1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
1440/2025 EBAZPENA, 2025eko uztailaren 17koa, Jaime Brunet Fundazioko buruak emana. Haren bidez, Giza Eskubideen eta Garapenerako Lankidetzaren 2025eko Jaime Brunet Unibertsitate Sariaren deialdia egiten da.
Aurrekariak:
Giza Eskubideen Jaime Brunet Saria 1998az geroztik banatzen da, eta Giza Eskubideen defentsan diharduten pertsona eta erakundeen ibilbide bikaina nabarmendu izan du beti.
Izan ere, Jaime Brunetek berak ildo horretako ikerketa-lanak nabarmentzeko interesa agertu zuen. Era berean, Jaime Brunet Fundazioaren estatutuetan berariaz jasotzen da beste sari batzuk emateko aukera, bai eta testamentugileak ezarritako helburuekin bat datozen beste jarduera batzuk garatzekoa ere.
Gogoeta horiek ikusita, eta Fundazioak Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin duen lotura kontuan hartuta, Fundazioaren Patronatuak urteroko sari bat ezartzea erabaki zuen aipatutako gaietan izena eman duten unibertsitateko ikasleetako baten lana goraipatzeko Graduko eta Masterreko Ikasketa Amaierako Lanen testuinguruan. Hartara, giza eskubideen egoerari eta babesari buruzko interesa pizteaz gainera, eskubide horien urraketen salaketak egitea eta haiek hobetzearren elkarlanean aritzea ere bultzatzen da, bai eta unibertsitateko ikasketak bukatzen dituzten ikasleen ahalegina saritu ere.
Hautagaitzak:
1.–Sarietara aurkezten ahalko dira, Nafarroako Unibertsitate Publikoko graduko edo masterreko edozein titulaziotako ikasleen ikasketa amaierako lanak, baldin eta ikerketa-gai gisa honako gai hauek badituzte:
1.1.–Pertsonen eskubideen defentsa eta babesa.
1.2.–Eskubide horien erabilera hobetzeko tresnak edo mekanismoak garatzea.
1.3.–Garapenerako lankidetzarekin lotutako proposamenak eta aurrerabideak abian jartzea. Honek aurrerapen ekonomiko eta sozial globala, jasangarria eta ekitatiboa sustatzera bideratutako jardueren multzoa hartzen du bere baitan.
1.4.–Babesgabe dauden edo egoteko arriskuan dauden pertsonen bizitza aztertzeko, ebaluatzeko edo hobetzeko azterlanak. Edozein motatako oinarrizko azpiegiturak (teknologikoak, naturalak, sanitarioak, etab.) jende guztiarentzat eskuragarri jartzearen inguruko alderdiak aipatzen ahalko dira.
1.5.–Diskriminazio hauetakoren batengatik oinarrizko eskubideei dagokienez egoera zaurgarrian dauden pertsonen egoera hobetzeko azterlanak: arraza-, erlijio- eta sexu-diskriminazioa; haurren kontrako diskriminazioa; hautu politiko edo jatorri sozialari loturiko diskriminazioa; desgaitasunagatiko diskriminazioa; gosearen, biolentziaren, gerraren edo gaixotasun baten ondoriozko diskriminazioa.
2.–Lan horien ikuspuntuak, beraz, askotarikoak izan daitezke: jurdikoa, ekonomikoa, sanitarioa, soziala, zientifiko-teknologikoa.
Prozedura:
1.–Saria urtero deituko da. Lanak, –2024ko urriaren 1etik 2025eko irailaren 30era bitartean defendatu beharko dira–, norberaren fakultate edo ikastegian entregatu beharko dira, ondorio horretarako ezartzen duten epean. Lanak paperean zein posta elektronikoz aurkezten ahalko dira. Ikastegiak lanen hasierako balorazioa eta aurrehautaketa bat eginen du, eta haren ustez saria merezi duten lanak Brunet Fundazioari helaraziko dizkio, 2025eko urriaren 31 baino lehen. Fakultate edo Ikastegi bakoitzak 3 lan aurkezten ahalko ditu gehienez ere.
2.–Lan bat proposatzen duen ikasleak berariaz arrazoitu beharko du bere ikerlanak zerikusia duela eta ekarpen bat egiten duela sariari datxezkion gaietan, eta, horretarako, idatzizko autoebaluazio bat aurkeztu beharko du aldez aurretik.
Lanen balorazioa:
1.–Lanek GAL edo MAL bati eskatzen zaizkion baldintza guztiak bete beharko dituzte, eta dagokion fakultate edo ikastegiko ebaluazioa gainditu beharko dute, araudiak haietarako ezartzen dituen bitartekoekin bat.
2.–Fundazioaren Patronatuak izendatutako ebaluazio batzorde batek –kanpoko ebaluatzaileak ere sartzen ahalko dira bertan– emanen du saria.
3.–2.000 eurok eta ziurtagiri batek osatuko dute saria; zuzendari akademikoak ere ziurtagiri bat jasoko du. Saria eman gabe uzteko aukera ere badago. Aipatutako kopuruari dagokionez, arauzko atxikipenak eginen dira zerga-ondorioetarako.
Publizitatea eta saria ematea:
1.–Saria urte bakoitzeko abenduan emanen da jakitera.
2.–Nafarroako Unibertsitate Publikoak antolatutako ekitaldi batean emanen da saria. Saridunak ez badu ekitaldian parte hartzen, ez zaio saria emanen.
Argibide gehiago:
Brunet Fundazioa-Nafarroako Unibertsitate Publikoa.
Arrosadiko campusa.
31006 - Iruñea, Nafarroa (Espainia) Telefonoa: 948169103.
Faxa: 948169004.
Helbide elektronikoa: fundacion.brunet@unavarra.es Internet:
https://www.unavarra.es/eu/sites/la-upna/fundacion-jaime-brunet.html
Iruñean, 2025eko uztailaren 17an.–Ramón Gonzalo García, Jaime Brunet Fundazioko burua.
Iragarkiaren kodea: F2509908