2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ERRIBERRI
Ordenantza, Eremu publikoetan terrazak eta bestelako elementuak paratzea eta erabiltzea arautzen duena. Behin betiko onespena
Erriberriko Udalak, 2025eko urtarrilaren 20an egindako osoko bilkuran, espazio publikoetan terrazak eta beste elementu batzuk instalatzea eta erabiltzea arautzen duen ordenantzari hasierako onespena emateko erabakia hartu zuen. Onespenaren erabakia Nafarroako Aldizkari Ofizialaren 57. zenbakian argitaratu zen, 2025eko martxoaren 20an, eta jendaurreko epea igarota, zenbait alegazio aurkeztu dira. 2025eko maiatzaren 29ko osoko bilkuran alegazio horiek ebatzi dira, eta behin betiko onespena eman zaio ordenantzari, dagozkion ondorioetarako argitaratzen den testuaren arabera.
Erriberrin, 2025eko ekainaren 26an.–Alkatea, Josu Etxarri Sueskun.
ORDENANTZA, EREMU PUBLIKOETAN TERRAZAK ETA BESTELAKO ELEMENTUAK PARATZEA ETA ERABILTZEA ARAUTZEN DUENA
I.–Xedapen orokorrak.
1. artikulua. Ordenantza honen xedea.
Ordenantza honen xedea da terrazen eta bestelako elementuen instalazioa arautzea, horiek direnean aldi baterako osagarri ostalaritzako establezimendu legeztatu batean, Erriberriko udal mugarteko eremu publikoetan, baita ostalaritzako eta merkataritzako behin-behineko instalazioak, eramangarriak edo desmuntagarriak ere. Ordenantza honek erabilera publikoko lurretan terrazak eta horien elementu osagarriak jartzea baino ez du arautzen.
2. artikulua. Terrazaren definizioa.
Ordenantza honen ondorioetarako, orokorrean, terraza izanen da higiezin batean kokatutako ostalaritzako edo sukaldaritzako establezimendu bati erantsitako instalazioa, erabilera publikoari irekitako kanpokoko espazioetan kokatua, mahai sorta batek eta dagozkien aulkiek osatua, eta, hala baldin bada, elementu osagarriak dituena, hala nola eguzkitakoak, klimatizaziorako elementu mugigarriak, toldoak etab. Azken horiek haizetik babesteko itxitura bertikalak izaten ahal dituzte, betiere zorura ainguratu gabeak.
3. artikulua. Jabari publikoaren erabilera berezia.
Terrazak eremu publikoan paratzea Erriberriko Udalaren erabaki ahalmenekoa da, berekin dakarrena haren titularrarendako espazio publikoaren erabilera berezian aritzeko ahalmena.
4. artikulua. Betekizun orokorrak.
Oro har, terrazak zer kaletan jarri nahi diren, fatxadak kale horretara ematen duen establezimenduei soilik emanen zaie baimena.
Terrazak establezimenduaren fatxadaren zabalera baino txikiagoa edo berdina izan beharko du, eta haren aurrean egonen da, gutxienez metro bateko espazioa utzita eta kontuan harturik ingurunearen inguruabarrak, pertsonen eta ibilgailuen fluxua, irisgarritasun araudia, atarietarako sarbidea, eta egokitzat jotzen diren beste gai batzuk (udalaren ohar-taulak...).
Terrazako elementu guztiak ingurunearen baldintzetara egokitu beharko dira diseinuari, koloreei eta materialei dagokienez. Hirigune historikoan, ez dute publizitate mezurik jartzen ahalko.
5. artikulua. Mugapena.
Terrazek hartu beharreko eremuak udal zerbitzuek zehaztutako pintaketa edo lurzoru marken bidez mugatuko dira, udal organo eskudunak baimena eman ondotik.
Beste elementu batzuekin ere mugatzen ahalko dira, hala nola loreontziekin edo hesiekin. Kasu horretan, terrazaren kontzesio hartzaileak arduratuko dira instalazioaz, udal zerbitzuek onetsi ondoren. Ibilgailuen zirkulazio eremuetan terraza duten establezimenduek terraza modu horretan mugatu beharko dute nahitaez.
Terrazak mugatzeko baimendutako elementuak terrazak mugatutako lursailaren barruan kokatu beharko dira.
Modulutzat hartuko da, ordenantza honen ondorioetarako, mahai batez eta gehienez ere sei aulkiz osatutako multzoa.
Mugatutako eremu bakoitzean jartzen ahal diren mahaien guztizkoak moduluen osaera errespetatu beharko du, aurreko paragrafoan adierazitakoaren arabera.
Establezimendua arduratuko da bezeroek terraza heda ez dezaten muga baimenduetatik at.
