144. ALDIZKARIA - 2025eko uztailaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

231E/2025 EBAZPENA, ekainaren 12koa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez ofizioz berrikusten baita Berako udal mugartean dagoen lorategirako, mendirako eta hondartzarako altzariak fabrikatzeko instalazio baten ingurumen baimen bateratua. Horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinetan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra Manufacturas Alco SA da.

Egun abian den instalazio horrek ingurumen baimen bateratua du, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen hirugarren xedapen iragankorra aplikatuta eman baitzitzaion; izan ere, jarduera hori sarturik dago aipatutako foru lege horren 1. eranskineko 2.8 taldean.

Dena dela, ez zegoen ingurumen baimen bateratuaren dokumenturik, instalazio horrek bere jarduera aurrera eramateko bete beharreko ingurumen baldintzak biltzen zituenik. Bazeuden, ordea, jarduera sailkatuaren udal lizentzia emateko edo aldatzeko zenbait ebazpen, eta horien bidez joan dira ezartzen funtzionamendurako ingurumen baldintzak denboran zehar.

Beharrezkotzat jo da jarduera sailkaturako eman diren udal lizentzia guztiak eta haien aldaketak biltzen dituen dokumentu bategin bat prestatzea, instalazioaren funtzionamenduak bete behar dituen ingurumen baldintzak zein diren errazago ikusi ahal izateko. Agiri hori onetsi zen Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariaren 434E/2024 Ebazpenaren bidez.

Azkenik, Kantauriko Konfederazio Hidrografikoak zuzentzeko aurretiazko errekerimendu bat egin zuen 2024ko abenduaren 2an, zeinean eskatzen baitzuen egokitu zitezela ingurumen baimen bateratuan hondakin urak isurtzeko aurreikusitako baldintzak, bat etor zitezen ingurumen baimen integratua emateko prozeduran erakunde horrek hondakin uren isurketaren onargarritasunari buruz egina zuen txosten loteslearen edukiarekin.

Nafarroako Gobernuak 2025eko maiatzaren 21ean hartutako erabaki baten bidez, baietsi zen Kantauriko Konfederazio Hidrografikoak eginiko aurretiazko errekerimendua, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariaren 434E/2024 Ebazpenaren aurkakoa, eta aldatu egin dira urak jabari publiko hidraulikora zuzenean isurtzeari dagozkion alderdi batzuk.

Aintzat hartuz aurretiazko errekerimendu horren edukia eta aplikatuz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 59. artikuluan xedatutakoa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak bere ekimenez hasi du prozedura hau.

Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Ofizioz berrikustea Berako udal mugartean dagoen lorategirako, mendirako eta hondartzarako altzariak fabrikatzeko instalazio baten ingurumen baimen bateratua. Horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinetan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra Manufacturas Alco SA da.

Bigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hirugarrena.–Ebazpen honen aurka, ez baitu administrazio bidea amaitzen, interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.

Laugarrena.–Ebazpen hau igortzea Manufacturas Alco SAra, Berako Udalera, Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzura, NILSAra eta Kantauriko Konfederazio Hidrografikora, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2025eko ekainaren 12an.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Raúl Salanueva Murguialday.

Oharra: Ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/ConsultasAAU.html#/ConsultaAutorizacionesAmbientalesUnificadas.

Iragarkiaren kodea: F2508553