Iragarkia
135. ALDIZKARIA - 2025eko uztailaren 8a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK
100C/2025 EBAZPENA, maiatzaren 28koa, Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusiak emana, Lesakako Andra Mari zahar etxea entitatearen hitzarmen kolektiboa erregistratu, gordailutu eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea erabakitzen duena.
Lesakako Andra Mari zahar etxea entitateak aurkeztutako hitzarmen kolektiboaren testua ikusi da (kode zenbakia: 31101152012016). Erregistro honetan sartu zen 2025eko apirilaren 2an, entitateko enpresa ordezkariek eta sindikatuen ordezkariek 2025eko otsailaren 13an sinatu ondoren, eskatutako zuzenketak egin ondoren.
Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onesten duen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan eta hitzarmen kolektiboak, lan akordio kolektiboak eta berdintasun planak erregistratu eta gordailutzeari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak eta Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 251/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
Lehenbizikoa.–Nafarroako Hitzarmen Kolektiboen, Lan Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan inskribatzea Lesakako Andra Mari zahar etxea entitateak aurkeztutako hitzarmen kolektiboa (kode zenbakia: 31101152012016).
Bigarrena.–Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, orok jakin dezaten.
Iruñean, 2025eko maiatzaren 28an.–Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusia, Iñaki Mendióroz Casallo.
2024-2026KO HITZARMEN KOLEKTIBOA. ANDRA MARI ZAHAR ETXEA
I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua. Lurralde eremua eta langile eremua.
Lesakako Andra Mari zahar etxeko langileen lan baldintzen arauak ezartzea du xede hitzarmen kolektibo honek, edozein dela haien zeregina eta kategoria. Orobat, indarra duen bitartean kontratatzen diren langileengan izanen du eragina, zein diren ere itundutako lan harremana eta haren iraupena.
Bat eginik gauzatzen den ideian eta indar arauemailea duelarik, Andra Mari zahar etxeko gutxieneko lan baldintzak eta bertako jarduerarenak arautu nahi ditu hitzarmen kolektibo honek. Alderdi sinatzaileek hitzartu dute esparru arautzaile honi eutsiko diotela oker lezaketen goragoko esparruen aldean. Orobat, zahar etxeetako oraingo baldintzak hobetzeko sor litekeen esparru probintziala errespetatuko da gutxieneko oinarri gisa.
2. artikulua. Iraunaldia eta salaketa.
Hitzarmen kolektibo honetan xedatutakoak 2024ko urtarrilaren 1ean hartuko du indarra. Hitzarmen honek 2026ko abenduaren 31ra arte iraunen du. Erregistratu eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
Alderdi sinatzaileetako edozeinek salatzen ahalko du hitzarmen hau, iraungi baino 60 egun lehenago gutxienez. Salaketak indarra izan dezan, idatziz jakinarazi beharko zaio beste alderdiari. Salaketarik ez bada, ulertuko da hitzarmena automatikoki luzatzen dela urte bateko eperako.
Hitzarmena salatuta, horrek aurreraeragina izanen du, hau da, hitzartutakoa aplikatuko da beste hitzarmen batek ordeztu arte.
3. artikulua. Osotasunari lotzea. Konpentsazioa eta xurgapena. Bermeak.
Hitzarmen honetan itundutako baldintzek multzo zatiezina osatzen dute, eta, aplikazio praktikoari dagokionez, osotasunean hartuko dira.
Subrogazioak badira, Langileen Estatutuan jasotakoaren arabera arautuko dira.
4. artikulua. Lege subsidiarioak.
Hitzarmen honetan berariaz aurreikusten ez den hartan, Langileen Estatutuko eta gainerako lan legeriako araudi indardunari jarraituko zaio, aurreko artikuluan xedatutakoan izan ezik.
Dena den, enpresa hitzarmen hau indarrean dagoen bitartean probintziako edo autonomia erkidegoko egoitzen sektoreko hitzarmen bat sinatzen bada, hitzarmen horretan jasotzen diren hobekuntzak aplikatuko dira, bai eta enpresa hitzarmen honetan araututa ez dauden alderdi guztiak ere.
II. KAPITULUA.–LANGILEEN SAILKAPENA
5. artikulua. Lanbide sailkapena.
Hitzarmen honi atxikitako langileak honela sailkatzen dira:
1. Zuzendaria (1. maila).
2. Erizaina (1. maila).
3. Terapeuta okupazionala (1. maila).
4. Fisioterapeuta (1. maila).
5. Aisialdiko monitorea (1. maila).
6. Gerokultorea (2. maila).
7. Sukaldaria (2. maila).
8. Zerbitzu anitzak (3. maila).
6. artikulua. Kategorien definizioa, eginkizunak eta baldintzak.
Langile bakoitzaren eginkizunak haren kontratuaren xedeko lanpostuarenak izanen dira. Zehaztuta daude Andra Mari zahar etxeko barne araudian.
Langile bakoitzari esleitutako eginkizunei dagokienez desadostasunik badago, hitzarmenaren Batzorde Paritarioari kontsulta eginen zaio, inplikatutako alderdiei entzun ostean.
7. artikulua. Kategoria funtzionalak.
Enpresak izendatuta, aldi baterako betetzen direnei esaten zaie kategoria funtzional, zein den ere lanbide-taldea. Dagokion osagarria kobratzeko eskubidea sortuko du denbora horrek.
8. artikulua. Mugigarritasun funtzionala eta mugigarritasun geografikoa.
Goragoko kategoriako lanak. Enpresaren premiak direla-eta langile batek bere kontratukoa baino goragoko lanbide kategoriako lanak egiten dituenean, kategoria horretako ordainsariak eta eskubideak izanen ditu egoera horretan dagoen bitartean.
Egoera horretan sei hilabete baino gehiago ematen baditu, kategoria horretako kide bihurtuko da behin betiko, ondorio guztietarako.
Egoera ezberdina da goragoko kategoriako lanak sei hilabetetik gorako aldi baterako egitearen arrazoia lanpostua gordetzeko eskubidea duten langileak ordeztea bada.
Beheragoko kategoriaren lana. Enpresaren premia larriak direla-eta langile batek beheragoko kategoriako lanak egiten dituenean, behar-beharrezkoa den denboran baino ez ditu halako lanak eginen, eta bere kategoria, ordainsariak eta gainerako eskubideak mantenduko zaizkio.
III. KAPITULUA–LANEAN HASTEA ETA LANA UZTEA
9. artikulua. Langileak kontratatzea.
–Lanpostu hutsak, lanpostu berriak eta iraupen luzeko kontratuak:
Patronatuak (enpresako zuzendaritzak) kontratatzeko ahalmen autonomoa eta erabakigarria du. Patronatuak (zuzendaritzak) behin betiko lanpostu bat bete behar duenean (hutsa edo berria) lanpostu horretarako eskakizunak ezarriko ditu, baita izangaiei eskatuko zaizkien beharkizunak ere. Horien berri emanen zaie langileen ordezkariei. Horretarako, lanpostuak betetzeko deialdia antolatuko da. Merezimendutzat hartuko dira enpresan emandako denbora, ezaugarri bereko lanpostuetan emandako zerbitzuak eta euskaraz jakitea. Baldintza berdinetan, enpresan behin-behineko edo bitarteko izaerarekin lan egin dutenak lehenetsiko dira.
Langileen legezko ordezkariak mota horretako jarduketetarako ezartzen den kontratazio mahaian egonen dira.
–Ordezkapenak:
Patronatuak dauka ordezkapenen zerrenda kudeatzeko ahalmena. Patronatuak emanen ditu irizpideak zerrenda kudeatzeko. Irizpideak berrikus daitezke baldin haien funtzionamendua egokia ez bada.
Ordezkapen kontratuaren iraupena:
1. Izenpetzen den lan kontratua mugagabea izan daiteke, edo iraupen jakin baterako.
a) Merkatuaren egoerak, lanaren pilaketak edo eskabideen kopuru handiak hala eskatzen duenean, langilearen egitekoa enpresako ohiko jarduera izanik ere. Kasu horietan, gehienez ere sei hilabetekoak izanen dira kontratuak eta aipatutako aldiaren hiru laurdenak ezin dituzte gainditu, ezta, gehienez ere, hamabi hilabete, hamabi hilabeteko aldiaren barrenean.
