1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
82E/2025 EBAZPENA, ekainaren 10ekoa, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez deialdi bat egiten baita Nafarroako laneko segurtasunaren eta osasunaren arloko ikerketa sarietarako. Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren identifikazioa: 839490.
Zientziari eta Teknologiari buruzko Foru Legeak hitzaurrean jasotzen duenez, Nafarroaren aurrerakuntzarako funtsezkoa da sortzea, zabaltzea eta aplikatzea ikerketa, garapena eta berrikuntza (I+G+b), hainbat arlotan. I+G+b-k oparotasuna areagotzen du, bizi-kalitatea hobetzen du, eta konponbide sortzaileak ekartzen ditu gure gizarteak dituen desafio nagusietarako. Nafarroako gizarteak gaur egun aurrez aurre duen desafioetako bat da lan esparruko segurtasuna eta osasuna.
Laneko eta Ekonomia Sozialeko Ministerioak argitaratu zuen 2024ko urtarrila-abendua arteko istripu-tasaren inguruko datu estatistikoen aurrerapena, eta bertan adierazten da Nafarroa estatuko batezbestekoaren gainetik dagoela intzidentzia indizeari dagokionez (baja eragin duten istripuen kopurua, arriskuaren eraginpean dauden ehun mila langileko). Hala, Nafarroak 3.691ko tasa du, eta estatuko batezbestekoa 2.653,6ekoa da. Izan ere, Nafarroa da baja eragin duten lan-istripuen intzidentzia handiena duen bigarren autonomia erkidegoa.
Halaber, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak argitaratu zituen Nafarroako laneko istripu-tasaren 2024ko datuak, eta datu horiek erakusten dute mila langileko lan-istripuen intzidentzia-tasa (2024ko urtarrila/abendua aldian metatua) zertxobait jaitsi zela (2023an 42,1ekoa zen, eta 2024an 40,7koa izatera igaro zen), eta eraikuntza dela intzidentzia handiena duen sektore ekonomikoa (70,0), ondoren industria (55,7) eta, azkenik, nekazaritza (47,1).
Zoritxarreko 2024 urtean 22 lagun hil ziren lan-istripuengatik Nafarroako Foru Komunitatean, eta okerrena izan da 20 urtean.
Ikerketa zientifikoa eta berrikuntza teknologikoaren garapena (I+G+b) sustatu nahi dira laneko arriskuen prebentzioan eta laneko osasunean eta segurtasunean, eta, horretarako, sariketak egiten dira, saritu daitezen laneko segurtasunaren eta osasunaren arloa ikertzen duten lanak: gradu eta master amaierako lanik onenak –Nafarroako unibertsitate batean defendatutako lanik onenen artetik edo beste unibertsitate batean baina Nafarroako pertsona batek defendatutako lanik onenen artetik–, eta proiektu edo artikulu berritzaileena, Nafarroako I+G+b Sistemako (SINAI) eragileek landutakoen artetik.
Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak (foru lege horrek hizpide ditu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa eta foru-sektore publiko instituzionala),
EBAZTEN DUT:
1. Deialdi bat onestea, eman daitezen laneko segurtasunaren eta osasunaren arloko Nafarroako ikerketa sariak, bi modalitate hauetarako:
a) Unibertsitate ikasketen bukaerako lanik onenetarako sariak.
b) Nafarroako I+G+b Sistemako (SINAI) eragileek landutako proiektu edo artikulu berritzaileenerako saria.
2. Onestea dirulaguntza emateko oinarri arautzaileak. Ebazpen honen eranskinean bildu dira.
3. Honako kreditu hauek baimentzea, 2025eko gastu-aurrekontuaren kargura:
a) Laneko segurtasunaren arloan egin diren unibertsitate ikasketen bukaerako lanik onenak saritzeko, 3.000 euroko kreditua, honako partida honen kargura: "(E) Saria, laneko segurtasunaren arloko ikasketa-bukaerako lanari" izeneko G20001 G2100 2268 467302 partida.
b) Nafarroako I+G+b Sistemako (SINAI) eragileek landutako proiektu edo artikulu berritzaileena saritzeko, 5.000 euroko kreditua, honako partida honen kargura: "(E) Saria, SINAIk laneko segurtasunaren arloan landutako proiektu edo artikulu berritzaileenari" izeneko G20001 G2100 2268 467300 partida.
