148. ALDIZKARIA - 2025eko uztailaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

130E/2025 EBAZPENA, ekainaren 18koa, Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez prestakuntza beka baterako deialdia onesten baita, Informazio Zientzietako eta/edo Komunikazio adarreko unibertsitate titulua duten pertsonentzat. Beka Nafarroako Gazteriaren Institutuan aritzeko da. Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren identifikazioa: 841422.

Nafarroako Gazteriaren Institutuak proposatu du prestakuntza beka bat sortzea eta gero deialdia egitea Informazio Zientzietako eta/edo Komunikazio adarreko unibertsitate titulua (Kazetaritza, Ikus-entzunezko komunikazioa, Publizitatea...) duten pertsonentzat. Beka erakunde autonomo honetan aritzeko da. Bekak, hasiera batez, hamabi hilabete iraunen du, baina bi urtez luzatzen ahalko da.

Beka hau iragarri eta emanez, Nafarroako Gazteriaren Institutuak bi helburu lortu nahi ditu: alde batetik, ordenamendu juridikoak esleitutako eginkizunak hobeki betetzea, zehazki, Nafarroako Gazteriaren Institutua erakunde autonomoaren Estatutuak onetsi zituen azaroaren 15eko 242/2023 Foru Dekretuak esleitutakoak; eta, bestetik, unibertsitateko tituludunen prestakuntza sustatzea, ezagutza teoriko eta praktiko hobea eta zuzenagoa lor dezaten Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan, Nafarroako Gazteriaren Institutuaren bitartez, gazteriaren arloan egiten den lanari buruz.

Bekaren deialdian eta hura ematean, oinarri arautzaileetan aurreikusita ez dagoen orotan, arau hauetan xedatutakoari jarraituko zaio: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntzarako bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretua eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea.

Bekaren zenbateko ekonomikoa Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren martxoaren 30eko 53/2020 Foru Aginduan xedatutakoari jarraikiz ezarriko da, foru agindu horren bidez eguneratu baitzen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza beken zuzkidura ekonomikoa.

1.250 euro gordin jasoko dira, hilean, bekak irauten duen denbora osoan. Zenbateko horretatik pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari dagokiona kenduko da. Halaber, Nafarroako Gazteriaren Institutuak bekadunaren gizarte segurantzaren kotizazioaren kuota ordainduko du, 63,68 euro hilean, bekak irauten duen denbora osoan.

Horrenbestez, Nafarroako Gazteriaren Institutuaren Estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 242/2023 Foru Dekretuak esleitu dizkidan ahalmenak baliatuz,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako Gazteriaren Institutuan aritzeko prestakuntza beka bat emateko deialdia onestea, ebazpen honen I. eranskinean biltzen diren oinarrien arabera. Beka jasotzeko izangaiek Informazio Zientzietako eta/edo Komunikazio adarreko unibertsitate titulua (Kazetaritza, Ikus-entzunezko komunikazioa, Publizitatea...) eduki behar dute. Bekaren iraupena izanen da 2025eko urriaren 1etik 2026ko irailaren 30era arte, eta hurrengo bi urteetan luzatzen ahalko da, 2028ko irailaren 30era arte. Horrela, legeak baimentzen dituen hiru urteak beteko lirateke, apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren 3. artikuluak ezartzen duenarekin bat (foru dekretu hori Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntzarako bekak emateko araubide orokorra ezartzen duena da).

2. Urtean 15.764,16 euroko gastua baimentzea, baldin eta kreditu aski eta egokirik bada; zenbateko hori honela banatuko da:

2025. urtean, guztizko gastua 3.877,36 eurokoa izanen da. Kopuru hori 2025eko Nafarroako Aurrekontu Orokorren "Praktiketako teknikarientzako prestakuntza bekak" izeneko 340002 34100 4809 232100 partidaren kargura egotziko da, honela banakatua:

–3.750,00 euro, 3 hileko ordainketa egiteko (2025eko urritik abendura).

