Iragarkia
135. ALDIZKARIA - 2025eko uztailaren 8a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK
102C/2025 EBAZPENA, maiatzaren 28koa, Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez erabakitzen baita FCC Medio Ambiente SA enpresaren Iruñeko bide-garbiketako langileen hitzarmen kolektiboa erregistratu, gordailutu eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Ikusi da FCC Medio Ambiente SA enpresak Iruñeko bide-garbiketako langileentzat aurkeztutako hitzarmen kolektiboaren testua (kode zenbakia: 31008571012006). Hitzarmen hori 2024ko abenduaren 18an sartu zen erregistro honetan, eta 2024ko azaroaren 13an sinatu zuten enpresaren ordezkariek eta enpresaren gehiengo sindikalak.
Bat etorrita Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onesten duen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan eta hitzarmen kolektiboak, lan akordio kolektiboak eta berdintasun planak erregistratu eta gordailutzeari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan ezarritakoarekin.
Erabilita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 251/2023 Foru Dekretuarekin lotuta.
EBAZTEN DUT:
Lehenbizikoa.–Nafarroako Hitzarmen Kolektiboen, Lan Hitzarmen Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan inskribatzea FCC Medio Ambiente SA enpresak Iruñeko bide-garbiketako langileentzat aurkeztutako hitzarmen kolektiboa (kode zenbakia: 31008571012006).
Bigarrena.–Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, orok jakin dezaten.
Iruñean, 2025eko maiatzaren 28an.–Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusia, Iñaki Mendióroz Casallo.
FCC MEDIO AMBIENTE SAU ENPRESAREN HITZARMEN KOLEKTIBOA, IRUÑEKO HIRIAREN (NAFARROA) GARBIKETA PUBLIKOAREN ZERBITZUAN DIHARDUTEN LANGILEENTZAT
I. KAPITULUA.–ARAU OROKORRAK
1. artikulua. Aplikazio eremua.
Hitzarmen kolektibo hau enpresaren ordezkarien eta enpresa batzordearen gehiengoaren artean izenpetu da, eta FCC Medio Ambiente SAU enpresaren eta Iruñeko (Nafarroa) hiriaren garbiketa publikoaren zerbitzuan diharduten langileen arteko lan harremanak arautuko ditu.
2. artikulua. Indarraldia eta luzapena.
Hitzarmen honek hiru urteko indarraldia izanen du: 2025etik 2027ra bitarte.
Hitzarmen honek 2025eko urtarrilaren 1ean hartuko du indarra, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den eguna edozein dela ere.
2027ko urriaren 1etik aitzina, hitzarmena automatikoki salatuta egonen da.
Langileen Estatutuaren 86. artikuluaren 3. apartatuaren azken paragrafoan aurreikusten den epea iraganik, hitzarmenaren klausulen aurreraeragina hurrengo hitzarmena sinatu arte luzatuko da.
3. artikulua. Hitzarmenaren batasuna.
Itundutako baldintzek multzo organiko eta zatiezina osatzen dute eta aplikazio praktikoaren ondorioetarako denak batean eta osorik hartuko dira, betiere langile bakoitza bere kategorian aipatuz. Hitzarmen hau guztiz baliogabe geldituko litzateke eta inolako eraginik gabe erakunde eskudunek klausularen bat aplikaezina dela deklaratu edo hitzarmena aurkaratuko balute.
Hitzarmena onetsi eta izenpetu da prestazioak eta kontraprestazioak beren osotasunean hartuta, bai eta bere artikuluetan ezarritako baldintza guztiak kontuan hartuta ere.
4. artikulua. Irenspena eta konpentsazioa.
Itundutako baldintzak osorik konpentsatzen ahal dira lehendik ezarritako baldintzekin, ondokoek aginduta: legeak, jurisprudentziak, administrazioarekiko auzi arloak, era guztietako hitzarmen kolektiboek, banakako kontratuek, tokiko, eskualdeko, autonomia erkidegoetako usadio eta ohiturek edo bestelako aginduek.
Geroan ordainsari guztietan edo batzuetan aldaketak sortuko dituzten xedapenek eraginkortasun praktikoa izanen dute baldin eta, osorik hartuz eta hitzarmenaren aurretik izandako loturekin batuz, honen mailatik goitikoak badira; horrela ez bada irentsitzat joko dira.
5. artikulua. Berme pertsonalak.
Kobrantzaren ikuspegitik eta osotasunean hartuta, urteko konputuan hitzarmen kolektibo honetan finkatutakoak baino hobeak diren egoera pertsonalak "ad personam" berme gisa errespetatuko dira.
6. artikulua. Interpretazio eta jarraipenerako batzorde paritarioa.
A) Hitzarmenaren batzorde paritarioa hitzarmenaren aplikazioan interpretazio, adiskidetze, arbitraje eta zaintzarako organoa izanen da.
B) Batzordea enpresako ordezkariek eta enpresa batzordeko ordezkariek osatuko dute, erdi eta erdi. Langileriaren ordezkarien aldetik enpresa batzordean ordezkaritza duten sindikatuek kide bana izaten ahalko dute. Denek hitzarmen kolektibo honen negoziazio batzordeko kide eta sinatzaile izan beharko dute, edo enpresa batzordeko kide.
C) Aldeek erabaki dute batzorde horrek aztertuko dituela hitzarmen kolektibo hau interpretatu edo aplikatzean sor daitezkeen zalantzak edo desadostasunak, administrazioarekiko auzietako salan edo administrazioan erreklamazioa aurkeztu aurretik eta gatazka kolektibora edo grebara jo baino lehen.
Langileen Estatutuaren 41.6 eta 82.3 artikuluetan ezarritako ondorioetarako, kontsulten epea adostasunik gabe bukatzen bada, afera batzorde paritarioan aurkeztuko da. Han ere adostasunik erdietsi ezean 15 eguneko epean, aldeek Nafarroako Lan Auzitegiaren menpe utziko dute afera.
D) Batzordeak funtzio hauek izanen ditu:
a) Hitzarmen kolektibo honen klausula guztien aplikazioa interpretatzea, indarra duten legeekin bat.
b) Itundutakoa betetzen den zaintzea.
c) Hitzarmena, bere indarraldian, egokitu edo aldatzeko eginkizunak garatzea, indarra duten legeetan ezarritakoari jarraikiz.
d) Hitzarmen kolektiboaren eraginkortasun praktikoa hobetzen duten beste jarduera guztiak, testuan horrela ezarria badago.
e) Erabakiak hartzeko batzorde paritarioaren ordezkaritza bakoitzeko kideen gehiengoaren aldeko botoa beharko da.
f) Batzorde paritarioa aldeetako edozeinek eskatuta bilduko da, ados jarrita non, zein egunetan eta zer ordutan eginen den, edonola ere eskaera egin eta hiru egun balioduneko epean.
7. artikulua. Arau subsidiarioak.
Hitzarmen kolektibo honetan xedatu ez den orotan Langileen Estatutuan xedatutakoari jarraituko zaio, bai eta garbiketa publikoa, bide garbiketa, ureztaketa, hondakinen bilketa, tratamendua eta ezabaketa eta estolderiaren garbiketa eta kontserbazioa biltzen dituen sektorerako hitzarmen orokorrean eta gainerako legezko xedapenetan xedatutakoari ere.
8. artikulua. Lanaren antolaketa.
Lanaren antolaketa praktikoa enpresako zuzendaritzari dagokio, ez beste inori. Hori dela eta, enpresak zerbitzuaren jardun onerako metodo eta prozedura egokienak ezartzeko ahalmena du, baina, hala ere, langileek ez dute horregatik beren lanbide prestakuntzan kalterik jasanen, ez eta beren zeregina utzaraziko liekeen eginbeharrik izanen ere.
Enpresa batzordeari entzutea emanen zaio Langileen Estatutuaren 64. artikuluari eta harekin bat heldu diren arauei jarraikiz.
9. artikulua. Titulartasuna aldatzea.
