Iragarkia
144. ALDIZKARIA - 2025eko uztailaren 18a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.3. Foru Aginduak
34/2025 FORU AGINDUA, ekainaren 26koa, Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren barneko informazio-sistemaren eta -kanalaren esparruan jasotzen diren informazio eta komunikazioen barne-kudeaketarako prozedura.
Ekainaren 11ko 69/2025 Foru Dekretuaren bidez, gaitzen eta konfiguratzen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren barneko informazio-sistema, eta haren kudeaketa xedatzen da, bete beharrez Arau-hausteei buruzko informazioa ematen duten pertsonen babesa arautu eta ustelkeriaren aurka borrokatzeko otsailaren 20ko 2/2023 Legean xedatutakoa.
Barneko informazio-sistemak aipatu legearen xedea betetzen du. Izan ere, sektore publikoan nahiz pribatuan lan egiten duten pertsona fisikoei ahalbidetzen die, baldin arau-hausteren bati buruzko informazioa lortu badute Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren esparruko lan arloaren edo arlo profesionalaren testuinguruan, 2. artikuluan adierazitako ekintza edo omisioetako bati buruz berri ematea, batez ere Europar Batasuneko zuzenbidearen arloko arau-hausteak badira, edo Ogasun Publikoari eta Gizarte Segurantzari galera ekonomikoak ekarriko dizkioten arau-hauste penal edo administratibo larriak edo oso larriak badira.
Esan bezala, ekainaren 11ko 69/2025 Foru Dekretuaren bidez, gaitzen eta konfiguratzen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren barneko informazio-sistema, eta haren kudeaketa xedatzen du. Haren 5. artikuluak xedatzen du ezen, jasotako informazioak edo komunikazioak kudeatu eta izapidetzeko, prozedura bat zehaztuko dela, eta hori integritatearen arloan eskumena duen departamentuko titularrak onetsiko duela.
Horrekin guztiarekin, Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 238/2023 Foru Dekretuaren 2.1 artikuluan 1.g) artikuluarekin lotuta ezarritako eskumenak baliatuta, aipatu foru dekretuaren 27.e) artikuluan xedatutakoa garatu eta gauzatzeko, eta Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1.h) artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,
AGINTZEN DUT:
1. Onestea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren barneko informazio-sistemaren eta -kanalaren esparruan jasotzen diren informazio eta komunikazioen barne-kudeaketarako prozedura. Foru agindu honen eranskin gisa dago jasota.
2. Foru agindu hau Lehendakaritzako, Gobernu Irekiko eta Nafarroako Parlamentuarekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusira eta departamentuetako idazkaritza tekniko nagusietara igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.
Iruñean, 2025eko ekainaren 26an.–Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilaria, Félix Taberna Monzón.
NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO ADMINISTRAZIOAREN BARNEKO INFORMAZIO-SISTEMAREN ETA -KANALAREN ESPARRUAN JASOTZEN DIREN INFORMAZIO EDO KOMUNIKAZIOEN BARNE-KUDEAKETARAKO PROZEDURA
1. Informazioen barne-kudeaketarako prozedura.
Bat eginez Arau-hausteei buruzko informazioa ematen duten pertsonen babesa arautu eta ustelkeriaren aurka borrokatzeko otsailaren 20ko 2/2023 Legearen 9.1 artikuluan xedatutakoarekin, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren barneko informazio-sistema gaitzen eta konfiguratzen duen, eta haren kudeaketa xedatzen duen ekainaren 11ko 69/2025 Foru Dekretuaren 5. artikuluan xedatutakoarekin, onesten da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren barneko informazio-sistemaren esparruan jasotzen diren informazioen edo komunikazioen barne-kudeaketarako prozedura.
2. Xedea.
Foru lege honen xedea da barne-prozedura bat ezartzea, Nafarroako Foru Komunitatearen jarduketa-esparruan kudeatzeko 2/2023 Legean araututako informazioen tratamendua (2/2023 Legea, otsailaren 20koa, Arau-hausteei buruzko informazioa ematen duten pertsonen babesa arautu eta ustelkeriaren aurka borrokatzekoa).
