133. ALDIZKARIA - 2025eko uztailaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

256E/2025 EBAZPENA, ekainaren 10ekoa, Landa Garapeneko zuzendari nagusiak emana, deialdi bat onesten duena "de minimis" laguntzak emateko kanal laburretan merkaturatzen duten nekazaritzako elikagaien ekoizleen elkarteei eta nekazaritzako TEST guneak kudeatzen dituzten elkarteei, Nafarroan 2025. urtean egindako jarduerengatik, eta, horrekin batera, deialdiaren oinarri arautzaileak ezartzen dituena. Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren identifikazioa: 839001.

Beraz, nekazaritzako elikagaiak kontsumitzaileari ahalik eta zuzenen saltzeak, hots, ekonomia-eragile gutxi batzuek esku hartzen dutela, lagun dezake, eraginkortasunez lagundu ere, elikakateko desorekak zuzentzen, ustiategi txikien kasuan, bereziki; eta, aldi berean, aukera ematen du kalitatezko produktuak, tokiko espezie eta barietateekin edo sistema tradizionalak erabilita egindakoak, merkatuetan sar daitezen. Aldi berean, hizpide dugun jarduerak beste jarduera osagarri batzuk garatzen lagundu dezake, hala nola elikagaien transformazioa, banaketa, eta jatetxe edo landetxeetako jarduerak, horiek guztiek areagotzen baitute nekazaritzako elikagaien inguruko jarduna eta ekonomia nahiz enplegua sortzen baitute landa eremuetan.

Tokiko produktuen banaketa sustatzearekin eta nekazaritzako elikagaien zuzeneko salmenta hobetzearekin lotuta, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak erantzuna eman nahi dio 2021/2115 (EB) Erregelamenduaren 6. artikuluan ezarritako erkidegoko elikadura politikaren plan estrategikoetako helburu espezifikoetako batzuei, hala nola nekazariek balio-katean duten posizioa hobetzea, gazteak eta nekazari berriak erakarri eta haiei laguntzea, landa eremuetan enpresa garapen iraunkorra erraztea, nekazariei mesede eginen dieten eta haien parte-hartzea sustatuko duten lankidetza modu berriak bultzatzea, hornidurako-kate laburrak sustatzea, eta merkatuaren gardentasuna hobetzea.

Nafarroako Foru Komunitatean arlo horretan gaur egun dagoen esparru juridikoa Nekazaritzako elikagaiak merkaturatzeko kanal laburren martxoaren 9ko 5/2023 Foru Legeak ezartzen du; lege horren xedea da arautzea eta sustatzea elikagaiak zuzenean, edo gehienez ere bitartekari batez, merkaturatu daitezela lehen sektoreko ekoizleen edo horien elkarte asoziatiboen eta azken kontsumitzaileen artean. Aipatu behar da Nafarroa erkidego aitzindaria izan zela esparru horretan, apirilaren 20ko 8/2010 Foru Legea onetsi baitzuen.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak interes berezikotzat jotzen du nekazaritzako elikagaien hornidura sustatzea, merkaturatzeko zirkuitu labur eta zuzenen bidez, nekazaritzako sektorearen lehiakortasunari eusten eta hura hobetzen laguntzen duelako, eta gure erkidegoko landa ekonomia bultzatzen duelako. Horrez gain, beharrezkotzat jotzen du kanal laburren bidez merkaturatzen duten ekoizleen elkarteei laguntzea, dirulaguntzak emanez, bai eta merkaturatzea hobetzera bideratutako ekintzak sustatzea ere, kanal laburren bidezko salmenta herritarrengana hurbiltzeko. Sukaldaritza kolektiboa eta kontsumo taldeak zirkuitu laburreko merkaturatze ereduen hedapenerako aukera argia dira. Talde horien behar espezifikoei erantzuteko, banakako ekoizleen eskaintzaren antolaketa eta egituraketa sustatu behar da, elkarteen eta taldeen bidez, kontsumitzaileei horniduraren egonkortasuna, produktuen aniztasuna eta behar besteko bolumenak ziurtatu ahal izateko.

Halaber, egokitzat jotzen da nekazaritzako TEST guneak kudeatzen dituzten elkarteak sustatzea, baita nekazaritzako sektorean esperientzia gutxi duten eragile berriak txertatzeko prozesu progresiboak errazten dituzten programak ere, eskala errealean nekazaritza jarduera modu arduratsu eta autonomoan garatzeko, denbora tarte mugatu batean. Nekazaritzako test guneen onura sozialak landa garapenari lotuta daude, biztanleria finkatu eta mantentzen baitute, eta, era berean, gazteak eta emakumeak landa munduan sartzea errazten baitute. Era berean, ekoizpen ziklo laburrak garatzeak ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko dinamizazioa eta harremanak dakartza, eta horrek parte-hartzea eta inplikazio soziala areagotzen ditu.

Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 56.1.a) artikuluan ezarritakoaren arabera, eta jarduera ekonomiko orokorraren oinarriekin eta antolamenduarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateari dagokio Nafarroaren barnean jarduera ekonomikoa planifikatu eta garapen ekonomikoa sustatzeko eskumen esklusiboa.

Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 50.1.a) artikuluaren arabera, Nafarroak, bere foru araubidearen indarrez, eskumen esklusiboa du nekazaritzaren eta abeltzaintzaren arloetan, ekonomiaren antolamendu orokorrarekin bat.

Ebazpen honetan aurreikusitako laguntzen xedea da, alde batetik, ekoizleen elkarteak sustatzea, banakako ekoizleen ekoizpenetatik abiatuta merkaturatzea antolatzeko, eta produktu horiek sukaldaritza kolektiboan nahiz kontsumo taldeetan sar daitezen sustatzea; eta, bestetik, nekazaritzako TEST guneak kudeatzen dituzten elkarteak sendotzea, eta haiekin lankidetzan aritzea.

