140. ALDIZKARIA - 2025eko uztailaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

50/2025 FORU AGINDUA, ekainaren 11koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, zeinaren bidez ezartzen baitira Hezkuntza Departamentuaren mendeko haur-eskoletan familiei aplikatu beharreko tarifak, 2025-2026 ikasturterako.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen tasa eta prezio publikoei buruzko otsailaren 11ko 2/2021 Foru Legearen 6.1 artikuluan adierazten denez, Nafarroako Gobernuak ezarriko du zein diren prezio publikoen xede izan daitezkeen zerbitzu-emateak edo jarduerak.

Halaber, 6.2 artikuluan azaltzen du prezio publikoen zenbatekoa ezarri edo aldatuko duela prezio publikoak jaso behar dituen organoa bere mende duen departamentuak, organoak berak proposatuta.

Era berean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zein zerbitzu eta jardueratan eska daitezkeen prezio publikoak ezartzen dituen otsailaren 19ko 24/2014 Foru Dekretuak, haren 2. artikuluan, adierazten du Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen mendeko haur-eskolek ematen dituzten zerbitzuen prezio publikoak ezartzen ahalko dituela Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioak.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa zehazten duen azaroaren 15eko 245/2023 Foru Dekretuaren 26. artikuluak zehazten duenez, Haur Eskolen Zerbitzuari dagokio haur hezkuntzako lehen zikloaren kudeaketa ekonomikoa planifikatzea.

Bidezkoa da, hortaz, onestea 2025-2026 ikasturterako Hezkuntza Departamentuaren mendeko haur-eskoletan familiei aplikatu beharreko tarifak ezartzen dituen foru agindua.

Haur Eskolen Zerbitzuko zuzendariak aldeko txostena aurkeztu du, 2025-2026 ikasturterako Hezkuntza Departamentuaren mendeko haur-eskoletan familiei aplikatu beharreko tarifak ezar daitezen.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen azaroaren 15eko 245/2023 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Ezartzea 2025-2026 ikasturterako Hezkuntza Departamentuaren mendeko haur-eskoletan familiei aplikatu beharreko tarifak, foru agindu honen eranskinean jasotako oinarriekin bat.

2. Foru agindu hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Foru agindu honen aurka toki entitate interesdunek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

4. Gainerako interesdunek, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute foru agindu honen kontra, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5. Foru agindu hau eta eranskina igortzea Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, Hezkuntza Zerbitzuen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuari, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioari eta Haur Eskolen eta Landa Eskolen Atalari, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2025eko ekainaren 11n.–Hezkuntzako kontseilaria, Carlos Gimeno Gurpegui.

HEZKUNTZA DEPARTAMENTUAREN MENDEKO HAUR-ESKOLETAN FAMILIEI APLIKATU BEHARREKO TARIFAK EZARTZEA, 2025-2026 IKASTURTERAKO. OINARRIAK

Lehenbizikoa.–Tarifak ordaintzea.

1. Familia horiei aplikatu beharreko tarifak familiaren diru-sarreren eta aukeratutako ordutegi-modalitatearen arabera ordainduko dira, betiere Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ikastetxe horretarako onartua baldin badu. Familia-unitatearen per capita errentaren arabera aplikatuko dira tarifak, erreferentzia moduan hartuta eranskin honen bosgarren oinarrian agertzen direnen artean dagokion taula.

Betiere, hileko gehieneko tarifak honako hauek izanen dira:

Eskolatzea

0 euro

Jantokia

95 euro

Bigarrena.–Familia-unitatearen kontzeptua.

1. Honako hau izanen da familia-unitatearen kontzeptua: Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren 71. artikuluan araututakoa:

"71. artikulua. Familia-unitatearen kontzeptua.

1. Zerga honetarako honako hauek dira familia-unitateak:

a) Legez bereizirik ez dauden ezkontideek eta, izanez gero, adingabeko seme-alabek osatua (gurasoen baimena izanda beraiekin bizi ez direnak salbu); unitate horretan sartzen dira, halaber, kuradoretzaren mende dauden adin nagusiko seme-alabak.

b) Berariazko legeen araberako bikote egonkor bateko kideek eta, izanez gero, adingabeko seme-alabek osatua (gurasoen baimena izanda beraiekin bizi ez direnak salbu); unitate horretan sartzen dira, halaber, kuradoretzaren mende dauden adin nagusiko seme-alabak.

c) Legezko banantzeetan, edo ezkontzaren bidezko loturarik nahiz bikote egonkorrik ez dagoenean, aitak edo amak eta batarekin nahiz bestearekin bizi diren seme-alaba guztiek osatzen dutena, aurreko apartatuetan aipatzen diren baldintzak betetzen badituzte.

a), b) eta c) letretan aurreikusitakoaren ondorioetarako, tutoretza edo harrera bitartez subjektu pasiboarekin lotura duten pertsonak seme-alabekin parekatuko dira aplikatzekoa den legeria zibilean ezarritako moduan. Halaber, seme-alabekin parekatuko dira epailearen aginduz subjektu pasiboaren zaintza eta babesaren pean dauden pertsonak, aurrekoez bestelako egoeretan daudenak.

