Iragarkia
149. ALDIZKARIA - 2025eko uztailaren 28a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
205E/2025 EBAZPENA, uztailaren 1ekoa, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, Nafarroako toki entitateek Nafarroan lagun egiteko animaliak babesteko jarduketak egiteko 2025. urteko dirulaguntzen deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 843592.
19/2019 Foru Legeak, apirilaren 4koak, lagun egiteko animaliak Nafarroan babesteari buruzkoak, oinarrizko xede ditu animalien babes eta ongizate maila ahalik eta handiena lortzea, animalientzako tratu egokia bermatzea eta animalien edukitze arduratsua sustatzea abandonuari aurre egiteko, eta orobat, animalien babesari buruzko prestakuntza, zabalkunde eta informazio jarduerak sustatzea.
2019ko uztailaren 11n indarra hartzearekin batera, indargabetuta gelditu zen animalien babeserako aurreko legea, 1994koa. Denbora asko igaro bada ere, gure lurraldean txakurren eta katuen abandonua arazo larria da oraindik, baita abandonu horien kudeaketa ere. Horrekin batera, egiaztatuta dago Nafarroako udalerri askotan aske baina giza ingurune baten menpe bizi diren katuen populazioak gero eta ugariagoak direla; gainera ez da populazio horien tamaina eta osasun egoeraren gaineko inolako kontrolik egiten, eta horrek, maiz, gatazkak eragiten ditu bizilagunen artean. Gizarteak gertaera hauen gaineko gero eta kontzientzia handiagoa du eta jarduketa zehatzak eskatzen ditu arloko organismo eskudunen aldetik.
Horri loturik, Foru Legearen atarikoan funtsezko bi estrategia aipatzen dira lagun egiteko animalien abandonua prebenitu eta murrizteko bide gisa: esterilizazioa eta identifikazioa. Legearen V. tituluan, abandonatutzat edo galdutzat jo diren lagun egiteko animalien arloan jarduteko eskumenak ezartzen dira, eta harrera zentroak eta katu koloniak jotzen dira animalia horien kudeaketa etikorako biderik egokientzat. Zehazki, lege horren 15., 17. eta 22. artikuluetan xedatzen da udalei, udalez gaindiko erakundeei edo eskualdeei dagokiela abandonatutako edo galdutako animaliak jaso, ostatatu eta mantentzeko jarduerak egitea, bai eta katu koloniak ezarri eta kudeatzea ere, eta gainera, aurreikusten da animaliak jasotzeko edo haiei harrera egiteko zentrorik ez badute kanpoko beste erakunde batzuekin hitzartzen ahalko dutela zerbitzu horiek egitea.
94/2022 Foru Dekretua, urriaren 26koa, 2022ko azaroaren 30ean sartu zen indarrean. Haren bidez, aipatutako lege hori garatzen duen erregelamendua onartzen da, eta txakurrak eta katuak identifikatzeko prozedura eta derrigortasuna zehazten dira, katu kolonietakoak barne. Aldi berean, katu kolonietako katuak eta harrera zentroetan sartzen diren animaliak esterilizatzeko betebeharra ere jasotzen da, 19/2019 Foru Legeak jasotzen duen bezala.
7/2023 Legeak, martxoaren 28koak, animalien eskubideak eta ongizatea babestekoak, 2023ko irailaren 29an indarrean sartu zenak, berresten ditu udalen eskumenak galdutako eta abandonatutako animaliak jasotzeari buruz, eta ezartzen du beharrezkoa dela udalek animalia horiek kudeatzeko eta zaintzeko zerbitzu propioa, mankomunatua edo hitzartua izatea. Lege horrek, halaber, ezartzen du udalek eskumena dutela katuen populazioa kontrolatzeko, katu koloniak ezarriz eta horiek kudeatuz.
Toki entitate gehienek ez dute oraindik betebehar horiek betetzeko behar den azpiegiturarik edo baliabide material eta ekonomikorik. Zailtasunak zailtasun, udal batzuk lagun egiteko animaliak babesteko ardura beren gain hartzeko alternatiben bila dabiltza. Hori horrela, Abeltzaintzako Zerbitzuaren ustez funtsezkoa da toki entitateek ildo horretatik lanean jarraitzea, horrela arreta egokia ematen ahalko baitzaie bai abandonatutako, konfiskatutako eta babesik gabeko animaliei, bai haien udalerrietan aske bizi diren katuei, hori bai, azpimarratuz berebiziko garrantzia duela harrera zentroetan ostatatutako txakur eta katuen identifikazioak eta esterilizazioak, bai eta katu kolonien ezarpenak ere, populazioen kontrolerako, abandonuaren prebentziorako eta animalien arteko bizikidetza errazteko neurri eraginkorrak diren aldetik.
Arazo honi erantzun bat eman beharrez, eta arestian zehaztutako jarduketak gauzatze aldera, ezinbestekotzat jotzen da zuzeneko laguntza lerroak ezartzea. Horretarako, Nafarroako Gobernuaren 2025erako gastuen aurrekontuetan, toki entitateentzako dirulaguntzen partida bat aurreikusi da, guztira 245.000 eurokoa, animaliak babesteko ekintzak sustatzeko. Horrela bada, administrazioak laguntzak emanen dizkie toki entitateei Animalien Eskubideak eta Ongizatea Babesteko martxoaren 28ko 7/2023 Legeak zein 19/2019 Foru Legeak eta hura garatzen duen araudiak animalia abandonatuak, konfiskatuak, babesgabeak edo galduak jaso eta mantentzeari buruz ezarritako betebeharrak betetzen laguntzeko, bai eta udalerrian ezarritako katu kolonietako katuen kudeaketari begira ezartzen dizkieten betebeharretarako ere. Betebehar horiek bi legeek animalien babesaren eta ongizatearen arloan ematen dizkieten eskumenak gauzatzearen ondorio dira.
