138. ALDIZKARIA - 2025eko uztailaren 11

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

VILLAMAYOR DE MONJARDÍN

Terrazak arautzen dituen ordenantza. Behin betiko onespena

Villamayor de Monjardingo Udalak, 2025eko martxoaren 4an egindako osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Terrazak eta beladoreak ezarri eta erabiltzea arautzen duen udal ordenantza.

Hasierako onespenari dagokion iragarkia 2025eko 52. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, martxoaren 14koan, argitaratu ondoren, legez ezarritako jendaurreko epea igaro ondoren, eta aurkeztutako alegazioa ebatzi ondoren, ordenantza hori behin betiko onetsi zen 2025eko ekainaren 9ko osoko bilkuran, eta argitaratzeko agindu zen, dagozkion ondorioak izan ditzan.

Argitara ematen da, orok jakin dezan.

Villamayor de Monjardinen, 2025eko ekainaren 18an.–Alkatea, Jaime del Villar Tolosa.

VILLAMAYOR DE MONJARDINGO UDALAREN ORDENANTZA, TERRAZAK ARAUTZEN DITUENA

I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da arautzea nola eginen duen Villamayor de Monjardingo Udalak lurzoru publikoaren eta erabilera publikoko lurzoru pribatuaren erabileraren kontzesioa ostatu, kafetegi, denda eta gisakoen jarduera pribatu eta irabazizkoetarako, eta lurzorua erabili eta mantentzeko baldintzak ezartzea kontzesio-hartzaileei, baita araubide tekniko eta juridikoa ezartzea ere, terraza eta haien instalazio osagarriak, hala nola, eguzki-babesak, toldoak etab. paratzeko.

Ordenantza hau nahitaez bete beharko da udal-mugartearen barnean, eta haren aginduen mende egonen dira erabilera publikoko enpresa eta lokalen erregistroan inskribatuta dauden jarduera guztiak, hala nola tabernak, kafetegiak, jatetxeak, taberna bereziak, dendak, aterpetxeak eta, oro har, erabilera publikorako zerbitzua eskaintzen duen establezimendu oro.

2. artikulua. Definizioa.

2.1. Aurreko artikuluan adierazitakoaren ondorioetarako, terraza da honako elementu batzuek osatutako instalazioen multzoa: mahai, aulki, eguzkitako, toldo, lore-aska edo antzeko hiri-altzarien eta desmuntagarrien beste zenbait elementu, hurbileko establezimendu bateko ostalaritza-jarduerekin lotutako eraikuntzarik gabeko espazio ireki batean kokatuta dagoena.

Altzariak: mahai, aulki, berogailu, lore-aska, eguzkitako eta gisakoak paratzea hartzen da altzaritzat.

2.3. Denboraldia: baimenaren indarraldia da, urte naturalarekin bat datorrena.

II. KAPITULUA.–PARATZEN AHAL DIREN ELEMENTUEN EZAUGARRIAK

3. artikulua. Elementuen zer-nolakoak.

a) Modulu tipoa: mahai batek eta lau aulkik osatzen dute terrazaren modulu tipoa.

b) Eguzkitakoak edo eguzki-babesak: paratzen ahalko dira haien oinplanoko proiekzioak terrazaren mugak gainditzen ez baditu.

c) Berogailuak: instalatzen ahalko dira, betiere behar bezala homologatutako modeloekin bat badatoz. Berogailuak kontsumo txikikoak izanen dira; betiere, ingurumenaren jasangarritasuna txukun errespetatu beharko da.

d) Publizitatea: terrazaren kanpoaldean establezimenduaren izena jar daiteke. Mahaietan, aulkien bizkarraldean eta altzarietan, oro har, establezimendu titularraren izena paratzeaz gain marka komertzialena ere paratzen ahal da, modu nabarmenean ez bada, eta legedia orokorrak marka horren publizitatea egitea onartzen badu.

4. artikulua. Elementuen ezaugarriak.

