Iragarkia
140. ALDIZKARIA - 2025eko uztailaren 15a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
LESAKA
Lesakako Udaleko parte-hartze araudia. Behin betiko onespena
Lesakako Udalak, 2025eko martxoaren 27an egindako ohiko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Lesakako Udaleko parte-hartze araudia.
Erabaki hori jendaurrean jarri da hogeita hamar eguneko epean. Aurrez, Udalaren iragarki taulan eta 2025eko apirilaren 15eko Nafarroako Aldizkari Ofizialean (75. zk.) ediktuak argitaratu ziren, eta ez zen alegaziorik aurkeztu jendaurreko epean.
Ondorioz, ordenantza behin betiko onetsi da, eta dagozkion ondoreetarako osorik argitaratzeko agintzen da; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin bat.
Behin betiko onespen honen kontra errekurtso hauetakoren bat aurkezten ahal da:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo auzi-jartzaileari zuzendua, hots, Udaleko osoko bilkurari, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Salari edo Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.
Lesakan, 2025eko ekainaren 16an.–Alkatea, Ladis Satrustegui Alzugaray.
Lesakako Udaleko Parte-hartze Araudia
Arrazoien azalpena
Parte-hartze araudi hau onartzearekin batera, Lesakako Udalak herritarren parte-hartze demokratikoa eta Udalaren gardentasuna bultzatu nahi ditu. Udalak, proposamenak txertatzeko borondatea erakusteaz gain, hemen erregulatzen diren parte-hartzeko eskubideak eraginkorrak izan daitezen lan egingo du, horretarako, sistema egokia sortuz.
Lesakako Udalak, aurre-proposamenak udal arloetako eguneroko lanetan txertatzeko borondate irmoa adierazten du.
Hortaz gain, udalak araudi honetan onartutako eskubideak bereziki babestuko ditu, eta errespetatzen ez dituen edo hausten dituen udal autoritate edo langileari ardurak eskatuko dizkio.
Erregelamendu honekin parte hartzeko bideak ezartzearen alde egiten da, horrela norbanakoek, elkarteek, entitateek eta kolektibo ezberdinek herriko erabaki ezberdinetan parte-hartzeko aukera izan dezaten. Hortaz gain eta aldi berean, gardentasuna bermantu nahi da udal-kudeaketan, herritarren beharrak hobeki asebetez.
Definizio orokorrak
1. artikulua. Lesakako herritarrak.
–Lesakarra da Lesakan erroldatuta dagoen edonor.
–Araudi honek 16 urtetik gorako guztiei eragingo die.
–Udalean gutxienez urte bateko aintzinatasunarekin erroldatuta dauden 16 urtetik gorako herritarrak automatikoki Udalaren Parte-hartze Erroldan agertuko dira.
2. artikulua. Parte hartzeko eskubidea.
1. Pertsona guztiek izango dute herriko gaien kudeaketan parte hartzeko eskubidea, zuzenean edo herriko elkarteen bitartez, araudi honetan ezartzen diren parte-hartze tresnak edo bideak erabiliz.
2. Udalaren jarduerarekin zerikusia duten gaiekiko interesa duen edozeinek du parte hartzeko eskubidea, herri galdeketa edo erreferendum kasuan izan ezik. Herri galdeketa edo erreferendum kasuetan, parte hartzeko eskubidea izango dute 16 urtez gorakoek.
3. artikulua. Informazio eskubidea.
1. Pertsona fisiko eta juridiko orok, banaka edo taldean, eskubidea izango du udal jarduera eta zerbitzu guztien inguruko informazioa modu zabal eta objektiboan jasotzeko, udal artxibo eta erregistroak kontsultatzeko, eta Udalak dituen informazio baliabideak erabiltzeko.
2. Udalak eskubide hori betetzeko erraztasunak jarriko ditu eta edozein pertsonak eskatutako informazioa emango du. Legea izango da muga bakarra.