Ekoizpen ekologikoaren ingurumen onurak kontuan hartuta, lehentasuna emanen zaie ekoizpen eredu horretako produktuak merkaturatzen dituzten elkarteen eskaerei, eta, era berean, lehentasuna emanen zaie sukaldaritza kolektibora eta kontsumitzaile elkarteetara bideratutako merkaturatze ekintzei.

Neurri honetarako aurrekontua kontuan hartuta, ebazpen honetan araututako laguntzak Europako Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko 2023/2831 (EB) Erregelamenduan xedatutakoaren arabera ezarriko dira. Erregelamendu hori, hain zuzen, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.

Ebazpen honi Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatzen zaio.

Laguntza lerro hau jasota dago egun indarrean dagoen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Dirulaguntzen 2024-2026 aldirako Plan Estrategikoan, 146 erregistro zenbakiarekin. Plan hori Nafarroako Gobernuak onetsi zuen 2024ko ekainaren 19an hartutako erabaki baten bidez.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Kanal laburren bidez merkaturatzen duten nekazaritzako elikagaien ekoizleen elkarteei eta nekazaritzako TEST guneak kudeatzen dituzten elkarteei, 2025. urtean Nafarroan egindako jarduerengatik, "de minimis" araubidearen mendeko laguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Oinarri horiek ebazpen honen I. eranskinean jasota daude.

2. 2025ean kanal laburren bidez merkaturatu duten nekazaritzako elikagaien ekoizleen elkarteentzako eta nekazaritzako TEST guneak kudeatzen dituzten elkarteentzako "de minimis" araubidearen mendeko laguntzen deialdia onestea.

3. 300.000 euroko gastua baimentzea ebazpen honen ondoriozko konpromisoei erantzuteko, 2025eko gastuen aurrekontuko 720003-72200-4819-413104 partidaren kargura: Kanal laburren bidezko ekoizleen elkarteentzako laguntzak.

Partidan baimendutako kreditua 200.000 euro handitzen ahalko da gehienez, Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiko aurrekontu programatik horretarako gaitzen den aurrekontu-partidaren kargura, bat etorrita Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3) artikuluaren a) letran ezarritako baldintzekin, eta baldin eta kreditu egokirik eta behar bestekorik bada.

4. Dirulaguntzen deialdi hau eta oinarri arautzaileak Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean erregistratzea (NGDDB).

5. Ebazpen hau eta I. eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2025eko ekainaren 10ean.–Landa Garapeneko zuzendari nagusia, Rubén Goñi Urroz.

I. ERANSKINA.–KANAL LABURRETAN MERKATURATZEN DUTEN NEKAZARITZAKO ELIKAGAIEN EKOIZLEEN ELKARTEEI ETA NEKAZARITZAKO TEST GUNEAK KUDEATZEN DITUZTEN ELKARTEEI "DE MINIMIS" LAGUNTZAK EMATEKO DEIALDIA, NAFARROAN 2025. URTEAN EGINDAKO JARDUERENGATIK. OINARRI ARAUTZAILEAK

Lehen oinarria.–Xedea eta helburua.

1. Ebazpen honen xedea da oinarri arautzaileak ezartzea laguntzak emateko kanal laburren bidez merkaturatzen duten nekazaritzako elikagaien ekoizleen elkarteei eta nekazaritzako TEST guneak kudeatzen dituzten elkarteei , Nafarroako Foru Komunitatean 2025. urtean egindako jarduerekin lotuta.

2. Dirulaguntza hauen helburu nagusia da kanal laburren bidez merkaturatzen duten nekazaritzako elikagaien ekoizleen elkarteei laguntzea, merkaturatze eredu hori garatzea eta finkatzea errazteko, eta nekazaritzako TEST guneak kudeatzen dituzten elkarteei ere laguntzea, sektorean zirkuitu laburren bidez merkaturatuko duten ekoizle berriak sar daitezen.

3. Laguntzen araubide hau Batzordeak 2023ko abenduaren 13an emandako 2023/2831 (EB) Erregelamenduaren menpe dago. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeari buruzkoa da (2023ko L 2831 Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, abenduaren 15ekoa).

Zenbait laguntzaren zenbatekoa zehazten da nekazaritzaren sektorean merkaturatutako edo erositako produktuen prezioaren edo kantitatearen arabera. Era horretako dirulaguntzei ez zaizkie aplikatu behar ez oinarri arautzaile hauek ezta deialdia ere.

4. Laguntza lerro hau jasota dago egun indarrean dagoen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Dirulaguntzen 2024-2026 aldirako Plan Estrategikoan, 146 erregistro zenbakiarekin. Plan hori Nafarroako Gobernuak onetsi zuen 2024ko ekainaren 19an hartutako erabaki baten bidez.

Bigarren oinarria.–Onuradunak.

1. Laguntza hauen onuradun izaten ahalko dira egoitza soziala Nafarroan duten irabazi-asmorik gabeko elkarte izaerako entitateak, baldin eta bazkideen gutxienez %25 inskribatuta badaude Nekazaritzako elikagaiak merkaturatzeko kanal laburren martxoaren 9ko 5/2023 Foru Legearen 8. artikuluan xedatutako erregistroan.

2. Halaber, onuradun izaten ahal dira egoitza soziala Nafarroan duten irabazi-asmorik gabeko elkarte izaerako entitateak, baldin eta nekazaritzako TEST guneen kudeatzaile badira eta zirkuitu laburren bidezko eraldaketa eta/edo merkaturatzea sustatzen badute.