4.1. Mahaiak, aulkiak, eguzkitakoak eta ezartzen diren gainerako elementuak ahalik eta asots gutxien ateratzen duen materialekoak izanen dira; bestela, egokitu beharko dira, ahalik eta eragozpen gutxien sortzeko. Ordenantza honetan ezarritako baldintza guztiak betetzeaz gain, bat etorri beharko dute beren artean eta inguruarekin kromatismo, material eta diseinu aldetik.

4.2. Debeku da itxitura duten beladoreak jartzea, finkoak zein mugikorrak. Debeku da, halaber, tamainagatik, pisuagatik edo konfigurazioagatik egunero bide publikotik kentzea eragozten duten lore-askak jartzea.

4.3. Baimen eta/edo establezimendu baten elementu guztiak kolore, diseinu eta testura berekoak izanen dira. Terrazen diseinuak, materialek eta kromatismoak ez dute inoiz gaizki emanen ondoko terrazekin eta hiri ingurunearekin edo ingurune arkitektonikoarekin.

4.4. Multzoaren diseinu formal eta materialaren kalitatea bermatu beharrez, hiri altzariek, hau da, mahai, aulki eta eguzkitakoek, ezaugarri hauek izan beharko dituzte:

a) Materialak: ahal dela aluminioa erabiliko da, eta beste material batzuekin konbinatzen ahal da, hala nola zur tratatua, biniloa, zumea etab.

b) Koloreak: erabili beharko dira tonu neutroak (zuriak, krema koloreak, metalizatuak).

c) Eguzkitakoak edo eguzki-babesak: eguzkitakoak edo eguzki-babesak oihalezkoak izanen dira, leunak eta kolore argi bakar batekoak. Euskarria arina eta desmuntagarria izanen da, eta ez da zoruan ainguratzen ahalko. Mahai bat baino gehiago estaltzen dituzten eguzkitako eta toldoetarako, lizentzia beharko da, propio emana. Osagai guztiek gutxienez ere 2,50 metroko garaiera librea utziko dute; onartzen ahal dira zintzilikako elementuak, zurrunak ez badira, 2,20 metroko garaiera librea uzten dutenak.

d) Errespetatuko da euri-uren behar bezalako saneamendua. Udalaren baimena duten elementuak baizik ez dira lurrean ainguratuko, eta betiere lizentziaren titularrak bermatzen badu zoladura berriz ere jarriko dela eta zoru okupatua egoera ezin hobean lehengoratuko dela, edozein arrazoi dela medio instalazioa kentzen denean. Horretarako, 600,00 euroko abala jarriko da.

5. artikulua. Kokapen mugak.

5.1. Terraza jartzean eta antolatzean, nolanahi ere, gutxienez 5 metroko zabalera utzi beharko da kalean, inolako oztoporik gabe, salbu eta, hiri-bilbean duen forma eta kokapenagatik, espazio hori oinezkoen joan-etorrietarako erregularki erabiltzen ez bada.

Nolanahi ere, terraza ez da oztopo izanen oinezkoen joan-etorrietarako, ezta hiri-irisgarritasunerako ere, eta ezin izanen du joan-etorri horien edo ibilgailuen segurtasuna kaltetu.

5.2. Terrazek, betiere, honako hauek libre utzi beharko dituzte, berehala erabili ahal izateko:

–Higiezin eta garajeetarako sarbideak.

–Larrialdietarako irteerak.

–Garraio publikoaren geralekuak.

–Aire-zuloak.

–Oinezkoentzako pasabideak.

III. KAPITULUA.–UDALAREN LIZENTZIA ESKURATU BEHARRA

6. artikulua. Aurretiaz lizentzia eskuratu beharra.

Bide publikoan jarritako instalazioek erabilera komun bereziaren kategoria juridikoa dute, eta baliatu ahal izateko Udalaren lizentzia lortu behar da lehenik. Eskuratzeko, ordenantza honetan ezarritakoa beharko da bete.

Terrazak jartzeko baimena emateko, ezinbestekoa izanen da establezimendu eskatzaileak ordainketak egunean izatea eta Villamayor de Monjardingo Udalarekin inolako zerga-zorrik ez izatea.