3. Interes publikoko gaiak direnean, Udalak hartutako erabakiak herritar guztiei azalduko zaizkie eta, beharrezkoa bada, Aldizkari Ofizialetan argitaratuko dira.
4. Udalak, erabaki, hitzarmen eta garrantzizko dokumentuak iragarki taulan eta webgunean jarriko ditu, herritarrei ahalik eta informazio gehien emateko.
5. Beste edozein informazio idatziz eskatu beharko da. Horretarako, argi adierazi beharko dira izena, abizenak, jakinarazpenerako helbidea eta modua, nortasun agiria edo pasaportea, eta baita eskaeraren helburua ere.
6. Eskabide kolektiboak eginez gero, aurreko baldintza horiek betetzeaz gainera, eskatzaile guztiek sinatu egin beharko dute, eta sinadura horren ondoan horietako bakoitzaren izen-abizenak eta NANa adierazi.
7. Alkatetza izango da eskaera horiei erantzuteaz arduratuko dena. Eskaera udalean erregistratu eta hurrengo egunetik, 30 eguneko epea izango du horretarako. Arrazoiak baldin badaude, erantzuteko epea 15 egun gehiago atzeratu daiteke.
8. Herritarrek osoko bilkuretan eta batzordeetan egoteko eskubidea dute. Batzordeetan egoteko, aurrez eskaera egin beharko da eta eskatzaileak gaiarekin interesduna izan beharko du.
4. artikulua. Audientziarako eskubidea.
Herritarrek alkatearekin edo dagokion zinegotziarekin biltzeko eskubidea dute, aurrez ezarritako ordutegian eta hitzordua eskatu eta 30 eguneko epean (arrazoirik balego beste 15 egun atzera daiteke hitzordua). Lehentasuna izango dute prozedura baten tramitean entzutea nahi dutenek edo Udalak egingo dituen jardueretan zuzeneko edo bidezko interesa dutenek.
5. artikulua. Eskaerak egiteko eskubidea.
1. Norbanako eta talde orok eskubidea du udal gobernuari eskaerak egiteko edo/eta udal jarduerei buruzko azalpenak eskatzeko, betiere Udalaren eskuduntza diren gaien inguruan. Eskubide hau gauzatzeko, legeak zehaztutako edozein bide erabili ahal izango da, eskatzailearen nortasuna eta eskaeraren helburua behar den eran egiaztatuta.
2. Eskaera horien artean, kexak, iradokizunak edo proposamenak egon daitezke eta Udal Erregistroan aurkeztu ahal izango dira. Udalak ezarritako bitarteko elektronikoak edo telematikoak ere erabili daitezke horretarako. Taldeen izenean edo kolektiboki egiten diren eskaeretan eskatzaileen nortasuna adieraziko da.
3. Udalak eskaera jaso izana 20 egunen buruan egiaztatuko du eta tramitatzea onartuko du, arrazoi hauetakoren bat izan ezean:
a) Eskatzailearen edo eskatzaileen nortasuna behar bezala egiaztatuta ez badago.
b) Eskatzen dena Udalaren eskuduntza ez bada.
c) Eskaerak beste tramitazio administratibo espezifiko bat badu.
4. Lehenengo kasuan, 15 eguneko epea emango da egiaztatze akatsak zuzentzeko. Epe horretan zuzenketarik ez badago, prozedura etenda geratuko da. Udalak 45 eguneko epea izango du, beste edozein arrazoirengatik ez onartzeko.
5. Tramitatzea onartzen bada, Udalak 3 hilabeteko epean erantzun beharko dio eskaerari.
Erantzunak zehaztuko ditu gaia bideratzeko hartutako erabakiak eta neurriak.
6. artikulua. Proposamenak egiteko eskubidea.
1. Herritar guztiek dute eskubidea Udaleko Osoko Bilkurako gai-zerrendan beraien gaiak sartzeko, baita Udalaren eskuduntza eremuko proiektu edo araudien gainekoak ere.