Nekazaritzako TEST guneak kudeatzen dituzten elkartetzat hartzen dira helburu sozialtzat gune seguru bat sortzea dutenak, ekintzaileek lankidetza printzipioen, ekonomia zirkularraren eta baliabide eta balio naturalen kontserbazioaren araberako nekazaritzako proiektuak probatzeko, eta nekazaritza sektoreko belaunaldi erreleboaren premiei erantzun ahal izateko.

3. Bestalde, ezin izanen dira dirulaguntza hauen onuradun izan:

a) Banakako ekoizleak.

b) Irabazi-asmoa duten entitateak, hala nola sozietate zibilak, merkataritzakoak, industriakoak eta lanekoak, kooperatibak eta mutualitateak, eta ondasun edo jabe erkidegoak, baldin eta haien helburuak eta izaera ez badatoz bat elkarteetarako onartu ohi den funtsarekin.

Ondorio horietarako, irabazi-asmorik gabekotzat joko dira nekazaritza kooperatibak eta bestelako elkarteak, baldin eta, merkataritza jarduerak eginda ere, jarduera horien ondoriozko etekinak osorik inbertitzen badituzte beren helburu instituzional ez-komertzialak betetzeko.

c) Era berean, ezin dira onuradun izan, legezko aginduz, funtzio publiko jakin batzuk betetzeko izendatutako korporazioak, funtzio publiko horiek betetzen dituztenean. Zehazki, ezin izanen dira onuradun izan Elikaduraren Zuzendaritza Nagusiaren 2024ko apirilaren 24ko Ebazpenean aitortutako ekoizleen taldeak; ebazpen horren bidez, hain zuzen, aitortutako ekoizleen talde gisa izendatzen dira Zuzenbide Publikoko Korporazio gisa eratutakoak diren eta autonomiaz gaindiko lurralde eremuko zenbait jatorri deitura eta adierazpen geografiko babestu kudeatzen dituzten entitate jakin batzuk.

d) Eta azkenik, zigor legeriaren arabera arau-hauste bat egin duten elkarteak.

Hirugarren oinarria.–Onuradunen betebeharrak.

Laguntza hauen onuradun izateko, entitate eskatzaileek baldintza hauek bete beharko dituzte:

1. Kanal laburren bidez merkaturatzen duten nekazaritzako elikagaien ekoizleen elkarteak, eta nekazaritzako TEST guneak kudeatzen dituztenak, eratuta egon beharko dira Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren eta Nafarroako Elkarteen Erregistroa arautzen duen urtarrilaren 25eko 3/2023 Foru Dekretuaren arabera. Nekazaritza kooperatiben kasuan, baldintza nahikoa izanen da Nafarroako Kooperatiben Erregistroaren antolaketa eta funtzionamenduaren arauak onesten dituen apirilaren 21eko 112/1997 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera erregistratuta egotea. Ofizioz egiaztatuko dira erregistroko inskripzio horiek.

2. Aurreikusita izatea plan bat egitea nekazaritzako elikagaiak merkaturatzeko kanal laburrak garatzeko, edo eredu hori sustatzeko eta zabaltzeko jarduerak egiteko, eta horiek Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde eremuan izatea.

3. Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintzak betetzea.

4. Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

5. Ezin izanen dute laguntzarik eskuratu sexuan edo generoan oinarritutako diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, administrazio ebazpen irmo edo kondena-epai irmo baten bidez, zehapena edo zigorra jaso duten entitate eskatzaileek.

6. Aurreko puntuan aipatutako egoeran dauden entitateak eta enpresak laguntza horien onuradun izaten ahalko dira berriz, baldin eta ezarritako zehapena edo zigorra beteta badute eta berdintasun plan bat prestatu badute indarreko legerian ezarritako baldintzetan, halakorik exijitzen ahal bazaie.

Laugarren oinarria.–Jarduketak eta gastu diruz lagungarriak.

1. Diruz lagungarriak diren gastutzat hartuko dira entitate onuradunek egiten dituzten gastuak, honako hauei dagozkienak: entitateak berak kontratatutako langileak, hirugarrenei zerbitzu profesionalak kontratatzea eta materialak eskuratzea, horiek guztiak laugarren oinarrian aipatutako jarduerak egiteko, eta 2024ko azaroaren 1etik 2025eko urriaren 31ra bitartean gauzatu eta ordaindu beharrekoak.

2. Ez dira diruz lagungarritzat jotzen eta, hortaz, ezin dira aukeratu, ez balio erantsiaren gaineko zerga (BEZa), ezta beste zerga batzuk ere, salbu eta, foru araudiarekin bat, balio erantsiaren gaineko zerga berreskuratu ezin duten onuradunen kasuan. Horri dagokionez, entitate eskatzaileek salbuespen horri heltzeko asmoa dutela adierazi behar dute laguntza eskabidean, bai eta baldintza hori betetzetik salbuetsiak izanaren justifikazioa aurkeztu ere.

3. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikulua aplikatuz, entitate onuradunek hirugarrenekin azpikontratatzen ahalko dituzte dirulaguntzaren xedeko jardueren %100 arte, aipatu artikuluan adierazten den bezala.