3. Aplikazio esparru materiala.
1. Prozedura hau aplikatzekoa izanen da otsailaren 20ko 2/2023 Legean araututako informazio edo komunikazioen tratamenduan; zehazki, 2.1 artikuluari jarraikiz, honako hauei buruzko informazio eta komunikazioetarako:
a) Europar Batasuneko zuzenbidearen arau-haustetzat har daitekeen edozein ekintza edo omisio, baldintza hauetako bat betez gero:
1. 2019/1937 (EB) Zuzentarauaren eranskinean zerrendatutako Europar Batasunaren egintzak aplikatzeko eremuaren barnean egotea (2019/1937 (EB) Zuzentaraua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2019ko urriaren 23koa, Batasuneko Zuzenbidearen arau-hausteei buruzko informazioa ematen duten pertsonak babestekoa), barneko ordenamendu juridikoak nolanahi kalifikatzen dituela ere;
2. Europar Batasunaren finantza-interesei eragitea, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 325. artikuluan ezartzen den gisan, edo
3. Barne-merkatuan eragina izatea, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 26.2 artikuluan ezartzen den gisan, barnean hartuta estatuen eskumenen eta estatuek emandako laguntzen arloan Europar Batasunean dauden arauak haustea, baita barne-merkatuaren eremuko arauak haustea ere, sozietateen gaineko zergaren arauak hausten dituzten egintzei dagokienez edo abantaila fiskala lortzeko helburua duten jardunbideei dagokienez, baldin jardunbide horiek sozietateen gaineko zergari aplikatzen zaion legeriaren xedea edo helburua hutsaltzen badute.
b) Arau-hauste penal edo administratibo astunak edo oso astunak izan daitezkeen ekintzak edo omisioak. Nolanahi ere, barne hartuko dira ogasun publikoari eta Gizarte Segurantzari kalte ekonomikoa eragiten dieten arau-hauste penal edo administratibo astunak edo oso astunak.
2. Kanpoan geratuko da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren barneko informazio-sistemaren eskumen esparruan ez dauden informazioen tratamendua, baita Foru Administrazioaren mendeko edo hari atxikitako erakundeen eskumeneko informazioena ere, baldin eta erakunde horiek barneko informazio-sistema propioa badute. Hori guztia, otsailaren 20ko 2/2023 Legeari jarraikiz.
4. Aplikazio esparru subjektiboa.
1. Barneko informazio-kanala informatzaile gisa erabiltzen ahalko dute, eta otsailaren 20ko 2/2023 Legearen babespean egoten ahalko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin lan-harreman edo harreman profesional bat duten pertsonak, baldin eta otsailaren 20ko 2/2023 Legearen 2. artikuluan azaldutako ekintzei edo omisioei buruzko informazioa emateko bada.
2. Edonola ere, eta otsailaren 20ko 2/2023 Legearen ondorioetarako, hauek izanen dira informatzaile:
a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko langile publikoak.
b) Autonomoak, baldin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin jarduera profesionalen bat badute edo izan badute.
c) Foru Administrazioarekin profesionalki lotuta dagoen enpresa bateko akziodunak, partaideek edo administrazio-, zuzendaritza- edo gainbegiratze-organoko kideak, exekutiboak ez diren kideak barne.
d) Foru Komunitateko Administrazioaren kontratistentzat, azpikontratistentzat eta hornitzaileentzat nahiz haien ikuskapenaren edo zuzendaritzaren pean lan egiten duten guztiak.
e) Arau-hausteei buruzko informazioa jakinarazten edo ematen duten informatzaileak, baldin eta informazio hori lortu badute Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin jadanik bukatua den lan- edo estatutu-harreman baten esparruan, baita boluntarioak, bekadunak eta prestakuntza-aldiko langileak ere, ordainsaria jaso nahiz ez jaso, eta halaber lan-harremana oraindik hasi gabea dutenak, baldin eta arau-hausteei buruzko informazioa lortu badute kontratua egin aurreko hautapen- edo negoziazio-prozesuan.