2. Proposamena Udaleko Osoko Bilkurako gai-zerrendan sartu ahal izateko, eskatzaileak herriko erroldan izena emanda egon behar du, eskaerak bizilagunen %5aren onespen-sinadura beharko du, gutxienez, eta gaiak ezingo du egon prozedura berean aztertuta azken 6 hilabeteetan.
3. Baldintza horiek betetzen baditu, alkateak eskaera horri, Osoko Bilkura baino 15 egun lehenago erantzungo dio, eta bilkura horretarako deia egingo du. Ezohikoa izateko arrazoirik ez badago, Osoko Bilkura hori proposamena jaso eta hurrengo 2 hilabeteetan egin beharko da. Alkateak proposamena egin duenari deitu egingo dio bilkuran bertan proposamena aurkeztu dezan, berak nahi izanez gero. Aurkezpen hori araudi honen 8. artikuluak arautzen duen herritarren edo elkarteen osoko bilkuretako esku-hartze terminoen barruan egingo da.
7. artikulua. Biltzeko eskubidea.
Pertsona guztiek izango dute eskubidea herriko lokal, ekipamendu eta espazio publikoak erabiltzeko, bilerak egiteko. Horretarako, lokalen ezaugarrien araberako baldintzak eta udal araudiek ezarritakoak bete beharko dira.
Eskatzaileak eskaera formala egin beharko du. Eskaera orrian, bere datuak, erabilera eguna eta orduak agertuko dira, baita bileraren helburua ere eta erabili duen tokia hartu duen bezala uzteko konpromisoa ere bai.
Aparteko tratamendua dute kalean egiten diren jarduerek, jendea ibiltzen den lekuetan egiten direnek eta manifestazioek.
8. artikulua. Elkarteen eta herritar taldeen erregistroa.
Nahitaezkoa izango da Nafarroako Elkarteen Erregistroan izena emanda egotea. Erregistro horretan ez dira sartuko talde politikoak, koalizioak edo hautetsi taldeak.
Elkarteen eta herritar taldeen parte-hartzea
9. artikulua. Udaleko osoko bilkuretan hitza hartzeko eskubidea.
1. Pertsona guztiek dute Osoko Bilkuran parte hartzeko eskubidea, honako arau honen arabera:
–Helburuak hauetariko bat izan behar du: proposamenak egitea, ekimena proposatzea edota horiek defendatzea.
–Parte hartzeko eskaera idatziz egingo da eta bilkura baino gutxienez 5 lanegun lehenago aurkeztu beharko da.
–Eskatzen duen pertsonak hamar minutu izango ditu parte hartzeko. Hori amaitzean, herriko gainontzeko talde edo pertsonen txanda izanen da, eta alkateak edo dagokion zinegotziak erantzun ahal izanen du. Ondoren, eskatzaileak erantzuteko tarte bat izanen du. Jarraian, taldeek hartuko dute parte; eta azkenik alkatearen tartearekin amaituko da.
2. Bilkura horretako lehendakariari dagokio hitz egiteko txanda hori neurtzea.
3. Ezohiko edo larritasunagatik aurreratutako osoko bilkuretan ez da inoren esku-hartzerik onartuko. Salbuespenak Osoko Bilkurak aho batez onartu beharko ditu.
10. artikulua. Udaleko osoko bilkuretan elkarteek parte hartzeko eskubidea.
1. Nafarroako elkarteen erregistroan izena emanda dauden elkarteek edo taldeek eskubidea dute, ordezkari baten bitartez, hitza hartzeko Osoko Bilkurako gai-zerrendako punturen batean. Horrela, elkarteek izango dute udalak hartutako erabakietan eragiteko aukera.
2. Eskubide hori gauzatu ahalko dute Osoko Bilkurako gai-zerrendako punturen bat eta elkartearen lan eremua lotuta badaude eta, ondorioz, elkartea interesduna baldin bada.