Ebazpen honen xedea honako hau da: Nafarroan lagun egiteko animalien babesa sustatzeko laguntzen oinarri arautzaileak ezartzea. Horretarako, toki entitateentzako zenbait laguntza lerro ezarri dira: txakur eta katuak identifikatzeko, esterilizatzeko, amorruaren kontra txertatzeko eta haientzako elikagaiak erosteko laguntzak, nola harrera zentroetan dauden animalientzat hala udalerrietan aske bizi diren katu populazioentzat.
Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak horretarako eskumena du, Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuaren arabera. 25. artikuluak Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiaren eskumen materialen esparruan sartzen du animalien ongizatea babestea. Zehazki, Abeltzaintza Zerbitzuaren mende dagoen Lagun Egiteko eta Esperimentaziorako Animalien Atalari dagozkio aipatu Foru Dekretuan lagun egiteko animalien ongizateari eta babesari buruz aurreikusten diren eskudantziak.
Ebazpen honi Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2015 Foru Legea aplikatzen zaio.
Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Toki entitateek Nafarroan lagun egiteko animaliak babesteko jarduketak egiteko 2025. urteko dirulaguntzen deialdia onestea.
2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea, ebazpen honen I. eranskinean jaso direnak.
3. 245.000 euroko gastua baimentzea 2025erako aurrekontu orokorretako "Toki entitateentzako laguntzak animaliak babesteko ekintzetarako" izeneko 710004-71300-4609-412202 partidaren kargura, deialdi honen bidez hartutako konpromisoei erantzute aldera.
4. Ebazpen hau eta bere eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta deialdia Dirulaguntzen Datu Base Nazionalari (DDBN) jakinaraztea.
5. Ebazpen honen eta haren oinarrien aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
Iruñean, 2025eko uztailaren 1ean.–Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.
I. ERANSKINA.–LAGUN EGITEKO ANIMALIEN BABESA SUSTATZEKO EKINTZAK GAUZATZEKO NAFARROAKO TOKI ENTITATEETARA 2025. URTEAN BIDERATUTAKO DIRULAGUNTZEN DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK
1. oinarria. Xedea eta helburua.
Deialdi honen xedea da 2025. urtean Nafarroako toki entitateei dirulaguntzak emateko araubidea ezartzea, abandonatutako, galdutako, konfiskatutako edo babesik gabeko lagun egiteko animalien babesa eta ongizatea lortzeko, baimendutako eta erregistratutako harrera zentroetan dauden eta/edo katu kolonietako kide diren animalia horien arreta eta zaintzari dagokionez.
2. oinarria. Aplikatzekoa den araubide juridikoa.
Foru ebazpen honetan aurreikusitako dirulaguntzak arautuko dituzte aginduan bertan eta oinarri arautzaileak biltzen dituen eranskin honetan ezarritakoak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak, eta aurrekontu eta dirulaguntzen arloko foru eta estatu mailako gainerako araudi aplikagarriek.
3. oinarria. Laguntzak emateko araubidea.
3.1. Foru agindu honetan araututako laguntzak norgehiagokako araubidean emanen dira, eta betiere printzipio hauei jarraikiz: publikotasuna, gardentasuna, objektibotasuna, berdintasuna eta diskriminazio eza, helburuak betetzeko eraginkortasuna eta baliabide publikoak esleitu eta erabiltzeko efizientzia.
3.2. Deialdi honen babesean ematen diren laguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak izanen dira, eta deialdiaren xedeko jarduketak egiteko erabiliko dira.
4. oinarria. Entitate onuradunak: toki entitateak.
4.1. Laguntza hauen onuradun izan daitezke beren lurralde eremuan abandonatutako, konfiskatutako, babesik gabeko edo galdutako lagun egiteko animaliak jasotzeko eta mantentzeko zerbitzua ematen duten eta aldi baterako harrera zentro baimendu eta erregistratua duten toki entitateak, bai eta katu koloniak kudeatzen dituzten toki entitateak ere.
4.2. Halaber, multzo batean elkartutako toki entitateak ere aurkezten ahalko dira deialdira, eskaeran espresuki adierazten badira zein den entitate bakoitzak hartzen dituen gauzatze konpromisoak, eta entitate horien ordezkari bakar bat izendatzen bada, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 8.3 artikuluak ezartzen duenarekin bat.
5. oinarria. Entitate onuradunei eskatu beharreko betebeharrak.
5.1. Entitate onuradunek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 eta 13.3 artikuluetan ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte.
5.2. Abandonatutako, konfiskatutako, galdutako edo babesik gabeko animaliak jasotzeko eta mantentzeko zerbitzuak ematen dituzten toki entitateek beren edo hirugarrenen aldi baterako harrera zentroak izan beharko dituzte, horretarako behar bezala baimenduta, edo zentro horien mendeko harrera etxe baimenduak, Nafarroan lagun egiteko animaliak babesteari buruzko apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legean eta 19/2019 Foru Legea garatzeko erregelamendua onartzen duen urriaren 26ko 94/2022 Foru Dekretuan araututakoaren arabera.