Udalak erabakiko du nori eman lurzoru publikoaren erabilerarako kontzesioa, eta berak eman, ukatu edo kenduko ditu baimenak, ikusita aurreko ekitaldietan edo kontzesioaren epean zein arazo sortzen dizkieten terrazek etxebizitzei, bizilagunei, saltokiei edo eremu publikoari.

7. artikulua. Lizentzien baldintzak.

7.1. Lizentziak denboraldi baterako emanen dira, eta automatikoki berrituko dira establezimenduak ez badu hilabete lehenago jakinarazten berariaz uko egiten diola.

7.2. Ordenantza honetan arautzen diren baimenak lurren okupazioari baizik ez dagozkio; beraz, Udalak ez die ez onarpenik ez oniritzirik ematen egiten diren jarduerei, eta ez da izanen terrazaren erabileren ondorioz pertsonei eta ondasunei etortzen ahal zaizkien kalte-galeren erantzulea.

7.3. Instalazioak titulartasun pribatuko eta erabilera publikoko lurretan paratu nahi izanez gero, jabetza edo horiek erabiltzeko gaitasuna ematen duen titulua frogatu beharko da. Hori posible ez bada, ukitutako jabeen elkarteen baimena frogatu beharko da.

7.4. Instalazioa ez da luzeagoa izanen jarduera nagusia hartzen duen establezimenduaren fatxada baino, non ez duten haren ondokoek baimen idatzia ematen; betiere, ondoko etxebizitza eta lokaletan sartzeko bidea bermatu beharko da.

7.5. Terraza jartzeko eskaera oinezkoentzako kaleetarako, plazetarako eta espazio libreetarako egiten bada, honako muga orokor hauekin baimenduko da:

a) Etengabeko gehieneko luzerak ezin izanen du plaza edo espazio librearen erdia gainditu, eta beti errespetatuko da oztoporik gabeko 5 metro linealeko espazio bat egotea, larrialdi-zerbitzuak igaro ahal izateko.

b) Instalazioaren gehieneko zabalerak ez du gaindituko plazaren edo eremu librearen laurdena, eta fatxadetatik hiru metro gutxienez bereiziko da.

c) Etxebizitzetan eta lokaletan sartzeko bidea bermatu beharko da.

7.6. Lizentziaren titularra arduratuko da espazio publikoa egunero garbitzeaz, bai eta terraza egunero desmuntatzeaz ere.

7.7. Lizentziak beti ematen dira jabetza eskubiderik gabe eta hirugarrenik kaltetu gabe, eta ezin da haietara jo onuradunak bere jardunean izan dezakeen erantzukizun zibila edo penala kendu edo gutxitzeko.

7.8. Udal lizentzia beti izanen da prekarioa, eta dagokion udal organoak instalazioa eremu publikotik kentzeko agintzen ahalko du. Gastuak baimendutako instalazioen titularraren kontura izanen dira, eta horrek ez du inolako kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik emanen trafikoko, urbanizazioko edo interes orokorreko beste edozein inguruabarrek hala gomendatzen dutenean.

7.9. Lizentziaren titularra behartua dago eremu publikoan instalazioaren edozein elementuren ondorioz egiten diren kalteak konpontzera.

7.10. Lizentzia ezin da errentan edo azpierrentan eman, ezta zuzenean edo zeharka laga ere, osorik edo zati batean.

7.11. Ekitaldiak eta Udalaren obrak direla eta, terrazak aldi baterako kentzeko eskatzen ahal du Udalak, behar den denborarako eta kalte-ordainik hartzeko eskubiderik gabe.

8. artikulua. Lizentzia ukatzeko, ezeztatzeko eta ez berritzeko arrazoiak.

Udalaren organo eskudunak terrazak eta haien elementu osagarriak ez baimentzeko aukera izanen du baldin eta interes publikoak, trazadurak, kokalekuak, bide segurtasunak edo bestelako inguruabarrek hartara behartzen badute, baita honelakoetan ere:

–Instalazioa galtzadan edo ibilgailuek aparkatzeko eremuan paratu nahi denean.

