146. ALDIZKARIA - 2025eko uztailaren 22a

3. ESTATUKO ADMINISTRAZIOA

ERRIOXAKO JATORRIZKO DEITURA KALIFIKATUAREN KONTSEILU ARAUEMAILEA

2/2025 ofizio zirkularra. Mahats-biltzearen kanpainako arauak

Autonomiaz gaindiko lurralde-eremuetako jatorrizko deiturei eta adierazpen geografiko babestuei buruzko maiatzaren 12ko 6/2015 Legearen 17 h) 2. artikuluaren arabera, entitate kudeatzailearen eginkizunen artean dago, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 101. eta 102. artikuluetan aurreikusitakoa errespetatuz, kanpaina bakoitzerako ekoizpen eta eraldaketarako gehieneko mugak onestea, Nekazaritza Politika Erkidean aurreikusitako baldintzetan eta aplikatu beharreko baldintza-agiriaren esparruan, kalitatea defendatzeko eta hobetzeko irizpideen arabera, edo prozesu horietan eragina izan dezakeen urteko beste edozein gai baimentzea.

Errioxako Jatorrizko Deitura Kalifikatuaren (PDO-ES-A0117) baldintza-agiria nahitaez bete beharreko dokumentua dute Errioxako JDKari atxikitako operadoreek, eta bertan ezartzen da Kontseilu Arauemaileak emanen dituela kanpainarako arauak. Horietan, besteak beste, zehazten da nola bermatu behar den ardoen kalitatearen optimizazioa, nola erabili behar den mahastizain txartela, zein den gehieneko ekoizpena kanpaina bakoitzerako eta zein den eraldaketaren gehieneko errendimendua.

Bestalde, 6/2015 Legeak 21. artikuluan xedatzen duenez, operadoreek, ekoizpen eta elaborazio etapa guztietan, sistema dokumentatu bat ezarri beharko dute beren erantzukizunpean egiten diren ekoizpen prozesuko eragiketen autokontrola egiteko, helburua baita dagokion legeria espezifikoan ezarritakoa betetzea eta ziurtatzea produktuen baldintza-agiria eta aplikatu beharreko beste edozein xedapen betetzen direla.

Azaldutako arauen babesean eta Kontseilu Arauemaileak 2025eko urtarrilaren 10ean eta ekainaren 13an eginiko osoko bilkuretan erabakitakoari jarraikiz, mahats-biltzearen kanpainarako arau hauek onetsi dira:

1. Mahastizain txartela.

1.1. Kontseilu Arauemaileak ezarri duenez, nahitaezkoa da memoria-txipa duen txartel bat erabiltzea, mahastizain txartela deitutakoa (aurrerantzean txartela), Errioxako Jatorrizko Deitura Kalifikatuan bakarrik inskribatutako mahastien titulartasuna frogatzen duena.

1.2. Txartela pertsonala eta besterenezina da, titularraren erabilerarako, inskribatutako mahastietan ekoitzitakoa entregatzeko baizik ez da erabiliko, hortaz, debekaturik dago txartela erabiltzea beste titular batzuek ekoitzitakoaren eragiketetarako, tartean ahaidetasun, apartzeria edo antzeko arrazoirik egonik ere.

1.3. Txartelak aktibatuta egon beharko du eta mahatsa entregatzen den aldiro aurkeztu beharko da nahitaez. Upategian ez da mahatsik onartuko txartela aurkezten ez bada. Txartela erabiltzeko betebeharrak bete ezean, kasuan kasuko mahats partida babesik kanpo geldituko da.

1.4. Txartelaren titulartasuna Kontseilu Arauemaileko mahats-biltzearen laguntzailearen aurrean (Kontseilu Arauemaileak mahatsaren pisaketa eta entrega kontrolatzeko baimendutako pertsona) frogatu beharko da NAN/IFZarekin, eskatzen zaion guztietan; beraz, mahatsa eramaten duenak mahastizain txartela eta horren titularraren NAN/IFZa (fotokopia ere onartuko da) aurkeztu beharko ditu. Horri dagokionez, gogorarazten dugu mahatsaren garraiolariak gainean eraman behar dituela bi agiriak.

Ohikoa da inskribatutako titularrek beste titular batzuen ustiategiak lantzea edo haietako mahats-biltzeaz arduratzea.

Jardun hori normalizatzeko eta aurreko puntuan ezarritakoa errespetatzeko, hura zilegizkoa izanen da 5 titular desberdinetarako, edo gehienez 50 hektarea mahastitarako, baldin eta hurrengo paragrafoan adierazitako baldintzak betetzen badira.

