135. ALDIZKARIA - 2025eko uztailaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK

104C/2025 EBAZPENA, maiatzaren 28koa, Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusiak emana, Nafarroako elikagaien merkataritzaren sektorearen hitzarmen kolektiboa erregistratu, gordailutu eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea erabakitzen duena.

Aztertu da Nafarroako elikagaien merkataritzaren sektorearen hitzarmen kolektiboa (kode zenbakia: 31001605011981), erregistro honetan sartu dena 2025eko maiatzaren 12an, eta 2025eko apirilaren 1ean sinatu zutena enpresaren ordezkariek eta gehiengo sindikalak (CCOO eta UGT).

Bat etorriz Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onetsi zuen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan eta Hitzarmen kolektiboak, lan akordio kolektiboak eta berdintasun planak erregistratu eta gordailutzeari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan ezarritakoarekin,

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak eta Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 251/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.–Nafarroako elikagaien merkataritzaren sektorearen hitzarmen kolektiboa (kode zenbakia: 31004805011981) inskribatzea Nafarroako Hitzarmen Kolektiboen, Lan-akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan. 31001605011981).

Bigarrena.–Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2025eko maiatzaren 28an.–Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusia, Iñaki Mendióroz Casallo.

NAFARROAKO ELIKAGAIEN MERKATARITZA SEKTOREAREN HTZARMEN KOLEKTIBOA

ATARIKO KAPITULUA.–ALDERDIAK ZEHAZTEA

Hitzarmen kolektibo hau alderdi hauek hitzartu dute: batetik, Asociación de Detallistas de Alimentación de Navarra (ADANA) eta Asociación de Empresarios de Supermercados y Grandes Superficies de Alimentación de Navarra elkarteek izendatutako ordezkariek, alderdi ekonomikoaren aldetik, eta, bestetik, Langileen Batasun Orokorraren (UGT) Mugigarritasunerako eta Kontsumorako Zerbitzuen Federazioa eta Langile Komisioen (CCOO) Zerbitzuen Federazioa sindikatuek, alderdi sozialaren aldetik.

LEHENENGO KAPITULUA.–APLIKAZIO EREMUA, INDARRALDIA

1. artikulua. Eremua.

A) Hitzarmen honek eragina du jangaien txikizkako merkataritzan, elikagaien autozerbitzu eta supermerkatuetan eta arrain freskoaren, frutaren eta izoztuen salmentan jardun eta Nafarroan lantokiren bat daukaten enpresa guztietan, bai eta plataforma digitalak diren enpresetan ere, baldin eta beren jarduera nagusia mota guztietako elikagaien txikizkako merkataritza bada. Halaber, hitzarmena sinatu duten arrain, izoztu eta fruta saltzaileen elkarteei afiliatutako enpresak hartzen ditu bere baitan.

B) Hitzarmenen arteko konkurrentzia:

Hitzarmen sektorial hau sinatu duten enpresaburuen elkarteek eta sindikatuek uste dute egokia dela hitzarmenaren balioa nabarmentzea hala langileentzako aukera-berdintasuna, nola enpresen arteko lehia-prozesuetako gardentasuna bermatuko duten arau kolektiboak sortzeko elementu gisa.

Hitzarmen sektorial autonomiko hau lehentasunez aplikatuko da bere aplikazio eremuan negoziatzen ahal diren gaietan, betiere Langileen Estatutuaren 84.2 artikuluan jasota ez daudenetan; izan ere, hitzarmen hau lan harremanetarako eta gure sektorearen lehiakortasunerako funtsezko tresna gisa hartzen baita.

Hori helburu, bi alderdiek konpromisoa hartzen dute hitzarmen honi behar diren legezko formulak eransteko, indarreko antolamendu juridikoaren eta etorkizuneko jurisprudentziaren arabera, soldatetan berdintasun lehiakor bat lor dadin, horren bidez gutxieneko lehiakortasun maila bera bermatzeko soldatei eta soldaten urteko kostuari dagokienez (lan egindako lanaldiaren arabera), hau da, hitzarmen kolektibo honen asmoa da hitzarmen kolektibo honen aplikazio eremuaren pean dauden enpresa guztientzako lan baldintzak arautzea, betiere lege-arauek horretarako aukera ematen badute.

2. artikulua. Indarraldia.

A) Hitzarmen honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra, salbu eta indarraldiari, ordainsariei eta lanaldiari dagokienean (hitzarmenen egituraren eta konkurrentziari buruzko arauen funtsezko elementua baita), alderdi horiei buruzko arauak 2024ko urtarrilaren 1etik aplikatuko baitira legez bidezkoak diren tramiteak egin ondoren.

Hitzarmen honetako soldata igoerek eragiten dituzten soldata berrikuspenak 10. artikuluan xedatutakoaren arabera eginen dira (ordainsariak).

Hitzarmen honek 3 urteko iraupena izanen du, eta 2024ko urtarrilaren 1etik 2026ko abenduaren 31ra arte egonen da indarrean, bi egun horiek barne.

B) Ulertuko da hitzarmena berez salatuta dagoela hitzarmen hau argitaratzen den egunetik aurrera.

C) Langileen Estatutuaren 86.3 artikuluan adierazitako ondorioetarako, hitzarmenaren indarraldia bukatutakoan, bete-betean jarraituko du indarrean, aldeek hitzarmen kolektibo berria espres adosten duten arte.

Hitzarmen kolektiboaren indarraldia amaitu ondoren hiru urte iragaten badira beste hitzarmen kolektibo bat itundu gabe, alderdiek, gehienez ere 15 eguneko epean, Nafarroako Lan Auzitegiaren bitartekotzari egin beharko diote men, edo hura ordezten duen erakundearenari.

Edozein alderdik bitartekaritza eskatu eta hilabetean hura gauzatzen ez bada edo adostasun espresurik lortzen ez bada, alderdiak behartuak egonen dira erakunde horren beraren arbitrajearen menpe jartzera, eta horren laudoa loteslea izanen da alderdientzat, baita arbitrajearen menpe jartzen ez denarentzat ere.

BIGARREN KAPITULUA.–LANAREN ANTOLAKETA, PROBALDIA, LANBIDE TALDEAK, KONTRATU MOTAK, ABLE-ETAKO LANGILEEN KONTRATUA, IGOERAK, MUGIGARRITASUN FUNTZIONALA ETA LANPOSTUA UZTEA

3. artikulua. Lanaren antolaketa.

Kontuan izanik hitzarmen honen xede den sektorearen benetako oinarria, eta ondorioz baita bertako enpresena ere, zerbitzu ona ematea dela, batik bat jendeari arreta behar bezala ematea, nahitaezkoa da bezeroak begirune handiarekin tratatzea eta eskatzen duten zerbitzua bikain ematea (legerian ezarritako betebeharrak betetzeaz gainera). Hori dela-eta, bezeroen aurrean ezin da egin haiek errespetu faltatzat har dezaketen ezer, ez eta bezeroak saltokitik uxatzen dituen ezer ere.

4. artikulua. Probaldia.

Langileen Estatutuaren bidez probaldi jakin bat ezarrita duten lan kontratuetan izan ezik, probaldia honenbestekoa izanen da:

–6 hilabete teknikari tituludunentzat, profesional gisa jotzen direnentzat, arduradunentzat, ataletako arduradunentzat eta harategietan, arrandegietan, urdaitegietan eta fruta-sailetan lan egiten dutenentzat.

–2 hilabete gainerako kontratuentzat.

Probaldia bitartean langileak betetzen duen lanpostuari dagozkion eskubideak eta betebeharrak izanen ditu, plantillakoa balitz bezala, lan-harremana suntsiaraztearen ondoriozkoak izan ezik (bi alderdietako edozeinek eskatuta suntsiaraz daiteke).

5. artikulua. Lanbide taldeak.

Lan gaitasunen, titulazioen eta egiten den lanaren arabera ondoko lanbide talde hauek ezarri dira, arau gisa, eta bakoitzaren berariazko ezaugarriak aditzera ematen dira:

I. taldea.

Gerentzia lanak eginez enpresaren politika orokorrak koordinatzen, zuzentzen, ezartzen eta sortzen dituztenak sartzen dira talde honetan, hau da, helburuak eta haiek lortzeko moduak zehazten dituztenak; egituraren barreneko arlo, zuzendaritza edo oinarrizko burutza batean jardun dezakete.

Talde honetan sartzen diren kategoriak:

–Zuzendari nagusia edo gerentea.

–Departamentuko zuzendariak.

II. taldea.

Talde honetan jardunean eta erabakiak hartzean era askotako prozedurak eta praktikak erabiltzen dituzten langileak sartzen dira; langileok autonomia handia dute, eta, gidalerro orokor batzuetatik abiaturik, enpresaren jarduna ikuskatzen dute tarteko buruen bidez, eragiketarako ezarritako helburuak zuzentzeko.

Talde honetan sartzen diren kategoriak:

–Departamentuburua.

–Biltegi zentraleko burua.

III. taldea.

Talde honetako langileak ildo zehatzak markatuta aritzen dira, nolabaiteko autonomiarekin, eta talde baten lana koordina dezakete; beren eginkizunetarako trebetasun edo gaitasun sistematikoa behar dute jarduera eta/edo prozesu teknikoetan, merkataritzakoetan, informatikoetan edo administratiboetan (estandarizatuak zein bestelakoak).

Talde honetan sartzen diren kategoriak:

–Ataleko buruak.

–Gainbegiralea.

IV. taldea.

Talde honetan sartzen dira kualifikazioa, ekimena eta lanbidearen ezagutza osoa behar duten lanpostuak. Langileak lanaren ardura hartu behar du eta egoera bakoitzarentzako konponbidea aplika dezake, bai eta lantalde baten lanak koordinatu ere; lan horiek gauzatzen ere parte hartu behar du.

Talde honetan sartzen dira, orobat, V. taldeko langile batzuk, hots: V. taldeko berezko funtzioez gain, eta zehazki saltzailearen kategoriakoez gain, erantzukizun handiagoko lan homogeneo sail bat egin ohi dutenak, hala nola: lana antolatu eta eskaerak tramitatzea, establezimenduaren erregistro eta kontrolez arduratzea, kutxa ixtea, kutxako kontaketa egitea eta abar.

Talde honetan sartzen diren kategoriak:

–Administrari-ofizialak.

–Programatzaileak.

–Saltzailea-Lantokiko arduraduna.

V. taldea.

Talde honetako lanpostuetan ari direnek jarraibide zehatzei loturik dihardute, eta menpekotasun hierarkiko eta funtzionala dute.

Talde honetan sartzen diren kategoriak:

–Administrari laguntzailea.

–Telefonista.

–Morroia-Peoia.

–Gidari-banatzailea.

–Apal-betetzaileak.

–Saltzaileak.

–Kutxako laguntzaileak.

–Zaintzaileak.

–Errotulatzaileak.

–Ontziratzaileak.

22 urtetik gorako gidari-banatzaileek lanpostuko osagarria jasoko dute. Horren zenbatekoa ordainsarien eranskinean ageri da eta hitzarmeneko igoerei loturik egonen da.

VI. taldea.

Inolako kualifikaziorik behar ez duten lanpostuak sartzen dira talde honetan.

Talde honetan sartzen diren kategoriak:

–Laguntzaileak.

–Ikastunak.

Laguntzaileak saltzaile mailara igo eta V. taldeko ordainsariak jasoko ditu, hitzarmen honen aplikazio eremuko enpresaren batean 12 hilabetez laguntzaile lanetan aritu eta gero.

Langileak lanean egindako denbora frogatu beharko du hura egiaztatzeko balio duen edozein agiriren bitartez (lan kontratua, nominak, etab.).

6. artikulua. Kontratu motak.

Kontratu motak indarreko Langileen Estatutuaren 10., 11., 12., 13, 15. eta 16. artikuluetan eta horren arau osagarrietan arautu eta ezarrita daudenak izanen dira, salbuespen hauek izan ezik.

6.1. Prestakuntza kontratuak.

Langileen Estatuaren 11. artikuluan eta xedapen osagarrietan xedatutakoari jarraituko zaio. Kontratuaren iraupenari dagokionez, gutxienez 6 hilabetekoa eta gehienez 24 hilabetekoa izanen da. Enpresak erabakiko du prestakuntza nola banatu, edo aldizka, edo dena pilatuta, benetan egiten den lanaren arabera. Aukera izanen du, orobat, prestakuntza teorikoa kontratualdiaren azken fasean pilatzeko.

6.2. Bitarteko kontratuak.

Lanpostua erreserbatzeko eskubidea duten langileak ordezteko erabiliko da (eta horren barrenean daude atsedenaldiengatik, baimenengatik, oporrengatik eta beste batzuengatik izaten diren absentziak betetzekoak), baita lanpostu hutsak betetzeko ere, behin betiko bete arte.

6.3. Lanaldi partzialeko kontratua.

Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bateginaren 12. artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio.

Enpresek, establezimenduak egunean ordu gehiago zabalik eduki nahi dituztenean, edo komertzialtzat jotzen diren egunetan establezimenduak zabaldu nahi dituztenean bezeroei arreta emateko, ezin badute plantillako langileekin zerbitzua bete, zerbitzu horiek egiteko langileak kontratatu ahalko dituzte, dela behin-behineko kontratuen bidez, dela lanaldi partzialeko kontratuen bidez. Kontratu horiek gutxienez astean 12 orduz edo hilean 48 orduz lan egiteko izanen dira. Kontratuan zehaztuko dira lantokia edo lantokiak, lan egunak eta lan ordutegia. Kontratua indarrean dagoen bitartean baldintza horiek aldatu ahalko dira, alderdiak ados jarriz gero. Horrela kontratatzen den langile bakoitzak, lan orduko, hitzarmen honetako tauletan bere lanbide taldeari dagokion ordainsaria jasoko du.

Plantilla handitu edo lanpostu hutsen bat bete behar denean, baldintzak eta lanbide gaitasunak berdinak izanik, lanaldi partzialeko kontratua duten langileek lehentasuna izanen dute lanaldi osoko kontratazio berrietarako.

Lanaldi partzialen kasuan, formula hau aplikatuz eginen da kalkulua:

Lanaldiaren % =

Asteko ordu kopuru hitzartua x 45,66125 aste urtean x 100*

1734 ordu

(*) 45,66125 asteko kopurua kalkulatzeko, 1.826 ordu eta 27 minutuko urteko gehieneko lanaldiaren eta Langileen Estatutuak finkatutako asteko 40 orduko lanaldiaren arteko zatiketa egin da: 1.826,45/40 = 45,66125 aste urtean.

