Iragarkia
149. ALDIZKARIA - 2025eko uztailaren 28a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
IRUÑA
Irunlarrea kalera sartzeko arauak
Iruñeko Udaleko Herritarren Segurtasuneko eta Bizikidetzako Alorreko zinegotzi ordezkariak ebazpen hau eman zuen bi mila eta hogeita bosteko ekainaren hamahiruan:
RSC 13-EKA-25 (1/SC).
Irunlarrea kalera sartzeko arauen onarpena (Viñaburu Botikariaren kaleko biribilgunearen eta Barañaingo etorbidearen arteko zatia).
«Ikusirik beharrezkoa dela Irunlarrea kalean, Viñaburu Botikariaren kaleko biribilgunearen eta Barañaingo etorbidearen arteko zatian, sarbideak eta zirkulazioa arautzea, eta azterturik espedientean dauden txostenak,
EBAZTEN DUT:
1.–Iruñeko Irunlarrea kalera sartzeko eta bertan zirkulatzeko arauak onestea, Viñaburu Botikariaren kaleko biribilgunearen eta Barañaingo etorbidearen arteko zatiari dagozkionak, zehazki. Arau horiek I. eranskinean jaso dira, ebazpen honen parte izanik.
Aipatu arauek 2025eko ekainaren 16an hartuko dute indarra.
Iruñean, 2025eko ekainaren 23an.–Herritarren Segurtasuneko eta Bizikidetzako Alorreko zinegotzi ordezkaria, Endika Alonso Irisarri.
IRUNLARREA KALERA SARTZEKO ARAUAK (VIÑABURU BOTIKARIAREN KALEKO BIRIBILGUNEAREN ETA BARAÑAINGO ETORBIDEAREN ARTEKO ZATIA)
HITZAURREA
Iruñeko Udalaren xedapen honen helburua da hiriko eremu berezienak babestea, helburu nagusitzat harturik:
–Ibilgailuei ez uztea Irunlarrea kalea, Barañaingo etorbidearen eta Viñaburu Botikariaren kaleko biribilgunearen arteko zatia, zeharkatzen, bi noranzkoetan.
–Kalea zeharkatzeko baimena ematea soilik garraio publikoari (eskualdeko autobusa eta taxia) eta lehentasunezko ibilgailuei, eta Ama-haurren Larrialdietarako sarbidea ere baimentzea, baina eremu horretan egonaldi mugatuarekin.
Horregatik guztiagatik, antolamendu sistema arautzen duten artikulu hauek ezartzen dira.
I. TITULUA.–ESKUMENA, HELBURUAK, UKITUTAKO EREMUA
1. artikulua. Eskumenak.
Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu bategina onesten duen urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 7. artikuluan udalerriei esleitzen zaizkie, besteak beste, honako eskumen hauek: trafikoa antolatzea eta kontrolatzea beren titulartasuneko hiri barruko bideetan; hiri barruko bideen erabilera arautzea zirkulazioko udal ordenantzen bidez, aparkalekuen banaketa orekatua ahalbidetuz erabiltzaile guztien artean, kontuan hartuz ibilgailuen zirkulazioan beharrezkoa den arintasuna eta oinezkoen joan-etorria; hiri barruko bideak ixtea, beharrezkoa denean; eta hiri barruko bideetan ibilgailu jakin batzuen joan-etorria murriztea.
Iruñeko Udalaren Mugikortasunari buruzko udal ordenantzaren 17. artikuluan honako hau adierazten da:
"Iruñeko Udalak sarbide murriztuko eremuak ezartzen ahalko ditu segurtasun arrazoiengatik edo hura aholkatzen duten beste edozein ziorengatik. Halako eremuetan guztiz edo parte batez murrizten ahalko dira ibilgailuen zirkulazioa eta aparkatzea, eta baldintza zehatzak xedatuko dira eremu horietako zirkulazioaren nondik norakoak zedarritzeko". Horrez gain, 18. artikuluan honakoa zehazten da:
"Sarbide kontrolatuko eremuak udal organo eskudunak emandako xedapen baten bidez arautuko dira".
