Iragarkia
146. ALDIZKARIA - 2025eko uztailaren 22a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
FONTELLAS
Udal igerilekuak erabiltzeko erregelamendua. Behin betiko onespena
Fontellasko Udalak, 2025eko martxoaren 27an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Fontellasko udal igerilekuak erabiltzeko erregelamendua.
Iragarki hori argitaratu zen 2025eko 77. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, apirilaren 22an, eta hogeita hamar egunean egon zen ikusgai udaletxeko eta web-orriko iragarki-taulan, interesdunek azter zezaten eta, nahi izanez gero, aurkez zitzaten erreklamazioak, kexak edo oharrak.
Epe hori iraganik, eta ez denez aurkeztu inolako erreklamazio, kexa edo oharrik, behin betiko onetsi da aipatutako erregelamendua, eta jarraian ematen da haren testua. Hori dena, jarraikiz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.c) artikuluari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).
Fontellasen, 2025eko maiatzaren 23an.–Alkate udalburua, María Erica Lasheras Munarriz.
FONTELLASKO UDAL IGERILEKUAK ERABILTZEKO ERREGELAMENDUA
I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.
Erregelamendu honen xedea da arautzea Fontellasko udal igerilekuen erabilera eta funtzionamendua. Igerilekuak udalaren titulartasunekoak dira, eta hark kudeatzen ditu.
Honako hauek hartzen dira udal igerilekutzat: bai igerilekuek eratutako multzoa, bai tenis pista, padel pista, sarbide eremuak, aldagelak, merenderoa, saskibaloi jokalekua, berdeguneak eta taberna-terraza.
Horren barnean sartuko dira, halaber, aurreko paragrafoan azaldutako instalazioetan dauden ondasun higigarriak eta elementuak.
2. artikulua.
Nafarroako Foru Komunitateari dagokio behar diren arauak ezartzea udal igerilekuen kalitate higieniko-sanitariorako eta segurtasuneko, jarraikiz Espainiako Konstituzioaren 43. artikuluari eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren urteko ebazpenei (horien bidez onesten dira Nafarroako igerilekuen osasun zaintzako programak). Orobat, beteko da irailaren 27ko 742/2013 Errege Dekretuak ezartzen duena (haren bidez ezartzen dira igerilekuen irizpide tekniko-sanitarioak).
Arau horiek aldaketak izaten ahal dituzte.
3. artikulua.
Udalak zehaztuko du, Kirol Zinegotzitzak proposaturik, instalazioak zer alditan egonen diren itxita, udaldiaren iraupena zein izanen den eta zer ordutan irekiko diren jendearentzat.
Eskura dagoen tokiren batean utziko da erregelamendu honen ale bat, kontsultatu ahal izateko.
II. KAPITULUA.–INSTALAZIOETARA SARTZEA
4. artikulua.
Instalazioetara sartzen ahalko dira betetzen dituztenak Fontellasko Udalak horretarako ezartzen dituen baldintzak.
Honako prozedura hauen bidez sar daiteke instalazioetara:
a) Abonuak aurkeztuz. Fontellasko Udalak gaitu behar ditu abonuak, eta behar den garaian eta behar bezala hartu behar dira.
b) Eguneko sarrerak eskuratuz.
Udalak ezarriko ditu abonu motak eta haien edukia eta forma, baita haien prezio publikoak eta sarrerenak ere, eta argitaratuko dira Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren web orrian eta sare sozialetan.
5. artikulua.
5.1. Abonuak, edonolakoak izanik ere, nominalak izanen dira, eta ezin dira zenbait pertsonaren artean partekatu.
5.2. Baldin abonatu txartela galdu, lapurtu edo hondatzen bada, horren berri eman beharko zaio Udalari.
Beste txartel bat egiteko 3 euro ordaindu beharko da.
6. artikulua.
Eguneko sarrerak aukera ematen du instalazioa egun osoan erabiltzeko.
7. artikulua.
Udal igerilekuetara sar daitezke, ikusle gisa, kirol-lehiaketetara eta/edo kirol-jardueretara joaten direnak, Udalak hala ezartzen duenean. Orobat, sar daitezke ikastaroetako ikasle adingabeen laguntzaileak, zehazten diren egunetan, ematen diren ikastaroetara joateko.
Igerilekuetara ikusle gisa sartzen direnak, edo ikastaroetako ikasleen laguntzaile gisa sartzen direnak, igerilekuan egoten ahalko dira soilik ikasle horiek parte hartzen duten programen ordutegian edo baimendutako ordutegian, eta jarduera egiten den tokian bakarrik egoten ahalko dira, ez instalazioen gainerako tokietan.