Legez edo ohituraz ezarrita dagoen gehieneko iraupenetik beherako kontratua egiten denean, eta bi alderdiak ados egonez gero, kontratua luzatzen ahalko da, behin bakarrik. Kontratuaren iraupen osoa ezin izanen da gehieneko iraupen hura baino luzeagoa izan.
b) Lanpostua gordetzeko eskubidea duten langileak ordeztu behar direnean. Betiere lan kontratuan ordezkoaren izena eta ordezkapenaren arrazoia adierazi behar dira.
2. Gizarte Segurantzan alta eman ez zaien langileak langile finko bihurtuko dira, beren kontratu mota edozein dela ere, legez ezar litekeen probaldiaren adinako epea iragandakoan, salbu eta kontrataturiko jardueren edo zerbitzuen izaeratik argi ondorioztatzen ahal bada lan horiek aldi baterakoak direla; hori guztia, batere ukatu gabe zuzenbidean sortzen ahal diren erantzukizunak.
3. Lege-iruzurrean egindako aldi baterako kontratuak kontratu finkotzat joko dira.
10. artikulua. Probaldia.
Langile sartu berriek 30 eguneko probaldia eginen dute.
Probaldian alderdietako edozeinek bertan behera uzten ahal du lan harremana, baina kalte-ordainerako eskubiderik gabe. Probaldian dela, langilea lanerako aldi baterako ezintasun egoeran suertatuz gero, eten eginen da probaldiaren kontaketa.
11. artikulua. Lan kontratuaren azkentzea.
11.1. Andra Mari zahar etxeko patronatuak konpromisoa hartzen du lanpostu guztiei eusteko hitzarmen kolektibo honek indarra duen bitartean.
11.2. Lan-kontratua amaituko da Langileen Estatutuaren 49. artikuluan ezarritako edozein arrazoirengatik.
Enpresatik bere borondatez alde egin nahi duen langileak aurreabisua eman beharko dio kudeatzaileari, hamabost egun natural lehenago, gutxienez. Kudeatzaileak horren berri emanen dio patronatuari eta patronatuko buruari (hori jakinarazteko gehienez ere bi egun natural daude). Aurreabisu-epe hori betetzen ez badu, abisu eman gabe igaro diren egunei dagokiena kenduko zaio likidaziotik.
Enpresak aurreabisu hori epearen barrenean eta behar bezala jasotzen badu, lan harremana bukatu baino lehen egin beharko du beharrezkoa den likidazioa.
Urtebete batetik gorako kontratu ez-mugagabeen amaieran, enpresak 15 egun lehenago eman beharko dio aurreabisua langileari.
12. artikulua. Erretiroa aldez aurretik hartzea.
Langile guztiei eskainiko zaie errelebo-kontratua izateko aukera, betiere legeak ezartzen dituen baldintzak betetzen badituzte.
Errelebo-kontratuko langileari lanaldi osoko kontratu mugagabea eskainiko zaio, lanaldia %75 murriztuz gero.
Erretiro partziala hartzen duen langileak egin behar duen benetako lan denbora horren hasieran metatzen ahalko da, langileak hala eskatzen badu.
IV. KAPITULUA.–LAN-BALDINTZAK
13. artikulua. Lanaldia eta malgutasuna.
- 2024: 1629,5 ordu.
- 2025: 1622 ordu.
- 2026: 1622 ordu.
Laneko denbora kontatzeko, eguneko lanaldiaren hasieran eta bukaeran langileak bere lanpostuan egon beharko du, lan egiteko behar diren baldintzetan.
Lan-txandak ahalik eta gehien egokituko dira ezarririko lanaldira. Horrek esan nahi du gorabehera oso ordu gutxikoa izanen dela urteko ordu guztien aldean. Gehiegizko edo gutxiegizko ordu horiek urtean zehar arautuko dira.
Sei ordu baino gehiagoko lanaldi jarraitua egiten duten langileek 15 minutuko atsedenaldia izanen dute, eta lan denboratzat zenbatuko da.
Hitzarmenean lanaldiari buruz jasotzen den erregulazioak berekin ekartzen du beharrezkoa ez izatea lanaldiaren banaketa irregularrerako portzentajeak finkatzea. Horrenbestez, Langileen Estatutuaren 34.2 artikuluan exijitzen den kontrako ituna da hemen hitzartutakoa, eta eraginik gabe uzten du %10a aplikatu beharra, hau da, aipatu lege-manuak besterik hitzartzen ez denerako ezartzen duen portzentajea.
–Norberak hartzeko eguna.
Langileek eskubidea izanen dute norberak libre aukeratzeko lau egun ordaindu hartzeko, bat hiruhileko bakoitzeko, beren aferetarako, betiere baldintza hauek betez gero:
- Langileek 15 egun lehenago jakinarazi beharko diote entitatearen zuzendaritzari.
- Atal edo lan-zentro bereko bi langilek aldi berean ez erabiltzea eskubide hori.
- Herriko jaietan edo antzeko egunetan ez izatea.
Zuzendaritzak eskaera ukatu ahal izanen du antolaketa arrazoiengatik eskatutako baimenaren txandarako estaldurarik ez badago; kasu horretan, bi alderdiek ordezko aukera bat bilatuko dute.
14. artikulua. Asteko atsedena.
Langileek eskubidea izanen dute astean bi egun jarraituko atsedenaldia izateko, gutxienez. Atsedenaldi horrek, nahitaez, bat egin beharko du larunbatarekin eta igandearekin (hilean asteburu bat libre), gutxienez lau astetik behin, asteburuetarako berariazko kontratuak dituzten langileentzat izan ezik.
15. artikulua. Lan egutegia.
Zuzendaritzak azaroaren 15ean aurkeztuko dizkie urteko lan egutegiak langileei. 15 egun lehenago kontsulta eginen dio langileen ordezkariari. Langileek 30 egun natural izanen dituzte gehienez, enpresak egindako egutegia jakinarazi eta biharamunetik hasita, egokiak iruditzen zaizkien alegazioak edo egutegia aldatzeko proposamenak aurkezteko.
Kudeatzailearen zeregina da langile bakoitzaren lan egutegia ahalik eta gehien doitzea, bete behar duen urteko lanaldiaren arabera, soberako lanaldiak saihesteko.
Oporrak eskatuta, egutegia doitu eta adostuko da, lanaldia goitik edo behetik, zerbitzuaren beharrak ere kontuan hartuta.
Lanaldia doitzeko egiten diren aldaketak jakinarazteko, ordu gehiago edo gutxiago ezarriz, 10 eguneko aurreabisua izanen da.
Orduek horretarako ematen badute, lanaldiaren gainetik egindako denbora lanegun osotan itzuliko da, eta egun horiek honela hartzen ahalko dira:
1.–Langileak enpresari abisatuko dio, idatziz, bost egun lehenago.
2.–Bi pertsonak baizik ez dute izanen eskubide hori egunean.
3.–Eskubide hori ezin da erabili herriko bestetan edo beste jaiegunetan.
4.–Enpresako zuzendaritzak idatziz erantzun beharko du eskatutako eguna baino hiru egun lehenago. Egun horiek hartzeko baimena ukatzen bada, arrazoiak eman beharko dira.
Lan egutegiek honakoak bilduko dituzte: langile bakoitzaren urteroko lanegunak, asteko atsedenerako egunak edo hauek zehazteko irizpideak, oporrak hartzeko aldiak edo egun baliodunak eta pagatu beharreko jaiegunak eta ezin errekuperatu direnak. Langileen legezko ordezkariekin negoziatuko eta hitzartuko da lan egutegia.
Hitzarmenean lanaldiari buruz jasotzen den erregulazioak berekin ekartzen du beharrezkoa ez izatea lanaldiaren banaketa irregularrerako portzentajeak finkatzea. Horrenbestez, Langileen Estatutuaren 34.2 artikuluan exijitzen den kontrako ituna da hemen hitzartutakoa, eta eraginik gabe uzten du %10a aplikatu beharra, hau da, aipatu lege-manuak besterik hitzartzen ez denerako ezartzen duen portzentajea.