4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, zeina zuzendu behar baitzaio Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera.
Iruñean, 2025eko ekainaren 10ean.–Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako zuzendari nagusia, Rosario Martínez Ortigosa.
ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK
1. oinarria.–Xedea eta helburua.
Sari hauen helburua da sustatzea ikerketa zientifikoa eta berrikuntza teknologikoaren garapena (I+G+b), laneko arriskuen prebentzioaren arloan eta laneko segurtasunaren eta osasunaren arloan. Horretarako, lanik onenak sarituko dira, bi modalitate hauetan:
a) Laneko segurtasunaren eta osasunaren arloan egin diren unibertsitate ikasketen amaierako lanik onenetarako sariak, bi kategoria hauetan: gradu amaierako lana (GrAL) eta master amaierako lana (MAL).
b) Laneko segurtasunaren eta osasunaren arloan, Nafarroako I+G+b Sistemako (SINAI) eragileek landu duten proiektu edo artikulu berritzaileenerako saria.
2. oinarria.–Xedeko pertsonak eta entitateak.
1. Unibertsitate amaierako lanik onenen sariketan parte hartu nahi dutenek egina izan beharko dute laneko segurtasunaren arloa ikertzen duen unibertsitate ikasketen amaierako lan bat –gradu amaierakoa (GrAL) edo master amaierakoa (MAL)–, 2024-2025 ikasturtean defendatua Nafarroako unibertsitate batean. Halaber, parte hartzen ahalko dute 2024ko urtarrilaren 1etik, gutxienez, Nafarroan erroldaturik egon eta bertan bizi direnek, baldin bertan erroldaturik eta bizitzen segitzen badute, eskaera aurkezten duten unean, baldin beren lana aurkeztu eta defendatu badute Nafarroakoa ez den unibertsitate batean.
2. Parte hartu nahi izanez gero Nafarroako I+G+b Sistemako (SINAI) eragileek landutako proiektu edo artikulu berritzaileenaren sariketan, beharrezkoa izanen da eragilea, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean, akreditaturik egotea honako kategoria hauetako batean: unibertsitatea, ikerketa zentroa, zentro teknologikoa, enpresen I+G+b unitatea, osasun ikerketako institutua edo entitate berezia.
3. Deialdian parte hartzeak berekin dakar oinarriok onartzea eta men egitea epaimahaiaren erabakiei eta Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren erabakiei.
3. oinarria.–Aurkezten diren lanek bete beharrekoak.
1. Unibertsitate ikasketen amaierako lanen sariketara aurkezten diren lanek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Laneko osasunaren eta segurtasunaren ingurukoak izatea.
b) Gradu amaierako lan bati (GrAL) edo master amaierako lan bati (MAL) eskatzen zaizkion baldintza guztiak betetzea, eta dagokion ebaluazioa gainditu izana kasuan kasuko fakultate edo ikastegian.
c) Gutxienez 8 puntu jaso izana, 10etik.
d) 2024-2025 ikasturtean aurkeztua eta defendatu izana.
e) Saririk eskuratu ez izana beste GrAL eta MAL sariketa batean.
2. Lan edo artikulu bat aurkeztu nahi izanez gero Nafarroako I+G+b Sistemako (SINAI) eragileek landutako proiektu edo artikulu berritzaileenaren sariketan, honako baldintza hauek bete beharko dira:
a) Laneko osasunaren eta segurtasunaren ingurukoak izatea.
b) Ikerketa proiektuen kasuan, 2024. edo 2025. urtean amaituak izatea, eta aurkeztu ez izana Nafarroan laneko segurtasun eta osasunaren arloko sarien aurreko deialdi batean.
c) Artikulu zientifikoen kasuan, 2024. edo 2025. urtean argitaratuak izatea, eta aurkeztu ez izana Nafarroan laneko segurtasun eta osasunaren arloko sarien aurreko deialdi batean.
4. oinarria.–Aurkeztea eskaerak eta beharrezkoa den dokumentazioa.