8. artikulua.
Kirol-jarduera edo kirol-ikastaro batean izena emana dutenek, baldin ez badute abonurik edo eguneko sarrerarik, soilik jarduera horrek iraun bitarterako sar daitezke instalaziora.
Jarduera hori amaitu ondoren, pertsona horiek ezin izanen dute jarraitu instalazioko zerbitzuak erabiltzen.
Aurreko paragrafoan ezarritako arauak bete ezean, pertsona horiei ohartarazpena eginen zaie, eta berriz ere falta bera egiten badute, baja emanen zaie jardueran, eskubide oro galduko dute hartan jarraitzeko, eta ezin izanen dute eskatu kuota itzultzeko.
III. KAPITULUA.–FUNTZIONAMENDURAKO ARAU OROKORRAK
9. artikulua. Ordutegiak.
9.1. Fontellasko Udalak zehaztuko ditu udal igerilekuaren ordutegiak eta erabilerak. Hauxe izanen da, hasiera batean, denboraldi bakoitzerako ordutegia: 10:00etatik 21:00etara, instalazioak hustea barne. Ordutegi hori jarriko da ongi ikusten den toki batean, instalazioetara sartzeko gunean. Fontellasko Udalak, egoerak behartuta, aldatzen ahalko du ordutegia, aldi baterako edo betiko. Betiere, ordutegi horretan ezarriko da zer ordutan utzi behar den berdegunea eta noiz itxiko diren aldagelak.
9.2. Baldin instalazioak itxi behar badira garbitu behar direlako, mantentze-lanak egin behar direlako, edo ontzietako ura berritu behar delako, besteak beste, Fontellaso Udalak horren berri emanen du behar bezala.
9.3. Botika-kutxa bat izanen da erabiltzaileen eskura, eta langile espezializatuen ardurapean egonen da igerilekuen bainu-ordutegian.
10. artikulua. Erabiltzaileen betebeharrak.
10.1. Instalazioak eta zerbitzuak egoki eta zuzen erabiltzea.
10.2. Begirunez jokatzea gainerako abonatu edo erabiltzaileekin.
10.3. Denek jokatu beharko dute jendetasuneko gutxieneko arauak betez.
10.4. Udalaren kirol instalazioen barrenean, helduek arduratu beharko dute beren ardurapean dituzten adingabeen segurtasunaz.
Erabiltzaile adin nagusikoek erantzun beharko dute, baldin eta beren gain dituzten adingabeek ez badituzte betetzen erregelamenduko arauak, edo egiten badute bertan zehaztutako arau-hausteren bat.
10.5. Debeku da txartela edo sarrera aurkeztu gabe sartzea instalazioetako edozein tokitara, salbu lehenago aipatutako kasuetan (ikastaroetako parte-hartzaileak eta laguntzaileak, eta kirol-lehiaketetako ikusleak).
10.6. Tabernako barneko terrazara sartzeko, denek aurkeztu beharko dute txartela sarbide-kontrolean, edo sarreraren prezioa ordaindu (salbu 20:00etatik aurrera), instalazio guztiak erabili behar balituzte bezala.
10.7. Instalazioak behar bezala erabili behar dira une oro, eta errespetatu behar dira erabiltzaileak, gune bakoitzaren erabilerak eta instalazioetako langileak.
10.8. Udala ez da erantzule izanen baldin objektuak ebasten edo galtzen badira bere instalazioen barnean.
10.9. Igerilekuetan, soroslea da instalazioen funtzionamenduaren arduradun nagusia, bai eta instalazioko gainerako langileak ere, eta betearazi beharko ditu Udalak ematen dituen arauak, xede bakarra izanik instalazioak zentzuz erabiltzea eta bainulari guztien segurtasuna zaintzea.
Sorosleek aginpidea dute instalazioak gaizki erabiltzen dituztenei kargu hartzeko eta, azken neurri gisa, igerilekutik kanporatzeko, baldin eta bazterrak nahasten badituzte, ekipamendua gaizki erabiltzen badute eta/edo erabiltzaileen osotasun fisikoarentzat arriskurik bada.
Sorosleen eginkizuna eta beharkizuna da igerilekuko erabiltzaile guztien segurtasuna zaintzea, eta adingabekoen gurasoak edo legezko tutoreak dira beren adingabeen arduradun nagusiak, bereziki igeri egiten ez badakite.