4. Diruz lagungarriak izateko, gastuek erantzun beharko diete nekazaritzako elikagaiak merkaturatzeko kanal laburren bidez saltzeko eskaintzarekin lotutako jarduerei–baldin eta elikagai horien jatorria, osorik edo zati batean, entitate onuradunarekin elkartuta dauden ekoizle primarioena bada–, edo nekazaritzako TEST guneen funtzionamendurako jarduerei . Honako kontzeptu hauek izaten ahal dira, besteak beste:

a) Plan estrategikoak, sustapen planak eta merkatu azterketak egitea.

b) Enpresen artean ezagutzak trukatzeko foroetan parte hartzea, baita lehiaketa, jardunaldi, produktuen erakustaldi eta ferietan parte hartzea ere.

c) Nafarroako zirkuitu laburrean merkaturatzeko nekazaritzako elikagaiak sustatzeko ekitaldiak, salmenta guneetako ekintzak eta saltzeko azokak antolatzea edo bertan parte hartzea eta, orobat, sustapenerako materialak.

d) Argitalpenak, katalogoak eta liburuxkak editatzea, bai eta kalitate-bereizgarriari loturik aurkezten dituzten webguneak ere.

e) Nafarroako zirkuitu laburrean saltzeko nekazaritzako elikagaien kontsumoa suspertzen duten publizitate kanpainak, prentsan, irratian, telebistan, Interneten edo beste hedabide batzuetan oinarritutakoak.

f) Produktu horiek sukaldaritza kolektiboko establezimenduetan, baita erakunde publikoetako jantokietan ere, sartzeko ekintzak egitea.

g) Elkarteko kideek ekoizpen primarioa egituratzeko ekintzak egitea.

h) Merkaturatzea kudeatzeko tresna informatikoak edo aplikazioak garatzea, web-orriak sortzea eta egokitzea barne.

i) Elkarteko langileen kostuak, nominei eta Gizarte Segurantzari lotuta egiten direnak, gehieneko muga hauekin:

KATEGORIA

EURO ORDUKO (GIZARTE KOTIZAZIOAK BARNE)

Gerentea/Administrazioa

46

Teknikariak

35

Administrari laguntzaileak

28

Kanpoan geratzen dira gizarte prestazioak eta kalte-ordainak, legez aginduta nahitaezkoak direnak izan ezik, kontratuak normaltasunez azkentzeagatik.

j) Bidaia gastuak (joan-etorriak, aparkalekuak eta bidesariak) eta dietak, Nafarroako Gobernuak indarrean dituen tarifen arabera mugatuak:

  • a) Horien zerrenda aurkeztuko da, honako datu hauekin: joan-etorriaren data, hasteko ordua eta bukatzekoa, joan-etorria egiten duena eta kargua, destinoa, arrazoia eta egindako kilometroak eta lotutako gastuak (txartelak: trenarenak, metroarenak, bidesarienak, aparkalekuenak...).
  • b) Faktura bidez justifikatuko dira, edo froga-balio bereko dokumentuen bidez.

Bosgarren oinarria.–Kostuen moderazioa.

1. Ekipo ondasunen horniduren kasuan eta aholkularitza edo laguntza enpresek emandako zerbitzuen kasuan, dirulaguntzaren xede den gastuaren zenbatekoa 12.000 eurotik goitikoa bada, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela, salbu eta, dirulaguntzaren xede diren gastuen ezaugarrien berezitasuna dela-eta, merkatuan hornidura edo zerbitzu hori emateko behar adina enpresarik ez badago, edo gastua egin bada dirulaguntza eskatu baino lehen. Hori guztia egiaztatzeko, entitate eskatzaileak hainbat hornitzaileri eskatutako eskaintzak aurkeztu beharko ditu. Eskaintzarik merkeena hautatu ezean, aurkeztutako memorian berariaz justifikatu beharko da.

2. Horretarako, hornitzaile baten kontratazioaren zenbatekoa 12.000 eurotik gorakoa bada, hiru eskaintza alderatuko dira hura hautatzeko; hau da, entitate eskatzaileak eskaerarekin batera gutxienez hiru aurrekontu (proformako fakturak eta/edo proiektu edo memoria teknikoa, dagokionaren arabera) aurkeztu behar ditu, eta horietako bat hautatuko da.

Eskaintzak enpresa hornitzaile independenteek eginak izanen dira, eta ondasun edo zerbitzu beraren gainean prestaturiko aurrekontu, eskaintza edo proformako fakturekin justifikatu behar dira, merkatuko preziora egokitzen dela justifikatzeko.

Horrez gain, proformako fakturek eta/edo aurrekontuek izan behar dute legeak eskatzen duen informazioa, enpresa hornitzailea identifikatzen duten datuen informazio fidagarria bilduta eta, orobat, zehatz-mehatz azalduta entregatu beharreko ondasunaren ezaugarri teknikoak, lan egiteko gaitasunak, tamaina eta abar.

Seigarren oinarria.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1. Diruz lagungarriak diren gastuen %90eko laguntza izanen da, eta gehienez ere 100.000 euro emanen dira onuradun bakoitzeko. Laguntza hori 2. puntuan jasotzen diren irizpideen arabera mugatuko da.

2. Onuradunaren ezaugarrien arabera, eta aurreko zenbakian aurreikusitakoa alde batera utzi gabe, muga hauek aplikatuko dira:

–TEST guneak kudeatzen dituzten entitateez bestelako elkarteen kasuan, eman beharreko laguntzak ezin izanen du gainditu nekazaritzako ekoizle elkartu bakoitza 3.000 eurorekin biderkatzetik ateratzen den kopurua, ezta aurreko ekitaldiko negozio zifraren %25 ere. 100.000 eurotik beherako fakturazioa duten entitateen kasuan, 25.000 euroko muga finkoa aplikatuko da.

–TEST guneak kudeatzen dituzten entitateen kasuan, laguntza ezin izanen da izan laguntza eskaera aurkezteko unean gunean parte hartzen duen nekazaritzako ekoizle elkartu bakoitza 25.000 eurorekin biderkatzetik ateratzen den zenbatekoa baino handiagoa, laguntza gehienez ere 50.000 eurokoa izanen da, TEST gunea kudeatzen duen elkarte bakoitzeko.