2. Inor ere ezin da aldi berean bi familia-unitatetako kide izan.

3. Familia-unitateko kideen kopurua urte bakoitzeko abenduaren 31n dagoen egoerari begiratuz zehaztuko da, familia-unitateko kideren bat urtean zehar hil bada salbu; izan ere, kasu horretan gainerako kideek baterako aitorpena aukera dezakete, hildakoaren errentak ere sartuta.

Aukera hori ez da bidezkoa ezkontideetako bat hil eta, urtea bukatu baino lehen, alarguna berriro ezkontzen bada".

2. Per capita errenta eta, ondorioz, aplikatu beharreko tarifa kalkulatzeko, familia-unitateko kidetzat hartuko dira, halaber, 2025eko urtarrilaren 1etik matrikularen haur hezkuntzako lehen zikloko ikastetxean ikasturtea hasten den egunera arte jaiotako haurrak.

3. Harreran dauden adingabeen kasuan, harrerako familiari aplikatuko zaio aurreko puntuetan xedatu dena.

4. Inguruabar guztiak behar bezala justifikatu beharko dira erakunde ofizialek emandako indarreko agirien bidez.

5. Matrikula egin ondoren, ez da aldaketarik onartuko. Salbuespena izanen da, alabaina, guraso bakarreko familia dela egiaztatzea matrikula egin ondotik eta matrikularen haur-eskolan ikasturtea hasi bitartean; baina inguruabar berri hori behar bezala justifikatu beharko da.

6. Era berean, familia-unitatearen diru-sarrerak nabarmen jaitsi badira 2025. urtean, ikasturtea hasten denera bitartean, errentak jasotzen zituen familia-unitateko kideren bat hil delako, inguruabar hori jasota utzi beharko da eta gertaeraren frogagiriak erantsi beharko dira.

7. Haur bati baja eman ondoan berriro matrikulatzen bada ikasturte berean, familia-unitatearen kide kopurua izanen da lehendabiziko matrikula egitean akreditatu zena.

Hirugarrena.–Familia-unitatearen eta per capita errentaren urteko errenta kalkulatzea.

1. Familia-unitatearen per capita errenta hau izanen da: errenta aitorpenean ageri diren likidazio oinarrien (550 laukia) batura, errenta aitorpena egitera beharturik dauden familia-unitateko kide konputagarri guztienak batuta.

2. Per capita errenta lortuko da familia-unitatearen errenta familia-unitateko kideen kopuruarekin zatituz, zeina zehaztuko baita eranskin honen bigarren oinarrian xedatutakoaren arabera.

3. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren 2024ko aitorpena aurkeztuta justifikatuko dira familia-unitatearen urteko diru-sarrerak. Aitorpena egiteko betebeharrik ez badago, egoera hori egiaztatzen duen dokumentazio ofiziala eta/edo beste errenta edo diru sarrera batzuk jasotzea akreditatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko da. Azkenik, diru-sarreren zinpeko adierazpen bat aurkezten ahalko da, egoera sozioekonomikoa akreditatzen duen txosten sozial batekin batera.

4. Interesdunek beraiek aurkez dezakete dokumentazioa, edo Hezkuntza Departamentuari baimena eman proposatutako datuak eskuratu eta kontsultatu ahal ditzan.

5. Ezarritako epearen barrenean 2024ko errenta aitorpena edo diru-sarreren frogagiriak aurkezten ez dituztenei, kuota altuena aplikatuko zaie ikasturte osoan.

Laugarrena.–Kuotaren salbuespena.

1. Kuota ordaintzetik salbuestea baloratuko da haurra arrisku sozialeko edo psikosozialeko faktoreen mende dagoenean eta, horrez gain, garapenean atzerapena duenean, egoera ekonomikoaren eta familiarraren arabera. Edonola ere, salbuespen hau onesteko inguruabarra akreditatzen duen txosten sozial bat eskatu beharko da, baita Eskubide Sozialetako Departamentuko Arreta Goiztiarreko Zerbitzuaren edo NHEBZren Arreta Goiztiarreko taldearen kasuan kasuko txostena ere.

2. Kuotaren salbuespen-eskaera dagokion udalaren gizarte zerbitzuek edo Arreta Goiztiarreko Zerbitzuak proposatu eta Hezkuntza Departamentuari igorriko diote, eta hark onartu edo ukatu eginen du, aurkeztutako txostenen arabera. Bidezkotzat joz gero, justifikazio zehatzagoa eska dezake igorritako proposamenari buruz.

