Iragarkia
146. ALDIZKARIA - 2025eko uztailaren 22a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK
ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2025eko maiatzaren 28an hartua, Miguel Servet Fundazioaren estatutuen aldaketa onesten duena.
Irailaren 26ko 211/1986 Foru Dekretuaren bidez (123. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urriaren 6koa), Miguel Servet Fundazio pribatua sortzea onetsi zen, Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren Konpilazioari buruzko 42. Legearen babesean. Hori dela eta, 1987ko urtarrilaren 13an, behar zen eskritura publikoa aurkeztu zen Daniel Pacheco Marroquín Iruñeko notarioaren aurrean, Nafarroako Gobernuak 1986ko abenduaren 11ko bilkuran onetsi zituen Fundazioaren estatutuekin batera.
Nafarroako Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 91. artikuluak ezartzen du Miguel Servet Fundazioa Foru Komunitateko osasun administrazioari sostengu zientifikoa eta teknikoa emanen dizkion erakunde gisa arituko dela, bai osasun arloko ikerketa sustatzeko jardueretan, bai irakaskuntzari lotutakoetan.
Nafarroako Gobernuak 2006ko maiatzaren 2an hartutako Erabakiaren bidez, estatutuak aldatzeaz gainera, Miguel Servet Fundazioari fundazio publikoaren izaera eman zitzaion.
Fundazioaren estatutuei zenbait aldaketa egin zaizkie azken urteetan, eta azken aldaketa egin ondotik Nafarroako Gobernuak 2019ko ekainaren 5eko bilkuran hartutako Erabakiaren bidez onetsitakoak dira gaur egun indarra duten estatutuak.
Fundazioaren Patronatuak, 2024ko abenduaren 18an izandako ohiko bilkuran, Miguel Servet Fundazioaren estatutuak aldatzea erabaki zuen, Nafarroako Fundazioei buruzko ekainaren 30eko 13/2021 Foru Legera egokitzeko asmoz, espedientean sartu den egiaztagiriaren bidez frogatzen denez.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Osasuneko kontseilariak proposaturik,
ERABAKITZEN DU:
1. Miguel Servet Fundazioaren estatutuen aldaketa onestea. Erabaki honen eranskinean jaso den moduan idatzi da testua.
2. Osasuneko kontseilariari ahalmena ematea erabaki hau eskritura publikoan jasotzeko eta Fundazioen Erregistroan inskribatzeko beharrezkoak diren agiri publiko zein pribatuak sina ditzan.
3. Erabaki hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara ematea, behin eskritura publikoa egin ondotik, orok jakin dezan.
4. Erabaki hau eta eranskina Gobernu Irekiaren Atarian argitara ematea.
5. Erabaki hau Miguel Servet Fundazioari jakinaraztea eta Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira eta Ekonomia eta Ogasun Departamentura igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2025eko maiatzaren 28an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Félix Taberna Monzón.
MIGUEL SERVET FUNDAZIOAREN ESTATUTUAK
I. TITULUA.–Xedapen orokorrak.
1. artikulua. Izena.
2. artikulua. Jarduketa eremua eta helbidea.
3. artikulua. Iraupena.
4. artikulua. Izaera juridikoa.
5. artikulua. Araubidea.
6. artikulua. Fundazioaren xedeak.
7. artikulua. Fundazioaren jarduera nagusiak.
8. artikulua. Jarduteko askatasuna.
9. artikulua. Jardueren publizitatea.
10. artikulua. Onuradunak.
II. TITULUA.–Miguel Servet Fundazioaren organoak.
11. artikulua. Fundazioaren organoak.
12. artikulua. Patronatuaren osaera eta izendapena.
13. artikulua. Patronatuko karguak.
14. artikulua. Patronatuaren funtzionamendua.
15. artikulua. Patronatuaren eginkizunak.
16. artikulua. Lehendakariaren eskumenak.
17. artikulua. Lehendakariordearen eskumenak.
18. artikulua. Idazkariaren eskumenak.
19. artikulua. Patronatuko Batzorde Iraunkorra.
20. artikulua. Fundazioaren Zuzendaritza.
21. artikulua. Fundazioko zuzendariaren araubidea.
22. artikulua. Zuzendari kudeatzailea.
III. TITULUA.–Ondarea, langileak eta araubide ekonomikoa.
23. artikulua. Ondarea.
24. artikulua. Baliabide ekonomikoak.
25. artikulua. Jabetza intelektual eta industriala ustiatzeko eskubideak.
26. artikulua. Errentak Fundazioaren helburuetarako erabiltzeko arau orokorrak.
27. artikulua. Ekonomia eta kontabilitate arloko betebeharrak.
28. artikulua. Fundazioaren kontrol ekonomiko-finantzarioa.
29. artikulua. Langileen araubidea.
30. artikulua. Enpresak sortzea eta kapital-partaidetzak eskuratzea bultzatzea.
IV. TITULUA.–Miguel Servet Fundazioaren estatutuak aldatzea, bat egitea eta azkentzea.
31. artikulua. Estatutuak aldatzea.
32. artikulua. Bat egitea.
33. artikulua. Azkentzea.
34. artikulua. Likidazioa.
V. TITULUA.–Miguel Servet Fundazioaren laguntzaileen araubide juridikoa.
35. artikulua. Atxikitako laguntzaileak.
MIGUEL SERVET FUNDAZIOAREN ESTATUTUAK
I. TITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua. Izena.
1. Miguel Servet Fundazioa Foru Berriaren babesean eratu zen, Nafarroako Gobernuaren borondatez, irailaren 26ko 211/1986 Foru Dekretuan adierazia eta Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legean instituzionalizatua, eta haren babespean.
2. Miguel Servet Fundazioa Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari sostengu zientifiko eta teknikoa emateko erakunde gisa eratzen da, osasun arloko ikerketa eta berrikuntza sustatu, bultzatu eta garatzeko, ezagutza sortu eta hedatzeko eta prestakuntza jardueretan laguntzeko.
2. artikulua. Jarduketa eremua eta helbidea.
1. Fundazioak batez ere Nafarroako Foru Komunitateko lurralde esparruan eginen ditu bere jarduerak, baina jarduerak egiten ahalko ditu, orobat, Espainia osoan, eta baita nazioartean egitekoak direnak ere.
2. Fundazioak Nafarroako foraltasuna du, Nafarroako Foru Berrian xedatutakoaren arabera.
3. Iruñean du egoitza, Navarrabiomed izeneko Ikerketa Biomedikoko Zentroan (Irunlarrea kalea 3, 31008 posta kodea). Patronatuak beste nonbait eramaten ahalko du Fundazioaren egoitza, estatutuetan behar den aldaketa eginik horretarako.
3. artikulua. Iraupena.
Fundazioa epe mugarik gabe eratzen da, estatutu hauetako 32. eta 33. artikuluetan xedatutakoa eragotzi gabe.
4. artikulua. Izaera juridikoa.
1. Fundazioa interes sozialeko eta inolako irabazi-asmorik gabeko fundazio gisa eratu zen. Nafarroako Gobernuaren 2006ko maiatzaren 2ko Erabakiaren bidez, fundazio publikoaren izaera du eta Nafarroako Foru Komunitateko sektore publikoaren barruan dago, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru Sektore Publiko Instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean xedatutakoaren arabera.
2. Eratu den fundazioak berezko nortasun juridikoa du eta jarduteko gaitasun osoa, Nafarroako Foru Berriaren 42. Legeak agintzen duenaren arabera; zilegi du, beraz, bere sorrerako helburua betetzeko behar diren egintza guztiak egitea, horretarako muga bakarrak direla aplikatzen ahal diren lege xedapenek ezarritakoak eta estatutu hauetan jasotakoak.
