2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ALESBES
Aldaketa, 0-3 urtekoendako haur eskola arautzen duen ordenantzan. Behin betiko onespena
Alesbesko Udalak, 2025eko otsailaren 20ko osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen 0-3 urtekoendako haur eskola arautzen duen udal ordenantzaren aldaketa, eta 2025eko 48. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 11n.
Jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu aipatu ordenantza horren edukiaren aurka.
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, hasierako onespena behin betikoa bihurtuko da, erreklamazio, kexa edo oharrik aurkezten ez bada.
Horrenbertzez, bidezkoa da ordenantza horren testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
Alesbesen, 2025eko apirilaren 28an.–Alkatea, Mari Carmen Segura Moreno.
ALESBESKO 0-3 URTEKOENDAKO HAUR ESKOLA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA
I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua. Xedea.
Alesbesko 0-3 urtekoendako haur eskolan umeen izen ematea eta onarpena arautzea du xede, baita haren funtzionamenduko hainbat alor arautzea ere.
2. artikulua. Onarpen prozedura, garapena, bajak eta hautaketa baremoa.
Haurrak eskolan onartzeko prozedurari dagokionez, ordenantza honetan berariaz adierazten ez den orotan arloan eskumena daukan Nafarroako Gobernuko organoak urtero ematen duen ebazpenean xedatutakoa aplikatuko da.
2015-2016 ikasturteari begira, Hezkuntzako zuzendari nagusiaren urtarrilaren 14ko 2/2015 Ebazpenean xedatuak izanen du indarra.
II. KAPITULUA.–ESKOLAKO EGUTEGIA ETA ORDUTEGIA
3. artikulua. Ordutegia eta sartzeko eta ateratzeko arauak.
–Haur Hezkuntzako ikastetxeko ikasturtearen jarduna irailean hasiko da eta bukatu, berriz, abuztuan.
–Eskola astelehenetik ortziralera egonen da irekia, goizeko 7:30etik arratsaldeko 17:00etara.
–Tokia eskatzeko epean, gurasoek ikasturte bakoitzean eskaintzen diren ordutegiak eskatzen ahal dituzte.
–Haurrak gehienez ere zazpi orduz egoten ahalko dira eskolan, ordutegia arrazoi justifikatuengatik malgua izanen bada ere haurraren sarrera-irteerei dagokienez. Debeku da haurrak eskolan zazpi ordu baino gehiago egotea.
–Haurra zer ordutan sartzen den, horren araberakoa izanen da ateratzeko ordua.
–Debeku da haurrak eskolatik normalean jasotzen ez dituzten pertsonek jasotzea, salbuespenez ez bada; halakoetan, haurren guraso, tutore edo arduradunek ohar bat igorriko dute ikasturtearen hasieran eta hartan agertuko dira haurrak jasotzeaz arduratuko direnen izen-deiturak, haurrekiko ahaidetasun maila zehaztuta. Salbuespenez normalean jasotzen ez dituzten pertsonek jaso behar badituzte, garaiz emanen zaio abisu idatzia hezitzaileari, eta halakoetan zehaztuko dira egunak, ahaidetasuna, eta ikastetxetik haurra salbuespenez jasoko duenaren izen-deiturak.
Eskolaren funtzionamendua egokia izan dadin, puntualtasuna nahitaezkoa dute haurren guraso, tutore edo arduradunek haurra ekartzean nahiz jasotzean.
III. KAPITULUA.–ORDAINKETAK ETA TARIFAK
4. artikulua. Ordainketak.
A) Eskolan matrikulaturik dauden haur guztiek dagokien kuota ordaindu beharko dute, bidezko arrazoiak direla kausa eskolara joaten ez badira ere. Kuota hori urtero finkatuko da ikasturte bakoitzean haur eskoletako erabiltzaileei kobratuko zaizkien tarifak arautzen dituen foru araudiaren arabera. Matrikula egiteak, borondatezko baja eskatzen den kasuetan izan ezik, eskolara joateko eta ikasturtean kuotak ordaintzeko konpromisoa dakar berarekin.