6.4. Produkzioaren inguruabarrengatiko kontratuak.

Produkzioaren inguruabarrak: merkatuaren egoera, lanen ugaritasuna edo eskaeren pilaketa direla-eta beharrezkoa denean, enpresaren ohiko jarduera izanik ere, adibidez, Eguberri edo San Fermin bezperan edo herriko jaien bezperan, langileen oporretan edo eskaintzen ondorioz lan ugari dagoen aldietan, berariazko kontratuak egiten ahalko dira, jardueraren inguruabarrengatik, gehienez ere 9 hilabeterako 12 hilabeteko tartean. 9 hilabete baino gutxiagoko eperako hitzartuz gero, luzatzen ahalko da, alderdiak ados egonez gero, baina kontratuaren iraupena ez da gehieneko muga hori baino luzeagoa izanen.

6.5. Erretiro partziala eta errelebo-kontratua.

Aldeek uste dute kontratu modalitate hori enplegua sustatzeko, plantillak gaztetzeko eta belaunaldi erreleboa egiteko baliabide gisa erabiltzea tresna erabilgarria dela plantillaren berrikuntzei eta berregituratze posibleei ekiteko.

Enpresak errelebo-kontratua itunduko du, halakotzat jota langabe batekin edo enpresarekin iraunaldi zehatzeko kontratua itundu duen langile batekin egindakoa, erretiro partziala hartuko duen langileak beteko ez duen lanaldi zatia egiteko.

Hala ere, urtean 38.000 euroko edo gehiagoko ordainsaria jasotzen duten langileen kasuan, enpresek, antolatzeko eta funtzionamendu-beharrei erantzuteko dituzten ahalmenen mugen barruan, langile horiek egiten dizkieten eskaerak aztertuko dituzte, hala eskatzen duten langileen erretiro partzialari dagokionez. Enpresak langilearen eskaera onartzen ez duenean, ukitutako edozeinek Hitzarmenaren Interpretaziorako Batzorde Mistoarengana jotzen ahalko du. Batzordea, alderdiei entzun ondoren, haien jarrerak hurbiltzen saiatuko da, enpresaren eta langilearen arteko akordioaren bila, langileak erretiro partziala hartzerik izan dezan.

Kontratazio mota hau erraztu eta arintzeko, eta Langileen Estatutuaren 12.7.d) artikuluan xedatutakoarekin bat, errelebo-kontratuaren bidez kontratatutako pertsona erretiro partziala hartu duenarena ez bezalako lanbide-talde bateko kide izaten ahalko da, baldin eta bien arteko kotizazio-oinarriak bat badatoz, Gizarte Segurantzari buruzko Lege Orokorraren 166.2.e artikuluan aurreikusitako moduan. Ordezko langile hori plantillako langile finko bihurtuko da besteak erretiro osoa hartutakoan, eta hori guztia Langileen Estatutuaren 12. artikuluko 6. apartatuaren edo haren ordez ematen diren xedapenen itzalpean eginen da. Erretiro aurreratuei eta partzialei dagokienez, indarra duten legeetan xedatutakoari jarraituko zaio.

6.6. Aldizkako kontratu finkoa.

Langileen Estatutuaren 12. eta 16. artikuluetan aurreikusitakoari jarraituko zaio, 32/2021 Errege Lege-dekretuak emandako bertsioan.

Deialdiaren irizpide objektiboak eta formalak enpresaren akordio bidez zehazten direnak izanen dira.

Enpresaren akordiorik ez badago, idatziz egin beharko dira deiak, edo, bestela, interesdunari behar bezala jakinarazi zaiola jasota uzteko aukera ematen duen beste moduren bat erabiliz, lanean hasteko baldintzak zehaztuta eta aurrerapen nahikoarekin (gutxienez 10 egunekoa). Aldizkako langile finkoak deia egin eta hurrengo 2 egunetan erantzun beharko du. Enpresak hilabete baino gutxiagorako egiten badu deia, eta langileak hirutan egiten badio uko deiari, ez du aldizkako langile finkoaren izaera galduko adierazitako epean erantzuten badu.

Era berean, enpresan ezarritako beste irizpiderik ezean, aldizkako langile finkoei antzinatasunaren hurrenkeraren arabera deituko zaie. Antzinatasunaren hurrenkera erabakitzeko irizpidea aldizkako langile finkoek enpresan egiaztatutako egiazko lanegunen kopurua izanen da. Elikagaien merkataritzaren sektorearen jarduerak bereziak direnez (askotariko antolaketa-egitura, jendearentzako ordutegi desberdinak, erosteko ohitura desberdinak denden kokapen geografikoaren arabera, etab.), lanaldi partzialeko aldizkako kontratu finkoak formalizatzeko aukera xedatzen da.

Lanaldi partzialeko aldizkako kontratu finkoaren modalitatea erabiliz gero, urtean gutxienez 5 hilabeteko kontratazio-aldia bermatzen da, eta astean gutxienez 20 orduko lanaldia. Gainerako kontuetarako, lanaldi osoko aldizkako kontratu finkoaren erregulazioan xedatutakoa beteko da.

7. artikulua. ABLEetako langileen kontratua.

Hitzarmen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik aurrera, honen eraginpeko enpresek, aldi baterako laneko enpresen zerbitzuak kontratatzen dituztenean, bermatu eginen dute beren zerbitzuan jartzen diren langileen lan eskubideak eta ordainsariak enpresako langileentzat hitzarmen kolektibo honetan ezarritakoak bezalakoak izanen direla.

Betebehar hori berariaz jaso behar da aldi baterako laneko enpresaren eta hitzarmen honen eraginpeko enpresa erabiltzailearen arteko zerbitzu-kontratuan.

Langileak ordezteko eta produkzioaren inguruabarrei aurre egiteko soilik egiten ahalko dira horrelako kontratuak. Urtean gehienez 4 hilabete iraunen dute langile bakoitzeko.

8. artikulua. Igoerak eta mugikortasun funtzionala.

a) Lanbide sailkapeneko sistemaren barnean gora egiten ahalko da, kontuan izanik langilearen prestakuntza, merezimenduak eta antzinatasuna, baita enpresaburuaren antolaketarako ahalmenak ere. Enpresan gora egiteko irizpideak finkatzeko arauak berdinak izanen dira emakumezko zein gizonezko langileentzat.

Goragoko kategoriako eginkizunak urte batean sei hilabetez edo bi urtean zortzi hilabetez, jarraian nahiz tarteka, egin dituen langilea goragoko kategoriara igaroko da zuzenean, baldin eta goragoko kategoriako jarduera ez badu egin kontratua eteteko eskubidea duen langile baten ordezko gisa.

Goragoko kategorietan lanposturen bat hutsik geratzen denean, honako hauek hartuko dira kontuan hura betetzeko:

–Antzinatasuna enpresan.

–Titulazio egokia eta haren balorazioa.

–Eginkizunak.

Betiere, enpresako zuzendaritzak eta ordezkari sindikalek elkar hartuta arau gehiago ezartzen ahalko dituzte goragoko kategoriako lanpostu hutsak betetzeko.

b) Mugigarritasun funtzionala antolaketa beharren arabera gauzatuko da, maila bereko edo lanbide talde bereko kategorien artean.

Laneko Arriskuei Aurrea hartzeari buruzko Lege indardunaren 26. artikuluarekin bat, eta haurdun dauden emakumeak, erditu berriak eta bularra ematen ari direnak babesteko, lanpostua edo haren baldintzak egoera horri egokitu beharra dagoenean, lanpostuaren edo eginkizunen aldaketa eginen da mugigarritasun funtzionalari aplikatzen zaizkion arau eta irizpideen arabera, eta ondorioak izanen ditu harik eta emakumezko langilearen osasun egoera lehengo lanpostura itzultzeko modukoa izan arte.

Artikulu honetan aurreikusita ez dagoen orotan, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legearen 26. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

9. artikulua. Mugigarritasun geografikoa eta aldi baterako joan-etorriak.

1. Ohiko bizilekuz aldatzera behartzen duten behin betiko lekualdatzeak:

Bizilekuz aldatzera behartzen duten lekualdatzeen kasuan (enpresaren ohiko lantokitik beste batera), horretarako arrazoi ekonomikoak, teknikoak, antolaketakoak edo produkziokoak badaude, Langileen Estatutuaren 40. artikuluan ezarritakoari jarraituko zaio. Langilearen lekualdatzea lantokitik 25 kilometrotik gora ez dagoen beste batera egiten denean, ulertuko da ez dela bizilekuz aldatzera behartzen duen lekualdatzea.

Legez ezarritako tramiteak eta epea agortuta, eta behin lekualdatzea betearazia, langileak konpentsazio ekonomikoa kobratzeko eskubidea du bere eta berarekin bizi diren (eta beraz berarekin joan behar duten) ahaideen joan-etorrien gastuengatik, eta baita altzariak, arropa, tresnak, eta abar garraiatzeagatiko gastuengatik ere. Ostatu-gastuak ere, beharrezkoa den bitartean (gehienez, seihileko bat) bizileku berrian bizitzen hasi arte sartzen dira. Azken eskubide honen ordez, eta aldeen arteko adostasunik badago, gutxienez 10 eguneko baimen ordaindua hartzen ahalko da bizileku berri bat bilatzeko.

2. Aldi baterako lekualdatzeak:

Arrazoi ekonomikoak, teknikoak, antolamenduari zein produkzioari lotuak edo enpresa jarduerarako kontratazioak direla-eta, enpresak langileak aldi baterako lekualda ditzake. Hala denean, langileek ohiko bizilekuaz bestelako batean bizi behar badute, Langileen Estatutuaren 40.4.6 artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio.

Kasu horretan, eta aurretik azaldutakoarekin bat, enpresaren beharrengatik ohiko lantokitik beste batzuetarako bidaiak edo joan-etorriak egin beharrean diren langileek kopuru hauek kobratuko dituzte bidaia-sari gisa:

15,00 euro eguerdiko otordua bizilekutik kanpo egiten bada. 30,00 euro egunean bi otordu egiten badira.

Gaua ohiko bizilekutik kanpo eman behar denean, gastua osorik konpentsatuko da, aldez aurretik faktura aurkeztuta.

Gainera, langileek eskubidea izanen dute joan-etorriak egiteko erabilitako garraio publikoetan egin dituzten gastuak konpentsatzeko. Langileak baliabide propioak erabiltzen baditu joan-etorriak egiteko (enpresarekin adostu beharko du aldez aurretik), ibilgailu partikularra erabiltzeagatiko gastuen konpentsazio gisa 0,37 euro kilometroko zenbatekoa sorraraziko da 2024an.

Bidaia-sarien eta kilometro-ordainen zenbatekoak hitzarmen hau izenpetzen denean hartuko du indarra, eta urtero berrikusiko da hitzarmenean izandako igoeraren portzentaje berean.

3. Langileen legezko ordezkariei informazioa ematea:

Langileen Estatutuaren testu bateginaren 40. artikuluaren (mugigarritasun geografikoa) 1. eta 2. apartatuak. Zio teknikoak edo antolakuntzakoak direla-eta egindako langileen lekualdatzeak langileen legezko ordezkariei jakinaraziko zaizkie, haiek eragina izan baino hogeita hamar egun lehenago gutxienez ere. Lekualdatze kolektiboen kasuan, kontsulta aldia baino lehenago emanen da haien berri.

4. Lantokiz aldatzea:

Langileen lekualdatzeak ondorengo arrazoiengatik egiten ahalko dira:

1. Langile interesdunak eskatuta: Kasu honetan, mugigarritasun geografikoa izanda ere, ez da emanen aurreko artikuluan ezarritako kalte-ordainik.

2. Lanpostua trukatzeagatik: Enpresa eta lanbide kategoria edo talde berekoak izanik lanpostua herri desberdinetan duten langileek beren lanpostuak trukatzeko eskatzen ahalko dute, enpresak kasuan-kasuan erabakitzen duenaren mende, betiere zerbitzuaren beharrak, trukatzaileek lanpostu berrirako duten gaitasuna eta nabarmenak diren beste egoera batzuk kontuan hartuta.

3. Enpresaren eta langilearen arteko adostasunaren ondorioz: Lekualdatzeen gastuak konpentsatzeari dagokionez, kasu honetan aldeek adosten dutenari jarraituko zaio.

4. Zerbitzuaren beharrengatik. Kasu honetan, lantokiz aldatzea modu hauetan gerta daiteke:

–Une jakin baterako:

a) Lantoki edo merkataritza-gune berriak irekitzeko une jakin bateko premiari erantzuteko, horretarako beharrezkoa den denboran bakarrik. Denbora hau ezin izanen da hiru edo lau astekoa baino handiagoa izan, inguruabarren arabera.

b) Une jakin bateko beste premia batzuk (aurreikusi ezin diren hutsegiteak, aldi baterako ezintasunak, lizentzia ordainduak eta ordaindu gabeak) beteko dituzte, lehenik, lantoki finkorik izan gabe zeregin nagusien artean lanbide talde bereko langileak ordezteaz arduratzen diren langileek. Ezin bada, lantokiaren aldaketa eginen da beharrak asetzeko ezinbestekoa den gutxieneko denborarako, ahal den epean langileari aurretik abisatuz.

–Egiturazko moduan:

c) Une jakin batekoak ez diren zerbitzuaren beharrei erantzuteko. Kasu honetan, ondorengo baldintzak aplikatuko dira:

1.–Enpresak eskubide osoa izanen du langileek zerbitzuak emateko duten tokia aldatzeko lantoki bat baino gehiago dituen udalerrietan, Iruñerrian edo udalerri mugakideetan, baldin eta abiaburuko eta helmugako lantokien artean 25 kilometro baino gehiagoko distantzia ez badago.

2.–Kasu honetan, enpresak 15 egun lehenago eman beharko dio aurreabisua langileari.

3.–Enpresak zerbitzuaren beharrengatik langileak lantokiz aldatzeko duen ahalmena ezin izanen da langile berarekin erabili lekualdatzea gertatu zenetik urtebete igaro arte, salbu eta, lekualdatzea interesdunak eskatuta, enpresak onetsitako trukearen bidez edo enpresaren eta langilearen arteko adostasunaren ondorioz gertatu bada.

Zerbitzuaren beharrak direla-eta egiten diren joan-etorrien kasuan, azken lantokitik esleitutako lantoki berrira joateak lokomozio-gastu handiagoa eragiten badu, enpresak garraio kolektibo zentzuzkoenaren bidezko kostua ordainduko dio enplegatuari (egoki diren kasuan kasuko kenkariak aplikatuz), haren bizilekutik lantokira eta alderantziz. Era berean, bizitza pertsonala, familia-bizitza eta lan-bizitza uztartzeko behar diren baldintzak jarriko dira, eta, adingabeak edo mendekotasuna duten ahaideak zaintzeagatik lanaldia murrizten den kasuan, kasurik txarrenean ere eskubidea erabiltzeko baldintzak mantenduko dira.