Zehazki, honako hauek egiten ahal ditu, besteak beste: era guztietako ondasunak eskuratu, eduki, kontserbatu, administratu, trukatu eta, oro har, askatasunez erabili, eraldatu eta bihurtu; era guztietako egintzak eta kontratuak egin eta kudeatu; ondasunak eta eskubideak negoziatu, bai eta egokiak diren prozedurak sustatu, jarraitu, aurkaratu eta bertan behera utzi ere; eta legearen arabera aurkezten ahal diren edozein eratako ezohiko ekintzak eta errekurtsoak aurkeztu auzitegi, organismo, korporazio, agintari eskudun eta entitateen aurrean, dela zuzenbide publikokoen dela pribatukoen aurrean, eta, oro har, estatutuetan ezarritako helburuak lortzeko beharrezkoak diren egintza guztiak gauzatzen ahalko ditu, kasu bakoitzean legedi aplikagarriarekin bat etorriz gero.
5. artikulua Araubidea.
1. Fundazioa arautuko dute estatutu hauek, Nafarroako Foru Berriak, Nafarroako Fundazioei buruzko ekainaren 30eko 13/2021 Foru Legeak eta hura garatzeko araudiak, eta Osasunari buruzko Foru Legeak, hargatik eragotzi gabe fundazio publikoei kontratazio arloan eta aurrekontuaren, kontabilitatearen eta finantza kontrolaren arloan aplikatu beharreko administrazio araudian ezarritako espezialitateak.
2. Fundazioak, bere xedeak betetzeko, hitzarmenak izenpetzen ahalko ditu Osasunari buruzko Foru Legeak agindutako eginkizunak betetzen laguntzen ahal duten organismo eta entitate publiko nahiz pribatuekin.
3. Fundazioa ikerketarako erakunde bat da, Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko ekainaren 1eko 14/2011 Legean eta Zientzia eta Teknologiari buruzko ekainaren 27ko 15/2018 Foru Legean ezarritako ondorioetarako.
4. Fundazioak erabaki du maiatzaren 24ko 2/2023 Legegintzako Foru Dekretuan araututako zerga-araubide berezia aplikatzea, eta hari lotua geldituko da hura aplikatzeko baldintzak betetzen dituen bitartean edo araubideari uko egiten diola jakinarazten ez duen bitartean.
6. artikulua Fundazioaren xedeak.
Honako hauek dira Fundazioaren helburuak, aplikatzekoa den ordenamendu juridikoarekin bat etorriz, eta aginte publikoa erabiltzea dakarten ahalmenak ez diren bitartean:
a) Laguntzea ikerketa eta berrikuntza sustatzen Nafarroako Foru Komunitatean, garapenerako motorra den aldetik, herritarren osasun babesa etengabe hobetzea helburu.
b) Osasun Departamentuari aholku ematea osasun arloko ikerketari eta berrikuntzari lotutako gaietan, hala eskatzen zaionean, eta ikerketa-tratamendua behar duten osasun arazoak detektatzeko prozesuan parte hartzea, lehentasunezko garapen ildoak proposatuz.
c) Nafarroako osasun sistema publikoaren ikerketa eta berrikuntza ildoak zehazteko prozesuan laguntzea eta ildo horiek garatzea, Osasun Departamentuak ezarri dituen eta bere Ikerketa Planean bildu diren osasun arloko lehentasunen arabera.
d) Biomedikuntzaren eta Osasun Zientzien arloan, ikerketa zientifikoko programak prestatu eta garatzeko lana koordinatzea, ikerketa talde eta ildo egonkorrak sortzea eta mantentzea ahalbidetuz, baita ikertzaile berriak sartzea ere.
e) Nafarroako Osasun Administrazioko osasun arloko profesionalek egiten duten ikerketari sostengu ematea, proiektuen kudeaketan, metodologian eta informazio zientifikoa bilatu eta analizatzeko lanetan aholku ematea, baliabide propioak edo kanpokoak erabiliz, eta aukera ematea langile horiek ikerketarako etengabeko prestakuntza jaso dezaten.
f) Osasun zientzien arloan lankidetza, komunikazioa eta kooperazioa bultzatzea, hala ikerketa taldeen artean, nola Fundazioaren eta beste erakunde publiko zein pribatu batzuen artean, Nafarroako Osasun Administrazioko ikertzaileek parte hartzen duten proiektu, ikerketa talde, sare edo antzekoen finantzaketa, garapena eta kudeaketa integrala errazteko asmoz.
g) Baliabideak, zuzkidura kliniko-esperimentalak, plataforma teknologikoak, Navarrabiomed Ikerketa Biomedikoko Zentroko Ikerketarako Biobankoa eta Osasun Departamentuak osasun sistema publikotik esleitzen ahal dien beste edozein jarduera, azpiegitura edo ikerketa- eta berrikuntza-baliabide sustatu, gidatu eta kudeatzea, modu hoberenean eta eraginkorrean.
h) Beste erakunde batzuekin elkarlanean aritzea, osasun arloko ikerketa eta berrikuntzarekin lotura duten prestakuntza programetan.
i) Nafarroan osasun arloko ikerketan aritzen diren erakundeetako gobernu eta kudeaketa organoetan parte hartzea.
j) Ikerketatik eta berrikuntzatik eratorritako emaitzak babestea eta gizartera eta osasun ingurunera transferitzea, baita horietatik eratorritako eskubideak eta sortutako ezagutza ere, Osasun Departamentuko Berrikuntza Atalari / MSFri laguntza emanez.
k) Osasun Departamentuaren osasun arloko berrikuntza irekia kudeatzen parte hartzea, berrikuntzaren arloko kide anitzeko organoak eta berrikuntza jarduerekin lotutako bestelakoak koordinatzea eta, orobat, berrikuntzaren arloko ekimen europarretan eta osasunaren klusterraren zein osasun arloko beste elkarte batzuen ekimenetan parte hartzea eta haiek hedatzea.
l) Irakaskuntza eta prestakuntza jardueretan laguntzea, Osasun Departamentuak plangintzarako zehazten dituen irizpide eta helburuekin bat.
m) Osasun Departamentuarekin batera lan egitea bere eskumeneko jardueretan, erabakitzen denaren arabera.
7. artikulua Fundazioaren jarduera nagusiak.
1. Fundazioak, bere helburuak hobeki betetzeko, helburu horiek betetzera bideratutako jarduera hauek eginen ditu nagusiki, ordenamendu juridikoa zorrotz betez eta, betiere, aginte publikoa erabiltzea eskatzen duten jarduerak ez badira:
a) Nafarroako osasun sistema publikoan biomedikuntzako, osasuneko, osasungintzako eta bioteknologiako arloetan bikaintasuneko ikerketa, berrikuntza eta transferentzia teknologikoko proiektuen garapena sustatu eta horietan aholku eman, funtsezko elementuak baitira aurrera egin dezaten eta arretaren kalitatea hobetu dadin.
b) Ikertzaileek eskualdeko, Estatuko eta nazioarteko ikerketa finantzatzeko erakundeetatik datozen baliabideak erakartzea sustatu, baita enpresetatik eta mezenasengandik datozenak ere, Fundazioaren xedea betetzeko.
c) Ikerketa eta berrikuntzako proiektuak eta unitateak diseinatu, garatu eta kudeatu, eta baliabide materialak bideratu. Horretarako, osasunaren, osasungintzaren eta bioteknologiaren arloko ikerketa- eta berrikuntza-proiektuen kudeaketa esleitzen zaionean, profesionalak hautatzeko eta proiektu horiei ematen zaizkien ondasunak edo ekipamenduak kontratatzeko edo eskuratzeko prozedurei administrazio-laguntza emanen zaie.