6. artikulua. Lurrean ainguratzeko debekua.
Terrazako elementuak (mahaiak, aulkiak, eguzkitakoak, etab.) ez dira zoladuran tinkatzen ahalko eta aise desmuntatzeko modukoak izanen dira.
7. artikulua. Segurtasun baldintzak.
Haizea harrotzen denean eguzkitakoak tolestu eta altzariak bildu egin beharko dira baldin haizearen abiadura bada fabrikatzaileak segurtasun baldintzak mantentzeko gehienekotzat jotzen duena edo handiagoa.
Istripurik ez sortzeko maneran diseinatu eta kokatuko dira elementu guztiak. Establezimenduaren erantzukizuna izanen da baldintza horiek mantentzea.
8. artikulua. Garbiketa baldintzak.
Terraza jartzeko lizentziaren titularra den establezimendu bakoitza arduratuko da okupatutako eremua higiene eta garbiketa baldintza egokietan izateaz.
9. artikulua. Aulkiak, mahaiak eta gainerako elementu mugigarriak pilatzea.
Aulkiak, mahaiak, eguzkitakoak eta gainerako elementu mugigarriak lokalaren kanpoaldean pilatzen ahalko dira, horretarako mugatutako eremu batean, baldin eta ez bada oinezkoen eta ibilgailuen zirkulazioa trabatzen. Ongi lotuta egon beharko dute, ordutegitik kanpo erabil ez daitezen.
Pilatutako elementuek hartutako eremua jabari publikoaren okupaziotzat hartuko da ondorio guztietarako, dagokion tasaren ordainarazpenerako, bereziki.
10. artikulua. Ordutegiak.
Terrazak irekitzeko ordutegiak kasuan kasuko lokalari une bakoitzean dagozkionak izanen dira. Hala ere, ez dira inola ere irekitzen ahalko 8:00ak baino lehen, ez eta horien elementuak muntatzen ahalko ere, eta erabilera publikorako itxi beharko dira ondoko eguneko 1:30ean, beranduenez.
Oinezkoendako eremu eta kaleetan, terrazak paratzeko ordutegia ez da hasiko harik eta zamalanetarako ordutegia bukatu arte. Banaketa ordutegian, espaloiak oztoporik gabe eduki beharko dira, 8:00etatik 11:00etara oinezkoen joan-etorria errazteko.
Salbuespenez, ordenantza hau garatzean, arautzen ahalko dira terraza erabiltzeko ordutegi guztiak, kontuan harturik bai urtaro desberdinak, herrietako bestak, lanaldiaren iraupena eta hiriko zonaldeak, bai espazio publikoetan hartzen duten tokia, ingurunea bizitegitarako den ala ez, haren izaera historikoa edo interes orokorreko bestelako baldintza batzuk.
11. artikulua. Hirugarrenei eragozpenak sortzeko debekua.
Terrazaren jarduerak ez du sortzen ahalko, inola ere eta eguneko inolako unetan, legez ezarritako mugetatik goitiko zaratarik edo soinurik, ezta aldameneko etxebizitzetako edo bide publikoetako hirugarren erabiltzaileei bestelako eragozpenik sortzen ahalko ere. Bereziki errespetatuko da debeku hau establezimenduen kanpoaldean musika dagoen kasuetan.
12. artikulua. Denboraldia.
Ostalaritzako eta merkataritzako establezimenduen zerbitzurako terrazak eta beste elementu batzuk jartzean bide publikoa okupatuz egiten diren aprobetxamenduak urtebetekoak izanen dira.
II.–Baimentzeko prozedura eta tasak.
13. artikulua. Tasak ordainaraztea.
Ordenantza honetan araututako terrazak eta beste elementu batzuk ezartzeagatiko tasak ordainarazi eta kobratzeari dagokienez, tasa horiek arautzen dituen ordenantzan ezarritakoa beteko da, eta une bakoitzean indarrean dauden tarifak eta zenbatekoak aplikatuko dira.
14. artikulua. Okupazio lizentziaren eskaera.
Abenduaren 1etik 30era eskatuko da hurrengo urtean terrazak ezartzeko baimena, eta eskabidean adieraziko da denboraldi bakoitzerako zenbat mahai, aulki eta bestelako elementu beharko diren, Ordenantza honetako 12. artikuluan ezarritakoaren arabera.
Eskaera egiten duten pertsona fisiko edo juridikoek eguneratuak izan behar dituzte Erriberriko Udaleko Ogasunarekiko betebeharrak.
Eskatzailea establezimendua irekitzeko lizentziaren titularra izaten ahal da, edo bestela, ziurtagiri bat izaten ahal du, dagokion lokalean jarduera garatzeko gaitzen duena.