5. Barneko informazio-sistemaren arduraduna.
1. Sistemaren arduraduna izendatuko du integritate arloko eskumenak dituen departamentuko titularrak. Arduradunak barneko informazio-sistemaren kudeaketa arduratsua egin beharko du, eta jasotako informazio edo komunikazioak behar bezala tratatu beharko ditu.
2. Otsailaren 20ko 2/2023 Legearen 8.4 artikuluan xedatutakoaren arabera, sistemaren arduradunak modu independentean eta autonomoan garatu beharko ditu bere eginkizunak, entitateko edo erakundeko gainerako organoetatik bereizita, ezin izanen du inolako jarraibiderik jaso bere jardunean, eta beharrezko giza baliabide eta baliabide material guztiak izan beharko ditu eginkizun horiek gauzatzeko.
6. Barneko informazio-kanalaren funtzionamendurako printzipio orokorrak.
1. Barneko informazio-kanalaren bidez Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari ezer jakinarazten dioten pertsonek jakinarazitako ekintzak egiaztatzen laguntzen ahalko dute, hala nahi badute, duten informazioa edo dokumentazioa aurkeztuz.
2. Barneko informazio-kanala web-aplikazio bat da; haren "front office" izenekoa –hau da, harrera– "informazio-kanal elektronikoa" deitzen da, eta "back office" izenekoak –aplikazioaren kudeatzaileak, alegia– identifikatutako informatzaileekin zein informatzaile anonimoekin komunikatzeko baliabideak barne hartzen ditu, laguntza hori ematea bermatzeko.
Barneko kanaleko euskarriaren aplikazio informatikorako sarbidea mugatuta dago, eskumenen eta funtzioen esparruari dagokionez, sistemaren arduraduna, integritate arloan eskumena duen administrazio unitateko langileak eta sistemaren arduradunak izendatutako tratamenduaren arduradunak soilik sar daitezen.
3. Informazioen edo komunikazioen ondorioz espediente bat sortuko da, eta hori foru agindu honetan ezarritakoaren arabera tratatuko da, komunikatutako gertakarien egiantza aztertu ondoren.
4. Komunikazio edo informazio anonimoen kasuan, bai eta identifikatutakoen kasuan ere, informazio-kanal elektronikoaren kudeaketan erabateko konfidentzialtasuna egonen da bermatuta. Konfidentzialtasuna bermatuta egonda ere, datuak lagako zaizkie jurisdikzio-funtzioa gauzatzeko eskatzen dituzten auzitegiei eta epaitegiei, baita fiskaltzari ere, ikertzeko ahala gauzatzeko eskatzen baditu.
5. Egiantza egiaztatu ondoren, aztertu eta ikertuko dira gertakaria edo jokabidea identifikatzea ahalbidetzen duten, deskribapen nahikoa duten eta barneko informazio-sistemaren jarduketa eremuaren barnean dauden informazioak edo komunikazioak.
6. Ez dira onartuko, eta, beraz, ez dute egiantza egiaztatu beharko, funtsik ez duten edo argi eta garbi faltsuak diren informazioak edo komunikazioak. Ez dira onartuko, halaber, integritate arloko eskumena duen departamentuari ez dagozkion gertakarien komunikazioak, ezta agintaritza judizial batek, fiskaltzak edo polizia judizialak ikertutakoak ere.
7. Aurkezteko moduak.
1. Barneko informazio-kanalak aukera emanen du komunikazio edo informazioak idatziz edo ahoz jakinarazteko; horretarako, bide hauek egonen dira bakar-bakarrik:
–Ahal dela, "Barneko informazio-kanala" espazioa, "Informazio-kanal elektronikoa" aplikazioaren bidez, berariaz prestatutako inprimaki elektronikoa betez (aplikazioa Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren web-orrian dago).
–Posta bidez, itxitako gutun-azal batean bidaliz, sistemaren arduradunari zuzenduta, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren web-orrian agertzen den helbidera. Betiere, ezinbestekoa izanen da gutun-azalaren kanpoko aldean hau idaztea: "Barneko informazio-kanala. Konfidentziala. Ez ireki".