d) Navarrabiomed Ikerketa Biomedikoko Zentroaren nahiz Osasun Departamentuak agindu diezaiokeen beste edozein azpiegituraren ikerketa- eta berrikuntza-zerbitzuak eta -plataformak garatu eta kudeatu, ikerketa-atal ugarik elkarrekin erabili ahal izan ditzaten, eta, horretarako, behar den ekipamendua eskuratu, bai eta ikertzaileak eta/edo teknikariak kontratatu ere, egoki funtziona dezan.
e) Osasunbidea – Nafarroako Osasun Zerbitzuko, Osasun Departamentuko eta Nafarroako Gobernuko informazio-sistemekin lankidetzan aritu, bigarren mailako erabilerarako osasun datuak ustiatzeko plataformak garatzeko.
f) Fundazioaren ikerketa-atalek ikerketa kooperatiboko egitura egonkorretan parte har dezaten sustatu, bai eta eskualdeko, Estatuko eta nazioarteko sektore pribatuarekiko lankidetza-harremana sustatu ere.
g) Osasunaren eta osasungintzaren arloan bikaintasuneko eta berrikuntzako I+G+B kultura sustatu, eta, horretarako, eskualdean, Estatuan eta nazioartean ildo eta interes berak dituzten profesional ikertzaileen artean harremanak eta lankidetzak erraztu, bai eta, ahal denean, diziplina anitzeko ikuspegia duten proiektuak garatzen saiatu ere.
h) Ikerketa-lanen emaitzak zabaltzen lagundu, osasun arloko profesionalek lortutako emaitzen eta aurrerapenen berri emateko, baina oro har jendeak erraz ulertzeko moduan.
i) Ikerketa eta berrikuntzatik eratorritako emaitzek berekin dakartzaten jabetza immaterialen eskubideak babestu, baita horien eskaera, kudeaketa eta transferentzia egin ere, Osasun Departamentuko Berrikuntza Atalari / MSFri laguntza emanez.
j) Osasun zentro publikoetan berrikuntza-ekosistema bat garatzen lagundu, bertako diziplina anitzeko egitura eta profesionalen parte hartzea izanda, eta Osasun Departamentuko Berrikuntza Atalaren / MSFren laguntzaz. Profesionalentzako prestakuntza-ibilbideak garatuko dira, gai izan daitezen erronkak/beharrak hautemateko, ideiak emateko eta berrikuntza-proiektuak garatzeko.
k) Osasun arloan eskumena duen departamentuaren barruan sortutako spin-offen garapena sustatzea eta babestea, eskualdeko osasun sistemaren bikaintasuna eta kalitatea sustatzeko eta hobetzeko, eta, oro har, gizartearena ere bai.
l) Osasun Departamentuko zentroek berrikuntzarekin lotutako erosketa publikorako prozedurak abian jar ditzaten sustatu eta horretan lagundu, proiektua prestatzeko lanetan edozein ekintza babestuz (beharrak definitzea, eskari goiztiarreko mapak definitzea, aldez aurretik merkatuan kontsultak egitea...), bai eta lizitazioan eta exekuzioan ere, behar izanez gero.
m) Esparru biosanitarioan I+G+Bra bideratutako baliabideen kudeaketa aktiboa, efizientea eta arrazionala garatu, eskualdeko garapen ekonomikoaren lehentasunezko faktoretzat hartuta.
n) Ikerketari eta gaitasun zientifiko-teknikoei buruzko prestakuntza programak garatu eta bultzatu, arreta berezia jarrita ikertzaile gazteen prestakuntza zientifikoan eta I+G+Bren metodologiari buruzko prestakuntzan.
Zerrenda horretako jarduerez gain beste batzuk ere egiten ahal dira, eta ez du esan nahi jarduera guztiei erantzun behar zaienik, ezta agertutako ordenak lehentasuna adierazten duenik ere. Fundazioaren helburuak lortzeko, Patronatuak egoki iritzitako beste jarduera batzuk egitea erabakitzen ahalko du une oro.
2. Fundazioak enpresa-jarduerak egiten ahalko ditu, jarduera horien helburuak Fundazioaren helburuekin lotuta badaude edo aurrekoen osagarriak edo gehigarriak badira.
3. Era berean, zeinahi jarduera ekonomikotan parte hartzen ahalko du, sozietateetan parte hartuz, indarreko araudian aurreikusitakoaren arabera, eta ez du inolako partaidetzarik izaten ahalko sozietate-zorren erantzukizun pertsonala duten merkataritza-sozietateetan.
8. artikulua Jarduteko askatasuna.
Patronatuak erabateko askatasuna izanen du Fundazioaren jarduerak zehazteko, bere iritziz eta xedeak betetzearren, une bakoitzean egokienak edo komenigarrienak diren helburu zehatzak lortzera jotzen dutenak.
9. artikulua Jardueren publizitatea.
Fundazioak behar adina informazio emanen du bere helburu eta jarduerei buruz, balizko onuradunek eta gainerako interesdunek horien berri izan dezaten.
10. artikulua Onuradunak.
1. Fundazioaren jardueren onuradun nagusia osasun arloko komunitate zientifiko, ikertzaile eta berritzaile publikoa izanen da. Hala ere, oro har, onuradun izanen da herritarren kolektibo zehaztugabea ere, osasun arloko profesional ikertzaileek beren ekintzaren bidez lortzen dituzten aurrerapen zientifiko eta teknologikoen ondorioak jasoko baititu osasunean.
Hala, onuradun izaten ahal dira Nafarroako osasun sistema publikoko osasun zentroak eta zentro horietako profesionalak, bai eta entitate eta enpresak ere, baldin eta haien xedeak bat badatoz Fundazioaren jarduera esparru nagusiarekin.
2. Fundazioaren zerbitzuen onuradun izaten ahal dira, orobat, hitzarmen bidez Fundazioari lotuta dauden erakundeetako profesionalak, baldin eta Fundazioak kudeatzen dituen ikerketa-, garapen- eta berrikuntza-proiektuetan parte hartzen badute, hitzarmen horietan ezarritako baldintzen arabera.
3. Inork ez du alegatzen ahalko, ez bakarka ez taldeka, Fundazioan edo Patronatuan, onura horiek eman aurretik baliatzeko eskubiderik, ezta ezartzen ahalko ere onura horiek pertsona edo kolektibo jakin batzuei esleitu beharra.
4. Inolaz ere ez dira onuradun izaten ahalko banaka zehaztutako pertsonak.
5. Fundazioak onuradunei eskaintzen dizkien zerbitzuak ordaintzekoak izaten ahalko dira, betiere, eskuratutako zenbatekoa Fundazioaren helburuetara bideratzen bada, eta horrek ez badu eragiten onuradun posibleen esparrua arrazoirik gabe mugatzea.
II. TITULUA.–MIGUEL SERVET FUNDAZIOAREN ORGANOAK
11. artikulua Fundazioaren organoak.
1. Honako hauek dira gobernu organoak:
a) Patronatua.
b) Patronatuko Batzorde Iraunkorra.
2. Honako hauek dira zuzendaritza organoak:
a) Zuzendaritza.
b) Kudeaketako Zuzendaritza.
3. Zuzendaritza organoetako titularrak eta kideak eta Patronatuko kideak izendatzeko orduan, ahaleginak eginen dira emakumeen eta gizonen kopurua orekatua izan dadin, ahal den neurrian.
