149. ALDIZKARIA - 2025eko uztailaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

258E/2025 EBAZPENA, ekainaren 12koa, Landa Garapeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez laguntza hauek emateko oinarri arautzaileak eta deialdia onesten baitira 2025. urterako: "Nafarroako nekazaritzako elikagaien kalitate figuren, JDB edo AGB gisa aitortuta daudenen, kontrol eta ziurtapen jardueretarako laguntzak", "de minimis" araubidearen menpe daudela. Dirulaguntzen Datu Base Nazionaleko identifikazioa: 840055.

Elikadura produktuen, edari hordigarrien eta ardogintzako produktuen jatorri deitura eta adierazpen geografiko babestuetarako esparru juridikoa Europar Batasuneko erregelamendu hauetan ezarrita dago, hurrenez hurren: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2024ko apirilaren 11ko 2024/1143 (EB) Erregelamendua, ardoen, edari hordigarrien eta nekazaritzako produktuen adierazpen geografikoei, eta espezialitate tradizional bermatuei nahiz nekazaritza produktuen kalitate araubideari buruzkoa, zeinaren bidez aldatzen baitira 1308/2013 (EB), 2019/787 (EB) eta 2019/1753 (EB) erregelamenduak eta indarrik gabe uzten baita 1151/2012 (EB) Erregelamendua; Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2019/787 (EB) Erregelamendua, zeinaren bidez zehazten baitira edari hordigarrien definizioa, izendapena, aurkezpena eta etiketatzea, beste elikagai batzuen aurkezpen eta etiketatzeetan edari hordigarrien izenak erabiltzeko modua, edari hordigarrien adierazpen geografikoen babesa, eta alkohol etilikoaren eta nekazaritzatik ateratako destilatuen erabilera alkoholdun edarietan, eta indarrik gabe uzten baita 110/2008 (EE) Erregelamendua; eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1308/2013 (EB) Erregelamendua, nekazaritzako produktuen merkatuen antolakunde erkidea sortzen duena.

Erregelamendu horietan ezartzen da, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2017ko martxoaren 15eko 2017/625 (EB) Erregelamenduaren 29. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, kontrol erakunde batek edo gehiagok egiazta dezaketela operadoreek betetzen ote duten jatorri deitura eta adierazle geografiko babestuen baldintzen agiria, bai eta Europar Batasunaren jatorrizko produktuak izendatzen dituzten espezialitate tradizional bermatuena. UNE-EN ISO/IEC 17065:2012 arauaren araberako akreditazioa izan behar dute aipatu erakundeek. Halaber, baldintzen agiria betetzen dela egiaztatzeak eragiten dituen kostuak kontrol horien mende dauden operadoreek ordaintzen ahalko dituzte, eta estatu kideek ere kostu horiek ordaintzen laguntzen ahalko dute.

Bestalde, Nafarroan, nekazaritzako elikagaien ekoizpenaren sustapena Batasuneko esparru juridikoan onartutako figuren babesa duten kalitateko ekoizpenei bideratuta dago bereziki, eta zuzenean bultzatzen ditu ekoizpen sektore primarioa, nekazaritzako industriaren sektorea eta elikaduraren merkataritzaren azpisektorea, Nafarroako nekazaritzako elikagaien kate osoari behar duen sendotasuna emanez, horrela ziurtatzeko ekoizpen ahalmena mantendu eta garatzen dela, lanpostuak indartu eta sortzen direla eta Nafarroako Foru Komunitateko BPGa eratzen laguntzen duela.

Kalitatezko ekoizpenak babestu eta sustatzeko interesaren isla, Nafarroako Gobernuak, besteak beste, elikagaien kalitate figurak kudeatzen dituzten entitateei laguntzeko lerroak ezarri ditu.

Kontuan hartuta Nafarroako kalitate bereiziko ekoizpenek gure nekazaritzako elikagaien sektorearen, lehen mailako ekoizleen, nekazaritzako industriaren sektorearen eta elikaduraren merkataritzaren azpisektorearen gainean duten eragina, beharrezkotzat jotzen da Nafarroako Gobernuaren babesa handitzea kalitate bereiziko figuren kontrol eta ziurtapen jardueretarako laguntzen bidez.

