148. ALDIZKARIA - 2025eko uztailaren 24a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRUÑA

Bigarren Zabalguneko Hiri-jarduketarako Plan Berezia, Iruñeko Udalak sustatuta. Jendaurrean jartzea

Iruñeko Udaleko Gobernu Batzarrak, 2025eko ekainaren 30ean, honako erabaki hau hartu zuen:

JOB 30-JUN-25 (5/UV).

Indarrean den Udal Planean aurreikusita dago plan berezi bat idaztea bi zabalguneetarako. Plan horretan, lehendik dauden ehunen eta tipologien egitura morfologikoa errespetatuta, etxe-sailen erabilera- eta eraikingintza-baldintzak ezarriko dira. Xedapen horiek bete beharrez, Lehen eta Bigarren Zabalguneetako Barne-eraberritzeko Plan Berezia idatzi zen, zeina Udalbatzak behin betiko onetsi baitzuen 2007ko apirilaren 19an egindako osoko bilkuran.

Dena den, denbora asko igaro da Plan Berezia indarrean jarri zenetik, eta, gainera, badira egun indarrean dagoen planeamendua berrikusteko arrazoiak, hala nola gogoeta egin beharra urte hauetan guztietan hiriak izan duen eraldaketari buruz, multzo historiko-artistikoaren mugaketa berria, legean izandako aldaketak edo barne-eraberritzeko plan bereziak berak ezarritako determinazioak planaren indarraldiari buruz.

Horiek horrela, bada, Tokiko Gobernu Batzarrak 2022ko uztailaren 4an onetsi zuen hasiera batez Bigarren Zabalgunerako Hiri-jarduketarako Plan Berezia (2022ko 145. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, uztailaren 21ean), eta jendaurrean eduki zuen irailaren 30era arte (epe hori, gero, zabaldu egin zen). Jendaurrean egon zen bitartean, zegozkion txosten sektorialak eskatu zituen.

Geroago, agiria bera eta egindako azterketa ikusirik, aldaketa batzuk sartu ziren, eragiten zietenak Bigarren Zabalguneko Hiri-jarduketarako Plan Bereziaren hasierako onespenean jasotako alderdiei (araudiari, antolamenduari eta kudeaketari lotutako determinazioak). Horiek horrela, komeni da berriz egitea hasierako onespenaren izapidea, Udalak aldaketen berri izan dezan eta onespenean parte har dezan. Orobat, berriz jarriko da agiria jendaurrean, gardentasuna eta parte-hartzea handiagoak izan daitezen agiriari dagokionez.

Bat etorriz ezarrita dagoenarekin Ingurumen Ebaluazioari buruzko 21/2013 Legean, espedienteari ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egin zaio (kontsulta egitea ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei), eta ingurumen-organoak ingurumen-txosten estrategikoa eman du, ebazpen bidez.

Espedientean sartuta daude Udaleko Hirigintza Gerentziako arkitektoaren eta legelariaren txostenak (biak daude sinatuta 2025eko ekainaren 16an).

Tokiko Gobernu Batzarrak 2025eko ekainaren 18ko bilkuran onetsi zuen aldaketa gauzatzeko proiektua.

Gero, espedientean sartu zen Iruñeko Udaleko Osoko Bilkuraren idazkari nagusiaren txostena (2025eko ekainaren 18an sinatua), non zehazten baitira jarraitu beharreko prozedura eta onespena emateko eskumena duten organoak.

Bat etorriz Iruñeko Udaleko Osoko Bilkuraren idazkari nagusiaren txostenean jasotakoarekin eta apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 127.1d) artikuluan ezarritakoarekin (Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legea), Tokiko Gobernu Batzarraren eskumena da "planeamendu orokorra garatzen duten tresnak onestea, Osoko Bilkurari ez dagozkionean, baita hirigintza kudeatzekoak eta urbanizazio proiektuetakoak ere".

Horiek horrela, honako hau erabaki da:

1. Azaldutako arrazoiak direla eta, bertan behera uztea Tokiko Gobernu Batzarrak 2022ko uztailaren 4ko bileran hartutako erabakiaren bidez abiarazitako prozedura.

2. Hasiera batez onestea, azaldutako moduan, Bigarren Zabalguneko Hiri-jarduketarako Plan Berezia, Iruñeko Udalak sustatuta.

3. Agiria hilabetez edukitzea jendaurrean eta entzunaldia ematea, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik zenbatzen hasita, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 72. artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina). Epe horretan, egokitzat jotzen diren alegazio idazki guztiak aurkezten ahalko dira.

4. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren iragarki-taulan argitaratzea, eta hari buruzko iragarkiak paratzea Nafarroako Foru Komunitatean editatzen diren egunkarietan.

5. Agintzea espedientea ikusgai egon dadila Udaleko Hirigintza Gerentziako bulegoetan (Armada etorb. 2, 6. sol., 31002 Iruña), jendearentzako orduetan, bai eta Iruñeko Udalaren egoitza elektronikoan ere (https://www.pamplona.es/eu/udala/araudia/normativa-en-tramitacion).

6. Plana izapidetzen jarrai dadila agintzea, bat etorriz ezarrita dagoenarekin uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuan, zeinaren bidez onetsi baitzen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina.

Hasiera batez onetsitako agiria esteka honetan kontsultatzen ahalko da: https://www.pamplona.es/eu/udala/araudia/tramitazio-bidean-dagoen-araudia.

Iruñean, 2025eko uztailaren 1ean.–Alkatea, Joseba Asiron Saez.

Iragarkiaren kodea: L2509281