3. Prozedura:
a) Osoko Bilkura baino 7 egun aurretik, alkateari eskaera aurkeztu beharko zaio, parte hartu nahi den gaiaren inguruko interesa argudiatuz.
b) Alkateak, Osoko Bilkura baino 5 egun aurretik, eskaera onartzen duen ala ez esango du.
c) Baimena emanez gero, elkartearen ordezkariak parte hartu ahal izango du, gehienez 10 minutuz, gai-zerrenda irakurri ondoren eta gaia eztabaidatu eta bozkatu aurretik.
11. artikulua. Udalaren web orrian tarte bat izateko eskubidea.
1. Udalak, bere webgunean, tarte bat gordeko die elkarte edo taldeen erregistroan izena emanda dauden erakundeei.
2. Tarte horretan eskaintzen diren edukiak elkarteak erabakiko ditu; betiere, bere ardurapean.
12. artikulua. Udal ekipamenduen kudeaketa.
Herriko zerbitzu eta ekipamenduen kudeaketarako araudiaren barruan (esate baterako kultur etxeetan, kirol instalazioetan eta beste hainbatetan) sustatuko da herritarrek eta elkarteek zentroko jardueren programazioan eta ebaluazioan parte hartzea. Era berean, aipatu zentro horiek indarrean dituzten araudien arabera, hainbat aukera eskainiko zaizkie norbanako zein elkarteei, hauen erabilerarako eta kudeaketarako: aldi baterako lokala uztea, lagapen administratiboa...
Herritarrek parte hartzeko prozesuak, organoak eta mekanismoak
13. artikulua. Prozesu parte-hartzailearen definizioa.
Araudi honen arabera, prozesu parte-hartzaileak dira pauso edo prozedura hauek bere osotasunean betetzen dituztenak:
a) Informazio aldia: aldi honetan azalduko da zein proiektu edo gairen inguruan izango den parte-hartzea; horretarako, dagozkion teknika metodologikoak erabiliko dira. Azalpen hori gaiak edo proiektuak eragiten dien herritarrei emango zaie.
b) Eztabaida aldia: dagokion metodologia erabiliz, herritarren arteko diagnostikoa, eztabaida eta proposamen ezberdinak bultzatuko dira.
c) Itzultze aldia: herritar taldeei edo parte hartu duten pertsonei erabakiak hartzeko prozesu parte-hartzailearen emaitza helaraziko zaie.
14. artikulua. Adierazpen-sistema.
Herri-kontsultan parte hartzeko eskubidea duten pertsona guztiek, bozketa bidez, beren iritzia eman ahal izango dute modu berean, librean, zuzenean eta isilpean.
15. artikulua.
Lesakako edozein herritarrek du eskubidea, interes orokorreko gaiez galdetu diezaioten edo/eta galdeketa bat egin dadin eskatzeko. Galdeketok, forma edo metodologia ezberdinen bidez egingo dira: erreferenduma, herri galdeketa, herri aukeraketa, inkesta edota bertze moduren batean.
Galdeketa bat egitea eskatzen denean, Udalak erabaki ahalko du zein metodologia erabiliko duen. Kontuan hartu beharko da momentuko araudiak ahalbidetzen duen formula.
15.1. Herri galdeketa.
1. Ordenantza honen ondorioetarako, herritarren kontsulta da, foru- edo toki-eremukoa, herritarrek parte hartzeko tresna bat, zeinaren xedea baita sektore edo kolektibo jakin baten edo deitutako herritar guztien iritzia ezagutzea, haiei eragiten dieten interes publikoko gaiei buruzko bozketa-sistema baten bidez.
2. Ordenantza honetatik kanpo geratzen dira Herri Galdeketak arautzen dituen urriaren 28ko 27/2002 Foru Legeak arautzen dituen kontsultak, bai eta Konstituzioaren 149.1.32 artikuluan xedatutakoaren arabera erreferendumaren xede diren gai guztiak ere.
3. Kontsulta beti izango da esplizituki idatzitako edo idatzitako gai bati edo batzuei buruzkoa. Idazketak beti jasoko ditu aukera posible desberdinak, gai bakoitzari lotuta, eta boto-emaileek aukera horietako bat izenpetu ahal izango dute edo ez.