1. Eskaerak aurkezteko epea hasiko da deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean, eta bukatuko da 2025eko urriaren 6an, egun hori barne.
2. Eskaerak telematika bidez aurkeztu behar dira nahitaez, horretarako erabiliz Nafarroako Gobernuak Interneten duen Ataria (www.nafarroa.eus), zehazki, tramiteen katalogoko fitxa (hemendik aurrera, laguntzen fitxa).
Eskaera aurkeztean, markatu beharko da erantzuna bitarte elektronikoen bitartez jasotzeko laukitxoa.
3. Agiri hauek aurkeztu beharko dira:
a) Eskabide telematikoa.
b) GrALen, MALen, ikerketa proiektuaren edo artikuluaren kopia.
Horrez gain, parte hartu nahi izanez gero unibertsitate ikasketen amaierako lanen sariketan, honako hauek aurkeztu beharko dira:
a) Lortutako kalifikazioaren frogagiria.
b) Erantzukizunpeko adierazpena, laguntzaren fitxako ereduaren araberakoa, aditzera emateko aurkeztutako lana bere horretan ebaluatu zuela dagokion unibertsitateak, eta ez duela saririk jaso beste inongo sariketatan.
c) Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera (TOE).
d) Lana aurkeztu eta defendatu bada Nafarroakoa ez den unibertsitate batean, aurkeztu beharko da 2024ko errolda- eta bizikidetza-ziurtagiria, udalak emana.
4. Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu betetzen Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 66. artikuluko betebeharrak, organo eskudunak zuzendu ditzala eskatuko dio entitate edo pertsona interesdunari, 10 egun balioduneko epean, eta ohartaraziko dio hala egin ezean ulertuko dela eskaera bertan behera utzi duela.
5. oinarria.–Balorazio irizpideak.
Balorazioa irizpide hauen arabera eginen da:
BALORAZIO IRIZPIDEAK | GEHIENEKO PUNTUAZIOA |
1) Kalitate zientifikoa eta teknikoa | 40 |
1.1. Helburuak eta metodologia | 15 |
1.2. Zorroztasuna informazio-iturrien erabileran | 15 |
1.3. Estiloaren zuzentasuna | 10 |
2) Aztergaiaren garrantzia | 60 |
2.1. Jorratutako gaiaren originaltasuna | 20 |
2.2. Aplikazio-eremua | 20 |
2.3. Inplikazio praktikoak | 20 |
GUZTIRA | 100 |
1) Kalitate zientifikoa eta teknikoa. 40 puntu, gehienez. Alderdi hauek baloratuko dira:
1.1. Helburuak eta metodologia. Baloratuko da helburuak argi eta zehatz definitzea, eta proposatutako metodologia egokia izatea helburu horiek lortzeko. 15 puntu, gehienez.
1.2. Zorroztasuna informazio-iturrien erabileran. Baloratuko da bibliografia- eta dokumentazio-iturri zabalak eta egokiak baliatzea, eta datuak egoki tratatzea. 15 puntu, gehienez.
1.3. Estiloaren zuzentasuna. Baloratuko da argiak izatea lanaren adierazpidea, idazkera eta aurkezpena. 10 puntu, gehienez.
2) Aztergai den gaiaren garrantzia, laneko segurtasunaren eta osasunaren arloko ikerketarako. 60 puntu, gehienez. Alderdi hauek baloratuko dira:
2.1. Landutako gaiaren originaltasuna: baloratuko da edukiak eta ikuspegiak duten berritasuna, aurrera egiteko laneko segurtasunaren eta osasunaren arloko ikerketan. 20 puntu gehienez.
2.2. Aplikazio-eremua: baloratuko da gaiak duen irismena, laneko segurtasunaren eta osasunaren arloko ikerketan. 20 puntu gehienez.
2.2. Inplikazio praktikoak: baloratuko da lanak ikerketari egiten dion ekarpena, laneko segurtasun- eta osasun-baldintzak hobetzeari dagokionez, eta, orobat, baloratuko da formulatzea prebentzioan inplikatutako eragile eta enpresek kontuan hartzeko moduko proposamen zehatzak. 20 puntu gehienez.
6. oinarria.–Epaimahaia.