16. artikulua. Oporrak.
Langile guztiek dute 32 egun naturaleko oporraldia izateko eskubidea, honela aukeratua:
Langileek aukeratu eta banatuko dituzte opor egunak, nahieran, betiere lau langilek baino gehiagok egun bera aukeratzen ez dutenean. Dataren bat askok eskatzen badute (hots, lau langilek baino gehiagok) zozketa eginen da baldintza berdinetan. Norbaitek aukeratutako dataren bat ezin badu hartu urte batean, hurrengoan har dezakeela bermatuko da. Oporraldi guztiak ordeztuko dira langile kopuru bera izateko txanda bakoitzean oporraldian eta normalean, kudeatzailearen kasuan izan ezik. Apirila baino lehenago eskatuko dira oporrak, egutegia ongi antolatzeko. Langileek kudeatzaileari eskatuko diote, eta kudeatzaileak patronatuko buruari.
Langileek gutxienez bi hilabete lehenago jakinen dute noiz izanen dituzten oporrak.
Oporrak gozatzeko edo haien ordaina jasotzeko eskubidea urte naturalen arabera zenbatuko da; hau da, urte naturala bukatzean langile guztiek hartuta izanen dituzte dagozkien oporrak.
Aurreko paragrafoan xedatutakoa ez da aplikatuko langileak bi hilabete lehenagotik gutxienez ez badaki noiz izanen dituen oporrak, non ez den enpresarekin adostu.
Oporretatik itzultzen direnean, langileek beti izanen dute asteko atsedenaldirako eskubidea, proportzioan dagokiona.
Oporraldi batean amatasun-baimena jasoz gero edo aldi baterako ezintasun egoeraren ondorioz, oporren gozamena eten eginen da.
Enpresaren egutegian ezarritako oporraldian langile bati aldi baterako ezintasuna ematen badiote haurdunaldiaren, erditzearen edo edoskitze naturalaren zioz, edo lan-kontratua eteten bazaio, oporrak aldi baterako ezintasuna, baimena edo etenaldia amaitutakoan gozatzeko eskubidea edukiko du, nahiz eta urte naturala amaitu.
Langile baten aldi baterako ezintasuna finkatua zuen oporraldian gertatuz gero, baina oporrak hasi aurretik hartu badu baja, badu eskubidea, medikuaren alta lortutakoan, beste oporraldi bat finkatzeko. Enpresaburuak ezin izanen du langilearen eskubidea galdutzat eman, nahiz dagokion urte naturala amaitu.
Eguberrietako jaiegunetan oporrak hartu nahi dituzten langileek (urtarrilaren 1a, 5a eta 6a eta abenduaren 24a, 25a eta 31) zahar etxera sartzeko antzinatasunaren arabera aukeratuko dituzte opor egunak, txandaka. Horrela, urte edo aldi bakoitzean aukeratzen lehenak diren langileak azkenak izanen dira hurrengo urtean. Eta horrela geroan ere, urte batean txanda bat aurrena eta hurrengoan bestea.
17. artikulua. Baimen ordainduak.
Hitzarmen honi lotutako langile guztiek, aldez aurretik abisatu eta frogatuta, ordaindutako baimen hauek izaten ahal dituzte. Artikulu honetan aplikagarri denaren ondorioetarako, joan-etorritzat hartuko dira Lesakatik 100 km-tik gorako distantziak.
Langileak baimena izanen du, aldez aurretik abisatuta eta justifikatuz gero, lanera ez agertzeko, ordaindua izateko eskubidea galdu gabe, denbora tarte hauetarako:
1. 20 egun natural ezkontzeagatik, izatezko bikotea osatzeagatik edo izatezko bikotearekin pareka daitekeen beste egoera bategatik, aldez aurretik enpresari jakinarazi bazaio. Horretarako, langileek izatezko bikotea osatu dutela frogatu beharko dute etxebizitza berean erroldaturik daudela ziurtatzen duen agiriaren eta Bikoteen Erregistro Ofizialeko inskripzioaren bidez. Baimen hau har daiteke, baldintza hauek betez gero:
–20 eguneko baimena ezkontzeko egunean edo bikotea Izatezko Bikoteen Erregistroan inskribatu den egunean hasiko da.
–Enpresari gutxienez bi hilabete lehenago eman behar zaio abisua idatziz.
–Bikotea Izatezko Bikoteen Erregistroan inskribatuta egoteari buruzko ziurtagiria aurkeztu behar da; bertan bikotekideen datu pertsonalak eta inskripzio-eguna agertuko dira.
–Bikotea geroago ezkontzen bada edo Izatezko Bikoteen Erregistroan inskribatzen bada, langileek ez dute izanen beste baimen bat edukitzeko eskubiderik arrazoi beragatik.
2. Bost egun, bigarren maila arteko odol edo ezkontza bidezko ahaideek eritasun larria izateagatik edo haiek hiltzeagatik. Arrazoi horregatik langileak bidaiaren bat egin behar badu, epea zazpi egunekoa izanen da.
Ospitaleratzea eta etxean atseden hartzea eskatzen duen ospitaleratzerik gabeko ebakuntza kirurgikoa gaixotasun larritzat hartuko dira. Kasu horietan, baimen ordaindua ospitaleratzeak edo etxeko atsedenaldiak iraun bitartean edozein egunetan has daiteke, langileak aukeratuta. Baimen hori har daiteke heriotza gertatu edo eritasun larria jakinarazi ondoko bi egunetan.
3. Bost egun lehen mailako senideen gaixotasun larriagatik (ospitaleratzea edo justifikatutako etxeko atsedenaldia) edo heriotzagatik.
Arrazoi horregatik langileak bidaiaren bat egin behar badu, epea zazpi egunekoa izanen da.
4. Bi laneguneko baimen ordaindua emanen da, ezkontideari, bizikideari, seme-alabei edo gurasoei kirurgia handi anbulatorioko ebakuntzaren bat egin behar izanez gero. Ondorio horietarako, kirurgia anbulatorio handitzat hartuko dira gaixoak ebakuntzaren egun berean etxera itzultzen direneko prozedura kirurgikoak, kontuan hartu gabe aplikatu zaien anestesia eta denbora tarte bat iraganik. Baimena emanen da langileak ahaideari lagundu behar dionean. Egiaztagiria aurkeztu beharko du. Emandako zerbitzua, aurreabisuarekin.
5. Bi egun, bigarren mailara arteko ahaideen seme-alaben jaiotzagatik. Arrazoi horregatik langileak bidaiaren bat egin behar badu, epea lau egunekoa izanen da; kontuan eduki behar da baimenaren hiru egunetako bi lanegunak izanen direla.
6. Egun natural bat, langileak ohiko bizilekuz aldatzeagatik.
7. Langileak urteko oporrez balia daitezke artikulu honetan araututako baimen ordainduak luzatzeko, baina gehienez hiru egun soilik gehi ditzakete.
8. Ordaindutako lizentziak eman ahal izanen dira ikastetxe ofizialetako amaierako azterketak eta gaitasun eta ebaluazioko behin betiko frogak egiteko. Horretarako, azterketa edo proba horiek egin izanaren frogagiriak aurkeztu beharko dira. Halaber, baldin eta enpresak eta langileek lanbide birziklapenerako ikastaroak ituntzen badituzte. Lanbide gaitasunak egiaztatzea: zahar etxeak konpromisoa hartzen du gaitasunak frogatzeko deialdien berri emateko. Ikastaroetara joatea erraztuko da. Langileek gutxienez 20 ordu edukiko dituzte urtean haietara joateko.
9. Legez onartutako desgaitasun fisiko, psikiko edo zentzumenetakoa duten seme-alabak dituzten langileek zilegi dute lanetik ateratzea, tratamendua ematen zaien hezkuntza bereziko ikastetxeetako koordinazio bileretan parte hartzeko edo osasun esparruan laguntza gehigarria jaso behar badu, hara laguntzeko. Enpresako arduradunek kontuan izanen dute hori.
10. Beharrezkoa den denbora, langilea medikuaren kontsultara joateko, lanorduetatik kanpo joaterik ez bada; langileak medikuaren frogagiria aurkeztu beharko du enpresan.