Kalitate figurak kudeatzeko entitateek zenbait jarduera egiten dituzte ekoizleek baldintza-agirian xedatutakoa betetzen dutela bermatzeko. Horretarako, kontrolak egiten dituzte, noiz zuzenean –baldin eta kontrol erakunde baimenduak badira–, noiz agintaritza eskudunak behar bezala baimendutako kontrol erakundeak kontratatuz.

Jatorri deituren, adierazle geografikoen eta espezialitate tradizional bermatuen balio erantsia kontsumitzailearen konfiantzan datza. Balio erantsi hori sinesgarria da, bakar-bakarrik, baldin eta horrekin batera ziurtapen eta kontrol sistema eraginkor bat egiten bada.

Hemen ezarritako laguntzak "de minimis" izaera du, eta Batzordeak 2023ko abenduaren 13an emandako 2023/2831 (EB) Erregelamenduaren aplikazio eremuan sartzen da. Erregelamendu horrek Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko modua arautzen du, eta Europar Batasunaren 2023ko abenduaren 15eko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen.

Ebazpen honen bidez ezartzen dira Nafarroako nekazaritzako elikagaien kalitate figuren, JDB edo AGB gisa aitortuta daudenen, kontrol eta ziurtapen jardueretarako laguntzen oinarri arautzaileak, eta, horrekin batera, laguntza horien deialdia onesten da, Nafarroako Foru Komunitatean 2025. urtean egindako jarduerei dagokiena.

Badago halako interes publiko, sozial eta ekonomiko bat dirulaguntza hauek emateko, nekazaritzako elikagaien kalitate figurak Foru Komunitateko titulartasuneko jabari publikoko ondasuntzat jotzen baitira.

Laguntza lerro hau jasota dago egun indarrean dagoen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Dirulaguntzen 2025-2027 aldirako Plan Estrategikoan, 153. lerroan. Plan hori Nafarroako Gobernuak onetsi zuen 2025eko apirilaren 30ean hartutako erabaki baten bidez.

Ikusirik Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuko zuzendariak emandako aldeko txostena.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako nekazaritzako JDB edo AGB gisa aitortuta dauden elikagaien kalitate figuren kontrol eta ziurtapen jardueretarako laguntzak, "de minimis" araubidearen babesekoak, emateko oinarri arautzaileak eta, horrekin batera, 2025erako laguntzen deialdia onestea. Oinarri horiek ebazpen honen I. eranskinean jasota daude.

2. Deialdi honen ondoriozko gastuei aurre egiteko, 635.000 euroko gastua baimendu da 2025eko ekitaldian, 2025eko gastu-aurrekontuko partida honen baliokide den partidaren kargura: 720003 72200 4701 413103, "Laguntzak kalitateko ekoizpenen kontrol eta ziurtapen jardueretarako".

Partidan baimendutako kreditua 200.000 euro handitzen ahalko da gehienez, Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiko aurrekontu programatik horretarako gaitzen den aurrekontu-partidaren kargura, bat etorrita Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3) artikuluaren a) letran ezarritako baldintzekin, eta baldin eta kreditu egokirik eta behar bestekorik bada.

3. Laguntzak ebazpen honen I. eranskinaren hamargarren oinarrian ezarritakoaren arabera ordainduko dira.

4. Dirulaguntzen deialdi hau eta oinarri arautzaileak Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean erregistratzea (NGDDB).

5. Ebazpen hau eta I. eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2025eko ekainaren 12an.–Landa Garapeneko zuzendari nagusia, Rubén Goñi Urroz.

I. ERANSKINA.–NAFARROAKO NEKAZARITZAKO JDB EDO AGB GISA AITORTUTA DAUDEN ELIKAGAIEN KALITATE FIGUREN KONTROL ETA ZIURTAPEN JARDUERETARAKO LAGUNTZAK, "DE MINIMIS" ARAUBIDEAREN BABESEKOAK, EMATEKO OINARRI ARAUTZAILEAK

Lehen oinarria.–Laguntzaren xedea, onura publikoa eta aplikazio-eremua.

1. Oinarri arautzaile hauen xedea da Nafarroako nekazaritzako elikagaien JDB edo AGB gisa aitortuta dauden kalitate figuren kontrol eta ziurtapen jardueretarako ematen den finantza laguntzaren esparrua definitzea.