Hala ere, baimendutako harrera zentrorik ez izan arren, udalerrian bertan harrera zentro bat edo zentro mankomunatu bat sortzeko eta/edo abian jartzeko proiektu bat dagoela behar bezala justifikatzen duten toki entitateek deialdi honetako laguntzak eskuratzen ahalko dituzte. Ondorio horietarako, justifikazio nahikotzat joko da 2025eko urriaren 31 baino lehen proiektua idazteko eta/edo dagokion obra gauzatzeko lizitazio prozedura hasteko akta edo haren ebazpena.
5.3. Zerbitzuen kudeaketa, bai zentroen mantentzeari bai katu kolonien kudeaketari dagokiona, zuzenean kudeatzen ahalko da baliabide propioekin, edo zeharka ere kudeatzen ahalko da; kasu horretan, indarrean dauden hitzarmenak edo kontratuak izan beharko ditu Nafarroako Gobernuaren Animaliak Babesteko Elkarteen eta Erakunde Laguntzaileen Erregistroan erregistratutako erakunde laguntzaileekin, edo hirugarrenekin eginiko kontratuen bidez.
Halaber, laguntza jasotzen ahalko dute animaliak babesteko elkarte batekin hitzarmena edo kontratua sinatuta duten toki entitateek, baldin eta elkarte horiek Animaliak Babesteko Elkarteen Erregistroan erakunde laguntzaile gisa onartzea eskatu badute laguntzen deialdia argitaratu aurretik. Hala ere, diruz lagun daitezkeen jarduketak justifikatzeko datan ez bada onarpenik lortu, toki entitateak galdu eginen du emaniko laguntza kobratzeko eskubidea.
6. oinarria. Jarduketa diruz lagungarriak.
6.1. Diruz laguntzen ahalko dira baimendutako harrera zentroetan dauden txakurrak eta katuak edo katu kolonia batekoak diren katuak zaintzera bideratutako jarduketak, 2024ko azaroaren 1etik 2025eko abuztuaren 31ra bitartean egiten badira eta eskabideak aurkezteko azken eguna baino lehen ordaintzen badira. Honako hauek dira diruz laguntzen ahal diren jarduketak:
a) Animalien esterilizazio kirurgikoa, kontrolatu gabeko ugalketa saihesteko eta haien adopzioa sustatzeko.
b) Animaliak mikrotxipa ezarriz identifikatzea, RIACNAn inskribatzea eta pasaportea egitea, nahitaezkoa bada apirilaren 4ko 19/2019 Legean eta 94/2022 Foru Dekretuan jasotakoaren arabera.
c) Pentsu komertzial lehor eta/edo heze espezifikoa erostea, nutrizio egoera hoberena lortze aldera.
d) Amorruaren kontrako txertoak jartzea.
7. oinarria. Gastu diruz lagungarriak.
7.1. Gastu diruz lagungarritzat hartuko dira argi eta garbi diruz lagundutako jarduketaren izaerari erantzuten diotenak, baldin eta guztiz beharrezkoak badira eta bat badatoz 2024ko azaroaren 1etik 2025eko abuztuaren 31ra bitartean hasi eta eginiko jarduketekin.
7.2. Balio Erantsiaren gaineko Zerga (BEZ) gastu diruz lagungarritzat hartuko da, bakar-bakarrik, onuradunak berreskuratu edo konpentsatzerik ez duenean.
7.3. 6.1 oinarriko a) eta d) letretan jasotako gastuak diruz lagundu ahal izateko, animaliek behar bezala identifikatuta egon beharko dute, 19/2019 Legearekin eta 94/2022 Foru Dekretuarekin bat etorriz.
7.4. Aurreko oinarrian adierazitako jarduketak diruz laguntzen ahalko dira, baldin eta animalien jabeek ordaindu behar ez badituzte, galera kasuetan, eta adoptatzaileari jasanarazten ez bazaizkio. Jasanarazi ez den zatia baino ez da diruz laguntzen ahalko.
7.5. Diruz lagundu daitezkeen jarduketengatik, toki entitateari ez zaio ordaintzen ahalko inola ere erakunde laguntzaileari edo zentroaren erakunde kudeatzaileari dirulaguntzaren xede diren jarduketak egiteagatik ordaindutako zenbatekoa baino kopuru handiagoa.
8. oinarria. Laguntzaren zenbatekoa.
8.1. Laguntza hauei dagozkien zenbatekoak 2025eko Aurrekontu Orokorretako 710004-71300-4609-412202 partidaren kontura ordainduko dira ("Toki entitateentzako laguntzak animaliak babesteko ekintzetarako"). 245.000 euroko zuzkidura dauka partidak.
8.2. 6. oinarrian jasotako jarduketak laguntzen ahalko dira diruz, gehieneko zenbateko hauekin, BEZa barne:
a) Esterilizazio kirurgikoaren albaitaritzako ekintza klinikoaren ondoriozko gastuak:
–Txakur espezieko animaliak: 120 euro gehienez eme bakoitzeko, eta 80 euro gehienez ar bakoitzeko.
–Katu espezieko animaliak: 85 euro gehienez eme bakoitzeko, eta 35 euro gehienez ar bakoitzeko.
b) Animaliak identifikatzeko albaitaritzako ekintza klinikoaren ondoriozko gastuak: gehienez 25 euro identifikatutako animalia bakoitzeko.
c) Pentsu komertzial lehor eta/edo heze espezifikoa erosteko gastuak:
–Txakur espezieko animaliak: 75 euro gehienez animalia bakoitzeko, diruz lagungarria den aldi osorako (10 hilabete).
–Katu espezieko animaliak: 60 euro gehienez animalia bakoitzeko, diruz lagungarria den aldi osorako (10 hilabete).
