Iragarkia
140. ALDIZKARIA - 2025eko uztailaren 15a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
IRUÑA
Deialdia, familia-langilearen 34 lanpostu oposizio bidez betetzeko, Udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzura aritzeko
Iruñeko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak, 2025eko ekainaren 23an, deialdia onestea erabaki zuen, oinarri hauekin bat:
OINARRIAK
1.–Deialdiaren xedea.
1.1. Deialdi honen xedea da familia-langilearen 34 lanpostu oposizio bidez betetzea, Iruñeko Udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzura aritzeko, lan araubidekoak eta D mailakoak. Lanpostu horiek izanen dira Giza Baliabideetako zuzendariak 2025eko maiatzaren 16an deitutako lekualdatze-lehiaketaren ondorioz hutsik geratzen direnak, eta horien plaza-zenbakia, betekizunak eta destinoak lanpostu hutsak hautatzeko ekitaldia egin baino lehen zehaztuko dira. Jarraian zehazten dira lekualdatze-lehiaketan deitutako lanpostuak.
Deialdia honako hauetan xedatutakoaren arabera gauzatuko da: 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena; 7/2025 Foru Legea, 2025eko ekainaren 4koa, Nafarroako Administrazio Publikoetan behin-behinekotasuna murrizteko langileen arloko aparteko eta premiazko neurriak onesten dituena; 113/1985 Foru Dekretua, ekainaren 5ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoetako lanpostuak betetzeko Erregelamendua onesten duena; aplikatzekoak diren gainerako arauak eta deialdi honetako oinarriak.
–Familia-langilea:
2-403100-112 2-403100-135 2-403100-143 2-403100-156
2-403100-159 2-403100-160 2-403100-162 2-403100-164
2-403100-171 2-403100-188 2-403100-190 2-403100-196
2-403100-198 2-403100-204 2-403100-205 2-403100-206
2-403100-231 2-403100-232
–Familia-langilea lanaldi partzialean:
2-408200-98 2-408200-99 2-408200-100 2-408200-101
2-408200-104 2-408200-105 2-408200-106 2-408200-107
2-408200-109 2-408200-131 2-408200-134 2-408200-136
2-408200-141 2-408200-142 2-408200-143 2-408200-144
Lanpostuak honako txanda hauetan banatuko dira:
–14 lanpostu igoera-txandan.
–13 lanpostu txanda irekian.
–5 lanpostu desgaitasun bat duten pertsonendako erreserbatutako txandan.
–2 lanpostu erreserba-txandan genero-indarkeriaren biktimendako.
1.2. Igoera-txandan bete gabe gelditzen diren lanpostuak, izangaiek hautapen-probak gainditzeko behar den gutxieneko puntuazioa lortu ez dutelako, txanda irekikoei gehituko zaizkie.
Orobat, desgaitasunen bat dutenendako erreserba-txandako izangaiek hautapen probak gainditzeko eskatzen den gutxieneko puntuazioa lortzen ez badute, hutsik geratzen ahal diren lanpostuak dagokien txandako lanpostuei gehituko zaizkie, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren 15.3 artikuluan ezarrita dagoen banaketa-ordenari jarraikiz.
Bestalde, igoera-txandan probak gainditzen dituzten izangaien kopurua lanpostu hutsen kopurua baino handiagoa baldin bada, txanda horretako probak gainditu eta plazarik gabe gelditzen diren izangai guztiek txanda irekiko lanpostu hutsak betetzeko aukera izanen dute, txanda horretako izangaiekin batera, lortutako azken puntuazioaren arabera.
Halaber, txanda irekiko lanpostu hutsetarako lehiatzen ahalko dira, aurreko paragrafoan zehaztutako eran, deialdiaren 8.1 oinarrian aipatutako agiriak aurkezteko epea amaitutakoan deialdi honetako 2.1.1 oinarrian berariaz ezarritako betekizunak betetzen ez dituzten igoera-txandako izangaiak.
1.3. Izendapenak eta lanpostuaz jabetzeak nomina eta plantillako lan-kontratudun finko bihurtuko dituzte izendatuak, Iruñeko Udaleko funtzionarioei buruz indarrean dauden xedapenetan adierazitako eskubide eta betebehar guztiekin, eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatu, eta bertan alta emanen zaie, aipatu araubide horretan aurreikusitako babesaren pean.
Aurrekoa gorabehera, eta Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutua onetsi zuen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuko Bederatzigarren Xedapen Gehigarriaren 3. puntuan ezarritakoarekin bat, baldin eta Montepio bateko eskubide pasiboen araubidean afiliatuta badaude, aukeratzen ahalko dute Montepio horretan geratzea, martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legeak araututako eskubide pasiboen araubidearen babespean, edo Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatzea.
2.–Betekizunak.