10.10. Instalazioaren erabiltzaileek zorrotz bete beharko dituzte ireki eta ixteko orduak, eta ezin izanen dira gelditu ixteko ordua baino denbora gehiagoz.
10.11. Erabiltzaileek erantzun beharko dute, baldin eta kalte edo galerarik eragiten badiete instalazioei edo hirugarrenei, asmo txarrez edo zabarkeriaz, Udalaren kirol instalazioetan ematen duten denboran.
11. artikulua. Erabiltzaileen eskubideak (aldez aurretik txartela aurkeztuta edo sarrera eskuratuta).
11.1. Instalazioetan libreki sartzea, abonatu txartela erakutsita, edo eguneko sarrera erakutsita, jendearentzat irekita dauden egun eta orduetan.
11.2. Instalazioak erabiltzea, jarraikiz Udalak kirol eremu bakoitzerako onesten duen araudiari.
11.3. Egoki iruditzen zaizkien erreklamazioak eta iradokizunak egitea instalazioen funtzionamenduari dagokionez.
IV. KAPITULUA.–DIZIPLINA- ETA SEGURTASUN-ARAUAK
12. artikulua.
Honako arau hauek ezartzen dira, helburu izanik instalazioen funtzionamendu egokia, arriskuen prebentzioa eta udal igerilekuen erabiltzaileen ongizatea eta gozamena:
1. Instalazioak errespetatu egin beharko dira, ongi erabili, eta errespetatu beharko dira bai erabiltzaileak (erabilera bakoitzerako gune mugatuak erabiliz), bai instalazioetako langileak.
2. Debeku da animaliak sartzea instalazioetan (itsu txakurrak izan ezik, indarreko araudiaren arabera).
3. Errespetatu egin beharko dira, kirol instalazioan, erabilera bakoitzerako gordetako guneak.
4. Debeku da piknika egitea igerilekuaren, berdeguneen eta kirol eremuen esparruan.
5. Hemezortzi urtetik gorako norbaitek gainbegiratu behar ditu une oro 10 urtetik beherako haurrak, eta haien segurtasunaz arduratuko da.
6. Debeku da igerilekuen instalazioetan erretzea.
7. Debeku da jatea horretarako ez diren tokietan, eta debekatuta dago, halaber, edozein beira mota erabiltzea instalazioetako tabernatik kanpo.
8. Debeku da paperak eta hondakinak uztea instalazioetan. Horiek botatzeko, erabili behar dira paperontziak edo bestelako ontziak.
9. Debeku da erabiltzaileak gogaitzen ahal dituen musika gailuak sartzea instalazioetara.
10. Debeku da instalazioko altzariak (mahaiak, aulkiak, eta abar) lekuz aldatzea. Erabiltzaileek errespetatu eta zaindu beharko dituzte altzariak, bankuak, lorategiak, arbolak, etab.
11. Erabiltzaileek errespetatu egin beharko dituzte instalaziorako ordutegiak, kasu eginez horretarako langileek ematen dizkieten jarraibideei.
12. Erabiltzaileak ezin dira sartu bainu-eremuan kaleko arropa eta oinetakoekin.
13. Debeku da bainu arroparen azpian barneko arropa eramatea bainatzean.
14. Bainatu baino lehen, nahitaezkoa da dutxatzea, eta erabiltzaileak ziurtatu behar du kentzen dituela krema, zikinkeriak eta, esparruan oinutsik ibili ondotik, oinetan dituen hondarrak.
15. Badira ontzietara sartzeko berariazko tokiak, eta horiek erabili behar dira.
16. Debeku da joko eta jokabide arriskutsuak egitea, laster egitea, uretara bortizki jauzi egitea, gauzak botatzea, etab., eta, oro har, beste edozer egitea, baldin trabarik edo eragozpenik sortzen badu jarduerak gauzatzeko eta erabiltzaileak bainatzeko.
17. Zortzi urtetik beherakoak ezin izanen dira bainatu jolasteko igerilekuan, salbu heldu arduradun batekin.
18. Haur txikiak baizik ezin dira ibili haur-igerilekuan edo plisti-plastakoan. Debeku da helduek erabiltzea plisti-plastako ontzia, salbu eusten badiete beren kasa moldatzen ez diren haurrei, eta, betiere, horretarako bakarrik.
19. Nahitaezkoa izanen da haurrek, oso txikiak izan arren, pixoihala edo galtzazapia erabiltzea. Debeku da ohiko pixoihalak erabiltzea, irizpide higienikoak direla eta; izan ere, horiek erabiltzeak ez du ezabatzen kontaminazio bakterianoaren iturria, hori estali baizik. Beraz, pixoihal berariazkoak erabil behar dira.
