15. ALDIZKARIA - 2025eko urtarrilaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

132/2024 FORU AGINDUA, abenduaren 31koa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez aldatzen baita Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren abenduaren 15eko 124/2022 Foru Agindua. Foru agindu horren bidez, 346 eredua onetsi zen, "Nekazaritzako, abeltzaintzako edo basogintzako jardueren ondoriozko dirulaguntza, kalte-ordain edo laguntzak. Urteko aitorpen informatiboa" izenekoa.

Maiatzaren 24ko 174/1999 Foru Dekretuaren bidez onetsiriko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Erregelamenduaren 62.18 artikuluak ezartzen du entitate publiko edo pribatuek nekazaritzako, abeltzaintzako edo basogintzako jardueren ondorioz ematen edo aitortzen dituzten dirulaguntza, kalte-ordain edo laguntzen berri emateko betebeharra dagoela urtero. Besteak beste, kitatu edo ordaindutako dirulaguntza, kalte-ordain edo laguntzaren zenbatekoa, mota eta kontzeptua jakinarazi behar dute.

Manu hori betetzeko, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren abenduaren 15eko 124/2022 Foru Aginduaren bidez 346 eredua onetsi zen, "Nekazaritzako, abeltzaintzako edo basogintzako jardueren ondoriozko dirulaguntza, kalte-ordain edo laguntzak. Urteko aitorpen informatiboa" izenekoa.

Zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeari buruzko abenduaren 26ko 20/2024 Foru Legeak zenbait arau-aldaketa sartu ditu lehen sektoreko enpresa-jardueraren fiskalitatea hobetzeko.

Zehazki, lehenengo artikuluaren Bat apartatuak Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 7.z) artikulua aldatzen du, erabateko salbuespena ezartzeko (lehen ehuneko 50ekoa zen) zergaren sortzapen-egunean ogibide nagusia nekazaritza dutenek edo lehentasunezko nekazaritza-ustiategien titularrak direnek Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsak (NBEUF) finantzaturik jasotzen dituzten laguntzetarako. Salbuespenaren muga 20.000 eurokoa izanen da, eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsak (LGENF) kofinantzatutako laguntzekin batera aplikatzen ahalko da.

Hala ere, muga horretatik kanpo uzten dira klimaren eta ingurumenaren aldeko araubideentzat (eko-araubideak) ematen diren Nekazaritza Politika Erkidearen laguntzak; izan ere, nahiz eta NBEUFk finantzatuta egon, salbuetsita geratzen dira, nork jasotzen dituen kontuan hartu gabe. Halaber, lehen sektorea gaztetzeko eta belaunaldi aldaketa sustatzeko, aipatu salbuespenaren mugatik kanpo geldituko dira, orobat, nekazarien lehenengo instalaziorako laguntza publikoak.

Ondorioz, beharrezkoa da 346 eredua eguneratzea foru agindu honen bidez, Administrazioak behar den xehetasunez jaso dezan informazioa, gero tratamendu fiskal egokia izan dezan.

Foru agindu honen bidez garatutako erregelamendu ahalaren erabilera bat dator premiaren, eraginkortasunaren, proportzionaltasunaren, segurtasun juridikoaren, gardentasunaren eta efizientziaren printzipioekin, zeinak ezarrita baitaude Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean.

Horregatik guztiagatik, eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Erregelamenduaren 62.23 artikuluak emandako gaikuntzarekin bat etorriz, eta abenduaren 26ko 20/2024 Foru Legearen azken xedapenetako hirugarrenaren arabera, zeinak Nafarroako Gobernua gaitzen baitu foru lege hori garatu eta betearazteko behar diren xedapen guztiak eman ditzan,

AGINTZEN DUT:

Artikulu bakarra. Aldatzea Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren abenduaren 15eko 124/2022 Foru Agindua, zeinaren bidez 346 eredua onetsi baitzen, "Nekazaritzako, abeltzaintzako edo basogintzako jardueren ondoriozko dirulaguntza, kalte-ordain edo laguntzak. Urteko aitorpen informatiboa" izenekoa.

Abenduaren 15eko 124/2022 Foru Aginduaren eranskina honela aldatzen da:

Bat.–2. erregistro motaren 78. idazgunean (hartzaileen erregistroa), "A", "B", "C" eta "D" gakoen eremua aldatzen da, eta hartutakoaren gako berria gehitzen da, "E" izenekoa:

IDAZGUNEAK

IZAERA

EREMUEN DESKRIPZIOA

78

Alfabetikoa

HARTUTAKOAREN GAKOA. Kasuan kasuko dirulaguntza, kalte-ordain edo laguntzari dagokion gako alfabetikoa adieraziko da, zerrenda honen arabera:

A

Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergatik edo sozietateen gaineko zergatik salbuetsita dauden dirulaguntza, kalte-ordain edo laguntzak, aitorpenari dagokion ekitaldian zerga horiek arautzen dituen indarreko araudiaren arabera, hala nola Europar Batasunaren nekazaritza politikako dirulaguntzak eta beste laguntza publiko batzuk, zehazten direnak ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren zortzigarren xedapen gehigarrian eta Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legearen 40. artikuluan.

Gako hau ez da adieraziko C, D edo E gakoak bidezkoak direnean.

B

Gako hau adieraziko da A, C, D edo E letretan adierazitakoez bestelako dirulaguntza, kalte-ordain edo laguntzak direnean.

C

Nafarroako landa garapenerako programako laguntzak, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsak kofinantzatuak, zerga-salbuespena izaten ahal dutenak Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 7.z) artikulua aplikatzearen ondorioz, salbu eta E gakoan aitortu behar direnak.

D

Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsen bidez (NBEUF) osorik finantzatutako laguntzak, zerga-salbuespena izaten ahal dutenak Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 7.z) artikulua aplikatzearen ondorioz, salbu eta E gakoan aitortu behar direnak.

E

Nekazaritza Politika Erkidearen laguntzak klimaren eta ingurumenaren aldeko araubideetarako (eko-araubideak, eta nekazarien lehen instalaziorako laguntza publikoak, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 7.z) artikulua aplikatzearen ondorioz salbuetsita daudenak.

Bi.–2. erregistro motaren 79 idazgunean (hartzaileen erregistroa), "HARTUTAKOAREN MOTA" eremutik "7" kodea kentzen da.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta lehenbiziko aldiz aplikatzen ahalko da 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera aurkeztu beharreko 346 ereduko aitorpenetan.

Iruñean, 2024ko abenduaren 31n.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, José Luis Arasti Pérez.

Iragarkiaren kodea: F2500106