Hitzarmen honi lotutako kontrataren titulartasun aldaketak berekin dakar esleipen-hartzaile berriak langileak subrogatu behar izatea, Garbiketa Publikoa, Bide Garbiketa, Ureztaketa, Hondakinen Bilketa, Tratamendua eta Ezabaketa eta Estolderiaren Garbiketa eta Kontserbazioa biltzen dituen Sektorerako Hitzarmen Orokorraren "Langileriaren subrogazioa" izenburuko XI. kapituluan espresuki adierazi bezala (Estatuko Aldizkari Ofiziala, 2024ko urriaren 25ekoa).
II. KAPITULUA.–LAN BALDINTZAK
10. artikulua. Lanaldia.
Hitzarmen kolektibo honen eraginpeko langileek urtean 1.600 orduko lanaldia izanen dute, gehienez ere. Eguneko lanaldian 20 minutuko atsedenaldia izanen dute ogitartekorako, ondorio guztietarako lan egindakotzat hartuko dena, eta Langileen Estatutuaren 34.3 artikuluan ezarritakoa aplikatuko da.
1. 2025. urtean, lanaldi osoko kontratu mugagabea duten langileek 22 larunbat finkatu izanen dituzte libre hartzeko, honela banatuta:
–8 larunbat, ordaindutako baimenekoak.
–8 egun, eguneko lanaldia luzatzearen ondorioz.
–Larunbat bat, San Martin Porres egunari lotuta. Jai hori azaroaren 3an hartu beharrean, zer astegun den gorabehera, aipatu 3aren ondoko larunbatean baliatuko da. Azaroaren 3an lan egiteagatik lanegun arrunt bati dagokion soldata jasoko da. Hartara, aipatu San Martin Porres eguna larunbatean baliatuko litzateke urterako sinatutako plantilla egutegiaren arabera, larunbatak hartzen ez dituzten langileei dagokienez izan ezik, horientzat jaiegun izaten jarraitzen baitu.
–5 opor egun. Lehenengo 5 larunbatak opor egunak izanen dira.
Urtarrileko, otsaileko, martxoko, uztaileko eta abuztuko eguneko lanaldia 6 ordu eta 17 minutukoa izanen da. Gainerako hilabeteetan, eguneko lanaldia 6 ordu eta 35 minutukoa izanen da.
Horrela, uztailean eta abuztuan izan ezik, bi larunbat libratuko dira eta batean lan eginen da (2/1 egutegia).
2. 2026tik aurrera, lanaldi osoko kontratu mugagabea duten langileentzat, bi larunbat libratzeko eta larunbat bat lan egiteko egutegia finkatuko da, bai eta lanaldiaren berreskuratze lineala ere, 6 ordu eta 30 minutuko eguneko lanaldia aplikatuta. Horretarako, aurreko paragrafoan xedatutakoa mantenduko da, larunbatean hartu beharreko opor egunen kopurua izan ezik. Kopuru hori jaiegunekin bat datozen larunbaten araberakoa izanen da (4 edo 5 izan daitezke), Nafarroarako urtero onartzen den lan egutegiaren arabera.
3. Asteko lanaldia amaitu eta hurrengoa hasi arte bi atseden egun izan nahi dituzten langileek abenduaren 10a baino lehen egin beharko diote eskaera enpresari.
Kasu horretan, lanaldia honela banatuko litzateke: Bi aste goizeko txandan eta astebete arratsaldeko txandan, eta horrela ondoz ondo urte osorako. Larunbatean lan egin ondoren, lan-astea hurrengo astelehenean hasiko litzateke, arratsaldeko txandan.
Abenduaren amaieran langile horientzako urteko egutegi pertsonalizatua aurkeztuko da.
4. Hala eskatzen duten langileek uko egiten ahalko diete larunbat libreei eta egun horiek metatzen ahalko dituzte.
Abenduaren 24an eta 31n, arratsaldeko txandako langileentzat, lanaldia ohi baino ordubete lehenago bukatuko da.
Lanaldia nola banatu enpresak erabakiko du, agindutako zerbitzu publikoa hobeki emate aldera.
Igandeetan lan egitea eskatzen duten kontratazio berrietan, lanaldia astelehenetik igandera banatuko zaie horretarako kontratatutako langile berriei.
11. artikulua. Oporrak.
Urteko oporraldi ordaindua 30 lanegunekoa izanen da enpresan zerbitzuan urtebete daramaten langile guztientzat, eta horren zati proportzionalekoa denbora gutxiago dutenen kasuan. Larunbatak lanegun oso gisa kontatuko dira. 2025. urtean, 5 egun larunbatetan hartuko dira, egutegiaren arabera, eta 25 egun uztailean edo abuztuan.
2026. urtean eta hurrengoetan, larunbatean egutegiaren arabera hartu beharreko opor egunak aldatu eginen dira Nafarroarako onesten den lan egutegiaren arabera, eta bi larunbat libre eta lan egin beharreko larunbat bat mantentzeko moduan hartuko dira.
Egun horiek "Oporrak" izeneko I. eranskineko lansarien taularen arabera ordainduko dira, eta kasu bakoitzari dagokion antzinatasuna gehituko da.
Enpresan emandako hirurteko bakoitzeko, urtean lanegun bat gehituko zaio oporraldiari, eta gehienez 10 hirurteko hartuko dira kontuan. Hirurtekoak sortu eta hurrengo urteko urtarrilaren 15era arte hartzen ahalko dira.
Hirurteko bakoitzeko egunak langileek beren nahierara hartuko dituzte (larunbatak salbu, aurreko artikuluan ezarritakoa aplikatuko baita), ondoren ezarriko diren mugen barnean: 11 baino gehiago ez izatea eta eskaera hartu nahi den eguna baino 4 lanegun lehenago gutxienez aurkeztea. Eskaerak zozketa-eguneko 07:00ak baino lehen aurkeztu beharko dira, eta egun horretan bertan eginen da zozketa, 13:00etan. Hirurtekoa "zubietan" hartzeko eskaera 15 eguneko epean egin beharko da.
Gehieneko langile kopurura iristen ez bada, "zubiak" hartzeko eskaera 4 lanegun lehenago egin daiteke. Epe horretan egiten diren eskaerak dauden aukerak baino gehiago badira, zozketa eginen da eskaera berrien artean.
Eskabide gehiegi daudelako zozketa bat egin behar baldin bada, 4 lanegun lehenago eginen da, eta 15 egun lehenago, berriz, "zubiak" badira. Eskabideak aurkezteko azken ordua zozketa-eguneko 07:00etan izanen da, eta egun horretan bertan eginen da zozketa, 13:00etan.
"Zubien" kasuan ezin izanen dute 15 langilek baino gehiagok jai hartu. Hamabost horietan ez dira kontatuko aldi bateko ezintasunagatiko absentziak, hitzarmenaren 14. artikuluko lizentziak, oporrak eta larunbatak.
"Zubiak" bi jaiegunen artean (igande, jaiegun, herriko festa) dauden lanegunak dira.
Hirurtekoari dagokion eguna hartzeko eskaera egin eta egun hori hartu baino lehenago lizentzia egoera bat sortzen bada, hirurtekoaren eguna bertan behera uzten ahalko da aurretik jakinarazten bada.
Oporren egutegiak enpresaren eta enpresa batzordearen artean prestatuko dituzte eta oporraldia baino bi hilabete lehenago jarriko dira ikusgai.
12. artikulua. Ordutegiak.
Lantokiko ordutegiak enpresak finkatuko ditu, zerbitzu beharrak kontuan hartuta, zerbitzua adjudikatu duen entitateak xedatutakoari erantzunez.
Lan txanda bakoitzaren ordutegiak urtero urtarrilean jarriko dira ikusgai lantoki guztietan.
Abenduan ahal izanez gero, jaiegunen egutegi ofiziala argitaratu ondotik, enpresak eta enpresa batzordeak batera prestatuko dute hurrengo urteko lan egutegia eta ondoren ikusgai jarriko lantoki guztietan.