Martxoaren 31 baino lehen eskatu beharko zaio Kontseilu Arauemaileari ustiategien mahats-biltzearen kudeatzaile anizkoitzaren izaera aitortzeko, eta zerbitzu hori zer mahastiren titularrei ematen zaien adierazi. Horretarako, haien sinaduren legitimazioa aurkeztuko da, notario bidez edo beste edozein bide frogagarri erabiliz. Ustiategien titularrek eta haien ordez zerbitzua ematen duen kudeatzaile anizkoitzak berariaz hartuko dute beren gain kasuan kasuko mahastizain txartelen erabilerari buruzko betebeharrak betetzea. Egiaztatzen ez bada ezarritako baldintzak betetzen direla edo Kontseilu Arauemaileak onartzen ez badu, kontrol-arrazoiak tarteko, ustiategien mahats-biltzearen kudeatzaile anizkoitzaren izaera, ezin izanen da horretaz baliatu.

Ez da beharrezkoa izanen aitorpen-eskaera aurkeztea, baldin eta lehenago egin bada eta adierazitako inguruabarrak aldatu ez badira.

Lantzen dituen ustiategien gainerako titularren ordezkari den titular inskribatua arduratuko da banakako mahastizain txartelak erabili, gorde eta zaintzeaz. Kudeatzaile anizkoitzak txartelak erabiltzen ahalko ditu, soil-soilik, kasuan kasuko ustiategiek dituzten mahastietako ekoizpena entregatzeko, eta debekatuta izanen du ustiategiaren titularrez bestelako batzuen ekoizpenen transakzioetarako erabiltzea, ahaidetasun-arrazoiengatik, apartzeriengatik edo antzeko arrazoiengatik bada ere.

1.5. Mahats entrega bakoitzetik 2 tiket eginen dira –bat txartelaren titularrarentzat eta, bestea, upategiarentzat–, eta honako hauek jasoko dira: titularraren kodea, upategi hartzailea, udalerria, entregatutako mahats kopurua, mahatsaren kolorea, barietatea, osasun-egoera, ordura arteko mahats kopuru guztien batura –kolore bakoitzaren arabera– eta onartutako gehienekora iritsi arte geratzen den saldoa.

1.6. Txartelak kanpaina baterako ez ezik hurrengoetarako ere balioko du, beraz titularrak gorde beharko du mahats-biltzea amaitu eta gero ere. Nahitaezko kuota ordaindu ondoren eguneratu eta aktibatuko da, besterik gabe, hurrengo kanpainako lehendabiziko entregarekin batera.

Mahastizain txartela galduz gero, titularrak berehala jakinarazi beharko dio Kontseilu Arauemaileari.

Kontseilu Arauemaileak edozein unetan eguneratu ahal izanen du mahastizainaren txartelean dagoen informazioa, Mahastien Erregistroan aldaketarik gertatzen bada, horri buruzko informazioa gordetzen baitu txartelak.

2. 2025eko ekoizpen eta eraldaketa errendimenduak.

2.1. Kanpaina honetan, titular bakoitzeko babestu daitekeen gehieneko kopurua izanen da titularrak produkziorako hektarea gisa inskribatuta dituen hektareei kopuru hauek aplikatzearen emaitza: 5.850 kg mahats hektarea bakoitzeko barietate beltzetan, eta 9.000 kg mahats hektarea bakoitzeko, aldiz, barietate zurietan, halako errendimenduak finkatu baititu Kontseilu Arauemailearen Osoko Bilkurak kanpaina honetarako.

Babestutako ekoizpena errendimendu horien barruan egon beharko da.

2.2. Kontseilu Arauemailearen Osoko Bilkurak mahats produkziorako ezarritako errendimenduak bereizirik kontatuko dira, mahats barietate beltzarenak alde batera eta zuriarenak bestera, batzuk eta besteak zehaztuta, trazabilitateagatik eta etiketetan horri buruzko aipamenak egin daitezkeelako. Banakako tratamendu horren ondorioz, ez da koloreen arteko konpentsazioagatiko babesik izanen, ez mahatsean ez eraldaketaren ondorioz lortutako ardoan.

Mahasti berezietarako babestu daitekeen gehieneko kopurua izanen da hektareei kopuru hauek aplikatzearen emaitza: 5.000 kg mahats hektarea bakoitzeko barietate beltzetan, eta 6.922 kg mahats hektarea bakoitzeko, aldiz, barietate zurietan.