Eremu horiek erregulatzen dituzten arauak urratzea administrazioko arau-haustetzat joko da zirkulazio eta bide segurtasunari buruzko araudiarekin bat".
Era berean, 2024ko urtarrilaren 15eko Udal Antolaketaren Dekretuak Herritarren Segurtasuneko eta Bizikidetzako Alorrari esleitzen dio eskumen hau:
"Espazio publikoaren erabilera antolatu eta arautzea, ibilgailuen eta oinezkoen mugikortasuna bermatzeko.
Xedapenak eta arauak egitea, ibilgailuen zirkulazioa, trafiko seinaleak, aparkatzeko tokiak eta bidaiarien zein salgaien garraioa arautzeko".
2. artikulua. Helburuak.
Hauek dira xedapen honen helburuak:
1. Oinezkoen eta txirrindularien joan-etorri segurua bermatzea.
2. Herritarrei Nafarroako Unibertsitate Ospitalera modu ordenatuan eta baketsuan sartzen uztea. 3. Irunlarrea kaletik igarotzen diren ibilgailu motordunen kopurua murriztea, eta eremu horretan behar ez bezalako aparkatzeak ezabatzea. Hiri barneko kalitate handiagoa lortzea eremu horretan, estetika hobetuz eta ibilgailu motordunek sorrarazitako zaratak eta keak murriztuz.
3. artikulua. Ukitutako eremuak.
–Zirkulazioa eta arautzea Irunlarrea kaleko zati honetara mugatuko da: Barañaingo etorbideko biribilgunearen eta Viñaburu Botikariaren kaleko biribilgunearen arteko zatia, eta Ama-haurren Larrialdietarako sarbidea. Trafikoari buruzko araudi berezi honek ukitutako eremua hiriko Ermitagaña-Mendebaldea auzoari dagokio.
Ukitutako eremua jasotzen duen planoa, xedapen honetan, "I. eranskin" gisa sartu da.
Irunlarrea kaleko sarbide kontrolatuko eremura sartzeko zirkulazioa Barañaingo etorbideko biribilgunetik edo Viñaburu Botikariaren kaleko biribilgunetik eginen da, eta irten ere puntu berberetatik eginen da, bai eta Ama-haurrentzako Larrialdietatik ere, Nafarroa etorbiderako noranzkoan.
II. TITULUA.–SARBIDEAK LEKUAK ETA BALDINTZAK
4. artikulua. Seinaleztapena.
1. Sarbide kontrolatuko eremurako sarbidean, Sarrera debekatua (R101) dioen bide-seinale bertikala egonen da, baimenik ez duten ibilgailuentzat.
Era berean, sarrera kontrolatuko eremuko irteeretan bide-seinale bertikalak egonen dira, adierazten dutenak bukatzen dela baimenik gabeko joan-etorri eta/edo aparkaldi debekatuen eremua, eta berriro aplikatzen direla zirkulazioko arau orokorrak.
Eremuaren barruan, ibilgailuen aparkalekuak pintura zuriz seinaleztatuko dira horizontalean, seinale bertikalen bidez edo zoladuran bereizitako egituraren bidez, eta bakarrik erabiltzen ahalko dituzte baimenduta dauden ibilgailuek.
2. Sarbide kontrolatuko eremuan sartzeko eta/edo handik ateratzeko guneetan instalatuak egonen dira irudiak hartuz matrikulak irakurtzeko gailuak, eta hala ere, kontrolerako beste edozein bitarteko erabiltzen ahalko da.
5. artikulua. Matrikulen egiaztapena.
Udalak beretzat hartzen du ahalmena aipatutako kameretakoren baten kokapena aldatzeko edo kamera berriak kokapen desberdinetan jartzeko, kontrol sistemaren eraginkortasuna hobetzeko helburuarekin, eta aldaketa horien berri emanen da jendaurrean.
