Iragarkia
135. ALDIZKARIA - 2025eko uztailaren 8a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK
103C/2025 EBAZPENA, maiatzaren 28koa, Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez erabakitzen baita FCC Medio Ambiente SA enpresaren hitzarmen kolektiboa, Erriberako (Nafarroa) hondakin solidoen mankomunitateko bilketa eta birziklatze zerbitzuan diharduten langileena, erregistratu, gordailutu eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Ikusi da FCC Medio Ambiente SA enpresak Erriberako (Nafarroa) hondakin solidoen mankomunitateko bilketa eta birziklatze zerbitzuko langileentzat aurkeztutako hitzarmen kolektiboaren testua (kode zenbakia: 31101901012021). Hitzarmen hori 2025eko martxoaren 17an sartu zen erregistro honetan, eta 2024ko urriaren 24an sinatu zuten enpresaren ordezkariek eta enpresaren gehiengo sindikalak, CCOOk eta UGTk osatuak.
Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onesten duen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan eta hitzarmen kolektiboak, lan akordio kolektiboak eta berdintasun planak erregistratu eta gordailutzeari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak eta Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 251/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
Lehenbizikoa.–Nafarroako Hitzarmen Kolektiboen, Lan Hitzarmen Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan inskribatzea FCC Medio Ambiente SA enpresak Erriberako (Nafarroa) hondakin solidoen mankomunitateko bilketa eta birziklatze zerbitzuko langileentzat aurkeztutako hitzarmen kolektiboa (kode zenbakia: 31101901012021).
Bigarrena.–Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, orok jakin dezaten.
Iruñean, 2025eko maiatzaren 28an.–Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusia, Iñaki Mendióroz Casallo.
FCC MEDIO AMBIENTE SAU ENPRESAREN ETA ERRIBERAKO (NAFARROA) HONDAKIN SOLIDOEN MANKOMUNITATEAREN BILKETA ETA BIRZIKLATZE ZERBITZUAN DIHARDUTEN LANGILEEN ARTEKO HITZARMEN KOLEKTIBOA
I. KAPITULUA.–ARAU OROKORRAK.
1. artikulua. Aplikazio eremua.
2. artikulua. Indarraldia eta luzapena.
3. artikulua. Hitzarmenaren batasuna.
4. artikulua. Irenstea eta konpentsazioa.
5. artikulua. Berme pertsonalak.
6. artikulua. Interpretazio eta jarraipenerako batzorde paritarioa.
7. artikulua. Arau subsidiarioak.
8. artikulua. Lanaren antolaketa.
9. artikulua. Titulartasuna aldatzea.
II. KAPITULUA.–LAN BALDINTZAK.
10. artikulua. Lanaldia.
11. artikulua. Oporrak.
12. artikulua. Ordutegiak.
13. artikulua. Baimenak.
14. artikulua. Lizentzia ordainduak.
III. KAPITULUA.–BALDINTZA EKONOMIKOAK.
15. artikulua. Ordainsarien kontzeptuak.
16. artikulua. Oinarrizko soldata.
17. artikulua. Antzinatasuna.
18. artikulua. Nekagarritasun, arrisku eta toxikotasunaren plusa.
19. artikulua. Gaueko lanaren plusa.
20. artikulua. Hitzarmenaren plusa.
21. artikulua. Igandeetako eta jaiegunetako lana.
22. artikulua. Pizgarriak lan bereziengatik.
23. artikulua. Eguberri eta Urtezahar.
24. artikulua. Aparteko haborokinak.
25. artikulua. San Martin Porres eguneko paga.
26. artikulua. Garraio plusaren osagarria.
27. artikulua. Dietak.
28. artikulua. Aparteko orduak.
29. artikulua. Ordaintzeko modua eta ordainsarien ordainketa.
IV. KAPITULUA.–ONURA SOZIALAK.
30. artikulua. Ospitalizazioa eta aldi baterako ezintasuna.
31. artikulua. Gidabaimena kentzea.
32. artikulua. Istripu aseguruaren poliza.
33. artikulua. Osagarria, laneko istripuaren edo eritasunaren kasuan.
34. artikulua. Medikuarenera joateko baimenak.
35. artikulua. Kategoria profesionalak.
36. artikulua. Sustapenak eta igoerak.
37. artikulua. Eszedentziak.
38. artikulua. Laneko arropa.
39. artikulua. Maileguak langileentzat.
40. artikulua. Betaurrekoen eta audifonoen haustura.
41. artikulua. Familia laguntzak.
42. artikulua. Erretiro saria.
43. artikulua. Erroldak.
44. artikulua. Osasun azterketak.
45. artikulua. Laneko Segurtasun eta Osasun Batzordea.
46. artikulua. Ekintza sindikala: eskubide eta berme sindikalak.
47. artikulua. Diziplina neurriak.
48. artikulua. Esnea ematea.
49. artikulua. Berdintasun plana.
50. artikulua. Enplegu egonkortasuna.
V. KAPITULUA.–BALDINTZA EKONOMIKOAK.
I. KAPITULUA.–ARAU OROKORRAK
1. artikulua. Aplikazio eremua.
Hitzarmen honek FCC Medio Ambiente SAU enpresaren eta Nafarroako Erriberako Hiri Hondakin Solidoen Mankomunitatearen hiri hondakin solidoen bilketa eta birziklatze zerbitzuan diharduten lantokietako langileen arteko lan harremanak arautuko ditu.
2. artikulua. Indarraldia eta luzapena.
Hitzarmenaren indarraldia 2024tik 2026ra bitartekoa izanen da.
Hitzarmenak sinatzen den egunean hartuko du indarra. Nolanahi ere, ondorio ekonomikoek 2024ko urtarrilaren 1etik hasita izanen dute indarra, edozein dela ere Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den data, eta 2026ko abenduaren 31n bukatuko da.
2026ko urriaren 1etik aitzina, hitzarmena automatikoki salatuta egonen da.
3. artikulua. Hitzarmenaren batasuna.
Itundutako baldintzek multzo organiko eta zatiezina osatzen dute eta aplikazio praktikoaren ondorioetarako denak batean eta osorik hartuko dira, betiere langile bakoitza bere kategorian aipatuz. Hitzarmen hau guztiz baliogabe geldituko litzateke eta inolako eraginik gabe erakunde eskudunek klausularen bat aplikaezina dela deklaratu edo hitzarmena aurkaratuko balute.
Hitzarmena onetsi eta sinatu da prestazioak eta kontraprestazioak beren osotasunean hartuta, bai eta bere testu artikulatuan ezarritako baldintza guztiak ere kontuan hartuta.
4. artikulua. Irenstea eta konpentsazioa.
Itundutako baldintzak osorik konpentsatzen ahal dira lehendik ezarritako baldintzekin, ondokoek aginduta: legeak, jurisprudentziak, administrazioarekiko auzi arloak, era guztietako hitzarmen kolektiboek, banakako kontratuek, tokiko, eskualdeko, autonomia erkidegoetako usadio eta ohiturek edo bestelako aginduek.