2.3. Kanpaina honetan ardoa egiteko babestu daitekeen eraldaketaren errendimendua ehuneko hirurogeita bederatzikoa izanen da, salbu ardo zuria egiteko mahats zuriaren kasuan, ehuneko hirurogeita hamarrekoa izanen baita.

Ardoa egiteko babestu daitekeen eraldaketaren errendimendua, mahasti berezien kasuan, ehuneko hirurogeita bostekoa izanen da.

Kalitateko apardunen kasuan, ardoa egiteko babestu daitekeen eraldaketaren errendimendua ehuneko hirurogeita bi izanen da.

2.4. Aurrekoa alde batera utzi gabe, justifikatuta dago 74 litro ardo lortzea, gehienez ere, bildutako 100 kiloko, salbu eta mahasti berezi baten ekoizpenarekin egiten diren ardoen kasuan. Dena dela, justifikatuta egonen da ehuneko hirurogeita sei lortzea kalitateko ardo apardunen kasuan.

2.5. Errioxako Jatorrizko Deitura Kalifikatuak babestutako ardoa egitean, ekoizpenak honako hauek bete beharko ditu: baldintza-agiria eta indarrean dagoen legeria, Kontseilu Arauemailearen Osoko Bilkurak horri buruz ezarritako akordioak, eta titularraren ustiategia egoera irregularrean ez egoteko beharra.

3. 2025eko kanpainako errendimenduak.

3.1. Kanpainaren errendimendua upategian entregatu daitekeen gehieneko ekoizpena da, eta honako kontzeptu hauek biltzen ditu:

3.1.1. Babes daitekeen gehieneko errendimendua. Mahats-biltzearen kanpainako arau hauetako 2.1 atalean finkatuta dago. Gehienez ere 5.850 kg babesten ahal dira hektarea bakoitzeko mahats beltzen barietateen kasuan (baldintza-agirian barietate beltzentzat ezarritako 6.500 kg/ha-ko ereduko errendimenduaren ehuneko laurogeita hamarrekoa), eta gehienez 9.000 kg hektarea bakoitzeko mahats zurien barietateetarako (baldintza-agirian barietate zurientzat ezarritako 9.000 kg/ha-ko ereduko errendimenduaren ehuneko ehunekoa).

3.1.2. Desbideratzea arrazoi klimatologikoengatik. Azken entregan, desbideratze tarte bat baimenduta dago produkzioan, inguruabar klimatologikoengatik. 2025-2026 kanpainan, gehienez 260 kg-koa izanen da hektarea bakoitzeko mahats beltzen barietateei dagokienez, eta gehienez 360 kg-koa hektarea bakoitzeko, aldiz, mahats zurien barietateei dagokienez. Bi kasuetan, ezarritako ereduko errendimenduaren ehuneko lau izanen da, hala mahats beltzen barietateetarako, nola mahats zurien barietateetarako. Kopuru horiek ez dira babestuko, eta haien elaborazioaren ondoriozko bolumena destilaziora bideratuko da.

2025-2026 kanpainan, kanpainaren errendimenduak aukera emanen du upategian gehienez 6.110 kg/ha entregatzeko mahats barietate beltzetan, eta 9.360 kg/ha gehienez mahats barietate zurietan.

3.2. Mahasti bereziak aurreikuspen horietatik kanpo gelditzen dira.

4. Errendimenduen kontrola.

4.1. Baldintza-agiriaren arabera, mahasti baten errendimenduak baimendutako mugatik gorakoak baldin badira, hango mahatsa ezin izanen da erabili babestutako ardoak egiteko.

Kontseilu Arauemaileak ustiategi bakoitzean eginen du errendimenduen kontrola, hau da, titular batek Errioxako Jatorrizko Deitura Kalifikatua duen ekoizpen eremuan dituen mahasti guztien gainean. Hala ere, bermatu dadin baldintza-agirian hektarea bakoitzeko aurreikusitako gehieneko errendimenduak betetzen direla, Kontseilu Arauemaileko Ikuskatzaileen Zerbitzu Baimenduak berrikuspenak eta ikuskapenak egiten ahalko ditu errendimendu horiek baino ekoizpen-karga handiagoa duten mahasti-lurzatiak detektatzeko.

4.2. Oro har, mahatsa heltzetik hurbil eginen da lurzatien berrikuspena, adimen artifizialean oinarritutako produkzioaren monitorizazio- eta iragarpen-eredu bat aplikatuz.