13. artikulua. Baimenak.
Enpresak, ondoren adierazten diren mugekin, ordaindu gabeko baimenak emanen dizkie hala eskatzen duten langileei, urtean 20 egun bitarte, baina 4 lanegun lehenago gutxienez eskatuta eta 15 lanegun lehenago "zubien" kasuan, baldin eta ez badute egun berean 10 pertsonak baino gehiagok eskatzen. Gehieneko langile kopurura iristen ez bada, "zubiak" hartzeko eskaera 4 lanegun lehenago egin daiteke. Epe horretan egiten diren eskaerak dauden aukerak baino gehiago badira, zozketa eginen da eskaera berrien artean. Eskaerak egiteko epeak aurreko paragrafoan ezarritako berak izanen dira.
Eskaera gehiegi izateagatik zozketa egin beharra izanez gero, hirurtekoari dagozkion egunetarako erabiltzen den prozesu berari segituko zaio.
"Zubien" kasuan ezin izanen dute 15 langilek baino gehiagok jai hartu. Hamabost horietan ez dira kontatuko aldi bateko ezintasunagatiko absentziak, hitzarmenaren 14. artikuluko lizentziak, oporrak eta larunbatak.
"Zubiak" bi jaiegunen artean (igande, jaiegun, herriko festa) dauden lanegunak dira.
Baimen horien kontrolerako dietario bat finkatuko da, Landabenen gordeko dena. Dietarioa enpresa batzordearen esku egonen da eskatzen duenean ikusteko.
Baimen egun bat hartzeko eskaera egin eta egun hori hartu baino lehenago lizentzia egoera bat sortzen bada, hirurtekoaren eguna bertan behera uzten ahalko da aurretik jakinarazten bada.
Baimen horiek larunbatetan hartzeko, 10. artikuluan jasotako mugak hartuko dira kontuan.
14. artikulua. Ordaindutako lizentziak.
Hitzarmen honen eraginpeko langile guztiek lizentzia hauek izan ditzakete, justifikatu ondoren:
1.–Ezkontza: 20 egun natural.
2.–Emaztearen edo bikotekidearen erditzea: hiru egun natural; zazpi egun naturalera arte luza daiteke eritasun larriagatik edo zesarea egiteagatik, eta egun horiek erditze egunetik hasita edo ospitalean alta eman ondoren hartuko dira.
3.–Bost egun, ezkontideak, izatezko bikotekideak edo odol edo ezkontza bidezko bigarren mailara arteko ahaideek (izatezko bikotekidearen odol bidezko ahaideak barne) edo langilearekin etxe berean bizi den eta haren zaintza behar duen beste edozein pertsonak istripu edo eritasun larria baldin badu, ospitaleratu behar badute edo etxean atseden hartzea eskatzen duen ospitaleratzerik gabeko ebakuntza kirurgikoa baldin badu, Langileen Estatutuaren 37.3b artikuluan ezartzen den bezala.
4.–Emaztearen edo bikotekidearen, gurasoen, aita-amaginarreben, seme-alaben, suhi-errainen eta langilearen anai-arreben eta koinata-koinatuen operazio kirurgikoa: lau egun natural Nafarroan egiten bada eta bost beste probintzia batean eginez gero.
5.–Langilearen edo haren emaztearen nahiz bikotekidearen aitona-amonen edo biloben operazio kirurgikoa: bi egun natural Nafarroan izaten bada, eta lau Nafarroatik kanpora gertatuz gero.
6.–Emaztearen edo bikotekidearen, gurasoen, aita-amaginarreben, seme-alaben, suhi-errainen eta langilearen anai-arreben eta koinata-koinatuen kirurgia anbulatorio handia: bi egun natural.
7.–Langilearen edo haren emaztearen nahiz bikotekidearen aitaren, amaren, seme-alaben eta anai-arreben ezkontza: egun natural bat.
8.–Emaztearen edo bikotekidearen, gurasoen, aita-amaginarreben eta langilearen edo haren emaztearen nahiz bikotekidearen seme-alaben eta anai-arreben ospitalizazioa: bost egun natural baldin eta ospitalizazioak bost egun edo gehiago irauten badu; bost egun baino gutxiago irauten badu, irauten duena.
9.–Emaztearen edo bikotekidearen heriotza, bai eta seme-alabena ere: zazpi egun natural.
Langilearen edo emaztearen nahiz bikotekidearen gurasoen, aita-amaginarreben, suhi-errainen eta anai-arreben eta koinata-koinatuen heriotza: lau egun natural, Nafarroan izaten bada eta bost egun natural Nafarroatik kanpora gertatuz gero.
Aitona-amonen edo biloben heriotzagatik, bi egun. Arrazoi horrengatik langileak beste norabait joan beharra badu, epea bi egunez luzatuko da.
10.–Langilearen osaba-izeba propioen heriotza: egun natural bat Nafarroan izaten bada, eta bi egun natural Nafarroatik kanpora izanez gero.
11.–Gidatzeko B, C eta E motako baimena lortu edo berritzeko, probak egiteko behar duten gutxieneko denborarako baimena emanen zaie enpresako lanerako beharrezkoa duten langile guztiei.
12.–Ohiko bizilekua aldatzeko: bi egun.
Artikulu honetan bildu ez den orotan, Langileen Estatutuan xedatutakoari jarraituko zaio.
Lizentziak kategoria bakoitzaren egiazko soldataren arabera ordainduko dira.
III. KAPITULUA.–BALDINTZA EKONOMIKOAK
15. artikulua. Ordainsarietako kontzeptuak.
Langile bakoitzaren ordainsaria honela osatuko da: hitzarmen kolektiboaren oinarrizko soldata gehi lansarien tauletan ezartzen diren jarduera, maila eta kategoria bakoitzerako osagarriak, ondorengo artikuluetan adierazten direnekin lotuta. Kontzeptu horien zenbatekoak artikulu hauetan eta soldaten taulen eranskinean ageri dira eta esleitutako balioa ulertu behar da kontzeptu bakoitzaren gaineko itun gisa, hitzarmen kolektibo honen negoziazio ekonomiko oso eta bateratuaren barnean.
16. artikulua. Oinarrizko soldata.
Hitzarmen honen eraginpeko langileen oinarrizko soldata maila eta kategoria bakoitzarentzat 1. eranskinean ezarritakoa da. Egun natural bakoitzeko sorraraziko da, oporraldia salbuetsita.
17. artikulua. Antzinatasuna.
Antzinatasunaren osagarri pertsonalak balio hau izanen du: bi hirurteko, kategoria bakoitzeko oinarrizko soldataren %7koak; hiru bosturteko, kategoria bakoitzeko oinarrizko soldataren %10ekoak; eta hiru bosturteko, kategoria bakoitzeko oinarrizko soldataren %5ekoak (gehienez %59). Horietako bakoitza betetzen denetik aitzina hasiko da kontatzen.
Langileak kontratu bat baino gehiago izan baditu, kontratan lan egindako egunak hartuko dira kontuan, izena edozein dela ere. Gizarte Segurantzaren lan bizitzan agertzen diren lan egindako egunen batura eginen da, eta horren arabera ezarriko da antzinatasun osagarriaren sortzapenaren ondorioetarako data.
Kalkulu hori egiteko, kontratako lan denbora ez da kontuan hartuko baldin eta kontratu baten amaieraren eta hurrengoaren hasieraren artean urtebete baino gehiago igaro bada.
18. artikulua. Nekagarritasun, arrisku eta toxikotasunaren plusa.
Hitzarmen kolektibo honen eraginpeko langileek I. eranskineko tauletan ageri den diru kopurua kobratuko dute, lanpostuen ezaugarrien arabera, zeinak plus honen bidez konpentsatzen baitira.
Plus hori funtzionala da eta benetan lan egindako egun bakoitzeko sorraraziko da, baina ez da kontatuko igandeak kalkulatzeko, ez eta aparteko eskersarietan ere, horrela itundu baita berariaz.