Animalia kopurua kalkulatzeko, diruz lagungarria den aldian zentroan dauden animalien batez bestekoa eginen da, espezie bakoitzeko egin beharreko formula hau kontuan hartuta:
KG = Kh + ((Sm-Im)/10)
Azalpena:
KG: Diruz lagundu daitekeen zenbatekoa kalkulatzeko erabili den animalien guztizko kopurua.
Kh: Animalia kopurua zentroan 2024/11/01ean.
Sm: 2024/11/01etik 2025/08/31ra bitarteko animalien sarreren batura.
Im: 2024/11/01etik 2025/08/31ra bitarteko animalien irteeren batura.
Katu koloniei zuzendutako elikagaiaren gastua zehazteko, honela kalkulatuko da: 2024/11/01ean katu kolonietan zeuden banakoen kopurua gehi 2024/11/01etik 2025/08/31ra bitartean identifikatutako banakoen eta aldi berean gertatutako bajen arteko aldea.
d) Amorruaren kontrako txertaketak eraginiko gastuak: gehienez 15 euro zentro batean jasotako edo katu kolonia batekoa den animaliari emaniko dosi bakoitzeko, 19/2019 Legean eta 94/2022 Foru Dekretuan araututakoaren arabera.
8.3. Zerbitzua kudeatzen duen toki entitateak edo erakundeak diruz lagungarriak diren albaitaritza jarduerak zuzenean egiten dituzten albaitariak baditu plantillan, 8.2 atalean aurreikusitako jarduketagatiko gehieneko zenbatekoak ordainduko dira.
8.4. Dagokion aurrekontuko partida agortu egiten bada dirulaguntzaren xedeko gutxieneko puntuaziora iristen diren eskaera guztiei erantzun gabe, zenbateko osoa aurkeztutako eskaeren artean eta eskatutako proportzioaren arabera hainbanatuko da.
8.5. Gehieneko dirulaguntza 25.000 eurokoa izanen da entitate onuradun bakoitzeko.
9. oinarria. Bateragarritasuna.
Laguntza horiek bateragarriak izanen dira beste edozein administrazio publiko edo pribatuk xede bererako emanen dituen beste dirulaguntza batzuekin, betiere emaniko dirulaguntzen baturak gastuen zenbateko osoa gainditzen ez badu, 11/2005 Foru Legearen 13.3 artikuluan ezarritakoaren arabera.
10. oinarria. Eskaerak.
10.1. Epea:
Eskaerak aurkezteko epea Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2025eko irailaren 12an bukatuko.
10.2. Aurkezteko modua:
Eskabideak telematikoki aurkeztu beharko dira, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (https://www.navarra.es/eu) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntza fitxa).
Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.
Eskabideak Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiko Abeltzaintza Zerbitzuari atxikitako Lagun Egiteko eta Esperimentaziorako Animalien Atalari zuzenduko zaizkio.
Laguntza fitxan agertzen den eskabide eredua aurkeztuko da, erakunde eskatzaileak eskura dituen eranskinen arabera, halakorik badago, eginiko adierazpen hauekin batera:
a) Hainbat administrazio publikotan xede bererako eskatutako eta/edo emaniko laguntzen eskabide guztien aitorpena.
b) Eskaeran eta aurkeztutako dokumentuetan agertzen diren datu guztiak egiazkoak direla.
c) Adierazpena, dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 5/2011 Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintzetako batean ere erortzen ez dela frogatzen duena.
d) Erantzukizunpeko adierazpena, tributu arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela frogatzen duena.
e) Erantzukizunpeko adierazpena, 5. oinarrian laguntza hauen onuradun izateko ezarritako baldintzak betetzen direla frogatzen duena.
f) Adierazpena, dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 44.1 artikuluan aurreikusitako desgaikuntza egoeraren batean ere ez dagoela frogatzen duena.
g) Adierazpena, dirulaguntzen itzulketagatiko betebeharren ordainketan egunean dagoela frogatzen duena, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.
h) Toki entitatearen lurralde eremuan abandonatutako animaliak eta katu koloniak jasotzeko eta mantentzeko kudeaketa moduari buruzko erantzukizunpeko adierazpena, hura nola egiten den adieraziz (zuzenean edo zeharka, hitzarmen edo kontratu bidez), bai eta erakunde laguntzailea edo erakunde kudeatzailea adieraziz ere.
10.3. Aurkeztu beharreko dokumentazio osagarria:
a) Toki entitatearen eta erregistratutako erakunde laguntzailearen edo abandonatutako, galdutako, konfiskatutako edo babesik gabeko animaliak jasotzeko eta edukitzeko zerbitzua ematen duen hirugarrenaren arteko harremanaren egiaztapen fidagarria, edo katu kolonien kudeaketarena, baldin eta erakundeek zerbitzu horiek zeharkako kudeaketaren bidez garatzen badituzte. Behar bezala egiaztatu behar da diruz lagundu daitezkeen jarduketetatik zein diren hitzarmenaren edo kontratuaren xede, eta nola finantzatzen diren.