2.1. Izangaiek betekizun hauek bete beharko dituzte oposizioan onartuak izateko:
a) Espainiako nazionalitatea izatea, Europar Batasuneko estatu batekoa, edo Europako Erkidegoak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio langileen zirkulazio librea aplikatzen ahal den eremuko estatu batekoa.
Halaber, parte hartzen ahalko dute Espainiako nazionalitatea, Europar Batasuneko estatu batekoa edo aipatu nazioarteko itunak sinatutako beste estatuetako nazionalitatea duten herritarren ezkontideek ere, betiere zuzenbidez bereizita ez badaude, eta, orobat, beren ondorengoek eta ezkontideenek -zuzenbidez bereizita ez badaude-, hogeita bat urtetik beherakoak badira, edo adin horretatik gorakoak izanda haien kargura bizi badira.
b) Hamasei urte beteak izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko ezarritako adina gainditua ez izatea.
c) Hauetakoren bat izatea: Gizarte- eta osasun-laguntzako teknikariaren titulua edo Erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikariaren titulua, edo Mendekotasun egoeran daudenei arta emateko teknikariarena, edo Mendekotasun egoeran daudenei gizarte-erakundeetan gizarte- eta osasun-arta emateko profesionaltasun-ziurtagiria (Kodea: Sscs0208) edo Pertsonei etxean bertan gizarte- eta osasun-arta emateko ziurtagiria (Kodea: Sscs0108).
Atzerrian eskuratutako titulazioen kasuan, dagokien baliozkotzea edo, bestela, horren homologazio-egiaztagiria eduki beharko dute.
d) Behar besteko gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar dituzten eginkizunetan aritzeko.
e) Eginkizun publikoetan aritzeko desgaiturik edo gabeturik ez egotea, ezta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizita ere.
2.1.1. Berariazko betekizunak igoera-txandako izangaiendako.
Txanda honetako izangaiek, aurreko apartatuan adierazitakoez gain, honako betekizun hauek bete beharko dituzte:
a) Nafarroako edozein Administrazio Publikotako langile finko izatea, eta borondatezko nahiz behartutako eszedentzian ez egotea, non eta borondatezko eszedentzian dagoen pertsona ez den lanean ari Iruñeko Udalaren zerbitzura beste lanpostu finko edo aldi baterako batean.
b) Deialdiko lanpostu hutsen maila berekoak edo beheragokoak izatea.
c) Administrazio Publikoetan bost urteko antzinatasun aitortua izatea, Nafarroako Polizia Kidegoetako kideak salbu: horiek zortzi urtez kidego horietan benetan zerbitzu ematen arituak izanen dira.
2.1.2. Berariazko betekizunak desgaitasuna duten pertsonei erreserbatutako txandako izangaiendako.
Desgaitasuna duten pertsonendako erreserba-txandako izangaiek, 2.1.1 apartatuan adierazitako betekizunez gain, ofizialki aitortua izan beharko dute % 33ko desgaitasuna edo handiagoa.
2.1.3. Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeendako erreserba-txandako izangaien berariazko betebeharrak.
Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeendako erreserba-txandan parte hartu nahi duten emakumeek, 2.1 apartatuan aipatzen diren betebeharrak betetzeaz gainera, genero-indarkeriaren biktima izan behar dute.
2.1.4. Haurrak eta nerabeak babesteko sistema aldatzen duen uztailaren 28ko 26/2015 Legearekin bat, adingabeekin ohiko harremana edukitzea eskatzen duten lanpostuetara sartzeko ezinbestekoa da epai irmo baten bidez kondenarik jaso ez izana sexu-askatasunaren eta -ukigabetasunaren aurkako delituren batengatik edo gizakien salerosketagatik.
Betekizun hori egiaztatzeko kudeatzaileari baimena eman beharko zaio ziurtagiri hori eska diezaion Sexu-delitugileen Erregistro Zentralari, edo bestela, abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuak araututako Sexu-delitugileen Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatiboa aurkeztu beharko da.
2.2. Betekizun horiek eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean beteta eduki beharko dituzte izangaiek, eta lanpostuaren jabetza hartu arte mantendu beharko dituzte.
2.3. Izangaiek deialdi honen oinarrietan ezartzen den unean frogatu beharko dituzte aurreko betekizun horiek.
3.–Eskabideak.
3.1. Eskabideak aurkezteko epea.
Deialdian parte hartzeko eskabideak hogei egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina kontatuta. Eskabideak aurkezteko ezarritako epea luzaezina da.
3.2. Eskabidea aurkeztea eta formalizatzea.
Hautapen-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek modu telematikoan aurkeztu beharko dute eskabidea, Internet bidez, www.pamplona.es/eu webgunean, honako nabigazio-bide honi jarraikiz: "Izapideak eta lizitazioak", "Lan-eskaintzak", "Enplegu publikoa", "Enplegu publikoko deialdiak", deialdi honi dagokion aipamena.