Benetan lan eginiko egun bakoitzari dagokion diru-kopurua, tauletan ageri dena, ez da finkatuko, diru-kopuru hori lanpostuekin eta hitzarmen kolektiboaren baldintza ekonomikoak orokorrak eta bakarrak izatearekin loturik baitago.
19. artikulua. Gaueko lanaren plusa.
22:00etatik 06:00etara lan egiten duten langileek osagarri bat kobratuko dute, I. eranskinean ageri dena, gauez eta ordutegi horren barnean benetan lan egindako egun bakoitzeko.
Plus hori funtzionala da, ez da finkagarria izanen, beraz ez da kobratuko ordutegi edo txanda aldaketarik izanez gero. Benetan lan egindako egun bakoitzeko espresuki itundutako diru kopurua, tauletan ageri dena, ez da finkagarria izanen, diru kopuru hori lanpostuen ordutegiarekin eta hitzarmen kolektiboaren baldintza ekonomikoak orokorrak eta bakarrak izatearekin loturik baitago.
Osagarri hori aipatu aldian lan egindako denboraren proportzioan kobratuko da.
Izaera funtzionala eta ez finkagarria duelako, gaueko txandako langileek ordu aldaketak egin beharra dutenean, iraupen laburragatik noizbehinkakoak kalifikatzen ahal direnak, enpresa saiatuko da ordu aldaketok beren borondatez eskatu duten enplegatuek egin ditzaten, eta egun horietako gaueko lanaren plusa ordainduko zaie.
20. artikulua. Hitzarmenaren plusa.
Hitzarmen honen eraginpeko langileek osagarri honengatik plus bana kobratuko dute, eranskineko tauletan kategoria bakoitzerako ezarritakoa.
Plus hori benetan lan egindako egun bakoitzeko sortuko da, baina ez da kontatuko igandeak kalkulatzeko ez eta aparteko eskersarietan ere, horrela itundu baita berariaz.
21. artikulua. Jaiegunetako lana.
Eguneko edo gaueko lanaldi osoko kontratua duten langileek, urteko lanaldi arruntetik kanpoko jaiegunetan lan egin badute, tauletan "Jaiegunetako plusa" izenburupean ezarritako kopurua jasoko dute, hitzarmena sinatzen denetik aurrera eta hark indarra duen bitartean, benetan lan egindako jaiegun bakoitzeko. Zenbateko horri, langileak egun horretarako berariaz itundutako prezioa osatzeko, oinarrizko soldata eta dagozkion plusak gehituko zaizkio, guztiak egun bakar bati buruzkoak. Zerbitzua ematen ez den jaiegunetan oinarrizko soldata, antzinatasuna eta aipatu plusak ordainduko dira.
Lanaldi partzialeko kontratua duten langileek, bere urteko lanaldi arruntean jasotako jaiegun batean lan eginez gero, tauletan "lanaldi partzialeko kontratuen jaiegunetako plusa" izenburupean ezarritako kopurua jasoko dute, hitzarmen hau sinatzen denetik aurrera eta hark indarra duen bitartean, egunari dagozkion zenbatekoen osagarri gisa. Inoiz ere ez dute artikulu honen 1. lerroaldean jasotako soldaten tauletako jaiegunetako plusa jasotzeko eskubiderik izanen.
Lanaldi partzialeko kontratua duten langileentzat artikulu honetan aurreikusten diren lansariak hitzarmen hau sinatzen denetik aurrera izanen dira aplikatzekoak.
Zerbitzua ematerakoan, lehentasun hauek izanen dira:
1. Langile boluntarioak.
2. Langile kontratudunak.
3. Behar diren lanpostuak betetzen ez badira, enpresaren eta batzordearen artean gainerako langileez itundutako koadrantera joko da.
Jaiegun izanen dira indarra duen legerian orokorrean adostutako festak, lan egutegiaren arabera, bai eta herriko festak eta San Martin Porresen eguna ere, jardueraren zaindaria baita. Azken kasu horretan, 10. artikuluan araututakoari jarraituko zaio.
Jaiegun hori igandean izanez gero, astelehenera pasatuko da.
22. artikulua. Igandeetan lan egitea.
Kale garbiketan diharduten langileei, zerbitzu beharrak direla eta, astegunez gainera igandean ere lan egin behar badute, horren ordainetan bi laneguneko atsedena emanen zaie lan egindako igande bakoitzeko. Egun horiek hartzeko koadro batzuk ezarriko dira, zerbitzu beharrak kontuan hartuta eta enpresa batzordearekin ados jarrita. Bi egun horien ordainsaria hau izanen da: oinarrizko soldata eta dagozkien plusak.
Lanaldiaren barnean zerbitzu ematen den igande bakoitzeko, zerbitzuko langileek edo igandeetan lan egiteko propio kontratatutakoek oinarrizko soldata, eguneko plusak eta antzinatasuna kobratuko dituzte, gehi igandeko plusa, I. eranskineko tauletan ezarritako zenbatekoaren arabera.
Zerbitzua igandean emateko, txandak jarriko dira zerbitzuko langile guztientzat.
23. artikulua. Pizgarriak lan bereziengatik.
Tauletan zehazten den zenbatekoa kobratuko da benetan lan egindako egun bakoitzeko, lan hauetan:
A.–Peoi kategoriako langileak, 1. mailako peoi ez direnak, beren lanaldian honelako ibilgailuren bat gidatzen badute: motogurdia, kutxa, Piaggio-a, trizikloa, bizikleta edo antzeko ibilgailua edo "Applied" motako xurgagailu mekanikoa.
B.–2. mailako mekanikari-ofizialak, benetan lan egindako egun bakoitzeko.
C.–Peoi kategoriako langileak, lanaldia "makinista" lanetan ematen badute.
Plus horiek benetan lan egindako egun bakoitzeko sorraraziko dira, baina ez dira kontatuko igandeak kalkulatzeko ez eta aparteko eskersarietan ere, horrela itundu baita berariaz.
D.–Lehen mailako gidari ofizialaren kategoria duen langileak, kale garbiketaren zerbitzuan ari badira; tauletan ageri den kopurua jasoko dute benetan lan egindako egun bakoitzeko (260 egun (365-52-15-30-8)). Plus horren bidez konpentsatuko dira ohiz kanpoko egoerengatik lanaldiak 25 minutu bitarte izaten ahal dituen luzapenak, zerbitzuetako buruaren eta batzorde paritarioko langileen ordezkarietako baten edo batzuen artean ezarritakoaren arabera.
E.–Garbitzeko/deskargatzeko plusa: Plus hori jasoko dute beren ohiko lanaldi osoa (6 ordu eta 30 minutu) dagokien ibilbidean egin eta gero, makina deskargatzeko eta/edo garbitzeko, lanaldia 30 minutura arte luzatzen duten langileek.
Plus hori funtzionala da, ez finkagarria, eta 30 minutuko gehiegizko lanaldia ordaintzen du (7 orduko guztizko lanaldia).
Plus hori Zerbitzu Aldakorrean aplikatuko da, Iruñeko Udalarekin sinatutako kontratu-baldintzen arabera, eta ahal dela langile boluntarioek eginen dute.
2025ean, benetan lan egindako egun bakoitzeko 10 euro jasoko dira.
F.–Sanferminetako goizaldeko plusa: Sanferminetan, 03:00ak eta 05:30 bitartean lanera sartzen diren langileek kalitate plusa kobratuko dute, txanda horri dagozkion orduen gaueko plusa eta lanordu horien baldintza bereziak ordaintzeko.
2025ean, benetan lan egindako egun bakoitzeko 10 euro jasoko dira.
24. artikulua. Sanferminetako lana.