Hori egiaztatzeko, sinatutako hitzarmen edo kontratuen kopia ez ezik, toki entitatearen erantzukizunpeko adierazpena ere aurkeztu beharko da. Adierazpen horretan zehaztuko da diruz lagungarriak diren zer jarduketa dauden babestuta hitzarmenaren eta kontratuaren bidez, eta horiek nola finantzatuta dauden.
b) Toki entitatearen edo baimendutako harrera zentroa kudeatzen duen erakundearen ziurtagiria, laguntza fitxan eskuragarri dagoen txantiloiaren araberakoa, erreferentzia egiten dion toki entitatea adieraziz, hala badagokio, eta honako alderdi hauek barne hartzen dituena:
1. Txakur espeziea: zentroan 2024/11/01ean dagoen animalia kopurua, eta 2024ko azaroaren 1etik 2025eko abuztuaren 31ra bitartean zentro baimenduan jaso eta sartutako animalia kopurua, bai eta aldi horretan izaniko irteera kopurua ere, hilez hil xehatuta.
2. Katu espeziea: zentroan 2024/11/01ean dagoen animalien kopurua, eta 2024ko azaroaren 1etik 2025eko abuztuaren 31ra bitartean zentro baimenduan jaso eta sartutako animalian kopurua, bai eta aldi horretan izaniko irteera kopurua ere, hilez hil xehatuta.
c) Toki entitateak edo harrera zentroa kudeatzen duen erakundeak sinatutako memoria, laguntza fitxan eskuragarri dagoen txantiloiaren arabera. Memoria horretan, animalien zerrenda bat eginen da datu hauek kontuan hartuta: espeziea, sexua, mikrotxiparen zenbakia eta jarduketarako aurreikusitako kostua. Zerrenda horretan adieraziko da 2024ko azaroaren 1etik 2025eko abuztuaren 31ra bitarteko aldian zer animalia...:
1. Esterilizatu diren.
2. Identifikatu diren.
3. Txertatu diren amorruaren kontra, eta zenbat dosi jaso dituzten (bat edo bi).
d) Baimendutako harrera zentrorik ez badago eta 4.2 oinarrian aurreikusitako salbuespenari helduz gero, proiektua idazteko eta/edo dagokion obra gauzatzeko lizitazio prozedura hasteko akta edo ebazpena, edo toki entitatearen konpromisoa dokumentazio hori 2025eko urriaren 31 baino lehen izateko.
e) Toki entitatearen edo katu kolonia kudeatzen duen erakunde laguntzailearen ziurtagiria, laguntza fitxan eskuragarri dagoen txantiloiaren araberakoa, erreferentzia egiten dion toki entitatea adieraziz, hala badagokio, eta honako alderdi hauek barne hartzen dituena:
1. 19/2019 Foru Legean eta 94/2022 Foru Dekretuan adierazitakoaren arabera, 2024ko azaroaren 1etik 2025eko abuztuaren 31ra bitartean legez ezarritako katu kolonien zerrenda, horietako bakoitzaren kokapena eta koloniaren identifikazioa adierazita.
2. Katu kolonia bakoitzean identifikatutako katu kopurua 2024/11/01ean edo hura ezarri zenean, geroago ezarri bazen, bai eta 2024ko azaroaren 1etik 2025eko abuztuaren 31ra bitarteko epean identifikatutako katu kopurua ere, eta aldi horretan izaniko baja kopurua ere bai.
f) Toki entitateak edo katu kolonia kudeatzen duen erakundeari zerbitzuak ematen dizkion erakunde laguntzaileak sinatutako memoria, laguntza fitxan eskuragarri dagoen txantiloiaren arabera. Memoria horretan, tokiko zer entitateri erreferentzia egiten zaion adierazita, animalien zerrenda bat eginen da datu hauek kontuan hartuta: zer koloniatakoa den, sexua, mikrotxiparen zenbakia eta jarduketarako aurreikusitako kostua. Zerrenda horretan adieraziko da 2024ko azaroaren 1etik 2025eko abuztuaren 31ra bitarteko aldian zer animalia...:
1. Esterilizatu diren.
2. Identifikatu diren.
3. Txertatu diren amorruaren kontra.
g) Hala dagokionean, toki entitateko idazkaritzaren ziurtagiria, toki entitateak berak edo zerbitzua kudeatzen duen erakundeak diruz lagundu daitezkeen jarduketak egiteko albaitariak plantillan dituela zehazten duena.
10.4. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari laguntzak lehen aldiz eskatzen dizkioten toki entitateen kasuan, Kontuak eta Ordainketak fitxa bete beharko da.
10.5. Aurkeztutako dokumentazioa osatugabea bada, edo aurkeztutako hitzarmen edo kontratuetatik ez badira ondorioztatzen alderdien arteko harremana eta zerbitzuen finantzazioa, toki entitateari eskatuko zaio 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzala; halaber, ohartaraziko zaio hala egin ezean eskaera ezetsi eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.
10.6. 12. oinarrian ezarritako balorazio irizpideak zehazteko, erakunde eskatzaileak honako hauek aurkeztu beharko ditu laguntza eskaerarekin batera:
a) Toki entitatearen idazkaritzaren ziurtagiria, honako hauek adierazten dituena:
–Toki entitateak azken bi urteetan lagun egiteko animalien edukitze arduratsuari, identifikazioari, kontrolik gabeko ugalkortasuna saihesteko neurriei eta abandonuari buruz eginiko zabalkunde, prestakuntza eta informazio jarduerak, horien tokia, data eta iraupena adierazita, bai eta katu populazioen babesari eta kontrolari buruzkoak ere.
–Toki entitateak baimendutako harrera etxeen zerrenda eguneratua.
b) Udalerriko katu koloniak kudeatzeko programa.
Toki entitate eskatzaile bakoitzari dagokion populazioa ofizioz egiaztatuko du laguntza kudeatzen duen organoak.