Geroan ordainsari guztietan edo batzuetan aldaketak sortuko dituzten xedapenek eraginkortasun praktikoa izanen dute baldin eta, osorik hartuz eta hitzarmenaren aurretik izandako loturekin batuz, honen mailatik goitikoak badira; horrela ez bada, irentsitzat joko dira.
5. artikulua. Berme pertsonalak.
Kobrantzaren ikuspegitik eta osotasunean hartuta, urteko konputuan hitzarmen kolektibo honetan finkatutakoak baino hobeak diren egoera pertsonalak "ad personam" berme gisa errespetatuko dira.
6. artikulua. Interpretazio eta jarraipenerako batzorde paritarioa.
Hitzarmenaren batzorde paritarioa hitzarmenaren aplikazioan interpretazio, adiskidetze, arbitraje eta zaintzarako organoa izanen da.
Batzordea enpresako ordezkariek eta enpresa batzordeko edo langileen ordezkariek osatuko dute, erdi eta erdi. Langileriaren ordezkarien aldetik, enpresa batzordean edo langileen delegatuen artean ordezkaritza duten sindikatuek kide bana izaten ahalko dute. Alderdi bakoitzak, gehienez ere, hiru ordezkari izanen ditu. Denek hitzarmen kolektibo honen negoziazio batzordeko kide eta sinatzaile izan beharko dute.
Alderdiek hitzartu dute batzorde horrek aztertuko dituela hitzarmen kolektibo hau interpretatu edo aplikatzean sortzen ahal diren zalantzak edo desadostasunak, administrazioarekiko auzien salan edo administrazioan erreklamazioa aurkeztu aurretik eta gatazka kolektibora edo grebara jo baino lehen.
Langileen Estatutuaren 41.6 eta 82.3 artikuluetan ezarritako ondorioetarako, kontsulten epea adostasunik gabe bukatuta, afera Batzorde Paritarioan aurkeztuko da. Han adostasunik erdietsi ezean, alderdiek Nafarroako Lan Auzitegiaren menpe utziko dute afera.
Batzordeak txosten bat eginen du hamabost eguneko epean, aurkezten zaizkion gaiei buruzko bilera egiten den egunetik kontatzen hasita.
Epe hori deialdi, ebazpen edo txostenik egin gabe igarotzen bada, gatazka konpontzeko, auzi administrazioko beste edozein lan erakunderengana jotzeko aukera irekiko da.
Batzordeak eginkizun hauek izanen ditu:
A) Hitzarmenaren klausula guztien aplikazioa interpretatzea.
B) Itundutakoa betetzen den zaintzea.
C) Hitzarmen honek indarra hartu ondoren ematen diren legezko xedapen berriak aztertu eta baloratzea, hitzarmenaren edukian eraginik izan badezakete.
D) Hitzarmen kolektiboaren eraginkortasun praktikoa hobetzen duten beste jarduera guztiak, eta testuan horrela ezarria badago.
E) Erabakiak hartzeko batzorde paritarioaren ordezkaritza bakoitzeko kideen gehiengoaren aldeko botoa beharko da.
F) Batzorde paritarioa alderdietako edozeinek eskatuta bilduko da, bilera non, zein egunetan eta zer ordutan eginen den adostu ondoren. Edonola ere, eskaera egin eta gehienez hamar eguneko epean egin beharko da bilera.
7. artikulua. Arau subsidiarioak.
Hitzarmen kolektibo honetan xedatu ez den orotan Langileen Estatutuan xedatutakoari jarraituko zaio, bai eta Garbiketa Publikoa, Kaleen Garbiketa, Ureztaketa, Hondakinen Bilketa, Tratamendua eta Ezabaketa eta Estolderiaren Garbiketa eta Kontserbazioa biltzen dituen Sektorerako Hitzarmen Orokorrean (Estatuko Aldizkari Ofiziala, 2024ko urriaren 15ekoa) eta gainerako legezko xedapenetan xedatutakoari ere.
8. artikulua. Lanaren antolaketa.
Lanaren antolaketa praktikoa enpresari dagokio, ez beste inori. Hori dela eta, enpresak zerbitzuaren jardun onerako metodo eta prozedura egokienak ezartzeko ahalmena du, baina, hala ere, langileek ez dute horregatik beren lanbide prestakuntzan kalterik jasanen, ez eta beren zeregina utzaraziko liekeen eginbeharrik izanen ere.
Enpresa batzordeari entzunaldia emanen zaio Langileen Estatutuaren 64. artikuluari jarraikiz (2/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 23koa).
9. artikulua. Titulartasuna aldatzea.
Hitzarmen honi loturiko kontrataren titulartasun aldaketak berekin dakar esleipen hartzaile berriaren aldetiko subrogazioa, Garbiketa Publikoa, Kaleen Garbiketa, Ureztaketa, Hondakinen Bilketa, Tratamendua eta Ezabaketa eta Estolderiaren Garbiketa eta Kontserbazioa biltzen dituen Sektorerako Hitzarmen Orokorraren "Langileriaren subrogazioa" izenburuko XI. kapituluan espresuki adierazi bezala (Estatuko Aldizkari Ofiziala, 2024ko urriaren 15ekoa).
II. KAPITULUA.–LAN BALDINTZAK
10. artikulua. Lanaldia.
Hitzarmen kolektibo honen eraginpeko langileek astean 37 orduko lanaldia izanen dute, astelehenetik larunbatera, egunean 6 ordu eta 10 minutu. Eguneko lanaldian 20 minutuko atsedenaldia izanen dute ogitartekorako, ondorio guztietarako lan egindakotzat hartuko dena. Hala, urteko lanaldia 1.597 ordukoa izanen da.
Nolanahi ere, urteko jardunaldia handitzen ahalko da, gehienez ere beste bost orduz, lanpostuarekin lotutako lan arriskuen prebentzioari buruzko prestakuntza jasotzeko.
Langile bakoitzak 6 larunbat izanen ditu urtean jai hartzeko eta norberaren aukerako beste 3 egun.
Jai hartu beharreko larunbatei buruzko egutegi bat prestatuko da, enpresak enpresa batzordearekin edo langileen ordezkariekin adostuta. Norberaren aukerako eguna astebete lehenago eskatu behar du langileak, eta baimena emanen da egun bera eskatu dutenak 3 baino gehiago ez badira. Beharrezkoa baldin bada, zozketa eginen da aipatu eguna hartuko duten 3 langileak zein izanen diren erabakitzeko.
Larunbat bakoitzeko edo norberaren aukerako egun bakoitzeko ordainsaria opor egun batena bezalakoa izanen da.
Lanaldia nola banatu enpresak erabakiko du, agindutako zerbitzu publikoa hobeki emate aldera.
Igandeetan lan egitea ekartzen duten kontratuetan, lanaldia astelehenetik igandera banatuko da horretarako kontratatutako langile berrien kasuan; horrela, enpresak soldaten tauletan jaso den zenbatekoa duen plusa ordainduko du igande bakoitzeko, eta astegunetan atseden egun bat izanen da.
