144. ALDIZKARIA - 2025eko uztailaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

35/2025 FORU AGINDUA, ekainaren 27koa, Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez izendatzen baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren barneko informazio-sistemaren arduraduna.

Arau-hausteei buruzko informazioa ematen duten pertsonen babesa arautu eta ustelkeriaren aurka borrokatzeko otsailaren 20ko 2/2023 Legearen 5.2.g) artikuluak ezartzen duenez, nahitaezkoa izanen da barneko informazio-sistemak, haren kudeaketa formula guztietan, aipatu legearen 8. artikuluan jasotako baldintzen araberako arduradun bat izatea.

Hori horrela, otsailaren 20ko 2/2023 Legearen 8. artikuluak adierazten du legeak behartutako entitate edo erakunde bakoitzaren administrazio organoak edo gobernu organoak izanen duela eskumena barneko informazio-sistema kudeatzeko pertsona fisiko arduraduna izendatzeko, baita hura kargutik kentzeko ere.

Halaber, ekainaren 11ko 69/2025 Foru Dekretuaren 3.2 artikuluak xedatzen du ezen, integritatearen arloan eskumena duen departamentuko titularrak izendatuko duela sistemaren arduraduna, eta izendapena zein kargu-uztea Informatzailea Babesteko Agintaritza Independenteari (AAI) jakinarazi beharko zaizkiola, hamar egun balioduneko epean (foru dekretu haren bidez gaitzen eta konfiguratzen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren barneko informazio-sistema, eta haren kudeaketa xedatzen da).

Horrekin guztiarekin, eta Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 238/2023 Foru Dekretuaren 2.1 artikuluan 1.g) artikuluarekin lotuta ezarritako eskumenak baliatuta, eta Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1.h) artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabilita,

AGINTZEN DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren barneko informazio-sistemaren arduradun izendatzea Lehendakaritzako, Gobernu Irekiko eta Nafarroako Parlamentuarekiko Harremanetako zuzendari nagusia.

2. Izendapen hau jakinaraztea Informatzailea Babesteko Agintaritza Independenteari (AAI), eta igortzea Lehendakaritzako, Gobernu Irekiko eta Nafarroako Parlamentuarekiko Harremanetako zuzendari nagusiari eta Nafarroako jardunbide egokien aldeko eta ustelkeriaren kontrako Bulegoari.

3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2025eko ekainaren 27an.–Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilaria, Félix Taberna Monzón.

Iragarkiaren kodea: F2509195