izena emana dutela, edo Tributuen Foru Administrazioaren zentsu baliokidean; laguntza eskatzen den egunean benetan egiten den jarduera ekonomikoa jaso beharko da frogagirian.

e) Hurrengo oinarrian jasotako publizitate- eta hedapen-betebeharra betetzea.

f) Finantzaketari buruzko dokumentazioa bost urtez gordetzea, ordainketa egiten denetik zenbatzen hasita, edo hiru urtez, finantzaketa 60.000 eurokoa edo txikiagoa bada.

g) Adieraztea badakitela Foru Komunitateko Administrazioak eta aipatutako Erregelamenduaren 22. artikuluan jasotako organismo europar guztiek Benetako Titulartasunen Erregistroan (JUS/319/2018 Aginduaren bidez sortua) jasotako informazioa eskuratzeko, edo benetako titularrei buruzko datu horiek eman ditzaketen Administrazioaren beste datu-base batzuetan sartzeko aukera dutela.

Tributu Administrazioko Estatu Agentziak ez badu laguntza eskatzen duen enpresaren benetako titulartasunei buruzko informaziorik, organo kudeatzaileak informazio hori eskatzen ahalko dio eskatzaileari. Eta informazio hori 5 egun balioduneko epean ematen ez bada, enpresak ezin izanen ditu eskatutako laguntzak eskuratu (urtarrilaren HFP/55/2023 Aginduaren 7.3 artikulua, 2023ko 21. Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratua, urtarrilaren 25ekoan).

h) Onartzea Europako Batzordearen, Iruzurraren aurka Borrokatzeko Europako Bulegoaren, Europako Kontuen Auzitegiaren eta Europako Fiskaltzaren kontrolak, eta aitortzea Europako erakunde horiek eta agintari nazionalek beren eskumenak gauzatzeko behar duten informazioa eskuratzeko eskubidea dutela.

2. a), b), eta c) letretan xedatutakoa betetzeko, laguntzen eskatzaileek aurkeztu behar dute "SEEPeko jarduketen gauzatzeari buruzko adierazpena", barne duela interes gatazkarik ezaren adierazpena (IGEA).

16. oinarria. Publizitate- eta hedapen-betebeharrak.

1. SEMak finantzatutako dirulaguntzen onuradunek publizitate- eta hedapen-betebehar hauek bete behar dituzte:

a) Diruz lagundutako jarduketei buruzko informazio eta komunikazio neurrietan (informazioa emateko kartelak, plakak, argitalpen inprimatuak eta elektronikoak, ikus-entzunezko materiala, web-orriak, prentsako iragarki eta tartekatzeak, ziurtagiriak eta abar), honako logotipo hauek erakutsi beharko dira:

Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren SEM espedienteetan:

1.–Europar Batasunaren enblema, «Europar Batasunak finantzatua-Next Generation EU» testuarekin batera. "SEEParen markaren eskuliburuan" jasotako arau grafikoak eta kolore normalizatuak hartuko dira kontuan, honako webgune honetan kontsultatzen ahal direnak:

Nortasun bisuala | Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana, Espainiako Gobernua. (planderecuperacion.gob.es).

2.–Suspertze Planaren logotipoa, esteka honetan eskuragarri: https://planderecuperacion.gob.es/identidad-visual.

b) Diruz lagundutako jarduketei buruz edozein hedabidetan egiten den aipamen orotan adierazi beharko da Eraldaketa Digitalerako eta Funtzio Publikoaren Ministerioak eta Nafarroako Gobernuko Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuak finantzatu dituztela.

2. Informazio-kartelak eta plakak egiten badira, leku ikusgarrian, jendeak erraz ikusteko moduan, jarriko dira, testua Nafarroako bi hizkuntza ofizialetan idatzirik.

