15. ALDIZKARIA - 2025eko urtarrilaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

2/2025 FORU AGINDUA, urtarrilaren 7koa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez aldatzen baita Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariaren abenduaren 16ko 156/2016 Foru Agindua. Foru agindu horren bidez, "Finantza-aktiboekin eta bestelako balore higigarriekin egindako eragiketen urteko aitorpena" izeneko 198 eredua onetsi zen.

Zerga-informazioaren kalitatea hobetzeko asmoz, 198 eredua aldatu da, hots, finantza-aktiboekin eta bestelako balore higigarriekin egindako eragiketen urteko aitorpenari buruzkoa, zerga-informazio hori behar bezala eguneratzeko.

Aldaketa honen helburua da aukera ematea diferentzien araberako finantza-kontratuei buruzko informazioa behar bezala aitortzeko. Horretarako, aldaketa batzuk egin dira, II. eranskineko erregistro-diseinuetan informazio hori identifikatzen laguntzeko.

Hori helburu, "Kodearen gakoa" eremuan (2. motako erregistroko 120 idazgunea, aitortuaren erregistroa), 5 zenbakia duen kodea sartu da, eta, "Jaulkitzailearen kodea" eremuan (2. motako erregistroko 121tik 132ra bitarteko idazguneak, aitortuaren erregistroa), tokia gehitzen da baloreak identifikatzeko erabilitako kodeari buruzko informazioa sartzeko, "Kodearen gakoa" eremuan 5. kode berri hori aukeratzen den kasuetarako.

Horrez gainera, II. eranskineko erregistro diseinuetan, "Aurreko aitorpenaren frogagiri-zenbakia" eremua osatzen da (1. motako erregistroko 123tik 135era bitarteko idazguneak, aitortuaren erregistroa), "Aitorpen osagarria" aukera gehitzeko.

Maiatzaren 24ko 174/1999 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Erregelamenduaren 62.23 artikuluaren arabera, aitorpen informatibo hau Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak zehaztutako moduan eta lekuan eginen da.

Foru agindu honen bidez garatutako erregelamendu-ahalaren erabilera bat dator Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 129. artikuluan xedatutako erregulazio onaren printzipioekin. Halaber, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2009 Foru Legearen 129. artikuluan ezarritako printzipio hauek betetzen dira: premia eta eraginkortasuna, proportzionaltasuna, segurtasun juridikoa, gardentasuna, sinpletasun eta efizientzia, eta irisgarritasuna.

Horrenbestez, eman didaten gaikuntza erabiliz,

AGINTZEN DUT:

Artikulu bakarra. Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariaren abenduaren 16ko 156/2016 Foru Agindua aldatzea. Foru agindu horren bidez, "Finantza-aktiboekin eta bestelako balore higigarriekin egindako eragiketen urteko aitorpena" izeneko 198 eredua onetsi zen.

Aldaketa hauek egiten dira 156/2016 Foru Aginduaren II. eranskinean:

Bat.–"AURREKO AITORPENAREN FROGAGIRIAREN ZENBAKIA" eremua aldatzea. Eremu hori erregistro diseinuen 1. motako erregistroko (aitortzailearen erregistroa) 123-135 idazguneetan dago:

IDAZGUNEAK

IZAERA

EREMUEN DESKRIPZIOA

123-135

Zenbakizkoa

AURREKO AITORPENAREN FROGAGIRIAREN ZENBAKIA.

"Aitorpen osagarria" eremuan "C" idatzi bada, edo "Ordezko aitorpena" eremuan "S" idatzi bada, ordezten edo osatzen duen aitorpenari dagokion identifikazio zenbakia idatziko da.

Zenbakizko eremua, 13 idazgunekoa.

Beste edozein kasutan, ZEROZ beteko da".

Bi.–Erregistro diseinuen 2. motako erregistroko (aitortuaren erregistroa) 120 idazgunean dagoen "KODEAREN GAKOA" eremua aldatzea. 5. atala gehitzen da:

IDAZGUNEAK

IZAERA

EREMUEN DESKRIPZIOA

120

Zenbakizkoa

"5.–Balioak beste kode mota batzuen bidez identifikatzen dira. Balio hori erabiltzen ahalko da, bakar-bakarrik, baldin eta "BALIOAREN GAKOA" eremuak (2. motako erregistroko 137 idazgunea) "L. Diferentzien araberako kontratuak" balioa hartzen badu.

Hiru.–Erregistro diseinuen 2. motako erregistroko (aitortuaren erregistroa) 121-132 idazguneetan dagoen "JAULKITZAILEAREN KODEA" eremua aldatzea.

IDAZGUNEAK

IZAERA

EREMUEN DESKRIPZIOA

121-132

Alfazenbakizkoa

JAULKITZAILEAREN KODEA.

"KODEAREN GAKOA" eremuak (2. motako erregistroko 120 idazgunea) 1 balioa hartzen duelarik, Nafarroako Foru Ogasunak emandako IFZa adierazi beharko da.

Berme edo gozamen eskubideak direnean, eskubide horien oinarri diren ondasunen titularraren IFZa adieraziko da ("KODEAREN GAKOA" eremuaren kasua, 120 idazgunea, 1 balioa eman bazaio).

"KODEAREN GAKOA" 120 idazgunean 4 balioa erabiliz identifikatutako baloreen kasuan, eremu honetan Nafarroako Foru Ogasunak jaulkitzaileari emandako IFZa adieraziko da. ISIN kodeari dagokion identifikazioa "ISIN KODEA" eremuan beteko da, 317tik 328ra bitarteko idazguneetan.

ISIN kodea esleitua ez duten atzerriko baloreak direnean, "ZXX" gakoa jarriko da, eta herrialde jaulkitzailearen kodea "XX" izanen da, bat etorriz azaroaren 24ko 208/2008 Foru Aginduaren III. eranskinean azaltzen diren herrialdeen gakoekin ("Kodearen gakoa" eremuaren kasua, 120 idazgunea, 3 balioa eman zaionean) ("KODEAREN GAKOA" eremuaren kasua, 120 idazgunea, 3 balioa eman zaionean).

"KODEAREN GAKOA" 120 idazgunean 5 balioa erabiliz identifikatutako baloreen kasuan, balioak identifikatzeko erabilitako kodea adieraziko da.

"Kodearen gakoa" 120 idazgunean 2 balioa erabiliz identifikatutako baloreen kasuan, eremu hau hutsik utziko da, eta "ISIN KODEA" bete beharko da, 317tik 328 bitarteko idazguneetan."

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta lehenbiziko aldiz aplikatzen ahalko da 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera aurkeztu beharreko 198 ereduko aitorpenetan.

Iruñean, 2025eko urtarrilaren 7an.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, José Luis Arasti Pérez.

Iragarkiaren kodea: F2500133