–127,36 euro Gizarte Segurantzako enpresa kuotaren 2 hileko ordaintzeko; hilean 63,68 euro, (2025eko urria eta azaroa).

2025eko abenduko 63,68 euroko kuota 2026ko urtarrilean ordainduko da, 2026ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan horretarako gaitzen den partidaren kargura.

2026an, guztizko gastua 11.886,80 eurokoa izanen da, baldin eta horretarako kreditu egoki aski bada, eta 2026. urteko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan horretarako gaitzen den partidaren kargura egotziko da. Kopuru hori honela banatzen da:

–11.250 euro, 2026ko urtarriletik irailera arteko hileko soldatak ordaintzeko.

–636,80 euro, Gizarte Segurantzako kuota hamar hilabetez ordaintzeko, 2025eko abendutik 2026ko irailera.

Hurrengo urteetan, beka luzatzen bada, zenbatekoak berberak izanen dira: 1.250 euro gordin hilean, gehi Gizarte Segurantzako kuotari dagozkion 63,68 euro hilean. Beka 2026-27 eta 2027-28 urteetarako luzatuz gero, Nafarroako urte horietako aurrekontu orokorretako "Praktiketako teknikarientzako prestakuntza bekak" izeneko 340002 34100 4809 232100 partidaren kargura egotziko da, edo horretarako gaitzen diren partiden kargura, baldin eta kreditu egokia eta nahikoa badago.

2026., 2027. edo 2028. urteetan Gizarte Segurantzako kuota eguneratzen bada, erreserbatutako eta baimendutako kopuruak ere eguneratu eginen dira.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

5. Ebazpen hau igortzea Administrazio eta Kudeaketa Atalera, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2025eko ekainaren 18an.–Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, José María Burgaleta Encina.

I. ERANSKINA.-PRESTAKUNTZA BEKA BATEN DEIALDIAREN OINARRIAK, NAFARROAKO GAZTERIAREN INSTITUTUAN ARITZEKO

1. Xedea.

Oinarri hauen xedea da arautzea nola emanen den prestakuntza beka bat norgehiagokako araubidean. Beka jasotzeko izangaiek Informazio Zientzietako edo/eta Komunikazio adarreko edozein titulaziotako lizentziadun edo graduatu izan behar dute (Kazetaritza, Ikus-entzunezko komunikazioa, Publizitatea...). Beka Nafarroako Gazteriaren Institutuan aritzeko da.

Bekaren helburua da hautatutakoaren prestakuntza bultzatzea, Nafarroako Gazteriaren Institutuak gazteriaren arloan antolatzen dituen jarduerak zuzenean ezagut ditzan.

2. Aurrekontuko diru erabilgarria.

Beka honen gastua urtean 15.764,16 eurokoa izanen da, baldin eta kreditu aski eta egokirik bada; zenbateko hori honela banatuko da:

2025. urtean, guztizko gastua 3.877,36 eurokoa izanen da. Kopuru hori 2025eko Nafarroako Aurrekontu Orokorren "Praktiketako teknikarientzako prestakuntza bekak" izeneko 340002 34100 4809 232100 partidaren kargura egotziko da, honela banakatua:

–3.750,00 euro 2025eko Nafarroako Aurrekontu Orokorren "Praktiketako teknikarientzako prestakuntza bekak" izeneko partidaren kargura egotziko dira, 3 hileko ordaintzeko, 2025eko irailetik abendura arteko hilabeteetarako.

–127,36 euro Gizarte Segurantzako enpresa kuotaren 2 hileko ordaintzeko; hilean 63,68 euro, (2025eko urria eta azaroa).

2025eko abenduko 63,68 euroko kuota 2026ko urtarrilean ordainduko da, 2026ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan horretarako gaitzen den partidaren kargura.

2026an, guztizko gastua 11.886,80 eurokoa izanen da, baldin eta horretarako kreditu egoki aski bada, eta 2026. urteko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan horretarako gaitzen den partidaren kargura egotziko da. Kopuru hori honela banatzen da:

–11.250 euro, 2026ko urtarriletik irailera arteko hileko soldatak ordaintzeko.