Kontratu mugagabea duten langile guztiek, udaldirako edo bereziki sanferminetarako kontratatzen direnek izan ezik, sanferminetako egun guztietan lan egiten badute (zerbitzu bereziak egiten badituzte sanferminetako garbiketarako plan bereziaren arabera), lanegun bakoitzari dagozkion zenbatekoez gainera, soldata-tauletan agertzen den zenbatekoa jasoko dute, eta igande bakoitzagatik, lanegun guztietan lan egin badute, soldata-tauletan agertzen den zenbatekoa, lan egindako egunaren egiazko soldata eta konpentsazioko egun bat, atseden egun batekin edo egiazko soldatarekin ordaindua.
Aipatu artikuluan aipatzen den konpentsazioko atseden eguna eskatzen ahal da sortzen den urtea bukatu arte. Eskatzen den eguna ezin da larunbata izan, eta zubi batean badago, 11. eta 13. artikuluetan ezarritakoa aplikatuko da. Urte naturalean hartzen ez bada, eskubide hori galduko da eta ez da inolako konpentsazio ekonomikoa jasoko.
25. artikulua. Eguberri eta Urteberri egunak.
Plantillako langileentzat jaiegun izanen dira urtarrilaren 1a eta abenduaren 25a halakotzat agertzen direnean aginte eskudunak onetsitako egutegi ofizialean.
Egun horietan kobratuko dituzte kategoria bakoitzari dagozkion oinarrizko soldata, antzinatasuna eta plusak, I. eranskineko lansarien tauletan ageri direnak.
Lanaldi osoko kontratu mugagabea duten langileek jaiegunetako plusa jasoko dute abenduko nominarekin batera, eta beste bat urtarrileko nominarekin (200 euro 2025ean).
Zerbitzuko beharrengatik egun horietako batean lan egin behar izanez gero, kontratu mugagabea duten langileek 225 euro jasoko dituzte, hitzarmen hau sinatzen denetik aurrera. Gainerako urteetan lansarien tauletako proportzio berean handituko da kopuru hori.
26. artikulua. Aparteko eskersariak.
Udako, eguberrietako eta mozkinengatiko aparteko eskersariak lanbide kategoria bakoitzarentzat lansarien tauletan espresuki itundutakoaren arabera ordainduko dira. Zenbateko horiei antzinatasunarena erantsi behar zaie.
Eskersari horiek sei hilean behin sorraraziko dira, lan egindako denboraren proportzioan, eta salbuespen bakartzat joko dira Langileen Estatutuaren 37.3 artikuluan aurreikusitako absentziak, ez ordea, justifikatu gabeko absentziak eta ordaindu gabeko baimenak. Ez dira zehatuko aldi baterako ezintasunarengatiko absentziak.
Udako eskersariak ekainaren 30a baino lehen ordainduko dira eta eguberrietakoak abenduaren 20a baino lehen.
Urtero sortuko da mozkinetan parte izatearen eskersaria, eta urte bakoitzari dagokiona hurrengo martxoko lehenengo egun baliodunean ordainduko da.
Eguberrietako eta udako ordainsarietan oinarrizko soldatari antzinatasunaren hogeita hamar eguneko zenbatekoa erantsiko zaio. Mozkinen pagan, oinarrizko soldatari antzinatasunaren hamabost egun erantsiko zaizkio.
27. artikulua. San Martin Porres eguneko paga.
Enpresak eranskineko tauletan ageri den zenbatekoa ordainduko die hitzarmen honen eraginpeko lehen urteko peoi, peoi, 1. mailako peoi, gidari, makinista eta peoi koipeztatzaile kategorietako langile guztiei.
Azaroaren lehenengo egun baliodunean ordainduko da.
Urtero sortuko da eta ez da murrizketarik eginen aldi baterako ezintasunagatik, ezta absentzia justifikatuengatik ere.
28. artikulua. Garraiorako soldataz kanpoko osagarria.
Garraioa eta distantzia direla-eta sortutako gastuak konpentsatzeko, soldataz kanpoko plusa ezarri da benetan lan egindako egun bakoitzeko. Horren zenbatekoa ere eranskineko tauletan ageri da. Itundutako soldata igoeraren arabera izan beharreko igoera oinarrizko soldataren gainean aplikatuko da.
29. artikulua. Dietak.
Egin beharreko bidaia batean gaua etxetik kanpora egin behar baldin bada, bai eta bazkaldu eta afaldu ere, edo bazkaldu edo afaldu bakarrik, dieta osoa edo erdia kobratuko da, I. eranskineko tauletan ageri den moduan.
2026. urterako eta hurrengoetarako, soldaten tauletako portzentajeen neurri berean haziko da dieta hori nahiz dieta erdia.
30. artikulua. Aparteko orduak.
Hitzarmen kolektibo honen eraginpeko jarduera herritarrentzat behar-beharrezko zerbitzu publikoa izanik, urte osoko egun guztietan nahitaez egin eta bukatu beharrekoa, sinatzaileek espresuki aitortzen dute "egiturazkoak" direla ustekabeko lanera ez-agertzeen edo txanda aldaketen ondorioz egin beharreko aparteko orduak, eta, orobat, produkzio beharrak, ustekabeko lanak, mantentze-lanak eta lanaren izaeraren ondoriozko beste egiturazko egoera batzuk direla-eta egiten direnak. Hori guztia urtarrilaren 19ko 92/1983 Errege Dekretuan eta harekin bat datozen xedapenetan xedatutakoaren arabera.
Aparteko orduen zenbatekoa tauletan ageri da eta itun berariazkoa osatzen dute, horien ordainketa kalkulatzeko beste edozein formula baztertuz.
Aparteko orduak egin nahi dituzten langile boluntarioen zerrenda prestatuko da.
31. artikulua. Ordaintzeko modua eta ordainsarien ordainketa.
Enpresak hartzekoak sortu eta hurrengo hileko lehen 5 egun naturaleko epean ordainduko du hilean sortutakoa.
Enpresak aukeratuko du ordaintzeko modua, bankuko taloiaren edo transferentziaren bidez, eta ez da eskubiderik izanen hura kobratzeko denbora librea hartzeko edo horri dagokiona kobratzeko.
Enpresak 550 euroko hileko aurrerakinak emanen ditu.
IV. KAPITULUA.–ONURA SOZIALAK
32. artikulua. Ospitaleratzea eta aldi baterako ezintasuna.
Ospitaleratzerik izanez gero, ospitalean sartzen denetik harik eta ospitalean alta hartzen duen arte, langileak ospitalizazioaren aurretik kobratzen zituen soldata kontzeptuen %100 kobratuko du.
Ospitaleratzearekin batera ebakuntzarik egin behar bazaio, langileak baja hartu aurretik kobratzen zituen ordainsarien %100 kobratuko du ospitalean dirauen bitartean eta gehienez ere ospitalizazioaren ondoko 30 egunetan, aldi baterako ezintasun egoeran segitzen badu, betiere.
33. artikulua. Gidabaimena kentzea.
1. Gidariaren erruz izan gabe, zerbitzuko ibilbidearen beharrengatik edo akats mekaniko batengatik langileari gidabaimena kentzen badiote, enpresak lansaria eta lanpostua errespetatuko dizkio, nahiz eta bitarte horretan enpresak bere egoeraren araberako beste lanposturen batean egokituko duen langilea.
2. Gidabaimena kendu bazaio ibilgailu partikularra gidatzean, eta ausarkeriazko zuhurtziagabekeriarik edo asmo txarrik izan ez bada behintzat, enpresak beste lanpostu batean egokitzeko konpromisoa hartzen du, lanpostu berriko ordainsariekin.
3. Enpresak aseguru bat hartuko du gidabaimena kentzen den kasuetarako, aseguru horren eguneko kostuaren herena segurtatzeko, langileak hala eskatzen badu.
Artikulu honetan ageri dena lehen mailako gidari ofizialaren edo makinistaren kategorietako langileei dagokie.
Gidabaimena aldi baterako kendu eta gero itzultzen denean, langilea ere bere lanpostura itzuliko da.
34. artikulua. Istripu aseguruaren poliza.