Enpresak lekualdatzeei buruz egindako proposamenen eta haiek egiteko baldintzen berri emanen zaie langileen legezko ordezkariei.

10. artikulua. Lanpostua uztea.

a) Langileak, edozein izanik ere haren kontratu mota, bertan behera uzten ahalko du lan harremana noiznahi, baldintza bakarra betez: enpresari jakinaraztea gutxienez hilabete lehenago, hitzarmen honetako I., II. eta III. lanbide taldeetako langileen kasuan, eta gutxienez 15 egun lehenago, gainerako langileen kasuan.

Langileak aurretik abisua emateko baldintza hori behar den epean betetzen ez badu, enpresak likidaziotik kentzen ahalko dio egun bateko soldataren zenbatekoa abisu hori atzeratzen den egun bakoitzeko.

b) Enpresaburuak a) atalean aipatu den epe berean jakinarazi beharko ditu kontratuen amaierak, eta hala egin ezean, aurreabisurik gabeko egunak ordaindu beharko dizkio langileari likidazioan edo finikitoan.

HIRUGARREN KAPITULUA.–ORDAINSARIAK, ANTZINATASUNA, ERITASUNA ETA ISTRIPUA, APARTEKO ESKERSARIAK, IRENSPENA ETA KONPENTSAZIOA

11. artikulua. Ordainsariak.

Hitzarmen honetako ordainsariak testu honi eranskin gisa gehitutako tauletan ezarritakoak izanen dira, hitzarmenak indarra duen urte guztietarako, eta igotzeko irizpide hauek tauletan aplikatzearen emaitza dira:

–2024. urtea: 2024ko taulak %2 igoko dira 2024ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin.

Berrikuspena.–2024ko KPI nazionalak aurreratu den %2 hori gainditzen badu, aldea 2025-01-01eko ondorioekin gehituko zaie taulei.

–2025. urtea: Tauletako kopuruek %2ko igoera izanen dute 2025eko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin.

Berrikuspena.–2025eko KPI nazionalak %2 hori gainditzen badu, ehuneko horrekiko aldea gehituko da 2026. urterako indarrean egonen diren soldata-tauletan.

–2026. urtea: Tauletako kopuruek %2ko igoera izanen dute 2026ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin.

Berrikuspena.–2026ko KPI nazionalak aurreratzen den %2 hori gainditzen badu, aldea 2027-01-01eko ondorioekin gehituko zaie taulei.

Igoera gehigarria eta koiunturala.

Egoeraren arabera, hitzarmen honen eraginpeko enpresek honako zenbateko hauek ordainduko dituzte:

–2025. urtea: %3ko igoera finkagarria tauletan, 2025-01-01etik aurrerako ondorioekin.

–2026. urtea: %1,5eko igoera finkagarria tauletan, 2026-01-01etik aurrerako ondorioekin.

–2027. urtea: %1,5eko igoera finkagarria tauletan, 2027-01-01etik aurrerako ondorioekin.

Hitzarmen honetan itundutako igoerak ez zaizkio 25. artikuluari aplikatuko (aseguru kolektiboaren poliza).

Pizgarri eta plus gabeziaren plusa (PGP).–Pizgarri gabeziaren plusa (PGP), Nafarroako Supermerkatu eta Saltoki Handien Elkarteak UGT, LAB eta CCOO sindikatuekin izenpetutako hitzarmenean ezarri eta gerora epai bidez deuseztatu zena, aplikagarria izanen da, soil-soilik, pizgarri sistemaren bat edo emaitzen araberako sariren bat ezarrita duten edo etorkizunean halakorik ezartzen ahal duten enpresetan. Halaber, hitzarmen hau sinatu arte plus hori aplikatu duten enpresek hura ordaintzen jarraitu beharko dute.

12. artikulua. Antzinatasuna.

Antzinatasun plusa konpentsatzeko, formula hau ezarri da:

A) Langileek, lehengo antzinatasun sistemaren konpentsazio gisa, ondokoa jasoko dute:

–Sarreratik hasi eta lehenbiziko zortzi zerbitzu-urteetan, hitzarmen honen II. eranskineko Antzinatasuna izeneko taulan lanbide talde bakoitzarentzat ezarritako kopurua.

–Zerbitzuan zortzi urte jarraian egindakoan, bi laurtekoren zenbatekoa jasoko dute II. eranskineko Antzinatasuna izeneko taularen arabera, eta kopuru horri antzinatasun finkatua deituko zaio.

Kopuru hori ezin izanen da konpentsatu edo irentsi, eta hitzarmen bakoitzean tauletarako ituntzen den gehikuntza aplikatuko zaio.

B) 1995eko abenduaren 31n laurtekoren bat finkatuta zuten langileek beste laurteko bat lortzeko eskubidea izanen dute, azkena.

Finkatutako laurtekoen kopurua (aurreko paragrafoan aipatutakoa barne, sortzen denean) aplikatuz ateratzen den zenbatekoa norberaren osagarri gisa mantenduko da, 1995ean indarra zuten taulen arabera kalkulaturik, eta "antzinatasun finkatua" deituko zaio. Kopuru hori behin ere ezin izanen da konpentsatu edo irentsi.

C) 1996. urtea baino lehen sartu eta denboraren joanaz laurteko bat bera ere finkatu ez duten langileek ondoko konpentsazioak jasoko dituzte:

–1996ko urtarrilaren 1etik, eta enpresan lau urte bete arte, hilero jasoko dute soldata-taulen II. eranskinean antzinatasuna dela-eta ezarritako kopurua, eta antzinatasun finkatua deituko zaio hurrengo atalean ezarritakoa betetzen den unetik aurrera.

–Enpresan lau urte betetzen dituzten egunetik aurrera, langileok bi laurtekoren zenbatekoa jasoko dute II. eranskineko taularen arabera, antzinatasun finkatua dela-eta.

Kopuru hori ezin izanen da konpentsatu edo irentsi.

Bi taldeentzat (artikulu honetako B eta C puntuetan adierazitako horientzat) konpentsazio plus bat ezarri da antzinatasun saria izozteagatik. Hitzarmen honen III. eranskineko Antzinatasuna konpentsatzeko plusa izeneko taulan ageri da lanbide talde bakoitzarentzako zenbatekoa.

Fideltasun saria, enpresa berean izan duten fideltasuna saritzeko. Enpresa berean lanean aritu diren langileei ordainketa bakar bat eginen zaie, eskudirutan, enpresan emandako urteen arabera. Diru kopuru horiek eguneratu dira hitzarmenaren indarraldiko urte bakoitzeko soldata-taulak igo diren proportzio berean. Honatx sari horren zenbatekoak:

2024. URTEA

10 urte

191,09 euro

15 urte

286,64 euro

20 urte

382,18 euro

25 urte

508,30 euro

30 urte

676,03 euro

35 urte

899,12 euro

13. artikulua. Eritasuna eta istripuak.

Laneko istripuaren edo lanbide eritasunaren ondoriozko aldi baterako ezintasunetan, enpresak osagarri bat ordaindu beharko dio langileari, Gizarte Segurantzak aldi baterako ezintasunaren prestazioagatik ematen dionari gehituta egiazko soldataren %100era irits dadin bajaren lehenbiziko egunetik hasita.

Gainerako kasuetan, enpresek honela osatuko dute aldi baterako ezintasunaren prestazioa:

–Bajaren lehenengo 3 egunetan: egiazko soldataren %75eraino.

–Bajaren laugarren egunetik hasi eta hirurogeigarren egunera arte enpresak %85eraino osatuko du egiazko soldata.

–Hirurogeita batgarren egunetik aurrera, enpresak %100eraino osatuko du langilearen egiazko soldata.

Haurdunaldiko arriskuagatik edo bularra emateko garaikoa dela-eta lan kontratua eteten denean, Laneko Arriskuei Aurrea Hartzeari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legearen 26. artikuluan aurreikusitako moduan, enpresak %100eraino osatuko du egiazko soldata, lehenbiziko baja-egunetik kontingentzia amaitzen den egunera arte.

Aurreikusirik ez dagoen orotan, indarra duen legerian xedatutakoak aginduko du.

Langileak baja-agiria edo medikuaren ziurtagiria aurkezten ez badu, edo agiri horiek lanean huts egindako egunaren ondotik emanak badira, enpresak ahalmena izanen du justifikatu gabe utzitako egunei dagokien dirua soldatatik deskontatzeko.

14. artikulua. Aparteko eskersariak.

A) Hitzarmen honen eraginpeko langileek aparteko eskersariak jasoko dituzte uztailean eta eguberrietan. Horietako bakoitzean egiazko hileko soldata oso baten zenbatekoa jasoko dute.

Kontzeptu horren barnean sartzen da, orobat, lehengo antzinatasun sistemaren konpentsazio gisa ezarritako kopuruei buruz hamaikagarren artikuluan ezarritakoa.

Eskersari hau sei hilabetean behin konputatuko da, eta aurreko seihilekoan egindako zerbitzu denboraren araberako kopurua jasoko da.

B) Enpresek langileendako eskersari aldakorren araubide bat ezarriko dute, salmenten edo mozkinen araberakoa, enpresa bakoitzaren antolaketari egokitua. Eskersari horiek langileak hilabete batean jasotzen duen egiazko soldata adinakoak izanen dira gutxienez.

Kontzeptu horren barnean sartzen da, orobat, lehengo antzinatasun sistemaren konpentsazio gisa ezarritako kopuruei buruz hamaikagarren artikuluan ezarritakoa.

Artikulu honetan aipatutako eskersaria urtero ordainduko da, salbu eta, akordio bat edo lehendik finkatutako ohitura bat dela medio, epe laburragoetan ordaindu ohi baldin bada. Bestela, ekitaldi ekonomiko bakoitzekoa hurrengo ekitaldi ekonomikoko lehen hiruhilekoan likidatu beharko da.

15. artikulua. Bermeak.

Hitzarmen honetan biltzen diren baldintzak gutxienekoak dira. Hortaz, hemen ezartzen diren baldintzak baino hobeak dituzten langileei "ad personam" bermatuko zaizkie.

16. artikulua. Irenspena eta konpentsazioa.

Hitzarmen honen ondorioz ezartzen diren ekonomia eta lan arloetako hobekuntza guztiak, are hemendik aurrera ezartzen diren borondatezko hobekuntzak ere, enpresa bakoitzean izanen diren soldaten igoera eta hobekuntzekin konpentsatu eta irentsiko dira, ahal den neurrian, baita hemendik aurrera aldarrikatzen diren legezko beste xedapen batzuen bidez ezartzen direnekin ere, edozein delarik haien kontzeptua.

LAUGARREN KAPITULUA.–LANALDIA, APARTEKO ORDUAK, GAUEKO LANA, OPORRAK, BAIMENAK ETA ESZEDENTZIAK

17. artikulua. Lanaldia.

Hitzarmen hau sektorial autonomikoa da, haren 1. artikuluko b) atalean ezarritakoari jarraituz.

Klausula hau lehentasunez aplikatuko da lanaldiaren arloan, indarrean dagoen Langileen Estatutuaren 84. artikuluko 2. atalaren babesean; izan ere, hor zehazki ezartzen dira enpresa hitzarmenetan aplikatzeko lehentasuna duten gaiak, eta horien artean ez da lanaldia agertzen.

Ondorioz, hitzarmenen konkurrentziari buruzko arau hau ezartzen da. Horren arabera, enpresa hitzarmenak indarrean dauden bitartean, hitzarmen honetan araututako lanaldia lehentasunez aplikatuko da 1. artikuluan aipatutako aplikazio eremuko enpresentzat.

2. Hitzarmen hau indarrean den bitartean, hauxe izanen da lanaldia: benetan lan egin beharreko 1.734 ordu.

Hitzarmen honen aplikazio eremuan sartuta dauden enpresetan, langileei hitzarmen honetako soldata-tauletan V. taldekoentzat (sektoreko langile gehienak talde horretan daude) ezarritako ordainsaria baino gutxiago ordaintzen bazaie bertan beste esparru bateko hitzarmen bat aplikatzen delako, lanaldia hauxe izanen da enpresako plantilla guztiarentzat: benetan lan egin beharreko 1.540 ordu.

Horren ondorioetarako, enpresa batek hitzarmen honetako V. taldeko soldatatik beherako soldata ordaintzen duela ondorioztatuko da, baldin eta kasuan-kasuan aplikatu beharreko hitzarmenak, V. taldean sartutako lanbide jarduera batean aritzen den langile batentzat, ezarritako urteko ordainsari guztiak (lanaldi osoari dagozkionak eta bermatutako soldata-kontzeptu guztiak aintzat hartuz) txikiagoak badira hitzarmen honen V. taldean lanaldi osoan aritzen den langile batentzat ezarritako urteko ordainsari gordinak baino.

3. Beste ezer itundu ezean, behean agertzen diren egunetarako, bost ordu eta erdiko lanaldi murriztua ezarri da, 15:00ak arte gehienez ere:

–Pazko egunean.

–Abenduaren 26an.

–Herriko festen egunetan.

3.1. Iruñean jaieguna izanen da uztailaren 7a, San Fermin eguna, eta beste herri batzuetan beste egun bat izanen da, jaiegun ofiziala izan gabe ere halako tradizioa duena. Gai honen inguruan zalantza edo desadostasuna sortzen bada, hitzarmen honen interpretaziorako batzordeak ebatziko du.

4. Langile bakoitzak urtean lau baimen-egun izanen ditu, nahi duenean hartzeko, baina, betiere, gutxienez 7 egun lehenagotik abisatuta. Baimen-egun horietako bi ezin izanen dira astelehenarekin, larunbatarekin edo jaiegun bezperetan hartu, eta ezin izanen dituzte establezimendu bereko langile batek baino gehiagok batera hartu. Zenbait langilek egun bera eskatzen badute, lehentasuna izanen du antzinatasun handiena duenak, eta antzinatasun berekoen artean, zaharrenak, eta, horrela, batak bestearen atzetik hartuko dituzte hurrengo urteetan. Egun horiek ezin dira arauzko oporrekin metatu, alderdien akordioa izan ezean.