11. Ordaindu gabeko lizentziak:
–Baimen ordainduen atalean aipatzen ez diren azterketak egiteko: beharrezkoa den denbora.
–Beharrezkoa den denbora, langilea medikuaren kontsultara joateko, lanorduetatik kanpo joaterik ez bada; langileak medikuaren frogagiria aurkeztu beharko du enpresan. Baimen ordainduetan aurreikusi ez diren kasuetan.
–Era berean, langileek beharrezko orduak hartu ahal izanen dituzte urtean ezkontideari edo seme-alabei medikuarenera laguntzeko. Kasu horietan, langilea saiatuko da kontsulta medikoak lanorduetan ez izaten, ahal den neurrian.
Baimen hori kudeatzeko, honako hau erabaki da:
Batzorde honetan adostutako bidaia-denbora baimen ordaindu gisa ematea: kontsultak Iruñean izanez gero, 2,5 ordu joan-etorrirako. Kontsultak Irunen izanez gero, ordubete joan-etorrirako. Beste helmuga batzuetarako, bidaiaren gutxi gorabeherako denbora zehaztuko da kasu bakoitzean.
18. artikulua. Amatasuna, aitatasuna, adopzioa eta bularra ematea.
Haurdunaldiko azterketa medikoak egiteko eta erditzea prestatzeko tekniketan trebatzeko behar-beharrezkoa den denbora har daiteke, lanorduetan egin behar badira. Berdin jokatuko da in vitro ernaltze praktiketarako eta haurdunaldia eteteko. Lizentzia ezkontideak edo bikotekideak ere hartzen ahalko du (Langileen Estatutuaren 37.3.f artikulua). Bertan izan dela frogatzeko agiria aurkeztu beharko da.
Baimen hori langileen eskubide indibiduala da, gizon nahiz emakume izan, baina gurasoetako batek bakarrik erabiliko du, biak lanean ari diren kasuetan (Langileen Estatutuaren 37.4 artikulua).
–Amatasun baimena: amatasun kasuan, langileak etenik gabeko 16 asteko baimena hartzeko eskubidea izanen du; bi gehiago, erditze anizkoitzean izandako haur bakoitzarengatik. Interesdunak nahi bezala hasiko du baimena; betiere, sei aste erditu ondoren izanen dira.
Ama hiltzen bada, lanik egiten zuen edo ez kontuan hartu gabe, beste gurasoak etenaldi osoa edo geratzen den zatia hartu ahalko du, erditzearen egunetik zenbatuta, eta erditu aurretik amak egunak hartu bazituen, horiek ez zaizkio deskontatuko. Haurra hiltzen bada, etenaldia ez da murriztuko, salbu eta, nahitaez hartu beharreko sei asteko atsedenaldia bukatu eta gero, amak lanpostura itzultzeko eskatzen badu.
Aurrekoa gorabehera, eta amak nahitaez hartu beharreko erditu ondo-ondoko sei asteko atsedenaldia deusetan galarazi gabe, bi gurasoek lan egiten badute, amatasunagatiko atsedenaldia hastean, amak erabakitzen ahalko du beste gurasoak baliatzea erditzearen ondorengo atsedenaldiaren zati jakin eta etengabe bat, amarenarekin batera edo amarenaren ondoren. Lanera itzultzeko garaian, ama aldi baterako ezintasun-egoeran badago ere, beste gurasoak berdin jarraitzen ahalko du amak hasieran laga zion amatasun-baimenaren zatia erabiltzen.
Jaioberriak behar baino lehen jaio delako edo jaio ondoren beste edozein arrazoirengatik ospitaleraturik egon behar badu, gurasoetako batek eskubidea izanen du lantokitik ordubete ateratzeko. Orobat, lanaldia gehienez 2 ordu murrizten ahalko dute, eta soldata ere proportzioan murriztuko zaie (Langileen Estatutuaren 37.4 bis artikulua). Garaia baino lehen erdituz gero ziurtatu beharko da egiaztagiri medikoaren bidez.
Ama behar baino lehen erditzen bada eta haurrak pisu aski ez badu, edo jaioberria, baldintza klinikoren bategatik, jaio ondoren ospitaleratu behar baldin bada zazpi egunez baino gehiagoz, etenaldia luzatu eginen da jaioberria ospitaleraturik dagoen bitartean, hamahiru astez gehienez, betiere arauekin bat. Ziurtatu beharko da egiaztagiri medikoaren bidez.
Luzapen hori gauzatuko da bakarrik jaioberria jaio ondoko 30 egun naturaletan ospitaleratu behar bada.
–Adopzioa edo harrera: haurra adoptatu edo harreran hartzen den kasuetan, etenaldiak hamasei aste iraunen du, jarraian. Haur bat baino gehiago adoptatzen edo harreran hartzen badira, beste bi aste gehituko dira ume bakoitzeko, bigarren umetik aurrera. Kasu horretan, langileak erabakiko du noiz izanen dituen ondorioak etenaldiak: adopzioa eratzen duen ebazpen judiziala ematen denean edo behin-behineko edo behin betiko harreraren erabaki administratiboa edo judiziala ematen denean. Ez da zilegi etenaldi bat baino gehiago hartzea adingabe beragatik.
Nazioarteko adopzio kasuetan, gurasoek adopzioan hartuko duten haurraren jatorrizko herrialdera joan beharra dutenean, adopzioa eratzeko ebazpena eman baino lau aste lehenagotik ere hasten ahalko da etenaldia.
Hemen aipatzen diren aldiak lanaldi osoan edo lanaldi partzialean hartzen ahalko dira, enpresaburuak eta ukitutako langileak aldez aurretik ados jarrita, erregelamenduz erabakitzen den moduan (Langileen Estatutuaren 48.4 eta 48.5 artikuluak).
Seme edo alabak edo adoptatutako edo harreran hartutako adingabeak desgaitasunen bat baldin badu, etenaldiak bi aste gehiago iraunen du. Bi gurasoek lan eginez gero, etenaldiaren luzapena interesdunek hautatzen duten moduan banatzen ahalko dute, aldi berean nahiz batak bestearen ondoren, betiere etenik gabeko aldietan.
–Aitatasuna:
Langileak kontratua 16 astez eteteko eskubidea izanen du. Aste horietatik, erditu ondoko sei asteak nahitaezkoak izanen dira, eta etenik gabe eta lanaldi osoan hartu beharko dira.
Baimen hori seme edo alaba bat izan edo adoptatzeagatik 19. artikuluan ezartzen den baimenaren ondoren hartzen ahalko da, amatasun baimenaren bitartean edo ondoren.
–Erditze goiztiarra izateagatiko baimena: semeak edo alabak, behar baino lehen jaio delako edo jaio ondoren beste edozein arrazoirengatik ospitaleraturik egon behar badu, gurasoetako batek eskubidea izanen du lantokitik ordubete joateko. Orobat, lanaldia gehienez 2 ordu murrizten ahalko dute, eta soldata ere proportzioan murriztuko zaie.
–Bularra emateko baimena: seme-alabak izan edo adopzioan edo harreran hartuz gero, haurrari esnea emateko bederatzi hilabete egin arte, langileek eskubidea izanen dute ordubetez lanetik kanpo egoteko, nahi badute bi zatitan banatuta. Ume baten baino gehiagoren erditze, adopzio edo harrera kasuan, proportzioan gehituko da baimenaren denbora.
Baimen hori gurasoetako edozeinek hartzen ahal du, beren nahierara, biak lanean ari badira, baina bakarrik bietako batek har dezake enpresa berean lanean ari badira.
Biek, hala nahi badute, eskubide hori lanaldiaren ordu erdiko murrizketarekin ordezka dezakete, helburu berbererako, edo lanaldi osotan pilatzen ahal dute, amatasun edo aitatasun baimena amaitzen denerako.
Eskubide hau ordezkatu daiteke kasu bakoitzari dagozkion egunetan pilatuz. Baimen hau baliatu nahi izanez gero, abisua eman behar zaio enpresari idazki baten bidez, bi hilabete lehenago gutxienez.