–636,80 euro, Gizarte Segurantzako kuota hamar hilabetez ordaintzeko, 2025eko abendutik 2026ko irailera.

Hurrengo urteetan, beka luzatzen bada, zenbatekoak berberak izanen dira: 1.250 euro gordin hilean, gehi Gizarte Segurantzako kuotari dagozkion 63,68 euro hilean.

Beka 2026-27 eta 2027-28 urteetarako luzatuz gero, Nafarroako urte horietako aurrekontu orokorretako "Praktiketako teknikarientzako prestakuntza bekak" izeneko 340002 34100 4809 232100 partidaren kargura egotziko da, edo horretarako gaitzen diren partiden kargura, baldin eta kreditu egokia eta nahikoa badago.

2026., 2027. edo 2028. urteetan Gizarte Segurantzako kuota eguneratzen bada, erreserbatutako eta baimendutako kopuruak ere eguneratu eginen dira.

3. Iraupena.

Bekak hamabi hilabete iraunen du. Hala ere, organo eskudunak luzatzen ahalko du, epe bererako, hiru urte egin arte gehienez (hasierako aldia eta luzapenak barne), aurrekontu-baliabideen arabera.

Bekaldia esleipenaren ebazpenean adieraziko den egunean hasiko da (inoiz ez 2025eko urriaren 1a baino lehenago), eta 2026ko irailaren 1ean bukatuko. Beka 2026ko urriaren 1etik aurrera bi urte luzatzen ahalko da, apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren 3. artikuluak ezartzen duenarekin bat (foru dekretu hori Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntzarako bekak emateko araubide orokorra ezartzen duena da).

Beka luzatzen bada, ez da inola ere aldatuko bekaren izaera.

4. Bekaren zenbatekoa eta ordainketa.

Bekak 15.764,16 euroko zuzkidura izanen du urtean, hau da, hilean 1.250 euroko 12 hileko gehi 63,68 euro Gizarte Segurantza ordaintzeko.

Beka lortu duen pertsonari ordaindu beharreko zenbatekoa hilabeteka ordainduko zaio, hilabetea bukatutakoan, edo zati proportzionalean, hala badagokio. Zenbateko horretatik, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari dagokiona kenduko da. Gainera, Nafarroako Gazteriaren Institutuak, hilero, bekadunari dagokion Gizarte Segurantzaren kotizazio kuotaren zatia ordainduko du.

Hileko 1.250,00 euro gordineko kopuru hori bekaren iraunaldi osoan mantenduko da, eta ez da soldata edo ordainsaritzat hartuko, baizik eta laguntza ekonomiko publikotzat.

Bekaren onuraduna besteren konturako langileekin parekatuko da, Gizarte Segurantzako araubide orokorrean sartzeari dagokionez, urriaren 24ko 1493/2011 Errege Dekretuan ezarritako baldintzetan.

5. Bateraezintasunak.

Prestakuntza beka hau ez da bateragarria izanen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio batzuek edo beste entitate publiko edo pribatuek edo partikularrek ematen dituzten beste batzuekin.

6. Onuradunak.

Onuradun izan daitezke betebehar hauek betetzen dituzten pertsona fisikoak:

a) Adinez nagusia eta 31 urtez beherakoa izatea.

b) Espainiar nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo, Europar Batasunak sinatu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen batekoa. Espainiako nazionalitatea ez dutenek gaztelaniaz behar adina badakitela frogatu beharko dute.

c) Jarduteko gaitasun osoa izatea eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen laguntza eta dirulaguntza publikoak jasotzeko ezgaitua ez egotea, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Aginduaren 13.2 artikuluarekin.

d) Nafarroan erroldaturik egotea deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu baino urte bat lehenagotik gutxienez.

e) 1. oinarrian aipatzen den unibertsitateko titulu ofiziala izatea, Espainiako agintariek emana edo homologatua.

f) Eskatutako titulua prestakuntza beken deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu aurreko hiru urteen barrenean eskuratua izatea.

g) Euskararen jakite-maila frogatzen duen titulu edo ziurtagiri bat izatea, B2 mailaren baliokidea dena. Horri dagokionez kontuan hartuko diren baliokidetasunak Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak irailaren 13an emandako 210/2010 Ebazpenean bildutakoak dira. Izan ere, ebazpen horren bidez ezarri ziren euskararen eta Europar Batasuneko hizkuntzen jakite-maila egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien arteko baliozkotzeak, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera.

h) Ez izatea ezintasun fisikorik edo gaixotasunik, bekaren xedeko prestakuntzan aritzea galarazten dionik.

Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira baldintza guztiak, eta, orobat, bekaldiak irauten duen bitartean mantendu.

7. Eskaerak.

7.1. Prestakuntza beka hau eskuratzeko interesa dutenek honako leku hauetan aurkezten ahalko dute eskaera: Nafarroako Gazteriaren Institutuko Erregistroan (Yanguas y Miranda kalea 27, behea, 31003 Iruña), Nafarroako Gobernuko Erregistroaren edozein bulegotan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako tokietan.

Telematika bidez ere aurkezten ahal dira, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz (https://www.navarra.es/eu/tramiteak). Fitxa horretan, esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko. Bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki behar da.

Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da. Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta hurrengo hilabetean bukatuko da, argitalpen egunaren zenbaki bera duen egunean.

7.2. Honako agiri hauek aurkeztu behar dira eskabide orokorrarekin batera:

a) Eskaera-orria, II. eranskinean agertzen den ereduaren araberakoa.

b) Nortasun agiri nazionalaren edo pasaportearen fotokopia.

c) Eskatzailearen curriculum vitaea, non jasoko baitira, zehatz-mehatz, merezimendu guztiak.

d) Lehenbiziko oinarrian aipatzen den titulu ofizialaren fotokopia.

e) Ikasketa-espedientearen ziurtagiria, haren batez besteko nota adierazita eta espresuki aipatuta ikasmaila bakoitzeko irakasgai guztien kalifikazioak eta zein deialditan gainditu zituen.

f) Euskararen ezagutza egiaztatzen duen titulua edo ziurtagiria, 6.g) oinarrian aipatu dena.

g) Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondorengo data duen errolda-ziurtagiria.

h) Alegatutako merezimenduen gaineko ziurtagiriak eta fotokopiak, 9. oinarriaren arabera baloratuak izateko.

i) Eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, adierazten duena ez dagoela dirulaguntza publikoen onuradun izatea galarazten dioten egoeretako bakar batean ere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluaren arabera. (III. eranskina)

7.3. Organo eskudunak epearen barrenean aurkezten diren eskaerak aztertuko ditu. Norbaitek aurreko zenbakietan ezarritako baldintzak betetzen ez baditu, organo eskudunak interesdunari eskatuko dio hamar egun balioduneko epean zuzen dezala, eta adieraziko dio ezen, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela.

7.4. Prestakuntza beka hau jasotzeko eskaera aurkezteak berekin dakar eskatzaileak deialdiaren oinarriak onartzea.

8. Ebaluazio batzordea.

8.1. Ebaluazio batzordea arduratuko da betebeharrak egiaztatzeaz, bekak eskatzen dituztenek alegatutako merezimenduak ebaluatzeaz eta ebazpen proposamena prestatzeaz. Proposamen horretan, izangai onartu bakoitzak guztira lortu dituen puntuak adieraziko dira.

Honako hauek egonen dira ebaluazio batzordean:

Batzordeburua: Ana Redín Pascual andrea, Nafarroako Gazteriaren Institutuko Zeharkako Ekintzen eta Gazteriaren Behatokiaren Ataleko burua.

Batzordeburuaren ordezkoa. Isabel Eguiguren Ezquerro andrea, Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendaritzako idazkaria.

Idazkaria: Ainara Hermoso de Mendoza San Juan andrea, Nafarroako Gazteriaren Institutuko erdi mailako teknikaria.