4. Bozketa modu presentzialean edo telematikoan egingo da, deialdian xedatutakoaren arabera.
5. Udalak herri galdeketa egin ahal izango du, Osoko Bilkuraren erabateko gehiengoak erabakita, edo/eta zentsuaren %25 baino gehiagok eskatuta, tokiko ogasunari buruzko gaien gainean izan ezik.
6. Herri galdeketan parte hartu ahal izango dute 16 urte baino gehiago dituzten herritar guztiek. eta herrian urte batez gutxienez erroldatuta egon beharra dute.
7. Gai bakoitzari buruz galdeketa bakarra egin ahal izango da legealdi bakoitzean; galdeketa bakoitzean galdera bakarra egin ahal izanen da.
8. Herri galdeketa eskatzeko sinadura bilketa egin nahi bada, horretarako Udalak propio prestatua duen eskaera agiria bete eta sarrera eman beharko zaio.
9. Behin sarrera emanda, hilabete bateko epean, bilera deituko du alkateak, sinadura bilketa nola egingo den adosteko.
10. Sinadurak Udalak horretarako propio prestatutako orrietan bilduko dira. Orri horiek eskatzailearen esku jarriko dira eta bere ardura izango da sinadurak biltzea. Udaletxean sinatzeko aukera emango da.
11. Zentsuaren %25aren sinadurak lortu eta udaletxean sarrera ematen bazaie, Udalak herri galdeketa egingo du sei hilabeteko epean. Udalaren ardura izango da galdeketa antolatzea.
12. Herri galdeketan, zentsuaren erdiak baino gehiagok parte hartzen badu, galdeketaren emaitza loteslea izango da Udalarentzat. Parte-hartzea erdia baino gutxiagokoa bada, erabakia udalbatzaren esku geldituko da.
15.2. Inkesta.
Udalak inkesta egin ahal izango du, Osoko Bilkuraren erabateko gehiengoak erabakita, edo/eta zentsuaren %25ek baino gehiagok eskatuta.
1. Inkestan parte-hartzea auzo bat edo gehiagotara, adin jakin bateko herritarretara edo/eta kolektibo jakin batzuetara mugatzeko aukera izanen da, aitzinetik udalarekin adostuta.
2. Inkesta eskatzeko sinadura bilketa egin nahi bada, horretarako Udalak propio prestatua duen eskaera agiria bete eta sarrera eman beharko zaio.
3. Behin sarrera emanda, hilabete bateko epean, bilera deituko du alkateak, sinadura bilketaren nondik norakoak adosteko.
4. Sinadurak Udalak horretarako propio prestatutako orrietan bilduko dira. Orri horiek eskatzailearen esku jarriko dira. Bere ardura izango da sinadurak biltzea. Udaletxean sinatzeko aukera emango da.
5. Zentsuaren %25en sinadurak lortu eta udalean sarrera ematen bazaie, Udalak prozedurari bide eman edo ez erabakiko du. Beraz, Udalak eskumena izango du inkesta martxan jarri edo ez erabakitzeko, baita inkesta bera zehazteko ere.
6. Udalak inkesta egitea erabakitzen badu, sei hilabeteko epean egin beharko du. Udalaren ardura izango da inkesta antolatzea.
16. artikulua. Parte hartzeko beste bide batzuk.
1. Arau honek aipatutakoez gain, Lesakako Udalak erabaki dezake parte hartzeko beste mekanismo batzuk martxan jartzea betiere araudi honekin bat badatoz edo erreformarik eginarazten ez badute. Esate baterako, Euskara Batzordea, Besta Batzordea...