Desgaitasunen bat duten izangaiek denboraren nahiz bitartekoen egokitzapenak eskatuz gero horiek beharrezkoak diren probetarako, hala jakinarazi beharko dute eskabidean, eta zehaztu, horretarako prestatutako tokian, zein den eskatutako egokitzapena edo zein diren eskatutako denboraren edo bitartekoen doikuntzak. Horretarako, izangaiak egoki jotzen dituen agiriak aurkezten ahalko ditu eskabidea aurkezteko unean, 3.4 apartatuan ezarritakoarekin bat.
3.3. Tasak.
Azterketa-eskubideengatik eta espedientea formalizatzeagatik ordaindu beharreko tasa 10,20 eurokoa da. Tasa modu telematikoan ordainduko da, eskabidea formalizatzeko unean, modu telematikoan ordaintzeko sistema seguru baten bidez.
3.4. Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.
Eskabidea online aurkezteko unean, izangaiek, kasuaren arabera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:
–Gizarte- eta osasun-laguntzako teknikariaren titulua edo Erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikariaren titulua, edo Mendekotasun egoeran daudenei arta emateko teknikariarena, edo Mendekotasun egoeran daudenei gizarte-erakundeetan gizarte- eta osasun-arta emateko profesionaltasun-ziurtagiria (Kodea: Sscs0208) edo Pertsonei etxean bertan gizarte- eta osasun-arta emateko ziurtagiria (Kodea: Sscs0108).
Hala nahi duenak, eskabidea aurkezteko unean, baimena ematen ahalko dio kudeatzaileari Hezkuntza Ministerioaren Datuak Ziurtatzeko zerbitzuan titulazioa egiaztatzeko, baina aukera horrek ez du beti bermatzen egiaztapena, batzuetan titulua ez baitago Ministerio horretan jasota.
Atzerrian eskuratutako tituluen kasuan, dagokien baliozkotzea edo, bestela, horren homologazio-egiaztagiria aurkeztu beharko dute.
–Deialdian igoera-txandan parte hartu nahi duten izangaiak Iruñeko Udala ez den Nafarroako beste administrazio publikoren bateko langile finkoak badira, deialdi honen 2.1.1 apartatuan jasotzen diren betekizunak betetzen dituztela frogatzeko egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte eskabidearekin batera.
–Desgaitasunen bat aitortua duten izangaiek hori frogatzeko agiria -organo eskudunak emana- aurkeztu beharko dute.
–Abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuak araututako Sexu-delitugileen Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatiboa, Pertsonen Kudeaketako Idazkari Teknikoari hura eskatzeko baimenik eman ezean.
3.5. Agiri horiek aurkezten ez dituztenak ez dira deialdian onartuak izanen, eta baliorik gabe geldituko dira haiek gauzatutako egintza guztiak, eskabidean egindako faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzunbeharra ezertan galarazi gabe.
3.6. Aski izanen da agirien kopia soilak aurkeztea; hala ere, emandako datuak edo agiriak okerrak edo faltsuak badira, horrek berekin ekarriko du horrelako kasuetarako ezarritako erantzukizun penalak, zibilak edo administratiboak eskatzea.
4.–Izangaien onarpena.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, Giza Baliabideetako zuzendariak ebazpena emanen du, izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Udalaren webgunean deialdiaren fitxan argitara dadin aginduko du.
4.2. Baztertutako izangaiek aukera izanen dute hamar egun balioduneko epean, behin-behineko zerrenda deialdiaren web-fitxan argitaratu eta hurrengo egunetik aitzina zenbatuta, erreklamazioak aurkezteko edo, hala behar izatera, egindako akatsak zuzentzeko.
4.3. Erreklamazioak aurkezteko epea amaituta eta haien gainean ebatzi ondoren, Giza Baliabideetako zuzendariak izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpena emanen du, eta deialdiaren web-fitxan argitara dadin aginduko.
4.4. Izangaiei ez zaizkie azterketa-eskubideak itzuliko baldin eta baztertuak izan badira beraiei egozten ahal zaizkien arrazoiengatik.
4.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako betekizunak. Hautapen-prozedura gainditu ondoren izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean egiaztatzen bada ez dutela betekizunen bat betetzen, interesdunek galdu eginen dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik izaten ahal dituzten eskubide guztiak, ezertan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
5.–Kalifikazio-epaimahaia.
5.1. Kalifikazio-epaimahaia kide hauek osatuko dute:
Epaimahaiburua: Juan José Gómez Jiménez. Iruñeko Udaleko Autonomia proiektuko zuzendaria.
Epaimahaiburu ordezkoa: Rubén Unanua Ruiz. Iruñeko Udaleko Gizarte Ekintzako Alorreko zuzendaria.
Epaimahaikidea: Beatriz Uriz García. Iruñeko Udalaren Etxez Etxeko Arreta Lantaldeko (EEAL) arduraduna.