Batzorde bat sortuko da lanpostu/zeregin jakin batzuetan astean 5 eguneko lanaldiak ezartzearen bideragarritasuna aztertzeko. Batzorde hori Enpresa Batzordeak eta Enpresak osatuko dute.
11. artikulua. Oporrak.
Urtean 30 laneguneko opor ordainduak izanen dituzte urtebeteko zerbitzualdia eman duten langile guztiek eta proportziozko partea, berriz, baldintza hori betetzen ez dutenek. Larunbatak lanegun oso gisa kontatuko dira. Uztailean, abuztuan eta irailean izanen dira, hiru txandatan, eta txanda bakoitzean langileen heren batek hartuko ditu oporrak.
Soldata tauletan oporretarako ezarritakoa ordainduko da; hori eta bakoitzaren antzinatasunari dagokiona, horrelakorik baldin bada.
Oporretarako egutegiak enpresa eta enpresa batzordea ados jarrita eginen dira.
Enpresaren opor egunen egutegiaren arabera finkatutako oporraldiak bat egiten badu langile baten haurdunaldiaren edo erditzearen ondoriozko edo bularra emateko aldi baterako ezintasun egoera batekin edo Langileen Estatutuaren 48.4 artikuluan eta 48.bis artikuluan (2/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 23koa) ezarritako lan kontratua eteteko aldiarekin, langileak eskubidea izanen du opor egunak aldi baterako ezintasuna edo dagokion baimena bukatutakoan edo kontratuaren etenaldia bukatutakoan hartzeko, urte naturala bukatu bada ere.
Oporraldi batean, eritasun arrunt bat edo lan istripu bat dela-eta, aldi baterako ezintasuna gertatuz gero, eta horren ondorioz langileak oporrak dagozkion urte naturalean hartzerik ez badu, osorik edo partez, ezintasuna bukatu ondoren hartzen ahalko ditu, baldin eta oporretako urtea bukatu zenetik 18 hilabete baino gehiago igaro ez badira.
12. artikulua. Ordutegiak.
Enpresak ezarriko ditu lantokiaren ordutegiak, zerbitzuaren beharren edo bezeroaren eskakizunen arabera.
Lan-txanda bakoitzaren ordutegiak ikusgai jarriko dira urtero lantoki guztietan.
Abenduan, Nafarroako Gobernuak jaiegunen egutegi ofiziala argitaratu izanak posible egiten badu, enpresak eta enpresa batzordeak edo langileen delegatuek elkarrekin prestatuko dute hurrengo urteko lan egutegia.
13. artikulua. Baimenak.
Enpresak 10 egun natural hartzeko baimena emanen die, ordaindu gabe, hala eskatzen duten langileei, baldin eta gutxienez astebete lehenago eskatzen badute. Ezinbesteko arrazoiengatik langileak egun gehiago behar baditu, enpresak, salbuespen gisa, urtean gehienez 20 egun hartzeko baimena ematen ahal du.
–Gidarien kategoriaren kasuan, langile batek baino gehiagok aldi berean eskatzen badute, bakar batek hartzen ahalko du.
–Peoien kategorian gehienez ere 2 langilek hartzen ahalko dute batera baimena.
14. artikulua. Lizentzia ordainduak.
Hitzarmen honen eraginpeko langile guztiek lizentzia hauek izan ditzakete, justifikatu ondoren:
1. Ezkontzagatik: 20 egun natural.
2. Ezkontideak, izatezko bikotekideak edo odol edo ezkontza bidezko bigarren mailara arteko ahaideek (izatezko bikotekidearen odol bidezko ahaideak barne) edo langilearekin etxe berean bizi den eta haren zaintza behar duen beste edozein pertsonak istripu edo eritasun larria baldin badu, ospitaleratu behar badute edo etxean atseden hartzea eskatzen duen ospitaleratzerik gabeko ebakuntza kirurgikoa baldin badu: bost egun.
3. Ezkontidearen edo izatezko bikotekidearen, gurasoen, seme-alaben, anai-arreben edo biloben heriotzagatik (baita ezkontidearenak edo izatezko bikotekidearenak ere): 5 egun natural.
4. Aitona-amonen heriotza: 2 egun.
5. Osaba-izeben heriotza: egun bat.
6. Enpresan lan egiteko beharrezkoa duten langile guztiei B, C eta E motako gidabaimena berritzeko probak egiteko behar duten denborarako baimena emanen zaie, baldin eta probak lanorduetan egin behar badira.
7. Ohiko bizilekua aldatzeagatik: egun bat.
Lizentziak kategoria bakoitzaren soldata errealaren arabera ordainduko dira.
Aipatutako lizentziak odol edo ezkontza bidezko ahaideei aplikatuko zaizkie.
Aurreko ataletan, lizentzia ekarri duen gertaera izan eta hurrengo egunean kontatuko da, lanaldia bete denean.
III. KAPITULUA.–BALDINTZA EKONOMIKOAK
15. artikulua. Ordainsarien kontzeptuak.
Langile bakoitzaren ordainsaria honela osatuko da: hitzarmen kolektiboaren oinarrizko soldata gehi soldaten tauletan ezartzen diren jarduera, maila eta kategoria bakoitzerako osagarriak, ondorengo artikuluetan adierazten direnekin lotuta. Kontzeptu horien zenbatekoak artikulu hauetan eta soldaten taulen eranskinean ageri dira eta esleitutako balioa ulertu behar da kontzeptu bakoitzaren gaineko itun gisa, hitzarmen kolektibo honen negoziazio ekonomiko oso eta bateratuaren barnean.
1. urteko peoia izeneko lanbide kategoriako langileek, enpresan aldizkako kontratupean urtebetetik beherako antzinatasuna edo kontratu jarraituan 6 hilabetetik beherakoa dutenek, eranskineko taulan ageri diren lansariak jasoko dituzte.
Azken 3 urteetan aldizka lan eginik 8 hilabete baino gehiago edo jarraian 6 hilabete baino gehiago aritu diren langileei peoi kategoriako soldata taulak aplikatuko zaizkie, atzerako eraginik gabe.
16. artikulua. Oinarrizko soldata.
Hitzarmen kolektibo honi loturiko langileen oinarrizko soldatak hitzarmen honi erantsitako soldata tauletan ageri dira maila eta kategoria bakoitzerako.
17. artikulua. Antzinatasuna.
Antzinatasunaren osagarriak hiru biurtekoren balioa izanen du, kategoria bakoitzeko oinarrizko soldataren %5ekoak, eta ondoren bosturtekoak izanen dira, kategoria bakoitzeko oinarrizko soldataren %7koak. Horietako bakoitza aurrekoa betetzen denetik aitzina hasiko da kontatzen.
Hitzarmen kolektiboa sinatu eta 10 eguneko epean, batzorde bat sortuko da, hitzarmenaren sinatzaileek osatua, kontratan aldi baterako hainbat kontratu izan dituzten langileen antzinatasun data (zeina osagarri honen ondorioetarako kontatu behar den) aztertu eta erregularizatzeko.