Enpresak bere langileen alde aseguru poliza bat kontratatuko du langileei urtero eguneratuko diren kalte-ordain hauek bermatzeko:
a) Lan istripuaren ondoriozko heriotza: 55.350 euro.
b) Laneko istripuaren edo eritasun profesionalaren ondoriozko erabateko ezintasun iraunkorra: a) ataleko kopuru berbera.
c) Eritasun profesionalaren ondoriozko heriotza: a) ataleko kopuru berbera.
d) Ezintasun iraunkor osoa bere lanposturako, lan istripuaren edo eritasun profesionalaren ondoriozkoa: 33.362 euro.
e) Berezko heriotza: 6.765 euro.
35. artikulua. Osagarria, laneko istripuaren edo eritasunaren kasuan.
Laneko istripu baten ondorioz aldi baterako ezintasuna izaten bada, enpresak Gizarte Segurantzaren prestazioa osatuko du aurreko hileko benetako soldataren %100 egin arte. Aldi baterako ezintasuna eritasunaren ondoriozkoa bada, enpresak Gizarte Segurantzaren prestazioa osatuko du aurreko hileko benetako soldataren %90 egin arte, 1. egunetik 16.era.
Eritasunaren ondoriozko aldi baterako ezintasunak 16 egun baino gehiago irauten badu, osagarri hori %100era artekoa izanen da 17. egunetik aitzina.
Gizarte Segurantzak hitzarmen kolektibo hau sinatzen denean kontzeptu horrengatik ezarriak dituen prestazioak hobetuko balitu, osagarri horrek bermatzen dituen zenbatekoen arabera irentsi eta konpentsatuko lirateke.
Normalean gaueko txandan lan egiten duten 1. mailako peoien eta arduradunen kasuan, kategoria ez badute, gaueko plusa kontuan hartu beharko da aldi baterako ezintasuna dutenean, hileko benetako soldata finkatzeko.
36. artikulua. Medikura joateko baimenak.
Langileak medikura joan behar duen bakoitzean, kontsulta lanorduetan egin beharra baldin badago, hara joateko denbora izanen du, aurrez arrazoituta eta horretarako propio eginen den eskabidea aurkeztu ondoren, eta ez zaio soldata murriztuko.
Gaueko txandan lan egiten duten langileek 12:00ak baino lehen medikura joan behar badute, lanaldia 2 ordu lehenago amaitzen ahalko dute, eta hitzordua 12:00etatik 15:00etara bitartean bada, ordu bat lehenago amaitzen ahalko dute.
Salbuespenez, enpresak aldez aurretik aztertu ondoren, baimena luzatzen ahal da.
37. artikulua. Sustapenak eta igoerak.
Lanpostu finko edo behin-behinekoetan lanpostu hutsak izanez gero 1. mailako gidari ofizialaren edo makinistaren kategorian eta 1. mailako peoiarenean, barne igoeraren bidez beteko dira plantillako langileen artean, eta langile berriak kontratatuko dira baldin eta eskatzaileak gai ez badira lanpostu horiek betetzeko.
Sustapena prozesu honen arabera eginen da:
1. Enpresak jendaurrean paratuko du tokian tokiko lanpostu hutsen zerrenda eta epe bat jarriko du eskabideak aurkezteko.
2. Eskatzen den gaitasuna edo titulazioa egiaztatu ondoren, izangaien behin betiko zerrenda paratuko da jendaurrean. Enpresak gidari bat eta ibilgailu bat jarriko ditu, lanorduetatik kanpo, gehienez ere 15 egunez eta egunean 4 orduz.
3. Azterketa teorikoa eginen da enpresak emandako gai-zerrenda baten inguruan. Aztertzaileak enpresak eta batzordeak izendatuko dituzte.
4. Proba teorikoa gainditzen duten pertsonek proba praktiko bat egin beharko dute, baita gainditu ere, alderdien artean adostutako baldintzetan. Enpresak eta batzordeak izendatuko dituzte aztertzaileak.
5. Merezimendu sistema ezarriko duen batzorde bat sortuko da, gaitasun teorikoa (B, C, C+GGA baimenak), hainbat makina ezagutzea eta makinekin egindako lanaldiak kontuan hartuko dituena.
Gidarien edo makinisten lanpostu hutsak, halakorik bada, probak gainditu dituztenen zerrendaren arabera puntuazio handiena duten langileek beteko dituzte. Zerrenda hori probak gainditzen dituztenekin prestatuko da, probak gainditzen dituztenen zerrendaren eta proben antzinatasunaren hurrenkera mantenduz beti.
Lanaldi partzialeko kontratua duen norbait lanaldi osoko kontratura pasatzen bada sei hilabeteko epean lanaldi partzialekoan baja hartzen duenetik, probak egin zituen eguna errespetatuko zaio zerrendako azken tokian.
Lehen mailako gidari ofizialaren edo makinistaren kategoria eta 1. mailako peoiarena ez dira irmo bihurtuko harik eta lanpostua finkoa izan arte; hala ere, kategoria horretan diharduten denboran ordainsarien diferentzia kobratuko dute. Lanpostua aldi baterakoa denean, langilea lehen zuen lanpostura itzuliko da eta lanpostu horretako ordainsariak kobratuko ditu orduan.
Aipatu artikuluan ezarritako probetan gai kalifikazioa jaso duten langileek ez dituzte berriz probak egin behar beren lan-kontratua eten ondoren berriro kontratatzen badituzte, eta horretarako prestatutako zerrendan azken postua hartuko dute.
38. artikulua. Eszedentziak.
Enpresan urtebeteko antzinatasuna duen langile orok eskubidea du eszedentzia hartzeko, gehienez bost urtekoa eta gutxienez hiru hilabetekoa.
Borondatezko beste eszedentzia bat hartu ahal izateko, langileak beste urtebetez bederen lan egin beharko du enpresan.
Eskatzen den eszedentzia ez bada bost urte baino gehiagorako edo enpresan lan egindako denboratik goitikoa, enpresak langilea lehengo lanpostuan jarriko du, betiere langileak bere itzulera 15 egun lehenago jakinarazten badu enpresan.
39. artikulua. Laneko arropa.
Laneko arropa nahitaez erabiliko da eta enpresak emanen du, Lan Osasuneko Batzordeak sinatutako koadroekin bat eta hitzarmen kolektibo honen II. eranskinaren arabera.
Segurtasun eta Osasun Batzordeak konpentsazio ekonomiko bat ezarri ahal izanen du borondatez segurtasun-oinetakoak eskuratzen dituzten langileentzat. Oinetakoek kontratuaren arriskuen ebaluazioan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.
40. artikulua. Maileguak langileentzat.
Enpresak 45.000 euro jarriko ditu urtean langileei maileguak emateko. Diru hori plantillako langileen artean banatzeaz enpresa batzordea arduratuko da, batzordeak berak ezarritako jarraibideen arabera. Ildo horretatik erabaki da langile batek ezin izanen duela 2.200 euro baino gehiago eskuratu.
Langileek ez dute zilegi beste mailegu bat eskatzea, harik eta aurrekoa likidatu arte. Langileak enpresa uzten badu, enpresak amortizatzeko dagoen diru kopurua zati proportzionalen likidaziotik deskontatzen ahalko du.
Mailegua eskatzeko, langileak gutxienez urtebeteko antzinatasuna izan behar du enpresan.
Urtebeteko epean amortizatuko da.
41. artikulua. Betaurrekoen eta audifonoen haustura.
Edozein eginbeharretan, ustekabean eta inolako eta inoren errurik izan gabe, hitzarmen kolektibo honen eraginpeko langileren bati bere betaurreko graduatuak edo audifonoa hausten bazaizkio, enpresak, afera egiaztatuta, 169 euroko laguntza emanen dio, gehienez ere, arrazoi horregatik. Zenbateko hori hitzarmeneko gainerakoak bezala eguneratuko da.
42. artikulua. Familia laguntzak.