Epaimahaikide ordezkoa: Margarita Moreno Fernández, Iruñeko Udaleko Gizarte Ekintzako Alorreko zuzendaria.
Epaimahaikidea: Santi Gorri Izuriaga, Mendekotasun egoeran daudenei arta emateko zikloko irakaslea Iruñeko Hezitzaile Eskola Ikastetxe Integratuan.
Epaimahaikide ordezkoa: Leire Santaolalla Marcilla, Mendekotasun egoeran daudenei arta emateko zikloko irakaslea Iruñeko Hezitzaile Eskola Ikastetxe Integratuan.
Epaimahaikidea: Nerea Espartza Pertika, langile lan-kontratudunen batzordeko ordezkaria, hark izendatua.
Epaimahaikide ordezkoa: Amaia Díaz Sadaba, langile lan-kontratudunen batzordeko ordezkaria hark izendatua.
Epaimahaikide-idazkaria: Raquel Pérez García, Iruñeko Udaleko giza baliabideetako teknikaria.
Idazkari ordezkoa: Beatriz Martínez Buldain, Iruñeko Udaleko giza baliabideetako teknikaria.
5.2. Hautaprobak egiten hasi aurretik eratu beharko da epaimahaia.
Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.
Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak bertan egon beharko dute, edo, hala behar izatera, haien ordezkoek, kontuan harturik ordezko izaten ahal direla, baita ere, epaimahaikide ordezko gisa izendatutakoak, bigarren ordezkapen bat egitea beharrezkoa izanez gero.
5.3. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari hori jakinarazi, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan horretarako ezarriak dauden arrazoiak suertatzen badira.
Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.
5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabehera guztiak.
5.5. Epaimahaiak aholkulari adituak deitzen ahalko ditu proba guztietarako nahiz batzuetarako. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira arituko, eta horietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.
6.–Oposizioaren garapena.
6.1. Oposizioa 2025eko azarotik aurrera hasiko da.
6.2. Izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko emanen den ebazpenean zehaztuko dira oposizioko proba egiteko tokia, eguna eta ordua.
6.3. Proba.
6.3.1. Lehenengoak bi ariketa izanen ditu, eta bata bestearen segidan eginen dira:
a) I. ariketa: test erako galdetegia.
Ariketa teorikoa izanen da. Izangaiek deialdi honen I. eranskinean jasotako gai-zerrendako gaiei buruzko gehienez 100 galdera -test erakoak- erantzun beharko dituzte, idatziz, 120 minutuko tartean, gehienez. Galdera bakoitzak erantzun posible batzuk izanen ditu aukeratzeko, baina bat bakarra izanen da baliozkoa. Proba egin aurretik zehaztuko dira proba hori balioesteko irizpideak eta hainbat erantzun-aukera dituzten galderetan nola zigortu akatsak.
Ariketa honetan gehienez ere 60 puntu eskuratzen ahalko dira. Bazterturik geldituko dira ariketan gutxienez 30 puntu erdiesten ez dituzten izangaiak.
b) II. ariketa: bi kasu teoriko-praktiko ebaztea.
Ariketa teoriko-praktikoa: idatziz ebatzi beharko dira Epaimahaiak deialdi honen I. eranskineko gaitegiari buruz test erako galderen bidez proposatutako bi kasu praktiko.
Bigarren ariketa honetan gehienez ere 40 puntu eskuratzen ahalko dira. Gutxienez 20 puntu erdiesten dituztenek gaindituko dute proba.
Bi ariketetako bakoitzaren gehieneko iraupena kalifikazio-epaimahaiak zehaztuko du, horiek hasi aurretik.
Aurrez aipatutako bi probak egun bakarrean edo bi egunetan egiten ahalko dira. Epaimahaiak zehaztuko du eguna.
6.3.2. Bigarren proba: gaitasun pertsonalen testa.
Nortasun orokorreko, lan-gaitasunetako edo trebetasuneko galdetegiak egin beharko dira, izangaiak lanpostuaren gaitasun-profilaren eskakizunetara zenbateraino egokitzen diren zehazteko.
Nafarroako Administrazio Publikoko Institutuak eginen ditu probak, eta haien balorazioak lotesleak izanen dira epaimahaiarentzat.
Bigarren proba hau egiteko honako hauek soilik onartuko dira: lehen probako bi ariketak gainditu dituztenen artean, lehen probako kalifikazioak batuta guztizko puntuaziorik onena lortu duten igoera-txandako 100 izangaiak eta guztizko puntuaziorik onena lortu duten txanda irekiko 100 izangaiak. Bi txandetako edozeinetan 100 izangaiko gutxieneko kopurua lortuko ez balitz, kopuru hori ez da handituko beste txandako izangaiak sartuta. Igoera-txandako eta txanda irekiko 100. tokian puntuazio bera duten izangai bat baino gehiago baleude, horiek denak onartuko dira. Gainontzeko izangaiak deialditik kanpo geratuko dira.