2. Nolanahi ere, aholku batzordeek arau honetan xedatutakoa bete beharko dute beti, eta beren agintaldian lan egiteko plan bat izan beharko dute.
a) Herriko elkarteetako ordezkariek edo/eta norbanakoek batzorde horietan parte hartu ahal izango dute, baldin eta beren helburu sozialak, xedeak edo jarduerek haien jarduketa-esparruarekin zerikusia badute. Udaleko zinegotzi bat eta, behar bada, teknikari bat arituko dira bertan.
b) Lehendakaritza gaiari dagokion saileko zinegotziak izango du.
c) Lehendakariak zeregin hauek izango ditu: batzordea koordinatu, ordezkaritza egin, deialdia egin, eguneko gai zerrenda zehaztu, bilkurak dinamizatu, proposamenak Udalaren kudeaketa-organoei helarazi eta organo kolegiatu baten funtzionamenduari berez dagozkion gainerako eginkizunak gauzatu. Udaleko idazkariak edo honek eskuordetzen duen pertsonak egingo du idazkari-lana.
d) Urtean hiru aldiz gutxienez egingo da bilera, lehendakariak horretarako deialdia egin ondoren edo bertan parte hartzen duten elkarte guztien %50ek baino gehiagok hala eskatuta. Erabakiak gehiengo soilez hartuko dira; baina, hala ere, beti ahaleginduko dira ados jartzen.
e) Herritarren elkarteren bat segidako bi bilkuratara edo segidakoak ez diren hirutara joaten ez bada, indarrean dagoen ekitaldian baja eman ahal izango zaio ofizioz, hurrengo urtean berriro sartzeko aukera izango badu ere. Horri baja emateko erabakia batzordeak hartuko du gehiengo soilez.
17. artikulua. Udaleko batzar informatiboa.
1. Batzar informatiboan, Udaleko arduradunak herritarrekin elkartuko dira jarduera zehatz batzuei edo jarduera programa batzuei buruzko informazioa emateko eta herritarren iritziak jasotzeko.
2. Udal jardueren programa edota udal ordenantzak aurkezteko deialdia egingo du alkateak. Alkatea arituko da lehendakari, baina edozein zinegotziri delegatu diezaioke lan hori. Idazkariak akta jasoko du.
3. Urtean zehar behar beste batzar informatibo deitu ahalko dira, Udalak berak edo beste hauek hala eskatuta:
a) Udalean erroldatuta dauden 16 urtez gorako biztanlearen %25ak.
4. Honakoa izango da bilera hauen funtzionamendua:
a) Landuko den gaiaren aurkezpena.
b) Udaleko arduradun politikoaren parte-hartzea eta iritzia.
c) Bertaratutako pertsonen parte-hartzea, bakoitzak, gehienez, 5 minutuz. Tarte hori murriztu daiteke jende askok eskatzen badu, bilerak 2 ordu iraungo baitu, gehienez.
d) Arduradun politikoaren erantzuna, hala badagokio.
e) Ondorioak, hala badagokio.
Informaziorako, arretarako eta komunikaziorako sistemak
18. artikulua. Herritarrentzako arreta zerbitzua.
1. Herritarren eskaera eta kontsultak aurrez aurre edo telematikoki erantzungo dira. Herritarrei erantzun azkarra eta eraginkorra ematea bermatzeko jarriko dira beharrezko bitarteko teknologikoak eta zainduko dira antolaketa, barne koordinazioa eta udal langileen formazioa eta birziklatzea. Arreta zerbitzuaren zeregina da: eskaerak erregistratzea; kexak, iradokizunak, proposamenak... jasotzea eta zehazten diren tramite administrazioak egitea. Herritarrek beste administrazioei zuzendutako idatziak jaso ahalko ditu eta dagokionari helarazi. Interesatuari horren berri emango dio.
2. Arreta zerbitzu honetako lanak udal langileen artean banatu eta antolatuko dira. Udala saiatuko da administrazio prozesuak errazten eta azkartzen.
19. artikulua. Udalaren webgunea eta herritarren helbide elektronikoa.
1. Lesakako Udalak herritarren eskura du webgunea. Bertan agertuko dira interes orokorra duten jarduerak, osoko bilkuretako eta gobernu organoetako akordioak, herriko jardueren agenda...