12. artikulua Patronatuaren osaera eta izendapena.
1. Fundazioaren gobernua, administrazioa eta ordezkaritza estatutu hauetan xedatutakoaren arabera izendatutako Patronatuaren esku uzten dira.
2. Patronatuko kargu guztiak konfiantzazkoak eta ohorezkoak dira, eskuordetzen ahal dira, eta horietan aritzeagatik ez dute ordainsaririk jasoko.
3. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak une bakoitzean Administrazioko karguak izendatuz hartuko du parte, eta kargu horien titularrak patronatukideak izanen dira.
4. Patronatukideek beren eginkizunak betetzen jarraituko dute Administrazioan kargu hori betetzen duten bitartean.
5. Kide hauek osatuko dute Patronatua:
a) Lehendakaria: Nafarroako Gobernuaren barruan osasunaren arloko eskumena duen departamentuko kontseilaria.
b) Lehendakariordea: Osasun Zuzendaritza Nagusiaren titularra.
c) Kideak:
1) Osasunbidea – Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea.
2) Osasunbidea – Nafarroako Osasun Zerbitzuko Oinarrizko Osasun Laguntzako kudeatzailea.
3) Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko zuzendari kudeatzailea.
4) Nafarroako Ospitale Unibertsitarioaren titularra.
5) Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketako errektoreordea.
6) S4 Proiektu Estrategikoen eta Ekintzailetzaren arloko eskumena duen departamentuaren ordezkari bat, departamentu horren titularrak izendatua.
7) Politika ekonomikoaren arloko eskumena duen departamentuaren ordezkari bat, departamentu horren titularrak izendatua.
8) I+G+B arloko eskumena duen departamentuaren ordezkari bat, departamentu horren titularrak izendatua.
9) Osasun arloko eskumena duen departamentuan ikerketaren, berrikuntzaren eta prestakuntzaren arloko eskumena duen zerbitzuko titularra.
6. Miguel Servet Fundazioko zuzendaria eta zuzendari kudeatzailea Patronatuaren bileretara joanen dira eta hizpidea izanen dute, baina botorik ez. Zuzendariak bere gain hartuko ditu Patronatuko idazkari lanak.
7. Patronatua osatzen ahalko dute jarduteko gaitasun osoa duten eta kargu publikoak betetzeko desgaituta ez dauden eta bateraezintasun-kausaren batean sartuta ez dauden pertsona fisikoek.
8. Pertsona fisikoak bete behar duen patronatukide-funtzioa pertsonalki bete beharko da. Dena den, haren izenean eta ordezkari gisa jarduten ahalko du hark izendatutako beste patronatukide batek. Ordezkaritza hori ekintza zehatzetarako baliatzen ahalko da, hala dagokionean, ordezkatutako patronatukideak idatziz ematen dituen jarraibideekin bat.
9. Lehendakariak Patronatuaren bilkuretara joateko gonbita egiten ahalko die egoki iritzitako teknikariei, erakunde publiko edo pribatuetako ordezkariei edo ospe handiko pertsonei, baldin eta jorratu beharreko alderdi espezifikoei buruz Patronatuari aholku ematen ahal badiote eta horien iritzi kualifikatua garrantzitsua izaten ahal bada. Aditu horiek, bilkuretan, hizpidea izanen dute baina ez botorik, eta haien iritzia gai-zerrendako zein punturen gainean nahi den, horretara mugatuko dute beren parte-hartzea.
10. Beren kargurako izendatzen diren Patronatuko kideek kargua utziko dute, izendatuak izateko kontuan hartu zitzaien izaera edo nolakotasuna galtzen dutenean.
13. artikulua Patronatuko karguak.
1. Patronatukideek ordezkari leial baten arduraz bete beharko dituzte beren eginkizunak.
2. Bateraezina da patronatukidearen funtzioa eta entitateari ordainpeko edonolako zerbitzu ematea.
3. Patronatukideek deituak diren bileretara joan beharko dute, eta indarrean dauden legezko xedapenetan eta estatutu hauetan ezarritakoa beteko dute beren jardueretan.
4. Patronatukideek independentziaz erabiliko dituzte beren ahalmenak, oztopo edo mugarik gabe, eta haien ebazpen edo akordioetan ez zaie inolako baldintzarik ezartzen ahalko, estatutu hauetan edota indarrean dauden arauetan berariaz jasota daudenez harago.
5. Patronatukideak beren eginkizunak gauzatzen hasiko dira izendapena –eta kargua, kasua bada– berariaz onartu ondoren. Agiri publiko nahiz pribatu batean gauzatu beharko da onarpena edo ukoa, notarioak legeztatutako sinadurarekin. Patronatuaren aurrean ere egiten ahalko dira onarpena nahiz ukoa, eta idazkariak jaulkitako ziurtagiri baten bidez frogatuko dira, Fundazioen Erregistroan pertsonalki agertuz edo zuzenbidean balio duen edozein bitarteko erabiliz, horren berri modu fidagarrian ematen badu.
6. Fundazioko patronatukideek honako kasu hauetan utziko dute kargua:
a) Hilez gero edo heriotza-deklarazioa eginez gero.
b) Ezintasuna, desgaikuntza edo bateraezintasuna dagoenean, indarreko araudian ezarritakoaren arabera.
c) Patronatuko kide hautatzeko oinarria izan zen kargua uzten dutenean.
d) Eginkizunak behar den arduraz ez betetzeagatik, hala deklaratzen badu Patronatuak berak, entzunaldia eman ondoren, edo ebazpen judizial baten bidez.
e) Ebazpen judizial baten bidez. Hartan erantzukizun ekintza jaso beharko da indarreko araudian ezarritako moduan.
f) Uko egiteagatik; uko egitea onartzeko aurreikusitako moduan egiten ahalko da.
14. artikulua Patronatuaren funtzionamendua.
a) Patronatuak gutxienez bi bilera arrunt eginen ditu urtero, eta behar beste bilera berezi. Bilera arruntak lehendakariak zehazten dituen egunetan eginen dira, aurreko ekitaldiko kontuak aurkeztu eta onesteko eta ekitaldi berrirako aurrekontua prestatzeko, bai eta, oro har, Fundazioaren ohiko jardun arruntari buruzko gaiak eztabaidatzeko ere.
b) Bilera bereziak lehendakariaren ekimenez edo Patronatuko hiru kidek eskatuta eginen dira, lehendakariari aldez aurretik eskaera eginda, eta lehendakariak hurrengo hamabost egunen barruan egin beharko du bilerarako deia.
c) Idazkari-lanak egiten dituen pertsonak bilerarako ezarritako eguna baino berrogeita zortzi ordu lehenago, gutxienez, zabalduko du bilerarako deialdiaren berri, eta bertan bilera eguna eta ordua adierazi beharko ditu, bai eta bileran aztertu beharreko gaiak ere. Hala ere, Patronatua biltzen ahal da eta baliozko erabakiak hartzen ahal ditu, baldin eta, kide guztiak bilduta egonik, aho batez bilera egitea erabakitzen badute.
d) Bilerak aurrez aurre edo urrutitik egiten ahalko ditu Patronatuak, eta kideak toki desberdinetan egoten ahalko dira, betiere, bide elektronikoen bidez egiaztatzen ahal denean haien nortasuna, adierazpenen edukia eta noiz gertatzen diren.
e) Patronatuko lehendakaria izanen da bileretako buru, eta lehendakaria ez badago edo bertaratzea ezinezkoa badu, lehendakariordeak ordezkatuko du.
f) Patronatuaren eraketa baliozkoa izanen da, bilera egitearen eta erabakiak hartzearen ondorioetarako, Patronatuko lehendakaria eta idazkaria bileran direnean, bertaratuta nahiz urrutitik, edo estatutuen arabera haiek ordezten dituztenak, eta Patronatuko kideen erdiak gutxienez, kopuru horretan sartuta lehen aipatutako kideak.
g) Bertaratzen diren kideen gehiengo soilaren botoaz hartuko dira erabakiak. Berdinketarik egonez gero, lehendakari eginkizunak dituenaren kalitateko botoak erabakiko du.
