1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
993/2025 EBAZPENA, 2025eko martxoaren 21ekoa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako errektoreordeak emana, zeinaren bidez zuzentzen baita ebazpen honetan ikusitako akatsa: "557/2025 EBAZPENA, 2025eko martxoaren 19koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako errektoreordeak emana, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Unibertsitate Publikoan eskainitako mikrokredentzialen matrikularako dirulaguntzak emateko prozedura. Mikrokredentzialak Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak sinatutako hitzarmen baten babesean emanen dira, eta Next Generation EU funtsekin finantzatu". DDBN identifikazioa: 822769.
557/2025 Ebazpena, hain zuzen, 2025eko martxoaren 19an argitaratu zen Unibertsitatearen iragarki ohol elektronikoan. Hilabete horretako 25ean, Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean argitaratu zen, eta ondoren, apirilaren 1ean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean. Kasu guztietan, gaztelaniaz eta euskaraz argitaratu zen ebazpena.
Horiek horrela, akats bat ikusi da euskarazko ebazpenean -Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Unibertsitatearen iragarki ohol elektronikoan argitaratua-; beraz, zuzendu egin behar da, gaztelaniazko ebazpenean agertzen den eranskina euskarazko ebazpenari in fine erants dakion euskaraturik.
Ikusirik Nafarroako Unibertsitate Publikoko Sarbidearen, Beken eta Tituluen Ataleko buruak egindako txosten-proposamena.
Errektoretza Taldearen egitura orokorra eta eginkizunak onesten dituen 2023ko ekainaren 20ko 1306/2023 Ebazpenaren bidez Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak delegatu dizkidan eskumenak erabiliz -ebazpen hori Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak 2025eko otsailaren 25ean emandako 351/2025 Ebazpenak aldatu zuen-,
EBAZTEN DUT:
Lehenbizikoa.–Ebazpen honen euskarazko bertsioan ikusitako akatsa zuzentzea: "557/2025 EBAZPENA, 2025eko martxoaren 19koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako errektoreordeak emana, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Unibertsitate Publikoan eskainitako mikrokredentzialen matrikularako dirulaguntzak emateko prozedura. Mikrokredentzialak Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak sinatutako hitzarmen baten babesean emanen dira, eta Next Generation EU funtsekin finantzatu". Zehazki, gaztelaniazko ebazpenean argitaratua dagoen eranskina in fine eta euskaraturik erantsiko zaio euskarazko ebazpenari.
Bigarrena. Ebazpen hau aditzera ematea Kontabilitate Atalari, Aurrekontuen eta Ekonomia Plangintzaren Atalari eta Kontu-hartzailetza eta Ikuskaritza Zerbitzuari.
Hirugarrena.–Agindua ematea ebazpen hau eta haren eranskina Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektronikoan argitaratu dadin.
Laugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean argitara dadila agintzea.
Bosgarrena.–Ebazpen honek administrazio bidea agortzen du, Unibertsitate Sistemari buruzko 2023ko martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoaren 38.4 artikuluak xedatzen duenaren arabera, eta zilegi da haren kontra aukerako berraztertzeko errekurtsoa jartzea, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegietan, bi hilabeteko epean bi kasuetan, biak ere jakinarazpena eta biharamunetik kontatzen hasita. Iruñean, 2025eko maiatzaren 21ean. Cristina Bayona Sáez, Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako errektoreordea
ERANSKINA, NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO IKASLEEN GAIETARAKO, ENPLEGUKO ETA EKINTZAILETZAKO ERREKTOREORDEAK EMANDAKO EBAZPENARENA, ZEINAREN BIDEZ ZUZENTZEN BAITA 2025EKO MARTXOAREN 19KO 557/2025 EBAZPENEAN IKUSITAKO AKATSA
II. eranskina: Errekuperazioko, Eraldaketako eta Erresilientziako Planeko jarduketak egiteko beharrezkoa den konpromisoa hartzeko adierazpenaren eredua
Errekuperazioko, Eraldaketako eta Erresilientziako Planaren ondoriozko baliabideekin finantzatutako dirulaguntza batzuen onuraduna naizenez gero -zeinak Planaren 21. osagaiko 6. inbertsioan zehaztutako helburuak lortzeko («Mikrokredentzial unibertsitarioak») beharrezko jarduketak egiteko baitira-, aditzera ematen dut konpromiso hau hartzen dudala: beteko ditudala iruzurra, ustelkeria eta interes gatazka prebenitzeko eta detektatzeko arau juridiko, etiko eta moralekin lotutako estandar zorrotzenak, hartuko ditudala horretarako neurriak eta behar diren agintariei jakinaraziko dizkiedala gai horri dagokionez antzematen ditudan arau-hausteak.
Horretaz gain, Errekuperazioko, Eraldaketako eta Erresilientziako Planaren edukia kontuan hartuta, konpromisoa hartzen dut Planaren esparruko jarduketak egitean ekonomia zirkularraren printzipioak errespetatzeko eta ingurumenean kalte negatibo esanguratsurik ez eragiteko («DNSH», ingelesez «do no significant harm»), batik bat, 2020/852 (EB) Erregelamenduaren 17. artikuluan adierazitako ingurumeneko sei helburuei dagokienez. Bestetik, aditzera ematen dut ez dudala finantzaketa bikoitzik jaso, eta, halakorik egonen balitz, nik dakidanez, jasotako finantziazioak ez duela arriskurik Estatuaren dirulaguntzen erregimenarekin bateraezina izateko.
Onuradunak sinatua:
Iragarkiaren kodea: F2509315