Langileak aurreko urteko opor egun batzuk hartu ez baditu, amatasun baja bukatu bezain laster hartuko ditu.
–Haurdunaldiko edo haurrari esnea emateko aldiko arriskua. Haurdunaldian edo haurrari esnea emateko aldian arriskua dagoenean, amaren lanpostua ezin bada egoera horretara egokitu edo ezin bazaio eman egoera horrekin bateragarria den beste lanpostu bat, lan kontratua eten eginen da eta lanpostua gordeko zaio. Horrelakoetan, etenaldi hori bitartean, langileek eskubidez dagokien prestazio ekonomikoa jasoko dute.
Langileak tramitatuko du prestazioaren eskaera, enpresaren mutuaren aurrean, eta mutuak ebazpena emanen du, prestazioaren ordainketa bere gain hartuko du eta langileari jakinaraziko dio (gaur egun indarrean dagoen araudiarekin bat, haurdunaldiko arriskuagatiko prestazioa kontingentzia profesionalengatiko oinarri arautzailearen %100 da).
19. artikulua. Eszedentziak eta lanaldi murrizketak.
–Borondatezko eszedentzia. Urtebeteko antzinatasuna duen langile orok hiru hilabetetik bost urte arteko borondatezko eszedentzia hartzen ahalko du.
Eszedentzia hori inolako lansaririk jasotzeko eskubiderik gabe eman dela ulertuko da eta denbora hori ez da antzinatasuna kalkulatzeko kontatuko. Idatziz eskatuko da beti, hasi baino 15 egun lehenago gutxienez, behintzat premia larriko arrazoi frogagarririk ez bada. Idatzizko erantzuna bost egun balioduneko epean jaso beharko du (hau da, larunbat, igande eta jaiegunak kontuan hartu gabe).
Lehenbiziko bi urteetan lanpostua gordetzeko eskubidea izanen du. Lehen urtea igarotakoan, langileak hutsik dagoen edo hutsik gelditzen den kategoria bereko edo antzeko kategoriako lanpostu batera itzultzeko lehentasuna izateko eskubidea baizik ez du izanen.
Eszedentziarako eskaera gutxienez hilabete lehenago egin beharko da, idatziz, eta itzultzeko eskaera ere bai. Aurreabisua epe horretan egiten ez bada, ulertuko da langileak lanpostua bere borondatez uzten duela.
Baldintza horiek betetzen ez dituzten eskaera indibidualak baloratuko ditu enpresak, betiere egoera apartekoa bada.
Langile batek eskubide hori berriro baliatzeko aukera izateko, aurreko eszedentzia bukatu eta lau urte igaro beharko dira.
–Nahitaezko eszedentzia. Lanera joatea galarazten duen kargu publiko baterako izendatua edo hautatua izateagatik emanen da, eta lanpostua gorde eta antzinatasuna kontatzeko eskubidea emanen du, betiere lanean berriro sartzea kargu publikoa edo enpresaz gaindiko kargu sindikala utzi ondoko hilabetean eskatzen bada.
–Seme-alabak zaintzeko eszedentzia. Langileek eskubidea izanen dute gehienez ere hiru urteko eszedentzia hartzeko, lanpostua gordetzeko eskubidearekin, seme edo alaba bakoitza zaintzeko, norberak izandakoa edo adoptatua izan, edo etxean hartua, bai modu iraunkorrean bai adoptatu aurreko harrera fasean. Hiru urte horiek haurra jaiotzen denetik edo, bestela, epaileen edo administrazioaren ebazpenaren egunetik aurrera kontatuko dira.
–Ahaideak zaintzeko eszedentzia. Halaber, gehienez ere hiru urteko eszedentziarako eskubidea izanen dute, lehenbiziko 12 hilabeteetan lanpostua gordetzeko eskubidearekin (18 hilabete familia ugarien kasuan), adinagatik, istripuagatik, eritasunagatik edo desgaitasunagatik bere kasa bizitzeko gauza ez den eta lan ordaindurik egiten ez duen familiartekoren bat, odol-ahaidetasuneko edo ezkontza-ahaidetasuneko bigarren mailara artekoa, zaindu behar duten langileek. Ziurtatu beharko da egiaztagiri medikoaren bidez.
Eszedentzia hori aldi laburragoetan banatu ahal izanen da, subjektu eragile berarentzat, gehieneko eskubide aldia osatu arte. Beste subjektu eragile batek beste eszedentzia-aldi baterako eskubidea ematen badu, eszedentzia berria hastean bukatuko da ordura artekoa.
Seme-alabak edo ahaideak zaintzeko eszedentziak langileen eskubide indibiduala dira, gizonezkoa izan edo emakumezkoa izan, eta zatika hartzen ahal dira. Hala ere, subjektu eragile bera zaintzeko eskubidea enpresa bereko bi langilek edo gehiagok badute, enpresaburuak aldi berean erabili nahi den eskubidea mugatzen ahalko du, enpresaren funtzionamenduarekin lotutako bidezko arrazoirik baldin bada. Beste subjektu eragile batek beste eszedentzia-aldi baterako eskubidea ematen badu, eszedentzia berria hastean bukatuko da ordura artekoa.
Langileak eszedentzian ematen duen denbora kontuan hartuko da antzinatasunerako. Orobat, langileak lanbide prestakuntzako ikastaroetara joateko eskubidea izanen du.
–Lanaldi murrizketa, seme-alabak edo beste ahaideren bat zaintzeko. Lanaldia murrizteko eskubidea izanen dute, halaber, adinagatik edo istripu edo eritasunen baten ondorioz bere kasa bizitzeko gauza ez den eta lan ordaindurik egiten ez duen familiartekoren bat, odol edo ezkontza bidezko bigarren mailara arteko ahaidea, zaindu behar duten langileek. Lanaldia gutxienez zortziren bat eta gehienez erdia murriztuko zaio, eta soldata hein berean murriztuko da. Lanaldia murrizteko eskubideak haurrak 12 urte bete bitarte iraunen du, eta luzatzen ahalko da, semeak edo alabak zein ikasturtetan egiten dituen urte horiek, hura bukatu arte (ekainean). Ziurtatu beharko da egiaztagiri medikoaren bidez.
–Minbiziak edo beste eritasun larri batek jotako adingabeak zaintzea. Guraso, adoptatzaile edo harrera-egileetako batek eskubidea izanen du lanaldia murrizteko, gutxienez erdira, soldata hein berean murriztuta, minbiziak edo 1148/2011 Errege Dekretuaren eranskineko 108 gaixotasun larrietako batek jota dagoen bere ardurapeko adingabe bat zaintzeko, ospitaleratze luzea eta gaixotasunaren tratamendu jarraitua behar duelako edo berriz gaixotu delako (ospitaleratzerik gabe bada ere). Langileen Estatutuaren 37.6 artikuluak arautzen du kasu hori. Ziurtatu beharko da egiaztagiri medikoaren bidez.
–Lanaldi murrizketa edo lan denboraren berrantolaketa, genero indarkeria dagoenean. Genero indarkeriaren biktima izan den langileak, benetan babestua izan dadin eta gizarte laguntza integrala izan dezan, eskubidea izanen du lanaldia murrizteko (soldata hein berean murriztuko zaio), edo bere lan denbora berrantolatzeko, ordutegia egokituz, ordutegi malguaz baliatuz edo lan denbora antolatzeko diren beste bide batzuk erabiliz.
Genero indarkeriaren biktima izan diren langileei, epaileak babesteko agindua eman baldin badu, edo Fiskaltzaren txosten baten bidez adierazi bada demandaren jartzailea genero indarkeriaren biktima izan dela ondorioztatzeko zantzuak daudela, bermatuko zaie araututako lan baldintzen gaineko eskubideak hobetuko zaizkiela, betiere aintzat hartuta Genero Indarkeriaren kontrako Babes Integrala emateko Neurriei buruzko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoan xedatutakoa.
20. artikulua. Ordaindu gabeko lizentzia.
Enpresak ordaindu gabeko lizentziak emanen dizkie langileei, gehienez 30 egun naturalekoak. Ordaindu gabeko lizentziak ezin izanen dira eskatu udan (ekainetik irailera), Aste Santuan eta Eguberrietan.