5. Orain arte xedatutakoa aplikatzearen ondorioz edo oporrak hartzen diren egunen ondorioz urteko lanaldia ez badator bat itundutako benetako lanorduekin, orduen alde hori konpentsatu eginen da oporrak hartu eta hurrengo hilabetetik aurrera, besterik itundu ezean, modu honetara:

1.–Enpresarentzako aldea bada, langileak ez ditu hartuko artikulu honen 11. atalean aipatutako hileko bi orduak harik eta aldea konpentsatu arte.

2.–Langilearentzako aldea bada, gehiegizko lanaldia hiru hilean behingo likidazioekin eta lanaldi osotan konpentsatuko da, kopuruak horretarako bide ematen badu, bere ordu-kreditua agortu arte.

6. 18 urtetik beherako langileek, indarra duen legeriaren arabera, astean bi egun jarraituko atsedenaldia izanen dute.

7. Enpresek, langileekin adosturik, langileak lanera sartu eta irteteko orduak kontrolatzeko sistema bat ezarriko dute.

8. Ordu osagarriak. Langileen Estatutuaren 12.5 artikuluan xedatutakoa galarazi gabe, enpresak eta langileak kontratu mugagabe bat itundua dutenean ordu osagarrien ituna handitzen ahalko dute %20ra bitarte (legeak baimendutako %30aren gainean), eta oro har hasieran kontratatutako orduen %50era irits daiteke.

Lanaldi partzialerako kontratatzen diren langileen kasuan, kontratatutako orduak baino gehiago (ordu osagarriak) egiten badituzte edo ordu kopurua aldi baterako luzatzen bazaie lau hilabetez edo denbora gehiagoz –betiere orduen urteko zenbaketa eginda–, eskubidea izanen dute kontratatutako orduen eta aldi horretan benetan egindako lanaldiaren arteko soberako orduen %50 finkatzeko.

–Adibidea.–Pertsona bat lanaldi partzialean kontratatzen dute lanaldiaren %40 egiteko, eta bere urteko lanaldia, urteko zenbaketa eginda, %75ekoa izan da. Pertsona horrek lanaldiaren %57,5 finkatzen ahalko du.

Orduak finkatzeko, baldintza hauek bete beharko dira:

–Ordu osagarriak edo orduen aldi baterako luzapenak urtean gutxienez lau hilabetez egin beharko dira erreferentziako urtean.

–Orduen finkapena urtean behin baino ez da aplikatuko.

–Enpresak idatziz jakinaraziko dio langileari finkatze-kalkuluaren emaitza, eta hurrengo urteko urtarrilean ordainduko du.

Klausula hau lan araudian egiten diren aldaketen arabera berrikusi eta egokitzen ahalko da.

9. Halaber, borondatezko ordu osagarriak, Langileen Estatutuaren 12.5 g) artikuluan arautuak, handitzen ahalko dira %30era bitarte hasieran kontratatutakoen gainean, betiere artikulu horretan eskatutako baldintzak errespetatuz.

10. Lanaldi irregularra:

a) Enpresa eta langileen ordezkariak adostuta, lanaldia urte osoan modu irregularrean banatzea erabaki daiteke. Kontrako itunik edo frogatutako usadio eta ohiturarik ez badago, enpresak ahalmena du lanaldiaren %10 urte osoan modu irregularrean banatzeko.

Banaketa hori eginda ere, legeak ezarritako eguneko eta asteko atsedenaldietarako gutxieneko tarteak errespetatu beharko dira.

Lanaldi irregularra aplikatu ahal izateko, enpresak otsaila baino lehen ezarri beharko du lan egutegian. Lanaldi irregularra hilabete bateko lau alditan banatzen ahalko da gehienez.

Enpresak lanaldi irregularra hasi baino hogeita hamar egun lehenagotik abisatu beharko dio ukitutako langileari.

b) 15 langiletik beherako enpresetan, lanaldi irregularraren %10 hori aplikatzeko, 40 orduko poltsa bat eratuko da urtean, lanaldi oso bakoitzeko, edo dagokion ordu kopurukoa enpresaren ohiko lanaldiaren arabera. Ohiz kanpoko beharra dagoenean, enpresak ordu-poltsa hori erabiltzen ahalko du, erabili baino 4 egun lehenagotik abisatuta betiere. Nolanahi ere, ordu horiek berreskuratzean, ezin izanen da langile bakoitzaren eguneko ohiko lanaldiaren %30 gainditu.

c) Lanaldia banatzeko, enpresaren eta langileen ordezkarien arteko adostasuna beharko da. Ados jarri ezean, hurrengo ataletan ezarritakoa aplikatuko da.

11. Langile bakoitzak eskubidea izanen du bere lanaldia bi ordu murrizteko hilabete bakoitzean; ezin izanen dira hilabete bateko orduak beste hilabete batekoekin metatu. Kontrako akordioa lortu ezean, denbora hori goizeko edo arratsaldeko lehen orduan hartuko da, eta enpresak txanden hurrenkera bat ezarriko du, atal edo departamentuen merkataritza-funtzionamendu normala ez eragozteko.

12. Legezko xedapenek edo lehendik finkatutako ohiturek ezarritako lanaldi laburragoak edo trinkoak errespetatu eginen dira, baldintza hobetzat joko baitira.

13. Langileek eskubidea dute astean egun bat eta erdiko atsedenaldi jarraitua izateko, igandean eta larunbat arratsaldean, salbu eta lanaldiari eta egutegiari buruzko bestelako akordioak dituzten langileen kasuan. Hortaz, lanaldia eskubide hori erabili ahal izateko moduan banatuko da.

14. Behar bezala justifikaturiko kasuetan, enpresek langileak kontratatzen ahalko dituzte larunbatetan establezimendua ireki ahal izateko. Enpresaren erabaki hori enpresako langileen legezko ordezkariek kontrolatu eta baimendu behar dute, edo, akordiorik ezean, hitzarmenaren batzorde mistoak.

15. Kalitatezko atsedena.

i.–15 langile baino gutxiagoko enpresak: Astean 6 egunetan zerbitzua ematen duten pertsonek kalitatezko 6 asteburu izanen dituzte, honela banatuta:

–Kalitatezko 3 asteburu, larunbata eta igandea hartuta.

–Beste 3 asteburu, igandea eta astelehena hartuta.

–Igandea asteko atseden-eguntzat ez duten enpresetan, larunbateko eta igandeko 3 asteburu izanen dituzte, eta beste 3 atsedenaldiak elkarren segidako bi egunekoak izanen dira.

ii–15 langile edo gehiagoko enpresek kalitatezko atseden-egun hauek izanen dituzte:

–Asteko 10 atseden-egun; horietatik 6k larunbata eta igandea hartuko dute, eta beste 4k igandea eta astelehena.

Nolanahi ere, kalitatezko atsedenaldiak baldintza hauekin hartuko dira:

A) Atsedenaldiak enpresak proposatu eta banatuko ditu, antolaketa-irizpidearen arabera, eta astean 6 egunetan edo gehiagotan lan egiten duten langileek hartuko dituzte.

B) Atsedenaldiak langileen benetako lanaren araberakoak izanen dira.

C) Atsedenaldi horiek asteko atsedenarekin lotuta egonen dira.

D) Nolanahi ere, langileek hitzarmen honetan ezarritako urteko lanaldia bete beharko dute.

E) Kontratuaren lehen urtean, atsedenaldiak lan egindako denboraren araberakoak izanen dira.

18. artikulua. Aparteko orduak.

Enplegua sortzen lagunduko duen gizarte politika solidarioa sustatze aldera, ohiko aparteko orduak kentzea erabaki da.

Era berean, aurreko irizpideari indar betea ematearren, gomendatzen da enpresa bakoitzean langileen eta enpresaren ordezkariek batera aztertu dezatela kontratazio gehiago egiteko aukera, indarra duten kontratazio motak erabiliz, kendutako aparteko orduen partez.

Goian aipatutako enplegu sorrera helburu, eta arlo honetako nazioarteko esperientziak kontuan izanik, hitzarmen honen sinatzaileek komenigarritzat jotzen dute beren ordezkariei adieraztea ona litzatekeela aparteko orduak lehentasunez atseden denborarekin ordaintzea, diruzko ordaina eman beharrean.

Aparteko orduak nolakoak diren, hauxe erabaki da:

a) Ezinbestez egin beharreko aparteko orduak, ezbeharrei aurrea hartzeko edo kalteak konpontzeko beharrezkoak direlako, bai eta antzeko beste kasu batzuetan egiten direnak ere, baldin eta ordu horiek ez egiteak enpresari edo hirugarrenei kalte nabarmen eta larriak badakarzkie, edo lehengaiak galtzeko arriskua badago: egitea.

b) Egiturazko aparteko orduak: eskaerei edo produkzio handiko uneei aurre egiteko beharrezkoak direnak, lan horiek aurreikusi gabekoak badira edo ez egiteak jarduerari kalte larria eta nabarmena badakarkio; ustekabeko absentziak, martxan jartzeko eta/edo geldiarazteko behar direnak, txanda-aldaketak eta antzeko kasuak: aparteko orduak mantentzea, betiere legeak aurreikusitako aldi baterako kontratuak edo kontratu partzialak erabiltzerik ez badago.

–Aparteko orduak, berez, borondatezkoak dira, salbu eta haiek ez egiteak enpresari kalte larriak eragiten dizkionean edo produkzioa eteten duenean, eta artikulu honetako a) apartatuan adierazitako gainerako kasuetan.

Enpresako zuzendaritzak hilero egindako aparteko orduen kopurua jakinaraziko die langileen legezko ordezkariei, eta egiteko arrazoiak azalduko dizkie. Informazio hori eta gorago azaldutako irizpideak kontuan izanik, enpresak eta langileen ordezkariek aparteko orduen izaera zehaztuko dute, hitzarmen honetan itundutakoaren arabera.

–Aparteko ordu bakoitzeko hartu beharreko konpentsazioa ordu arrunt batekoa izanen da, atsedenaldiarekin konpentsatzen bada; diruz ordaintzen bada, berriz, aparteko ordu bakoitzeko 1,5 ordu ordainduko dira.

19. artikulua. Gaueko lana.

Langileen Estatutuaren 36. artikuluan ezarritakoari jarraituko zaio.

Berariazko ordainsari gisa (langilearen soldata gauez egiten duen zerbitzualdia kontuan harturik zehazten den kasuetan izan ezik) honako hau ezarri da: ohiko ordu eta baldintzetan, hau da, egunez, egindako lanorduaren oinarrizko balioa gehi %25.

20. artikulua. Oporrak.

Hitzarmen honen eraginpeko langileek urtean opor hauek izanen dituzte:

–26 lanegun urtean, langilearen lanaldia astelehenetik larunbata bitartekoa denean.

–22 lanegun urtean, langilearen lanaldia astelehenetik ostirala bitartekoa denean.

Urtero, abenduan, enpresak zehaztuko du noiz hartuko den oporraldiaren erdia.

Langileak proposatuko du noiz hartu nahi duen dagokion beste erdia, enpresak langile guztien oporrak antolatu ahal izateko.

Oporrak hartzeko sistema bat itundu eta ezarri ezean, langile batzuek opor egun berberak eskatuz gero, lehenbiziko urtean antzinatasun handieneko pertsonek izanen dute lehentasuna, eta hurrengo urteetan ere irizpide horri jarraituko zaio, batzuek besteen atzetik har ditzaten, txandaka. Ulertzen da aurreko paragrafoan ezarritako lehentasunaz baliatzen den langileak hura lehen urtean bakarrik erabiltzen ahalko duela, oporrak hartzeko ondoko aldiak edozein direla ere.

Argiago gera dadin, jarraian transkribatzen da indarrean dagoen Langileen Estatutuaren 38. artikulua (RCL 2015, 1654), aldi baterako ezintasun edo kontratu-etete jakin batzuekin bat datorren oporraldiaren erregulazioari buruzkoa:

"Enpresaren opor egunen egutegiaren arabera finkatutako oporraldiak bat egiten badu langile baten haurdunaldiaren edo erditzearen ondoriozko edo bularra emateko aldi baterako ezintasun egoera batekin edo Langileen Estatutuaren 48. artikuluko 4., 5. eta 7. apartatuetan ezarritako lan kontratua eteteko aldiarekin, langileak eskubidea izanen du opor egunak aldi baterako ezintasuna edo dagokion baimena bukatutakoan edo kontratuaren etenaldia bukatutakoan hartzeko, urte naturala bukatu bada ere.

Oporraldia bitartean aurreko paragrafoan aipatu ez den arrazoi batengatik aldi baterako ezintasun egoera bat gertatuz gero, eta horren ondorioz langileak oporrak dagokion urte naturalean hartzerik ez badu, osorik edo partez, ezintasun egoera bukatu ondoren hartzen ahalko ditu, betiere opor horiek sortu diren urtea bukatzen denetik 18 hilabete baino gehiago igarotzen ez badira".

21. artikulua. Baimen ordainduak

Langileak, aurrez abisatu eta justifikaturik, baimena du lanera ez agertzeko, arrazoi hauengatik:

A.–Ezkontzagatik.

1. Langilearen ezkontza: 16 lanegun; lizentzia hori eta oporrak elkarren segidan hartzen ahal dira, batera gertatuz gero.

2. Anai-arreben, seme-alaben, biloben, gurasoen, lehengusu propioen, koinatu-koinaten eta iloba propioen ezkontza: egun bat.

B.–Eritasun larria edo ospitaleratzea edo erietxean sartzea arrazoi larri bategatik.

1. Ezkontideak, izatezko bikotekideak edo odol edo ezkontza bidezko bigarren gradura arteko ahaideek (izatezko bikotekidearen odol bidezko ahaideak barne) edo langilearekin etxe berean bizi den eta haren zaintza behar duen beste edozein pertsonak istripu edo eritasun larria baldin badute, ospitaleratu behar badituzte edo ospitaleratzerik ez baina etxean atseden hartzea eskatzen duen ebakuntza kirurgikoa baldin badute: bost egun.

Kasu guztietan, ospitaleratzearen egiaztagiria aurkeztu beharko da.

2. Etxean atseden hartzea eskatzen ez duen kirurgia handi anbulatorioagatik. Odol edo ezkontza bidezko 1. graduko ahaideak: egun bat, medikuntza zerbitzuek aldez aurretik justifikaturik.

C.–Heriotzagatik.

1. Ezkontidearen eta seme-alaben heriotza: 7 egun natural.

2. Gurasoena, aitona-amonena eta horien pareko ezkon-ahaideena, anai-arrebena, bilobena: 3 egun natural. Hori dela-eta langileak bidaia egin beharra badu, 5 eguneko baimena izanen du.