Hileko 164 euroko laguntza soziala ezarri da, hitzarmen honen eraginpeko langileentzat, seme edo alaba urritu fisiko edo psikikorik badute, haien tutore eta bizikide badira, eta Gizarte Segurantzak kontzeptu horregatik ematen dituen prestazioen onuradun badira. Hitzarmen hau sinatzen denetik aurrera, laguntza berbera emanen da pertsona urritua langilearen ezkontidea denean. Zenbatekoa urtero eguneratuko da.
Egoera hori minusbaliotasun kalifikazioaren agiriaren bidez frogatu beharko da.
43. artikulua. Erretiro saria.
Langile bat bere borondatez erretiratzen denean ondoren adierazten diren adinetan, enpresak soldata-tauletan ageri diren zenbatekoak ordainduko dizkio erretiroagatiko laguntza gisa.
Langileen Estatutuaren 12.6 artikuluko baldintzak betetzen dituzten eta hitzarmena indarrean dagoen bitartean erretiro partziala hartzeko eskubidea duten langileek enpresari eskatzen ahalko diote, indarrean dagoen legerian ezarritako baldintzetan. Aurrez erretiratuak lanaldia gehienez 13 hilabetez betetzeko eskubidea izanen du, aldi baterako ezintasun egoeretan izan ezik.
44. artikulua. Erroldak.
Enpresak langileen bi errolda prestatuko ditu urtero:
A) Orokorra: ordena alfabetikoz, deiturak, enpresan sartu zireneko data eta kategoria.
B) Berezia: langileek lantokian duten antzinatasunaren araberakoa.
45. artikulua. Osasun azterketak.
Derrigorrezkoa izanen da urtero langile guztiei azterketa medikoa eskaintzea, Laneko Arriskuen Prebentzioko Legeak 22. artikuluan ezarritakoaren arabera, eta langileak erabakiko du egin nahi duen ala ez.
Azterketa horren ondoren langileren batek beste azterketa osoago bat behar izanez gero, horretarako baimena izanen du inolako galerarik izan gabe bere soldatan, eta azterketa hori beste hiriren batean egin behar izanez gero, enpresak hiri horretarako bidaia egiteko gastuak ordainduko dizkio, eta horrekin batera, I. eranskineko taulan ageri den eguneko dieta bat, gehienez ere 7 egunez.
Gidariek baimen ordaindua izanen dute gidabaimena berritzean eskatzen den osasun azterketa egiteko, aldez aurretik justifikatu ondoren.
46. artikulua. Segurtasun eta Osasun Batzordea.
Derrigorrezkoa izanen da urtero langile guztiei azterketa medikoa eskaintzea, Laneko Arriskuen Prebentzioko Legeak 22. artikuluan ezarritakoaren arabera, eta langileak erabakiko du egin nahi duen ala ez.
Segurtasun eta Osasun Batzordeak hilean egun bateko baimena izanen du enpresarekin biltzeko. Bilera egiten ez bada ere, baimena berdin-berdin hartuko da.
47. artikulua. Ekintza sindikala: eskubide eta berme sindikalak.
Sindikatuek eskubide osoa izanen dute iragarki ohola erabiltzeko, intereseko gaietarako (lanekoak eta sindikalak). Eskubidea izanen dute, halaber, propaganda banatzeko eta kuotak biltzeko, baina enpresaren lana edo ohiko martxa oztopatu gabe.
Eskubide sindikalak erabiltzeko, langileek ondoren adierazten diren bermeak dituzte eta baliogabe joko dira helburutzat bereizkeria sindikala duten egintzak edo itun guztiak; zehazki, honako hauek:
a) Langile bat hartzeko edo ez hartzeko, kontuan izatea sindikatu batean afiliatua dagoen ala ez.
b) Enpresaburuak berak sindikatu bat eratzea edo sindikatu baten aldeko jarrera izatea, edozein motatako laguntzen bidez.
c) Langile bat kaleratzea, zehatzea, diskriminatzea edo nola edo hala kalte egitea sindikatu batean afiliatua egoteagatik edo bere ekintza sindikalarengatik, betiere sindikatu hori indarra duen legeriaren araberakoa bada.
Enpresa batzordea langileen ordezkaritza organoa da. Honako berme hauek izanen ditu:
a) Delegatu bakoitzak 34 ordu sindikaleko kreditua izanen du hilean. Ordu horiek egiazko soldataren arabera ordainduko dira.
Ordu horiek kide baten esku jartzen ahal dira, baina ekintza sindikalerako erabiltzen diren orduak ez dira inola ere Enpresa Batzordeari dagozkion ordu guztiak baino gehiago izanen.
b) Hileko ordu kopuruan ez dira kontatuko enpresaren ekimenez deitutakoak.
c) Lanaren antolaketa arloan edo hobekuntza teknikoetan egoki irizten diren neurriak proposatzea enpresari.
d) Langileengan zuzeneko eragina izanen duten neurrien gaineko informazioa jasotzea, eta bereziki gai hauei buruzkoak:
–Enplegu-erregulazioko espedienteak.
–Langileak lekuz aldatzea.
–Lan sistema berriak ezartzea.
–Lanaren antolaketan eragina duten erabaki guztiak.
e) Indarra duten laneko arauak beteko direla segurtatzea eta enpresa arau-hausteez ohartaraztea eta, kasua bada, behar diren erreklamazioak jartzea arauok bete daitezen.
f) Enpresak baimena emanen du, batzordeak 48 ordu lehenago jakinarazi ondotik, batzar ordainduak egiteko. Gehienez ere 3 ordu izanen dituzte urtean.
48. artikulua. Diziplina neurriak.
Hartzen diren diziplina neurrien berri emanen zaio enpresa batzordeko idazkariari, edo hark eskuordetzen duen pertsonari, egoki iruditzen zaizkion alegazioak egin ditzan haiek jaso eta 6 eguneko epean.
49. artikulua. Barne araubidea.
A) Egindako zerbitzuen kopia bana emanen zaie hitzarmenari atxikitako gidariei.
B) Langile kontratudun berriak gaueko edo arratsaldeko txandan hasiko dira lanean, baldin eta txanda horietan inork interesik badu eguneko txandara pasatzeko (horretan lanpostu hutsik bada).
50. artikulua. Plantilla.
Alderdiek adostu dute indarrean dagoen kontrataren lanaldi osoko (urteko 1.600 orduko lanaldia) lanpostu efektiboen %100 lanaldi osoko kontratu mugagabea duten langileek beteko dituztela. Ehuneko hori talde hauetako bakoitzean bereiz aplikatuko da:
I.–Ekoizpen lanpostuak.
II.–Tailerreko langileak.
III.–Erdi mailako kargudunak.
IV.–Administrariak.
Lanpostuak aldian behin berrikusiko dira, urtean birritan (maiatzean eta urrian).
Lanpostuen zerrenda bat eginen da txanden eta kategorien araberakoa. Urte osoan zehar erregulartasunez eskaintzen diren postuak soilik kontuan hartuko dira. Alde batera utziko dira kanpaina jakinetan edo aldi baterako kanpainetan aritzen direnak.
Sortzen diren lanpostuak mugagabeko kontratudun langileekin betetzeko helburuari erantzuteko, irizpide hauek hartuko dira kontuan:
–Erretiro partziala hartu duena eta haren ordezkoa, kontratu mota eta lanaldia edozein izanik ere, lanpostu bakar bat balitz bezala hartuko dira.
–Lanaldi osoko kontratu mugagabea duen langilearen postuak lanpostu bakar baten balioa izanen du.
Hiru hilabeteko epea ezarri da 50. artikuluan adostutakoa betetzeko, edo formalizazio data ezartzeko, errelebo kontratu bat egitearen aukerabidea baliatzen bada.
Kontratazio berriak.
Hitzarmena sinatu eta 30 eguneko epean batzorde bat eratuko da, sinatzaileek osatua, gehienez 30 eguneko epean proposamen bat egin dezan. Batzorde horrek puntuazio-sistema bat ezarriko du, honako hau kontuan hartuta:
–Antzinatasuna kontratan edo enpresan.