–Ordaindu gabeko bi lizentzia mota izanen dira:
- Borondatezkoa: 30 egun lehenago emanen da abisua. Aukera gisa tratatuko da, ez eskubide gisa, eta antolaketa arrazoiengatik onartu edo ukatzen ahalko da.
- Ezinbesteko kasua: enpresak ahalik eta lasterren eman beharko du baimen hori, eskatzen den egunetik aurrera (arrazoiak justifikatu beharko dira).
Lizentzia horiek lan-kontratuaren aldi baterako etenalditzat hartuko dira eta idatziz eskatu beharko dira lana utzi baino hilabete lehenago, salbu eta lizentzia eskatzera bultzatu duen gertaera apartekoa bada eta, ondorioz, epe hori betetzea ezinezkoa bada. Lizentzia hartzen diren egunak ez dira antzinatasunerako kontatuko, baina ez da enpresako antzinatasuna galduko.
V. KAPITULUA.–BALDINTZA EKONOMIKOAK
21. artikulua. Ordainsariak.
Hitzarmen hau indarrean egonen den hiru urteetako bakoitzerako itundutako soldata igoera honako hau da:
- 2024: Nafarroako 2023ko KPIa, %1,5 bermatuta, urtarrilaren 1etik aurrerako atzeraeraginarekin.
- 2025: Nafarroako 2024ko KPIa, %1,5 bermatuta.
- 2026: Nafarroako 2025eko KPIa, %1,5 bermatuta.
Hitzarmen kolektibo honen eraginpeko langileen oinarrizko ordainsariak honela banatuko dira:
–Oinarrizko soldata.
Ordainketa-modulua, langile guztientzat, 30 egun izanen dira. Haren zenbatekoa hurrena ematen da, lanaldi osorako sailkapen mailen arabera.
OINARRIZKO SOLDATA | 2024 (%2,9ko igoera) | 2025 (%2,7ko igoera) |
1. Zuzendaria (1. maila) | 2.214,29 | 2.274,08 |
2. Erizaina (1. maila) | 2.214,29 | 2.274,08 |
3. Terapeuta okupazionala (1. maila) | 1.945,43 | 1.997,96 |
4. Fisioterapeuta (1. maila) | 1.945,43 | 1.997,96 |
5. Aisialdiko monitorea (1. maila) | 1.945,52 | 1.998,05 |
6. Gerokultorea (2. maila) | 1.535,47 | 1.576,93 |
7. Sukaldaria (2. maila) | 1.535,47 | 1.576,93 |
8. Zerbitzu anitzak (3. maila) | 1.486,95 | 1.527,09 |
Gerokultore gisa lan egiten duten eta zerbitzu anitzeko kategoriarekin kontratatutako langileak 2. mailara igaroko dira 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera, baldin eta laguntzaile soziosanitarioaren, erizaintzako laguntzailearen, mendeko pertsonei arreta emateko teknikari profesionalaren edo antzeko titulazio ofizialen bat badute.
–Kudeatzaile lanpostuaren plusa:
KUDEATZAILE LANPOSTUAREN PLUSA | 2024 %2,9ko igoera | 2025 %2,7ko igoera |
Zuzendaritza plusa x 14 paga | 352,24 | 361,75 |
–Jaiegun plusa:
Jaiegunean lan egiten duten langileentzako ordainsaria da. Ondorio horietarako, jaiegunetako lantzat joko da, bakarrik, igandeetan edo zahar etxeko lan egutegian jaiegun direnetan egindakoa.
- Jaiegun bereziko plusa: uztailaren 7an (herriko bestak), soldata-taulen arabera ordainduko da.
- Gaueko lanaren plusa: gaueko ordutegian (22:00etatik 08:00etara) benetan egindako lanarengatik berariazko ordainsaria emanen da.
BESTE OSAGARRI BATZUK | 2024 %2,9ko igoera | 2025 %2,7ko igoera |
Jaieguna-Orduko prezioa | 3,68 | 3,78 |
Jaiegun berezia-Lanaldi osoaren prezioa | 51,45 | 52,84 |
Gaueko orduaren prezioa | 2,14 | 2,20 |
–Antzinatasuna:
Langileak zahar etxearekin duen denbora-lotura saritzeko soldata osagarri pertsonala da sari hori. Oinarrizko soldatei jarraian zehaztuko diren ehunekoak aplikatuko zaizkie:
- Oinarrizko soldataren %6,4, enpresan lanean benetako sei urte betez gero.
- Oinarrizko soldataren %12,8, enpresan lanean benetako bederatzi urte betez gero.
- Oinarrizko soldataren %14,4, enpresan lanean benetako 15 urte betez gero.
- Oinarrizko soldataren %16, enpresan lanean benetako 21 urte betez gero.
ANTZINATASUN PLUSA | |
Denbora | Oin. sold. gaineko % |
6 urte | %6,40 |
9 urte | %12,80 |
15 urte | %14,40 |
21 urte | %16 |
Hirugarren tartearen sortzapenaren hasiera 2022ko urtarrilean izanen da, eta laugarren tartearena 2023ko urtarrilean.
Kontu hori batzorde paritarioan aztertuko da, Nafarroako Gobernuaren lanpostuak ituntzeko esparru-akordioaren arabera hobekuntza proposamena baloratzeko.
–Aldi baterako ezintasunaren ordainsaria:
laneko gaixotasun batek, lan istripu batek eta/edo kontingentzia arruntek eragindako aldi baterako ezintasunetan, patronatuko langileek soldataren %100 jasoko dute 1. egunetik.
22. artikulua. Aparteko pagak.
Urtean aparteko bi paga ordainduko dira; zenbatekoa oinarrizko soldataren eta antzinatasunaren hileko bat adinakoa izanen da.
Aparteko eskersariak ekainaren eta azaroaren hileko soldatarekin ordaindu beharko dira edo, bestela, uztailaren 5a eta abenduaren 5a baino lehen.
Lanean urteko edozein unetan hasita ere, langileek eskubidea izanen dute aparteko eskersarietatik dagokien zati proportzionala jasotzeko.
23. artikulua. Aparteko orduak.
Aparteko orduak dira zahar etxean gerora sortutako arrazoiengatik ezinbestean egin beharrekoak. Borondatezkotzat hartuko dira.
Langileek behin ere ez dituzte 50 aparteko ordu baino gehiago eginen urtean.
Lanegunean sartutako aparteko ordu bakoitzarengatik denbora libreko ordu 1 eta 30 minutu emanen dira trukean. Jaiegunean sartutako aparteko ordu bakoitzarengatik denbora libreko 2 ordu emanen dira trukean.
Aparteko orduak ordu batetik aurrera hasiko dira kontatzen, eta justifikatuko dira zahar etxean gerora sortutako arrazoiengatik ezinbestean egin beharrekoak izateagatik.
24. artikulua. Soldataren urteko igoera.
21. artikuluan adostutakoaren arabera.
VI. KAPITULUA.–GIZARTE ONURAK
25. artikulua. Prestakuntza.
Ikastetxe homologatu batean titulu akademiko edo profesional bat lortzeko ikasten ari diren langileek eskubide hauek dauzkate:
- Azterketetara joateko baimenak izatea.
- Lan txanda (enpresan txandarik egonez gero) edo lan ordutegia hauta dezakete beren lanbide kategoriako edo taldeko langileen artean. Halaber, baldin eta enpresak eta langileek lanbide birziklapenerako ikastaroak ituntzen badituzte, langileek gutxienez 20 ordu edukiko dituzte urtean haietara joateko.
–Euskara ikastea sustatzea:
Zahar etxean euskara ikastea sustatzeko beharrezko neurriak hartuko dira, eta lantokitik gertu dauden lokaletan prestakuntza ikastaroak egitea ahalbidetuko da.
–Bestelako prestakuntzak:
Norberaren kontura egindako prestakuntzak kontuan hartuko dira: euskara, laneko prebentzioa eta zaintzarekin lotutako prestakuntzak hartuko dira kontuan. Prestakuntza horiek benetako lanordutzat hartuko dira. 2024an eta 2025ean 15 ordu erabili ahal izanen dira prestakuntzarako. 2026an 22 ordu erabili ahal izanen dira prestakuntzarako.