3. Koinatu-koinatena edo suhi-errainena: 2 egun natural.

4. Osaba-izeba propioena, iloba propioena eta lehengusu propioena: egun natural bat.

D.–Ohiko etxebizitzaz aldatzeagatik, egun 1.

E.–Nahitaezko eginkizun publiko bat betetzeko, behar-beharrezkoa den denbora.

F.–Jaio aurreko azterketak egiteko eta erditzea prestatzeko tekniketan trebatzeko, adopzioaren, harreraren edo adoptatzeko egiten den zaintzaren kasuetan, informazio eta prestakuntza saioetara joateko eta egokitasun deklarazioaren aurreko txosten psikologiko eta sozialak egiteko, behar-beharrezkoa den denbora, betiere lanorduetan egin behar badira.

G.–Langileak eskubidea izanen du ezinbesteak eraginik lanera joan gabe gelditzeko, baldin eta ahaideekin edo bizikideekin zerikusia duten premiazko familia-arrazoiengatik sortzen bada halabehar hori edo berehala bertaratzea eskatzen duen gaixotasun edo istripuren bat gertatzen bada. Atal honetan aurreikusitako arrazoiengatik hartzen dituzten absentzia-orduei dagokien soldata jasotzeko eskubidea izanen dute langileek (urtean lau egunen baliokideak), hitzarmen kolektiboan ezarritakoaren arabera edo, halakorik ezean, enpresaren eta langileen legezko ordezkarien arteko akordioaren arabera. Horretarako, langileek absentziaren arrazoia egiaztatu beharko dute.

–Izatezko bikoteek, bizikidetza-ziurtagiria aurkeztuz gero, zuzenbidezko bikoteen lizentzia berberak izanen dituzte.

–Betiere, alegatzen diren arrazoien justifikazioa frogatu beharko da.

–Bidaia dela-eta baimena luzatuko da 150 kilometro baino gehiago egin behar direnean.

22. artikulua. Baimen ordaindugabea.

Halaber, langileek gehienez hamar ordu erabiltzen ahal dituzte urtean ezkontideari, seme-alabei, gurasoei edo aitona-amonei medikuarenera laguntzeko edo beren kontuetarako. Denbora hau ez da benetan lan egindako denbora gisa kontatuko, eta berreskuragarria da.

Baimen hau hartzen ahal da baldin eta aldi berean hartzen ez badute lantoki berean aritzen diren bi langilek.

23. artikulua. Lan-bizitza eta familia bateragarri egitea.

A.–Edoskitzea:

Haurraren jaiotza, adopzio, adoptatzeko zaintza edo harrera kasuetan, Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bateginaren 45.1.d) artikuluarekin bat, haurrari bularra emateko, bederatzi hilabete egin arte, langileek eskubidea izanen dute ordubetez lanetik kanpo egoteko, nahi badute bi zatitan banatuta. Ume baten baino gehiagoren erditze, adopzio, adoptatzeko zaintza edo harrera kasuetan, baimenaren denbora modu proportzionalean handituko da. Eskubide hori erabiltzen duenak lanaldiaren ordubeteko murrizketarekin ordezka dezake, hala nahi badu, helburu berbererako. Hala eskatzen duten langileek haurrari bularra emateko denbora metatzen ahal dute, eta amatasun bajaren ondoren hartu; modu horretara gehienez ere hamabost egun metatzen ahal dira.

Semeak edo alabak, behar baino lehen jaio delako edo jaio ondoren beste edozein arrazoirengatik, ospitaleraturik egon behar badu, aitak edo amak eskubidea izanen du lantokitik ordubete ateratzeko. Orobat, lanaldia gehienez 2 ordu murrizten ahalko dute, eta soldata ere proportzioan murriztuko zaie.

Bularra emateko baimenaren eta lanaldi murriztuaren iraupena eta ordutegia zehazteari dagokionez, Langileen Estatutuaren 37. artikuluaren 7. apartatuan ezarritakoari jarraikiko zaio.

B.–Lanaldia murriztea:

Legezko zaintza dela-eta, langileren batek hamabi urtetik beherako haurra edo desgaitasun fisikoa, psikikoa edo zentzumenezkoa duen norbait bere kargu izanez gero, eskubidea izanen du urte naturalaren barnean lanaldia murrizteko Langileen Estatutuaren egungo testu bateginaren 37.6 artikuluan jasotako baldintzetan. Murrizketa horrek ordainsarien hein bereko murrizketa ekarriko du, ondorio guztietarako.

Langileak zehaztuko du lanaldi murriztua zein epe eta ordutan hartuko duen, bere ohiko lanaldiaren barnean. Langileak gutxienez 15 egun lehenagotik abisatu beharko dio enpresaburuari.

Langileek lanaldia arrazoi pertsonalengatik murrizteko eskatzen ahalko diote enpresari, ordainsaria ere hein berean murriztuta. Ohiko lanaldia erdira murrizten ahalko dute gehienez.

Artikulu honetan aurreikusi ez den orotan, indarra duen legerian xedatutakoari jarraituko zaio.

C.–Gurasotasun baimena:

Jaiotzak ama biologikoaz bestelako gurasoaren lan-kontratua etenen du hamasei astez. Hamasei aste horietatik, erditzearen ondorengo sei aste jarraituak nahitaezkoak izanen dira, eta lanaldi osoan hartu beharko dira, Kode Zibilaren 68. artikuluan ezarritako zaintza betebeharrak betetzeko.

Artikulu honetan azaldu ez den orotan, Langileen Estatutuaren indarreko testu bateginaren 48. artikuluan, Laneko eta familiako eginkizunak batera eramateko 39/1999 Legean (RCL 1999, 2800) eta Gizonen eta emakumeen arteko berdintasunerako 3/2007 Legean (RCL 2007, 586) xedatutakoari jarraituko zaio.

24. artikulua. Eszedentziak.

Langileek honako eszedentzia hauek eskatzeko eskubidea izanen dute:

A.–Nahitaezko eszedentzia:

Nahitaezko eszedentzia, lanpostua gorde eta antzinatasuna kontatzeko eskubidea ematen duena, lanera joatea galarazten dion kargu publiko edo sindikal baterako izendatu edo hautatua izateagatik emanen da. Lanera itzultzea kargu publiko edo sindikala utzi eta hurrengo hilabetearen barrenean eskatu beharko da.

B.–Borondatezko eszedentzia:

Enpresan gutxienez urtebeteko antzinatasuna duen langileak eskubidea du borondatezko eszedentzia izateko, lau hilabeterako gutxienez eta bost urterako gehienez. Lehenbiziko urtean lanpostua gordetzeko eskubidea izanen du.

Urtebeteko eszedentzia eman eta lanpostua gorde diezaiotela eskatu ahal izateko, behar bezala justifikaturiko zentzuzko arrazoiak aurkeztu beharko dira; ez da halakotzat joko hitzarmen honen eraginpean dagoen edo jarduera bera egiten duen beste enpresa batean lan egitea.

Aurreko apartatuan azaldutako lanpostuaren erreserba eginen da eskatutako eszedentzia amaitzen den arte. Enpresak ordezko langilea jartzen ahalko du eszedentzia hartu duenaren lekuan, bitarteko kontratu baten bidez.

Eszedentzia hartu duten langileek ezin izanen dute beste bat eskatu lau urte igaro arte.

Itzultzearen edo lanpostua izatearen ondorioetarako, antzeko kategoriako lanpostutzat joko da hitzarmen honetan adierazitako lanbide talde berekoa bada, alegia, onuradunak eszedentzia eskatzerakoan zeukan lanpostuaren talde berekoa eta lehen egiten zuen jarduera berari dagokiona izatea.

C.–Ahaideak zaintzeko eszedentzia:

Langileek gutxienez bi hilabeteko eszedentzia eta gehienez hiru urtekoa hartzen ahalko dute odol bereko edo ezkontza bidezko bigarren gradura arteko ahaide bat zaintzeko, baldin eta adinagatik edo istripu edo eritasun baten edo ezintasunaren ondorioz bere kasa bizitzeko gauza ez bada eta inolako lan ordaindurik ez badu. Betiere zentzuzko eta behar bezala justifikaturiko argudioak alegatu behar dira horretarako. Beraz, langileak eszedentzia eskatzeko arrazoia frogatzeko ziurtagiri mediko bat aurkeztu beharko du gutxienez, bai eta gizarte zerbitzuen ziurtagiria ere, ahaideak laguntza pertsonala behar duela adierazten duena.

Eszedentzia hori, lehenbiziko urtetik aurrera, urtetik urtera luzatzen ahalko da, gehienez hiru urte iraun arte.

D.–Seme-alabak zaintzeko eszedentzia:

Langileek gutxienez bi hilabeteko eszedentzia eta gehienez hiru urtekoa hartzen ahalko dute seme edo alaba bakoitza zaintzeko, Langileen Estatutuaren 46.3 artikuluan ezarritakoarekin bat.

Bi eszedentzia horietan (C eta D kasuak) langileari lanpostua gordetzeko eskubidea izanen da, baldin eta eszedentzian dagoen bitartean inolako lan ordaindurik egiten ez badu.

Eszedentzia kasu guztietarako xedapenak:

Betiere, eszedentzia idatziz eskatuko da, gutxienez hilabete lehenagotik, I., II. eta III. lanbide taldeetako langileen kasuan, eta gutxienez 15 egun lehenagotik, gainerako langileen kasuan. Enpresak ere idatziz erantzunen du. Eszedentziaren iraupena hasieran hitzartutakoa izanen da.

Borondatezko eszedentzia amaitzear dagoenean, langileak lanera itzultzeko eskatuko du 15 egun lehenago, gutxienez.

E.–Heriotzagatiko eszedentzia berezia:

Halaber, hitzarmen honen eraginpeko langileek 30 egun naturaleko eszedentzia berezia eskatzen ahalko dute ezkontidearen edo izatezko bikotekidearen heriotzagatik, lanpostua gordeta.

Eszedentzia hori behar bezala justifikatu beharko da, eta 30 egun naturaleko iraupena izanen du, 20.4 artikuluan aurreikusitako baimena hartzen denetik aurrera. Eszedentzia hori langileak eskatu beharko dio enpresaburuari, idatziz, eta bertan zehaztuko du zein egunetan itzuliko den lanpostura.

BOSGARREN KAPITULUA.–LANEKO SEGURTASUNA ETA OSASUNA, LANGILEEN LEGEZKO ORDEZKARITZA, INTERPRETAZIO BATZORDEA

25. artikulua. Laneko osasuna eta segurtasuna.

Hitzarmen honen aplikazio eremuak biltzen dituen enpresaburu eta langileek hitzematen dute langileen segurtasuna eta osasuna sustatuko dituztela, nola eta lanaren ondoriozko arriskuen prebentziorako behar diren neurriak hartuz eta behar diren jarduerak garatuz, legeak ezarritako moduan.

a) Informazioa: Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legean ezarritako babes beharra betetzeko, enpresaburuak neurri egokiak hartuko ditu langileek beharrezkoak diren argibideak jaso ditzaten gai hauen gainean:

–Lanean diren arriskuak langileen segurtasun eta osasunerako.

–Arriskuei aurre egiteko aplika daitezkeen babes neurri eta jarduerak.

–Larrialdietarako neurriak.

b) Prestakuntza: Babesa eman beharra betez, enpresaburuak bermatu behar du langile bakoitzari prebentzio arloko informazio teorikoa eta praktikoa heltzen zaiola, behar adina eta egokia, hala kontratazioa egitean nola eginkizunak aldatzen zaizkionean edo teknologia berriak sartzen direnean.

c) Parte-hartzea eta ordezkaritza: Langileek eskubidea dute enpresan laneko arriskuen prebentzioarekin zerikusia duten gaietan parte hartzeko, Legeak ezarritako moduan.

26. artikulua. Deskonexio digitala.

Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren 88. artikuluaren babesean, langileek deskonexio digitalerako duten eskubidea arautzen da, atsedenaldiak, baimenak eta oporrak bermatuta, bai eta norberaren eta familiaren intimitatea ere.

Horregatik, langileek eskubidea izanen dute lan ordutegitik kanpo lan helburuetarako erabiltzen diren gailu digitaletatik eta komunikabideetatik deskonektatzeko, asteburuak, jaiegunak eta oporraldiak barne, honako egoera hauetan izan ezik:

–Langileari ustekabeko eta presako abisuak ematea ordutegia edo antolamendua aldatzeko.

–Salbuespenezko larrialdi-egoerak, zeinetan ezinbestekoa baita langilearekin harremanetan jartzea lan ordutegitik kanpo. Kasu horretan, jakinarazpen horien erregistroa eginen da, eta horien beharra eta premia justifikatuko dira. Egoera horiek idatziz jakinarazi eta justifikatu beharko zaizkio ukitutako langileari.

–Banakako kontratuetan prestasun klausulak dituzten langileak, dagokion ordainsari eta guzti. Enpresek, ordezkaritza sindikalarekin adostuta, deskonexio modalitateak definitzen ahalko dituzte, kontuan hartuta lanpostuen ezaugarriak eta zerbitzua emateko baldintzak (goi kargudunak, erdi mailako agintariak, malgutasun eta prestasun eskakizun bereziak dituzten langileak, urrutiko zerbitzuak ematen dituzten langileak). Era berean, enpresek langile eta zuzendari guztiak deskonexio digitalerako eskubidearen garrantziari buruz sentsibilizatzeko eta prestakuntza emateko neurriak hartu beharko dituzte, eta eskubide hori errespetatzen laguntzen duten praktikak sustatuko dituzte.

27. artikulua. Langileen legezko ordezkaritza.

Enpresetan langileen ordezkaritza langileen ordezkariei eta, egonez gero, enpresa batzordeei dagokie. Langileen ordezkarien eskubide eta eginkizunei dagokienez, Langileen Estatutuan eta Askatasun Sindikalari buruzko Lege Organikoan xedatutakoari jarraituko zaio.

–Langileen ordezkarien jarduera errazteko, legezko araudiak bermatzen du beren iritziak askatasunez eta, batzordeari dagokionez, modu kolegiatuan adierazten ahalko dituztela beren eskumenen esparruan.

–Lanbideko isiltasunak adierazpen eta informazio askatasuna mugatzen die, bai langileen ordezkariei, bai enpresa batzordeari eta batzorde horretako kide bakoitzari. Enpresak langileen ordezkariei ematen dizkien agiriak behin ere ezin izanen dira erabili enpresaren esparrutik kanpo eta bestelako helburuetarako. Lanbideko isiltasunak indarrean iraunen du langileak ordezkari izateari utzitakoan, enpresaren zerbitzuan jarraitzen duen bitartean.