–Kontratan lan egindako denbora, behar bezala egiaztatuta.
–Enpresak toki-erakundeekin, irabazi-asmorik gabeko elkarteekin eta antzekoekin dituen kontratazio akordioak, behar bezala egiaztatuak.
–Lanposturako gaitasunak (B, C, C+GGA eta E baimenak, eta lanpostuarekin lotutako prestakuntza).
–Astuntzat edo oso astuntzat jotako zehapenik ez izatea azken 6 hilabeteetan.
–Emakumeak, benetako parekotasuna lortu arte.
–Alderdiek zehazten duten beste edozein irizpide (adibidez, elurrari, uholdeei eta abarri buruzko planak).
51. artikulua. Lehen mailako gidari ofiziala (makinistak).
Makinistaren kategoria honela definitzen da: gutxienez B motako gidabaimena daukan langile bat, behar diren ezagupenak dituena tailerreko elementurik eskatzen ez duten edozein motatako konponketak egiteko. Haren ardura izanen da, bereziki, berak gidatzen duen makina parketik ateratzen denean behar bezala funtziona dezala.
Kale garbigailuak gidatu eta erabiliko ditu, "B" kategoriako gidabaimena eskatzen dutenak. Esleitzen zaion makinaren mantentze-lanez eta zainketa egokiaz arduratuko da eta makinaren jarraipen teknikoak eta funtzionamendukoak beteko ditu.
Eguraldi gorabeherak, matxura teknikoak edo zerbitzuaren antolaketako gorabeherak izaten direnean lehen mailako gidari-ofizialak lanaldia ez badu esleitu zaion ibilgailuarekin betetzen, makinista lanetan eta, salbuespenez, peoi lanetan aritzen ahalko da, azken horretan behar bezala justifikatuta badago, betiere, eta bere ordainsaria kaltetu gabe.
Eguraldi gorabeherak, matxura teknikoak edo zerbitzuaren antolaketako gorabeherak izaten direnean makinistak lanaldia ez badu esleitu zaion makinarekin betetzen, peoi edo gidariaren kategoriako lanetan aritzen ahalko da, azken horretan behar den gidabaimena baldin badu, betiere, eta bere ordainsaria kaltetu gabe.
Kobratuko beharreko soldatak I. eranskinean dagokion kategoriarako ezarritakoak izanen dira.
52. artikulua. 1. mailako peoia.
Langile honek betetzen dituen eginkizunak ez dira lanbide, baina nolabaiteko praktika eta espezialitatea eskatzen dute. Kategoria hau aplikatuko zaie 37. artikuluko probak gainditu ondoren motogurdia, Piaggio-a, kutxa, trizikloa, bizikleta edo antzeko ibilgailua gidatzeko behar diren ezagupenak eta gaitasunak dituzten langileei. Baldekatze peoiaren kategoria ere baliatuko da, postuan gutxienez bi urte egiaztatuz gero.
Tauletan peoi espezializatuari dagokion atalean agertzen den ordainsaria jasoko dute.
53. artikulua. Lehen urteko peoia.
Kategoria hori osatuko dute enpresan, etenekin, urtebete baino gutxiago emandako langileek eta etenik gabe 6 hilabete baino gutxiago emandakoek. Azken 3 urteetan etenekin lan eginda urtebete baino gehiago eman duten langileei edo denbora-tarte bakar batean 9 hilabetetik gora eman dutenei peoiaren lansari taulak aplikatuko zaizkie, inolako atzeraeraginik gabe.
54. artikulua. Txanda aldaketak.
Zerbitzu beharrengatik goizeko txandako langile bat arratsaldeko edo gaueko txandara pasatu beharra izanez gero, lanpostuan eta txandan denbora gehien daramana lehenetsiko da.
Boluntariorik ez izatera, lanpostuan eta txandan denbora gutxien daramanari egokituko zaio txanda aldatzea.
Goizeko txandara itzultzeko, lehentasuna izanen dute txanda aldatzera derrigortuek, eta azkenik aldatutakoa lehenengoa izanen da hurrengo txanda aldaketarako, eta horrela hurrenez hurren.
55. artikulua. Asteburuko langileak.
Langile batzuek soilik asteburuan lan egiten dutenez, igandeetan edo larunbat eta igandeetan, eta haien lan baldintzak argitzeko asmoz, alderdiek erabaki dute batzorde paritarioaren 2009ko apirilaren 27ko aktaren edukia hitzarmen honetan sartzea. Akta horrek honako artikulu hauek argitu, bete edo osatzen ditu:
–10. artikulua. Lan-kontratuaren arabera larunbat eta igandeetan lan egiten dutenek 592 orduko egiazko urteko lanaldia izanen dute, lanaldi osoaren %37, 48 larunbatetan eta 48 igandetan 6 ordu eta 10 minutuko lanaldia izanen baitute.
Lan-kontratuaren arabera asteburuko egun bakarrean, larunbatean nahiz igandean, lan egiten dutenek 296 orduko egiazko urteko lanaldia izanen dute, lanaldi osoaren %18,5, urtean 48 egunetan 6 ordu eta 10 minutuko lanaldia izanen baitute.
–11. artikulua. Oporrak. Opor egunak 8 eta 4 izanen dira, hurrenez hurren. Egun horiek hartzen ahalko dira larunbatetan egin beharreko lanaren arabera, bezeroak ezarriko baitu. Posible bada, erdiak ondoz ondoko hiru astetan finkatuko dira egutegian, eta beste astea langileak nahierara hartuko du, baldin eta larunbat eta igandeetako 4 langilek edo gutxiagok eskatu badituzten oporrak egun beretan, eta 2 langilek edo gutxiagok igandeetan lan egiten dutenen kasuan. Epe berako dauden eskaerak horiek baino gehiago badira, zozketa baten bidez erabakiko da. Opor egun baterako eskubidea ematen duen hirurteko bat zenbatzeko, 365 eguneko 3 urte osorik kotizatu behar dira. Hau da, kontratua larunbat eta igandeetakoa bada eta, modu horretan, lanaldiaren %37 betetzen bada, 8 urte eta 2 hilabete beharko dira.
–13. artikulua. Baimenak. Ordaindu gabeko baimenak 4 izanen dira %37ko lanaldi partzialaren kasuan, eta %2 18,5eko lanaldi partzialaren kasuan. Gehienez ere 2 pertsona falta daitezke larunbat bakoitzean.
–15. artikulutik 21.era. Ordainsarietako kontzeptuak. Lansarien berariazko taulak eginen dira %37ko eta %18,5eko lanaldietarako.
–21. artikulua. Jaiegunetako lana. Larunbat eta igandeetan lan egiteko kontratua duten lanaldi partzialeko langileek beren lanaldian sartuak dituzte jaiegun diren larunbatak. Jaiegun batean lan egiten dutenentzako osagarria 21. artikuluko 2. lerroaldean ezarritakoa izanen da.
56. artikulua. Berdintasun plana.
Alderdiak lotzen zaizkio FCC Medio Ambiente SAUk eta UGT eta CCOO sindikatuek 2022ko urtarrilaren 28an sinatutako berdintasun planari, eta plan hori hitzarmen honetan aplikatuko da.
V. KAPITULUA.–XEDAPEN GEHIGARRIAK
1. klausula gehigarria.
–2025. urtea: %2,5eko igoera kontzeptu ekonomiko guztietan, hitzarmen honen 25. artikuluko plusean izan ezik. Lehen mailako peoiaren ordainsaria eguneratzea.
–2026. urtea: %2ko igoera kontzeptu ekonomiko guztietan.
–2027. urtea: Nafarroako Administrazio Publikoko langileentzat ezarritako igoera.
2025, 2026 eta 2027ko ekitaldietako Nafarroako KPIa %7tik gorakoa bada, 2028ko urtarrilaren 1etik aurrera %1 igoko dira kontzeptu ekonomikoak. 2028ko negoziazioaren azken emaitza alde batera utzi gabe.
Iragarkiaren kodea: F2507801
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