2. Batasuneko esparru juridikoan aitortutako figuren babesa duten kalitateko ekoizpenek zuzenean bultzatzen dituzte ekoizpen sektore primarioa, nekazaritzako industriaren sektorea eta elikaduraren merkataritzaren azpisektorea. Hala, Nafarroako nekazaritzako elikagaien kate osoari behar duen sendotasuna ematen zaio, ziurtatua geldi dadin ekoizpen ahalmena mantendu eta garatzen dela, lanpostuak indartu eta sortzen direla eta Nafarroako Foru Komunitateko BPGa eratzen laguntzen duela.

3. Laguntza hauek bat datoz Batzordeak 2023ko abenduaren 13an emandako 2023/2831 (EB) Erregelamenduaren xedearekin, definizioarekin eta aplikazio eremuarekin (erregelamendu horrek Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko modua arautzen du, eta L 2831 Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, 2023ko abenduaren 15ekoan).

4. Laguntza lerro hau jasota dago egun indarrean dagoen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Dirulaguntzen 2025-2027 aldirako Plan Estrategikoan, 153. lerroan. Plan hori Nafarroako Gobernuak onetsi zuen 2025eko apirilaren 30ean hartutako erabaki baten bidez.

Bigarren oinarria.–Entitate onuradunak eta betekizunak.

1. Honako hauek izaten ahal dira laguntza hauen entitate onuradunak:

a) Nafarroako jatorri deitura eta adierazpen geografiko babestuak (JDB eta AGB, hurrenez hurren) kudeatzen dituzten entitate aitortuak, baldintza-agiriak betetzeari lotutako kontrol eta ziurtapen jarduerak gauzatzen badituzte beren kabuz, baimendutako kontrol erakundeak diren aldetik, edo baimendutako kanpoko kontrol erakundeak kontratatzen badituzte jarduera horietarako.

b) Nafarroan kokatuak eta legez eratuak egonik, kalitate-figuren elaborazioa eta merkaturatzea bultzatzeko, sustatzeko, defendatzeko eta zabaltzeko helburua duten elkarteak, baldin eta ekoizle-elkarte gisa jardun badute baldintza-agiriak betetzeari lotutako kontrol eta ziurtapen zerbitzuak kontratatzeko, baimendutako kanpoko kontrol erakundeekin, jatorri deitura babestu bat edo adierazpen geografiko babestu bat aitortzeko prozesuan.

2. Onuradun izan nahi duten pertsona edo entitate eskatzaileek betekizun hauek bete beharko dituzte:

a) Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak eguneratuak izatea.

b) Urteko aurrekontua 2,5 milioi eurotik beherakoa duten kudeaketa entitateek baizik ezin izanen dute lortu laguntza.

c) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan aipatzen diren egoeretako batean dauden pertsona eta entitateak ezin izanen dira ebazpen honen xede diren dirulaguntzen onuradun izan.

d) Ezin izanen dute laguntzarik eskuratu sexuan edo generoan oinarritutako diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, administrazio ebazpen irmo edo kondena-epai irmo baten bidez, zehapena edo zigorra jaso duten entitate eskatzaileek.

e) Aurreko letran aipatutako egoeran dauden entitateak laguntza horien onuradun izaten ahalko dira berriz, baldin eta ezarritako zehapena edo zigorra beteta badute eta berdintasun plan bat prestatu badute indarreko legerian ezarritako baldintzetan, halakorik exijitzen ahal bazaie.

Hirugarren oinarria.–Gastu diruz lagungarriak.

1. Diruz lagungarriak izanen dira entitate onuradunek 2025eko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean egiten dituzten gastuen %100era arte, baldin eta gastu horiek egiten badira kanpoko zerbitzu profesionalak kontratatzeko baldintza-agiriak betetzen direla egiaztatzeko –baldintza-agiriak arautzen dituzten Europako erregelamenduen arabera–, Kontseilu Arautzailearen Idazkaritza Teknikoaren jarduerak egiteko, eta erregistroak mantentzeko, bai eta kontrol eta ziurtapen jarduerekin zuzenean lotutako langile propioei ordaintzeko ere, egindako kontrol eta ziurtapen jardueren gastu hautagarri guztiaren %15eko mugarekin. Azken jarduera horiei dagokienez, egiaztagiri bat aurkeztu beharko da pertsona horiek ekintza planeko jarduera horietan zer dedikazio izan duten, zenbat denbora igaro duten edo zer funtzio izan duten adierazteko.