–Langileen ordezkariek eskubidea dute enpresan iragarki-taula bat edo gehiago izateko, beren iritziak jendaurrean jartzeko.

–Langileen Estatutuaren 68. artikuluan ezarritakoaren arabera, hilean ordu ordaindu batzuen kreditua izanen dute beren ordezkaritza lanak egiteko.

–Ordu ordainduen kreditu hori ordezkari edo enpresa batzordeko kide baten edo gehiagoren esku metatzen ahalko da, bi baldintza betez gero:

a) Enpresari horren berri eman beharko diote orduak metatzen hasiko diren eguna baino hirurogei egun lehenago gutxienez.

b) Orduak metatzeko baimena gutxienez sei hilabeterako eman behar zaie.

SEIGARREN KAPITULUA.–ASKOTARIKO XEDAPENAK: ASEGURU POLIZA, LANEKO JANTZIAK, ZERBITZUA, GIDARIAK, LANBIDE PRESTAKUNTZA, INGURUMENA

28. artikulua. Aseguru kolektiboaren poliza.

Enpresek istripu aseguru kolektiboaren poliza bat kontratatuko dute langileentzat. Hauek izanen dira baldintzak eta estaldurak:

–Lan istripuaren ondoriozko heriotzagatik, 32.506,80 euroko kapital aseguratua plantillako langile bakoitzeko.

–Lan istripuaren ondoriozko baliaezintasun iraunkor osoagatik, 32.506,80 euroko kapital aseguratua plantillako langile bakoitzeko.

Edonolako bizi aseguru kolektibo edo baliaezintasunerako aseguru kolektibo bat borondatez ezarria daukaten enpresetan, langileek aukera izanen dute hitzarmen honetan aipatzen dena edo enpresak ezarria daukana hautatzeko.

29. artikulua. Laneko jantziak.

Hitzarmen honen eraginpeko enpresek lanerako behar diren jantziak edo uniformeak emanen dizkiete langile guztiei, jantzien kalitatearen araberako denbora baterako. Hortaz, langileek behar bezala erabili eta zainduko dituzte jantzi horiek, eta xedeko lanerako bakarrik erabiliko dituzte.

Enpresak eskatzen ahal die langileei erabilitako jantziak itzul ditzaten berriak eman aitzin.

Horrelako jantzirik eman ezean, enpresek honekin batera doan taulan adierazitako zenbatekoa ordaindu beharko diote langile bakoitzari, urtean.

Oinetakorik eman ezean, enpresek taula honetan adierazitako zenbatekoa ordaindu beharko dute:

2024. URTEA

2025. URTEA

Arropa

121,80 euro

128,86 euro

Oinetakoak

40,61 euro

42,9 euro

Diru kopuru horiek urteko lehen hiruhilekoan ordainduko dira, aurreko urtean egindako lan denboraren araberako proportzioan.

30. artikulua. Gidariak.

Hitzarmen honen menpeko enpresek konpromisoa hartzen dute lan jardueraren ondorioz gidabaimena gehienez sei hilabeterako kentzen dieten gidariak beren lanpostuetara itzultzen ahalko direla zehapena bete ondoren.

31. artikulua. Lanbide prestakuntza.

Enpresek beren langileen lanbide prestakuntzaren hobekuntza sustatuko dute ahal den neurrian. Horretarako, enpresen barnean, prestakuntza hobetzeko, jarduera askotarako gaitasunak lantzeko eta horrelako helburuetarako planak hitzartuko dituzte.

Prestakuntzako jarduerak lanorduetan eginen dira, ahal dela. Enpresek ikastaroak hitzartzen badituzte enpresatik kanpo, eta haien ordutegiak lan ordutegiekin bat ez badatoz, langileek ikastaroetara joateko urtean erabili beharreko lehenbiziko hogei orduak enpresak ordaindu eginen ditu.

32. artikulua. Ingurumena.

Gure inguruan gero eta handiagoa da ingurumenaren egoerarekin eta garapen jasangarriarekin dugun kezka. Hori dela eta, hitzarmen hau sinatzen duten bi alderdiek ingurumen arloko jarduketak hobetzeko konpromisoa hartzen dute, alderdi hauetan batez ere:

–Ingurumenaz sentsibilizatzeko kanpainak ezartzea.

–Langileen prestakuntza eta informazioa handitzea, kontuan harturik ingurumenaren arloan indarra duen legedia.

ZAZPIGARREN KAPITULUA.–DIZIPLINA-ARAUBIDEA

Enpresetako zuzendaritzak zehapenak jartzen ahal dizkie langileei, hurrengo artikuluetan ezarritako falten eta zehapenen mailaketari jarraikiz:

33. artikulua. Falta motak.

Langileak eginiko faltak honela sailkatuko dira, kontuan hartuz faltaren tamaina eta garrantzia: arina, astuna edo oso astuna.

34. artikulua. Falta arinak.

Falta arinak honako hauek dira:

1. Lanera berandu iristea, batuketa eginik hilean hamabost minutu baino gehiago egiten badute.

2. Lanetik alde egitea funtsezko arrazoirik gabe, denbora gutxirako bada ere. Horren ondorioz, enpresari kalte larria sortzen bazaio edo lankideren batek istripuren bat izaten badu, falta hori astuntzat edo oso astuntzat har daiteke, kasua nolakoa den.

3. Norberaren garbitasun eta txukuntasunik eza, enpresaren produkzio prozesuan edo irudian eragina izan dezakeenean.

4. Jendeari arreta adeitasunez eta maratz ez ematea.

5. Lanaldian gailu elektronikoak, telefono mugikorra, tabletak, ordenagailuak, kontsolak eta abar erabiltzea helburu pertsonaletarako, ezarritako atsedenaldietatik kanpo.

35. artikulua. Falta astunak.

Falta astunak honako hauek dira:

1. Lanera berandu iristea, batuketa eginik hilean hogeita hamar minutu baino gehiago egiten badute.

2. Hilean behin baino gehiagotan lanera huts egitea behar den baimenik edo zentzuzko arrazoirik gabe.

3. Nagusiei ez obeditzea laneko edozein arlotan. Horren ondorioz diziplina-galera nabarmenik eragiten bada edo jokabide horrek enpresari kalte nabaria sortzen badio, falta oso astuntzat jo daiteke.

4. Behar den baimena izan gabe, norberarentzako lanak egitea lanaldiaren barrenean.

5. Lanaldian zehar gailu elektronikoak, telefono mugikorra, tabletak, ordenagailuak, kontsolak eta abar erabiltzeari buruz behar bezala argitaratutako berariazko protokoloak edo jarraibideak ez betetzea.

6. Falta arinak egitea behin eta berriz, mota desberdinetakoak izanik ere, hiru hilabetean, aurretik idatziz komunikatu zaionean.

36. artikulua. Falta oso astunak.

Falta oso astunak honako hauek dira:

1. Sei hilabetean 30. artikuluan aipatutako faltak errepikatzea.

2. Iruzur egitea, sari edo mesedeak onartzea, leialtasun eza edo konfiantza-abusua agindutako kudeaketetan, eta beste lankideei, enpresari edo beste edozein pertsonari ebastea edo lapurtzea enpresako lokaletan, edo beste edozein lekutan lanean ari den bitartean. Bere kasa edo beste norbaiten kontura merkataritza edo industria arloko negoziazioak egitea, edo bere buruari zerbait saldu edo kobratzea, enpresak espres baimendu gabe.

3. Eritasuna edo istripua simulatzea.

4. Beste langile baten laneratzea simulatzea, langileak enpresan direla egiaztatzeko ohiko baliabideetatik edozein erabiliz.

5. Jendearenganako begirune edo adeitasun falta nabarmena.

6. Enpresaren lehengai, lanabes, tresna, makineria, aparatu, instalazio, eraikin, altzari eta dokumentuak desagerrarazi, baliogabetu edo hondatzea.

7. Enpresaren korrespondentzia edo isilpeko dokumentuen sekretua haustea edo nahitaez isilpean eduki beharreko datuak enpresakoa ez den bati erakustea.

8. Norberaren garbitasun eta txukuntasun falta ohiko eta jarraitua, ekoizpen prozesuan eta enpresaren irudian eragina izan dezakeenean.

9. Hitzezko eta egitezko tratu txarrak ematea, agintekeria edo errespetu falta larria nagusiei edo haien ahaideei, bai eta lankide eta bezeroei ere.

10. Lanaldian eta norberaren lanpostuan mozkortuta edo drogatuta ibiltzea.

11. Erosketa-txartelik baldin badu, hura erabiltzeko baimenik ez duten pertsonei uztea, eta langileei eskaintzen zaizkien deskontuak beste pertsona batzuei lagatzea.

12. Ohiko lan errendimendua nahita eta luzaroan gutxitzea, legeek onartutako eskubide bat erabiltzearen ondorioz ez bada.

13. Gailu mugikorrak erabiltzeko protokoloak behin eta berriz ez betetzea.

14. Kontratatzeko onustea haustea, eta konfiantza-abusua lan jardueran.

15. Lan esparruan, intimitatearen eta duintasunaren begiruneari eraso larria egiten dion edozein portaera, kutsu sexualeko irain hitzezko nahiz fisikoren bitartez egiten bada. Portaera hori hierarkia-egoeraz baliatuz gauzatzen bada, hartarako inguruabar astungarria izanen da.

16. Hitzarmen honen 21. artikuluan, eszedentziak arautzen dituen horretan, ezarritako baldintzak ez betetzea edo horretan iruzur egitea.

17. Lehenbiziko falta oso astuna egin ondoko sei hilabeteetan beste falta oso astun bat egitea, beste mota batekoa izanik ere.

18. Laneko Arriskuei Aurrea hartzeari buruzko Legean ezarritako prebentziorako arauak edo neurriak, hitzarmen bidez finkatutakoak edo enpresek lege hori garatu eta aplikatzeko ezarritakoak ez betetzea, langilearen edo lankideen osasuna edo segurtasun fisikoa arriskuan jar daitekeenean.

37. artikulua. Zehapenen araubidea.

Enpresako zuzendaritzak du zehapenak jartzeko ahalmena, hitzarmen honetan ezarritakoari jarraikiz.

Falta arin, astun eta oso astunen zigorra idatziz jakinarazi beharko zaio langileari.

38. artikulua. Gehieneko zehapenak.

Gehieneko zehapen hauek ezartzen ahalko dira, zein den kasua, egindako faltaren larritasuna aintzat hartuta:

1. Falta arinengatik: Hitzezko kargu-hartzea. Idatzizko kargu hartzea. Enplegu eta soldata gabe uztea gehienez ere hiru egunez.

2. Falta astunengatik: Enplegu eta soldatarik gabe uztea hiru egunetik hamabostera bitarte.

3. Falta oso astunengatik: Hamasei egunetik hirurogei egunera arteko enplegu-soldaten etenalditik hasi eta lan kontratua desegitera iritsi arte, falta goren gradukotzat jotzen den kasuetan.

39. artikulua. Preskripzioa.

Enpresaren Zuzendaritzak zehatzeko duen ahalmenak hamar egunen buruan preskribatuko du falta arinetarako, hogei egunen buruan falta astunetarako, eta hirurogeiren buruan falta oso astunetarako, enpresak faltaren berri izaten duen egunetik aitzin, eta, nolanahi ere, falta egin eta sei hilabeteren buruan.

40. artikulua.

Kapitulu honetan bildutako falten zerrenda jaso da bakar batzuk aipatzeagatik. Beraz, enpresako zuzendaritzak zehatzen ahal dituen faltatzat joko dira lan arloan indarra duen araudian ezarritako betebeharren kontrako falta guztiak, bai eta kontratuko arauen ez-betetzeak ere.

Enpresako zuzendaritzari dagokio, Langileen Estatutuan xedatutakoaren arabera, langileak zehatzea lan arloko ez-betetzeengatik.

Zehapenak ezartzeko, legeria orokorrean ezarritako izapideak eginen dira.

ZORTZIGARREN KAPITULUA.–LAN AUZITEGIARI ATXIKITZEA, SOLDATEN ARAUBIDEA EZ APLIKATZEA

41. artikulua. Lan Auzitegiari atxikitzea.

1. Alderdiek erabaki dutenez, lan hitzarmen kolektibo honen interpretazioan eta aplikazioan sor daitezkeen gatazka kolektiboak ez ezik, baita horren aplikazio eremuko langileengan eta enpresaburuengan eragina izan dezaketen beste guztiak ere, Nafarroako Lan Gatazkak Konpontzeko Auzitegira eramanen dira, adiskidetze eta bitartekaritza faseetan.

Era berean, adierazten dute ahaleginak eginen dituztela ukituriko alderdiak auzitegi horren arbitraje prozeduraren esanetara jar daitezen.

Beraz, artikulu honek balio du alderdiak gatazkak konpontzeko arbitraje-organo horri berariaz atxikitzeko, eraginkortasun osoa duela, eta ondorioz, itunak enpresaburuak, sindikatuen ordezkariak eta langileak behartzen ditu beren desadostasunak aipatu organoaren bitartekaritza- eta adiskidetze-prozeduretan azaltzera epaiketara jo aitzin. Hortaz, ez da nahitaezkoa alderdien desadostasun edo gatazka bakoitzerako atxikimendu berariazkoa eta banakakoa egitea, arbitrajera lotzeko ez bada, zeina bultzatzeko eta sustatzeko konpromisoa hartu baitute lan hitzarmen honen sinatzaileek.

2. Era berean, hitzarmen kolektibo honen sinatzaileek hitzeman dute ahaleginak eginen dituztela hitzarmenaren aplikazio eremuan dauden langileen eta enpresaburuen artean sor daitezkeen banakako gatazkak Nafarroako Lan Gatazkak Konpontzeko Auzitegiko adiskidetze, bitartekaritza eta arbitraje prozeduren mendean jar daitezen borondatez eta berariaz, eta, zehazki, honako gai hauen ingurukoak:

–Lanbide sailkapena eta lana goragoko nahiz beheragoko kategorietan egitea.

–Oporrak hartzeko egunak banaka finkatzea.

–Mugigarritasun geografikoa eta lantokiz aldatzea.

–Antzinatasunaren onarpena.

–Lan baldintzen funtsezko aldaketa.

–Eszedentzien, baimenen eta lizentzien onarpena.

–Diru kopuruen erreklamazioa, auzipeko zenbatekoa 1803,04 eurotik gorakoa ez denean.

–Lanaldia: iraupena, atsedenaldiak, jaiegunak eta aparteko orduak.

