1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
567E/2025 EBAZPENA, ekainaren 22koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez Lakuntzako Udal Plan Orokorraren aldaketari buruzko ingurumen txosten estrategikoa egiten baita. Aldaketaren sustatzailea Lakuntzako Udala da.
Udalak 2025eko otsailaren 20an hasiera batez onetsi ondoren aldaketa hori, jendaurrean egoteko tramitea bete da, iragarki bat argitaratuz 2025eko 50. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, martxoaren 13koan. Espedientearen barruan dokumentu tekniko bat jaso da, planaren aldaketari buruzko memoria, araudia eta planoak biltzen dituena.
Udal planaren aldaketaren xedea desberdina da lurzatien arabera:
1) 130., 131., 134. eta 255. lurzatien eremuari dagokionez, proposatzen da hiri-lurzoru finkatugabea, zehazki, "Komunitate-ekipamendurako sistema orokorra - Kirola" kategoria duena, lurzoru urbanizaezin gisa birsailkatzea, zehazki, ustiapen naturalerako gorde beharreko lurzoru gisa (laboreak).
Plangintzaren aldaketa hori egungo Itxesalde futbol zelaiaren iparraldean eta mendebaldean dauden lurretarako planteatzen da, ez baitago kirol instalazio horiek handitzeko aurreikuspenik. Hango lurzoruak lauak dira, eta proposamenak berekin dakar belardi gisa erabiltzen jarraitzea.
2) Gasolindegiarekin muga egiten duen 1028. lurzatiari dagokionez, udal planaren aldaketak 863 metro koadroko eremu bati eragiten dio, eta haren xedea da lurzoruaren sailkapena aldatzea, ustiapen naturalerako gorde beharreko lurzorua (laboreak) izatetik gorde beharreko lurzoru urbanizaezina (jarduera bereziak) izatera igaro dadin.
Plangintzaren aldaketa hori landaredirik gabeko lurretarako planteatzen da, industria-nabe batek eta haren sarbide zolatuak okupatzen dituztenetarako, eta, ondorioz, gasolindegia hartzen duen katastro-lurzati mugakideari esleitzen zaizkion kategoria eta erabilera berberak esleituko zaizkie (hala nola hidrokarburoen salmentarekin lotutako zerbitzuak eta/edo ibilgailuak eta makinak manipulatzeko eta konpontzeko tailerra).
Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak jakinarazi du ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura behar bezala bete dela, eta, haren iritziz, 1. poligonoko 130., 131., 134., 255. eta 1028. lurzatietan Lakuntzako udal plan orokorra aldatzeak ez du ingurumen eragin nabarmenik sortzen.
Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua,
EBAZTEN DUT:
1. Ingurumen txosten estrategikoa egitea Lakuntzako Udal Plan Orokorraren aldaketari buruz, ingurumenaren gainean eragin nabarmenik ez duela iritzita. Aldaketaren sustatzailea Lakuntzako Udala da.
2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
3. Ebazpen hau Hirigintza Atalari eta Lakuntzako Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2025eko ekainaren 22an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

Aldaketaren eremua Lakuntzako 1. poligonoko 130., 131., 134. eta 255. katastro-lurzatien barruan.

Lakuntzako 1. poligonoko 1028. lurzatia.
Iragarkiaren kodea: F2508992