–Bide segurtasunari kalte egiten zaionean (ikuspena gutxitzea, gidariak arreta galtzea) edo oinezkoen joan-etorria nabarmen zailtzen duenean.

–Inguruko eraikinen eta lokalen segurtasunean (ebakuazioa) eragina duenean.

–Ekipamenduak edo hornigarriak (bankuak, iturriak, telefono kabinak etab.) erabiltzea galarazten, edo modu larrian zailtzen duenean.

Kasu horietan, aurretik emandako lizentzia bat baliogabetzen ahalko du, edo ez berritu.

9. artikulua. Elementuen segurtasuna.

9.1. Istripurik ez sortzeko maneran diseinatu eta kokatuko dira elementu guztiak. Jabearen erantzukizuna izanen da baldintza horiek mantentzea.

9.2. Haizea harrotzen denean eguzkitakoak tolestu eta bildu beharko dira, baldin eta haizearen abiadura bada fabrikatzaileak segurtasun baldintzak mantentzeko gehienekotzat jotzen duena edo handiagoa.

IV. KAPITULUA.–UDAL-LIZENTZIA LORTZEKO PROZEDURA

10. artikulua. Lizentzia eskatzea.

10.1. Lizentzia jardueraren titularrak beharko du eskatu, eta jarduerari loturik egonen da.

10.2. Interesdunak dagokion eskabidea aurkeztu beharko du udaleko erregistroan, honako dokumentu hauekin batera:

a) Eskatzailearen izen-deiturak.

b) Eskatzailearen datuak: helbidea, telefonoa eta NANa.

c) Jardueraren izena eta kokalekua.

d) Jarduerari buruzko datuak (Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga, IFKa eta abar).

e) Ondoko etxebizitza eta lokalek emandako baimenaren frogagiriak, halakorik behar denean.

f) Kokalekuaren planoa, gutxienez 1:100 eskalan egina ere, instalazioak hartzen duen azalera, mahaien eta aulkien banaketa, eta elementu guztien diseinu eta ezaugarriak behar bezainbat zehaztuta. Era berean, fatxadaren luzera eta ondoriozko espazio libreen zabalera adierazi beharko dira, eta, gainera, adierazi beharko da hiri-elementurik dagoen (trafiko-seinaleak, zuhaitzak, bankuak, zutabeak, hiri-altzariak, etab.), bai eta udal zerbitzuetan izan daitekeen eragina (urak, saneamendua, gasa etab.).

g) Erantzukizun zibileko asegurua, 300.000 euroko gutxieneko bermeak estaltzen dituena.

10.3. Villamayor de Monjardingo Udalak ofizioz egiaztatuko du eskatzaileak jarduera egiteko lizentzia duela, bai eta horren ordainketa egunean duela ere.

11. artikulua. Ebazpena.

11.1. Eskabidea ordenantza honetan zehaztu bezala aurkeztu ondotik, eta txosten teknikoa eta juridikoa egin ondoren, organo eskudunak legez ezarritako epeetan emanen du ebazpena.

11.2. Lizentziaren agirian zehaztuko dira instalazioaren eta elementu osagarrien baldintzak, hala nola hartuko duten azalera, mahai eta aulkien kopurua, kontzesioaren indarraldia eta beharrezkotzat jotzen diren gainerako alderdiak.

11.3. Eskatutako lizentzia ematea egokitzat ez bada jotzen edo eman beharreko baimenak aldaketaren bat badakar eskatutakoaren gainean, Udalak entzunaldia emanen dio eskatzaileari, egokia iruditzen zaiona alega dezan.

11.4. Eskatzaileak ez badu ordaintzen jabari publikoa okupatzeagatik dagokion prezio publikoa edo ordenantza honen arabera ezarritako isunak, lizentzia ukatu egiten ahal da.

12. artikulua. Prezio publikoa.

12.1. Lizentziaren titularrak udalari ordainduko dizkio prezio publikoa eta dagozkion gainerako zergak.

12.2. Azalerari dagokionez, lau aulki dituen mahai batek 4 metro koadro betetzen dituela jotzen da.

13. artikulua. Instalazioaren baldintzak.