Halere, patronatukideen bi herenen aldeko botoa beharko da gai hauei buruzko erabakiak onesteko:
a) Estatutuak aldatzea.
b) Fundazioaren bat-egitea.
c) Fundazioaren azkentzea.
d) Patronatukideen kargu-uztea.
e) Estatutuetan halakotzat ezartzen diren erabakiak.
h) Bileren emaitzen aktak eginen dira, eta Patronatuko lehendakariak eta idazkariak sinatuko dituzte.
15. artikulua Patronatuaren eginkizunak.
Patronatuari eginkizun hauek dagozkio:
a) Fundazioaren helburuak ezartzea, eta zaintzea ahalik eta ongien betetzen direla, Osasun Departamentuak Fundazioaren helburuei buruz ezarritako jarraibideak betez.
b) Estatutuen aldaketa sustatzea eta onestea, Fundazioaren helburuak hobeki betetzeko beharrezkoa edo komenigarria bada.
c) Langileak hautatzeko, kontratatzeko eta ordaintzeko irizpide orokorrak ezartzea, aplikatu beharreko ordenamendu juridikoaren arabera.
d) Fundazioaren Zuzendaritza izendatzea eta kargutik kentzea.
e) Fundazioaren Kudeaketako Zuzendaritzaren ordainsariak ezartzea.
f) Urteko aurrekontua eta inbertsioen plana onartzea.
g) Urteko balantzea, Fundazioaren jarduerei buruzko memoria eta urteko kontuak onartzea, bai eta aurrekontuaren likidazioa ere.
h) Jarduketa plan bat egitea eta Babesletzara bidaltzea ekitaldi bakoitzeko azken hiruhilekoan, eta bertan jasotzea hurrengo ekitaldirako helburuak eta aurreikusitako jarduerak.
i) Zuzendaritzaren kudeaketa onestea edo gaitzestea, eta, hala badagokio, erantzukizunak eskatzea.
j) Estatuko eta nazioarteko erakunde eta organismoekin akordioak eta hitzarmenak izenpetzea baimentzea, Fundazioaren helburuekin zuzenean lotutako gai edo jarduerei buruzkoak, baldin eta horien eduki ekonomikoa 200.000 eurotik gorakoa bada. Hortik kanpo geratuko dira eskualdeko, Estatuko eta Europako lehia-deialdietan emandako ikerketa-proiektuen partzuergo-akordioak.
k) Estatuko eta nazioarteko erakunde eta organismoekin dauden akordio eta hitzarmen guztiak ezagutzea, Fundazioaren helburuekin zuzenean lotutako gai edo jarduerei buruzkoak, baldin eta horien eduki ekonomikoa 15.000 euro eta 200.000 euro artekoa bada, edota eskualdeko, Estatuko eta Europako lehia-deialdietan emandako ikerketa-proiektuei buruzko akordioak.
l) Fundazioaren ondasun eta eskubide guztiak erabili, administratu, kontserbatu, zaindu eta defendatzeko eginkizun guztiak betetzea oro har, epaiketetan zein horietatik kanpo.
m) Fundazioak merkataritza-sozietateetan, partzuergoetan eta beste erakunde juridiko batzuetan parte har dezala onestea, horien xedea Fundazioaren xedearen antzekoa bada.
n) Estatutu hauetan Fundazioaren beste organo batzuei berariaz esleitzen ez zaien eta Fundazioaren helburuak hobeki gauzatzeko eta betetzeko beharrezkoa den beste zeinahi eginkizun.
16. artikulua Lehendakariaren eskumenak.
1. Lehendakariari, besteak beste, eginkizun hauek dagozkio:
a) Erakundearen ordezkari gorena izatea.
b) Fundazioaren interesak defendatzeko era guztietako ekintzak eta salbuespenak baliatzea.
c) Patronatuaren bileretarako deia egitea, gai-zerrenda erabakitzea, bileraren buru izatea, eta bilera zuzentzea, bertan behera uztea eta akitzea, horietan Patronatuaren eztabaidak arbitratzea eta berdinketetan bere kalitateko botoarekin erabakitzea.
d) Premiazkoa denean, beharrezkoak diren behin-behineko erabakiak hartzea, eta Fundazioaren Patronatuari horien berri ematea, egiten den lehenengo bileran berrets ditzan.
e) Fundazioaren Kudeaketako Zuzendaritza izendatzea eta kargutik kentzea.
2. Lehendakaria ez badago edo gaixorik badago, lehendakariordeak beteko ditu lehendakari-eginkizunak eta, hori ere ez badago, Patronatuko kiderik zaharrenak.
17. artikulua Lehendakariordearen eskumenak.
Lehendakariordeak lehendakariaren eskumenak beteko ditu, lehendakaria ordezten duenean, haren kargua hutsik badago, bertan ez badago, gaixorik badago, bateraezintasuna badu edo ezinezkoa bazaio.
Lehendakariordea ez badago edo gaixorik badago, lehendakariak horretarako izendatzen duen kideak beteko ditu beraren eginkizunak.
18. artikulua Idazkariaren eskumenak.
1. Idazkariak eginkizun hauek izanen ditu:
a) Patronatuaren bileretarako deien berri ematea, lehendakariak aginduta, eta bertako kideentzako zitazioak egitea.
b) Bileretara joatea eta aktak egitea.
c) Fundazioaren dokumentazio guztia zaintzea.
d) Ziurtagiriak ematea, lehendakariak edo haren ordezkoak ontzat emanik, eta behar diren txostenak egitea.
e) Diruzaintzako eginkizunak bere gain hartzea Patronatuan diruzain kargurik ez badago.
f) Araudiaren edo estatutuen bidez idazkari gisa esleitzen zaion beste zeinahi ahalmen, eta berariaz eskuordetzen zaizkionak.
2. Idazkaria ez badago edo gaixorik badago, Patronatuko kiderik gazteenak beteko ditu idazkari-eginkizunak.
19. artikulua Patronatuko Batzorde Iraunkorra.
1. Patronatuak ahalmena du eginkizun batzuk Batzorde Iraunkor baten esku uzteko.
2. Kide hauek izanen ditu:
–Osasuneko zuzendari nagusia; burua izanen da.
–Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketako errektoreordea.
Osasun arloko eskumena duen departamentuan ikerketaren, berrikuntzaren eta prestakuntzaren arloko eskumena duen zerbitzuko burua.
–Patronatuko kide bat, Osasunbidea – Nafarroako Osasun Zerbitzuko kide dena, erakunde autonomo horretako titularrak izendatua.
Gainera, Miguel Servet Fundazioko zuzendariak eta zuzendari kudeatzaileak parte hartuko dute, hizpidea izanik, baina ez botorik. Miguel Servet Fundazioko zuzendariak bere gain hartuko ditu Patronatuko Batzorde Iraunkorreko idazkari lanak.