2. Eskuordetutako kontrol eta ziurtapen organoek Europako arauaren arabera akreditatuak egon beharko dute. UNE-EN ISO/IEC 17065:2012. Aitortutako kalitate figura berrien kasuan, Nafarroako kalitate figuraren batean akreditatuta egon beharko dute kontrol eta ziurtapen organo eskuordetuek Europako UNE-EN ISO/IEC 17065:2012 arauaren arabera, eta eskatu beharko dute egiaztapenaren irismena handitzea, kalitate figuraren aitorpena jaso eta hamabi hilabeteko epean.

3. Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearekin bat etorriz, gastu diruz lagungarria 12.000 eurotik gorakoa denean, onuradunak frogatu beharko du, hiru eskaintzatan oinarrituta, hornitzailea efizientziaren eta ekonomiaren irizpideen arabera hautatu dela; bestela, frogatu beharko du zergatik ezin diren irizpide horiek aplikatu.

4. Ez dira diruz lagungarritzat jotzen eta, hortaz, ez dira hautagarriak izanen, ez balio erantsiaren gaineko zerga (BEZa), ezta beste zerga batzuk ere, salbu eta, foru araudiarekin bat, balio erantsiaren gaineko zerga berreskuratu ezin duten onuradunen kasuan. Horri dagokionez, entitate eskatzaileek salbuespen horri heltzeko asmoa dutela adierazi behar dute laguntza eskabidean, bai eta baldintza hori betetzetik salbuetsiak izanaren justifikazioa aurkeztu ere.

Laugarren oinarria.–Laguntzaren zenbatekoa.

1. Onuradun bakoitzari aplika dakiokeen laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, oinarri honen 2. zenbakian ezarritakotik ateratzen den ehunekoa aplikatuko zaio eskaturiko gastu hautagarriaren zenbatekoari. Ordaindu beharreko azken laguntza, exekuzioa justifikatzen duten fakturen arabera egokituko da. Beste autonomia erkidego batzuetan ere ezarrita dauden kalitate figuren kasuan, diruz lagungarria izan daitekeen gastua gutxituko da, Nafarroan ziurtatutako produktuak kasuan kasuko kalitate figura osoarekin alderatuta daukan pisuaren edo bolumenaren arabera. Horretarako, deialdia argitaratzen denean bukatu den azken kanpainako datuak hartuko dira aintzat.

2. Oro har, laguntzaren portzentajea % 51koa izanen da, eta laguntzaren intentsitatea % 76tik gorakoa izan gabe gehituko da honako egoera hauetan:

–Behi eta ardi haragien abeltzaintza produkzioetako kalitate figurei dagokienez, ehuneko 25 puntu gehiago.

–Babes nazional iragankorraren onespenetik hiru urte igaro ez duten kalitate figura aitortuei dagokienez, ehuneko 10 puntu gehiago.

3. Onuradun bakoitzaren laguntza gehienez ere 100.000 euro izanen da. Enpresa bakoitzari ematen ahal zaion "de minimis" laguntza gehienez ere 300.000 eurokoa izanen da hiru ekitaldi fiskaletako edozein alditan, eta, hala badagokio, deialdi honen arabera ordaindu beharreko laguntza muga horretara egokituko da.

Bosgarren oinarria.–Dirulaguntza emateko modua.

1. Ebazpen honek arautzen dituen laguntzak norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira.

2. Hauek dira eskaerak lehenesteko irizpideak:

–Lehendabizi, kalitate figurak kudeatzeko entitateak, esparru geografikoa Nafarroan bakarrik dutenak.

–Bigarrenik, kalitate figurak kudeatzeko entitateak, ziurtatutako ekoizpenaren %75 baino gehiago Nafarroan sortu dutenak.

–Hirugarrenik, kalitate figurak kudeatzeko entitateak, ziurtatutako ekoizpenaren %25 eta %75 artekoa Nafarroan sortu dutenak.