Pentsatzen bada mahasti baten ekoizpena handia izanen dela, kontrol erakundeak haren titularrari eskatuko dio ekoizpena doi dezala mahats-biltze honetako gehieneko errendimenduetara, esku hartzeko aldez aurretik jakinaraziko zaion eguna baino lehenago, uztaren kalitaterako eragin positiboa izanen duelakoan ziklo begetatiboaren fase horretan mahats-lukuak bakantzeak.

Esku hartzeko azken egunetik aurrera, kontrol erakundeak mahastia ikuskatzen ahalko du, eta, errendimendua handia izanen dela ikusiz gero, akta bat eginen da ekoizpen egoera egiaztatzeko, eta neurri egokiak hartuko dira ukitutako lurzatia babespean ez jartzeko.

Ez da zilegi izanen eta, beraz, ez da kontuan hartuko, esku hartzeko muga-egunaren ondoren mahats-lukuak bakanduz uzta murriztea.

4.3. Nolanahi ere, atzemanez gero lurzati baten ekoizpenak gainditzen dituela mahats-biltze honetarako baimendutako gehieneko errendimenduak N egoera fenologikora iritsi ondoren (heltzea), ikuskatzaileak akta bat eginen du, ekoizpenaren egoera jasota utziko du, eta neurri egokiak hartuko dira ukitutako lurzatiak babespean ez jartzeko.

4.4. Kontseilu Arauemaileko Ikuskatzaileen Zerbitzu Baimenduak egiaztatzen duenean lurzati baten edo batzuen ekoizpenak lerma handiak izan dituela arrazoi meteorologikoen edo laborearen ondorioz, babestu daitekeen gehieneko errendimendua berrikusiko da, ekoizpena lehengoratzeko zer aukera dauden ikusirik, hura zehaztu eta titular bakoitzari jakinarazteko, hurrengo mahats-biltzeari begira; horrenbestez, mahastizain txarteleko datuak gaurkotuko dira.

Finkatutako gehieneko errendimenduarekin ados ez badago, titularrak idatziz eskatzen ahalko du Kontseilu Arauemaileko Ikuskatzaileen Zerbitzu Baimenduak mahastiak berriz ere berrikus ditzala.

4.5. Era berean, Kontseilu Arauemaileko Ikuskatzaileen Zerbitzu Baimenduak, egin beharreko egiaztapenak egin ondoren, ikusten badu udalerri batean batez besteko ekoizpenaren aurreikuspena nabarmen txikiagoa dela ezarritako errendimenduak baino, mahastizain txartelaren gaineko kontrol-neurri gehigarriak proposatuko dizkio Kontseilu Arauemailearen Osoko Bilkurari, bertan jasotako ekoizpena benetakora hurbiltzeko, hura ordezteko, edo horren osagarri izateko. Kontseilu Arauemailearen Ikuskatzaileen Zerbitzu Baimenduak mahats-biltze arrunta ixten ahalko du, eta hasieratik ezarri mahatsak jatorrian eta destinoan nahitaez pisatu beharra dagoela.

5. Mahats-biltzearen eta elaborazioaren hasiera jakinaraztea.

5.1. Kanpaina honetan mahatsa elaboratu behar duten inskribatutako upategi guztiek, mahatsa bildu eta ardoa egiten dutenak barne, horren berri eman beharko diote nahitaez Kontseilu Arauemaileari idatziz, 48 ordu lehenago gutxienez (24 ordu mahats-biltzearen laguntzaile bat baldin badago pisatzeko baskulan), edo 72 ordu lehenago mahatsa asteburuan edo jaiegunean jasotzen hasten bada. Jakinarazpenean adierazi beharko da zein den mahatsa biltzeko lehen eguna eta non edo zein tokitan eginen den, jasotzeko guneak barne.

5.2. Mahastizain batek mahatsak upategi batean baino gehiagotan entregatu behar baditu, Kontseilu Arauemaileko Ikuskapen Zerbitzuei idatziz jakinarazi beharko die bigarren upategiko entrega eta hurrengoak egiten hasteko eguna, 48 ordu lehenago gutxienez, edo 72 ordu lehenago entrega asteburuarekin edo jaiegunarekin egiten bada.