Proba honen puntuazioa 25 puntukoa izanen da, gehienez ere. Bazterturik geldituko dira gehieneko puntuazio globalaren erdia (12,5 puntu), gutxienez, lortzen ez duten izangaiek.
Proba egin aurretik, lanpostuaren gaitasun-profila jakinaraziko zaie parte-hartzaileei, deialdiaren web-fitxan (www.pamplona.es/eu helbidean).
6.4. Izangaiak nortasun-agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena aldean dutela azalduko dira. Oposiziotik baztertuko dira iragarritako egunean, orduan eta tokian agertzen ez diren izangaiak eta aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.
6.5. Oposizioko proba deialdiko I. eranskinean zehazten den gaiei buruzkoa izanen da.
Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutako egunean indarrean dagoen araudiaren arabera erantzutea eskatuko da gai guztietan.
6.6. Hautaprobak egin bitartean, beharrezko egokitzapenak ezarriko dira, probak egiteko denboraren nahiz bitartekoen aldetik, desgaitasuna aitortua eduki eta eskabidean halakorik eskatu duten izangaiendako.
6.7. Proba bakoitza amaituta, epaimahaiak Iruñeko Udalaren webgunean (www.pamplona.es/eu), deialdiaren laburpenean argitaratuko ditu izangaiek erdietsitako puntuazioak, eta 5 egun balioduneko epea emanen du interesdunek balorazioei buruz erreklamazioak egin ditzaten eta eskubidez komeni zaien guztia alega dezaten.
7.–Gainditu dutenen zerrenda.
7.1. Behin hautaprobak bukatuta, kalifikazio-epaimahaiak Iruñeko Udalaren webgunean (www.pamplona.es/eu) argitaratuko du probak gainditu dituzten izangaien zerrenda, oposizioan lortutako kalifikazioekin, txanden arabera banatuta eta eskuratutako puntuazio-hurrenkerarekin bat, eta zerrenda hori Giza Baliabideetako zuzendariari helaraziko dio, lanpostu hutsak aukeratzeko izapideak egin ditzan.
7.2. Amaierako emaitzetan puntu berdinketarik gertatuz gero, bigarren proban puntuazio handiagoa lortu dutenen alde ebatziko da.
Halere berdinketa ez bada hausten, zozketa bakar batez ebatziko da, horretarako deituko den ekitaldi publikoan.
8.–Lanpostu hutsak hautatzea.
8.1. Giza Baliabideetako zuzendariak lanpostu hutsak hautatzeko ekitaldirako deia eginen du, eta horretarako, argitara emanen ditu hautatu beharreko lanpostu hutsak, izangaien zerrenda -lanpostu hutsak hautatzeko puntuazio-ordenaren arabera daukaten lehentasun-hurrenkerarekin bat eta txandetan banatuak- eta lanpostu hutsak hautatzeko izangaiei ematen zaien epea.
Informazio hori Udalaren webgunean argitaratuko da.
Ondoren, izangaiek adierazi beharko dute, horretarako zehaztutako epean, deitutako lanpostu hutsetatik zein nahiago duten.
8.2. Lanpostu hutsak hautatzerakoan, % 33ko desgaitasuna edo handiagoa aitortua duten izangaiek lehentasuna izanen dute gainerako izangaien aurretik, kontuan hartu gabe zein txandaren bidez hartu duten parte.
Aurrekoa gorabehera, desgaitasunen bat duen izangairen bat baldin badago, eta desgaitasun horrek eragina badu lanpostu batean edo bestean jarduteko, lanpostuak banatzen hasi aurretik, desgaitasunera hobekien egokitzen dena eskainiko zaio, balorazio eta orientazio talde eskudunak horren gainean egiten duen txostena aztertu eta gero.
8.3. Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek, edozein txandatan eta izaera hori frogatzen badute, gainerako izangaiekiko lehentasuna izanen dute lanpostu hutsak hautatzeko orduan, hargatik eragotzi gabe desgaitasuna duten pertsonendako ezarritako lehentasun-hurrenkera.
8.4. Probak igoera-txandan gainditzen dituzten izangaiek lehentasuna izanen dute txanda irekiko izangaien aurretik deialdi honetako lanpostu hutsak aukeratzeko, desgaitasunen bat duten izangaiendako eta genero-indarkeriaren biktima diren emakumeendako kontuan hartutako salbuespen-kasuan izan ezik.
9.–Izendapen-proposamena eta agirien aurkezpena.
9.1. Epaimahaiak Tokiko Gobernu Batzarrari igorriko dio izendapen-proposamena, espediente osoarekin batera, probak gainditu dituzten izangaiak izendatze aldera, deialdian eskainitako lanpostu kopuruaren arabera.
Aipatutako izendapen-proposamena Udalaren webgunean argitaratuko da, deialdiaren fitxan.