Idazkariaren ordezkoa: Iñigo Artázcoz Guereñu jauna, Nafarroako Gazteriaren Institutuko Administrazio eta Kudeaketa Ataleko burua.

Batzordekidea: Ainhoa Aroz Iturbide andrea, Nafarroako Gazteriaren Institutuko Argibide eta Prestakuntza Bulegoko burua.

Ordezkoa: Manuel Goñi Gamarra jauna, Nafarroako Gazteriaren Institutuko goi mailako teknikaria.

Batzordekidea: Mónica Domínguez Catena andrea, Nafarroako Gazteriaren Institutuko Partez-hartzearen eta Sormenaren Bulegoko burua.

Ordezkoa: Raquel González Eransus andrea, Nafarroako Gazteriaren Institutuko soziologoa.

8.2. Ebaluazio batzordeak aztertu eta baloratuko ditu aurkeztutako eskabideak, eta organo eskudunari igorriko dio beka emateko proposamena, onartutako pertsona bakoitzari emandako puntuazio osoarekin. Nolanahi ere, proposamen hori loteslea izanen da.

9. Balorazio baremoa.

Eskaerak baloratzeko, merezimenduak honako baremo honen arabera kalifikatuko dira, eta gehienez 14 puntu lortzen ahalko dira:

a) Ikasketa espedientea. Gehienez ere: 4 puntu.

Ikasketa espedientearen batez besteko nota baloratuko da, azaroaren 27ko 1497/87 Errege Dekretuaren arabera (errege dekretu hori abuztuaren 1eko 1044/03 Errege Dekretuaren bidez aldatu zen).

–Nahikoa: 1 puntu.

–Oso ongi: 2 puntu.

–Bikain: 3 puntu.

–Ohorezko matrikula: 4 puntu.

b) Hizkuntzak jakitea: ingelesa, frantsesa eta beste hizkuntza komunitario batzuk.

Gehienez ere: 1,5 puntu.

C1 mailaren baliokidea den titulua edo ziurtagiria izatea. Horri begira kontuan hartuko diren baliokidetasunak Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak irailaren 13an emandako 210/2010 Ebazpenean bildutakoak dira. Izan ere, ebazpen horren bidez ezarri ziren euskararen eta Europar Batasuneko hizkuntzen jakite-maila egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien arteko baliozkotzeak, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera. Hala, ingeles edo frantses titulua izanez gero, 0,50 puntu emanen dira, eta Europar Batasuneko beste hizkuntza batzuetakoak, 0,25 puntu.

B2 mailako tituluak edo ofizialki horien baliokideak diren tituluak 0,25 punturekin baloratuko dira.

B2 mailatik beherako titulazioei ez zaie punturik emanen.

c) Beka emateko baldintza denaz kanpo, beste unibertsitate titulu batzuk izatea, bekaren xede diren arloekin lotura zuzena dutenak. 2,5 puntu gehienez.

–Doktoretza: 2 puntu.

–Masterra: 1 puntu.

–Beste gradu batzuk: 0,5 puntu.

e) Esperientzia profesionala edo boluntario gisako esperientzia esparru hauetan: kazetaritza, ikus-entzunezko komunikazioa, sare sozialen kudeaketa edo sentsibilizazio eta publizitate kanpainak, baldin eta curriculumean sartu ez badira: Gehienez ere: 1 puntu.

0,25 puntu emanen dira langile edo boluntario gisa emandako hiru hilabeteko aldi bakoitzeko. Hiru hilabetetik gorako aldiak baizik ez dira baloratuko, behar bezala justifikaturik badaude dokumentu fede-emaile baten bidez (ziurtagiria, nomina, entitatearen arduradunaren aitorpena, eta abar).

f) Elkarrizketa pertsonala. Kalifikazio onenak lortzen dituzten lehenbiziko 6 pertsonei aurrez aurreko elkarrizketa bat eginen zaie. Elkarrizketari 5 puntu arteko balorazioa emanen zaio, honako hauek aintzat hartuz: gazteekin zerikusia duten lanei buruzko ezagutza, Nafarroako Gazteriaren Institutuak egiten dituen jardueren gaineko ezagutza, bereziki gazteriaren arlokoak; motibazioa, ekimena, erantzunen argitasuna eta ordena, gaiak beren artean lotzeko gaitasuna, lantaldean aritzeko gaitasuna eta bestelako trebetasun sozialak.