5.3. Era berean, Kontseilu Arauemaile honi jakinarazi beharko zaio mahatsa jasotzeko ordutegia, eguerdiko etenaldia barne, baldin badago. Upategi elaboratzaileei eskatzen diegu jasotzeko ordutegiak ahal den hobekien bete ditzaten, kontuan hartuta mahats-biltzearen laguntzaileek bertan egon behar dutela nahitaez. Ordutegia zabaltzeko edo murrizteko salbuespenezko kasuak gertatzen badira, matxurengatik, eguraldiagatik edo edozein arrazoi dela-eta mahats-bilketa eten delako, Kontseiluko Ikuskatzaileen Zerbitzu Baimenduari jakinaraziko zaio, hala badagokio, neurri egokiak har ditzan, eta, era berean, nahitaezkoa izanen da mahatsa berriz jasotzen hasiko dela jakinaraztea. Ez da ahaztu behar mahats-biltzearen laguntzailea egon beharreko tokietan mahats guztia pisatu behar dela haren aurrean eta hark ikus-onetsia emanda, eta ez dela onartuko baldintza hori betetzen ez duen mahats entregarik.

5.4. Mahats-biltzea hasi aurretik, elaborazio bereziak jakinarazi beharko dira; besteak beste, barrikan hartzitutako ardo zuriak eta gorriak, ardo gozoak eta erdigozoak.

5.5. Idatziz jakinarazi beharko da, gutxienez 48 ordu lehenago, edo 72 ordu lehenago jasotzen hasten bada asteburuan edo jaiegunean, gaueko mahats-bilketa mekanikoa, salbuespen gisa baimenduta dagoena "Reserva" aipamena lortu nahi duen kalitateko ardo aparduna egiteko.

6. Mahatsa entregatzeko prozedura.

6.1. Mahatsa pisatu beharko da Errioxako Jatorrizko Deitura Kalifikatuan inskribatutako upategian mahatsak entregatu baino lehen, aurrean dagoela Kontseilu Arauemailearen mahats-biltzearen laguntzailea, eta debekatuta egonen da batera atoi edo edukiontzi bat baino gehiago pisatzea.

Bere mahatsa elaboratzen duen mahastien titularrak, bere upategian baskularik ez badu, upategia kokaturik dagoen herriko udal baskulan pisatuko du mahatsa; halakorik ez badago, herriko beste baskula batean edo herri hurbileneko udal baskulan, betiere mahats-biltzearen laguntzailea aurrean dela. Hari erraztu egin behar zaio pisaketaren datuak hartzeko lana.

6.2. Mahatsaren gradua kontrolatuko da jasotzeko guneetan entregatzen denean, eta ezarritako gutxienekora iristen ez denak babeserako eskubidea galduko du. Neurketaren emaitzarekin ados egon ezean, mahastizain txartelaren titularrak kontraesaneko analisi bat eskatzen ahalko du. Kontraesaneko proba aski den metodoaren bidez eginen da, eta horretarako Kontseilu Arauemaileak baimendutako eskuko errefraktometro edo dentsimetro bat emanen dio Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak baimendutako ikuskatzaileari, lehen emaitza lortzeko erabili zenaz beste bat, toki berean egin dadin deskargatu gabeko mahats partidaren kontrasteko analisia. Bigarren analisi horretan, aukera egonen da interesdunak teknikari eskudun baten laguntza izateko. Karga mahastizain txartelean erregistratu ondoren, jasotzaileak aukera izanen du deskarga egin, eta ondoren bereizita eta babesik gabe elaboratzeko, edo mahatsa upategian ez sartzeko. Bigarren aukera hautatzen badu, mahatsa zertarako erabiliko den adierazi beharko du.

6.3. Upategian sartzen den mahats partida bakoitzeko, banakako pisaketaren tiketa luzatu beharko da, mahats klasea (beltza edo zuria) eta barietatea zehaztuta. Entregarako, mahats barietate beltzak eta zuriak bereizi eginen dira, batzuen eta besteen barietatea zehaztuta, trazabilitateagatik eta etiketetan horri buruzko aipamenak egin daitezkeelako

6.4. Mahats-biltze mekanikoa egin denean, horren berri emanen zaio mahats-biltzearen laguntzaileari, pisua ehuneko hiru handitu dezan. Horixe izanen da jaso beharreko zenbakia. Era berean, inskribatutako upategiek elkarri bidaltzen diotenean txortena kendu ondoko mahatsa, birbidalketaren txartelean jasoko den kopurua bidalitako kopuru garbia gehi %5 izanen da.