3. Dagokion tarifa bere gain hartuko du Hezkuntza Departamentuak.

Bosgarrena.–Murriztapenak.

1. Oro har, lehenbiziko oinarrian ezarritako tarifak per capita errentaren arabera murriztuko dira. Honako taula hauetan jaso dira ordaindu beharreko tarifak:

a) Familia orokorrak:

PER CAPITA ERRENTAREN TARTEAK

JANTOKIKO TARIFA

Hemendik

Honaino

> 15.000

95

12.400,01

15.000

95

10.700,01

12.400

95

9.300,01

10.700

95

7.980,01

9.300

84

6.650,01

7.980

84

5,500,01

6.650

66

4.500,01

5.500

58

3350,01

4.500

56

< 3.350,01

52

b) Guraso bakarreko familiak:

PER CAPITA ERRENTAREN TARTEAK

JANTOKIKO TARIFA

Hemendik (eurotan)

Honaino (eurotan)

> 15.000

84

12.400,01

15.000

84

10.700,01

12.400

84

9.300,01

10.700

84

7.980,01

9.300

66

6.650,01

7.980

66

5,500,01

6.650

52

4.500,01

5.500

42

3350,01

4.500

32

< 3.350,01

25

2. Bi anai-arrebak edo gehiagok jantokia erabiltzen dutenean, lehenengoak diru-sarreren arabera dagokion tarifa ordainduko du, eta hurrengoei jantokiko gutxieneko tarifa dagokie.

Seigarrena.–Tarifen doikuntza.

1. Jantokiko tarifak ikasturtean zehar ordainduko dira, hileko 10,5 kuotatan.

2. Haurrek jantokiko kuota osoa ordaindu beharko dute ikasturte osoan zehar, kasu hauetan izan ezik:

–Haur sartu berriak: haur-eskolan sartu berri diren haurrek jantokiko kuota ordainduko dute hileko 10 kuotatan.

–Matrikula ikastaroa hasi ondoren egitea: matrikula egiten den hilabetetik aurrera ordainduko dira hilabeteko kuotak. Hala ere, 15. egunetik aurrera egiten bada (egun hori barne), lehenengo hilabetea dagokion hileko tarifaren %50 izanen da.

–Erabiltzailearen borondateari egotzi ezin zaizkion kausak: Hezkuntza Departamentuak ezarriko du zer epe eta baldintza egonen diren kasu hauetan jantokiko hilabeteko kuota aldatzeko.

–Justifikatutako hutsegiteak: salbuespenez, jantokiko tarifa egokitzea baloratuko da, behar bezala justifikatutako hutsegite asko badago.

3. Hilabetea hasi ondoren nahitaezko baja gertatzen bada, ordainagiriaren zenbatekoa ez da itzuliko eta haren itzulketa ez da onartuko.

Zazpigarrena.–Bajak.

1. Haurraren matrikula egin ondoren haur-eskolan baja hartu nahi duten familiek, baja eskaera bat aurkeztu beharko dute.

2. Ikasturtea hasi baino lehen baja hartzeko, baja eskaera eskabide orokor bidez aurkeztuko da Hezkuntza Departamentuaren Erregistroan (San Domingo kalea z.g., Iruña), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako beste edozein tokitan, Haur Eskolen Zerbitzuari zuzenduta.

3. Ikasturtea hasi ondoren, haur-eskolan baja hartzeko eskaerak idatziz aurkeztu beharko dira, ikastetxeko zuzendaritzak emaniko inprimaki baten bidez.

4. Jantokiko ordainagiria ez igortzea nahi bada, eskola uzteko eskaera aurkezteko azken eguna aurreko hilabeteko azken eguna izanen da.

5. Justifikatutako hutsegiteen kasuan, erabiltzaileak eskubidea izanen du ikaspostua behar-beharrezkoa den epean soilik mantentzeko, betiere dokumentu bidez justifikatuta badago.

6. Hezkuntza Departamentuak eskumena izanen du familiak alegatzen duen arrazoia justifikatutzat edo ez-justifikatutzat hartzeko, baita ikaspostua erreserbatzeko denborari buruz erabakitzeko ere.

7. Eskolara ez joateko arrazoia desagertu ondoren haurra ikastetxera itzultzen ez bada, baja emanen zaio, eta itxaron-zerrendan dagoen lehenbizikoari eskainiko zaio ikaspostu hutsa.

Zortzigarrena.–Ez-ordaintzeak.

Hezkuntza Departamentuak errekerituko ditu familiek ordaindu gabeko kuotak, legez bidezkoa den prozeduraren bitartez.

Iragarkiaren kodea: F2508610