Emandako baimenean egiten den edozein aldaketatarako, eskaera egin beharko da hilabete bat lehenago.
15. artikulua. Lizentziak prekarioan.
Interes publikoko arrazoiak direla eta, Udalak noiznahi uzten ahalko du baliorik gabe baimena, baina horrek ez dio konpentsaziorako eskubiderik ekarriko baimendutako establezimenduari.
Hirugarrenen eskubideei kalterik egin gabe eta jabetza eskubideari eutsiz emanen dira lizentziak. Lizentziak prekarioan emantzat jotzen dira, eta noiznahi baliogabetzen ahalko dira, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 122.4. artikuluari jarraikiz (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).
Ordena publikoagatik, trafikoko inguruabar bereziengatik, edo terraza erabiltzea eta bide publikoa okupatzeko beste baimen batzuk bateragarri egiteagatik —bereziki jaiegunetan, prozesioetan eta antzeko kasuetan—, lurzorua erabiltzeko udal baimenaren baldintzak eten edo aldatzen ahalko dira. Udaltzainek erabilera baldintzak eten edo aldatu aurretik emanen dute horren berri, eta, hala badagokio, jarduera zailtzen edo oztopatzen duten elementuak kendu aurretik.
Kasu horietan, inoiz ez da sortuko ukituek kalte-ordainik edo ordainik jasotzeko eskubiderik.
III.–Indarraldia.
16. artikulua. Lizentzien urteko indarraldia.
Terrazak eta beste elementu batzuk instalatzeko emakidaren indarraldia urte natural batekoa izanen da gehienez, eta iraupena ekitaldi bakoitzeko abenduaren 31n akituko da. Interesdunek, hala badagokie, baimen berria eskatu beharko dute, 14. artikuluan aurreikusitako moduan.
IV.–Arau-hausteak eta zehapenak.
17. artikulua. Arau-hausteak.
Ordenantza honen ondorioetarako, arau-hausteak arinak, astunak eta oso astunak izaten ahal dira.
–Arau-hauste arinak dira:
a) Eremua ez zaintzea eta ez garbitzea.
b) Onartu dena baino eremu handiagoa okupatzea.
c) Dagokion udal tasa ez ordaintzea.
d) Terrazako elementuak (aulkiak, mahaiak, eguzkitakoak, etab.) ez jasotzea erabiltzeko ordutegitik kanpo.
e) Baimendutako kopurua baino mahai gehiago paratzea.
f) Ordenantza honetan ezarritako baldintzak ez betetzea, baldin eta falta astun edo oso astun gisa sailkatzen ez bada.
–Arau-hauste astunak dira:
a) 6 hilabetean bi arau-hauste arin edo gehiago egitea.
b) Segurtasunari, suteei, eta abarri dagokienez EBko araubidea betetzen ez duen edozein elementu jartzea terrazan edo beladorean.
c) Terraza, beladorea edo instalazio behin-behineko edo eramangarria paratzea kasuan kasuko udal lizentzia eduki gabe edo baimeneko baldintzak bete gabe.
–Arau-hauste oso astunak dira:
a) 6 hilabetean bi arau-hauste astun edo gehiago egitea.
b) Ordenantza honetan ezarritako baldintzak ez betetzea, baldin eta falta arin edo astun gisa sailkatzen ez bada.
18. artikulua. Zehapenak.
Arau-hauste arinen zehapena 100 euroko isuna izanen da; astunena, 150 eta 250 euro bitarteko isuna eta lizentzia urtebetez kentzea; eta oso astunena, 300 eta 500 euro bitarteko isuna eta lizentzia 5 urtez kentzea.
19. artikulua. Zehapen prozedura.
Zehapenak ezartzeko, dagokion zehapen prozeduraren instrukzioa eginen da, arau hauen arabera: urriaren 1eko 39/2015 Legea (hizpide dituena Herri Administrazioen Araubide Juridikoa eta Administrazio Prozedura Erkidea), lege hori osatzeko edo garatzeko araudiak, edota araudi horiek aldatzen edo ordezten dituen beste edozein xedapen.
V.–Erantzukizun zibila.
20. artikulua. Kalte-galeren ordaina.
Ordenantza honek jasotzen dituen zehapenetako edozein ezartzeak ez du baztertzen erantzukizun zibila, ez eta zehatuak kalte-galerengatik pagatu beharra ere, halakorik bada.
AZKEN XEDAPENA
Ordenantza honek ondorioak izanen ditu Estatuko Administrazioak edo Foru Komunitateko Administrazioak toki erakundeen egintzak edo erabakiak deuseztatzeko duten eskumena erabiltzeko epea iragandakoan, eta ordenantzaren testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzean.
Iragarkiaren kodea: L2509189