20. Debeku da sartzea gainerako erabiltzaileentzat trabagarri diren elementuak (baloiak, koltxonetak), salbu kirol instalazioak antolatzen dituen josteta jardunaldietan edo berariazko ikastaroetan.
21. Ezin dira bainatu eritasun infekto-kutsakor bat dutenak. Orobat, ezin dira bainatu baldin susmorik bada halako eritasun bat dutela, edo zauri irekirik badute, etab.
22. Haurrek, plisti-plastako ontzian, kamisetak erabiltzen ahalko dituzte, eguzkitik babesteko.
23. Helduek berariazko kamisetak erabiltzen ahalko dituzte (neoprenozkoak, kasu), betiere behar den justifikazioarekin eta sorosleak baimena eman ondotik.
24. Igerilekuetako dutxetan ezin da erabili xanpurik edo gorputza garbitzeko beste edozein produkturik.
25. Debeku dira higienearen aurkako portaerak, baita uraren kalitatea txartzen ahal dutenak ere.
26. Igerilekuko soroslearen jarraibideei kasu egin behar zaie une oro.
27. Izena eman dutenek eta ikastaroetan daudenean soilik erabiltzen ahalko dute ikastaroetarako ematen den materiala (taulak, flotatzeko mahukak, ikasmateriala, etab.).
28. Tenis eta padel pistetan eta saskibaloi jokalekuan ezin da egin pistei kalte egiten dien jokorik, eta egoki den horretarako bakarrik erabiliko dira. Padel pista orduka erreserbatu beharko da.
Pistak erabiltzen dituztenak ahaleginduko dira bertan daudenek txandaka erabil ditzaten.
Pistak gehienez ere ordubeterako alokatuko dira, eskaeren hurrenkeran. Norbaitek pistak erabili nahi dituenean libre badaude eta beste erreserbarik ez badago, eskaera egiten ahalko da erreserbarik gabeko denbora horretan erabiltzeko.
29. Aldez aurretik eskatuta eta erreserbatuta erabiltzen ahal da merenderoa. Erabiltzaileek garbitu egin behar dute erabilitako eremua.
30. Behar bezala erabili behar dira aldagelak eta komunak, eta, batez ere, garbi edukiko dira. Nahitaezkoa da txankletak edo bainuko oinetakoak erabiltzea.
Erabat hustu beharko dira instalazioak ixteko orduaren aurretik.
13. artikulua.
Arauak haustea:
Alkateak edo, bestela, hark eskuordetza ematen dionak, zilegi izanen du zehapena ezartzea arauak betetzen ez dituenari, abonatu txartela kenduz, edo instalazioetan sartzea debekatuz, aldi batez edo betiko.
Arauak irekiak gelditzen dira, eta bertan sar daiteke haietan bildu ez den edozein arazo. Udalak aztertuko ditu, eta bidezkoa den ebazpena emanen du.
Badira erreklamazio orriak, bertan jasotzeko instalazioen eta zerbitzuen funtzionamenduari buruzko kexak nahiz iradokizunak. Sinatuta aurkeztu behar dira (bertan jarrita NANa edo antzekoa eta izen irakurgarria), eta eman behar zaizkie sorosleei edo instalazioetako langileei, eta haiek, berriz, emanen dizkiote igerilekuen arduradunari, eta erregistratu eta bideratuko dira.
14. artikulua.
Gomendioak:
Instalazioak behar bezala erabiltzeko, honako gomendio hauek ezartzen dira:
1. Ez utzi arroparik aldageletan.
2. Ez ekarri baliozko objekturik igerilekuetara (instalazioak ez du izanen galdutako objektuen ardurarik).
3. Ez erabili koiperik edo oliorik igerilekuko uretara sartu baino lehen.
4. Erabiltzaileek, istripuak saihesteko, egiaztatu behar dute igerilekuetako tarte bakoitzaren sakontasuna, hara sartu baino lehen.
5. Zorrotz bete behar dira segurtasun eta higiene pertsonaleko neurriak, guztien onerako.
6. Berariaz gomendatzen da txanoa janztea.
V. KAPITULUA.–ZEHAPEN-ARAUBIDEA
15. artikulua. Falta arina.
15.1. Falta arinak dira:
–Instalazioa garbi ez edukitzea.
–Igerilekuetako instalazioetan erretzea.
–Instalazioko funtzionamendu orduak ez errespetatzea.
–Gainerako erabiltzaileak ez errespetatzea.