Ez badira aurkezten apartatu honetan adierazitako agiriak, ez da hori zuzentzen ahalko eta, hortaz, ez dira lortzen ahalko 12. oinarriko irizpideen araberako puntuak.
10.7. 39/2015 Legeak, urriaren 1ekoak, Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak, 28.3 artikuluan dioenaren arabera, ez da beharrezkoa izanen interesdunak aurrez edozein administrazioren aurrean aurkeztutako dokumentuak berriz aurkeztea. Kasu horretan, interesdunak adierazi beharko du noiz eta zer administrazio organoren aurrean aurkeztu zituen dokumentu horiek, eta elektronikoki eskuratuko dira sare korporatiboen bidez edo datuen bitartekaritzarako plataformetan edo horretarako prestatutako beste sistema elektroniko batzuetan kontsultatuta, baldin eta prozeduran jasota ez badago interesdunaren berariazko aurkakotasuna.
10.8. Salbuespen gisa, aipatutako dokumentuak ezin badira eskuratu, berriz eskatzen ahalko zaizkio interesdunari.
10.9. Dokumentazio osagarria elektronikoki aurkeztu behar da.
10.10. Interesdunak izanen dira aurkezten dituzten dokumentuen egiazkotasunaren erantzule. Salbuespen gisa, dokumentuak prozeduran duen garrantziak hala eskatzen badu edo kopiaren kalitatetik eratorritako zalantzak badaude, Administrazioak, arrazoituta, interesdunak aurkeztutako kopiak erkatzeko eskatzen ahalko du, eta, horretarako, jatorrizko dokumentua edo informazioa erakusteko eskatzen ahalko du.
11. oinarria. Datuak egiaztatzea.
11.1. Prozedura hori izapidetzeko, automatikoki kontsultatuko dira administrazio jardulearen esku dauden edo administrazio publikoek eginiko dokumentu hauetan jasotako datuak, salbu eta interesdunak kontsultaren aurka egiten badu:
a) Zentroaren inskripzioa Nafarroako Gobernuko Abeltzaintza Zerbitzuak kudeatutako Lagun egiteko Animalien Zentroen Erregistroan, edo haren baimen eskaera, oraindik ebatzi gabe dagoena.
b) Erakunde laguntzailearen inskripzioa Animaliak babesteko eta defendatzeko elkarteen eta erakunde laguntzaileen erregistroan, baldin eta toki entitateek erakunde laguntzaile batekin hitzarmen edo kontratu bat sinatuta badute, edo inskripzio eskaera, oraindik ebatzi gabe dagoena.
Interesdunek kontsultaren aurka egiten badute, dagokion formularioan gaitutako laukian adierazi beharko dute eta dokumentuak aurkeztu beharko dituzte.
Aplikatzekoa den araudiak hala eskatzen duenean, interesdunaren berariazko baimena eskatuko da kontsulta egiteko.
11.2. Salbuespen gisa, zirkunstantziaren bat dela eta datu horiek ezin badira lortu, interesdunei eskatzen ahalko zaie dagozkien dokumentuak aurkezteko.
12. oinarria. Balorazio irizpideak.
Irizpide hauek erabiliz baloratuko dira eskaerak:
ZK. | BALORAZIO IRIZPIDEA | PUNTUAK |
1 | Erakunde eskatzailearen lurralde eremuan jasotako eta 2024ko azaroaren 1etik 2025eko abuztuaren 31ra bitartean baimendutako zentro batean onartutako animalien kopurua: –0 animalia baino gehiago eta 4 baino gutxiago ............................................ 5 puntu –4 animalia edo gehiago eta 7 baino gutxiago ............................................. 10 puntu –7 animalia edo gehiago eta 11 baino gutxiago ........................................... 15 puntu –11 animalia edo gehiago ............................................................................. 20 puntu | Gehienez 20 puntu |
2 | Udalerrian dauden katu kolonien kopurua 2 puntu kolonia bakoitzeko | Gehienez 20 puntu |
3 | Katu koloniak kudeatzeko programa bat izatea | 10 puntu |
4 | Erakunde eskatzailearen xede den biztanleria: –1.000 biztanle bitarte .................................................................................. 20 puntu –1.000 biztanle baino gehiago eta 2.500 baino gutxiago .............................. 15 puntu –2.500 biztanle baino gehiago eta 5.000 baino gutxiago ............................. 10 puntu –5.000 biztanle baino gehiago eta 10.000 baino gutxiago ............................. 5 puntu –10.000 biztanle baino gehiago ...................................................................... 0 puntu | Gehienez 20 puntu |
5 | Azken bi urteetan animaliak modu arduratsuan edukitzeari buruz eta katu kolonien arloan eginiko dibulgazio, prestakuntza eta informazio jarduerak: 1 puntu eginiko jarduera bakoitzeko | Gehienez 5 puntu |
6 | Toki entitateak baimendutako harrera etxeen zerrenda eguneratua izatea 1 puntu dagoen harrera etxe bakoitzeko | Gehienez 10 puntu |
13. oinarria. Prozedura antolatu, instruitu eta ebazteko ahalmena duen organoa.
13.1. Deialdi honen ondorioetarako, laguntzak emateko prozedura antolatu eta instruitzeko eginkizunak Abeltzaintza Zerbitzuko Lagun Egiteko eta Esperimentaziorako Animalien Atalari esleitu zaizkio.
13.2. Prozedura ebazteko eskumena Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiari dagokio.
14. oinarria. Balorazioa eta dirulaguntza emateko prozedura.