Hitzarmen hau sinatu ondoren egiten diren kontratu mugagabeek batzorde horrek kontratu mugagabea sinatzen denetik aurrera ezartzen dituen irizpideak aplikatu beharko dituzte.
18. artikulua. Nekagarritasun, arrisku eta toxikotasunaren plusa.
Hitzarmen kolektibo honen eraginpeko langileek, lanpostuen ezaugarrien arabera, zeinak plus honen bidez konpentsatzen baitira, I. eranskineko tauletan ageri den diru-kopurua kobratuko dute lan egindako egun bakoitzeko.
Plus hori funtzionala da eta benetan lan egindako egun bakoitzeko sortuko da, baina ez da kontatuko igandeak kalkulatzeko, ez eta aparteko ordainsarietan ere, horrela itundu baita berariaz.
Benetan lan eginiko egun bakoitzari dagokion diru-kopurua, tauletan ageri dena, ez da finkatuko, diru-kopuru hori lanpostuekin eta hitzarmen kolektiboaren baldintza ekonomikoak orokorrak eta bakarrak izatearekin loturik baitago.
19. artikulua. Gaueko lanaren plusa.
22:00etatik 06:00etara lan egiten duten langileek osagarri bat kobratuko dute, I. eranskinean ageri dena, ordutegi horren barnean benetan lan egindako egun bakoitzeko.
Plus hori funtzionala da eta langileak kobratzeari utziko dio ordutegia edo txanda aldatzen duenean. Eta benetan lan eginiko egun bakoitzari dagokion diru-kopurua, tauletan ageri dena, ez da finkatuko, diru-kopuru hori lanpostuko ordutegiekin eta hitzarmen kolektiboaren baldintza ekonomikoak orokorrak eta bakarrak izatearekin loturik baitago.
Gaueko txandako langileek ordu aldaketak egin beharra dutenean, iraupen laburragatik noizbehinkakoak kalifikatzen ahal direnak, ordu aldaketok beren borondatez eskatu duten enplegatuek egin ditzaten saiatuko da enpresa, eta egun horiei dagokion gaueko plusa emanen die.
20. artikulua. Hitzarmenaren plusa.
Hitzarmen honen eraginpeko langileek osagarri horrengatik plus bana kobratuko dute, eranskineko tauletan kategoria bakoitzerako ezarritakoa. Plus hori lan egindako egun bakoitzeko sortuko da, baina ez da kontatuko igandeak kalkulatzeko, ez eta aparteko ordainsarietan ere, horrela itundu baita berariaz.
21. artikulua. Igandeetako eta jaiegunetako lana.
Jaiegunean edo igandean lan egin behar duten langile guztiek eranskineko soldaten tauletan "Jaiegunetako ordainsaria" izenburupean ezarritako kopurua jasoko dute. Berariaz hitzartutako prezioa osatzeko, zenbateko horri oinarrizko soldata eta dagozkion plusak gehituko zaizkio, guztiak egun bakar bati buruzkoak.
Zerbitzua ematen ez den jaiegunetan oinarrizko soldata, antzinatasuna eta aipatu plusak ordainduko dira.
Zerbitzua ematerakoan lehentasun hauek izanen dira:
1. Langile boluntarioak.
2. Kontratatutako langileak.
3. Behar diren lanpostuak betetzen ez badira, enpresaren eta batzordearen edo langileen delegatuen artean gainerako langileez itundutako koadrantera joko da.
Jaiegun izanen dira indarra duen legerian orokorrean adostutako festak, lan egutegiaren arabera, bai eta herriko eta probintziako jaiegunak eta San Martin Porres jardueraren patroiaren eguna ere.
22. artikulua. Pizgarriak lan bereziengatik.
Peoi kategoria duen langileak tauletan jasotako zenbatekoa jasoko du egiazko lanegun bakoitzeko, baldin eta B motako gidabaimena eskatzen duen ibilgailu edo orga jasotzaileren bat gidatu behar badu, delako ibilgailua bere egiazko lan tresna baldin bada lanaldi osoan.
23. artikulua. Eguberri eta Urtezahar.
Plantillako langileek jai izanen dute urtarrilaren 1ean eta abenduaren 25ean.
Egun horietan maila eta kategoria bakoitzari dagozkion oinarrizko soldata, antzinatasuna eta plusak kobratuko dituzte, eranskineko soldata tauletan ageri direnak.
Egun horietako bakoitzean lan egiten dutenek soldaten tauletan jasota dagoen plusa kobratuko dute.
24. artikulua. Aparteko haborokinak.
Udako, eguberrietako eta mozkinengatiko aparteko ordainsariak lanbide kategoria bakoitzarentzat soldaten tauletan espresuki itundutakoaren arabera ordainduko dira. Zenbateko horiei antzinatasunarena erantsi behar zaie.
Eskersari horiek sei hilean behin sortuko dira, lan egindako denboraren proportzioan, eta salbuespen bakartzat joko dira Langileen Estatutuaren 37.3 artikuluan aurreikusitako absentziak, ez ordea, justifikatu gabeko absentziak eta ordaindu gabeko baimenak. Ez dira zehatuko aldi baterako ezintasunarengatiko absentziak.
Udako eskersaria ekainaren 30a baino lehen ordainduko da, eta eguberrietakoa, abenduaren 20a baino lehen.
Mozkinen eskersaria urtero sortuko da, eta urte bakoitzari dagokiona hurrengo martxoko lehenengo egun baliodunean ordainduko da.
Eguberrietako eta udako pagetan oinarrizko soldatari antzinatasunaren hogeita hamar eguneko zenbatekoa erantsiko zaio. Mozkinen pagan, oinarrizko soldatari antzinatasunaren hamabost egun erantsiko zaizkio.
25. artikulua. San Martin Porres eguneko paga.
Enpresak hitzarmen honen eraginpeko peoi edo gidari kategoria duten langile guztiei eranskineko lansarien tauletan ezarritako zenbatekoa ordainduko die.
Azaroaren lehenengo egun baliodunean ordainduko da.
Urtero sortuko da eta ez da murrizketarik eginen aldi baterako ezintasunagatik ezta absentzia justifikatuengatik ere.
26. artikulua. Garraio plusaren osagarria.
Plus hori egiaz lan egindako egun bakoitzeko sortuko da. Plus horren zenbatekoa soldata taulen eranskinean jasotakoa izanen da.
Lanaldi zatitua duten langileek plus horretarako ezarritako zenbatekoa bider bi jasoko dute.
27. artikulua. Dietak.
Bidaian etxetik kanpora lo egitea eta bazkaltzea eta afaltzea beharrezkoa denean, soldaten taulan zehaztutako zenbatekoa duen dieta osorik kobratuko da.
Bidaian etxetik kanpo lo egin beharrik ez balego, dieta erdia jasoko litzateke, soldaten taulan zehaztutako zenbatekoa duena alegia.