13.1. Lizentzia eskuraturik, titularra harremanetan jarriko da udal zerbitzuekin, tokian berean muga dezaten gehienez baimendutako azalera. Kontzesiodunak argi eta zehatz markatuko du lurzoruan okupatuko duen eremua, hura erabiltzen hasi baino lehen.

13.2. Eremu baimendua izanen da horrela mugatzen dena; haren barnean paratuko dira bezeroek erabiltzeko mahai-aulkiak, eta ez da hortik kanpora inola ere pasatzen ahalko instalazioko inolako elementurekin.

V. KAPITULUA.–ORDUTEGIAK

14. artikulua. Ordutegiak.

14.1. Jarduera nagusiak baimenduta duen ordutegia alde batera utzita, terrazak ordutegi honen barrenean baizik ez dira erabiliko:

–Mahaiak eremu publikoan jartzeko ordutegia:

  • Astelehenetik ostiralera: 8:00etan, garbitze lanak oztopatu gabe.
  • Larunbat, igande eta jaiegunak: 10:00etan.

–Mahaiak eremu publikotik kentzeko ordutegia:

Udako ordutegi berezia (ekaina, uztaila, abuztua eta iraila):

  • Igandetik ostegunera: 24:00ak arte.
  • Ostiral, larunbat eta jai bezperetan: 01:00ak arte.

Ordutegia, urtearen gainerakoan:

  • Igandetik ostegunera: 23:00ak arte.
  • Ostiral, larunbat eta jai bezperetan: 24:00ak arte.

14.2. Organo eskudunak, salbuespenez, ordutegi malguagoa baimentzen ahal du instalazioa biltzeko, udalerri osorako edo halako eremu jakin baterako baimendu ere, herriko bestetan eta garrantzi bereziko bestelako egunetan.

14.3. Debeku da bizilagunen atsedenaldia trabatzea asots, oihu edo bestelakoekin, 22:00etatik aitzina bereziki. Betiere, debeku da kanpoko megafonia paratzea.

15. artikulua. Instalazioa kentzea.

15.1. Aurreko artikuluan ezarritako ordutegia bukatuta, instalazioaren titularrak terrazetako elementu guztiak jasoko ditu: mahaiak, aulkiak, eguzkitakoak, etab.

15.2. Elementu guztiak egunero jasoko dira, 30 minutu igaro baino lehen.

15.3. Baimenduriko altzariak jaso ondoren, lizentziaren titularraren ardura izanen da okupaturiko eremua behar bezain garbi uztea.

16. artikulua. Instalazioaren titularraren betebeharrak.

16.1. Betebehar orokorrak eta ordenantza honen aplikazioaren ondoriozkoak ukatu gabe, instalazioaren titularra beharturik dago egoera ezin hobean edukitzera baimendutako okupazioaren xedeko lurzorua, instalazioa bera eta haren elementu osagarriak, garbitasunaren, segurtasunaren nahiz apainduraren aldetik, horretarako behar diren bitarteko guztiak erabilita, hala nola paperontziak, hautsontziak eta abar.

16.2. Debekatuta dago kanpoan barra jartzea, baita bozgorailuak edo musika makinak ere.

16.3. Jardueraren titularrak etengabe zainduko du ez daitezen kokalekuaren baldintzak eta elementu baimenduen mugak aldatu, lizentzian ageri diren bezalaxe.

16.4. Lizentziaren titularrak, une oro, agintarien eskura izan beharko du ordenantza honen babesean emandako lizentzia. Lizentzia horretan, baimendutako mahaien eta/edo eguzkitakoen kopurua eta kokapen zehatza adieraziko dira.

16.5. Gainerako auzoen lasaitasunerako eskubidea errespeta dadin zainduko du instalazioaren titularrak; hortaz, ez du eskandalu, borroka edo zaratarik onartuko instalazioan, batez ere 22:00etatik aurrera.

16.6. Dena delakoagatik terraza behin betiko kentzen denean, establezimenduaren jabeak baldintza egokietan utzi beharko du okupatutako lurzorua.