6. artikulua. Ibilgailuen sarbidea Irunlarrea sarbide kontrolatuko eremuan (SKE), eta zirkulazioko arau orokorrak.
1.–Sarbidea:
–Bizikletek ez dute baimenik eskatu behar.
–Ez dute baimenik eskatu behar Ama-haurren Larrialdietako geralekura aparkatu gabe sartzen diren ibilgailuek, baldin eta sartu eta irten bitartean gehienez ere 30 minutuko denbora igarotzen bada eta baimendutako gehieneko masa (BGM) 5.500 kg-tik gorakoa ez badute.
2.–Zirkulazio arau orokorrak:
–Sarbide kontrolatuko eremura sartzea eskatzen duten ibilgailuek indarrean eduki behar dituzte aseguru poliza eta ibilgailuen azterketa teknikoaren (IAT) aldeko txostena.
–Sarbide kontrolatuko eremura sartzeko aldi baterako edo behin betiko baimena lortzen ahalko duten ibilgailuen gehieneko masa (BGM) 5.500 kg-koa izanen da. Hori baino BGM handiagoko ibilgailuen sarbidea mugatuko da soilik Herritarren Segurtasuneko eta Bizikidetzako Alorreko zuzendaritzak baimenduetara, eta baimenean jasotzen diren mugekin.
–Sarbide kontrolatuko eremuan dauden seinaleztatutako aparkalekuen erabilera arautuko da baimen bakoitzaren baldintza zehatzen arabera. Aparkaleku horiek erabiltzen dituzten matrikulek sarbideak kontrolatzeko sisteman alta emanda eta erregistratuta egon beharko dute. Paragrafo honetan sartzen dira honako baldintza hauek:
- Eskualdeko autobusentzat gordetako lekua.
- Taxientzat gordetako lekua.
- Mugikortasun murriztua duten pertsonentzat gordetako lekua.
- Zamalanetarako gordetako lekua.
–Nolanahi den, baimena edukita ere, sarrera arrazoitua izan behar da, eta Herritarren Segurtasuneko eta Bizikidetzako Alorrak geroago eskatzen ahalko du egindako sarrerak justifikatzen dituen dokumentazioa. Aurkeztutako dokumentazioa ikusirik, sarrera ez badago justifikatua, Herritarren Segurtasuneko eta Bizikidetzako Alorrak abian jarriko du dagokion zehapen-espedientea.
3.–Neurriak, masak, sarbidearen iraupena, egonlekua, aparkatzeko aldi baterako erreserba eta abar direla-eta, xedapen honetan azaldutako irizpideen arabera baimendu ezin diren ibilgailu guztiak arautzen dira Bide publikoa okupatzeko ekitaldirako sarbide espezifikoaren bidez (Iruñeko Udalaren Mugikortasunari buruzko udal ordenantzaren 44. artikulua).
III. TITULUA.–IRUNLARREA KALEKO SARBIDE KONTROLATUKO EREMUETAN (SKE) SARTZEKO, EGOTEKO ETA FUNTZIONATZEKO IRIZPIDEAK
7. artikulua. Baimenak. (Motak).
Irunlarrea sarbide kontrolatuko eremuan (SKE) sartzeko baimen mota honen xede bakarra kale horretatik ibili beharra da.
Sarbide iraunkorra edo aldi baterakoa duten ibilgailuen matrikulen altak emanen dira baimen motaren arabera ezarritako irizpideen arabera, eta honako modalitate hauek izanen dituzte:
F. Sarbide kontrolatuko eremuan kokatua dagoen saltegi bateko titularra.
1.–Jendearentzat zabalik dagoen eta Irunlarrea kaleko sarbide kontrolatuko eremuan kokaturik dagoen baimendutako saltegi baten titularrarentzat.
2.–Baimen hori lortzeko, eskabidea besterik ez dute aurkeztu behar.
3.–Establezimenduaren titularrak bi ibilgailu ere sartzen ahalko ditu baimen horrekin. Ibilgailu horiek ez dira aldi berean egoten ahalko sarbide kontrolatuko eremuan.