28. artikulua. Aparteko orduak.
Enpresaren jarduera zerbitzu publiko bat denez, sinatzaileek aitortzen dute "egiturazkoak" direla ustekabeko absentzien edo txanda-aldaketen ondorioz egin beharreko orduak, eta orobat, produkzio beharren ondorioz egin beharrekoak. Hori guztia Langileen Estatutuaren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat (urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretua).
Aparteko orduak data jakinetan izaten ohi direnez, enpresak langileak kontratatuko ditu aparteko lanak egiteko.
Aparteko orduen zenbatekoa erantsitako soldata tauletan ageri dena da.
29. artikulua. Ordaintzeko modua eta ordainsarien ordainketa.
Enpresak hartzekoak sortu eta hurrengo hileko lehen 5 egun naturaleko epean ordainduko du hilean sortutakoa. Sortzapenaren hurrengo hilean egiaz erregularizatzea galarazi gabe.
Banku transferentzia baten bidez edo taloi baten bidez ordainduko da, eta, hura kobratzeko, ez dago eskubiderik denbora librea hartzeko.
Enpresak 440 euroko aurrerakinak ordainduko dizkie hilero hala eskatzen duten langile guztiei.
IV. KAPITULUA.–ONURA SOZIALAK
30. artikulua. Ospitalizazioa eta aldi baterako ezintasuna.
Ospitalizazioa gertatuz gero, ospitalean sartzen denetik harik eta ospitalean alta hartzen duen arte langileak denbora horretan lanean izan balitz kobratuko lituzkeen soldata kontzeptuen %100 kobratuko du.
31. artikulua. Gidabaimena kentzea.
Gidariaren erruz izan gabe, zerbitzuko ibilbidearen beharrengatik edo akats mekaniko batengatik, langileari gidabaimena kentzen badiote, enpresak lansaria eta lanpostua errespetatuko dizkio, baina, bitarte horretan, enpresak bere egoeraren araberako beste lanposturen batean egokituko du langilea.
Gidabaimena kendu bazaio ibilgailu partikularra gidatzean, eta ausarkeriazko zuhurtziagabekeria larririk edo asmo txarrik izan ez bada behintzat, enpresak langilea beste lanpostu batean jartzeko konpromisoa hartzen du, lanpostu berriko ordainsariekin.
Enpresak aseguru bat hartuko du gidabaimena kentzen den kasuetarako, aseguru horren eguneko kostuaren herena segurtatzeko, langileak hala eskatzen badu.
32. artikulua. Istripu aseguruaren poliza.
Enpresak laneko istripuetarako aseguru poliza sinatuko du, langile bakoitzari honako kalte-ordain hauek bermatuko dizkiona hitzarmen hau izenpetzen denetik:
–1. prima: lan istripuaren edo eritasun profesionalaren ondoriozko heriotza: 45.900 euro.
–2. prima: laneko istripuaren edo gaixotasun profesionalaren ondoriozko erabateko ezintasun iraunkorra: 45.900 euro.
–3. prima: laneko istripuaren ondoriozko lanerako ezintasun iraunkor osoa: 31.620 euro.
–4. prima: berezko heriotza: 8.466 euro.
Kapital berriak hitzarmen kolektibo hau sinatzen denean jarriko dira indarrean, eta urtero eguneratuko dira soldata taulen ehuneko berean.
33. artikulua. Osagarria, laneko istripuaren edo eritasunaren kasuan.
Laneko istripu edo eritasun profesional baten ondorioz aldi baterako ezintasuna izaten bada, enpresak Gizarte Segurantzaren prestazioa osatuko du likidatutako hileko egiazko soldataren %100 egin arte. Eritasun arruntak eragindako aldi baterako ezintasuna bada, enpresak honela osatuko du Gizarte Segurantzaren prestazioa:
–1. egunetik 19.era: %90.
–20. egunetik prozesuaren bukaera arte: %100.
Gizarte Segurantzak kontzeptu horrengatik dituen prestazioak hobetzen baditu, irentsi eta konpentsatuko dira.
Eritasun arruntak eragindako aldi baterako ezintasunean den langilea ez bada mutualitateko medikuak edo enpresak izendatutako pertsonak jakinarazitako egunean eta tokian azaltzen, galdu eginen du egun horretatik aitzina edozein osagarri kobratzeko eskubidea, horregatik hartzen ahal diren gainerako neurriak galarazi gabe.
34. artikulua. Medikura joateko baimenak.
Langileak lanorduetan Gizarte Segurantzako medikuarengana joan behar badu, ez zaio soldata murriztuko, baldin eta kontsultara joan dela frogatzen badu.
Era berean, urtean 2 egun izanen ditu mediku partikularrera joateko edo ezkontideari nahiz seme-alabei laguntzeko, aurrez arrazoituta.
Ohiz kanpoko kasuetan, enpresak aurreko paragrafoetan jasotakoa zabaltzen ahalko du, kasu horiek zehatz aztertu ondoren.
Langileak bi egun izanen ditu urtean ezkontideak edo seme-alabek Erriberako Mankomunitatetik kanpoko osasun zentro bateko Gizarte Segurantzako kontsultara joan behar dutenean, zitazioaren egiaztagiria aurkeztu ondoren, betiere.
35. artikulua. Lanbide kategoriak.
Sektoreko hitzarmen orokorraren 22. artikuluan ezarritakoaren babesean, lanbide kategoria berri bat sortu da, D taldea (langileen taldea). Hona hemen ezaugarriak:
–Peoi gidaria/orga jasotzaileko gidaria: peoi kategoriako langilea, dagokion gidabaimena, gutxienez B1 motakoa, izanik, matxura arinak eta tailerreko elementurik behar ez duten matxurak konpontzeko beharrezko ezagutzak dituena. Ibilgailua mantentzeaz eta garbitzeaz arduratuko da, tailerretik irtetean funtzionatzeko egoera ezin hobean egon dadin. Bere lanean, gidatzea peoiaren berezko zereginekin txandakatuko du, eta bi eginkizunak beteko ditu motogurdi, furgoneta, orga jasotzailea edo antzekoa gidatuz gero, eta, gainera, 3.500 kilo baino gutxiagoko ibilgailuak ere gidatu ahal izanen ditu. Erantsitako soldata tauletan ezarritakoa izanen da ordainsaria, gidatzen duen ibilgailu mota edozein dela ere. Kategoria eta ordainsari berri hori 2022ko urtarrilaren 1ean jarriko da indarrean.
Zerbitzuaren edo antolaketaren beharrengatik, azaldutako ibilgailuren baten faltagatik, matxura edo gisa horretako beste arrazoi batengatik, langile hauei peoi lanak egiteko agintzen ahalko zaie eta kategoria horretarako itundutako ordainsariak jasoko dituzte aldaketa hori eragin duten baldintzek dirauten bitartean.
36. artikulua. Sustapenak eta igoerak.