26. artikulua. Erantzukizun zibileko asegurua.
Enpresak eusten dio erantzukizun zibileko aseguruari.
27. artikulua. Istripuetako aseguru kolektiboa.
Enpresak istripuetako aseguru kolektiboa izan beharko du, hitzarmen hau sinatzerakoan zegoenaren berdina edo antzekoa.
28. artikulua. Lan osasuna.
Osasuna berariaz aztertuko da, lanpostu bakoitzerako dauden protokoloak aplikatuta. Langileek eskatuta, enpresak osasun azterketa bat ezarriko du lanpostu bakoitzerako, irizpide medikoen arabera ezartzen den maiztasunarekin, kontuan harturik lanpostuaren arriskuak eta langilearen adina.
Osasun azterketa egiteko behar diren orduak benetako lantzat joko dira, azterketa langilearen lanaldian egiten bada.
Hitzarmen hau sinatzen duten alderdiek konpromisoa hartzen dute sektoreko langileek beren lanpostuetan dauzkaten lan arriskuei buruzko dokumentazioa eta material informatiboa prestatzeko.
Orobat, alderdi sinatzaileek sektoreko lan arriskuei eta osasunaren babesari buruzko informazio eta prestakuntza saioak antolatuko dituzte langileentzat.
–Arrisku psikosozialak eta kanpoko erasoak:
Alderdiek hitzartu dute jarduera protokoloak garatuko dituztela arrisku psikosozialen eta kanpoko erasoen aurrean.
–Mutuei dagokienez:
Enpresak mutuaren bidez emanen du lan kontingentzien (laneko eritasuna eta laneko istripua) ondoriozko aldi baterako ezintasun egoeretan ordaintzen den prestazio ekonomikoaren estaldura eta, orobat, mutuaren bidez eginen du halako kontingentzien ondoriozko alta eta bajen osasun kontrola. Kontingentzia arrunten ondoriozko bajak (eritasun arrunta eta lanekoa ez den istripua) Gizarte Segurantzaren bidez kudeatuko dira. Mutuarekin egiten diren kontratuak eta haren hautaketa langileen legezko ordezkariei kontsultatuko zaizkie beti, eta horiek mutua aukeratzen ahalko dute, indarrean dagoen kontratua amaitu baino lehenago (30 egun lehenago) abisatuta. Horretarako, enpresak behar besteko aurrerapenez (gutxienez bi hilabete lehenago) jakinarazi beharko die langileen legezko ordezkariei kontratua noiz amaituko den.
–Lan harremana iraungitzeari lotutako kalte-ordaina:
Neurria lanpostuen baldintzak hobetzeko plan batean jasota egon behar da. Honako hauek jasoko dituen proposamena egitea:
- Zahar etxetik joatea adinagatik: azkentzea eta lanaldia murriztea, kotizazioari eutsiz.
- Prebentzio zerbitzu muskulu-eskeletikoa. Arrisku ergonomikoak. Aldizkako fisioterapia prebentiboko zerbitzua.
- Prebentzio zerbitzu psikosoziala.
–Langileen osasunaren prebentzioa:
- 55 urtetik gorako langileek gaueko txanda ez egitea eska dezakete. Neurri hori ez da eskubidetzat hartuko, eta zuzendaritzak onartu ahal izanen du baldin eta gainerako lankideei eragiten ez badie eta antolamenduaren aldetik egingarria bada. Hala ere, hainbat txandakatze matrize proposa daitezke, lan karga txikiagoko lanpostuak hautatzeko aukerarekin. Horregatik, antolaketa sistema alternatiboak proposatuko dira, erosotasuna aintzat hartuta.
29. artikulua. Segurtasun eta Osasun Batzordea.
Batzorde horrek Laneko arriskuei aurrea hartzeari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legearen 38. artikuluan eta hurrengoetan, oro har, adierazten diren kideak, eskumenak eta ahalmenak izanen ditu.
Segurtasun eta Osasun Batzordea modu paritarioan osatuko da, hau da, langileen ordezkarien kopurua eta patronatuko kideena berdina izanen da. Prebentzioko teknikariak joan daitezke bileretara. Ahotsa izanen dute baina boto eskubiderik ez.
30. artikulua. Laneko arropa.
Enpresa beharturik dago langileei bi (2) uniforme ematera, baita langileek jardun arruntean erabili ohi ez duten laneko arropa ere, edo, bestela, hura diruz konpentsatzera. Oinetakoak ere laneko arropa dira.
Laneko arroparik eman ezean, urtean 102,71 euro ordainduko dizkie langileei, irailean.
Langileek behar bezala erabili behar dute enpresak emandako arropa, eta txukun zaindu behar dituzte euren higienea eta garbitasuna.
31. artikulua. Biltzeko eskubidea.
1. Enpresako langileek eskubidea dute zahar etxean batzarrean biltzeko. Langileen ordezkariek edo enpresa batzordeak edo langileen batzordeak eginen dute batzarrerako deia eta haietan buru arituko dira. Eguna eta gai-zerrenda jakinaraziko dizkiote enpresako zuzendaritzari, gutxienez 48 ordu lehenago. 30 egunetik behin eta hogeita hamar minutuz plantillaren bilerak egin daitezke, lan txandaren barrenean, langileen ordezkaria bertan dela. 48 ordu lehenago jakinarazi beharko zaizkio idatziz kudeatzaileari, eta hark ordaintzeko aginduko du.
2. Halaber, atal sindikaleko kideek eta langileen ordezkariak eskubidea izanen dute bilkurak edo batzarrak egiteko, lanorduetatik kanpo zahar etxean, aurreko paragrafoan jasotako batzarreko orduez gainera. Zerbitzua ematen ari diren langileek horietara joan daitezke, zahar etxearen funtzionamendua galarazi gabe, nolanahi ere. Ordezkari sindikalek eginen dute batzarrerako edo bilkuretarako deia eta haietan buru arituko dira. Eguna eta gai-zerrenda jakinaraziko dizkiote enpresako zuzendaritzari, gutxienez 48 ordu lehenago.
32. artikulua. Eskubide sindikalak.
Langileek enpresan parte hartzeko eskubidea daukate, enpresa batzordeen bitartez eta langileen delegatuen bitartez. Horiek ordezkatzen dituzten langileen lan baldintzak direla-eta sortzen diren auzi guztietan esku hartuko dute, Langileen Estatutuaren 62.2 eta 65.1 artikuluetan ezarri bezala, batez ere lanbide kategorien, lan egutegiaren, oporren eta kontratazio berrien inguruko gaietan.
Langile guztiek hautatuko dituzte langileen delegatuak eta enpresa batzordeko kideak boto pertsonal, zuzen, aske eta sekretua emanez, indarreko legezko xedapenetan ezarritako prozeduran. Enpresek erraztasunak eman behar dituzte lantokietan hauteskunde sindikalak egiteko; horretarako, sindikatuek propaganda banatzea eta sindikatuetako aholkulariek langileekin hitz egitea erraztuko dituzte, ohiko lan jarduna eragotzi gabe eta enpresa aldez aurretik jakinaren gainean dagoela.
Langileen delegatuak haien ordezkariak dira, lan inguruabarrak direla eta enpresarekin edo agintariekin sortzen diren auzi guztietan parte hartzen dute, Estatuko arauak edo itundutakoak bete daitezen zaintzen dute, eta Langileen Estatutuan esleitzen zaizkien eginkizun guztiak burutzen dituzte. Enpresa batzordea kide anitzeko organoa da, eta haien gehiengoaren erabakiz ekintza administratibo zein judizialak egin ditzake Langileen Estatutuaren 64. artikuluak emandako eskumenen eremuan.
Langileen legezko ordezkariek ordaindutako ordu kreditu bat edukiko dute hilean (soldatako ordainsarietan eraginik izanen ez duten absentziak, alegia) euren karguko berezko egitekoak bete ahal izateko. Kredituaren kopurua Langileen Estatutuaren 68. artikuluko e) paragrafoan ezarri da. Kreditu horren barrukotzat joko dira sindikatuek deitzen dituzten bileretan eta sindikatuek sustatutako prestakuntza-jardueretan ematen dituzten orduak.