VI. KAPITULUA.–ARAU-HAUSTEAK ETA ZEHAPENAK

17. artikulua. Arau-hausteen sailkapena.

Honela sailkatzen dira ordenantza honetako arau-hausteak: arinak, astunak eta oso astunak.

17.1. Falta arinak.

a) Terraza paratzea aginduzko udal lizentziarik gabe, legeztatzen ahal denean.

b) Lizentzian baimendutakoa baino azalera handiagoa okupatzea.

c) Ordenantzan xedatutako ordutegia urratzea.

d) Mahaiak eta elementuak lizentzian baimendutako epetik kanpo paratzea.

e) Terrazak edo/eta eguzkitakoak edo lizentzian zehazten diren beste elementu batzuk kokatzeko baldintzak ez betetzea.

f) Bizilagunak gogaitzea.

g) Terrazak okupatzen duen eremua ez edukitzea behar bezalako baldintzetan garbitasunaren, segurtasunaren eta apainduraren aldetik.

h) Espazio okupatua behar bezain garbi ez uztea mahaiak, aulkiak, eguzkitakoak etab. eremu publikotik kendutakoan.

i) Lizentzian baimendurikoa ez den espazio bat okupatzea.

j) Ordenantza honetan eta baimenean jasotako betebehar edo debekuak ez betetzea edo urratzea, hutsegite astunaren kalifikazioa ez dutenetan.

k) Oinezkoen joan-etorriei modu nabarmen eta jarraikian traba egitea.

17.2. Falta astunak.

a) Terraza paratzea Udalaren aginduzko lizentzia izan gabe eta legeztatzeko aukerarik izan gabe, horrelako instalazioetarako baimenak eskuratzeko baldintzak betetzen ez direlako.

b) Falta arinak bitan egitea.

c) Beladoreak, terrazak eta/edo eguzkitakoak kokatzeko baldintzak, lizentzian zehaztuak, ez betetzea, horrek kalte larria sortzen dionean interes publikoari edo hirugarrenei.

d) Musika aparatuak edo bozgorailuak paratzea.

17.3. Falta oso astunak.

Hiru falta astun egitea.

18. artikulua. Zehapenak.

Ordenantza honetan ezarritako aginduak ez betetzea arau-haustea izanen da, eta, dagokion zehapen-espedientea izapidetzea eraginen du, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako prozeduraren arabera. Isunaren zenbatekoa ez da inolaz ere izanen arau-hausteak arau-hausleari ekarri dion onura ekonomikoa baino txikiagoa.

–Falta arinak: 300 eurora arteko isuna.

–Falta astunak: 301 eurotik 600 eurora bitarteko isuna.

–Falta oso astunak: 601 eurotik 1.200 eurora bitarteko isuna eta, gainera, emandako lizentzia baliogabetzea eta establezimendua ordenantza honetan araututako etorkizuneko baimenak lortzeko desgaitzea, gehienez 2 urtez.

Isunak %50 murrizten ahalko dira, betiere ordainketa 15 egun naturalen barruan egiten bada eta zehapenarekin ados dagoela idatziz erakusten bada.

19. artikulua. Udal lizentziarik gabeko instalazioak.

Udalaren organo eskudunak, interesdunari entzunaldia eman ondoren, berehala kentzen ahal ditu lizentzia gabe ezarritako terrazak, eta haiek Udalaren biltegietara eraman, arauzko zehapenak baztertu gabe.

20. artikulua. Betearazpen subsidiarioa.

Instalazioaren erantzuleak kasu egiten ez badio eremu publikoan ezarritako elementuak kentzeko udal aginduari, ordenantza honetan ezarritako kasuetan, Udalak kenduko ditu eta bere biltegietara eramanen. Bertatik ateratzen ahalko ditu jabeak, behar diren tasak ordaindu ondoren.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Bakarra.–Ordenantza hau indarrean jarri aurretik baimendutako beladoreek bertan jarraitzen ahalko dute.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek ondorioak sortuko ditu, testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera.

TARIFEN ERANSKINA

Mahai eta aulkiak: 10 euro metro koadroko, urtean.

Iragarkiaren kodea: L2508697