9.2. Proposatzen diren izangaiek agiri hauek aurkeztuko dituzte Iruñeko Udalaren Erregistro Orokorraren bidez, izendapen-proposamena Udalaren webguneko fitxan argitaratu ondoko 10 egun balioduneko epean:
9.2.1. Iruñeko Udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoak ez diren izangaiak:
a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna egiaztatzen dituen agiri baliokidearena.
b) Iruñeko Udaleko zerbitzu medikoek egindako txostena, lanpostuaren eginkizunetan aritzea eragozten dion eritasun edo arazo fisiko edo psikikorik ez duela egiaztatuta.
c) Zinpeko edo zinezko adierazpena, eginkizun publikoetarako ezgaiturik edo gabeturik ez dagoela eta inongo Administrazio Publikoren zerbitzutik bereizia izan ez dela adierazita.
e) Zin egiteko edo hitza emateko agiria Nafarroako Foru Eraentza errespetatu, Konstituzioari eta Legeei men egin eta karguaren eginkizunak zintzo beteko dituela adierazita.
9.2.2. Deialdi hau egin duenaz besteko Nafarroako administrazio publiko bateko langile finkoak izanda igoera-txandan parte hartzen duten izangaiek, aurreko apartatuko dokumentazioaz gain, haien jatorrizko Administrazioan jardunean daudela egiaztatzen duen ziurtagiria aurkeztu beharko dute, eta sarrerari, antzinatasunari, mailari, egoera administratiboei eta abarri buruzko espediente pertsonalean dauden inguruabar eta aurrekari guztiei buruzko informazioa.
9.2.3. Desgaitasunen bat alegatu duten izangaiak. Desgaitasun hori deialdi honen xede den lanpostuarekin bateragarria dela egiaztatzen duen agiria ofizioz eginen dute balioespen- eta orientazio-talde eskudunek, eta espedienteari erantsiko zaio.
9.3. Agiri horiek aipatu epean -salbu behar bezala justifikatutako ezinbesteko kasuetan- aurkezten ez dituztenak eta deialdiaren 2. oinarrian eskatutako betekizunen bat betetzea egiaztatzen ez dutenak ezin izanen dira izendatuak izan, eta haien egintza guztiak baliogabeturik geldituko dira, betiere ezertan galarazi gabe haien eskabideetan egindako faltsukeriagatik legokiekeen erantzukizuna.
9.4. Aurreko apartatuan aurreikusitako kasuan, Tokiko Gobernu Batzarrak hutsunea beteko du oposizioa gainditu dutenen zerrendan, hots, 7. oinarrian aipatzen den horretan, hurren dagoen eta betekizunak betetzen dituen izangaiarekin, aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera baliatuta.
9.5. Deialdiaren xedezko lanposturako betekizunak eta baldintzak egiaztatzekoa ez den baina Iruñeko Udalak bere eskumenak gauzatuz eskatzen ahal duen beste edozein agiri eskatuko zaio proposatutako izangaiari, eta hark aurkeztuko du, deialdiaren 9.2. apartatuan ezarritakoarekin bat.
10.–Izendapena, lanpostu hutsen esleipena eta jabetza hartzea.
10.1. Tokiko Gobernu Batzarrak, erabaki bidez, Iruñeko Udaleko lan-kontratudun finko izendatuko ditu, lanpostuetan aritzeko, eta lanpostu hutsak esleituko dizkie aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duten izangaiei.
10.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta izendatutakoek izendapen-ebazpenean horretarako ezartzen den egunean hartu beharko dute lanpostuaren jabetza.
Epe horretan, ezinbesteko kasuetan izan ezik, lanpostuaren jabetza hartzen ez dutenek Iruñeko Udaleko lan-kontratudun finko bilakatzeko eskubide guztiak galduko dituzte. Hala bada, deialdiaren 9.4 apartatuan ezarritakoari jarraituko zaio.
10.3. Izangaia lan-kontratudun finko bihurtu eta, lanpostuan batere aritu gabe, zuzenean eta berak eskatuta borondatezko eszedentzia ematen bazaio lanpostuaren jabetza hartzen duen egunetik beretik –indarreko araudian ezarritako kasuetan–, kasuan kasuko lanpostu hutsa ere deialdiaren 9.4 apartatuan xedatzen den moduan beteko da.
10.4. Aurreko bi apartatuetan aipatutako kasuetan, ez da aldatuko izendapenaren aurretik egindako lanpostu hutsen hautua, eta lan-kontratudun finko berriei egoera horien ondoriozko lanpostuak esleituko zaizkie zuzenean.
11.–Jarduketen publikotasuna.
Ezertan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez modu ofizialean argitaratu beharreko izapideak, www.pamplona.es/eu udal-webgunean argitaratuko dira, deialdiaren fitxan, ariketen deialdiei eta kalifikazioei buruz epaimahaiak eman beharreko ebazpenen eta jarduketen gaineko informazioa eta interesdunendako jakingarriak izaten ahal diren argibide orokor guztiak.