–Aurrez aurre, informatzaileak berak eskatuta, sistemaren arduradunarekin, eskaera egin eta zazpi egunera gehienez ere. Bileran esandakoa akta batean transkribatuko da. Galarazi gabe datuen babesari buruzko araudiaren arabera dagozkion eskubideak, informatzaileari aukera emanen zaio elkarrizketaren transkripzioa egiaztatu, zuzendu eta bere sinaduraren bidez onartzeko.
2. Komunikazioak edo informazioak aurkeztu ahal izanen dira, bai informatzaileak bere identifikazio datuak sartuta, bai modu anonimoan. Nolanahi ere, konfidentzialtasuna bermatuko da, eta informatzailearen eta ukitutako pertsonen nortasuna babestuko da, otsailaren 20ko 2/2023 Legearen 33. artikuluan xedatutakoaren arabera.
3. Tratamenduaren arduraduna ez den langile batek komunikazio edo informazio bat jasotzen badu egokia ez den kanal baten bidez, langile horrek ezin izanen du ezagutarazi informatzailea edo ukitutako pertsona identifikatzeko bide eman lezakeen informaziorik, eta komunikazioa ahalik eta lasterren igorri beharko dio, hura aldatu gabe, barneko informazio-sistemaren arduradunari.
8. Hasierako jarduketak.
1. Aurreko puntuetan adierazitako bitartekoren baten bidez informazioa edo komunikazioa jasotakoan, kudeaketa elektronikoko sisteman edo web-aplikazioan erregistratuko da, modu automatikoan (komunikazioa informazio-kanal elektronikoko inprimakiaren bidez egin bada) edo eskuz (gainerako kasuetan), eta eskuz erregistratu behar denean integritate arloko eskumenak dituen administrazioko unitateko langileek eginen dute hori. Erregistratu ondoren, jaso izanaren agiri bat bidaliko zaio informatzaileari, jaso eta zazpi egun naturaleko epean, salbu eta horrek komunikazioaren konfidentzialtasuna arriskuan jartzen ahal badu, edota modu anonimoan egin bada eta ez bada posta-helbiderik edo posta elektronikoko helbiderik adierazi.
Web-aplikazioak automatikoki sortuko du komunikazioari lotutako erregistro-zenbaki edo identifikatzaile bat, baita erabiltzaile-kode bat eta pasahitz bat ere. Informatzaileak horiek erabiltzen ahalko ditu aplikazioan sartu eta espedientearen egoera jakiteaz gain, informazio gehigarria eransteko, hala eskatzen zaionean.
Edonola ere, informazioa ahoz aurkezten badu, akta bera izanen da jaso izanaren agiria. Posta bidez aurkeztutako komunikazio edo informazioei dagokienez, jaso izanaren agiria jakinarazpen bidez helaraziko zaio informatzaileari; zehazki, hark adierazitako posta-helbidean edo posta elektronikoko helbidean.
2. Emandako informazioaren aurretiko azterketa egin ondoren, baloratuko da gertakari horiek benetan egon direlako arrazoizko egiatasun-zantzuak daudela aski jaso den, baita gertakari horien nolakotasuna dela-eta, ikertzen ahal diren. Hala, honako jarduketa hauetakoren bat abiaraziko da:
a) Komunikazioa ez onartzea, baldin eta ulertzen bada ez dagoela gertakariak egon direlako arrazoizko egiatasun-zantzurik, edo, gertakarien nolakotasuna dela-eta, ezin badira ikertu, otsailaren 20ko 2/2023 Legearen aplikazio esparruan jasota ez egoteagatik.
b) Komunikazioa edo informazioa tramitera onartzea, baldin eta ulertzen bada badaudela gertakariak egon direlako arrazoizko egiatasun-zantzuak, edo, gertakarien nolakotasuna dela-eta, ikertzen ahal direla. Horrenbestez, ukitutako departamentuaren idazkaritza tekniko nagusira igorriko da, instruitzeko.
c) Zuzenean fiskaltzari igortzea, baldin eta gertakariak delitu bat izaten ahal badira, edo Europako fiskaltzari igortzea, baldin eta gertakariek Europar Batasuneko finantza-interesak ukitzen badituzte.
d) Komunikazioa edo informazioa bidaltzea izapideak egiteko eskuduntzat jotzen den agintaritza, entitate edo erakundeari, informazioaren xede den gaia integritate arloan eskumena duen departamentuaren eskumen eremua baino zabalagoa denean.