3. Deialdiaren zenbateko osoa entitate onuradunen izaeraren arabera banatuko da, honela:

a) 250.000 euro bideratuko dira nekazaritzako ekoizleen elkarteetara.

b) 50.000 euro bideratuko dira nekazaritzako TEST guneak kudeatzen dituzten elkarteetara.

4. Aurreko a) letran xedatutako zuzkiduran aplikatu gabeko aurrekontu saldoa badago, saldo hori laguntzetarako aplikatzen ahal izanen da, b) letran xedatutakoakoaren arabera, eta alderantziz.

5. Zenbait laguntzaren zenbatekoa nekazaritzaren sektorean merkaturatutako edo erositako produktuen prezioaren edo kantitatearen arabera zehazten dira; era horretako dirulaguntzei ez zaizkie oinarri arautzaile hauek aplikatu behar.

6. Araubide honen araberako laguntzak emateak ezin izanen du 300.000 euroko muga gainditu hiru urteko epean, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeari buruzko 2023ko abenduaren 13ko 2023/2831 (EB) Erregelamenduan ezarritakoaren arabera, hamaikagarren oinarriaren 5. zenbakian jasotzen den moduan.

Zazpigarren oinarria.–Entitate onuradunaren betebeharrak.

Dirulaguntzen onuradunek honako betebehar hauek bete beharko dituzte:

1. Aurreikusitako ekintzak ebazpen honen xede eta helburuarekin bat gauzatzea Nafarroako Foru Komunitatean, eta bai ebazpen honetan bai laguntza emateko ebazpenean adierazten diren betebeharrak betetzea.

2. Hartutako funtsak dirulaguntzak emateko oinarri izan zen helbururako eta ezarritako moduan eta epeetan erabili direla frogatzea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, baita zer gastu egin diren ere hartutako funtsak aplikatuz.

3. Laguntza ongi eman dela eta konpromisoei eutsi zaiela egiaztatzeko behar diren kontrolak onartzea.

4. Helburu bererako beste dirulaguntza publiko batzuk eskatu edo jaso badira, horren berri ematea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari.

5. Jasotako dirulaguntzaren kobrantza kontabilitatean edo erregistro liburuetan jasotzea.

6. Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea hamar urtetan, laguntza ematen den egunetik aurrera.

7. Dirulaguntza emateari buruzko ebazpena jakinarazten denetik hilabeteko epean, dirulaguntzen erakunde onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztea, laguntzaren fitxan eskuragarri dagoen ereduarekin bat datorrena, hori guztia Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legea betez. Izan litezkeen zehapenak galarazi gabe, informazioa emateko betebeharra urratuz gero, ez zaio emandako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.

8. Enpresa-deslokalizaziorik ez egitea, Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 4. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

9. Behar bezala zabaltzea finantzabide publikoa dutela diruz lagundutako programek, jarduerek, inbertsioek edo edozein motatako jarduketek. Horretarako, Nafarroako Gobernuaren ikurra jarri beharko dute informazio- eta hedapen-materialetan (kartelak, eskuorriak eta abar) eta web-orrietan.

Nafarroako Gobernuaren ikurra bat etorriko da Agenda 2030eko logoa txertatua duen sinbolo ofizialarekin, helbide honetan jasota dagoenari jarraikiz:

https://www.navarra.es/eu/nafarroako-gobernua/sinbolo-ofiziala

Zortzigarren oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea.

1. Eskaerak aurkezteko epea 15 egunekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik hasita.

2. Eskaerak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuari zuzenduko zaizkio, eta bitarteko elektronikoen bidez baino ezin dira aurkeztu, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erregistro orokor elektronikoaren bitartez, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluarekin. Erregistro Orokor Elektronikoa interesa duen ororen eskura egonen da Nafarroako Gobernuko Interneteko web atarian.

3. Eskaera berariaz prestatutako ereduan aurkeztuko da, zazpigarren oinarrian aipatutako agiriekin batera. Eredu hori eskura daiteke Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko Zerbitzuen Katalogoan, https://www.navarra.es/eu/tramiteak helbidean.

Bederatzigarren oinarria.–Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Jarduketa deialdiaren xedeen araberakoa dela frogatzeko, eskaerarekin batera ondoko dokumentu hauek aurkeztuko dira:

1. Nortasuna frogatzen duen dokumentazioa:

a) IFKaren kopia.

b) Aurreikusitako jarduerak eta hartutako konpromisoak deskribatzen dituen ekintza plana aurkeztea.

c) Laguntza hauek eskatzeko erabakia jasotzen duen agiria, elkarteko buruak sinatua edo legez gaituriko pertsona batek sinatua.

d) Entitate eskatzailearen estatutuak eta eratze-eskriturak, bazkide kopurua, eta entitatearen jarduera eta helburuak biltzen dituen informazioa.

e) Transferentzia bidez kobratzeko eskabidea, eskatzaileak laguntzak lehenbizikoz kobratuz gero, edo Nafarroako Gobernuak zer kontutan pagatu izan dizkion, kontu hori aldatu nahi izanez gero.

f) BEZa osorik edo hein batean ordaintzetik salbuetsita dagoela frogatzen duen agiria, hala bada.

2. Erakunde onuradunari buruzko informazioa, honako alderdi hauen gainean:

a) Zer sektoretan diharduen.

b) Negozio bolumena.

c) Langileen plantilla, kontratu motaren arabera sailkatua.

3. Laguntza eskaeraren esparruan egin beharreko jarduerei buruzko informazioa:

a) Eginen diren jardueren deskripzioa, egutegia, horiek egiteko arrazoia eta horien balorazio ekonomikoa biltzen dituen memoria. Horretarako, beharrezko aurrekontuak edo proformako fakturak aurkeztuko dira.

b) Hornitzaileak eraginkortasunaren eta ekonomiaren irizpideei jarraikiz hautatu direla frogatzeko justifikazioa, edo irizpide horiek aplikatzea galarazten duten arrazoiak, gastuak 12.000 eurotik gorakoak direnean.