6.5. Mahatsa entregatzen den aldiro, garraiorako ibilgailuaren tararekin osatuko da pisaketa.

6.6. Kanpainaren errendimendura iritsitakoan, mahastizain txartela automatikoki blokeatuko da, eta ezin izanen da entrega gehiago egin. Gainera, baldintza-agirian jasotako ereduko errendimendua ehuneko hamabostetik gora gainditzen bada, neurri egokiak hartuko dira gehiegizko ekoizpena eman duten lurzati guztiari edo guztiei babesik ez emateko.

Kanpainaren errendimendua gainditzen duten entregak destilaziora bideratuko dira.

6.7. Mahatsa entregatzean gertatzen den edozein gorabehera, geroago erreklamazioa ekar dezakeena, idatziz jakinarazi beharko zaio Kontseilu Arauemaileari espresuki, gertatu eta 48 ordu iragan baino lehenago. Azaldutako prozedura erabiliz jokatu ezean ez da erreklamaziorik onartuko.

7. Pisaketa jatorrian eta destinoan.

7.1. Derrigorrezkoa izanen da mahatsa mahats-biltzearen laguntzailearen aurrean pisatzea jatorrian eta destinoan, baldin eta mahastizainak entrega edo deskarga egin behar ez badu mahatsa elaboratu behar den tokian bertan (adibidez, jasotzeko guneak).

Mahats hori garraiatzeko nahitaezkoa izanen da garraio-txartela.

7.2. Era berean, nahitaezkoa izanen da beste upategi batera birbidali behar den mahatsa jatorrian eta destinoan pisatzea, eta kasu horretan beharrezkoa da bidalketaren agiria luzatzea, mahats-biltzearen laguntzaileak ikus-onetsi beharrekoa, eta Kontseilu Arauemaileari aldez aurretik baimena eskatzea lekualdatzea egiteko. Nahitaezkoa izanen da haren kopia eramatea garraioa egiten duen ibilgailuan.

7.3. Ikuskatzaileen Zerbitzu Baimenduak mahastiaren herriko mahats-biltzea amaitutzat ematen duen egunetik aurrera ere egin beharko da pisaketa, jatorrian eta destinoan, mahats-biltzearen laguntzailearen aurrean, mahatsak herrian bertan ez badira elaboratzen.

8. Mahats-biltzearen laguntzailearekiko betebeharrak.

8.1. Inskribatutako guztiei, mahastizaina nahiz elaboratzailea izan, gogorarazten zaie lana erraztu behar dietela mahats-biltzearen laguntzaileei eta kontratatutako gainerako teknikariei, Kontseilu Arauemaile honetako langileak baitira, eta mahats-biltzearen gainean eskatzen zaien dokumentazioa eman beharko zaiela; izan ere, haien eginkizunak galaraztea edo trabatzea arau-hauste arina, astuna edo oso astuna izanen da, kasuan kasukoa, bat etorriz Autonomiaz gaindiko lurralde-eremuetako jatorri deiturei eta adierazpen geografiko babestuei buruzko maiatzaren 12ko 6/2015 Legearen 30.e), 31.1.d) eta 32.1.a) eta b) artikuluetan xedatutakoarekin.

8.2. Jasotzeko ohiko ordutegia edozein arrazoirengatik aldatzen bada, mahats-biltzearen laguntzaileari jakinarazi beharko zaio, baskularen ondoan egin behar duen denbora mahatsa jasotzeko ordutegiarekin bateratzeko.

8.3. Mahats-biltzearen laguntzailearentzako espazioak segurua eta osasungarria izan beharko du, eta behar diren baldintzak bete beharko ditu bizigarritasun, higiene eta segurtasun baldintza onenetan lan egiteko. Konfiguratuta egon beharko du mahats-biltzearen laguntzaileak egiaztatu beharreko neurketak zuzenean eta berehala jasotzeko moduan, hala nola alkohol-gradu bolumetriko naturalaren adierazle elektronikoaren bisorea eta baskulako adierazle elektronikoaren bisorea. Gainera, azken kasu horretan, mahats-biltzearen laguntzaileak zuzenean ikusteko modua izan beharko du bere eginkizunak betetzeko gaitu zaion espaziotik.

Era berean, Kontseilu Arauemailearen Ikuskatzaileen Zerbitzu Baimenduak, egin beharreko egiaztapenak egin ondoren, egiaztatzen badu azaldutako baldintzak betetzen ez direla, beharrezko neurriak hartzen ahalko ditu mahats-biltzearen laguntzailearen eginkizunak beteko direla bermatzeko.