B) Jantoki zerbitzua erabiltzeagatiko kuota ordaindu beharra hileko kuota osoetan sortuko da, erabiltzen den lehenbiziko egunetik aitzina. Haurrek jantoki zerbitzua erabiltzen badute, oso-osorik ordaindu beharko dute jantoki zerbitzuari dagokion kuota, salbu honako kasu hauetan:
–Harrera-aldian.
–Erabiltzailearen borondateari egotzi ezin zaizkion kausak. Erabiltzailearen borondateari egotzi ezin zaizkion kausatzat hartuko dira jantoki zerbitzurik gabeko aldiak, hau da, herriko jaiak eta Gabonetako eta Aste Santuko oporrak.
Ikasturtea hasitakoan ere izena ematen ahal da jantoki zerbitzuan, zuzendaritzari garaiz aditzera ematen bazaio. Horrela, hilaren lehen hamabostaldian izena emanez gero, hileko kuota osoa ordaindu beharko da. Bigarren hamabostaldian eginez gero, berriz, hileko kuota osoaren %50.
Jantoki zerbitzua erabiltzaile bakoitzari ikasturte osoan etenik gabe egitekoa dela ulertzen da. Beraz, jantokia ikasturtea amaitu baino lehen uzteko, arrazoi justifikatuak eman beharko dira eta horiek Hautapen Batzordeak onartu beharko ditu.
C) Kuotak ordaintzen ez badira, egoera honako irizpide hauen arabera ebatziko da:
–Kuota bat ordaintzen ez bada, idatziz eginen zaio errekerimendua erabiltzaileari, eta ohartaraziko haurrari eskolan baja emateko bidea dagoela, berriz ere bertze kuota bat ordaindu ezean.
–Bi kuota arrazoirik gabe ordaindu gabe utziz gero, berehala emanen zaio baja eskolan.
–Jantoki zerbitzuaren kuotak ez ordaintzeak eskolatze kuotak ez ordaintzearen araubide bera izanen du, eta bi kuota edo gehiago ez ordaintzean zerbitzuan baja emanen da.
Ez ordaintzeagatiko bajak alkatetza ebazpen bidez erabakiko dira, aipatu irizpideen arabera, aurretik udal diruzaintza zerbitzuak ordaintzeko errekerimendua egin eta gero.
IV. KAPITULUA.–UDALAREN INFORMAZIO BATZORDEA ETA HAUTAPEN BATZORDEA
5. artikulua. Udalaren informazio batzordea.
Haur eskolarekin lotutako gaiei buruzko irizpena emateko eskumena duen informazio batzordea eta hura osatuko duten kideak Osoko Bilkurak erabakiko ditu legegintzaldi bakoitzaren hasieran. Udal talde guztien ordezkariek osatuko dute eta eskumena izanen du, halaber, batzordearen edo haren osaeraren edozein aldaketa egiteko.
6. artikulua. Hautapen batzordea.
Haur eskolako zuzendariak eta Udalaren informazio batzordean parte hartzen duten ordezkari politikoek osatuko dute hautapen batzordea, eta toki entitateko ordezkari batek jardunen du horretako buru.
Batzordeak honako eginkizun hauek gauzatuko ditu:
a) Tokia erreserbatzeko prozedura zehaztu eta gauzatzea.
b) Baremoa eta tramitaziorako epeak argitaratzea.
c) Eskatzaile bakoitzari dagokion puntuazioa esleitzea, haurrak onartzeko araudian ezarritako irizpideekin bat.
d) Haurrak onartzeko prozesua ebaztea, onartu eta baztertuen behin-behineko eta behin betiko zerrendak argitaratzea, lortutako puntuazioa adierazita, eta erreklamazioak ebaztea.
e) Plangintza egitea, haurrak unitateka banatuta, ikasturteko lehen egunean duten adina erreferentzia gisa hartuta.
f) Hezkuntza Departamentuari honako hauek igortzea: behin-behineko plangintzaren lehenbiziko txantiloia, aurreinskripzioaren datuak dituena, apirilaren 17a baino lehen; behin-behineko plangintzaren bigarren txantiloia, matrikularen datuak dituena, ekainaren 12a baino lehen; eta behin betiko txantiloia, ikasturtearen lehenbiziko astean bete diren tokien kopuruari buruzko datuak dituena, irailaren 30a baino lehen.
