148. ALDIZKARIA - 2025eko uztailaren 24a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

URROTZ-HIRIA

Sanguibel kaleko zeharbidea (NA-8103) egokitzeko proiektua eta proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda. Behin betiko onespena

Urrotz-Hiriko Udalaren erabakia, 2025eko ekainaren 19koa.

Urrotz-Hiriko Udalak, 2025eko apirilaren 10ean egin osoko bilkuran, erabaki zuen aipatutako obren proiektua onestea eta hasiera batez onestea proiektuak ukitutako ondasunen eta eskubideen zerrenda, eta jendaurrean jartzea hamabost egunez.

Aipatu epean alegazio bat jaso da. Hona hemen erantzuna:

–Sergio Iriarte Eransusek eskatu du bermatu dadila, dagozkion azterlan geotekniko eta/edo txosten tekniko ikus-onetsien bidez, proiektatutako ezpondek behar diren egonkortze-neurriak izanen dituztela eta neurri horiek bat etorriko direla indarrean den araudiarekin eta ingeniaritzaren arloko jardunbide egokiekin. Orobat, eskatu du publikoki azaldu dadila, gardentasun osoz, zer soluzio tekniko aurreikusita dauden ezponda horiek epe luzera egonkortzeko, eta bermatu dadila proiektuak ukitutako lurren mugakide diren lurzatien jabeek ez dutela inolako ardurarik hartuko beren gain eta ez dutela ezer ordainduko baldin eta kalteak eta afekzioak sortzen badira ezpondak eraikitzeko edo mantentzeko lanak direla-eta edo ezponden etorkizuneko hondatzeak direla-eta. Halaber, eskatu du aipatutako alderdiei behar bezala begiratu ez bazaie, proiektua berrikusi dadila behin betiko onespena eman aurretik edo obrak abiarazi aurretik.

Erantzuna:

Proiektua idatzi da egonkortasunari eta ekonomiari buruzko irizpide teknikoei jarraikiz. Irizpideok, gainera, egungo egoerarekin mimetizatuta daude. Argi eta garbi ikusten da, hortaz, zer lur mota den eta zer bilakaera egonkor izan duen urteetan zehar. Halaber, baztertu egiten da harri-lubeta bat egiteko aukera, ez baita beharrezkoa proiektua gauzatzeko. Izan ere, obrak egiten diren bitartean, obra zuzendaritzak dagozkion erabaki teknikoak hartuko ditu, dena behar bezala gauza dadin.

Ezpondaren etorkizuneko mantentze-lanei eta haren egonkortasunari dagokienez, zerbait gertatzen bada soilik (eta baliteke ez gertatzea ezer) hartuko dira dagozkion neurri juridikoak. Izan ere, zer jazo den zehazki jakin eta gero, gertaerei arau juridikoak aplikatuko zaizkie eta dagozkion ondorioak aterako dira, eta horren ondoren zehaztuko da zein diren inplikatutako administrazioen ardurak.

Hortaz, alegazioa ezetsi egin da, proiektua idatzi duen arkitektoaren eta Urrotz-Hiriko Udalaren txostenetan adierazitako arrazoiak direla eta. Txostenok alegazio-egileari igorriko zaizkio.

Horiek horrela, honako hau erabaki da:

1.–Behin betiko onestea "Sanguibel kaleko zeharbidea (NA-8103) egokitzea Urroz-Hiriko udal-mugartean (Nafarroa)" deritzon proiektua, bai eta ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda ere. Onespen horrek berekin dakar onura publikoaren eta okupatu beharraren deklarazioa, bat etorriz ezarrita dagoenarekin Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 10. artikuluan eta uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 215.2 artikuluan (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

2.–Organo eskuduna denez, Nafarroako Gobernuari eskatzea presazkoa deklara dezala ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta hurrengoetan ezarritako ondorioetarako. Izan ere, beharrezkoa da Urrotz-Hiriko zeharbidea egokitzea eta segurtasuna bermatzea Sanguibel kalean/zeharbidean, San José etxe-multzorako noranzkoan. Horretarako, zebra-bidearen aurretik goraguneak paratuko dira, ibilgailuek abiadura murritz dezaten. Orobat, Sanguibel kalearen/zeharbidearen eta Trinidad kalearen arteko bidegurutzean biribilgune bat eraikiko da. Neurri horien guztien helburua da mugikortasun jasangarria bermatzea herrian.

3.–Behar den kreditua atxikitzea, proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen balio justua ordaintzeko (1 1612 60901 aurrekontuko partida).

4.–Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, baita haren laburpena Foru Komunitateko egunkari batean ere, eta Urrotz-Hiriko Udalaren iragarki-taulan paratzea.

5.–Erabaki hau jakinaraztea ukitutakoei, behar diren ondorioak izan ditzan.

Erabaki honen aurka, errekurtso hauetariko bat aurkez daiteke, hautara:

Berraztertzeko errekurtsoa, Urrotz-Hiriko Udalari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau argitaratu eta biharamunetik aitzina; edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, iragarki hau argitaratu eta biharamunetik aitzina; edo bestela, gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau argitaratzen denetik aitzina.

Urrotz-Hirian, 2025eko ekainaren 19an.–Kudeaketa Batzordeko burua, Silvia Teilleri Vicondoa.

Iragarkiaren kodea: L2509046