4.–Ahalbidetuko du sarbide kontrolatuko eremuan ibiltzea, establezimendutik hurbilen dagoen ibilbidean zehar, saltegia irekitzen den egunetan eta zamalan txikiak egiteko ezinbesteko denboran, eta ez da ibilgailua 15 minututik goiti aparkaturik izaten ahalko. Sarbide kontrolatuko eremuan egoteko gehieneko denbora 30 minutukoa da.
5.–Saltegiko titularrak puntualki egiten diren sarbideetarako baimenak eskatzen ahalko ditu establezimenduko bezero direnen ibilgailuetarako, sarbide kontrolatuko eremuan sartu behar badute, salgaiaren bolumena, pisua edo beste edozein inguruabar dela eta, zamalanak egiteko beharrezkoa denean. Ibilgailuaren identifikazio datuez gain, emaniko zerbitzuaren faktura zenbakia ere aurkeztuko dute, eta hala eskatzen ahalko die Herritarren Segurtasuneko eta Bizikidetzako Alorrak, sarbide horiek eragin zituzten arrazoiak ikuskatzeko. Ibilgailua bertan izateko denbora zamalan txikiak egiteko ezinbestekoa dena izanen da, eta ez da 15 minututik goiti aparkaturik uzten ahalko. Sarbide kontrolatuko eremuan egoteko gehieneko denbora 30 minutukoa da.
Sarbide kontrolatuko eremuan puntualki sartu behar den egunari eta ibilgailuari buruzko informazioa, establezimenduaren titularrak zuzenean sartuko du sarbideak kontrolatzeko sisteman, horretarako ezarritako bitarteko telematikoen bidez. Tramite hori gertaeraren aurretik egin behar da, eta ez bada posible, ondoren gehienez ere 72 orduko epea edukiko da sarrera egin dela jakinarazteko.
6.–Zamalanak, ahal den neurrian, establezimendutik hurbilen dagoen eremuan eginen dira. Zamak ez dira inola ere lurzoruan pilatuko edo utziko.
G. Zamalanak.
1.–Zirkulaziorako sarbide kontrolatuko eremuan zamalanak egiten dituzten ibilgailu industrialak eta komertzialak dituen enpresa baten titularrarentzat. Ibilgailuak eremu horretarako baimen zehatza izan beharko du, eta ez da nahikoa izanen beste SKE batzuetan zamalanetarako erregistratuta egotea.
2.–Baimen hori lortzeko, eskabidearekin batera erantsi behar dute:
–Administrazio eskudunak emandako garraiorako administrazio baimenaren kopia, nahitaezkoa denean.
–Garraiorako baimena nahitaezkoa ez denean, interesdunak frogatu beharko du Ekonomia jardueren gaineko zergan (EJZ) alta emana duela.
3.–Sarbide kontrolatuko eremutik zamalanetarako gordetako lekura sartzeko eta bertatik zirkulatzeko aukera emanen du.
4.–Sarbide kontrolatuko eremuan egoteko denbora zamalanak egiteko izanen da, horretarako ezinbestekoa den denboran, eta denbora hori ez da bestelako zereginetan aritzeko erabiliko.
5.–Zamalanak, ahal den neurrian, jatorriko edo xedeko establezimendutik edo higiezinetik hurbilen dagoen eremuan eginen dira. Zamak ez dira inola ere lurzoruan pilatuko edo utziko.
I. Larrialdietako ibilgailuak.
1.–Suteak itzaltzeko zerbitzuak eta poliziaren, babes zibilaren, hileta autoen eta anbulantzien zerbitzuak ematen dituzten ibilgailuen titularrentzat. Ibilgailuak mota horretako baimena badu beste edozein SKE gunetan, ofizioz alta emanen zaio, eta ez du inolako izapiderik egin beharko.
2.–Lehentasunez, zerbitzu bakoitzak matrikulen zerrenda sartuko du sarbideak kontrolatzeko sisteman, horretarako jarritako bitarteko telematikoen bidez.
