144. ALDIZKARIA - 2025eko uztailaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.6. NAFARROAKO KONTSEILUA

IZENDAPENA, Nafarroako Kontseiluko legelari nagusi izateko.

Nafarroako Kontseiluak, 2025eko ekainaren 30ean egindako bilkuran, honako erabaki hau hartu zuen aho batez:

Nafarroako Kontseiluari buruzko ekainaren 9ko 8/2016 Foru Legeak erakunde horri autonomia organiko eta funtzionala ematen dio (1. artikulua) eta ezartzen du horko langileei Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileei aplikatzen zaien legedia aplikatuko zaiela (24. artikulua). Foru lege horren garapenean, Nafarroako Kontseiluaren Antolaketaren eta Funtzionamenduaren Erregelamenduak, otsailaren 26ko 14/2025 Foru Dekretuan integratu zenak, 40.2 artikuluan, bere plantilla organikoa eta plantillaren aldaketak onesteko eskumena esleitzen dio kontseiluari.

Erregelamendu horren 42.2 artikuluak honako hau xedatzen du: «Plantilla organikoan, legelari nagusiaren lanpostua sortzen ahalko da. Zuzendaritzako lanpostua izanen da, funtzionarioen artean libreki izendatuz betetzekoa. Legelariak berez dituen egitekoez landara, eginkizun tekniko administratiboak eta aurrekontua kudeatzekoak izanen ditu, langileen burua izanen da, eta eskuordetzen zaizkion antolaketa-eginkizunak ere beteko ditu —Nafarroako Kontseiluko kide idazkariari dagozkion eginkizun bat edo batzuk barne hartzen ahalko ditu—».

Xedapen horien arabera, Nafarroako Kontseiluak, 2025eko maiatzaren 20an egindako bilkuran, erabaki zuen Nafarroako Kontseiluaren plantilla organikoa aldatzea, legelari nagusiaren lanpostua sortzeko. Nafarroako Kontseiluaren erabakia argitara eman zen 2025eko 120. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ekainaren 17koan.

Nafarroako Kontseiluaren Antolaketaren eta Funtzionamenduaren Erregelamenduaren 42.2 artikuluak zehazten duenez, Nafarroako Kontseiluari dagokio legelari nagusiaren lanpostua beteko duen pertsona izendatzea, Nafarroako Kontseiluko eta Nafarroako Parlamentuko legelarien artean edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioen artean, baldin eta lanpostu horietan sartzeko eskatu bada Zuzenbideko gradu edo lizentzia titulua edo baliokidetzat jotako titulua. Izendatutako pertsona zerbitzu berezietako egoerara igaroko da karguaz jabetzen denetik.

Pilar Álvarez Asiáin andrea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari atxikitako funtzionarioa da –administrazio publikoko teknikaria (arlo juridikoa)– eta Nafarroako Kontseiluko legelari nagusiaren lanpostua betetzeko erregelamendu bidez eskatzen diren baldintzak betetzeaz gain, legelari nagusiaren kargua betetzeko eskatzen den esperientzia profesional zabala du, hala frogatu baitu hogeita bost urtez erantzukizun juridikoak bere gain hartuz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta foru erakundeetako hainbat lanpostutan, besteak beste Nafarroako Arartekoan eta kontseilu honetan. Izan ere, kontseiluan 2024ko irailetik aurrera da legelaria, eta behar adina kaudimen tekniko erakutsi du.

Horrenbestez, Nafarroako Kontseiluak,

ERABAKITZEN DU:

1. Pilar Álvarez Asiáin andrea Nafarroako Kontseiluko legelari nagusi izendatzea, 2025eko uztailaren 21etik aurrerako ondorioekin.

2. Erabaki hau interesdunari jakinaraztea, eta Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusira igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

3. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2025eko ekainaren 30ean.–Kontseiluko burua, Ana Clara Villanueva Latorre.–Kontseiluko idazkaria, Eduardo Santos Itoiz.

Iragarkiaren kodea: F2509385