Izangaiei telefonoz eta posta elektronikoz abisatuko zaie, elkarrizketa egin baino 72 ordu lehenago gutxienez. Elkarrizketara joatea nahitaezkoa da. Hortaz, elkarrizketara agertzen ez diren izangaien eskaerak artxibatu eginen dira.

10. Beka ematea.

10.1. Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpen baten bidez emanen da beka, instrukzio organoaren proposamena aztertuta.

Halaber, ebazpen hori eta hautagaien lehentasun ordena, merezimenduen baremazioan lortutako puntuazioaren arabera finkatua, Nafarroako Gazteriaren Institutuaren web-orrian argitaratuko dira, informazio gisa.

10.2. Bekaren onuradun izateko hautatua izan denak 10 egun balioduneko epearen barnean aurkeztu beharko ditu merezimenduak alegatzeko jatorrizko agiriak, beka eman zaiola adierazten duen ebazpena jakinarazten zaionetik aurrera zenbatuta. Dokumentazioa aurkeztu ezean, puntu-sailkapenean bigarren denari esleituko zaio beka, eta, horrela, modu berean jokatuko da hurrengoekin ere.

11. Tutoretzak.

Prestakuntza honetako tutoretza-, gainbegiratze- eta zuzendaritza-lanak Nafarroako Gazteriaren Institutuko Zeharkako Ekintzen eta Gazteriaren Behatokiaren Ataleko buruak eta Nafarroako Gobernuaren Komunikazio Zerbitzuko zuzendariak izendatzen duen pertsonak eginen dituzte. Azken honek beka honetan eskatzen den maila bereko edo maila handiagoko titulazioa eduki beharko du.

Tutoreak prestakuntza ekintza batzuk egitea aginduko du, gazteei –zentzu zabalenean– zuzendutako komunikazioa garatzen lagundu dezan. Orobat, Nafarroako Gazteentzako Informazio Sarean egiten diren lanetan parte hartzea agintzen ahalko dio, eta, horrez gainera, parte hartzea Institutuaren sare sozialak eguneratu eta garatzeko lanetan, web-orriaren edukiak eguneratzeko lanetan, gazteentzako ekitaldiak hedatzeko lanetan eta prentsa oharrak prestatzeko lanetan. Eskatutako titulazioarekin zerikusia duten beste prestakuntza ekintza batzuetan ere laguntzen ahalko du. Nafarroako Gazteentzako Jardueren Eskolak (NGJE) prestatzen dituen ikastaroetan –interesgarri jotzen direnetan– parte hartuz osatuko du bere prestakuntza.

Tutoreak ordutegiak zehaztuko ditu (gehienetan 9:00etatik 15:00etara, astelehenetik ostiralera), eta begiratuko du bekadunak bere betebehar orokor eta zehatzak betetzen dituela.

12. Justifikatzeko epea eta modua.

Beka amaitu eta hurrengo hilabeteko epean, egindako prestakuntza jardueraren azken memoria aurkeztu beharko du onuradunak.

Azken memoria hori prestatzen ez badu, jaso duen bekaren azkeneko hileko saria itzultzeko eskatuko zaio.

Memoriak tutorearen adostasuna izan beharko du, eta hark balorazio bat gehituko du beka emateko baldintzen eta aurreikusitako helburuen betetze-mailari buruz.