–Halakorik ezean, ibilgailuak behar bezala errotulaturik eta atzealdean identifikatuak badaude, egiten diren sarrerak ofizioz baimenduko dira.
3.–Ahalbidetuko du egunaren edozein unetan eta kontrol gune guztietatik sartzea eta sarbide kontrolatuko eremuan egotea, baldin larrialdietako lanak edo esleitutako zaintza lanak egiten ari badira.
J. Taxi autoak.
1.–Automobilean bidaiariak eramateko zerbitzu publikoari atxikitako ibilgailu baten titularrentzat. Ibilgailuak mota horretako baimena badu beste edozein SKE gunetan, ofizioz alta emanen zaio, eta ez du inolako izapiderik egin beharko.
2.–Hona hemen baimena lortzeko prozedura:
–Iruñerriko Mankomunitatearen lizentzien erregistroan dauden lizentziadun ibilgailuen datuak automatikoki irauliko dira matrikulak irakurtzeko sisteman.
–Interesa duten eta aurreko puntuan sartzen ez diren gainerako pertsonek eskabide bat aurkeztu beharko dute administrazio eskudunak emandako administrazio baimenaren fotokopiarekin batera eta ibilgailuaren matrikula adierazi.
3.–Ahalbidetuko du egunaren edozein unetan eta kontrol gune guztietatik sartzea, zerbitzuan badaude, tarifaren argi-seinalea piztuta badute eta zerbitzuaren jatorria edo xedea sarbide kontrolatuko eremuan badago.
4.–Halakorik ezean, ibilgailuak behar bezala errotulaturik eta identifikatuak badaude, egiten diren sarrerak ofizioz baimenduko dira.
K. Bidaiarien garraio publiko erregularra.
1.–Sarbide kontrolatuko eremuaren barruan ibiltzen diren lineei zerbitzua ematen dieten bidaiarien garraio publiko erregularreko ibilgailuen titularrarentzat. Ibilgailuak mota horretako baimena badu beste edozein SKE gunetan, ofizioz alta emanen zaio, eta ez du inolako izapiderik egin beharko.
2.–Baimen hori lortzeko, eskabidearekin batera erantsi beharko da:
–Eskualdeko hiri garraioa bada: Matrikulen zerrendak; Iruñerriko Mankomunitateak berak emanen ditu, eta matrikula sisteman irauliko dira.
–Bidaiarien gainerako garraio erregularra bada: Garraio baimenaren kopia, zerbitzua ematen duten ibilgailuen ibilbidearen eta matrikulen deskribapenarekin.
3.–Sarbide kontrolatuko eremuen barruan zirkulatzen duten lineei zerbitzua ematen dieten ibilbideetan sartzeko edo bertatik irteteko aukera emanen du.
4.–Halakorik ezean, ibilgailuak behar bezala errotulaturik eta identifikatuak badaude, egiten diren sarrerak ofizioz baimenduko dira.
L. Administrazio publikoen ibilgailu ofizialak.
1.–Iruñeko Udalarentzat, Iruñerriko Mankomunitatearentzat, Nafarroako Gobernuarentzat eta ibilgailu ofizialak dauzkaten gainerako administrazio publikoentzat da, sartzeko beharra arrazoituz frogatzen bada. Ibilgailuak mota horretako baimena badu beste edozein SKE gunetan, ofizioz alta emanen zaio, eta ez du inolako izapiderik egin beharko.
2.–Administrazioek matrikulen zerrenda sartuko dute sarbideak kontrolatzeko sisteman, horretarako jarritako bitarteko telematikoen bidez.
3.–Baimen honen bidez ahalbidetzen da sarbide kontrolatuko eremuan zirkulatzea xede puntutik hurbilen dagoen ibilbidean zehar salgaien zamalan txikiak egiteko, eta egun eta orduen mugarik gabe pertsonak beren helbideetara eramateko, ezinbesteko denboran; ez da ibilgailua 15 minututik goiti aparkaturik uzten ahalko. Eremuan egoteko gehieneko denbora 30 minutukoa da.