4. Adierazpenak, baimenak eta ziurtagiriak:

a) Erantzukizunpeko adierazpena, dioena helburu bererako ez duela bestelako laguntzarik eskatu edo hartu, ez eta eskatuko ere.

b) Idatzizko edo bitarteko elektronikoen bidezko adierazpen bat, hiru urteko edozein alditan jasotako beste edozein "de minimis" laguntzei buruzkoa, betiere erregelamendu honi edo beste "de minimis" erregelamendu batzuei lotuta badaude.

c) Erantzukizunpeko adierazpen bat, non adieraziko baita eskatzailea ez dagoela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debeku-egoeratan.

d) Zerga arloko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egiaztatzeko baimena, hitzez hitz honako hau dioena: "Nik, ................................... naizen honek, nire izenean /................................ ordezkatuz, baimena ematen diot Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari egiazta dezan, 2025ean Nafarroako kanal laburretan salmenta bultzatzeko nekazaritzako ekozleei eta TEST guneetako elkarteei "de minimis" araubideko laguntzak emateko deialdiak izapidetzeko prozeduraren barruan, nik neuk/ordezkatzen dudan entitateak egunean ditudala/dituela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak".

e) Aurreko atalean ezarritakoarekin ados ez badago, pertsonak edo entitateak berak aurkeztu beharko ditu zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzeari buruzko datuak.

f) Erantzukizunpeko adierazpena, Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko eskatzen diren betebeharrak betetzen direla adierazten duena.

g) Erantzukizunpeko adierazpen bat, non zehaztuko baita eskatzailea ez dagoela zehapen administratibo irmorik edo kondena-epai irmorik betetzen, edo, bestela, ez dagoela zehapen edo kondena-epai bat bete zain, sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak gauzatu edo toleratzeagatik.

h) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak agiri horietakoren bat baldin badu jadanik, interesdunak hala azaldu beharko du eskaeran, adieraziz zein agiri den eta zein artxibotan dagoen. Agiriak datu babestuak baldin baditu, eskatzaileak baimena eman beharko dio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari datu horiek ikusteko.

Hamargarren oinarria.–Dirulaguntza emateko modua.

1. Ebazpen honek arautzen dituen laguntzak norgehiagokako prozedurari jarraikiz emanen dira, aurkeztutako eskaerak alderatuta, haien arteko lehentasun ordena ezartzeko.

2. Eskaerak baremo honen arabera lehenetsiko dira:

2.1. Ekoizleen elkarteak izanez gero:

a) Zenbat ekoizle dauden elkartuta entitate eskatzailearekin eta inskribatuta Nekazaritzako elikagaiak merkaturatzeko kanal laburren martxoaren 9ko 5/2023 Foru Legearen 8. artikuluan ezarritako erregistroan:

–30 kidetik aitzina: 10 puntu.

–20-29 kide: 8 puntu.

–10-19 kide: 5 puntu.

–5-9 kide: 2 puntu.

b) Merkaturatuko diren produktuen tipologiaren arabera.

–Aurreko kanpainan merkaturatutako ekoizpenaren balioaren %50 edo gehiago produktu ekologikoei badagokie: 10 puntu.

–Aurreko kanpainan merkaturatutako ekoizpen balioaren %25 baino gehiago eta %50 baino gutxiago produktu ekologikoei badagokie: 5 puntu.

–Aurreko kanpainan merkaturatutako ekoizpen balioaren %10 baino gehiago eta %25 baino gutxiago produktu ekologikoei badagokie: 2 puntu.

c) Planeko ekintzen orientazioaren arabera.

–Gastu diruz lagungarrien %50 edo gehiago jantoki kolektiboetako edo kontsumo taldeetako merkaturatzea hobetzeko ekintzei badagokie: 10 puntu.

–Gastu diruz lagungarriaren %25 baino gehiago eta %50 baino gutxiago jantoki kolektiboetako edo kontsumo taldeetako merkaturatzea hobetzeko ekintzei badagokie: 5 puntu.

–Gastu diruz lagungarriaren %10 baino gehiago eta %25 baino gutxiago jantoki kolektiboetako edo kontsumo taldeetako merkaturatzea hobetzeko ekintzei badagokie: 2 puntu.

d) Genero irizpidea:

–Ekoizle elkartuen %50 edo gehiago emakumeak badira: 10 puntu.

–Ekoizle elkartuen %25 baino gehiago eta %50 baino gutxiago emakumeak badira: 5 puntu.

–Ekoizle elkartuen %10 baino gehiago eta %25 baino gutxiago emakumeak badira: 2 puntu.

2.2. Nekazaritzako TEST guneak kudeatzen dituzten elkarteak izanez gero:

a) Jarduneko ekintzaileak:

–10 ekintzaile edo gehiago badaude jardunean: 10 puntu.

–5 ekintzaile baino gehiago eta 10 baino gutxiago badaude jardunean: 5 puntu.

–2 ekintzaile baino gehiago eta 5 baino gutxiago badaude jardunean: 2 puntu.

b) Genero irizpidea:

–Jardunean dauden ekintzaileen %50 edo gehiago emakumeak badira: 10 puntu.

–Jardunean dauden ekintzaileen %25 baino gehiago edo %50 baino gutxiago emakumeak badira: 5 puntu.

–Jardunean dauden ekintzaileen %10 baino gehiago edo %25 baino gutxiago emakumeak badira: 2 puntu.

