1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak
32/2025 FORU AGINDUA, ekainaren 18koa, Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez Alberto Viana Górriz jauna izendatzen baita, bitarte baterako, Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Estatistiken eta Informazio Kudeaketaren Ataleko buru.
Abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuak, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duenak, hirugarren xedapen gehigarriaren 2. apartatuan ezartzen du ataletako eta bulegoetako burutzak bitarte baterako bete daitezkeela, organo eskudunak egindako izendapenaren bidez; burutza horiek betetzen dituztenek, nahitaez, Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioak edo hari atxikitako langileak izan beharko dute.
Bestalde, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen bosgarren xedapen gehigarriak ezartzen du kasuan kasuko unitate organikoa atxikita duen departamentuko titularrak eginen duela atalburuen bitarte baterako izendapena, beharrezkoak diren txostenak eman ondoren. Horri dagokionez, espedientean jaso dira Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak egindako aldeko txostena eta Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuaren adostasuna.
Hortaz, otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabilita, haren bidez zehazten baitira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen organoetako langileen arloko eskudantziak,
AGINTZEN DUT:
1. Alberto Viana Górriz jauna Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Estatistiken eta Informazio Kudeaketaren Ataleko buru izendatzea bitarte baterako. Izendapenak 2025eko ekainaren 19tik aurrera izanen ditu ondorioak.
2. Foru agindu hau interesdunari eta Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.
3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.
Iruñean, 2025eko ekainaren 18an.–Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilaria, Félix Taberna Monzón.
Iragarkiaren kodea: F2508711