Sortzen diren lanpostu hutsak betetzeko, sistema hau aplikatuko da:
–5 lanpostu hutsetatik bat, lanposturako beharrezkoak diren baldintzak betetzen dituen emakume batek bete beharko du.
–Gainerako lanpostu hutsei irizpide hauek aplikatuko zaizkie:
- 30 puntu gehienez enpresako antzinatasunagatik/lan denboragatik (3 puntu urteko).
- 3 puntu lortu nahi den lanpostuko eginkizunak betetzen emandako 200 egun bakoitzeko. Gehienez ere 6 urte hartuko dira kontuan, lanpostuz igotzen den egunetik aurrera, eta 18 puntu lortzen ahalko dira gehienez.
Enpresak praktikak egiteko gidari bat eta ibilgailu bat jarriko ditu, lanorduetatik kanpora, gehienez ere 15 egunez eta egunean 4 orduz.
Lizitazioaren xede diren lanpostu hutsak puntuazio hoberena lortu duten langileek beteko dituzte, eta berdinketarik izanez gero, enpresan denbora gehien daramanak lortuko du lanpostua. Sortuko den zerrendak urtebeteko iraupena izanen du.
Lanpostu hutsa ez da irmo bihurtuko harik eta lanpostu finko izan arte; hala ere, kategoria horretan diharduten denboran ordainsarien diferentzia kobratuko dute. Lanpostua aldi baterakoa denean, langilea lehen zuen lanpostura itzuliko da, eta lanpostu horretako ordainsariak kobratuko ditu.
37. artikulua. Eszedentziak.
Enpresan urtebeteko antzinatasuna duen langile orok eskubidea du eszedentzia hartzeko, gehienez bost urtekoa eta gutxienez hiru hilabetekoa.
Borondatezko beste eszedentzia bat hartu ahal izateko, langileak beste urtebetez bederen lan egin beharko du enpresan.
Eskatzen den eszedentzia ez bada 15 hilabete baino gehiagorako, enpresak langilea lehengo lanpostuan jarriko du, baldin eta langileak bere itzulera 15 egun lehenago jakinarazten badu enpresan.
Eszedentziaren ondorioz kontratatzen den langileak, eszedentzian egondakoa itzultzen denean, lehentasunezko eskubidea izanen du suertatzen ahal den lehenbiziko lanpostu hutsa betetzeko.
38. artikulua. Laneko arropa.
Laneko arropa nahitaez erabili beharko da, eta enpresak emanen du. Honakoa izanen da:
- Jertse/polar bat, bi urtean behin.
- Galtza pare bat urtean.
- Mahuka luzeko atorra/poloa, urtean bat.
- "Panter" botak, bi urtean behin.
- Uretako jantzi bat bi urtean behin, apurtuz gero.
- Bi galtzerdi pare urtean.
- Uretako bota pare bat, bi urtean behin.
- Mahuka motzeko atorra, urtean behin.
- Udako galtzak, urtean behin.
- Zapata pare bat, 2 urtean behin.
- Jakatxo bat.
- Eskularruak beharrezkoak direnean.
Ahal dela, udako arropak maiatzaren 5a baino lehen eta negukoak azaroaren 5a baino lehen banatuko dira.
39. artikulua. Maileguak langileentzat.
Enpresak hitzarmenaren indarraldian 38.000 euro jarriko ditu enpresa batzordearen esku langileei maileguak eman ahal izateko.
Langile bakoitzak maileguan jasotzen ahal duen kantitatea ez da inoiz 2.100 euro baino gehiago izanen.
Mailegua amortizatzeko, nominatik deskontatuko da, urtebeteko epean, eta langileak aukeratzen ahalko du 12 edo 14 (hileroko soldatetan eta udako eta eguberrietako aparteko pagetan) deskontu izan nahi dituen.
Mailegua eskatzen duten langileek urtebeteko antzinatasuna izan beharko dute enpresan.
Langileek ezin izanen dute beste mailegu bat eskatu aurrekoa ordaindu arte. Langileak enpresan baja hartzen badu, enpresak zati proportzionalen likidaziotik amortizatzeko dagoen kopurua deskontatzen ahal du.
40. artikulua. Betaurrekoen eta audifonoen haustura.
Edozein eginbeharretan, ustekabean eta inolako eta inoren errurik gabe, hitzarmen kolektibo honen eraginpeko langileren bati bere betaurreko graduatuak eta/edo audifonoak, berak normalean edo medikuaren aginduz erabiltzen dituenak, hausten bazaizkio, enpresak, gertatutakoa egiaztatu ondoren, dirulaguntza emanen dio, 200 euro gehienez, hitzarmen hau sinatzen denetik eta indarrean dagoen bitartean.
41. artikulua. Familia laguntzak.
Hitzarmen hau sinatzen denetik eta indarrean dagoen bitartean hileko 245 euroko laguntza soziala ezartzen da hitzarmenaren eraginpeko langileentzat, seme edo alaba urritu fisiko edo psikikorik badute, haien tutore eta bizikide badira, eta Gizarte Segurantzak kontzeptu horregatik ematen dituen prestazioen onuradun badira. Zenbateko hori seme edo alaba bakoitzeko emanen da.
Egoera hori minusbaliotasun kalifikazioaren bidez frogatu beharko da urtero.
42. artikulua. Erretiro saria.
Langile batek erretiroa hartzen duenean, enpresak, laguntza gisa, antzinatasun urte bakoitzeko honako kopuruak emanen dizkio 2024. urtean: batzorde bat sortuko da, gehienez ere 6 hilabeteko epean sari hori erretiroari dagokionez indarrean dagoen araudiaren arabera aztertu eta eguneratzeko.
–Erretiroa 60 urterekin eskatzen bada: 439,26 euro.
–Erretiroa 61 urterekin eskatzen bada: 355,79 euro.
–Erretiroa 62 urterekin eskatzen bada: 296,17 euro.
–Erretiroa 63 urterekin eskatzen bada: 246,97 euro.
–Erretiroa 64 urterekin eskatzen bada: 215,70 euro.
–Erretiroa 65 urterekin eskatzen bada: 190,81 euro.
Hitzarmen honi atxikitako 60 urtetik gorako plantillako langile finkoek, 16 urteko edo gehiagoko antzinatasuna badute eta eskatzen badute, eta legez ezarritako baldintzak betetzen badituzte, errelebo kontratua aplikatzeko eskubidea izanen dute, erretiro sariari uko egin ondoren.
Enpresak hilabete izanen du errelebo kontratua gauzatzeko, langileak eskaera egiten duen unetik kontatzen hasita.
Partzialki erretiratutako langileak eskubidea izanen du bere zerbitzuak era jarraituan emateko, baldin eta zerbitzuaren antolakuntzak eta aurre-erretiratutako pertsonaren osasunak eta legediak horretarako aukera ematen badute.
64 urterekin, behin betiko erretiroa gauzatuko da Gizarte Segurantzak ezarritako baldintzak betetzen badira eta indarrean dagoen legediak horretarako aukera ematen badu.
43. artikulua. Erroldak.