3. Ekoizleen elkarteen kasuan, bi eskaerak edo gehiagok puntuazio bera lortuz gero, 2.1.a) atalean puntu gehien duena lehenetsiko da eta, hala ere, berdinketa hausten ez bada, 2.1.b) eta 2.1.c) ataletan puntuazio handiena duena lehenetsiko da, hurrenez hurren.

4. Nekazaritzako TEST guneak kudeatzen dituzten elkarteen kasuan, eskabideen artean puntuazio bera lortuz gero, 2.2.a) atalean puntuazio handiena duena lehenetsiko da.

5. Deialdirako dagoen aurrekontu kreditua nahikoa ez bada laguntzarako eskubidea duten eskaera guztiei dirulaguntza emateko, ezetsi eginen dira aurrekontuan zuzkidura nahikoa ez izateagatik onartu ezin diren guztiak.

Hamaikagarren oinarria.–Deialdiaren antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.

1. Eskaera harturik, egiaztatuko da zazpigarren oinarrian aipatzen diren agiri guztiak aurkeztu diren. Dokumentazio guztia ez badago, eskatzaileari eskatuko zaio gehienez ere hamar eguneko epean osatu dezala, eta adieraziko zaio, hala egin ezean, ondorioztatuko dela eskaeran atzera egin duela, eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela. Ebazpen hori jakinarazi eginen zaio.

2. Agiri guztiak bildu ondoren, betebehar guztiak betetzen dituzten egiaztatuko da. Horretarako, bidezko diren kontrolak egiten ahalko dira.

3. Eskaerak ebaluatu ondoren, Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuak dirulaguntza emateko ebazpena proposatuko du.

4. Laguntza eman aurretik, estatu kideak adierazpen bat jasoko du, idatzizkoa edo baliabide elektronikoen bitartez, dagokion enpresarengandik. Adierazpen horretan aipatuko da erregelamendu honen eraginpeko edo "de minimis" motako beste erregelamendu batzuen eraginpeko "de minimis" motako beste laguntzarik jaso den hiru urteko epean.

5. Araubide honen araberako laguntzak emanen dira, bakar-bakarrik, behin estatu kideak frogatu ondoren kasuan kasuko enpresari emandako "de minimis" laguntzen zenbateko osoak ez duela gainditzen 300.000 euroko muga hiru ekitaldi fiskaleko edozein alditan eta, orobat, 2023ko abenduaren 13ko 2023/2831 (EB) Erregelamenduan, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeari buruzkoan, ezarritako baldintza guztiak betetzen direla. (2023ko L EBAO, abenduaren 15ekoa). Kontuan hartu beharreko hiru urteko aldia etengabe ebaluatu behar da, eta, "de minimis" laguntza bat ematen den bakoitzean, aurreko hiru urteetan emandako "de minimis" laguntzen zenbateko osoa hartuko da kontuan.

6. Landa Garapeneko zuzendari nagusiak ebazpen arrazoitua emanen du laguntzak emateari buruz, eta espresuki adieraziko du zer eskaera ezetsi diren.

7. Prozeduraren gainean ebazteko, 3 hilabeteko epea izanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epea berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen baldin bada, eskaera ezetsitzat jotzen ahalko da, isiltasun administratiboaren ondorioz.

Hamabigarren oinarria.–Onuradunaren gardentasun betebeharrak.

Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3. artikuluan aipatutako entitateak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko sarrera guztien %20 edo gehiago badira, eta, gutxienez, 5.000 euro. Horretarako, honako esteka honetan dagoen eredua bete beharko dute, gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, alegia:

https://www.navarra.es/documents/48192/9498732/Declaracion+transparencia_eus.pdf/223c2481-a0e1-4f9e-b34e-f3ded3a69fb0?t=1652089688241

Aurreko atalean ezarritako muga kuantitatiboak gainditzen diren jakiteko, batuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontu-ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Negozio zifra honako hauetako txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio zifra.

b) Hala badagokio, dirulaguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onetsitako negozio zifra.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik zenbatzen hasita:

–Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

–Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

–Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa izanen da haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa.

–Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen den dedikazioaren araubidea.

–Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta eta telematikoki aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren erregistro orokor elektronikoaren bidez, eta laguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio, honako eredu hauen arabera (gardentasun betebeharrari buruzko adierazpenaren ereduaren I. eta II. eranskinak):

https://www.navarra.es/documents/48192/5726243/2+Declaracion+de+cargos+y+dedicacion–cas–eus.pdf/a4040dbc-5f38-6419-de18-be7af29f4cca?t=1651059276963

https://www.navarra.es/documents/48192/5726243/3+Declaracion+de+retribuciones+cas–eus.pdf/476d1d82-9ef4-7d25-7668-36cf9ae8c191?t=1651059275713

Entitateak ez badu gardentasun betebeharrik ezarritako egoerak gertatzen ez direlako, horren gaineko adierazpena aurkeztu beharko du.

Entitateak dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu ekitaldi berean, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatu badira. Horretarako, entitateak adierazi beharko du Foru Komunitateko Administrazioaren zein organoren aurrean aurkeztu zuen, eta noiz.

Betebehar hori bete ezean, ez da ordainduko onetsitako dirulaguntza.

Aurrekoa galarazi gabe, onuradun guztiak behartuak daude Administrazioari behar den informazio guztia ematera, aurretiazko errekerimendua eginda eta hamar eguneko epean, hark bete ahal ditzan Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan jasotako gardentasun betebeharrak.