9. Mahats-biltzea amaitutzat ematea.

9.1. Kontseilu Arauemaileko Ikuskatzaileen Zerbitzu Baimenduak mahats-biltzea aurreratuta ikusten duenean udalerri ia osoan, Kontseilu Arauemaileak ohiko mahats-biltzea amaitutzat eman dezake herri horretan, eta mahats-biltze berezia abian jarri, bilketa egin gabe dauden mahastiak kontuan hartuta; kasu horretan, interesdunak, mahatsa ebaki aurretik, Kontseilu Arauemaileko Zerbitzu Teknikoei jakinaraziko die, mahastiari buruzko datuak adieraziz: kalkulatutako ekoizpena, herria, poligonoa eta lurzatia. Mahats-biltzea egokitzat jotzen diren egiaztapenen menpe geldituko da. Mahats-biltzea amaitutzat ematen denetik aurrera arau hauetako 7.3 atala aplikatuko da.

9.2. Era berean, Kontseilu Arauemaileko Ikuskatzaileen Zerbitzu Baimenduak ikusten badu herri batean, zenbait gorabeherarengatik, errendimenduaren murrizketa handia gertatu dela, mahats-biltze aurreratu baten parekoa, hasieratik erabaki ahal izanen da mahats-biltzea amaitutzat eman eta mahats-biltze berezia abian jartzea, aurreko lerroaldean aipatzen den moduan.

10. Jarduketak, araudiaren ez-betetzeak direla eta.

10.1. Kontseilu Arauemailearen erregistroetan inskribatutako upategietan sartzen den mahatsa inskribatutako mahastietakoa izanen da, eta muztioa edo ardoa, aldiz, inskribatutako beste upategietakoa.

10.2. Araudi indarduna eta Kontseilu Arauemailearen erabakiak ez betetzeak berarekin ekarriko du mahatsaren babeserako eskubidea galtzea, arau-haustearen ondorioz sortutako zehapen ekonomikoaren espedientearen tramitazioak ekar dezakeen zehapenaz gain.

10.3. Mahatsaren pisaketarako ezarritakoa ez betetzeak ekarriko du, halaber, hura babespean ez jartzea eta kasuan kasuko espedientea irekitzea.

10.4. Era berean, ez dira babespean jarriko baldintza-agirian onartzen ez diren gehiegizko ekoizpenak dituzten lurzatien errendimendua (guztia), ezta bertan ezarritako ezaugarrietara iristen ez diren mahats partidak ere.

11. Mahats-biltzea amaitzean eskatzen diren betebeharrak.

11.1. Mahastizain txartelaren titularrei gogorarazten zaie txartelak hurrengo kanpainetarako ere balio duela eta beraz gorde beharko dutela mahats-biltzea amaitu ondoren. Mahastizain txartela automatikoki eguneratu eta aktibatuko da, nahitaezko kuota ordaindu ondoren, hurrengo kanpainako lehen entregarekin.

11.2. Mahastizain bakoitzari igorriko zaizkio mahastizain txartelarekin prozesatutako mahats entregei buruzko datuak, eta hori izanen da, elaboratzaile ez diren titularrentzat, Kontseilu Arauemaileari eman beharreko uzta aitorpena.

11.3. Uzta osoa edo zati bat egiten duten mahastizainek uztaren eta elaborazioaren aitorpena egin beharko diote Kontseiluari.

11.4. Upategi kooperatibek, elaborazio aitorpenaz gain, saltzaileen izen zerrenda ere igorriko dute erakunde horretara, honako hauek adierazita: mahatsa nongoa den, zenbat kilo mahats zuri eta mahats beltz, eta guztira zenbat mahats.

11.5. Merkataritza enpresa elaboratzaileek, uzta aitorpenaz gain, bazkideen izen zerrenda ere igorriko dute Kontseilu Arauemailera, honako hauek adierazita: mahatsa nongoa den, zenbat kilo mahats zuri eta mahats beltz, zenbat kilo barietate bakoitzeko eta guztira zenbat mahats.

11.6. Uzta aitorpena egiten laguntzeko edo ekoizpen datuak kontsultatzeko, Kontseilu Arauemaileak helbide bat du Interneten (vendimia.riojawine.com), eta operadore bakoitza bertara sar daiteke pasahitza erabiliz, bere datuak kontsultatzeko.

Logroñon, 2025eko ekainaren 13an.–Lehendakaria, Fernando Ezquerro Cuevas.