3. Batzorde Iraunkorrak eginkizun hauek ditu:
a) Patronatuari aurrekontua, urteko balantzea, Fundazioaren jarduerei buruzko memoria eta Fundazioaren urteko kontuak proposatzea, formulatu eta onar ditzan.
b) Patronatuari, ekitaldi bakoitzeko azken hiruhilekoan, jarduketa-plana proposatzea; plan horretan hurrengo ekitaldirako helburuak eta aurreikusitako jarduerak zehaztuko dira.
c) Aurrekontuak behar bezala gauzatzen direla eta jardueren urteko plana gauzatzen dela zaintzea.
d) Estatuko eta nazioarteko erakunde eta organismoekin akordioak eta hitzarmenak izenpetzea baimentzea, Fundazioaren helburuekin zuzenean lotutako gai edo jarduerei buruzkoak, baldin eta horien eduki ekonomikoa 15.000 euro eta 200.000 euro artekoa bada. Hortik kanpo geratuko dira eskualdeko, Estatuko eta Europako lehia-deialdietan emandako ikerketa-proiektuen partzuergo-akordioak.
e) Estatuko eta nazioarteko erakunde eta organismoekin dauden akordio eta hitzarmen guztiak ezagutzea, Fundazioaren helburuekin zuzenean lotutako gai edo jarduerei buruzkoak, baldin eta horien eduki ekonomikoa 15.000 eurotik beherakoa bada. Hortik kanpo geratuko dira eskualdeko, Estatuko eta Europako lehia-deialdietan emandako ikerketa-proiektuen partzuergo-akordioak.
f) Inbertsioen urteko plana proposatzea.
g) Patronatuak eskuordetzen dizkion eginkizun guztiak.
4. Batzorde Iraunkorra aurrez aurre edo telematikoki bilduko da, bere idazkariak deituta, bere ekimenez edo kideetako batek eskatuta.
Ezinezkoa denean izan ezik, deialdia telematikoki bidaliko zaie Batzorde Iraunkorreko kideei, bi egun natural lehenago, eta gai-zerrenda eta eztabaidarako behar den dokumentazioa jasoko ditu. Bidaltzen denetik egonen da eskuragarri eta, nolanahi ere, bilera egin aurretik.
Batzorde Iraunkorrak bileren egutegi erregularra finkatu eta onartzen ahalko du.
Bileretan gutxienez bi kidek hartu beharko dute parte.
Erabakiak batzordekideen gehiengoz hartuko dira.
20. artikulua Fundazioaren Zuzendaritza.
1. Patronatuak Miguel Servet Fundazioaren Zuzendaritza bere gain hartuko duen pertsona izendatuko du, sei urterako. Kargualdia beste hiru urterako luzatzen ahalko da gehienez. Izendapena prozedura ireki baten bidez eginen da, prozedura ez baztertzailea eta gardena, non Zientziari eta Teknologiari buruzko ekainaren 27ko 15/2018 Foru Legearen 8. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko diren. Zuzendaria aukeratuko da Fundazioaren helburuekin lotutako gaietan ikerketa-ibilbide aitortua eta gaitasun ezaguna duten ikertzaileen artean.
2. Zuzendaritzak eginkizun hauek izanen ditu:
a) Edozein pertsona, agintari eta erakunderen aurrean Fundazioaren legezko ordezkaritza eta ordezkaritza arrunta betetzea, hargatik eragotzi gabe Fundazioko lehendakariari dagozkion ordezkaritzak.
b) Fundazioko Patronatuaren erabakiak gauzatzea eta betetzea.
c) Fundazioaren jarduera-plan eta -programen plangintza eta jarraipena egitea, Patronatuaren jarraibideak betez.
d) Jardueren urteko memoria Patronatuari aurkeztea.
e) Fundazioaren giza baliabide eta baliabide material guztien gaineko zuzendaritza-lanak eta horien jarraipena egitea.
f) Estatuko eta nazioarteko erakunde eta organismoekin akordioak eta hitzarmenak onartzea eta formalizatzea, Fundazioaren helburuekin zuzenean lotutako gai edo jarduerei buruzkoak, baldin eta horien eduki ekonomikoa 15.000 eurotik gorakoa ez bada, bai eta eskualdeko, Estatuko eta Europako lehia-deialdietan emandako ikerketa-proiektuen partzuergo-akordioak ere.
Zuzendariak onartu eta formalizatutako akordio eta hitzarmenen berri eman beharko dio Patronatuari, sinatu ondorengo lehen bilera arruntean.
g) Estatuko eta nazioarteko erakunde eta organismoekiko akordioak eta hitzarmenak, Fundazioaren helburuekin zuzenean lotutako gai edo jarduerei buruzkoak eta Patronatuak onartuak, formalizatzea.
h) Kontratazio organo gisa aritzea.
i) Bere sinaduraren bidez, Fundazioak bere gain hartutako betebeharren ordainketa egiteko eta funtsak erabiltzeko baimena ematea, hargatik eragotzi gabe zuzendari kudeatzaileari emandako eskumenak.
j) Fundazioaren Patronatuko idazkariaren berezko eginkizunak betetzea.
k) Patronatuari aholkularitza ematea.
l) Patronatuak berariaz agintzen dizkion beste guztiak.
m) Miguel Servet Fundazioaren Zuzendaritzak bere gain hartuko du Navarrabiomed Ikerketa Biomedikoko Zentroaren Zuzendaritza Zientifikoa.
21. artikulua Fundazioko zuzendariaren araubidea.
Fundazioko zuzendariaren ordainsaria urtero Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Legeak ezartzen duena izanen da. Izendatzen den pertsona funtzionarioa bada, zuzendari izendatzeagatik galduko dituen ordainsari pertsonalak jasoko ditu Fundaziotik.
22. artikulua Kudeaketako Zuzendaritza.
1. Kudeaketako Zuzendaritza Miguel Servet Fundazioaren organo gisa eratzen da, eta zuzendaritza kargutzat eta konfiantzazkotzat hartzen da, erakundearen zuzendaritza- eta kudeaketa-eginkizun nagusiak esleitzen baitzaizkio ekonomiaren eta administrazioaren arloetan.
2. Zuzendari kudeatzailea Miguel Servet Fundazioko lehendakariak izendatu eta kargugabetuko du, askatasun osoz. Kargu horri esleitutako eginkizunekin zerikusia duten gaietan gaitasun aitortua duten pertsonen artetik hautatuko da zuzendari kudeatzailea.
3. Miguel Servet Fundazioko zuzendari kudeatzailearen ordainsariak Patronatuak ezarritakoak izanen dira.
4. Hona hemen zuzendari kudeatzailearen funtzioak:
a) Fundazioak bere helburuak betetzeko behar dituen jarduera ekonomiko-administratiboak kudeatzea. Horrek hauxe eskatzen du:
a.1) Fundazioaren aurrekontuak diseinatu, egin eta gauzatzea.
a.2) Ikertzaileei aholkularitza eta laguntza emateko sistemak diseinatzea eta gainbegiratzea, haien proiektuei dagozkien administrazio-, ekonomia- eta kudeaketa-alderdietan.
a.3) Patronatuari aholku ematea alderdi ekonomiko, finantzario eta administratiboetan.
a.4) Erakunde laguntzaileei eta organo eskudunei txosten ekonomikoak aurkeztea, hala eskatzen dutenean.
a.5) Funts publiko zein pribatuen eragiketak gainbegiratzea eta, kasu batzuetan, gauzatzea.
a.6) Era guztietako banku eragiketak egitea pertsona, erakunde edo entitate publikoekin, banku entitateekin, eta pertsona fisiko nahiz juridiko pribatuekin.
b) Fundazioaren giza baliabideak kudeatzea, Fundazioaren Zuzendaritzak ezarritako jarraibideetan oinarrituta. Horretarako, prozesu hauetan parte hartu behar da:
b.1) Giza baliabideak erakartzea eta hautatzea.
b.2) Kontratazioa.
b.3) Harrera eta garapena.
b.4) Lan baldintzen negoziazioa.
b.5) Erakundetik ateratzea.
c) Fundazioari egin beharreko auditoretza tekniko eta ekonomikoak egiten laguntzea, prestatzea eta jarraipena egitea.
d) Zerbitzu orokorren kudeaketa eta koordinazioa, honako hauek barne:
d.1) Instalazioetarako laguntza- eta mantentze-zerbitzuak.
d.2) Ekipamenduen eta tresneriaren instalazioko, mantentze-lanetako eta segurtasuneko zerbitzuak.
e) Kudeaketako barne-prozesu guztietan etengabeko hobekuntza ziurtatzea.
f) Navarrabiomed Ikerketa Biomedikoko Zentroko Kudeaketako Zuzendaritza.
g) Kudeaketaren arloan beste erakunde batzuekin lankidetzan aritzeko formulak proposatzea.