M. Iruñeko Udalean zerbitzuak egiteko enpresa emakidadunen ibilgailuak.
1.–Iruñeko Udalaren enpresa emakidadun baten titularrarentzat da, ibilgailuak Udalaren logotipoarekin errotulaturik badaude, sartzeko beharra arrazoituz frogatzen bada. Ibilgailuak mota horretako baimena badu beste edozein SKE gunetan, ofizioz alta emanen zaio, eta ez du inolako izapiderik egin beharko.
2.–Baimen hori lortzeko, eskabidearekin batera erantsi behar dute:
–Sarbide kontrolatuko eremuan sartzeko beharraren azalpen arrazoitua.
3.–Ahalbidetzen da sarbide kontrolatuko eremuan zirkulatzea xede puntutik hurbilen dagoen ibilbidetik, baimenean zehazturiko mugarekin eta ezinbesteko denboran. Ibilgailua ezin da egon sarbide kontrolatuko eremuan, egiten diren lanetarako beharrezkoa ez bada.
4.–Baimenaren indarraldia emakidaren epearekin bat etorriko da.
N. Mugikortasun murriztua duten pertsonek aparkatzeko txartelaren titularrak.
1.–Baimen hori Mugikortasun murriztua duten pertsonek aparkatzeko txartelen titularrentzat da. Ibilgailuak mota horretako baimena badu beste edozein SKE gunetan, ofizioz alta emanen zaio, eta ez du inolako izapiderik egin beharko.
2.–Baimen hori lortzeko, eskabidearekin batera erantsi behar dute:
–Mugikortasun murriztua duten pertsonek aparkatzeko txartelaren fotokopia.
3.–Ahalbidetzen da sarbide kontrolatuko eremuan zirkulatzea xede puntutik hurbilen dagoen ibilbidean zehar eta horretarako ezarritako lekuetan aparkatzea. Txartela ikusteko moduko lekuan jarriko da.
4.–Alta ematen ahalko diete bi ibilgailuri.
5.–Sarbide kontrolatuko eremuan sartzeko baimenen indarraldia txartelaren indarraldiaren epearekin bat etorriko da, 5 urtekoa gehienez ere.
R. Ekitaldiak egiteko behar den baimena.
1.–Ekitaldi erlijioso edo zibiletan eta erakusketa, azoka, ekitaldi ludiko edo kulturaletan parte hartzen dutenentzat da.
2.–Sartzeko baimena lortzeko, Mugikortasunari buruzko Udal Ordenantzan (V. titulua) adierazitakoa bete beharko du, bai eta Herritarren Segurtasuneko Zinegotzigoaren ebazpenaren —RPC 03-EKA-05 (17/PC)— edo hori ordezkatzen duen indarreko xedapenaren irizpideak bete ere. Eskaerarekin batera hauek aurkeztu behar dira:
–Sarbidea justifikatzen duen informazio ulergarria.
–Iraupena.
–Okupatu beharreko eremuak.
–Ekitaldian parte hartzen duten matrikulen zerrenda.
3.–Ahalbidetzen da sarbide kontrolatuko eremuan zirkulatzea, xede puntutik hurbilen dagoen ibilbidetik eta ezinbesteko denboran.
U. Egoera bereziak.
Udalak ulertzen du gertatzen ahal direla aurreko puntuetan jaso gabeko egoerak, beren berezitasunagatik jaso ez direnak baimen zehatz batean. Horregatik, salbuespen moduan, Udalak egoera berezietarako baimen bereziak ematen ahalko ditu sarbide kontrolatuko eremuan zirkulatzeko.
Interesdunak arrazoitu beharko ditu sarbiderako beharra eta inguruabar bereziak, araututakoak ez bezalakoak.
Eskabidea edozein erregistrotan aurkezten ahalko dute, Herritarren Segurtasunaren Alorreko zuzendaritzari zuzenduta, eta eskatzaileak ez du sartzerik izanen harik eta baimenaren berrespena jasotzen duenera arte.