Enpresak urtero plantillako langileen bi errolda eginen ditu, bat hurrenkera alfabetikoan eta bestea antzinatasunaren araberako hurrenkeran.
44. artikulua. Osasun azterketak.
Derrigorrezkoa izanen da urtero langile guztiei osasun azterketa bat eskaintzea. Langileak erabakiko du horiek egitea ala ez.
Azterketa hori enpresaren kontura izanen da eta Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legearen (31/1995 Legea, azaroaren 8koa) 22. artikuluan xedatutakoari jarraikiz eginen da.
Azterketa horren ondoren langileren batek beste azterketa osoago bat behar izanez gero, horretarako baimena izanen du inolako galerarik izan gabe bere soldatan, eta azterketa hori beste hiriren batean egin behar izanez gero, enpresak ordainduko dizkio hiri horretarako bidaia egiteko gastuak, eta, horrekin batera, dagokion dieta, gehienez ere 7 egunez.
45. artikulua. Laneko Segurtasun eta Osasun Batzordea.
Laneko segurtasun eta osasun batzorde bat sortuko da, enpresa batzordeko kideek edo langileen delegatuek eta enpresako ordezkariek osatutakoa, erdi eta erdi. Haren eginkizuna da:
A) Lanean ezinbestean bete beharreko lan segurtasun eta osasun neurriak martxan jartzen eta kontrolatzen parte hartzea.
B) Segurtasun eta higiene neurrietan aplikatu beharreko sistemak ezagutzea eta horiei buruzko iritziak ematea.
C) Babeserako eta zaintzarako neurri bereziak hartzeko eskatzea langileen osasunerako arrisku nabarmenak ekartzen dituzten leku edo lanpostuetan.
D) Egoerak hala eskatzen duenean, enpresako zuzendaritza eta langileen ordezkariak ados jarrita, lan segurtasun eta osasunean espezializatutako erakunde ofizialen eta ez ofizialen esku-hartze eta aholkularitza eskatzen ahalko dute, lantokietan den arrisku maila edo benetako kutsadura maila aztertzeko.
E) Langileentzako sari bat ezarri da, enpresa batzordeak kudeatua. Sari horren arabera, enpresak 500 euro emanen ditu kontratako langileek bazkari bat egiteko, betiere Segurtasun eta Osasun Batzordean ezarritako absentismo helburua lortzen bada. Helburua betetzen den urteetan, enpresak zenbateko hori batzordeko buruari emanen dio urriaren bukaeran, eta azken horrek bazkariaren zenbatekoa justifikatu beharko du faktura baten bidez.
46. artikulua. Ekintza sindikala: eskubide eta berme sindikalak.
Sindikatuek eskubide osoa izanen dute iragarki ohola erabiltzeko, intereseko gaietarako (lanekoak eta sindikalak). Eskubidea izanen dute, halaber, propaganda banatzeko eta kuotak biltzeko, baina enpresaren lana edo ohiko martxa oztopatu gabe, betiere.
Eskubide sindikalak erabiltzeko, langileek berme hauek izanen dituzte, eta baliogabe joko dira helburutzat bereizkeria sindikala duten itun edo egintza guztiak; honako hauek, zehazki:
A) Langile bat hartzeko edo ez hartzeko, kontuan izatea sindikatu batera afiliatua dagoen ala ez.
B) Enpresaburuak berak sindikatu bat eratzea edo sindikatu baten aldeko jarrera izatea, edozein motatako laguntzen bidez.
C) Langile bat kaleratzea, zehatzea, diskriminatzea edo nola edo hala kalte egitea sindikatu batean afiliatua egoteagatik edo bere ekintza sindikalarengatik, sindikatu hori indarra duen legeriaren araberakoa bada, betiere.
Enpresa batzordea da langileen ordezkaritza organoa. Honako berme hauek izanen ditu:
A) Delegatu bakoitzak 25 ordu sindikaleko kreditua izanen du hilean. Ordu horiek egiazko soldataren arabera ordainduko dira.
Ordu horiek kide baten esku jartzen ahal dira, baina ekintza sindikalerako erabiltzen diren orduak ez dira inola ere enpresa batzordeari dagozkion ordu guztiak baino gehiago izanen.
B) Hileko ordu kopuruan ez dira kontatuko enpresaren ekimenez deitutakoak.
C) Lanaren antolaketa arloan edo hobekuntza teknikoetan egoki irizten diren neurriak proposatzea enpresari.
D) Langileengan zuzeneko eragina izanen duten neurrien gaineko informazioa jasotzea, eta bereziki gai hauei buruzkoak:
–Enplegua erregulatzeko espedienteak.
–Langileak lekuz aldatzea.
–Lan sistema berriak ezartzea.
–Lanaren antolaketan eragina duten erabaki guztiak.
E) Indarra duten lan arauak beteko direla segurtatzea eta enpresa arau-hausteez ohartaraztea, eta kasua bada, behar diren erreklamazioak jartzea arauok bete daitezen.
F) Enpresak baimena emanen du, batzordeak 48 ordu lehenago jakinarazi ondotik, batzar ordainduak egiteko. Guztira, gehienez ere 3 ordu izanen dituzte.
47. artikulua. Diziplina neurriak.
Hartzen diren diziplina neurri larri eta oso larrien berri emanen zaio langileari, bai eta enpresa batzordeari ere, edo hark izendatutako ordezkariari, 5 eguneko epean egoki iruditzen zaiona alega dezan.
48. artikulua. Esnea ematea.
Langileen Estatutuaren 37.4 artikuluan xedatutakoaren arabera (urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretua), jaiotzaren, adopzioaren eta harreran edo adopzioan hartzeko zaintzaren kasuan, Langileen Estatutuaren 45.1.d) artikuluarekin bat, langileek eskubidea izanen dute ordu batez lanetik kanpo egoteko, bularreko haurra zaintzearren, hark bederatzi hilabete bete arte. Ordu hori bi zatitan banatzen ahal da. Haur baten baino gehiagoren jaiotze, adopzio edo harreran edo adopzioan hartzeko zaintzaren kasuetan, lizentziaren iraupena modu proportzionalean handituko da.
Eskubide hori erabiltzen duenak eguneko lanaldiaren ordu erdiko murrizketarekin ordezkatzen ahal du, hala nahi badu, helburu berbererako, edo jardunaldi osotan metatzen ahalko du.
Atal honetan jasotako lanaldi murrizketa langileen eskubide indibiduala da, eta eskubidea baliatzeko aukera ezin zaio besterendu beste guraso, adoptatzaile, zaintzaile edo harreragileari. Hala ere, enpresa bereko bi langilek subjektu eragile beragatik baliatzen badute eskubide hori, aldi berean baliatzeko aukera mugatzen ahalko da enpresaren funtzionamenduari lotutako arrazoi funtsatu eta objektiboengatik, idatziz behar bezala arrazoituta. Kasu horretan, enpresak ordezko plan bat eskaini beharko du bi langileak eskubide horretaz baliatzen direla bermatzeko eta kontziliazio-eskubideak baliatzea ahalbidetzeko.