1. Sariketaren epaitza epaimahai batek emanen du. Epaimahai horretako burua izanen da I+G+b Zerbitzuko Berrikuntza Digitalaren Poloaren Ataleko burua, eta I+G+b Zerbitzuko bi teknikari, epaimahaikideak.
2. Epaimahaiak ebaluatuko ditu aurkeztutako lanak, eta organo eskudunari proposatuko dio sariak nori eman. Saria emateko epaimahaiaren proposamena loteslea da, eta saria emateko justifikazioa izanen da haren akta.
3. Unibertsitate ikasketen amaierako lanak baloratzeko, epaimahaiak jaso ditzake Nafarroan kokatuta dauden unibertsitateen aholkua eta laguntza (Nafarroako Unibertsitate Publikoarena, Nafarroako Unibertsitatearena eta Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalarena).
7. oinarria.–Sariak.
1. Honako sari hauek emanen dira unibertsitate ikasketen amaierako lanen modalitatean:
a) Gradu amaierako lana (GrAL):
–GrAL saria, 1.000 euro.
–GrAL accesita, 500 euro.
b) Master amaierako lana (MAL):
–MAL saria, 1.000 euro.
–MAL accesita, 500 euro.
2. Honako sari hauek emanen dira proiektu edo artikulu berritzaileenaren modalitatean:
a) Proiektu berritzaileena:
–Saria, 1.500 euro.
–Accesita, 1.000 euro.
b) Artikulu berritzaileena:
–Saria, 1.500 euro.
–Accesita, 1.000 euro.
3. Epaimahaiak eman gabe utz ditzake sariak, aurkeztutako lanek ez badute behar besteko kalitaterik.
8. oinarria.–Sariak emateko ebazpena eta ordainketa.
Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako zuzendaria izanen da sariak nori eman ebazteko organo eskuduna. Ebazpena emateko eta jakinarazteko epea bi hilabetekoa izanen da gehienez, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik hasita.
Ebazpena elektronikoki jakinaraziko da, gaitutako helbide elektroniko bakarraren bidez. Jakinarazpen horretara sartzeko, eskatzaileak eduki beharko du identifikatzeko sistema elektronikoren bat, hala nola Cl@ve, NAN elektronikoa edo ziurtagiri digitala.
Ebazpen horretan berean ordainduko zaie saridunei eskuratutako sariaren zenbatekoa.
Epe horretan berariazko ebazpenik ematen ez bada, eskaera ezetsitzat joko da. Berariazko edo presuntziozko ezespenaren aurka, interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa paratzea, zeina zuzendu behar baitzaio Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari, jarraikiz administrazio prozedura erkideari buruzko legediari.
9. oinarria.–Jabetza intelektuala.
Egileek atxikiko dituzte aurkezten duten lan bakoitzaren eskubideak. Nolanahi ere, erabiltzeko baimena emanen dute, argitaratu eta zabaldu daitezen, lehiaketa honen ideiak eta balioak sustatzearren.
10. oinarria.–Datuen babesa.
Bat etorriz abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoarekin (Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko Legea), aditzera ematen da ezen eskaera bidaltzearekin eskuratuko diren datu pertsonalak honako helburu honekin tratatuko direla: dirulaguntzak ematea, kudeatzea eta kontrolatzea, hots, Nafarroan laneko segurtasunaren eta osasunaren arloan egindako unibertsitate ikasketen amaierako lanik onenetarako dirulaguntzak. Halaber, honako hau jakinarazten da:
–Tratamenduaren arduraduna: Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentua.
–Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da, interes publikoaren mesedetan egindako zeregin bat betetzeko eta botere publikoak baliatzeko (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.e art.).
–Hartzaileak: ez zaizkie datuak hirugarrenei lagako, ez bada horretarako baimena eman dutela edo araudiak hartarako gaitasuna ematen duela.
Tratatzeko bildu diren datu pertsonalei dagokienez, parte-hartzaileek eskubidea dute datuetan sartzeko, haiek zuzentzeko, ezerezteko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko. Horretarako, idatzizko eskaera egin behar zaio datuak tratatzeko arduradunari, helbide honetara:
https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/datu-pertsonalak-babesteko-eskubideak-baliatzea
Iragarkiaren kodea: F2508475