12.–Aldi baterako kontratuetarako izangaien zerrendak.
12.1. Bat etorrita Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan ezarritakoarekin, oinarri honetan ezarritako prozedurarekin, eta 2017-2019 aldirako Iruñeko Udaleko eta haren erakunde autonomoetako funtzionarioen eta administrazio-araubidean kontratatutako langileen lan-baldintzei buruzko Hitzarmenaren III. eranskinean jasotako prozedurarekin -non arautzen baita Iruñeko Udaleko langileen administrazio-araubideko kontratazioa-, Giza Baliabideetako zuzendariaren ebazpenaren bidez onetsiko dira aldi baterako kontratazioetarako zerrenda hauek, hautapen-prozesuan parte hartu eta lanposturik eskuratu ez duten izangaiekin:
a) Lanposturik lortu ez, baina proba gainditu duten izangaien zerrenda.
b) Lanposturik lortu gabe oposizioa gainditu ez, baina hautapen-prozesuko lehen proba gainditu duten izangaien zerrenda.
c) Hautapen-prozesuko lehendabiziko proban ezarritako gehieneko puntuazioaren % 30 gutxienez lortu dutenen zerrenda.
Aldi baterako kontratazio-zerrendak Giza Baliabideetako zuzendariaren ebazpenaren bidez onetsiko dira.
Kontrataziorako deitutako izangaiek egiaztatu beharko dute deialdian eskatutako betekizunak betetzen dituztela kontratua egiteko unean.
12.2. Deialdian eskatutako betekizunak sarrera-prozedurako eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean bertan bete behar direla ulertuko da, eta, orobat, hautaprobak egin bitartean eta kontratazio-aldiak iraun bitartean.
12.3. Aldi baterako kontratuetarako izangaien zerrendak Iruñeko Udalaren webgunean argitaratuko dira.
12.4. Probak gainditu baina lanposturik lortu ez dutenen zerrendan, hautapen-prozesuan lortutako puntuazio altuenaren araberakoa izanen da izangaien hurrenkera.
Halaber, lanposturik eskuratu ez eta proba gainditu ez dutenen zerrendetan izangaien hurrenkera lehen proban lortutako puntuaziorik handienaren arabera zehaztuko da.
Berdinketarik bada, deialdi honetan ezarritako irizpideekin bat ebatziko dira.
12.5. Aurreko apartatuan ezarritako hurrenkerari dagokionez, 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuko zazpigarren xedapen gehigarrian xedatutakoari men eginen zaio, eta, horrenbestez, aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendan, hiru lanpostutik bat (lehena) gordeko da % 33ko desgaitasuna edo handiagoa duten zerrendako pertsonendako, baldin eta dagozkien hautaprobak gainditu eta dagozkien zeregin eta funtzioekin bateragarri direla egiaztatzen badute, betiere lortutako puntuazioa kontuan hartuta.
12.6. Halaber, 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuko hogeita zazpigarren xedapen gehigarrian xedatutakoari men eginen zaio, eta, horrenbestez, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendetan hamar lanpostutik bigarrena gordeko da genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek beteak izateko, betiere haiek kasuko hautaketa-probak gaindituz gero eta beren izaera frogatuz gero.
13.–Errekurtsoak.
Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen eta ebazpenen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, deialdia egin duen udal-organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza jakinarazi eta hurrengo egunetik aitzina kontatuta.
Deialdi honen, bere oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, errekurtso hauetariko bat paratzen ahal da, aukeran:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.
b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik aitzina.
c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.
Udalaren webgunean argitaratuko dira hala jarritako errekurtsoak nola haien gainean emandako ebazpenak, hautapen-prozesu honetako interesdunei jakinarazteko eta dei egiteko.
Iruñean, 2025eko ekainaren 23an.–Tokiko Gobernu Batzarreko jarduneko idazkaria, José Martín Abaurrea San Juan.
I. ERANSKINA-GAITEGIA
Zati orokorra.
1. gaia.–1978ko Espainiako Konstituzioa: printzipio orokorrak. Oinarrizko eskubide eta betebeharrak.
2. gaia.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena. I. titulua: Xedapen orokorrak. II. titulua: Funtzionario publikoak. III. titulua: Aldi baterako langileak. IV. titulua: Kontratatutako langileak.
3. gaia.–5/2018 Foru Legea, maiatzaren 17koa, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzkoa. I. titulua: Xedapen orokorrak. II. titulua: Gardentasuna: Gardentasuna jarduera publikoan eta publizitate aktiboa. III. titulua: Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea: arau orokorrak, hura gauzatzeko prozedura eta aurkaratze-araubidea. VI. titulua. Nafarroako Gardentasunaren Kontseilua.
4. gaia.–3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa. I. titulua: Xedapen orokorrak. II. titulua: Datuak babesteko printzipioak. III. titulua: Pertsonen eskubideak.