14.1. Eskabideak 12. oinarrian aipatutako irizpideen arabera baloratuko dira.
14.2. Ebazpen honetan araututako laguntzak norgehiagoka prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako eskabideak konparatuko dira, haien artean lehentasun hurrenkera bat ezartzeko, ezarritako balorazio irizpideekin bat.
14.3. Erakunde eskatzaileek gutxienez 20 puntu lortu beharko dituzte laguntzak eskuratu ahal izateko. Eskatutako gutxieneko puntuazioa lortzen ez duten eskaerak ezetsi eginen dira.
15. oinarria. Dirulaguntza emateko ebazpena.
15.1. Dirulaguntzak emateko ebazpena Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emanen du, eskabideak aurkezteko epea bukatu eta hilabeteko epean, gehienez ere. Ebazpen hori toki entitate interesdunei jakinaraziko zaie, eta Nafarroako Gobernuaren atarian argitaratuko da, dirulaguntza honen fitxan. Hiru hilabeteko epean berariazko ebazpenik eman eta jakinarazten ez bada, eskabidea ezetsi egin dela ulertuko da, eta behar den errekurtsoa aurkezten ahalko da.
15.2. Dirulaguntzak emateari buruzko ebazpenean entitate eskatzaileen zerrenda eta emaniko dirulaguntzaren zenbatekoa adieraziko dira, eta gainerako eskaeren ezespena, kasua bada.
15.3. Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan eta Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 26. artikuluan xedatutakoarekin bat, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiak ematen dituen dirulaguntzak jendaurrean jarriko ditu Nafarroako Gobernuaren Atarian, honako hauek zehaztuta: deialdia, dirulaguntza zein programari eta aurrekontu kredituri egotzi zaion, entitate onuraduna, emaniko diru kopurua eta dirulaguntzaren helburua.
16. oinarria. Entitate onuradunen betebeharrak.
Deialdi honen babesean dirulaguntza jasotzen duten toki entitateek, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrez gain, oinarri hauetan ezarritakoak ere bete beharko dituzte, eta, bereziki, honako hauek:
a) Hartutako funtsak dirulaguntzak emateko oinarri izan zen helbururako eta ezarritako moduan eta epeetan erabili direla frogatzea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, baita hartutako funtsak aplikatuz zer gastu egin diren ere.
b) Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiak emaniko dirulaguntzen gainean egiten dituen egiaztapen eta kontrol tekniko eta ekonomikorako jarduketak onartzea.
c) Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiari jakinaraztea diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko beste dirulaguntza, laguntza, diru sarrera edo baliabide batzuk lortu badira. Jakin bezain laster egin beharko da jakinarazpen hori, eta, nolanahi ere, emakida ebazpena baino lehen. Hala ere, gertaeraren berri emakida ebazpenaren ondoren izanez gero, justifikazioaren unean jakinarazi beharko da, eta jasotako funtsak zertarako erabili diren adierazi beharko da.
d) Kontabilitate liburuak, erregistro izapidetuak eta gainerako dokumentuak behar bezala ikuskatuta izatea, erakunde onuradunari aplikatu beharreko araudiak eskatutako baldintzetan, horiek egiaztatzeko eta kontrolatzeko eskumenak behar bezala erabiltzen direla bermatzeko.
e) Jasotako dirulaguntzaren kobrantza kontabilitatean edo erregistro liburuetan erregistratzea.
f) Jasotako funtsak nola erabili diren eta nola ordaindu diren justifikatzen duten dokumentuak gordetzea, dokumentu elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol jarduketak egin ahal diren bitartean.
g) Dirulaguntza ematen denetik edo diruz lagundutako proiektuaren jardueretan egiten den idatzizko edo ahozko informazio, komunikazio, publizitate eta hedapen orotan Nafarroako Gobernuaren partaidetza agerian jartzea.
h) 11/2005 Foru Legean, Dirulaguntzei buruzkoan, 13. artikuluan ezarritako baldintzak betetzea.
17. oinarria. Eginiko gastuen justifikazioa.
17.1. Emaniko dirulaguntza ordaintzeko, dirulaguntzaren xede diren gastuak justifikatu beharko dira, justifikaziorako dokumentazio tekniko-ekonomikoa aurkeztu ondoren.
17.2. Dirulaguntzaren justifikazioa aurkezteko azken eguna 2025eko urriaren 31 izanen da. Dirulaguntza justifikatzeko, erakunde onuradunek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute. Dokumentazio hori bereizitako dokumentuetan bidali beharko da, hurrengo atalak kontuan hartuta eta eskuragarri dauden eranskinen arabera, halakorik badago. Dokumentazio hori dirulaguntzaren fitxan deskargatzen ahalko da:
a) Honakoak barnean hartuko dituen justifikazio memoria: aldi baterako harrera zentroan edo katu kolonietan eginiko behin betiko esterilizazio, identifikazio eta amorruaren kontrako txertaketa jarduketak. Eskaeran aurkeztutako ereduari jarraitu beharko zaio, eta memoria baten eta bestearen arteko aldeak aipatu, halakorik balego.
Memoriak jarduketaren xede diren animalien zerrenda jasoko du, espeziea, sexua, mikrotxip zenbakia eta eginiko jarduketak adierazita. Zerrenda horren ordez, jarduketak gauzatu dituen albaitariaren ziurtagiria aurkeztu daiteke.
