1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
97/2025 EBAZPENA, ekainaren 12koa, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuko zuzendariak emana, eraikitzeko administrazio-baimena ematen duena elektrizitatea bateriatan biltegiratzeko "Zakubi" izeneko instalazioa eta haren ebakuazio azpiegiturak egiteko, Altsasuko udal mugartean. Espedientearen kodea: 0003-ALM.
Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuko zuzendariak 2025eko martxoaren 11n emandako 40/2025 Ebazpenaren bidez, aurretiazko administrazio-baimena eman zitzaion The Best Global Practices SLri "Zakubi" izeneko elektrizitatea bateriatan biltegiratzeko instalazioarentzat. 5 MW-ekoa da, eta Altsasun dago, 5. poligonoko 1137. lurzatian.
2025eko apirilaren 17an The Best Global Practices SLk eraikitzeko administrazio-baimena eskatu zuen biltegiratzeko instalazio baterako. Honako ezaugarri nagusiak izanen ditu:
–Potentzia izendatua: 5 MW.
–Edukiontziak: 4 (2,89 x 2,43 x 6.058 m³); bakoitzak 48 bateria modulu ditu, eta 5,015 MWh-ko biltegiratze ahalmena. Gainera, edukiontzi bakoitzak hozteko sistema bat, kontrolerako sistemak eta potentzia bihurtzeko sistemak ditu.
–Sungrow markako konbertsio eta transformazio zentroa (PCS), MVS5140-LS modeloa edo antzekoa, lineako bi gelaxka eta babeseko gelaxka bat dituena 5,5 MVA-ko potentziako eta 0,690/30 kV Dy11-ko transformadorearentzat.
–Azalera okupatua: 0,08 ha.
Bestalde, ebakuazio azpiegituretan instalazio hauek sartzen dira:
–Maniobra-, ebakitze-, babes- eta neurketa-zentroa, biltegiratzeko instalazioaren hesiaren barnean.
–30 kV-eko goi tentsioko lurpeko linea (50,91 metro) HEPRZ1 18/30 kV 3x1x95 mm² Al eroalearekin, maniobra-, ebakitze-, babes- eta neurketa-zentroa lotzeko Geltoki kaleko TZko linearen posizio berri batekin (TZ I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUren jabetzakoa da).
Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 131. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, proiektuaren separatak bidali zitzaizkion Altsasuko Udalari. Toki entitatearen 2025eko ekainaren 6ko txostenean, jakinarazten da instalazioa bateragarria dela hirigintzaren aldetik, eta jarduera hasi baino lehen, eskuratu beharko dituela dagokion jarduera sailkaturako lizentzia (edo dagokion ingurumen izapidea) eta obra-lizentzia.
Bestetik, espedientean jasota dago Ingurumen Ebaluaziorako Atalak egindako txostena, 2025eko maiatzaren 22koa, zeinaren arabera proiektuak ez baitu ingurumenaren gaineko ukipen nabarmenik eragiten. Beraz, ingurumen inpaktuaren aldeko txostena emateko, abenduaren 16an, Ingurumeneko zuzendari nagusiak eman 1313E/2024 Ebazpenak babesten du. Hala, indarrean jarraitzen dute aipatu baimenean azaldutako baldintzek.
Horregatik guztiagatik, aurkeztutako dokumentazioa aztertuta, eta Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legean xedatutakoa kontuan hartuta, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuko Azpiegitura Energetikoen Atalak ondorioztatzen du prozedura behar bezala gauzatu dela, eta proposatzen du eraikitzeko administrazio-baimena ematea The Best Global Practices SLri, elektrizitatea bateriatan biltegiratzeko "Zakubi" izeneko instalaziorako.
Adierazitakoarekin bat, Energia, Enpresa I+G+b eta Ekintzailetzako zuzendari nagusiak otsailaren 1ean emandako 10/2024 Ebazpenaren bidez (2024ko 35. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, otsailaren 16koa) eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Eraikitzeko administrazio-baimena ematea The Best Global Practices SLri elektrizitatea bateriatan biltegiratzeko "Zakubi" izeneko instalazioa (5,5 MVA-koa) eta haren ebakuazio azpiegiturak egiteko, Altsasuko udal mugartean, aurkeztutako proiektua onestea eta hogeita hamasei hilabeteko epea ematea lanak gauzatzeko.
2. Baimen hau emanda ere, instalazioaren eskatzaileak lortu beharko ditu instalazioa gauzatzeko beharrezkoak diren kontzesio, lizentzia eta baimen guztiak, publikoak nahiz pribatuak, bat etorrita aplikatzekoak diren beste xedapen batzuekin.
3. Instalazioak aurkeztutako proiektuari jarraikiz gauzatu beharko dira, eta bat etorri beharko dute honako hauetan xedatutakoarekin: Goi tentsioko instalazio elektrikoen baldintza teknikoei eta segurtasun bermeei buruzko erregelamendua onesten duen maiatzaren 9ko 337/2014 Errege Dekretua eta haren Jarraibide Tekniko Osagarriak JTO-GTE 01etik 23ra; Goi tentsioko linea elektrikoen baldintza teknikoei eta segurtasun bermeei buruzko erregelamendua onesten duen otsailaren 15eko 223/2008 Errege Dekretua eta haren Jarraibide Tekniko Osagarriak JTO-GTL 01etik 09ra; eta Behe tentsioko Erregelamendu elektroteknikoa onesten duen abuztuaren 2ko 842/2002 Errege Dekretua.
4. Behin proiektua gauzaturik, eskatzaileak zerbitzuan jartzearen akta eskatu beharko du. Eskaera horri obra-bukaerako ziurtagiria erantsi beharko zaio, teknikari fakultatibo eskudunak izenpetua, bai eta aplikatzekoa den araudian ezarritako gainerako dokumentazioa ere.
5. Ebazpen hau Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzura eta Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzura igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.
7. Ebazpen hau The Best Global Practices SLri jakinaraztea, eta ohartaraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean. Hartan espediente zenbakia adierazi beharko da.
8. Ebazpen hau Altsasuko Udalari jakinaraztea, eta aditzera ematea honen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal duela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, ezertan galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Iruñean, 2025eko ekainaren 12an.–Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuko zuzendaria, Laura Larraya Irigoyen.
Iragarkiaren kodea: F2508527