144. ALDIZKARIA - 2025eko uztailaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

191E/2025 FORU AGINDUA, ekainaren 19koa, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilariak emana, zeinaren bidez berritzen baita Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurka Borrokatzeko Nafarroako Kontseiluko idazkaritza.

Arrazakeriaren eta Xenofobiaren aurka Borrokatzeko apirilaren 5eko 13/2023 Foru Legearen 13. artikuluak ezartzen du Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurka Borrokatzeko Nafarroako Kontseilua sortuko dela, Nafarroako Foru Komunitatean etnia- edo arraza-jatorriak eragindako diskriminazioaren arloan kontsulta eta parte-hartzerako organo gorena izan dadin, arrazismoaren eta xenofobiaren aurkako borrokaren arloko eskumena duen departamentuari atxikita.

Martxoaren 27ko 30/2024 Foru Dekretuaren bidez, Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurka Borrokatzeko Nafarroako Kontseiluaren osaera, antolaketa eta funtzionamendua arautu ziren.

Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilariaren urriaren 17ko 258E/2024 Foru Aginduaren bidez, Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurka Borrokatzeko Nafarroako Kontseiluko kideak eta idazkaria izendatu ziren (2024ko 227. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, azaroaren 8koa).

Hala ere, Migrazio Politiketako Zuzendaritza Nagusiaren barne-egituran berriki egindako antolaketa-aldaketen ondorioz, Kontseiluko idazkaritza lana egiten zuten pertsonek beren eginkizunak utzi dituzte, eta, ondorioz, eginkizun horiek beren gain hartuko dituzten beste pertsona batzuk izendatu behar dira.

Horrenbestez, eta Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurka Borrokatzeko Nafarroako Kontseiluaren osaera, antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituen martxoaren 27ko 30/2024 Foru Dekretuak emandako eskudantziekin bat etorriz,

AGINTZEN DUT:

1. Pertsona hauek izendatzea Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurka Borrokatzeko Nafarroako Kontseiluko idazkari lanak egiteko:

–Titularra: Laura Laquidain Azpiroz, Karibu-Migratzaileei Harrera eta Lagun Egiteko Zerbitzuko zuzendaria.

–Ordezkoa: Carmen Remón Ochoa, Karibu-Migratzaileei Harrera eta Lagun Egiteko Zerbitzuko Harrera Ataleko burua.

2. Foru agindu hau igortzea Migrazio Politiketako Zuzendaritza Nagusira eta Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira.

3. Foru agindu hau jakinaraztea izendatu diren pertsonei eta Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurka Borrokatzeko Nafarroako Kontseilua osatzen duten gainerako interesdunei.

4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2025eko ekainaren 19an.–Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilaria, Begoña Alfaro García.

Iragarkiaren kodea: F2508942