Albaitaritzako jarduketen ordainketa zerbitzua kontratatu edo hitzartu duen hirugarren batek zuzenean egin badu, hala jaso beharko da memorian, eta toki entitatearen erantzukizuna izanen da gastu horren egiazkotasuna eta ordainketa ziurtatzea.
b) Egin diren diruz lagundutako jarduketen gastuen xehetasunari dagokion justifikazioko kontua. Kontu horrek barnean hartuko du fakturen zerrenda xehatua, diruz lagun daitezkeen kontzeptuen arabera multzokatuta, dataren arabera ordenatuta eta zenbakituta, eta honako hauek adieraziko dira: hornitzailea, IFK, faktura zenbakia, jaulkipen data, diruz lagun daitekeen zenbatekoa, guztira ordaindutakoa, ordainketaren data eta ordaintzeko modua. Fakturak memorian agertzen diren albaitaritza jarduketekin bat datozela ohartaraziko da.
c) Diruz lagun daitezkeen gastuen (esterilizazioa, identifikazioa, amorruaren kontrako txertaketa eta pentsua, edo, hala badagokio, kontratatutako zerbitzuei dagozkienak) fakturen kopiak, edo, hala badagokio, hitzarmen bidez ordaindutako ekarpenak, bai eta ordainagiriak ere (banku transferentzia, banku ziurtagiria edo ordainketaren laburpena). Gastuak faktura elektronikoen bidez egiaztatzen ahalko dira, baldin eta zerga alorrean onartzeko eskatzen diren baldintzak betetzen badituzte.
Dokumentazio horren ordez (fakturen kopiak eta ordainagiriak), toki entitateko idazkaritzak emaniko ziurtagiri bat aurkezten ahalko da. Ziurtagiri horretan, diruz lagundutako jarduketen aitorpena eta kostua jaso beharko dira, jarduketa horiek gauzatzean eginiko gastu guztiak xehakatuta. Deialdi honen ondorioetarako, ziurtagiri hori ordainketaren egiaztapentzat hartuko da.
d) Erakunde onuradunak ez balu baimendutako harrera zentrorik eta 5.3 oinarriko bigarren paragrafoan aurreikusitako salbuespenari helduz gero, proiektua idazteko eta/edo dagokion obra gauzatzeko lizitazio prozedura hasteko akta edo ebazpena aurkeztuko da, 2025eko urriaren 31a baino lehenagoko datarekin.
e) Aholkularitzako, laguntzako edo beste zerbitzu batzuetako enpresek emaniko zerbitzuengatik diruz lagun daitekeen gastuaren zenbatekoa 12.000 eurotik gorakoa bada, toki entitateak egiaztatu beharko du efizientzia eta ekonomia irizpideen arabera aukeratu duela enpresa hori, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan aurreikusitakoaren arabera.
18. oinarria. Ordainketa.
18.1. Ordainketa bat etorriko da onartutako eta behar bezala justifikatutako laguntzaren zenbatekoarekin, eta, hala badagokio, 19.4 oinarrian xedatutakoaren arabera dagozkion penalizazioak aplikatuko dira.
18.2. Laguntza ordaintzeko, ezinbestekoa izanen da onuradunek egunean izatea zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta ez izatea ordaintzeke beste inolako zorrik Foru Komunitateko administrazio publikoarekin.
18.3. Laguntzak transferentzia bidez ordainduko dira, eskabidean adierazitako banku kontuan.
19. oinarria. Itzulketa eta ez-betetzeak.
19.1. Diruz lagundutako jarduketak ez gauzatzeak edo dirulaguntza ematearen ondorioz ezarritako baldintzak ez betetzeak, bai eta Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aurreikusitako gainerako arrazoiak gertatzeak edo deialdi honetan berariaz adierazitako betebeharrak ez betetzeak ere, jasotako zenbatekoa itzuli beharra ekarriko dute, osorik edo zati batean. Legez aurreikusitako kasuetan, gainera, dagokion berandutze interesa eskatuko da, dirulaguntza ordaintzen den egunetik dirua itzultzeko ebazpena ematen den egunera arte sortutakoa.
19.2. Era berean, 2026ko abenduaren 31 baino lehen lagun egiteko animaliak aldi baterako hartzeko zentro bat sortzeko eta/edo martxan jartzeko obrak egiten ez hasteak ere dirulaguntzaren itzulketa eraginen du. Itzulketak zentroetan ostatatutako txakurrak eta katuak zaintzeko jarduketengatik jasotako dirulaguntzaren zenbatekoari bakarrik eraginen dio.
19.3. Itzulketa eskatzeko prozedura artikulu horretan xedatutakoaren arabera arautuko da, eta hasi eta 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.
19.4. Erakunde onuradunak ez baditu dirulaguntza eskatu eta eman zitzaion jarduketa guztiak gauzatzen, kobratzeko eskubidearen galera aplikatuko zaio gauzatu gabeko jarduketei dagokienez, eta honako penalizazio hauek ezarriko zaizkio ez-betetze maila kontuan hartuta:
DIRUZ LAGUNTZEKO ESKATUTAKO JARDUKETEI DAGOKIEN | ORDAINDU BEHARREKO |
%80rainoko gauzatze maila | %0 |
%79 eta %50 arteko gauzatze maila | %30 |
%50 baino gutxiagoko gauzatze maila | %70 |
20. oinarria. Arau hausteak eta zehapenak.
Arau hausteei eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. eta hurrengo artikuluen arabera jokatuko da.
21. oinarria. Errekurtsoak.
Deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu daiteke, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru Sektore Publiko Instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluan xedatutakoaren arabera.
22. oinarria. Araudi osagarria.
Oinarri hauetan aurreikusi ez den guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta aplikatu beharreko gainerako araudian xedatutakoa beteko da.
Iragarkiaren kodea: F2509395
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