5. gaia.–Genero-berdintasuna: 3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eragingarrirako. Atariko titulua. I. titulua: Berdintasun-printzipioa eta diskriminazioaren kontrako babesa. II. titulua: Berdintasunerako politika publikoak. Printzipio orokorrak. V. titulua: Berdintasun-printzipioa enplegu publikoan (I., II. eta III. kapituluak).
6. gaia.–Iruñeko Udalaren Energia Trantsiziorako eta Klima Aldaketarako 2030 Estrategia: betearazpen-laburpena.
Zati espezifikoa.
1. gaia.–39/2006 Legea, abenduaren 14koa, Autonomia pertsonala sustatzeari eta mendetasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzkoa. Atariko titulua: Xedapen orokorrak. I. titulua. Autonomiaren Aldeko eta Mendetasunari Arreta Eskaintzeko Sistema. (II. kapitulua: I. titulua: Autonomiaren Aldeko eta Mendetasunari Arreta Eskaintzeko Sistemaren prestazioak eta eskaintzen dituen zerbitzuen katalogoa eta III. Kapitulua: Mendetasuna eta horren balorazioa).
2. gaia.–Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuaren (EELZ) oinarri arautzaileak arautzen dituen Ordenantza: Iruñeko Udalaren eskumenak etxez-etxeko laguntzaren arloan.
3. gaia.–Iruñeko Udalaren Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuaren zerbitzu-karta.
4. gaia.–Lehen sorospena: larrialdiko laguntzaren hasierako balorazioa, bizi-euskarriko teknikak aplikatzea, immobilizazio- eta mobilizazio-prozedurak aplikatzea eta laguntza psikologikoko eta autokontroleko teknikak aplikatzea.
5. gaia.–Zahartze-prozesua: adineko pertsonen ezaugarri fisikoak, psikikoak eta sozialak. Aztura osasungarriak, nutrizioa eta elikadura adineko pertsonetan. Laguntza teknikoak, zaintza pertsonaletarako, mugikortasunerako eta etxea egokitzeko.
6. gaia.–Depresioa eta dementzia adineko pertsonetan. Seinale nagusiak eta nola heldu familia-lanetik.
7. gaia.–Etxez-etxeko artan prebenitu eta zaindu daitezkeen alderdi sozialak.
8. gaia.–Etxez-etxeko artaren xedeko gizarte- eta familia-egoerak eta osasun-egoerak. Deskribapena, balorazioa eta nola heldu familia-lanaren ikuspegitik.
9. gaia.–Zer da EELZ: Definizioa. Helburuak. Printzipioak. Ezaugarriak. Filosofia. Prestazioak.
10. gaia.–Etxez etxeko laguntza-zerbitzua: higienea eta gizarte- zein osasun-arreta.
11. gaia.–Mendeko pertsonen etxeko mantentze-lana, garbiketa eta antolaketa. Familia-langilearen eginkizuna eta zereginak.
12. gaia.–Zaintzaileendako arreta Etxez Etxeko laguntza Zerbitzuan. Familia-langilearen esku-hartzea eta eginkizunak.
13. gaia.–Familia-langileak, nor dira, eginkizunak, harremanak beste langile batzuekin, harremanak erabiltzaileekin eta haien familiekin.
14. gaia.–Koordinatzaileak: EELZren barruko eginkizunak, harremanak familia-langileekin, beste profesional batzuekin, erabiltzaileekin eta/edo haien familiekin.
15. gaia.–Autonomia pertsonaleko programako gizarte-langileak auzo-unitateetan: EELZrekin lotutako eginkizunak.
16. gaia.–Erabiltzaileen arretarako telefono-zerbitzua. Kontzeptua, eginkizunak.
17. gaia.–Kode deontologiko profesionala. Etika profesionala gizarte-zerbitzuetan. Iruñeko Udalaren familia-langileen jarduketa-kodea.
18. gaia.–Iruñeko Udalaren jarduketa-prozedura erasoei aurre egiteko.
19. gaia.–Iruñeko Udalaren prebentzio- eta jarduketa-protokoloa sexu-jazarpenaren eta sexuan oinarritutako jazarpenaren aurka lan esparruan.
20. gaia.–Familia-laguntzako prozedurak eta protokoloak. Erabiltzaileak erori eta atea irekitzen ez badu jarduteko protokoloa. Dementzia duten pertsonekin jarduteko protokoloak.
21. gaia- Arreta integrala, pertsona erdigunean jarrita: kontzeptua. Oinarrizko printzipioak eta arretan duten eragina.
22. gaia.–Informatikako oinarrizko kontzeptuak: Word 2016 testuen tratamendua, Excel 2016 kalkulu orriak eta posta elektronikoa.
23. gaia.–Trebetasun sozialak eta gatazkak konpontzea.
Iragarkiaren kodea: L2509346
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