I. ERANSKINA.–UZTAREKIN ETA ELABORAZIOAREKIN LOTUTA, ERRIOXA JATORRIZKO DEITURA KALIFIKATUAN INDARRA DUTEN PARAMETROAK

–Babestutako ardoak egiteko, mahats osasuntsuaren partidak soilik erabil daitezke, gutxienez ehuneko hamaikako graduazio bolumetriko naturala dutenak, mahats beltzen kasuan, eta ehuneko hamar eta bostekoa, aldiz, mahats zurien kasuan. Ardo apardunen kasuan, gutxienez ehuneko bederatzi eta bosteko graduazio bolumetriko naturala izanen da, hala mahats beltzetan nola mahats zurietan. Mahats beltzak eta zuriak bereiziko dira entrega partzial bakoitzean edo baskulan pisatu aldiro.

–Ekoizpen hektarea bakoitzeko babestu daitekeen gehieneko ekoizpena 5.850 kg mahatsekoa izanen barietate beltzen kasuan, eta 9.000 kg mahatsekoa, aldiz, barietate zurien kasuan, horiek baitira Kontseilu Arauemailearen Osoko Bilkurak kanpaina honetarako finkatu dituen errendimenduak. Mahasti berezi baterako babestu daitekeen gehieneko kopurua 5.000 kg mahatsekoa izanen da hektarea bakoitzeko barietate beltzetan, eta 6.922 kg mahatsekoa hektarea bakoitzeko, aldiz, barietate zurietan.

–Ardoa egiteko presio egokiak aplikatuko dira, errendimendua ez dadin 69 litrotik gorakoa izan babestu daitezkeen mahatsen 100 kilogramoko, barietate beltzetan, eta 70 litrotik gorakoa babestu daitezkeen mahatsen 100 kilogramoko, ardo zuria egiteko barietate zurietan, horiek baitira Kontseilu Arauemailearen Osoko Bilkurak kanpaina honetarako finkatu dituen errendimenduak. Errendimendu hori 65 litrokoa izanen da babestu daitezkeen mahatsen 100 kilogramoko, mahasti berezi baten kasuan, eta 62 litrokoa 100 kilogramoko, aldiz, kalitateko ardo apardun baten kasuan.

–Babestutako ardo beltz, gorri eta zuriei dagokienez, gutxienez ehuneko hamaika eta bosteko alkoholeko graduazio bolumetriko hartua izanen dute ardo beltzek, eta ehuneko hamar eta bostekoa ardo zuri eta gorriek. Babestutako kalitateko ardo apardun zuri eta gorriek, kontsumorako prest daudenean, ehuneko hamaikako alkoholeko graduazio bolumetriko hartua izanen dute gutxienez, eta ehuneko hamahirukoa gehienez.

Berariaz debekatzen da ardo mota horien edozein nahasketa, horietakoa ez den beste mota bat lortzeko xedearekin egina.

–Ardo beltzak egitean onartu daitekeen mahats zuriaren gehieneko kopurua ehuneko 5 da, txortena kendutako mahatsaren kasuan eta ehuneko 15 mahats osoarekin. Azken kasu horretan beharrezkoa izanen da aldez aurretik Kontseiluari jakinaraztea idatziz elaborazio mota hori eginen dela eta haren bolumena (2001eko ekainaren 8ko 6/01 ofizio zirkularra).

–Ardo gorrien elaborazioan erabiltzen ahalko den mahats zuriaren gehieneko kopurua ehuneko 75ekoa izanen da.

–Babestutako ardo beltzek kolore parametro hauek bete beharko dituzte:

–Gutxieneko kolore intentsitatea (A420 + A520 + A620): 3,5 hartzidura malolaktikoa egina baldin badago (gehienez ere 0,5 g azido maliko litroko).

–Gutxieneko kolore intentsitatea (A420 + A520 + A620): 4 hartzidura malolaktikoa eginik ez baldin badago.

–Polifenol guztien gutxieneko indizea: 30.

–Babestutako ardo gorrien kolore intentsitatea 0,10etik 1,8ra bitartekoa izanen da, parametro hauen baturaren ondorioz: A420 + A520 +A620.

–Baskulek eta errefraktometroek Metrologiari buruzko 32/2014 Legean ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Ekipamendu horiek erakunde eskudun batek egiaztatu dituela frogatzen duen dokumentazioa izan beharko dute.

Iragarkiaren kodea: E2509393