III. TITULUA.–ONDAREA, LANGILEAK ETA ARAUBIDE EKONOMIKOA
23. artikulua Ondarea.
1. Honako hauek osatzen dute Fundazioaren ondarea:
a) Fundazioaren eraketa eskrituran jasotako hasierako zuzkidura.
b) Fundatzaileak eta, hala badagokio, babesleek borondatez ordaintzea onartzen duten ohiko eta ezohiko ekarpenak.
c) Fundazioak aurrerantzean Zuzenbidean onartutako bideetatik eskuratzen duen beste edozein ondasun edo eskubide, eta, bereziki, beste pertsona, organismo eta erakunde batzuek emandako legatu, dohaintza, ekarpen eta dirulaguntzak, baldin eta Patronatuak erabakitzen badu horiek onartzea Fundazioaren helburuak betetzeko. Legatuak eta jarauntsiak inbentario-onura gisa onartutzat joko dira.
2. Fundazioaren ondarea zaintzeko eta babesteko, honako arau hauek beteko dira:
a) Fundazioaren ondarea osatzen duten ondasun eta eskubideek Fundazioaren izenean egon behar dute, berorren inbentarioan jasota egon eta, kasua bada, dagozkien erregistroetan inskribatuta.
b) Ondasun higiezinak eta/edo eskubide errealak Fundazioaren izenean inskribatuko dira Jabetza Erregistroan. Inskribatzen ahal diren gainerako ondasunak dagozkien erregistroetan inskribatuko dira.
c) Eskudiruzko baloreak, jabetza tituluak, gordailuen frogagiriak, eta jabetza, edukitza, erabilera, gozamena edo Fundazioak duen beste edozein eskubide egiaztatzen duen beste edozein agiri, Fundazioaren interesei hobekien erantzuten dien banku erakundean gordeko dira.
24. artikulua Baliabide ekonomikoak.
Fundazioaren baliabide ekonomikoak iturri hauetatik etortzen ahal dira:
a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Gobernuak egindako hasierako zuzkidura.
b) Atxikitako laguntzaileen diru-sarrerak; estatutu hauetako V. tituluan deskribatzen dira laguntzaile horiek.
c) Fundazioaren ondarearen etekinak.
d) Beste erakunde batzuei, pertsona fisikoei edo juridikoei emandako zerbitzuen fakturaziotik lortutako diru-sarrerak.
e) Fundazioak pertsona fisiko edo juridikoekin egindako kontratu, itun eta hitzarmenetatik eratorritako diru-sarrerak.
f) Ikerketa proiektuen eta saiakuntza klinikoen kudeaketatik eratorritako diru-sarrerak.
g) Fundazioak profesional ikertzaileak prestatzeko egiten dituen irakaskuntza jardueretatik eratorritako diru-sarrerak.
h) Dirulaguntzetatik, laguntzetatik, dohaintzetatik, legatuetatik eta mezenasgo-akordioetatik datozen diru-sarrerak.
i) Indarrean dagoen legerian xedatutakoaren arabera Fundazioaren xedea betetzeko egokitzat jotzen diren ondare inbertsioak.
j) Aldi baterako finantza inbertsioen bere politikan oinarrituta egiten ahal dituen aldi baterako finantza inbertsioetatik eratorritako finantza sarrerak.
k) Nafarroako Gobernuaren Aurrekontu Orokorretan jasotzen diren zenbatekoen transferentziak.
l) Jabetza industrial eta intelektualaren eskubideak ustiatzearen ondoriozkoak.
m) Bere jardueraren lege esparruan lortzen ahal dituen gainerakoak.
25. artikulua Jabetza intelektual eta industriala ustiatzeko eskubideak.
Fundazioak jabetza intelektualaren eta industrialaren ustiapen-eskubideak izanen ditu erakundeak kontratatutako profesionalen obra zientifikoen, argitalpenen eta asmakizunen gainean, bai eta Miguel Servet Fundazioaren funtsekin soilik egin direnen gainean nahiz beste pertsona fisiko edo juridiko batzuekin batera egin direnen gainean ere, eskubide horien transmisiorako egile bakoitzarekin sinatzen diren hitzarmen edo kontratuen arabera, indarrean dagoen araudia betez. Egileei legez dagozkien eskubide moralei kalterik egin gabe.
26. artikulua Errentak Fundazioaren helburuetarako erabiltzeko arau orokorrak.
Fundazioaren ondarearen bidez sortutako errentak, bai eta dohaintzen, dirulaguntzen, ekarpenen eta bestelako liberalitateen bidez edo bere jardueren bidez Fundazioak lortutako baliabideak ere, eta, aldi berean, horiek sortutako errentak, osorik edo zati batean, Fundazioaren jarduerak finantzatzeko erabiltzen ahalko dira.
Fundazioaren helburuak betetzeko, Fundazioak lortutako errenten edo bestelako diru-sarreren ehuneko hirurogeita hamar (%70) erabili beharko da gutxienez, zergak kendu ondoren. Gainerakoa, administrazio-gastuak kendu ondoren, Fundazioaren zuzkidura handitzera bideratu beharko da. Ondare-zuzkidura gisa egindako ekarpenak, dela eratzean dela geroago egindakoak, ez dira kontuan hartuko paragrafo honetan ezarritakoaren ondorioetarako.
27. artikulua Ekonomia eta kontabilitate arloko betebeharrak.
1. Indarreko araudian kontabilitate arlorako xedatzen diren betebeharrak bete beharko ditu Fundazioak.
2. Urtero, Fundazioaren Patronatuak gainbegiratu eginen du inbentarioa, egoeraren balantzea eta emaitzen kontua, zeinetan egiazkotasunez jaso behar baita zein den Fundazioaren ekonomia, finantza eta ondare egoera; horrez gain, memoria bat prestatuko du, Fundazioaren jarduerak eta kudeaketa ekonomikoa zein izan diren azaltzeko, finantzaketa-taula ere barne dela, eta Fundazioaren helburuak zenbateraino bete diren adierazteko. Ondarea nola aldatu den eta gobernu, zuzendaritza eta ordezkaritza organoetan zer aldaketa izan diren ere zehaztuko da memorian.
Fundazioak Babesletzari aurkeztuko dizkio atal honetan aipatzen diren agiriak, hurrengo ekitaldiko lehenbiziko seihilekoan.
3. Orobat, aurreko urteko diru-sarrera eta gastuen aurrekontuaren likidazioa ere eginen du Fundazioaren Patronatuak.
4. Patronatuak jarduketa plan bat egin eta bidaliko du Babesletzara ekitaldi bakoitzeko azken hiruhilekoan, eta bertan jasoko ditu hurrengo ekitaldirako helburuak eta aurreikusitako jarduerak.