3. Eskaerak aurreko puntuaren arabera ordenatu ondoren, aurrekontua banatuko da, lehendabizi, lehentasun handieneko taldeko eskaeren artean. Talde bateko eskaeren artean berdinketa izanez gero, operadore erregistratu gehien dituen kudeaketa entitateak egindako eskaerari erantzunen zaio.

4. Gertatzen bada deialdiko aurrekontuko kreditua aski ez izatea laguntzarako eskubidea daukaten eskaera guztiei emateko dirulaguntza, ebaketa pasatzen duen azken espedienteari emanen zaion laguntzaren zenbatekoa izanen da geratzen dena lehentasun handiena duten eskaerei aurreko puntuetan ezarritakoaren arabera erantzun ondoren, eta deialdirako baimendutako gehienezkoa gainditu gabe betiere.

Seigarren oinarria.–Eskaerak aurkeztea.

1. Entitate eskatzaileek laguntza eskaerak aurkezteko epea hamabost egunekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera zenbatuta.

2. Eskaerak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuari zuzenduko zaizkio, eta bitarteko elektronikoen bidez baino ezin dira aurkeztu, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erregistro orokor elektronikoaren bitartez, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluarekin.

3. Eskaera berariaz prestatutako ereduan aurkeztuko da (eredua eskura daiteke Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko Zerbitzuen Katalogoan, www.nafarroa.eus helbidean), honako agiri hauekin batera:

a) Diruz lagungarria den epean (hau da, 2025eko urtarriletik abendura bitartekoan) kudeaketa entitateek egindako kontrol eta ziurtapen zerbitzuen kostuen fakturak, proformakoak edo behin betikoak.

b) Kontrol entitatea akreditatzeko azken ziurtagiriaren kopia, UNE-EN ISO/IEC 17065:2012 arauaren araberakoa. Kontrol entitatea akreditatzeko prozesuan baldin badago, dagokion baldintza-agirirako akreditazio eskaeraren kopia ziurtatua edo agiri baliokidea aurkeztu beharko da; eskaerak akreditazio erakunde nazionalak onartua egon behar du, eta espediente zenbakia esleitua izan behar du.

c) Zerga arloko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egiaztatzeko baimena, hitzez hitz honako hau dioena: "Nik, XXX naizen honek, nire izenean / XXXX ordezkatuz, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari baimena ematen diot egiazta dezan egunean ditudala / ordezten dudan entitateak egunean dituela zerga arloko eta Gizarte Segurantzarekiko betebehar guztiak, betiere Nafarroako nekazaritzako elikagaien kalitate figurak kudeatzeko entitateei kontrol eta ziurtapen jardueretarako "de minimis" laguntzak emateko deialdia tramitatzeko prozeduraren ondorioetarako".

Aurreko paragrafoan ezarritakoarekin ados ez badago, pertsonak edo entitateak berak aurkeztu beharko ditu zerga arloko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak betetzeari buruzko datuak.

d) Idatzizko edo bitarteko elektronikoen bidezko adierazpen bat, hiru urteko edozein alditan jasotako beste edozein "de minimis" laguntzei buruzkoa, betiere erregelamendu honi edo beste "de minimis" erregelamendu batzuei lotuta badaude.

e) Eskatzaileak idatziz edo euskarri elektronikoan egindako adierazpen bat, helburu bererako eskatutako bestelako dirulaguntza publikoei buruzkoa.

f) Adierazpen bat, dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintzak betetzeari buruzkoa.

g) Beste autonomia erkidego batzuetan ere ezarrita dauden kalitate figuren kasuan, eskuragai dagoen azken kanpainan Nafarroan ziurtatutako produktuak kasuan kasuko kalitate figura osoarekin alderatuta daukan pisuari edo bolumenari buruz egindako ziurtagiria.

h) Entitatearen 2025. urteko diru-sarreren eta gastuen aurrekontu onetsia, behar bezala sinatua eta zigilatua, non kontrol eta ziurtapen lanetarako aurreikusitako gastuak egiaztatuko diren.

i) Erantzukizunpeko adierazpen bat, non zehaztuko baita eskatzailea ez dagoela zehapen administratibo irmorik edo kondena-epai irmorik betetzen, edo, bestela, ez dagoela zehapen edo kondena-epai bat bete zain, sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak gauzatu edo toleratzeagatik.

j) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak agiri horietakoren bat baldin badu jadanik, interesdunak, nahi izanez gero, eskabidean hala azaldu beharko du, adieraziz zein agiri den eta zein artxibotan dagoen. Agiriak datu babestuak baldin baditu, eskatzaileak baimena eman beharko dio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari datu horiek ikusteko.