3. Aurreko puntuan jasotako jarduketen inguruan hartzen den erabakia zazpi egun naturaleko epean jakinaraziko zaio informatzaileari, kanalaren web-aplikazioaren bidez.
9. Instrukzioa.
1. Komunikazioak ukitutako pertsona edo erakundea zer departamenturi atxikita dagoen, hark egin beharko du instrukzioa, eta jakinarazitako gertakarien egiantza egiaztatzeko jarduketa guztiak bere gain hartuko ditu.
2. Oro har, eta modu arrazoituan justifikatu ezik aztertu beharreko jarduketa erreserbatua dela, jasotako komunikazioaren edo informazioaren ondorioz ikerketa jarduketa bat abiarazten denean, ukitutako pertsonari jakinaraziko zaio (pertsona fisikoa bada), edo informazioak ukitutako administrazio organo edo unitatearen titularrari.
Ukitutako pertsonak eskubidea izanen du entzunaldi bat izateko eta gertakariei buruzko bere bertsioa azaltzeko. Azalpena idatzizko alegazioak aurkeztearen bidez egiten ahalko du, baina elkarrizketa pertsonal batean ere bai. Hori guztia, instrukzioa behar bezala garatzen dela bermatzeko ezartzen den epean eta moduan.
3. Kasu bakoitzean beharrezko jotzen diren ikerketa edo egiaztatze jarduketak eginen dira. Besteak beste, hauek:
–Datuen azterketa, ikerlanak eta beharrezko jotzen diren informazio jarduketa guztiak
–Lana behar bezala garatzeko beharrezkoak diren aurrekariak, txostenak, dokumentuak, espedienteak eta datuak jasotzea.
–Ukitutako pertsona fisikoari edo organo edo unitateari entzunaldi-izapidea ematea, informazioaren edo komunikazioaren xede diren gertakariei dagokienez.
Ikerketa jarduketak egiteko, ikergai diren organo edo unitateen titularren behar diren laguntza eta kolaborazioa izanen da une oro, baita gaian espezializatutako Foru Administrazioaren unitate eta organoena ere.
4. Instrukzio eta ikerketa jarduketak egin ondoren, instruktoreak erantzun-txosten bat prestatuko du, eta sistemaren arduradunari igorriko dio. Erantzun-txostenean, honako jarduketa hauetakoren bat jaso beharko du:
a) Jarduketak artxibatzeko proposamena, baldin eta uste badu ez dela irregulartasunik edo arau-hausterik egon, edo instrukzioaren ondoren ezinezkoa izan bada halakorik egon dela egiaztatzea.
b) Jarduketak artxibatzeko proposamena, zerbitzua hobetzeko gomendio edo proposamenekin, baldin eta irregulartasunak edo kalteak egon bai, baina ez badute zehapen-prozedura edo diziplina-prozedura bati ekitea eragiten.
c) Fiskaltzara bidaltzeko proposamena, baldin eta instrukzioan ondorioztatu bada komunikatutako gertakariak delitu bat izaten ahal badira, nahiz eta hasiera batean ezetz uste izan. Delituak Europar Batasunaren finantza interesei eragiten badie, Europako fiskaltzari igorriko zaio.
d) Inplikatutako pertsona, erakunde edo entitatea atxikita dagoen departamentuko titularrari jakinarazteko proposamena, arau-hauste administratibo bat egon daitekeela ikusten bada.
