146. ALDIZKARIA - 2025eko uztailaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

208E/2025 EBAZPENA, ekainaren 3koa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez berrikusten baita ingurumen baimen integratu bat, Tafallako udal mugartean dagoen hondakin ez-arriskutsuen zabortegi batena, Hondakinak hondakindegira eramanez ezabatzea arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretura egokitzeko. Horrenbestez, instalazioak eta jarduerak berak ebazpen honen eranskinean aipatzen diren baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra Tafalla Iron Foundry S. COOP da.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 1eko 373/07 Foru Aginduaren bidez emana, gerora, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren otsailaren 26ko 148E/2019 Ebazpenaren bidez eguneratu zena.

Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta ezabatzea arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuak bere xedapen iragankor bakarrean ezarri zuen ezen, errege dekretuak indarra hartu eta gehienez hamabi hilabeteko epean, honako hauek baimena berrikustea eskatu beharko diotela autonomia erkidegoko organo eskudunari, errege dekretu horren 10., 11. eta 12. artikuluei jarraikiz: errege dekretua indarrean jartzean jardunean zeuden hondakindegi guztien titularrek, lehendik zeuden hondakindegienek barne (Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta ezabatzea arautzen duen abenduaren 27ko 1481/2001 Errege Dekretuaren 15. artikuluaren arabera baimendutakoak), eta hondakindegi horiek ustiatzen dituzten entitate guztiek. 646/2020 Errege Dekretua 2021eko uztailaren 9an sartu zen indarrean.

Hori dela eta, instalazioaren titularrak beharrezkoa den dokumentazio teknikoa aurkeztu zuen 2021eko ekainaren 1ean, eta horrekin batera ingurumen baimen integratuaren berrikuspena eskatu; beraz, baimena berrikusteko prozeduraren tramitazioari hasiera eman zitzaion.

Espedientea jendaurrean egon da hogeita hamar egunez, eta ez da alegaziorik aurkeztu.

Ebazpen proposamena hamabost egunez egon da instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean. Ebazpen honen eranskinean zerrenda bat gehitu da aurkeztutako alegazioekin eta haiei emandako erantzunekin.

Espedientea tramitatu da bat etorriz Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legea garatzen duen industria isurien Erregelamenduaren 16. artikuluan ezarritako prozedurarekin (erregelamendu hori urriaren 16ko 815/2013 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen).

Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak (foru dekretu horren bidez ezarri zen Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa),

EBAZTEN DUT:

Lehendabizikoa.–Tafallako udal mugartean dagoen hondakin ez-arriskutsuen zabortegi baten ingurumen baimen integratua berrikustea, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta ezabatzea arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretura egokitzeko. Horrenbestez, instalazioak eta jarduerak ebazpen honen eranskinean aipatzen diren baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra Tafalla Iron Foundry S. COOP da.

Bigarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotakoak (testu bategin hori abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen), ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten segituko baitu, eta, subsidiarioki, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoa.

Hirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Laugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta, haren aurka, espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, zeina zuzendu behar baitzaio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko titularrari, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, zeina zuzendu behar baitzaio Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea Nafarroako Gobernuari, uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean (lege horrek arautzen du administrazioarekiko auzien jurisdikzioa). Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.

Bosgarrena.–Ebazpen hau igortzea Tafalla Iron Foundry S. COOPera, Tafallako Udalera eta Ebroko Konfederazio Hidrografikora, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2025eko ekainaren 3an.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Raúl Salanueva Murguialday.

Oharra: Ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.

Iragarkiaren kodea: F2508583