4. Onuradunak nahi badu laguntza zuzenean ordaintzea zerbitzuak ematen dituen entitateari, berariaz adierazi beharko du eskaeran.

Zazpigarren oinarria.–Ebaluazio organoa.

Nekazaritzako Elikagaien Kalitatearen eta Sustapenaren Atalak ebaluatuko ditu eskaerak.

Zortzigarren oinarria.–Deialdiaren antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.

1. Eskaera harturik, seigarren oinarrian aipatzen den dokumentazio guztia aurkeztu ote den egiaztatuko da. Agiri guztiak ez badaude, hamar egunean osatu ditzala eskatuko zaio eskatzaileari, eta adieraziko zaio, hala egin ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela. Ebazpen hori jakinarazi eginen zaio.

2. Agiri guztiak bildu ondoren, betebehar guztiak betetzen dituzten egiaztatuko da. Horretarako, bidezko diren kontrolak egiten ahalko dira.

3. Eskaerak ebaluatu ondoren, Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuak dirulaguntza emateko ebazpena proposatuko du.

4. Araubide honen araberako laguntzak emanen dira, bakar-bakarrik, behin kudeaketa organoak egiaztatu ondoren kasuan kasuko enpresari emandako "de minimis" laguntzen zenbateko osoak ez duela gainditzen 300.000 euroko muga hiru ekitaldi fiskaleko edozein alditan eta, orobat, 2023ko abenduaren 13ko 2023/2831 (EB) Erregelamenduan, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeari buruzkoan, ezarritako baldintza guztiak betetzen direla. Kontuan hartu beharreko hiru urteko aldia etengabe ebaluatu behar da, eta, "de minimis" laguntza bat ematen den bakoitzean, aurreko hiru urteetan emandako "de minimis" laguntzen zenbateko osoa hartuko da kontuan.

5. Landa Garapeneko zuzendari nagusiak ebazpen arrazoitua emanen du laguntzak emateari buruz, eta espresuki adieraziko du zer eskaera ezetsi diren.

6. Prozeduraren gainean ebazteko, hiru hilabeteko epea izanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epea berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat jotzen ahalko da, isiltasun administratiboaren ondorioz.

Bederatzigarren oinarria.–Onuradunen betebeharrak.

1. Ekintzak ebazpen honetan xedatzen denarekin bat gauzatzea, eta bertan eta laguntza emateko ebazpenean adierazten diren betebeharrak betetzea.

2. Hartutako funtsak dirulaguntzak emateko oinarri izan zen helbururako eta ezarritako moduan eta epeetan erabili direla frogatzea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, baita zer gastu egin diren ere hartutako funtsak aplikatuz.

3. Laguntza egoki eman dela egiaztatzeko behar diren kontrolak onartzea.

4. Helburu bererako beste dirulaguntza publiko batzuk eskatu edo jaso badira, horren berri ematea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari.

5. Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea hamar ekitaldi fiskaletan, laguntza ematen den egunetik aurrera.

6. Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintzak betetzea.

7. Entitate onuradunaren gardentasun betebeharrak betetzea.

Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3. artikuluan aipatutako entitateak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko sarrera guztien %20 edo gehiago badira, eta, gutxienez, 5.000 euro. Horretarako, honako esteka honetan dagoen eredua bete beharko dute, gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, alegia:

https://www.navarra.es/documents/48192/17624852/GARDENTASUN+BETEBEHARRARI+BURUZKO+ADIERAZPENA.pdf/f3f571bb-9a88-f772-8a9d-12672ad10a93?t=1657027044702

Aurreko atalean ezarritako muga kuantitatiboak gainditzen diren jakiteko, batuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontu-ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Negozio zifra honako hauetako txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio zifra.

b) Hala badagokio, dirulaguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onetsitako negozio zifra.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik zenbatzen hasita:

–Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

–Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

–Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa izanen da haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa.

–Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen den dedikazioaren araubidea.

–Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta eta telematikoki aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren erregistro orokor elektronikoaren bidez, eta laguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio, honako eredu hauen arabera (gardentasun betebeharrari buruzko adierazpenaren ereduaren I. eta II. eranskinak):

https://www.navarra.es/documents/48192/5726243/2+Declaracion+de+cargos+y+dedicacion–cas–eus.pdf/a4040dbc-5f38-6419-de18-be7af29f4cca?t=1651059276963

https://www.navarra.es/documents/48192/5726243/3+Declaracion+de+retribuciones+cas–eus.pdf/476d1d82-9ef4-7d25-7668-36cf9ae8c191?t=1651059275713

Entitateak ez badu gardentasun betebeharra konplitu beharrik, adierazitako egoerak gertatzen ez direlako, horren gaineko adierazpena aurkeztu beharko du.

Entitateak dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu ekitaldi berean, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatu badira. Horretarako, entitateak adierazi beharko du Foru Komunitateko Administrazioaren zein organoren aurrean aurkeztu zuen, eta noiz.

Betebehar hori bete ezean, ez da ordainduko onetsitako dirulaguntza.

Aurrekoa galarazi gabe, onuradun guztiak behartuak daude Administrazioari behar den informazio guztia ematera, aurretiazko errekerimendua eginda eta hamar eguneko epean, hark bete ahal ditzan Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan jasotako gardentasun betebeharrak.

Errekerimenduan emandako epea bukatzen bada eskatutakoa bete gabe, hertsapen isunak ezartzea erabakitzen ahalko da, 500 eurotik 5.000 eurora bitartekoak, interesdunari ohartarazpena egin ondoren eta entzunaldia emanda. Isuna hamabost egunetik behin errepikatuko da, errekerimendua bete arte. Isunaren zenbateko osoa ez da izanen dirulaguntzaren zenbatekoaren ehuneko bost baino handiagoa. Zenbatekoa zehazteko, ez-betetzearen astuntasuna eta proportzionaltasunaren printzipioa hartuko dira kontuan.

9. Enpresa-deslokalizaziorik ez egitea, Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 4. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Hamargarren oinarria.–Laguntza ordaintzea.

1. Onuradunek 2025eko azaroaren 8a baino lehen aurkeztu beharko dute dirulaguntza ordaintzeko eskaera, honako agiri hauekin batera:

a) Dirulaguntza jaso dezakeen aldiaren kontrol eta ziurtapen jardueren azalpen memoria.

b) Kontratatu diren kontrol eta ziurtapen jardueren fakturak, hirugarren oinarrian ezarritakoaren arabera diruz lagungarria den epeari dagozkionak. Langileen gastuak eskatzen badira, jarduera horietan aritzen diren langileen nominak aurkeztu beharko dira.

c) Diruz lagungarria den aldiari dagozkion gastu diruz lagungarri guztiak ordaindu izanaren frogagiriak (2025eko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra). Laguntza zuzenean zerbitzuaren emaileari ordaintzea eskatzen bada, kontratu sinatua aurkeztu behar da, non zehaztapen hori jasoko baita, eta berariazko eskaera egin beharko da, haren datuak jakinaraziz, ordainketa egin ahal izateko.

d) Itxitako azken ekitaldiari dagozkion urteko kontuak, behar bezala sinatuak eta zigilatuak.

2. Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuak eskatutako agiri guztiak ikuskatuko ditu, eta erabakiko du ea aurkezturiko gastuak hautagarriak diren, frogagiriak baliozkoak diren eta gainerako dokumentazioa aski den. Halaber, Ekonomia eta Ogasun Departamentuko kontu-hartzaile delegatuari justifikazio-kontuaren dokumentazio osoa aurkeztuko dio, berak ikuska dezan.

3. Nolanahi ere, Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuak frogagiri osagarriak eskatzen ahalko ditu, egoki baderitzo, aurkeztutako dokumentazioa zehazteko, argitzeko edo osatzeko, eta Administrazioaren datu-baseak kontsultatzen ahalko ditu, Nafarroako Ogasun Publikoarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituela egiaztatzeko.