–Ordutegi malgua eta lan txandak.

–Mugigarritasun funtzionala.

42. artikulua. Soldaten araubidea ez aplikatzea.

Arrazoi ekonomiko negatiboak dituztela frogatzen duten enpresek hitzarmenaren ondorio ekonomikoak aplikatu gabe uzten ahalko dituzte, egun galerak badituzte edo aurreikusita badituzte, edo beren ohiko jarduerak direla-eta diru-sarrera arrunten edo salmenten mailak etengabe behera egiten duenean. Edonola ere, beherakada hori iraunkorra dela ulertuko da ondoz ondoko bi hiruhilekotan, hiruhileko bakoitzean, diru-sarrera arrunten edo salmenten maila aurreko urteko hiruhileko berekoa baino apalagoa bada. Horrelakoetan, ondorio ekonomikoak aplikatu gabe gelditzen ahalko dira.

Horretarako, asmo horren berri emanen diete enpresa batzordeari edo ordezkari sindikalei. Akordioa egonez gero, ulertuko da alegatutako arrazoiak izan badirela, eta hitzarmenaren batzorde paritarioari helarazi beharko zaio. Akordio hori iruzurra, doloa, derrigortzea edo eskubide-abusua izateagatik bakarrik aurkaratzen ahalko da lan arloko jurisdikzioan.

Akordioak zehatz azaldu beharko ditu enpresa horretan aplikatzekoak diren lan baldintza berriak eta haien iraupena. Azken hori ezin izanen da luzatu enpresan hitzarmen berri bat aplikatzekoa den unetik aurrera. Hitzarmeneko baldintzak ez aplikatzeko akordioak ez du berekin ekarriko genero-arrazoiengatiko diskriminazioa desagerrarazteko betebeharrak ez betetzea, hitzarmenean ezarritakoak, edo, halakorik bada, enpresan aplikatzekoa den berdintasun planean aurreikusitakoak. Akordio hori hitzarmen kolektiboaren batzorde paritarioari ere jakinarazi beharko zaio.

Kontsulta aldian adostasunik ez bada, edozein aldek jar dezake desadostasuna hitzarmenaren batzordearen menpe, eta horrek, gehienez ere, hamabost eguneko epea izanen du erabakitzeko, desadostasuna planteatzen zaionetik. Batzordearen esku-hartzea eskatzen ez bada edo batzordeak akordiorik lortzen ez badu, alderdiek estatuko edo autonomia erkidegoko lanbidearteko akordioetan ezarritako prozeduretara jo beharko dute (Langileen Estatutuaren 83. artikuluan edo hori ordezten duten arauetan ezartzen direnak) aipatutako akordioen negoziazioan sortzen diren auziak eraginkortasunez konpontzeko, eta horren barrenean sartzen da sortzen diren auziak, lehenbizi, arbitraje lotesle baten menpe jartzeko konpromisoa. Kasu horretan, arbitraje laudoak kontsulta-fasean hartutako akordioen eraginkortasun berbera izanen du, eta haren aurka jotzeko Langileen Estatutuaren 91. artikuluan ezarritako arrazoiak gertatu beharko dira, eta hantxe berean azaldutako prozedura erabili.

Artikulu honetan aurreikusi ez den orotan, Langileen Estatutuaren 82.3 artikuluan ezarritakoari jarraituko zaio.

Aurreko paragrafoetan aipatzen diren prozeduren emaitza baldin bada lan baldintzak ez aplikatzea, lan arloko agintaritzari jakinarazi beharko zaio, horren gordailua egin dezan, besterik ez, bai eta hitzarmenaren batzorde paritarioari ere.

Enpresa batean langileen ordezkaririk ez badago, ulertuko da sektorean ordezkaritza handiena duten sindikatuek izanen dutela ordezkaritza hori, hitzarmenaren negoziazio batzordean parte hartzeko zilegitasuna dutenek, salbu langileek beren ordezkaritza esleitzen badiote Langileen Estatutuaren testu bateginaren 41.4 artikuluaren a) apartatuan ezarritakoaren arabera izendatutako batzorde bati.

15 eguneko epean akordiorik lortu ezean, bi aldeetako edozeinek hitzarmenaren batzorde paritariora eraman ditzake desadostasunak, ebatzi ditzan eskaeraren egunetik hasi eta gehienez 7 eguneko epean.

Batzorde paritarioaren akordioa ere lortzen ez bada, aldeek Nafarroako Lan Auzitegiaren bitartekaritzari men eginen diote. Zazpi egun iraganik aldeen adostasunik gabe, aldeek erakunde horren beraren arbitrajearen menpe utzi beharko dute lan baldintzak ez aplikatzeko erabakia.

Enpresak hitzarmenaren ondorio ekonomikoak aplikatu gabe uzten dituen bitartean langileek hitzarmenekoak baino kopuru txikiagoak jasotzen badituzte, ekonomia edo finantza egoera suspertzen denean enpresak konpentsazioa emanen die langileei, bitarte horretan jasoko zuketen kopurua adinakoa, gutxienez ere.

Diferentzia horiek erreklamatzeko eskubidearen preskripzioa hasiko da kontatzen langileek enpresaren emaitzen kontua hobetu dela jakiten duten egunean.

43. artikulua. Interpretaziorako batzorde paritarioa.

Batzorde paritario bat eratuko da, hitzarmena sinatu duten sindikatu eta enpresa-elkarteek osatua, hitzarmen kolektiboan ezarritako aldaketak noraino betetzen diren aztertzeko.

Eginkizunak:

–Hitzarmena interpretatzea.

–Itundutakoa betetzen ote den begiratzeko lanak egiten ahalko ditu.

–Alderdiek eskatuz gero, bitartekotza edo arbitraje lanak egin beharko ditu, horretarako agindua jasotzen badu, hitzarmen kolektibo honen aplikazio eremuan sortzen diren auzi eta gatazka kolektiboak aztertu eta konpontzeko.

–Erabilitako kontratazio motak, eta kontratuen betetze maila.

–Laneko Arriskuei Aurrea hartzeko Legean ezarritako neurriak zenbateraino betetzen eta ezartzen diren.

–Aurreko zerrenda hori ez da itxia. Izan ere, hitzarmenaren eraginpeko sektorearen egungo egoerari eta geroko bilakaerari buruzko beste edozein gai aztertzen ahalko da batzordean.

Batzorde paritarioari planteatzen zaizkion bere eskumeneko gaiak idatziz aurkeztuko dira, behar adinako informazioarekin, arazoa behar bezala ezagutuz aztertu ahal izan dezan. Gutxienez, honako informazio hau jakinaraziko zaio, nahitaez:

a) Gaiaren azalpen labur eta zehatza.

b) Proposamen egilearen iritziz bere alde dituen arrazoi eta oinarriak.

c) Batzordeari egiten zaion proposamen edo eskakizun zehatza.

Kontsultaren idazkiarekin batera, arazoa hobeki ulertu eta konpontzeko beharrezkotzat jotzen diren agiri guztiak aurkeztuko dira.

Batzordeak informazio edo agiri gehiago eskatzen ahalko ditu aferaren gaineko informazio hobea edo osatuagoa lortzeko asmoz. Horretarako, proposatzaileari gehienez 5 laneguneko epea emanen zaio.

Batzorde paritarioak, kontsultaren idazkia jaso ondoren edo, hala balegokio, beharrezko informazioa osatu ondoren, 15 laneguneko epea izanen du gehienez, akordioa erdietsiz gero, gaia ebazteko dagokion ebazpenaren bidez.

Epe horretan batzordea biltzen ez bada, batzorde paritarioaren esku-hartzea amaitu dela ulertuko da eta interesdunak bidezko iruditzen zaizkion ekintzak baliatu ahal izanen ditu.

Batzorde paritarioak baliozko erabakiak hartu ahal izateko, batzorde paritarioa osatzen duten aldeetatik erdiek gehi batek eman beharko dute aldeko botoa.

Batzorde paritarioaren eskumeneko gaiak izanik, planteatzen zaizkion aferen inguruan akordiorik lortu ezean, desadostasunak gatazkak auzibidetik kanpo konpontzeko sistemetara igorriko dira, Nafarroako Lan Auzitegiaren aurrean adiskidetze, bitartekaritza eta arbitraje prozedurei men eginez.

Jakinarazpenen ondorioetarako, batzorde paritarioaren helbidea Nafarroako Lan Auzitegiarena da (Kale Berria 30, 31001 Iruña).

I. XEDAPEN GEHIGARRIA.–BERDINTASUN PLANAK

Indarra duen legerian ezarritakoarekin bat, emakumeen eta gizonen artean benetako berdintasuna izan dadin, enpresek tratu eta aukera berdintasuna errespetatu behar dute lan esparruan eta, xede horretarako, lanean emakumeen eta gizonen arteko edozein bereizkeria eragozteko neurriak hartu beharko dituzte. Neurri horiek langileen legezko ordezkariekin negoziatu eta, hala bada, adostu beharko dituzte, lan arloko legerian zehazten den moduan.

Berrehun eta berrogeita hamar langiletik gorako enpresen kasuan, aurreko apartatuan aipatutako berdintasunerako neurrien barrenean, berdintasunerako plan bat prestatu eta aplikatuko da, kapitulu honetan ezarritako edukia eta hedadura izanen dituena. Plana laneko legerian adierazita dagoen bezala negoziatu beharko da.

Enpresetako berdintasunerako planak neurri multzo antolatuak dira, egoeraren diagnostikoa egin ondoren hartu direnak eta helburu dutenak enpresan emakumeek eta gizonek tratu eta aukera berdintasuna izatea, eta sexu diskriminazioa desagerraraztea.

Berdintasun planetan finkatuko dira berdintasunaren arloko xede berariazkoak eta horiek lortzeko erabili beharreko estrategiak eta jardunbideak. Halaber, helburuen jarraipen eta ebaluaziorako sistema eraginkorrak ezarriko dira.

Ezarritako helburuak lortzeko, berdintasun planek arlo hauek uki ditzakete, besteak beste: enplegua lortzea, lanbide sailkapena, sustapena eta prestakuntza, ordainsariak, laneko denbora antolatzea lanaren, norberaren eta familiaren arloak bateragarri egiten laguntzeko, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari dagokionez, eta sexu jazarpena eta sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzea.

Berdintasunerako planek enpresa osoa hartuko dute, deusetan galarazi gabe zenbait lantokitan egokiak diren ekintza bereziak ezartzea.

II. XEDAPEN GEHIGARRIA.–LANPOSTUAN GERTATZEN DIREN SEXU ETA LAN JAZARPENEKO KASUEI AURRE EGITEKO ETA HAIEI HELTZEKO PROTOKOLOA

A) Sexu jazarpeneko kasuei aurre egiteko eta haiei heltzeko protokoloa.

I.–Sarrera.

Elikagaien merkataritzaren sektorerako hitzarmenaren negoziazioaren ondorioz, bi alderdiek adosturik, sexu jazarpenik gabeko lan inguruneak sortzeko politikak eta praktikak sustatze aldera, jarduketa protokolo bat ezarri da sexu jazarpena dagoen kasuetan jarraitu beharreko prozedurak arautzeko.

I.–Definizioa.

Sexu jazarpenaren definizio berriena Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2002ko irailaren 23ko 2002/73/EE Zuzentarauan ageri da (LCEur 2002, 2562), Kontseiluaren 76/207/EEE Zuzentaraua (LCEur 1976, 44) aldatu zuen horretan. Zuzentarau hori gizonezkoen eta emakumezkoen tratu berdinaren printzipioa aplikatzeari buruzkoa da, enpleguan sartzeari, laneko prestakuntzari eta lanbide sustapenari, eta lan baldintzei dagokienez, eta bertan honela definitzen da sexu jazarpena:

"Sexu kutsuko edozein jokabide hitzezko, ez hitzezko edo fisiko, pertsona baten duintasunari erasotzeko asmoz egiten dena edo ondorio hori dakarrena haren gogoaren kontra, eta, batez ere, inguru beldur-eragile, etsaitasunezko, iraingarri, umiliagarri edo laidogarria sortzen duena".

Gure barne araudiari dagokionez, Langileen Estatutuaren 4. artikuluan xedatzen da langile guztiek beren intimitatea errespetatzeko eta pertsonaren duintasunari zor zaion tratua jasotzeko eskubidea dutela; eta horren barruan sartzen da sexuarekin zerikusia duten hitzezko edo bestelako eraso fisikoetatik babestea.

Azkenik, Europako Erkidegoen Batzordeak prestatutako Ereduzko Kodean definizio hau proposatzen da sexu jazarpenerako:

"Lanean emakumezkoaren eta gizonezkoaren duintasunari kalte egiten dioten sexu kutsuko portaerak edo, sexuan oinarriturik, ondorio berberak dituzten bestelako jokabideak. Horren barrenean sartzen dira nahi ez diren portaera fisikoak, hitzen bidezkoak edo hitzen bidezkoak ez direnak.

Horrelakotzat hartuko da baldin eta portaera hori gogoz kontrakoa, arrazoi gabea eta iraingarria baldin bada xedeko pertsonarentzat; orobat, enpresaburuek edo langileek (lankideak izan edo nagusiak izan) pertsona hori horrelako portaera baten menpe jartzea edo portaera hori ez onartzea erabiltzen badute, esplizituki edo inplizituki, pertsona hori lanbide prestakuntzan edo enpleguan sartzea mugatzen duen erabaki bat hartzeko, edo lanean segitzearekin, mailaz igotzearekin, soldata aldatzearekin edo lanarekin zerikusia duen beste edozein erabaki hartzeko, eta/edo portaera horrek lan giro beldur-eragilea, etsaitasunezkoa edo umiliagarria sortzen badu xedeko pertsonarentzat."

III.–Jokabide kode bat aplikatzea.

Sexu jazarpen egoeretarako prebentzio neurri gisa, proposatzen da Europako Erkidegoen Batzordeak prestatutako «Sexu jazarpenari aurre egiteko neurriei buruzko Ereduzko Kodea» aplikatzea, behar diren egokitzapenak eginda. Kode hori Batzorde horrek emakumearen eta gizonezkoaren duintasuna lanean babesteko 1991ko azaroaren 27an emandako Gomendioa (LCEur 1992, 500) betetzeko prestatu zen.

Ereduzko Kodearen helburua da orientabide praktiko batzuk ematea enpresaburuei eta langileei lanean emakumeak eta gizonezkoak babesteari buruz, eta sexu jazarpena saihesteko gomendio eta prozedura argi eta zehatz batzuk ezartzea, enpresetan zabaltzeko.