3. Horrez gain, enpresaren webgunean, ageriko lekuan, honako esaldi hau paratuko da laguntza ematen duen ebazpenaren egunetik aurrera: "Enpresa honek Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza bat jaso du, oinarri teknologikoko enpresa berritzaileak sortzeko eta sendotzeko laguntzen 2025eko deialdiaren babesean, Europar Batasunaren Next Generation EU funtsak finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan".

4. Laguntza emateko unean, onuradun bakoitzari adieraziko zaio zer hedapen-baldintza espezifiko bete beharko dituen.

17. oinarria. Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Deialdi honetako laguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, gastu beretarako emandako beste dirulaguntza batzuekin. Nolanahi ere, hurrengo oinarrian finantzaketa bikoitzik ez izateari buruz ezarritakoa aplikatuko da.

Dena dela, jarduketa bererako emandako dirulaguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu onuradunak egin beharreko jarduketaren kostua.

18. oinarria. De minimis laguntzak eta finantzaketa bikoitzik ez izatea.

1. Deialdi honetako dirulaguntzak "de minimis" laguntzak dira, Europako Batzordeak 2023ko abenduaren 13an emandako 2023/2831 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu horren xedea da Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko modua xedatzea (2023ko abenduaren 15eko L EBAO).

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru urteko zerga-ekitaldiko edozein alditan emandako "de minimis" laguntza guztien batura ezin da 300.000 eurotik gorakoa izan. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.

Horretarako, interesdunek eskaera aurkeztu aurreko hiru urteetan jasotako bestelako "de minimis" laguntzak aitortu beharko dituzte eskaeran.

2. Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa ezartzen duen 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 9. artikuluaren arabera, Mekanismoaren esparruan emandako laguntza Europar Batasuneko beste programa eta tresna batzuen baitan emandakoari gehituko zaio. Beraz, erreformek eta inbertsio-proiektuek Batasuneko beste programa eta tresna batzuen laguntza jasotzen ahalko dute, laguntza horrek kostu bera estaltzen ez badu, hau da, gastu berak bi aldiz finantzatzen ez badira (finantzaketa bikoitza).

19. oinarria. Iruzur arriskuaren ebaluazioa.

Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariaren urriaren 28ko 123E/2024 Foru Aginduaren bidez onetsi da iruzurraren aurkako neurrien plana, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren (SEM) kargura finantzatzen diren Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuko proiektuen kudeaketaren esparruan.

Aipatutako planean jasotzen denaren arabera, oinarri arautzaile hauek onesteko espedientean jasota dago iruzur arriskuaren ebaluazioa (bandera gorrien egiaztapen zerrenda) eta, orobat, "Interes gatazkarik ezaren adierazpena" (IGEA), haren prestaketan eta tramitazioan parte hartu duten pertsona guztiei dagokiena.

20. oinarria. Bitarteko elektronikoen bidezko harremanak.

Laguntzen eskaera eta erantsi beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, laguntzen fitxaren bidez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoaren barnean (www.nafarroa.eus).

Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak enpresa eskatzaileen gaitutako helbide elektroniko bakarraren (GHEb) bidez eginen dira. Jakinarazpen edo komunikazio horren bidalketaren berri emanen da eskatzaileak jarritako helbide elektronikoaren bitartez.

21. oinarria. Emandako dirulaguntzen publizitatea.

S4 Proiektu Estrategikoen eta Ekintzailetzaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu-kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

Deialdi honen emaitzak Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoaren laguntzen fitxan ere argitaratuko dira (www.nafarroa.eus).

22. oinarria. Datu pertsonalen babesa.

Datuak babesteko indarrean dagoen araudiaren arabera, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuak tratatuko ditu datu pertsonalak, deialdi honetako laguntzak kudeatzeko. Era berean, jakinarazten da datu pertsonalak babesteko eskubideak departamentu horretan baliatzen ahal direla, laguntzen fitxan adierazitako moduan.

23. oinarria. Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute oinarri arautzaile hauen aurka, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik.

Iragarkiaren kodea: F2419163