10. Prozeduraren bukaera.
1. Instrukzioa amaitzean, eta instruktoreak eginiko txosten-proposamena ikusita, sistemaren arduradunak txosten bat eginen du, eta, bertan, honako erabaki hauetako bat hartu:
a) Espedientea artxibatzea.
b) Jarduketak artxibatzea, zerbitzua hobetzeko gomendio edo proposamenekin.
c) Fiskaltzari edo Europako fiskaltzari igortzea.
d) Ukitutako pertsona edo inplikatutako erakunde edo entitatea zer departamenturi atxikita dagoen, haren titularrari jakinaraztea eginiko jarduketa guztiak, atzemandako arau-hausteak zuzendu, eta dagozkion erantzukizunak argitu ditzan, behar den prozedura abiaraztearen bidez.
2. Txosten hori informatzaileari jakinaraziko zaio, baita ukitutako pertsonari (pertsona fisikoa izanez gero) edo ukitutako administrazio organo edo unitatearen titularrari ere. Jakinarazpen horrekin batera, hala badagokio, zerbitzua hobetzeko gomendio edo proposamenak helaraziko dira.
3. Prozedura amaitzea eragotzi gabe, irregulartasunak edo akatsak izan direlako zerbitzua hobetzeko gomendio edo proposamenak eman badira, ukitutako organo edo unitateari eskatzen ahalko zaio eginiko jarduketen inguruko txosten bat presta dezala, gomendio edo proposamen horiek betetzeko eginiko jarduketekin, behar bezalako jarraipena egin ahal izateko.
4. Sistemaren arduradunak informazio edo komunikazio baten ondoriozko jarduketetan hartutako erabakiak ezin izanen dira administrazio bidetik edo administrazioarekiko auzien bidetik errekurritu, nahiz eta prozedura amaitzen duen azken ebazpenaren aurka errekurtsoak jartzen ahalko dituen organo eskudunak, aurreko 1.d) apartatuko kasuetan.
11. Prozeduraren gehieneko iraupena.
Prozeduraren iraupena, gehienez ere, hiru hilabete izanen da, jaso izanaren agiria igortzen den egunetik bertatik, edo, ez bada halakorik igorri, informazioa edo komunikazioa aurkeztu zenetik zazpi egun natural betetzen direnetik. Salbuespen izanen dira kasu oso konplexuak; horietan, iraupena luzatzen ahalko da, gehienez ere, beste hiru hilabetez.
12. Esku-hartzaileen bermeak.
Prozeduraren faseak gauzatu bitartean, esku-hartzaileak otsailaren 20ko 2/2023 Legean jasotako bermeen babespean egonen dira, prozeduran duten tokia aintzat hartuta.
Betiere, informatzaileek konfidentzialtasun bermea izanen dute, eta, nahi izanez gero, anonimoak izanen dira. Ukitutako pertsonei, aldiz, errugabetasun-presuntzioa eta ohorea errespetatuko zaie.
13. Datu pertsonalen babesa.
Foru dekretu honen xede diren informazioen tratamenduan esku hartzen duten sektore publikoko agintari eta langile guztiak behartuta egonen dira, datu pertsonalak tratatzen dituztenean, honako hauen arabera jokatzera: Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua (datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituena, eta indarrik gabe uzten duena 95/46/EE Zuzentaraua). Halaber, bete beharko dituzte Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2019ko urriaren 23ko 2019/1937 (EB) Zuzentarauaren VI. kapituluan jasotako neurriak (Batasuneko Zuzenbidearen arau-hausteei buruzko informazioa ematen duten pertsonak babestekoa).
14. Informatzailearen egoera juridikoa.
Administrazioari ordenamendu juridikoaren aurkako balizko kalteak jakinarazten dizkion pertsona, egoten ahal diren arau-hausteak jakinaraztean, ez da interesdun gisa hartuko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 62. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, bertan arautzen baita prozedura salaketa baten ondorioz hastea. Edonola ere, ikerketa jarduera abiaraztean, edo, hala badagokio, jarduketa artxibatzean, jakinarazi eginen zaio, eta informazioa eman ondoko eginiko tramitazioaren azken emaitza ere aditzera emanen zaio.
15. Ondorioak.
Prozedura honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik izanen ditu ondorioak.
Iragarkiaren kodea: F2509177
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