IV.–Jarduketa protokoloa sexu jazarpenen kasuetarako.

Jarduketa protokoloa printzipio hauetan oinarritzen da: prozeduren eragimena eta eraginkortasuna, eta tramiteak azkar eta isilpean egitea.

1. Prozedura informala.

Kasu gehienetan helburua gogoz kontrako jokabide hori geldiaraztea denez, lehenbizi, bide ofizialetik kanpoko tramite gisa, prozedura informal bat abian jartzeko aukera baloratuko da, horren bidez langileak berak aukera izan dezan bere gogoaren kontrakoa den jokabidea erakusten ari den pertsonari argi eta garbi erakusteko ez duela ongi hartzen jokabide hori, iraingarria eta deserosoa dela, eta bere lana baldintzatzen duela, hori guztia portaera hori utzi dezan. Langileak hala nahi izanez gero, bide ofizialetik kanpoko tramite hori langileen ordezkari batek, nagusi hurrenak edo enpresako giza baliabideen departamentuko langile batek egin dezake, langileak berak aukeratzen duenak.

Prozedura hori egokia izan daiteke zuzenekoak ez diren laneko jazarpen kasuetarako, hots, giroko jazarpenetarako, lan giroa nahasten dituztenak, lan giro iraingarria, umiliagarria, beldur-eragilea edo etsaitasunezkoa sortzen dutelako.

2. Prozedura formala.

Prozedura informala egokia ez bada jazarpena zuzena delako, kasuak inguruabar bereziak dituelako edo, saiatuta ere, huts egin duelako, prozedura formala hasiko da.

Prozedurari hasiera emateko, salaketa bat jarriko da, eta bertan sexu jazarpena jasan duen langileak gertakarien berri eman beharko du ahalik eta zehatzen. Salaketa giza baliabideen edo langileriaren departamentuko langile bati edo enpresako zuzendaritza taldeko kide bati bidaliko zaio, langilearen nahierara. Era berean, langileak hala erabakitzen badu, horren kopia bat langileen legezko ordezkariei igorriko zaie.

Salaketak berekin ekarriko du espediente informatibo bat berehalakoan irekitzea, gertakariak argitzeko. Hala, parte-hartzaile guztiei entzutea emanen zaie, are langileen legezko ordezkariei ere, ukitutako langileak hala erabakitzen badu, eta behar diren eginbideak eginen dira gertatutakoa egiazkoa ote den argitzeko.

Jarduketak tramitatu bitartean salatzaileari eta salatuari aukera emanen zaie, nahi izanez gero, lanpostuz aldatzeko erabaki bat hartu arte, betiere aldaketa posible baldin bada.

Langileen legezko ordezkariek, balizko lekukoek eta jarduketan parte hartzen duten guztiek jarduketen konfidentzialtasuna errespetatu beharko dute, pertsonen intimitatea eta ohorea tartean dagoelako. Behar den errespetuarekin jokatuko da bai salatzailearekin bai salatuarekin.

Sexu jazarpena egon dela egiaztatuz gero, Langileen Estatutuan jasotako zehapen astunak ezarriko dira.

Gertakariak egiaztatzen ez badira, eta, hortaz, diziplina neurririk hartzen ez bada, ez zaio inolako zigorrik jarriko salaketa jarri duen langileari; aitzitik, egoera bereziki aztertuko da jazarpenik ez dagoela ziurtatzeko. Era berean, ahal den neurrian, lana berrantolatuko da ukitutako langileek etengabeko harremana eduki behar izan ez dezaten.

Jarritako salaketa faltsua dela egiaztatuz gero, falta oso astunei dagozkien diziplina-neurriak hartuko dira salaketa jarri duen langilearen aurka.

Hitzarmenaren batzorde paritarioari enpresan tramitatu eta diziplina-zehapen batekin bukatzen diren sexu jazarpeneko kasu guztien berri eman beharko zaio.

Sexu jazarpeneko kasuetarako jokabide kodea.

I.–Enpresako zuzendaritzak aditzera ematen du sexu jazarpeneko kasuak ekidin eta konpontzeko kezka eta konpromisoa daukala, eta, horretarako, adierazten du langile guztiak duintasunez trata daitezela nahi duela eta laneko sexu jazarpena ez duela onartzen, ezta toleratzen ere.

II.–Honako egoera hau hartzen da sexu jazarpentzat: sexu kutsuko edozein jokabide hitzezko, ez hitzezko edo fisiko, pertsona baten duintasunari erasotzeko asmoz egiten dena edo ondorio hori dakarrena haren gogoaren kontra, eta, batez ere, inguru beldur-eragile, etsaitasunezko, iraingarri, umiliagarri edo laidogarria sortzen duena.

III.–Langile guztien erantzukizuna da denon duintasuna errespetatzen duen lan ingurune bat sortzen laguntzea. Orobat, departamentuko arduradun guztien erantzukizuna da beren ardurapean dauden sektoreetan sexu jazarpenik gertatzen ez dela bermatzea.

IV.–Sexu jazarpena gertatuz gero, langileek salaketa jartzeko eskubidea izanen dute. Salaketa horiek seriotasunez hartuko dira, eta azkar eta isilpean tramitatuko. Salaketetan gertaeren azalpena eginen da, eta giza baliabideen edo langileriaren departamentuko kide bati edo enpresako zuzendaritzako kide bati zuzenduko zaizkio, langileak hautatuta.

Era berean, langileak nahi izanez gero, langileen legezko ordezkariei gertakarien berri emanen zaie, eta espediente informatiboaren tramitazioan parte hartuko dute.

V.–Lanaren eremuan, ofentsa sexualaren bidez emakumearen edo gizonaren intimitatearen edo duintasunaren kontra egiten den jokabide edo portaera oro, fisikoa edo ahozkoa izan, falta oso astuntzat hartuko da. Portaera hori hierarkia-egoeraz baliatuz gauzatzen bada, hartarako inguruabar astungarria izanen da.

Langileren batek sexu jazarpen gisa hartzen den portaera erakusten badu adierazitako aginduari jarraikiz zehatuko da.

B) Lanpostuan gertatzen diren jazarpen moraleko kasuei aurrea hartzeko eta haiei heltzeko protokoloa.

1.–Printzipioen deklarazioa.

Langile guztiek eskubidea dute beren aurkako jokabide eta portaera erasotzaile edo larderiatsurik gabeko giroan lan egiteko. Lan giroak duintasuna eta osotasun fisikoa zein morala bermatu behar die. Langileek eskubidea dute laneko segurtasun eta osasunaren arloan benetako babes eraginkorra izateko.

Azken honetan jazarpen morala kalte nabarmena eragiten ari da jazarpen moralarekin lotutako portaeraren baten biktima izateko zoritxarra duten langileen osasunean.

Horrelako portaerak gogoz kontrakoak, arrazoi gabeak eta iraingarriak dira jasaten dituzten pertsonentzat. Horregatik, falta oso astunen gisara zehatzeaz gainera (mailarik gorenean), arazoak konpontzeko barreneko testuinguru edo prozedura batean ere tratatu behar dira, jazarpena jaso duen langilearen eskura dagoen edozein legezko baliabide saihestu gabe, arazoaren muinean lehenbailehen jardun ahal izateko. Hortaz, salaketak seriotasunez eta isilpean tratatu behar dira, langilearen intimitatea zainduz, eta ez da batere tolerantziarik izanen salatzaileari jazarri edo haren aurka jo nahi duenarekin.

Hitzarmen hau sinatu duten alderdiek, laneko auzi hau hartzen ari den garrantziaz oharturik, konpromisoa hartzen dute behar den ahalegina egiteko enpresan lan egiten duten langile guztien duintasuna eta askatasuna errespetatzen dituen lan giro bat sortu eta/edo mantentzeko.

Jazarpen morala ("mobbing-a").

Jazarpen morala gertatzen da pertsona bat edo gehiago (biktimak talde baten jazarpena jasan dezake) beste bati jazartzen zaizkionean haren aurka indarkeria psikologikoa sistematikoki erabiliz denbora batez.

–Jarduteko protokoloa:

A) Prozedura informala:

Jarduteko arrazoi nagusia da egiaztatua dagoela ukitutako pertsona gehienek desiratzen dutela jasaten ari diren jazarpen egoera bukatzea.

Aski izan beharko litzateke langileak argi eta garbi azaltzea bere gogoaren aurkako jokabidea daukan pertsonari ez duela ongi hartzen portaera hori, umiliagarria dela, molestatzen duela eta bere lana egitea oztopatzen duela.

Jazarpena jasaten duenari edozein arrazoirengatik zaila egiten bazaio hori esatea, pertsona horrek legezko ordezkari bat aukera dezake mezu hori lehenbailehen jakinarazteko.

Mezua jaso ondoren jazarleak berdin jokatzen segitzen badu edo arazoa modu informalean konpontzerik ez badago, prozedura formala hasiko da.

B) Prozedura formala:

Prozedura hau salaketa bat aurkeztuz hasiko da. Jazarpena jasan duen pertsonak prestatu beharko du salaketa, eta bertan gertakarien zerrenda jasoko du, ahalik eta zehatzen. Salaketa giza baliabideen departamentuko kide bati, enpresako zuzendaritza taldeko kide bati, laneko arriskuei aurrea hartzeko zerbitzuko psikologoari edo zerbitzu horretako medikuari igorriko zaio, langileak aukeratzen duenari. Langileak kontrakoa esan ezean, salaketaren kopia bat lantokiko langileen legezko ordezkariei bidaliko zaie, eta, langile ukituak eskatuz gero, haren ordez jardun dezakete prozesuan. Enpresan tramitatu eta diziplina zehapen batekin bukatzen diren jazarpen moraleko kasu guztien berri langileen legezko ordezkariei emanen zaie.

Salaketaren ondorioz espediente informatibo bat irekiko da, gertakariak ikertzeko. Entzutea emanen zaie parte hartu duten guztiei, are langileen legezko ordezkariei, ukitutako langileak hala nahi badu, eta gertatutakoa egia ote den argitzeko behar diren eginbide guztiak eginen dira. Espedientearen instrukzioan azkartasun eta konfidentzialtasun printzipioei jarraikiko zaie.

Osasuneko eta Segurtasuneko Batzordeak begiratuko du ukitutako langileari egiturazko laguntza sendoa ematen zaiola jazarpen egilearengandik babesten laguntzeko, eta jazarpenaren eragin metodoak desagerrarazten laguntzeko, presako tratamendu baten bidez (lekualdatzea ere izan daiteke, ikerketak egin eta auzia ebatzi bitartean bakarrik).

Egokia dela erabakiz gero, derrigorrez egin beharreko azterketa medikoaren eta egiazkotasunaren ondoriozko diagnostiko psikologikoa eskatuko da, ukitutako langileak aurkezten duen sintomatologiaren analisiaren arabera jarraitu beharreko jardunbidea jakiteko. Horretan, arlo juridikoko zerbitzu espezializatuak elkarrekin arituko dira, eta dauden baliabideak aprobetxatzeko hartu beharreko legezko ekintzak.

Demandatuari behar duen laguntza psikologikoa emanen zaio prozesu osoko tentsioa edo balizko auzi baten ondoriozkoa eraman ahal izateko. Ahaleginak eginen dira prozesua ahalik eta azkarren eramateko, eta konfidentzialtasunez.

Prozesuak edo balizko epaiketak depresio bat edo arazo larriagoak sor ez ditzan, langile ukituak langileen legezko ordezkarien esku utzi dezake jarduteko ahalmena.

Jazarpen morala egon dela egiaztatuz gero, gure lan antolamenduan aurreikusitako zehapen oso larriak ezarriko dira.

Jarritako salaketa faltsua dela egiaztatuz gero, falta oso astunei dagozkien diziplina-neurriak hartuko dira salaketa jarri duen langilearen aurka.

SOLDATEN TAULAK

2024. urtea (indarraldia: 2024/01/01etik 2024/12/31ra)

I. ERANSKINA.–OINARRIZKO SOLDATA

EUROTAN

I. TALDEA

1689,51

II. TALDEA

1477,94

III. TALDEA

1396,46

IV. TALDEA

1314,99

V. TALDEA

1221,13

22 urtetik gorako gidariaren osagarria

53,89

VI. TALDEA

Laguntzaileak

1155,63

II. ERANSKINA.–ANTZINATASUNA (LAURTEKOAREN BALIOA)

EUROTAN

I. TALDEA

73,09

II. TALDEA

63,42

III. TALDEA

59,65

IV. TALDEA

55,89

V. TALDEA

51,33

22 urtetik gorako gidariaren osagarria

2,48

III. ERANSKINA.–ANTZINATASUNA KONPENTSATZEKO PLUSA

EUROTAN

I. TALDEA

33,09

II. TALDEA

28,94

III. TALDEA

27,35

IV. TALDEA

25,77

V. TALDEA

23,93

22 urtetik gorako gidariaren osagarria

1,05

IV. ERANSKINA

Pizgarri gabeziaren plusa (PGP): 63,14 hilean x 12 hileko.

SOLDATEN TAULAK

2025. urtea (indarraldia: 2025/01/01etik 2025/12/31ra)

I. ERANSKINA.–OINARRIZKO SOLDATA

EUROTAN

I. TALDEA

1787,91

II. TALDEA

1564,01

III. TALDEA

1477,78

IV. TALDEA

1391,57

V. TALDEA

1292,25

22 urtetik gorako gidariaren osagarria

57,02

VI. TALDEA

Laguntzaileak

1222,93

II. ERANSKINA.–ANTZINATASUNA (LAURTEKOAREN BALIOA)

EUROTAN

I. TALDEA

77,34

II. TALDEA

67,12

III. TALDEA

63,12

IV. TALDEA

59,15

V. TALDEA

54,33

22 urtetik gorako gidariaren osagarria

2,62

III. ERANSKINA.–ANTZINATASUNA KONPENTSATZEKO PLUSA

EUROTAN

I. TALDEA

35,02

II. TALDEA

30,63

III. TALDEA

28,94

IV. TALDEA

27,27

V. TALDEA

25,32

22 urtetik gorako gidariaren osagarria

1,11

IV. ERANSKINA

Pizgarri gabeziaren plusa x 12 hileko soldata = 66,83 euro.

BESTELAKO SOLDATA KONTZEPTUAK

2025. urtea

FIDELTASUN SARIA

10 URTE

202,33

15 URTE

303,33

20 URTE

404,45

25 URTE

537,91

30 URTE

715,40

35 URTE

951,48

LANEKO JANTZIAK

ARROPA

128,89

OINETAKOAK

42,97

KM

0,39

Iragarkiaren kodea: F2507803