28. artikulua Fundazioaren kontrol ekonomiko-finantzarioa.
1. Fundazioaren kontuen auditoretzak eginen dira urtero. Auditoretzako txostenak Babesletzari aurkeztuko zaizkio, egin eta hiru hilabeteko epean.
2. Era berean, kudeaketa-txosten bat aurkeztuko zaio urtero Babesletzari, indarreko araudian aurreikusitakoaren arabera ebaluatu ahal izateko.
3. Era berean, hala badagokio, indarrean dagoen araudiak xedatzen duen dokumentazio ekonomikoa aurkeztuko dio Patronatuak administrazio eskudunari.
29. artikulua Langileen araubidea.
Fundazioak langileak kontratatzen ahalko ditu, indarrean dagoen lan araudiaren arabera.
30. artikulua Enpresak sortzea eta kapital-partaidetzak eskuratzea bultzatzea.
1. Fundazioak sozietateak, enpresak edo bestelako erakundeak eratzen ahalko ditu edo horietan parte hartzen ahalko du, Patronatuak onetsitako baldintzetan eta indarreko legeriak baimendutakoaren arabera, dagozkion jabetza intelektual edo industrialeko eskubideak ustiatzeko bereziki.
2. Nolanahi ere, Fundazioak sozietate edo enpresen administrazio lanetan parte hartzeak bateragarria izan beharko du Fundazioaren helburuak betetzearekin.
3. Fundazioari lotutako ikerketa-langileek enpresak sortzeko, indarrean dagoen legeria bete beharko dute, bai eta Fundazioaren berezko araudiak eta langile horiek lanerako hartzen dituzten edo kontratatzen dituzten erakundeenak ere, erakunde horiek Fundazioarekin sinatutako akordio espezifikoez gainera.
4. Fundazioak Spin-offak sortzeko erregelamendu propioa edukitzen ahalko du, horiek eratzeko baldintzak arautzeko, eta erregelamendu horrek bat etorri beharko du indarrean dagoen legeriarekin.
IV. TITULUA.–MIGUEL SERVET FUNDAZIOAREN ESTATUTUAK ALDATZEA, BAT EGITEA ETA AZKENTZEA
31. artikulua Estatutuak aldatzea.
1. Fundazioaren Patronatuak estatutu hauen aldaketa sustatzen ahalko du, betiere komenigarria bada Fundazioaren helburuak hobeki betetzeko.
2. Aldatzeko erabakia arrazoitua izan beharko da, eta eskritura publikoan jaso.
3. Patronatuak bete egin beharko ditu, onetsitako aldaketari dagokionez, indarreko araudian eta estatutu hauetan ezarritako betebeharrak. Bereziki, Patronatuak estatutuen aldaketa Nafarroako Fundazioen Erregistroan inskribatzea sustatuko du.
32. artikulua Bat egitea.
1. Patronatuak erabakitzen ahal du Fundazioak bat egin dezala beste fundazio batekin edo batzuekin, baldin eta Fundazioaren helburuak errespetatzen badira eta erabaki hori fundatzaileak edo fundatzaileek ez badu(te) debekatu, xurgapen bidezko bat-egitea denean izan ezik, hori Nafarroako Gobernuak onartu beharko baitu.
2. Bat-egitea gauzatzeko, Patronatuko kideen bi herenen aldeko botoa beharko da.
3. Bat-egiterako erabakia arrazoitua izan beharko da, eta eskritura publikoan jaso.
4. Patronatuak bete egin beharko ditu, erabakitako bat-egiteari dagokionez, indarreko araudian eta estatutu hauetan ezarritako betebeharrak. Bereziki, Patronatuak bat-egitea Nafarroako Fundazioen Erregistroan inskribatzea sustatuko du.
33. artikulua Azkentzea.
1. Honelakoetan azkenduko da Fundazioa:
a) Fundazioaren helburua osotara betetzen denean.
b) Fundazioaren helburua gauzatu ezin denean, hargatik eragotzi gabe aldatzea edo beste fundazio batekin edo batzuekin bat egitea. Bat egitea gertatzen bada, Fundazioa azkentzea ekartzen ahal du horrek.
c) Azkentzea dakarren bat-egite prozedura bat gertatzen denean.
d) Epai irmo batek Fundazioaren jarduerak edo helburuak legez kontrakotzat jotzen dituenean.
e) Nafarroako Gobernuak erreserba-ahalmena erabiltzen duenean, Nafarroako Gobernuaren erabakiaren bidez, interesa duen departamentuak proposaturik, funtzio publikoaren, antolaketa administratiboaren eta ekonomiaren arloetan eskumenak dituzten departamentuek txostena eman ondoren.
f) Eraketa eskrituran edo indarreko araudian aurreikusitako beste arrazoi batzuk daudenean.
2. Fundazioa azkentzeko, Patronatuko kideen bi herenek aldeko botoa eman beharko dute, salbu eta arrazoi automatikorik badago edo ebazpen judizial arrazoitu baten bidez hala agintzen bada.
3. Azkentze erabakia arrazoitua izan beharko da, eta eskritura publikoan jaso.
4. Patronatuak bete egin beharko ditu, erabakitako azkentzeari dagokionez, araudian eta estatutu hauetan ezarritako betebeharrak. Bereziki, Patronatuak azkentzea Nafarroako Fundazioen Erregistroan inskribatzea sustatuko du.
34. artikulua Likidazioa.
1. Fundazioa azkentzeak, beste batekin bat egitearen ondorioz gertatzen denean izan ezik, likidazio-prozedura bat irekitzea ekarriko du. Prozedura hori Patronatuak eginen du, batzorde likidatzaile gisa eratuta, eta, hala badagokio, indarrean dagoen araudian xedatutakoari egokituko zaio. Bereziki, Patronatuak likidazioa Nafarroako Fundazioen Erregistroan inskribatzea sustatuko du.
2. Nafarroako Gobernuak, ofizioz edo Patronatuak proposatuta, Fundazioa azkentzen badu, haren ondasun eta eskubide guztiak Foru Komunitateko Administraziora itzuliko dira, eta Fundazioak zituen antzeko interes orokorreko helburuetarako erabili beharko dira.
V. TITULUA.–MIGUEL SERVET FUNDAZIOAREN LAGUNTZAILEEN ARAUBIDE JURIDIKOA
35. artikulua Atxikitako laguntzaileak.
1. Fundazioari atxikitzen ahalko zaizkio, atxikitako laguntzaile gisa, Fundazioaren helburuak lortzen laguntzen ahal duten jarduerak edo ekarpenak egiten dituzten pertsona fisiko nahiz juridikoak.
2. Arestian aipatutako izaera duten atxikipen eskabideak Patronatuak onartu beharko ditu, eta berak finkatuko du, orobat, zer ekarpen egin behar duten izangaiek eta zer epealditan izaten ahal diren atxikitako laguntzaile.
3. Atxikitzeko baldintzak irizpide orokorren arabera ezarriko dira, eta ez zaie ukatzen ahalko atxikitako laguntzaile izateko aukera, ez bada Fundazioaren espirituaren edo irudiaren aurkakoa izateagatik edota Fundazioaren interesen aurkakoa den edo bihur daitekeen beste edozein inguruabarrengatik. Atxikitako laguntzaile posibleak baztertzeko akordio oro Patronatuak hartuko du, horretarako arrazoiak emanez.
Iragarkiaren kodea: F2508995
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