2. Udalak zehaztutako pausoak jarraituz, kontsultak eta izapide administratiboak egin ahal izango dira. Webgunean tarte bat egongo da ideiak, iritziak eta iradokizunak azaltzeko, Udalaren edo herriaren intereseko gaien inguruan foroak sortzeko. Horretaz aparte, 15. artikuluak dioen bezala, elkarte edo taldeek webgunean tarte propioa izateko eskubidea izango dute.
20. artikulua. Herri mailako komunikazio bideak.
Udala saiatuko da espazioak egokitzen, herriko hainbat lekutan kartelak, panelak, eta antzekoak jartzeko. Horren bidez, herriko eragile sozialek egiten dituzten interes orokorreko jardueren publizitatea ahalbidetuko da, arauek zehazten duten moduan.
21. artikulua. Tramiteak egiteko gida.
1. Udalak bertan egin daitezkeen tramite guztien oinarrizko gida jarriko du webgunean, nahi duenarentzat.
2. Udalak etengabeko jarraipena egingo dio zerbitzu honi, ziurtatzeko helburuak betetzen dituela. Ebaluazio tresnak sortuko dira eta herritarrek ere baloratu ahal izango dute.
22. artikulua. Administrazio prozeduretan epeak luzatzea.
Udalak luzatu ahal izango ditu tramiteak egiteko epeak, ziurtatzeko herritarrek edukiko dutela behar beste denbora informatzeko eta proposamenak egiteko. Baita administrazio prozedura arauek aurreikusitako epeak ere, garrantzi berezia duten kasuetan, dagokion organoak hala adostuta.
Bertze neurri batzuk
Parte-hartzea bultzatzen duten eredu, esperientzia edo sistema berriak sartu ahal izango dira araudi honetan, araudia aldatzea eskatzen ez duen bitartean. Araudia aldatu beharra badakar, Udaleko Osoko Bilkurak hartu beharko du erabakia.
Parte-hartzeari lotutako jarduera plana
1. Lesakako Udalak bitarteko guztiak jarriko ditu, herritarren parte hartzeko kultura bultzatzeko, batez ere alor hauetan:
a) Parte-hartzea eta heziketa. Udalak, hezkuntza foroaren bitartez, Irain eskola publikoarekin eta Tantirumairu Ikastolarekin elkarlanean, parte-hartzearen eremuan, hezkuntza-jarduera teoriko eta praktikoak bultzako ditu. Horrela, Lesakako haurrak ere parte-hartze aktiboaren praktikan eta kulturan murgilduko dira.
b) Sorginxulo eta elkarteen sarea indartzea. Udalak elkarteen sarea indartzeko ahaleginak egingo ditu bere lan-eremu guztietan, batez ere herriko elkarteen jarduera eta egitura hobetzeko bitartekoak emanez eta elkarteetan jende gehiagoren inplikazioa bultzatuz.
c) Informazioa. Udalak, herri eta eskualde mailako komunikabideekin elkarlanean, herritarrek informazio hobea izan dezatela bermatzeko estrategiak landuko ditu.
d) Azpiegitura soziokulturalak. Udalak bere ekipamendu soziokulturalak (esate baterako kultur etxeak, kirol instalazioak eta beste hainbat) era parte-hartzailean kudeatzeko estrategiak landuko ditu, berauen inguruan ematen den zerbitzua hobetzeko asmoz.
e) Gardentasuna eta informazioa jasotzeko aukera. Udalak, beharrezko guztia egingo du errazteko bere organismo autonomoetan parte hartzea, kontsultak eta erreklamazioak egitea eta informazioa jasotzea. Horrekin batera, erraztasunak jarriko ditu bere eskuduntza diren eremuetan, informazioa, komunikazioa eta kontsulta sistemak hobetzeko.
f) Progresiboki aurrekontu parte-hartzaileak ezartzea. Udalak aurrekontu parte-hartzaileak antolatu eta arautuko ditu urtero.
Iragarkiaren kodea: L2508938
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