Errekerimenduan emandako epea bukatzen bada eskatutakoa bete gabe, hertsapen isunak ezartzea erabakitzen ahalko da, 500 eurotik 5.000 eurora bitartekoak, interesdunari ohartarazpena egin ondoren eta entzunaldia emanda. Isuna hamabost egunetik behin errepikatuko da, errekerimendua bete arte. Isunaren zenbateko osoa ez da izanen dirulaguntzaren zenbatekoaren ehuneko bost baino handiagoa. Zenbatekoa zehazteko, ez-betetzearen astuntasuna eta proportzionaltasunaren printzipioa hartuko dira kontuan.

Hamahirugarren oinarria.–Laguntzak ordaintzeko eskaera, eta dirulaguntzaren helburua bete dela eta hartutako funtsak erabili direla frogatzeko epea eta modua.

1. Dirulaguntzen xedeko jarduketak bukatu ondoren eta, betiere, 2025eko ekitaldiko azaroaren 10a baino lehen, onuradunak agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

a) Laguntzak ordaintzeko eskaera, onuradunak egina.

b) Egindako gastuen fakturak eta ordainagiriak, dirulaguntza eskatzean aurkeztutako aurrekontuaren epigrafeen arabera multzokaturik eta sailkaturik.

c) Egindako jarduerak deskribatzen dituen memoria, lorturiko emaitzen eta jardueren zabalkundearen balorazioa barne.

d) Diruz laguntzen diren jarduerak egin direla egiaztatzen duten agiriak: memoriak, argazkiak, publizitateko euskarri eta materialak, txosten eta azterlanen kopiak, argitaratutako materiala eta abar.

e) Erantzukizunpeko adierazpena, eskaera aurkeztu den egunaren ondoren xede bererako edo beste baterako eskatutako edo jasotako "de minimis" laguntzei buruzkoa.

2. Ordainketa egin aurretik, Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuak eskatzen den dokumentazio guztia berrikusiko du, eta, horrela, baieztatuko du aurkeztutako gastuak hautagarriak direla, justifikazio dokumentuak baliozkoak direla, elkarte onuradunek gardentasun betebeharrak betetzen dituztela eta gainerako dokumentazioa nahikoa dela. Halaber, zerbitzu horrek frogagiri osagarriak eskatzen ahalko ditu, egoki baderitzo, aurkeztutako dokumentazioa zehazteko, argitzeko edo osatzeko.

3. Dirulaguntza ordainketa bakarrean eginen da; aurretik, organo kudeatzaileak egiaztatu beharko du laguntzaren onuradunak dirulaguntza emateko arrazoi izandako xedeak eta gardentasun betebeharra betetzen dituela.

Hamalaugarren oinarria.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Erregelamendu honetan ezarritakoaren arabera ematen diren de minimis laguntzak ez dira inolako estatu-laguntzarekin metatzen ahal, gastu diruz lagungarri berberei dagokienez, ez eta arriskuaren finantzaketa-neurri berberaren estatu-laguntzekin ere, baldin eta metaketa horrek gainditzen baldin badu kategorien arabera salbuesteko erregelamendu baten bidez edo Europako Batzordeak hartutako erabaki baten bidez kasu zehatz bakoitzerako finkatzen den laguntzen gehieneko zenbatekoa edo laguntzen intentsitatea. Badira "de minimis" batzuk kostu diruz lagungarri zehatz batzuetarako ematen ez direnak eta ezin egotz dakizkiekeenak kostu diruz lagungarri zehatz batzuei. Dirulaguntza horiek metatzen ahalko dira Batzordeak hartutako erabaki bat edo Batzordearen kategorien araberako salbuespenezko erregelamendu bat betez Estatuak emandako dirulaguntzekin.

Betiere, jarduera bererako emandako dirulaguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu egin beharreko jardueraren kostua.

Hamabosgarren oinarria.–Ezarritako baldintzak ez betetzearen ondorioak.

Oinarri hauetan ezarritako baldintzak eta onuradunak bete beharreko gainerako guztiak betetzen ez badira, laguntzak jasotzeko eskubidea galduko da eta oker jasotako dirua itzuli egin beharko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legean ezarritako moduan, deusetan galarazi gabe bidezko diren zehapenak jartzea.

Hamaseigarren oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea eta informazioa.

1. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Nafarroako Atariko Tramiteen Katalogoan dagokion fitxan sartuz, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan ezartzen den moduan.

2. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 20.8 artikuluan xedatutakoarekin bat, Dirulaguntzen Datu-base Nazionalean ere argitaratuko dira emandako dirulaguntzak, artikulu horretan bertan adierazitako baldintzetan.

3. Organo kudeatzaileak erregelamendu hau aplikatzeari buruzko informazio guztia erregistratu eta bilduko du, Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko 2023/2831 (EB) Erregelamenduaren 6. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Laguntza eman eta hogei egun balioduneko epean, "de minimis" laguntzei buruzko informazioa gordeko da estatuko edozein agintaritzak emandako "de minimis" laguntzen erregistro nagusian.

Estatu kideek neurri egokiak hartuko dituzte erregistro nagusian jasotako datuak zehatzak direla bermatzeko, eta de minimis laguntzei buruzko informazioaren erregistroak gordeko dituzte hamar urtez, laguntza ematen den egunetik aurrera.

4. Batzordeak, idatziz, beharrezkotzat jotzen duen informazio guztia eskatuko du zehaztu ahal izateko, batetik, erregelamendu honetan ezarritako baldintzak bete diren edo ez eta, bereziki, zein den erregelamendu honetan eta beste "de minimis" erregelamendu batzuetan ezarritakoa betez edozein enpresak jaso duen "de minimis" laguntzaren guztizko zenbatekoa. Kasuan kasuko estatuak eman egin beharko dio informazio hori Batzordeari, hogei egun balioduneko epean, edo, eskaeran hala ezarrita dagoenean, hori baino handiagoa den epean.

Iragarkiaren kodea: F2508401