13. Onuradunaren betebeharrak.

Bekaren onuradunak apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren 19. artikuluan adierazitako betebehar orokorrak bete beharko ditu, foru dekretu horren bidez ezarri baitzen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra. Besteak beste, betebehar hauek izanen ditu:

a) Bekaren xedeko prestakuntza jarduera betetzea.

b) Organo emaileari justifikatzea betebeharrak eta baldintzak betetzen dituela eta, orobat, beka jasotzeko arrazoi izan den jarduera egin duela eta helburua bete dela.

c) Eskumena duten organoek eman den bekaren gainean egiten ahal dituzten egiaztapen lan guztiak onartzea.

d) Xede berarekin eskatu edo jaso dituen bestelako beka edo dirulaguntzen berri ematea beka eman duen organoari.

e) Nafarroako Ogasun Publikoarekiko zerga arloko betebeharrak egunean dituela egiaztatzea. Dena dela, eskabide-orrian hala adieraziz, baimena ematen ahalko dio Nafarroako Gazteriaren Institutuari jarduerak hasten direnean bere zerga betebeharrak egunean dituela egiaztatzeko behar diren datuak kontsulta ditzan.

Horrekin batera, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du, adierazteko ez duela kobratzen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren beste departamentu batetik edo beste administrazio edo entitate publiko edo pribatu batetik helburu bera duen beste edozein laguntza publiko bateraezin.

f) Bere gain hartzea Gizarte Segurantzaren araubidean sartzeagatik dagozkion betebeharrak.

g) Emandako bekari berariaz uko eginez gero, jarduerak utzi baino hamabost egun natural lehenago gutxienez jakinaraztea organo eskudunari.

h) Bekadun gisa aritu dela adieraztea bekaren zuzeneko ondorio diren jarduera eta argitalpen guztietan.

i) Sekretua eta konfidentzialtasuna gordetzea prestakuntza jarduera gauzatu bitartean jakiten duen isilpeko informazio tekniko edo administratiboaren gainean.

j) Zein erakundetan jarduten duen, bertako barne- edo funtzionamendu-araudia betetzea.

14. Prestakuntza jardueraren hasiera eta ukoak.

Onuradunak beka emateko ebazpenean adierazten den egunean hasi beharko du jarduera. Horrela egiten ez badu, bekari behin betiko uko egiten diola ulertuko da, non eta organo eskudunak ezinbesteko arrazoiak edo behar bezala justifikatutako beste edozein gorabehera ikusten ez dituen.

Bekari uko eginez gero, Nafarroako Gazteriaren Institutuari horren berri eman beharko zaio, jarduera utzi eta gutxienez hamabost egun natural lehenago.

Emandako bekari edozein arrazoirengatik uko eginez gero, zilegi izanen da utzitako beka instrukzio organoak ezarritako zerrendan hurrengoa denari ematea, deusetan galarazi gabe onuradunak uko egin arte zituen betebeharrak.

15. Prestakuntza jarduera egitea.

Bekaren xede diren jarduerak Nafarroako Gazteriaren Institutuaren instalazioetan eginen dira, astean gehienez ere 30 orduz.

Bekaldiaren hilabete bakoitzeko 2,5 egun naturaleko atsedenaldia emanen zaio bekadunari.

16. Jabetza intelektuala.

Bekadunak jabetza intelektualaren gainean dituen eskubideak, bekaldian egindako jardueraren ondorioz eskuratzen dituenak, eskubide horiek erregulatzen dituzten Estatuko arauetan ezarritakoari jarraikiz arautuko dira. Horri dagokionez, Administrazio Publikoak ez dio uko egiten agirien, azterlanen, ikerlanen, lanen, eskubideen, emaitza zientifikoen eta izan litezkeen asmakuntzen gainean legokiokeen jabetzari.

17. Ez-betetzeak.

Bekadunak esleitzen zaizkion betebehar eta eginkizunak betetzen ez baditu, haiek egitean ardurarik jartzen ez badu, errendimendu eta aprobetxamendu eskasa badu edo lanak kalitate gabekoak badira, azken memoria aurkezten ez badu, edo tutorearen oniritzia lortzen ez badu, edo beka emateko aintzat hartu ziren baldintzak aldatuz gero, eta, batez ere, bateraezinak diren bekak edo dirulaguntzak lortuz gero, beka itzuli beharko du, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarri bezala.

18. Errekurtsoak.

Oinarri hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F2508963