7. artikulua. Udalak tokiak gordetzea.
Udalak lau toki gordeko ditu beretako, udalerriko bizilagunek izan ditzaketen larrialdi, kasu berezi edo beharraldietan erabiltzeko.
V. KAPITULUA.–HAUR ESKOLAKO FUNTZIONAMENDU ETA BIZIKIDETZA ARAUAK, BETEBEHARRAK ETA ESKUBIDEAK
8. artikulua. Elikadura.
–Otorduak eskolako hezkuntza jarduerak dira.
–Menuak adituek prestatzen dituzte.
–Haurrendako menuak iragarki-taulan egonen dira ikusgai, eta arrazoi berezirik ez bada, ez dira aldatuko.
–Haurrak elikadura berezirik behar izanez gero (alergiak, intolerantzia, etab.) medikuaren txosten batekin arrazoiturik egon behar du haurraren aita-ama, tutore edo arduradunen bidez, eta eskolako zuzendaritzari horren berri emanen zaio, behar diren neurriak har ditzan.
–Tutoreak edo zaintzaileak ere horren berri izan beharko du, elikaduraren kontrola eramateko.
–Eskolara ezin da eraman litxarreriarik, opilik eta antzekorik.
9. artikulua. Osasuna.
–Haurrak ezin dira haur eskolan egon sukarra edo eritasun kutsakorrik izanez gero. Haur bat eri dagoela ohartuz gero, haren guraso, tutore edo arduradunei jakinaraziko zaie berehala, laster batean eskolatik ateratzeko.
–Sukarra izateagatik eskolatik atera behar izan den haurrari ez zaio itzultzen utziko, harik eta bi egun iragan arte eskola horregatik utzi zuenetik.
–Debeku da edozein motatako sendagaiak ematea, ohikoak izan gabe gerta daitezkeen salbuespenetan izan ezik.
–Eritasun kutsakorra izan duen haurraren guraso, tutore edo erantzuleek haurra artatu duen pediatraren txostena ekarri beharko dute, delako eritasuna inori kutsatzeko arriskurik ez dagoelako segurantza jasotzen duena.
–Larrialdirik edo istripurik gertatuz gero, eskolaren arduradunek haurra artatuko dute lehenik, eta gero familiari gaztigatuko diote.
–Haurrak gutxieneko baldintza higieniko sanitarioetan eduki behar dira eta hala eskatuko da, bai gorputzari bai erabili ohi duten arropari dagokionez.
–Haurrek azazkalak mozturik eta zaindurik ohi dituztela joan beharko dute eskolara.
–Izurrite edo bizkarroi aroetan, haurren guraso, tutore edo erantzuleek kasu handia emanen dute umeen gorputz higienean, eta arazoa konpontzeko produktuak emanen dizkiete.
Haurrek, nahitaez, ahalik eta arroparik erosoena eraman beharko dute, eta kontuan hartu beharko da galtzak, botoiak, gerrikoak eta abar traba direla haurrak arropa aldatzeko eta mugimenduetan beren gain moldatzeko tenorean.
–Haurrek poltsa bat izan behar dute, beren izenarekin, eta horren barrenean: aldatzeko arropa guztia, zapata eta galtzerdiak barne.
–Arropa guztiek (berokiak, txanoak, bufandak, etab.) markaturik egon beharko dute, haurraren izen-deiturekin; galduz gero, eskolak ez du galera bere gain hartuko.
–Pixoihala erabiltzen duten haurrek sorta bat ekarri beharko dute eskolara, eta horiekin batean paper-zapi bustien bertze bat ere bai; gehiago ekarri beharra dagoenean eskolako begiraleek gaztigatuko diete haurren guraso, tutore edo arduradunei.
AZKEN XEDAPENA
Ordenantza honek indarra hartuko du behar den tramitazio prozesalaren ondotik, Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu eta biharamunean, 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz.
Iragarkiaren kodea: L2507795