Hamaikagarren oinarria.–Garapena eta jarraipena.

Laguntzaren kontrolaren eta jarraipenaren ondorioetarako, Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuak bidezkotzat jotzen duen informazio osagarria eskatzen ahalko die onuradunei, laguntzaren xedeko jarduerei eta ekintzei dagokienez, entitateak eskatutako baldintzak ezarritako epeetan betetzen dituela egiaztatzeko eta dagozkien egiaztapenak egiteko.

Hamabigarren oinarria.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

1. Ebazpen honen arabera emandako "de minimis" laguntzak metatzen ahalko dira emandako honako "de minimis" laguntzekin: Batzordearen 1408/2013 (EB) Erregelamenduaren arabera eta Batzordearen 717/2014 (EB) Erregelamenduaren arabera emandakoak, gehienez ere Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko 2023/2831 (EB) Erregelamenduaren 3. artikuluko 2. apartatuan ezarritako mugaraino.

2. Laguntza hauek ez dira Estatuko inolako laguntzarekin metatzen ahal, gastu diruz lagungarri berberei dagokienez, ez eta arriskuaren finantzaketa-neurri berberaren Estatuko laguntzekin ere, baldin eta metaketa horrek gainditzen baldin badu kategorien arabera salbuesteko erregelamendu baten bidez edo Europako Batzordeak hartutako erabaki baten bidez kasu zehatz bakoitzerako finkatzen den laguntzen gehieneko zenbatekoa edo laguntzen intentsitatea.

3. Betiere, jarduera bererako emandako dirulaguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu egin beharreko jardueraren kostua.

Hamahirugarren oinarria.–Itzulketak, arau-hausteak eta zehapenak.

1. Laguntzen onuradunek dirulaguntza emateko baldintza eta konpromisoak betetzen ez badituzte, dirulaguntzak oso-osorik itzuli beharko dituzte, bai eta dagozkien berandutze-interesak ordaindu ere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. eta 37. artikuluetan xedatutakoarekin bat.

2. Aplikatu beharreko arau-hausteen eta zehapenen araubidea azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoa izanen da.

3. Inguruabar bereziren bat edo ezinbesteko egoeraren bat gertatu dela dakien onuradunak idatziz jakinarazi beharko dio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuari, organo kudeatzaileak egiaztapenak egin baino lehen.

Hamalaugarren oinarria.–Publiko egitea eta informazioa.

1. Ebazpen honetan ezarritako laguntzen onuradunen zerrenda Nafarroako Gobernuaren atarian argitaratuko da, tramiteen katalogoan, hain zuzen, Nafarroako nekazaritzako elikagaien kalitate figurak kudeatzeko entitateek kalitatezko ekoizpenen kontrol eta ziurtapen jarduerak egiteko laguntzei dagokien fitxan, zeinak "de minimis" araubideari lotuta baitaude, 2025eko urterako.

2. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 20.8 artikuluan xedatutakoarekin bat, Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean argitaratuko dira emandako dirulaguntzak, artikulu horretan bertan adierazitako baldintzetan.

3. Batasuneko estatuek, laguntza eman eta hogei egun balioduneko epean, "de minimis" laguntzei buruzko informazioa gordeko dute estatu horretako edozein agintaritzak emandako "de minimis" laguntzen erregistro nagusian.

4. Estatu kideek neurri egokiak hartuko dituzte erregistro nagusian jasotako datuak zehatzak direla bermatzeko, eta "de minimis" laguntzei buruzko informazioaren erregistroak gordeko dituzte hamar urtez, laguntza ematen den egunetik aurrera.

5. Batzordeak, idatziz, beharrezkotzat jotzen duen informazio guztia eskatuko du zehaztu ahal izateko, batetik, erregelamendu honetan ezarritako baldintzak bete diren edo ez eta, bereziki, zein den erregelamendu honetan eta beste "de minimis" erregelamendu batzuetan ezarritakoa betez edozein enpresak jaso duen "de minimis" laguntzaren guztizko zenbatekoa. Kasuan kasuko estatuak eman egin beharko dio informazio hori Batzordeari, hogei egun balioduneko epean, edo, eskaeran hala ezarrita dagoenean, hori baino handiagoa den epean.

Iragarkiaren kodea: F2508571