Bi gurasoek, adoptatzaileek, zaintzaileek edo harreragileek iraupen eta erregimen berean baliatzen badute eskubide hori, denbora hori bularreko haurrak hamabi hilabete bete arte luzatzen ahal da, eta soldata proportzioan murriztuko da umeak bederatzi hilabete betetzen dituenetik aurrera.
49. artikulua. Berdintasun plana.
Alderdiak lotzen zaizkio FCC MEDIO AMBIENTE SAUk eta UGT eta CCOO sindikatuek 2022ko urtarrilaren 28an sinatutako berdintasun planari, eta plan hori hitzarmen honetan aplikatuko da.
50. artikulua. Enplegu egonkortasuna.
Aldeek hitzartu dute kontrata berriko lanaldi osoko (urteko 1.600 orduko lanaldia dutenak) benetako lanpostuen %95, gutxienez, lanaldi osoko lan kontratu mugagabeak izatea.
Urtero egiaztatuko da ehuneko hori betetzen dela.
V. KAPITULUA.–BALDINTZA EKONOMIKOAK
–2024. urterako baldintza ekonomikoak.
2024. urterako baldintza ekonomikoak 1. eranskineko soldaten taulan ageri dira.
–2025. urterako baldintza ekonomikoak.
2025. urterako kontzeptu ekonomikoak %2 igoko dira.
–2026. urterako baldintza ekonomikoak.
2026. urterako kontzeptu ekonomikoak %1,5 igoko dira.
SOLDATA TAULA 2024
KATEGORIAK | SOLDATA OINARRIA | HITZARMENEKO PLUSA | NEK. | GARRAIO PLUSA | GAUEKO PLUSA | OPORRAK 30 LANEGUN | APARTEKO ORDAINSARIA UDA | APARTEKO ORDAINSARIA EGUBERRIAK | APARTEKO ORDAINSARIA MOZKINAK | APARTEKO ORDAINSARIA SM PORRES | JAIEGUNETAKO | ORDUA LANEGUNETAKOAK | APARTEKO ORDUA JAIEGUNETAKOAK |
PEOIA, 1. URTEA | 36,69 | 14,47 | 8,25 | 3,99 | 14,25 | 1.938,64 | 2.357,56 | 1.848,80 | 936,62 | 599,47 | 248,09 | 18,02 | 35,45 |
PEOIA, EGUNEZ | 38,25 | 15,09 | 8,57 | 4,14 | - | 2.020,08 | 2.505,51 | 1.926,44 | 980,93 | 599,47 | 258,55 | 18,74 | 36,93 |
PEOIA, GAUEZ | 38,25 | 15,09 | 8,57 | 4,14 | 14,25 | 2.244,12 | 2.684,15 | 2.105,26 | 1.073,07 | 579,99 | 316,93 | 22,78 | 45,30 |
PEOI GIDARIA, EGUNEZ | 38,25 | 18,47 | 8,57 | 4,14 | - | 2.020,08 | 2.505,51 | 1.926,44 | 982,78 | 599,47 | 258,55 | 18,74 | 36,93 |
PEOI GIDARIA, GAUEZ | 38,25 | 18,47 | 8,57 | 4,14 | 14,25 | 2.244,12 | 2.684,15 | 2.105,26 | 1.074,91 | 579,99 | 316,93 | 22,78 | 45,30 |
ORGA JASOTZAILEKO PEOI GIDARIA | 38,25 | 18,47 | 8,57 | 4,14 | - | 2.020,08 | 2.505,51 | 1.926,44 | 982,78 | 599,47 | 258,55 | 18,74 | 36,93 |
GIDARIA, EGUNEZ | 42,89 | 14,93 | 8,96 | 4,14 | - | 2.401,71 | 2.524,50 | 1.946,88 | 981,42 | 560,02 | 283,52 | 20,29 | 40,49 |
GIDARIA, GAUEZ | 42,89 | 14,93 | 8,96 | 4,14 | 14,25 | 2.792,69 | 2.671,05 | 2.094,00 | 1.003,80 | 537,03 | 333,90 | 24,33 | 47,65 |
1. MAILAKO MEKANIKARI-OFIZIALA | 42,89 | 17,30 | 11,36 | 4,14 | - | 2.408,20 | 2.524,50 | 1.946,88 | 978,09 | 566,38 | 283,52 | 20,29 | 40,49 |
ADMINISTRARI LAG. | 35,69 | 16,36 | 7,15 | 4,14 | - | 2.278,61 | 2.189,43 | 2.041,55 | 2.044,30 | - | 187,30 | 19,86 | 26,76 |
1. MAILAKO ADM-OFIZIALA | 51,21 | 20,97 | 8,56 | 4,14 | - | 2.904,21 | 2.753,83 | 2.605,93 | 2.611,93 | - | 258,15 | 24,57 | 36,88 |
LANGILEZAINA, GAUEZ | 41,16 | 18,60 | 8,15 | 4,14 | 14,25 | 2.434,78 | 2.386,43 | 2.238,54 | 2.243,98 | - | 235,09 | 22,39 | 33,58 |
ARDURADUNA | 54,32 | 36,78 | 10,41 | 4,14 | 14,25 | 3.146,04 | 3.083,88 | 2.935,98 | 2.945,32 | - | 253,12 | 24,05 | 36,16 |
KATEGORIAK | SOLDATA GORDINA |
PEOIA, 1. URTEA | 27.532,04 |
PEOIA, EGUNEZ | 28.712,17 |
PEOIA, GAUEZ (gaueko plusa barne) | 33.398,91 |
PEOI GIDARIA, EGUNEZ | 29.672,37 |
PEOI GIDARIA , GAUEZ (gaueko plusa barne) | 34.359,10 |
ORGA JASOTZAILEKO PEOI GIDARIA | 29.672,37 |
GIDARIA, EGUNEZ | 30.715,40 |
GIDARIA, GAUEZ (gaueko plusa barne) | 35.432,02 |
1. MAILAKO MEKANIKARI-OFIZIALA | 32.075,84 |
ADMINISTRARI LAG. | 28.335,55 |
1. MAILAKO ADMINISTRARI OFIZIALA | 37.561,32 |
LANGILEZAINA (gaueko plusa barne) | 35.867,42 |
ARDURADUNA | 44.835,00 |
10. art. Igandeko plusa | 74,27 |
22. art. Lan bereziak | 3,7 |
23. art. Eguberrietako lana | 52,85 |
27. art. Dieta osoa | 71,43 |
27. art. Dieta erdia | 27,48 |
ERRETIRO SARIA | |
60 urte | 439,26 |
61 urte | 355,79 |
62 urte | 296,17 |
63 urte | 246,97 |
64 urte | 215,70 |
65 urte | 190,81 |
32. ART. | |
1. prima | 45.900 euro |
2. prima | 45.900 euro |
3. prima | 31.620 euro |
4. prima | 8.466 euro |
Iragarkiaren kodea: F2507802
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