IV. TITULUA.–KONTROLA, ZAINTZA ETA ESKAERAK
8. artikulua. Baimenen jarraipena eta kontrola.
1.–Baimen iraunkorrak emateko alderdi tekniko eta administratiboak Herritarren Segurtasuneko eta Bizikidetzako Alorrari dagozkio.
2.–Irunlarrea kaleko sarrera kontrolatuko eremura (SKE) sartzeko, bertan egoteko eta zirkulatzeko baldintzak ez betetzearen ondoriozko zehapen-espedienteak izapidetzea Herritarren Segurtasuneko eta Bizikidetzako Alorrari dagokio, bat etorriz Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko araudiarekin, eta Udaltzaingoari dagozkio zaintza, diziplina, behin-behineko baimenen ematea eta matrikulak irakurtzeko gailuen erabilera.
3.–Aldizkako kontrolak eginen dira Sarbide kontrolatuko eremuan sartzeko baimenen baldintzak betetzen ote diren egiaztatzeko. Horretarako, eskatzaileei edo baimena ematea proposatzen duten erakundeei eskatzen ahalko zaie baldintzak betetzen dituztela justifikatzen duten agiriak.
9. artikulua. Baimen eskaerak eta berritzeak.
1.–Interesa duten pertsona fisiko edo juridiko guztiek, edozein baimen eskatu baino lehen, alta eman behar dute, hau da, beren burua identifikatu eta kautotu behar dute Iruñeko Udalak komunikazio pertsonal eta pribaturako hiritarren eskura jartzen duen bitarteko birtualean.
Eragiketa hori egiteko, Iruñeko Udalak onartutako sinadura elektronikoko sistema bat eduki behar dute pertsona juridikoek.
Sinadura elektronikorik ez duten eta interesa duten pertsona fisikoen eskura prozedura bat jarriko da, eta horretan behar bezala identifikatzen ahalko dira.
2.–Sisteman alta emateko eta baimen iraunkorretarako edo aldi baterako baimenerako eskaerak, xedapen honetan kasu bakoitzean ezarritako dokumentazioarekin batera aurkeztuko dira, honako online bitarteko hauen bidez:
–Web orri hauetan: http://policia.pamplona.es eta https://www.pamplona.es/eu.
Pertsona interesdunak baimenak online kudeatzea ezinezkoa denean, honela kudeatzen ahalko ditu:
–Telefono bidez, Herritarrentzako Arreta Zerbitzuaren bidez (010 edo 948420100 telefono zenbakia).
–Aurrez aurre, Herritarren Segurtasuneko eta Bizikidetzako Alorraren bulegoetan (Iratxeko Monasterioaren kalea, 2. zenbakia) edo aldez aurretik hitzordua eskatuta Herritarren Arretarako Bulegoan, Kondestablearen Jauregian (Kale Nagusia, 2).
3.–Premiazko, behin-behineko edo aldi baterako eskabideak, arrazoi justifikatua izanik, ezin badira 2. puntuan ezarritako bideetatik egin, salbuespen moduan, egiten ahalko dira Iruñeko Udaltzaingoaren bidez.
10. artikulua. Baimena galtzea.
1.–Une jakin batean baimena emateko oinarritzat hartutako datuak edo baldintzak aldatuz gero, titularra behartua dago hori jakinaraztera, egiaztatu ondoren, baimena luzatu edo eteteko. Hala ere, ahal dela, egiaztapen hori ofizioz eginen da aldian behin, eta indargabetu eginen dira eskatutako baldintzak jada betetzen ez dituzten baimenak. Egiaztapena ofizioz egiteak ez du salbuesten baimenaren titularrak aipatu aldaketak jakinarazteko duen betebeharraz.
2.–Eremu horietako funtzionamenduaren arauak behin eta berriz ez-betetzeak espedienterako bidea emanen du eta, ondorioz, baimena ezeztatzen ahalko da, aldi baterako edo behin betiko.
1. ERANSKINA.–PLANOA

Iragarkiaren kodea: L2509021
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