–Igerilekuko bainu-eremura sartzea kaleko arropa eta oinetakoak jantzita.
–Bainua hartu baino lehen ez dutxatzea.
–Txankletarik ez erabiltzea aldageletan eta bainu-eremuan.
–Gainerako erabiltzaileei traba egiten dien edo arriskua eragiten dien beste edozer.
–Horretarako ezarritako eremutik kanpo jatea.
–Gainerako erabiltzaileei traba egiten ahal dieten gauzak sartzea (baloiak, koltxonetak, etab.).
–Higienearen aurkako portaerak, baita uraren kalitatea txartzen ahal dutenak ere.
–Ikastaroetako parte-hartzaileei edo igerilariei edonola ere errieta egitea, bultzatzea edo traba egitea.
–Arduradunen jarraibideei kasu ez egitea.
15.2. Auzi arinetarako zehapenak honako hauek dira:
–Ohartarazpena egitea.
–Erabiltzaile izateari uztea, egun batetik hiru egunera bitarte.
15.3. Falta arinak jakinaraziko dira ohartarazpen idatziaren bitartez, eta bertan zehaztuko dira arrazoia eta faltaren eguna.
16. artikulua. Falta astuna.
16.1. Falta astunak dira:
–Kalteak egitea materialetan edo instalazioetan.
–Ez errespetatzea instalazioetako arduradunak.
–Instalazioetan sartzea nabarmen erakutsiz drogak hartu direla edo alkohola edan dela.
–Falta arinak behin eta berriz egitea.
16.2. Auzi astunetarako zehapenak honako hauek dira:
–Instalazioetatik kanporatzea hiru egunetik hilabetera bitarte.
16.3. Zehapenak ezarrita ere, zehatutako pertsonak berritu egin beharko ditu materialak edo altzariak, kalteak eragin badizkie material edo altzari horiei, edo, ezin bada, ordeztu beharko ditu antzeko ezaugarriak dituzten beste material edo altzari batzuekin.
17. artikulua. Falta oso astuna.
17.1. Falta oso astunak dira:
–Instalazioetan sartzeko txartelak edo bertako giltzak faltsutzea.
–Instalazioko materiala edo besteen ondasunak lapurtzea edo ebastea.
–Instalazioaren erabiltzaileei edo bertako langileei eraso egitea.
–Instalazioen barnean drogak saldu edo kontsumitzea.
–Instalazioetara sartzea edozein arma aldean eramanda.
–Falta astunak behin eta berriz egitea.
17.2. Falta oso astunen zehapenak honako hauek dira:
–Hilabete batetik gorako epean kanporatzea.
–Abonatu izaera galtzea.
17.3. Zehapenak ezarrita ere, zehatutako pertsonak berritu egin beharko ditu materialak edo altzariak, kalteak eragin badizkie material edo altzari horiei, edo, ezin bada, ordeztu beharko ditu antzeko ezaugarriak dituzten beste material edo altzari batzuekin.
18. artikulua.
Zehapenak jartzeko, jarraituko zaio administrazio publikoek zehapen ahalmena erabiltzeko ezarritakoari. Fontellasko Udaleko alkate udalburuak ezarriko ditu arau-hauste arinak, astunak eta oso astunak egiteagatiko zehapenak.
VI. KAPITULUA.–TOKIKO ELKARTEEK INSTALAZIOAK ERABILTZEA
19. artikulua.
Tokiko elkarteek, baldin behar bezala erregistratuta badaude Elkarteen Udal Erregistroan, eskatzen ahal dute instalazioak erabiltzea beren jarduerak egiteko (gizarte, kultura, kirol eta josteta arlokoak, besteak beste). Horretarako, eskaera egin behar dute idatziz, aurreikusitako jarduera egin baino gutxienez 20 egun lehenago.
20. artikulua.
Jarduera bat egiteko udal baimena duen elkarteak honako ardura hauek izanen ditu bere gain: jardueran ordenari eustea, jardueraren ondorioz sortutako zikinkeria garbitzea, bitarteko propioekin (eskuilak, zabor poltsak, jasotzaileak, eta abar), eta ordaintzea sortu dituzten kalteen kostua.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Indarrik gabe geldituko dira erregelamendu honetako xedapenei kontra egiten dieten maila bereko nahiz apalagoko xedapen guztiak.
AZKEN XEDAPENA
Alkateak interpretatuko ditu erregelamendu honetako arauak, kirol arloan eskumena duen zinegotziari entzunda. Orobat, behar diren jarraibideak emanen ditu hura aplikatzeko.
Iragarkiaren kodea: L2507597
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