Enpresa batzordeko kideek eta langileen ordezkariek haietako kide batengan edo gehiagorengan metatzen ahal dituzte ordaindutako orduen hileko kredituak, baina guztirako zenbatekoa gainditu gabe. Metatze hau eraginkorra izateko ezinbestekoa da enpresari gutxienez 30 egun lehenago jakinaraztea; besterik itundu ezean; metatzea 12 hilabete egonen da indarrean gehienez.
Langileen ordezkariek eskubidea daukate sei hilean behin enpresaren egoera ekonomikoari eta finantzen egoerari, produkzioari, salmentei eta inbertsio planei buruzko informazioa jasotzeko.
VII. KAPITULUA.–BESTELAKO XEDAPENAK
33. artikulua. Sexu jazarpena.
Laneko sexu jazarpena, Europako Batzordeak 1991ko azaroaren 27an emandako 92/131 Gomendioan dagoen definizioaren arabera, laneko harremanetan emakumezkoen eta gizonezkoen duintasunari kalte egiten dion jokabide edo portaera sexuala da. Sexu-jazarpenak nahi ez den jokabide fisiko, hitzezko edo hitzez bestekoa ekar dezake berekin, eta haren ezaugarri nagusia da biktimak edo portaeraren xede den pertsonak ez duela halakorik jasan nahi.
Patronatuak hitzematen du deklarazio bat eginen duela sexu jazarpenik ez dela onartuko adierazteko.
Patronatuak hitzematen du prestakuntza eskainiko duela sexu jazarpena identifikatzeko, salatzeko eta hari aurrea hartzeko.
Batzorde paritario bat eratuko da, enpresaren eta langileen ordezkariek osatua, sexu jazarpenezko egoerei aurre egiteko prozedura/protokoloaren irizpideak prestatzeko.
Lantegietako diziplina arauetan sexu jazarpenezko portaerak eta dagozkien zehapenak jasoko dira.
34. artikulua. Jazarpen psikologikoa.
Falta oso astuntzat joko da langileek hitzen bidezko erasoak edo eraso fisikoak egitea, edozein dela ere enpresan betetzen duten lanpostua, asmo psikologiko eta/edo sexual garbia izanik pertsonen duintasuna eta intimitatea erasotzen dutenean.
XEDAPEN IRAGANKORRAK
Lehendabizikoa.–Batzorde Paritarioa.
Negoziazio alderdiek Batzorde Paritarioa eratu eta osatzen dute hitzarmena interpretatzeko eta aplikatzeko eta haren jarraipena egiteko, bai eta legeak esleitzen dizkion eginkizunak gauzatzeko ere.
Batzorde Paritarioan, bai sindikatuen ordezkaritzak bai enpresaren ordezkaritzak, aholkularien laguntza izan dezakete. Aholkulari horiek hitza izanen dute baina botorik ez.
Batzorde Paritarioak alderdietako edozeinek eskatuta eginen du bilera. Eskaera formala egiten denetik bilera egunera bitarte ez dira inoiz hamar lanegun baino gehiago pasako.
Batzorde Paritarioa osatuko dute enpresako langileen aldeak eta enpresaren aldeak. Batzorde Paritarioaren akordioek balioa izateko, ordezkaritza bakoitzaren botoen %51ren babesa izan beharko dute. Hau da, langileen ordezkarien botoen %51 eta enpresaren ordezkarien botoen %51.
Batzorde Paritarioaren eskudantziak:
–Hitzarmen hau interpretatzea.
–Haren aplikazioari jarraipena egitea.
–Hitzarmenaren aplikazioa eta interpretazioa direla-eta sortzen diren gatazkez arduratzea eta gatazkak ebaztea.
Batzorde Paritarioak hartzen dituen erabakiek bi aldeak lotzen dituzte, eta haren irizpenak hitzarmenari batuko zaizkio eranskin gisa.
Batzorde Paritarioak, gehienez ere, 15 eguneko epean hartu beharko du erabakia bere mende jartzen diren kontuei buruz. Epe horretan erabakirik hartzen ez badu, ulertuko da tramitea bete dela.
Batzorde Paritarioak, bere baitan sortutako desadostasunak konpontzeko, gatazkak auzibidetik kanpo konpontzeko prozedurak erabiltzen ahalko ditu, betiere eta oro har alde batera utzita nahitaezko arbitrajea.
Bigarrena.–Ez betetzea (ez aplikatzea) hitzarmen honetan itundutako lan baldintzak.
Hitzarmen honetan itundutakoa ez aplikatzeko edo ez betetzeko ezinbestekoa da sindikatuen ordezkaritzarekin adostasuna lortzea. Beraz, enpresak hitzarmen hau ez aplikatzeko aukera baliatu nahi badu, Langileen Estatutuaren 82.3 artikuluko prozedurari jarraikiz, lehenik kontsultetarako aldi bat hasi beharko du, langileen ordezkariekin akordio bat lortzen saiatzeko.
Kontsulta fase horretan, enpresak justifikatu beharko du alegatutako arrazoiak egiazkoak direla, proposatutako neurriak proportzionalak direla eta enpresaren egoera hobetzen eta enpleguari eusten laguntzen dutela. Enpresaburuak agiri hauek aurkeztu beharko ditu:
1.–Arrazoi ekonomikoak alegatzen direnean:
A) Egoera ekonomiko negatiboa frogatzen duen azalpen-memoria.
B) Enpresako urteko kontuak, behar bezala auditatuak enpresa behartuta badago auditoretzak egitera. Urteko kontuek honako hauek bilduko dituzte, gutxienez: diruzaintzako gerakinaren egoera, aurrekontuaren emaitzaren egoera eta ekitaldiko emaitza korronteen kontua.
C) Egoera ekonomikoa negatiboa denean diru-sarreren edo salmenten mailak modu iraunkorrean behera egin duelako, prozeduraren hasieraren berri ematen den egunaren aurreko bi hiruhilekoetako beherakada, gutxienez, frogatzen duen zerga- edo kontabilitate-dokumentazioa aurkeztu beharko du enpresaburuak, bai eta aurreko urteko hiruhileko berberetan erregistratutako diru-sarrera arruntak edo salmentak frogatzen dituen zerga- edo kontabilitate-dokumentazioa ere.
2.–Enpresak arrazoi teknikoak edo antolaketaren edo produkzioaren gainekoak alegatzen baditu, enpresaburuak aurkezten duen dokumentazioak arrazoi horiek gertatzen direla azaltzen duen txosten bat jaso behar du.
3.–Alegatzen den arrazoia galeren aurreikuspena bada, enpresaburuak azaldu egin beharko ditu bere estimaziorako erabili dituen irizpideak. Kontsultarako epea adostasunez bukatzen denean, hitzarmenaren Batzorde Paritarioari jakinarazi beharko zaio. Hitzarmena ez aplikatzeko akordioak zehatz azaldu beharko ditu enpresan aplikatzekoak diren lan baldintza berriak eta haien iraupena. Azken hau ez da luzatzen ahalko enpresan hitzarmen berri bat aplikatzekoa den unetik aurrera. Adostasunik lortu ezin bada, hitzarmenaren Batzorde Paritarioaren irizpenaren mendean jarriko da, zeinek zazpi egun izanen baititu iritzia emateko. Hartan adostasunik lortu ezean, Nafarroako Lan Auzitegiaren prozeduren mendean jarriko da, hurrengo paragrafoetan zehaztuta dagoen bezala.
Bi alderdiek esanbidez adostu dutenez, edonola ere, desadostasunak konpontzeko, Nafarroako Lan Auzitegiko akordioaren adiskidetze eta bitartekotza prozesuen menpe jarriko dira beti. Arbitraje-prozedura aplikatuko da, bakar-bakarrik, haren menpe jartzeko bi aldeen arteko akordioa badago.
Orobat, gaia Aholku Batzorde Nazionalaren edo Autonomikoaren menpe jartzeko, alderdi bakoitzak haren menpe jartzen dela erabaki beharko du.
Iragarkiaren kodea: F2507800
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
